Madalenaitzaren inguruan eskalatzeko debekua adierazten duen karteletako bat (argazkia 2019koa da).
Oiaxka orratzetan pasatako estualdien ondoren Madalen Haitzera itzultzeko gogoa nuen eskalada seguru eta lasaiago bat egin eta, bide batez, orratzetan izandako sentsazio gazia kentzeko.
Itzulera honetarako Antxon Iturritxaren "Aristas y crestas de Euskal Herria" liburua esku artean hartu eta Madalen Haitzera doan hego mendebaldeko gandorraren deskribapena irakurri nuen. Informazio gehiago izan asmoz mendikat eta mendiak.net web guneetako deskribapenak irakurri eta zalantza bat sortu zitzaidan: nola liteke hiru deskribapenetan F+ (erraza, II-II+ tartekoa) eta V+ zailtasunen arteko aldea izatea?
Josu lesionatuta, Leku bigarrenez aita izanda, Asier lanean eta Iker gaixo, bazirudien mendiak ni bakarrik joatea nahi zuela. Honela, larunbata goizean kotxea hartu eta Irañetako bidea hartu nuen zailtasunen arteko aldearen misterioa argitzeko asmotan.
BIDEAREN DATU BATZUK
Luzera: 200 metro inguru.
Luzeak: Nik ez nuen luzerik egin, baina eskalatzeko ohitura handirik ez badago, III+ pausuetan bi luze motz egin daitezke.
Zailtasuna: III+, baina zailtasun guztiak ekidin daitezke, II-II+ inguruko eskaladatxoak eginez.
Orientazioa: Hego mendebaldea, udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut.
Ura: Irañeta herrian hartu daiteke.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 30 minutu.
Jaitsiera: Madalen Haitzara Irañetatik doan ohiko bidetik egin nuen (Urruntzure sakanetik doana). Madalen Haitzaren iparrean dagoen soka finko batetik ere egin daiteke (jaitsiera honen nondik norakoak eta "track"-a artikuluaren amaieran daude).
Eramandako materiala: Kaskoa, ahuntzak eta putreak daudenez harriak erortzeko arriskua dago eta.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: aparkalekutik aparkalekura bi ordu eta erdi pasatxo. Gandorra eskalatzeko 35 minutu.
BIDEAREN KROKISA
Madalen Haitz mendebaldetik ikusita, eskuinean Oiaxka orratzak.
Krokisa zehatzago.
Madalen Haitz hegoaldetik ikusita, hemen ere eskuinean Oiaxka orratzak ikusi daitezke.
Krokisa zehatzago.
Ibilbidea deskargatu nahi baduzue....
Powered by Wikiloc
BIDEAREN OINERA IRISTEKO
Oinera iristeko Oiaxka orratzetara iristeko jarraitu genuen bide bera jarraitu nuen. Oraingoan, Urruntzure errekaren gaineko zubia zeharkatu ondoren hasten den bidea amaierarte jarraitu nuen.
Bideak hainbat bihurgune egiten ditu eta arin-arin jarraitu nuen eguna hotza esnatu zen eta.
Bidearen erdian topatutako oztopoa.
Pagoek pixkanaka ezpelei tartea ematen diete.
Aparkalekutik 20 minutuetara gutxi gora behera, ezpel eta pagoen arteko zabalune txiki batera iritsi nintzen bidea jarraitzeko bi aukera sortuz: aurrera edota ezkerrera. Ezkerrera doan bidea maldan gora zihoala ikusita bide hau hartu nuen.
Zabalune txikian, ezkerreko aukera hartu nuen.
Ezpel eta pagoen artean maldan gora ibili ondoren lurrak harriari tartea eman zion.
Harriak hasten diren lekuan.
Harriak oso askeak daude, Eginoko Usoa eta Aztoretik behera doan bidearen antzera, eta metroak irabazteko nahiko lan izan nituen bi pