2015/03/24

KRANPOIAK: ZEINTZUK AUKERATU?

Pioletekin batera, kranpoiak dira neguan erabili beharreko segurtasun sistemarik garrantzitsuenetakoa. Batzuetan, udan batez ere, motxilan kranpoiak eraman edo ez eramatearen arteko aldea ibilaldi baten erdian buelta hartzea edota beharrezkoak ez diren arriskuak hartzea izan daiteke. Lehenengo kasuan etxera ziurrenik haserre itzuliko gara kranpoiak ez ditugulako hartu, bigarren kasuan aldiz, ez bada ezer gertatzen gaitzerdi, bestela, nahiago ez pentsatzea zer gertatu daiteken.

Artikulu honetan kranpoiei buruz arituko naiz, berriak erosi edota zaharrak berritzekotan bazabiltzate, kontutan hartu beharreko gauza batzuk argi izateko.

HISTORIA PIXKAT EGINEZ

Kranpoiaren erabilera ez da berria, “kranpoien” lehen arrastoak K.o. II mendekoak baitira.

XVIgarren mendean, Alpeetako ehiztari eta artzainek “grappette” deitutako kranpoi antzeko batzuk erabiltzen zituzten. “Grappette”-ak, oinetakoaren aurrealdean eta atzealdean larruzko zinta edo uhal batzuen bidez lotzen ziren punta batzuk ziren.

"Grappette"-ak.




Denborarekin “grappette” hauen eboluzioa kranpoietan amaituko zen, baina bitartean, beste "esperimentu" batzuk egin ziren, hala nola iltzedun botak erabiltzea, batez ere XIXgarren mendean.

1908 urtea erabakiorra izango zen kranpoien historian. Urte honetan, Oscar Eckenstein ingelesa izan zen kranpoi batzuk egiteko enkargua egin zuen lehena. Enkarguaren egilea Cormayeur herriko Henry Grivel errementaria izan zen, bai, eskaladako materiala egiten duen Grivel etxe ezagunaren sortzailea. Grivelek egin zituen kranpoiak gaurkoen antzekoak ziren. Bitxikeri gisa esaten da Henry-k kranpoi hauek ezin izan zituela patentatu tailerrean "bizi ziren" xaguek planoak jan zituztelako.

Grivel kranpoiak.




Hemendik aurrera, kranpoien eboluzioa etengabea izan zen: Lehen Mundu Gerran TrĂ©meau izeneko militarrak artikulatu zitekeen lehen kranpoia sortu zuen, kranpoia edozein botara egokituz. Garai berekoak dira “tricouni”-ak. “Tricouni”-ak iltzedun boten zoruetan jartzen ziren errematxe batzuk ziren. Errematxe hauek kamusten zirenean berri batzuengatik aldatu zitezkeen.

Tricouni-ak.



Tricouni-ak bota batzuetan jarrita.




1929 urtean Laurent Grivel-ek (Henry Grivel-en semea), bere aitak sortutako kranpoien aurrekaldean bi punta horizontal jartzea pentsatu zuen, kranpoi eta negu eskaladan iraultza bat sortuz, aurrealdean punta horizontalak zituzen kranpoiekin orain arte igo gabeko hormak igotzen hasi ziren eta.

Laurent Grivel-ek sortutako kranpoiak.



Kranpoien luzera aldatzen duen barra metalikoa, 1962 urtean Salewa etxearen eskutik asmatu zen. Urte batzuk beranduago, 1967an, Yvon Chouinard eta Tom Frost amerikar eskalatzaileek lehen kranpoi zurrunak sortu zituzten (kranpoi hauek oso erabiliak dira izotz eskaladan). Bost urte beranduango, 1972 urtean, Mike Lowe amerikarrak eski botak lotzeko erabiltzen den sistema kranpoietara egokitu zuen, modu honetan kranpoi automatiko eta erdi-automatikoak asmatuz. Hamarkada honetan ere aurrealdean dauden puntak zapalak izatetik bertikal izatera pasa ziren, izotz eskaladaren mesederako.

Baina kranpoiek oraindik arazo bat zuten: elurretan ibiltzerakoan kranpoien azpian pilatzen zen elurra nola ekidin. Arazo hau Jean Paul Frechin amerikarrak 1980 urtean konpondu zuen eta egun hain ezaguna den “antiboot” sistema asmatu zuen.

KRANPOIAK EROSTERAKOAN KONTUTAN HARTU BEHARREKOAK

Mendirako edozein material erosterakoan gomendatzen dudan moduan, lehenik eta behin ongi definitu beharrean gaude zein izango den kranpoiei emango diegun benetazko erabilera, gure buruari iruzurrik egin gabe. Izotz eskalada, ibilbide errazak edota alpinismoa (hemen denetik topatu dezakegu) nagusiki egiten badugu, kranpoia aktibitate bakoitzerako ezberdina izango da.

Hau ongi definituta dugunean bigarren zatira pasako gara: Zertan erreparatuko dugu kranpoi batean?

1. PUNTAK

Puntak kranpoiaren zatirik garrantzitsuenak dira. Beraien funtziorik nagusiena elurrari ondo heltzea eta ibilerari egonkortasuna ematea da. Punta gehienak, kranpoiaren aurre eta atzealdean daudenak ezik, botaren zoruari elkartzut dira. Aurrealdeko puntak aurrera egoten dira zuzenduak, atzealdekoak aldiz (kranpoiaren “orpoan” daudenak), maldari elkartzut izango dira, jaitsieran puntarik garrantzitsuenak hauek dira eta.

Punta kopurua

Logikak dioen bezala, kranpoiek zenbat eta punta gehiago izan ahalik eta sendoago helduko dute. Orokorrean punten kopurua 10 edo 12koa izango da, baina badira erabilera propioa duten punta kopuru ezberdinetako kranpoiak:

6-8 punta: Inongo malda eta arriskurik gabeko ibilbideetarako eta batez ere noizbehinka elurtegi bat zeharkatu behar bada. Udan motxilan badaezpada eramaten diren kranpoiak izango dira. Dena den, kopuru hau "ultrateknikoak" diren kranpoiek ere izaten dute.

10 punta: malda txiki edota teknikoak ez direnak igotzea eskatzen duten ibilbideetarako.

11 punta: kranpoi hauek hamar punta dituzte eta aurrealdean punta bakarra. Mota honetako kranpoiak izotz-eskalada tekniko eta “Dry-Tooling”-erako erabiltzen dira, harkaitzen arteko pitzadura txikietan aurrealdeko punta sartzeko aukera ematen dute eta. Mota honetako kranpoiei "monopunta" ere deitzen zaie.

12 punta: Malda handi edota teknikoetarako, alpinismorako edo izotz-eskaladarako. Kranpoi hauek aurrealdean bi punta izaten dituzte.

Baina punta kopurutik aparte, punten ezaugarriei ere erreparatu eta aurre eta atzealdeko puntak nolakoan diren begiratu eta aztertu beharko ditugu.

AURREKO PUNTAK

Maldak gora egiten duenean, momentu bat iristen da kranpoien punta guztiak elur edota izotzetan sartuta ditugula ezin dugula igo. Momentu honetan aurreko puntak ezinbestekoak dira, gauden lekutik gora punta hauek bakarrik sartuta igoko gara eta.

Aurreko puntetan zer da kontutan hartu beharrekoa?

Kopurua

Kranpoiek punta bat edo bikoitza izango dute. Punta bakarrekoak, lehen esan bezala, izotz-eskalada tekniko eta “Dry-Tooling” bezalako aktibitateetarako erabiliko dira. Punta bikoitzekoak aldiz, beste ekintza guztietarako baliagarriak izango dira, beti ere malda handietan ibili behar badugu. Egun aurreko bi puntak desmuntatzeko aukera duten kranpoiak badaude eta kranpoiak punta bakarreko edo bikoitzekoak egiteko aukera dute.

Okerdura

Bertikalak diren lekuetarako ia horizontalak izango dira. Malda txikiagoa den neurrian aldiz, okerdura handiagotzen joango da. Dena den, edozein kranpoietako puntek beti okerdura bat izango dute, erabat horizontalak izango balira, kranpoiaren gainean egingo genuke tentsioa handiegia izango zenez, punta hausteko arriskua handituko genuke eta. Okerdura honek ere, gorputzaren pisua ardatz bertikalean mantentzea lortzen du, modu honetan, izotz-eskaladan batez ere, hankei tentsioa gutxituz.

Luzera

Orokorrean botatik 2-3 zentimetro inguru irtetea gomendatzen da. Izotz gogorrean aurreko puntak motzagoak badira, kranpoiak sartzerakoan hormatik gertuago mantenduko gaituzte, gure segurtasun eta hanketako bikien mesederako. Izotz bigun edota elur gogorrean punta luzeak aukera hobea izango dira.

Mota

Aurreko puntak hiru motakoak izan daitezke:

Zapalak: Punta hauek horizontalak direnez, malda gutxiko lekuetan hobe heltzen dute, batez ere elurra gogorrik ez badago, elur gogor edota izotzetan ez baitira hain ondo sartzen. Punta hauek ahuldade bat dute: indar eta tentsio handiena puntaren alde finak jasaten duenez, bertikalak diren hormetan hautsi, okertu edota kranpoia ateratzeko arriskua dago. Mota honetako puntak duten kranpoiak erabilienak izaten dira eta edozein mendi ohiko bidetik igotzetik oso teknikoak ez diren kanal edota korridoreetaraino erabili daitezke.

Punta zapaladun kranpoia. Argazkian ikusten denez, punta lurrari horizontala da.



Bertikalak: Zerra itsurako punta bezala ere ezagunak dira eta pioletaren puntaren itsura dute. Mota honetako puntak izotz-eskaladarako egokienak dira, baina elur biguna dagonenean kranpoiaren azpian elurra pilatzeko joera dute. Izotz bigunean ere, punten arteko tartea estua izaten denez, izotzatik irteteko erraztasun handiagoa dute. Punta hauek “zahartzen” direnean aldatzeko aukera izaten da, desmuntagarriak izaten dira eta.

Puntak bertikalak dituen kranpoia.



“T” motako puntak: Punta zapal eta bertikalen arteko nahasketa bat dira. Puntak zerra itsura dauka baina kranpoiaren armazoira hurbildu ahala zapal itsura hartzen dute. Ia egoera guztietarako erabilgarriak izango dira, egoera guztietarako egokienak izan gabe.

"T" motako puntak dituen kranpoia.



GAINONTZEKO PUNTAK

Aurrealdeko punten atzean dauden puntak aurrera zuzenduak izan daitezke horma bertikaleetan aurrealdeko punten lagungarri izateko. Datu hau kontutan izatea garrantzitsua da izotz-eskalada egin behar badugu. Honetaz aparte, punta hauek izaten dira malda batean aurreko puntei egonkortasuna ematen dietena.

Kranpoiaren orpoan dauden puntak jaitsieratan garrantzitsuenak dira, honegatik garrantzitsua da hauen orientazioa zein den begiratzea, beti ere zein jaitsiera mota egiten dugun argi badugu.

2. KRANPOIAREN ARMAZOIA

Kranpoiaren armazoia kontutan izanda, hiru motako kranpoiak topatuko ditugu:

MALGUAK EDO ARTIKULATUAK

Ohiko kranpoiak dira, hau da, barra metaliko batek lotzen dituen bi pieza.

Kranpoi malgu edo artikulatuak.




Piezen arteko barra metalikoak kranpoia mendiko boten luzera ezberdinetara egokitzea errazten du. Honetaz aparte, barra honek ere kranpoiari nolabaiteko malgutasuna ematen dio ibilera erraztu, eta modu batean, kranpoiaren azpian elurra biltzea zailduz. Barra metaliko honetan kontutan hartu beharrekoak hauek izango dira:

Gogortasuna: Barra “bigunak” zailtasunik gabeko mendi irteera errazak egiteko aproposak izango dira, “gogorrak” aldiz, aktibitate errazak ez diren beste aktibitateetan (izotz-eskalada barne) erabiliko ditugu.

Forma edo itsura: Badira barra zuzen edo okerrak. Zuzenak plastiko edota mendi-eskirako botetarako aproposak dira, okerrak aldiz, oinaren itsura dutenez, beste edozein botetan erabiliko ditugu. Gainera, botaren forma haetzen duten kranpoi hauek ez dute horrenbeste sufritzen, egiten duten esfortzuaren zati bat botetara pasatzen da eta.

Barra erregulatzeko sistema: Mila sistema ezberdin daude barra erregulatzeko. Ziurrenak torloju batekin lotzen direnak dira, ez baitira askatzen. Nik erregulatzeko sistemarik erosoena duena hartzea gomendatuko nuke, kontutan izanda beharbada eskularruak jarrita manipulatu beharko dugula.

KRANPOI ZURRUN EDO KAXA ITSURAKOAK

Kranpoi hauek pieza bakarrekoak dira (nahiz eta tamaina ezberdinetara egokitzeko sistema duten) eta, izenak dioen bezala, zurrunak dira, aurrekoek ez bezala, ibilera zailduz. Kranpoi hauekin, izotz-eskalada bertikalean soilik aritzen diren eskalatzaileen aukera nagusia izaten da, kranpoi hauekin hanketako bikiak hainbeste nekatzen ez direlako.

Kranpoi zurrun edo kaxa itsurakoak.



KRANPOI TEKNIKOAK

Bota berean lotuta doazen kranpoiak dira eta hauen erabilera aktibitate oso teknikoetara (maila altuko izotz-eskalada edota “dry-tooling”-a) mugatzen da.

"Dry-tooling" egiteko kranpoi teknikoak.



MINI-KRANPOIAK

Oinarrizko kranpoi txiki batzuk dira (2 cm inguruko puntak izaten dituzte) eta jartzeko duten sistemagatik (goma elastiko eta kate batzuk) edozein zapatila edo bota bigunetan jarri daitezke. Mendian zapatilekin ibiltzea gustuko dutenentzat edo trail frogetarako aproposak izan daitezke, nahiz eta hasiera batean kalerako diseinatu ziren, batez ere izotza handia izaten den herri eta hirietan ibiltzeko. Dena den, argi izan behar da kranpoi hauek ez dituztela aurrekoak ordezkatzen eta beraien erabilera maldarik gabeko edota malda txikiko lekuetara mugatua dago.

Mini kranpoiak.


3. KRANPOIAK LOTZEKO SISTEMA

Lotzeko sistemari begiratzen badiogu lau motako kranpoiak ditugu: goma sistema bidez lotzen diren mini-kranpoiak (lehen ikusitakoak), uhal sistema bidez lotzen direnak, erdi-automatikoak eta automatikoak.

UHAL SISTEMA BIDEZ LOTZEN DIREN KRANPOIAK ( EDO C1 MOTAKO KRANPOIAK)

Kranpoiak botetara lotzeko sistemarik zaharrena da. Kranpoi hauek oinaren punta eta orpoa botari lotzen diote. Duten abantailarik handiena mendiko edozein botan erabili daitezkela da, baina jarri eta kentzeko ez dira oso erosoak eta gainera nahiko erraz askatu daitezke, honegatik, noizik eta behin estutzen joan beharko ditugu. Orokorrean teknikoak ez diren irteeretan erabiliko ditugu.

Uhal sistemaren bidez lotzen diren kranpoiak.



KRANPOI ERDI-AUTOMATIKOAK (EDO C2 MOTAKO KRANPOIAK)

Atzean botek orpoan izaten duten erlaitzean sartzen den pieza bat eta aurrean uhal sistemadun kranpoien sistema bera dute. Balioaniztunak dira, jartzeko errazak, bota zurrun edota erdi-zurrunetara ederki egokitzen direnak. Baina kranpoi mota hau erabili ahal izateko botak orpoan erlaitza izan beharra dauka. Ibilbide erraz batetik teknikoa ez den izotz-eskalada bateraino aukera ona izan daitezke.

Kranpoi erdi-atuomatikoak.



KRANPOI AUTOMATIKOAK (EDO C3 MOTAKO KRANPOIAK)

Kranpoiak lotzeko sistemarik sendo, eroso eta azkarrena da. Kasu honetan, kranpoi erdi-automatikoek atzealdean duten pieza ez ezik, aurrealdean barra metaliko bat dute botek aurrealdean duten erlaitzean sartzeko. Honetaz aparte, uhal bat ere izaten dute kranpoira sendoago lotzeko. Teknikoenak dira eta bota zurrun eta erdi-zurrunekin erabili daitezke, baina ez edozein botekin, honegatik ongi begiratu behar da etxean ditugun botak kranpoi hauekin bateragarriak diren hala ez. Ibilbide tekniko eta edozein izotz-eskaladarako aproposenak izango dira.

Kranpoi automatikoak.



GSb (Grivel Scarpa binding) SISTEMADUN KRANPOIAK

Sistema hau automatikoen barnean sartu daiteke eta Grivel eta Scarpa etxeen arteko elkarlanaren ondorioz sortu dira. Kranpoi hauek botaren zoruan dagoen arteka batean sartzen den kako bat dute kranpoi eta botaren arteko lotura sendoagoa bihurtuz. Sistema hau erraz eta azkarrena da kranpoia jarri eta kentzeko, baina oraindik ez dago oso zabaldua.

GSb sistemadun kranpoia.


GSb sistemadun kranpoiak botaren zoruaren azpian lotzen direnez, botaren aurrealdean ez da ez plastiko ezta uhalik, eta gainera espazio txikiagoa okupatzen dute.

4. “ANTIBOOT” SISTEMA

“Antiboot”, ABS edota “antisnow” sistema kranpoiaren zoruan doan latex edota plastikozko piezaz osatutako sistema bat da. Bere helburua kranpoiaren azpian elurra ez pilatzea da. Azalera leuna edota formaduna, elastikoa nahiz zurruna izan daiteke, elurra kranpoiatik errazago askatu dadin. Azkenaldian egiten ari diren kranpoi gehienek “antiboot” sistemarekin datoz, hala ere, pieza hauek aparte ere erosi daitezke, kranpoietara modu ezberdinetara lotuz.

"Antiboot" sistema.



Kranpoiek, izotz-eskalada bertikalean soilik erabiltzen ez baditugu behintzat, sistema hau izatea edota gutxienez sistema hau jartzeko aukera izatea ezinbestekoa da.

5. KRANPOIAREN ARMAZOI ETA PUNTAK EGINDAKO MATERIAL MOTA

Pxkanaka material ezberdina erabili arren, material erabiliena altzairua edo aluminioa da

ALTZAIRUA

Material iraunkor eta sendoena da eta altzairua bakarrik edo nikel, kromo edo molibdeno bezalako metalak ere izan ditzake sendotasun handiagoa emateko. Altzairuak duen berezitasunik nagusiena hautsi aurretik okertu egiten dela da.

Desabantailen artean pisua eta herdoiltzeko arriskua daude. Kranpoiak ez herdoiltzeko epoxi erretsinadun margo bat izaten dute (beltza orokorrean). Herdoilgaitza den altzairua ere erabili izan da, baina ez da “ohiko” altzairua bezain gogorra.

ALUMINIOA

Aluminioa edota honen deribatuak (zycral edota duraluminioa batez ere) altzairua baino arinagoak dira. Nahiz eta kranpoi gogor eta herdoilgaitzak izan, ez dira altzairua bezain gogorrak eta okertu aurretik hautsi egiten dira. Honegatik ez dira aktibitate teknikoetarako gomendagarriak. Arintasuna nahi den aktibitateetan erabiltzen dira batez ere, mendi eskian adibidez.

KRANPOIEN AUKERAKETA

Aukeratzen dugun kranpoia aukeratzen dugula, DENETAN (“ultrateknikoetan” izan ezik) “antiboot” sistema izan beharko dugu.

1. DITUGUN BOTEN ARABERA

Orain artekoa ikusi eta gero, etxean ditugun boten arabera kranpoi hauek aukeratuko ditugu:

Bota bigunak baino sendoak direnak (ohiko mendiko botak)

Bota hauetan, inongo zalantzarik gabe uhalen bidez lotzen diren kranpoiak erosiko ditugu.

Bota erdi-zurrunak

Bota hauetan bi kranpoi mota erabiltzeko aukera izango dugu: uhalen bidez lotzen direnak eta erdi-automatikoak (botek beti ere orpoan kranpoien palanka sartzeko erlaitza badute).

Bota zurrunak edota mendi eskiko botak

Bota hauetan edozein motako kranpoiak erabiltzeko aukera dugu. Kranpoi erdi-automatiko eta automatikoen kasuan, botek kranpoiaren palanka edota aurreko barra sartzeko erlaitza izan beharko dute.

2. EGINGO DUGUN AKTIBITATEAREN ARABERA

Mendi ibilbide errazak

Noizbehinka elurtegiak topatuko ditugun mendi ibilbide errazetan ez da aparteko kranpoirik behar. Arintasun eta sinpletasunari lehentasuna ematea gomendatzen dut eta gure aukera aurreko puntak zapalak dituzten 10 edo 12 puntatako aluminiozko kranpoiak izango dira. Lotzeko sistema uhalen bidez egiten dena aukeratuko dugu, orokorrean ibilbide hauetarako erabiltzen ditugun botak bigunak izaten direlako.

Ibilbide hauetarako beste aukera bat mini-kranpoiak izan daitezke, beti ere zeharkatuko diren elurtegiak maldarik ez badute (edo malda txikia bada).

Korridore edota kanal errazak

Ohiko bidean malda handiak dituzten mendietatik korridore errazetara (55-60 graduetara), gure aukera 12 puntetako altzairuzko kranpoiak aukeratuko ditugu, aurreko puntak zapalak edo “T” motakoak eta ahal dela erdi-automatiko edo automatikoak, kontutan izanda leku hauetan erabiliko ditugun botak ere erdi-zurrun edo zurrunak izango direla.

Mendi-eskia

Mendi-eskian arintasunak lehentasuna duenez aluminiozko kranpoietara joko nuke, 10 puntakoak eta aurreko puntak zapalak direnak. Lotzeko sistema edozein izan daiteke, baina kirol honetan azkartasunak ere garrantzia duenez, erdi-automatikoak edo automatikoak badira, hobe.

Izotz-eskalada errazak

Aurreko puntak bertikalak edo “T” itsurakoak dituzten 12 puntetako altzairuzko kranpoi erdi-automatiko edo automatikoak aukeratuko ditugu.

Izotz-eskalada teknikoak

Aurreko puntak bertikalak dituzten altzairuzko kranpoi automatikoak edo kranpoi zurrun edo kaxa itsurakoak dira gomendagarrienak. Punten kopurua eskaladaren zailtasunaren arabera izango da, baina orokorrean 12 (aurrealdean bi puntekin) edo 11 (aurrealdean punta bakarrarekin) izango dituzte.

Izotz-eskalada "ultratekniko" eta "Dry-tooling"

Zalantzarik gabe aurreko puntak bertikalak dituzten altzairuzko kranpoi automatiko edo botekin batera datozen kranpoi teknikoak aukeratuko ditugu. Kranpoi automatikoen kasuan, gehienetan 11 puntakoak izango dira, baina 8-9 puntakoak ere izan daitezke.

KRANPOIAK NOLA GARRAIATUKO DITUGU?

Kranpoia ezin dugu motxilaren kanpoaldean zintzilik eraman babesik gabe, kranpoiak galdu, hautsi (erortzen bagara) edo gure lagunari zauri bat egiteko arriskua dugu eta. Azkeneko hau izan zen duela urte batzuk Gavarnie aldeko mendiak igotzen ari ginela gertatatu zitzaiguna: ni Josun aurretik nindoan kranpoiak motxilatik zintzilik nituela eta bat-batean atzeraka egin eta kranpoi baten punta ezpainaren gainean sartu nion.


Kranpoiaren punta sartu eta sendaketa egin ondoren.



Kranpoien puntak babestuta eramango ditugu eta ahal dela motxilaren barruan. Honetarako bi sistema ditugu:

Kranpoiak eramateko zorro bereziak

Zorro gogorrak izaten dira, nylon edo poliester materialekoa eta batzuk sarexka bat izaten dute kranpoia azkarrago lehortzeko.

Olagarroa edo puntetarako tapoiak

Kranpoien puntetan sartzen diren gomazko tapoi batzuk dira. Olagarro izena hartzen dute duten itsuragatik. Bi motako olagarroak topatu ditzazkegu: adar itsurakoak edota itsura zirkularrekoak.

Kranpoiak eramateko olagarroa.




KRANPOIEN ZAINKETA

Erabiltzen ditugun bakoitzean garbitu eta ondo lehortuko ditugu, altzairuzkoak badira batez ere, herdoiltzeko arriskua dute eta. Erabat lehortutakoan, oliotan bustia dagoen trapu bat pasako diegu babesgarri gisa, batez ere mugikorrak diren piezetan.

Punten egoera begiratu beharko dugu eta kamutsak badaude metalentzako lima batekin zorroztuko ditugu. Ez da gomendagarria esmeril batekin zorroztea, esmerilak altzairua berotu eta honen gogortasuna aldatu dezake eta. Puntak gehiegi zorrozten baditugu lehenago hautsiko dira, beraz, zorrozte prozesua kontu handiz egingo dugu punten mozketa eta forma errespetatuz.

Encorda2 web interesgarriko bideo honetan oso ongi ikusten da kranpoien puntak nola zorroztu behar diten.


ERABAKI DUGU ZEIN KRANPOI EROSI ETA DENDARA GOAZ: ORAIN ZER?

Gure botak eramatea ezinbestekoa da erosi nahi ditugun kranpoiak nola egokitzen diren bertan ikusteko. Kranpoiak botetara egokitu behar dira eta ez alderantziz, hau kontutan izan beti.

Uhal sistema bidez lotzen diren kranpoietan botaren punta eta orpoan ederki lotzen direla begiratu beharko dugu, botaren zorua kranpoiari ongi lotua geldituz.

Kranpoi erdi-automatiko eta automatikoetan hauen palanka eta barra metalikoak botek puntan eta orpoan dituzten erlaitzetara ongi lotu beharko dira.

Altzairu nahiz aluminiozkoak izanda ere, zenbat eta arinagoak badira hobe eta “antiboot” sistema eraman beharko dute.

Argibideak badituzte, hobe. Kranpoia ez da material konplexu bat, baina argibideak irakurtzea ez da gaizki etortzen. Honetan maisuak Petzl etxekoak dira.

Ordezko piezak lortzeko aukera badute, hobe. Kranpoi batzuetan ia pieza guztiak aparte erosi daitezke. Hau interesgarria da eta lasaitasuna emango digu, bestela, pieza bat hausten bazaigu, kranpoi berria erosi beharrean izango gara.

Pioletekin gertatzen den bezala, kranpoiak Europar Batasuna edota Alpinimo Elkarteen Nazioarteko Batasunak (UIAA deritzona) ezartzen duen arautegia bete beharko du, eta bi arautegiak betetzen baditu, hobe. Egungo EB-k ezartzen duen arautegia UNE-EN 13089:2011 araudian dago.

AZKEN AHOLKU BATZUK

Kranpoia ongi lotuta eramango dugu baina oina estutu gabe.

Eskalatzen dugunean, ahal dugun neurrian bilgunetik ateratzeko garaian gure soka-lagunaren bertikaletik ez gara aterako, erorketa bat emango balitz, kranpoien puntak sartuko dizkiogu eta.

Kranpoia botaren neurrira etxean egokituko dugu, batez ere bota ezberdinekin erabiltzen badugu. Luzeran botaren orpoa baino luzeagoa ez da sekula izango eta aukeran 5-10 milimetro motzagoa jarri eta botaren forma jarraituko du.

Kranpoi erdi-automatiko eta automatikoetan, orpoan jartzen den palanka eta aurreko barra metalikoaren altuera botara ongi egokituko dira eta behin kranpoia botara lotu ondoren, uhala lotu aurretik, kranpoiak botari ongi eutsiko dio. Honetarako, kranpoiak zulo ezberdinak izaten ditu palanka nahiz barra metalikoak lekuz aldatu ahal izateko.

Behin kranpoiak jantzita ditugula, uhalak ongi gordeko ditugu, ibiltzerakoan estropezurik ez egiteko.

Kranpoiak beharrezkoak izango diren baino lehen jarriko ditugu. Batzuetan hain nabaria den esaldi hau ez dugu meni irteeretan erabiltzen: Anie mendira neguan egin nuen lehen irteeran Arlas mendiaren mendebaldeko aurpegia zeharkatu nuen. Elurra biguna zegoenez kranpoirik ez jartzea erabaki nuen azkarrago joateko. Konturatu nintzenerako 45 gradu inguruko elur gogor eta izotzeko zeharkaldi baten erdian nengoen. Hala nola pioletarekin erlaitz txiki bat egin eta hainbat malabarismo egin ondoren, izerdi, arnas-estu eta bihotz taupaden artean, kranpoiak jartzea lortu nuen. Urte batzuk beranduago, Iker eta biok Hiru Erregen Mahaia mendia igotzen ari ginela, elurtegi maldatsu baten zeharkaldiaren erdian, gu geunden lekuaren gainetik kranpoirik ez jartzea erabaki zuen mendizale batek irrist egin eta bion artetik maldan behera ziztu bizian pasa zen. Ez zuen minik hartu, eta tamalez ez zuen ezer ikasi, bere lagunen irrifar eta mendizalearen egoskorkeriaren inguruko txisteen artean, bigarrenez elurtegia kranpoirik gabe zeharkatzen saiatu eta oraingoan zeharkatu zuen eta.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina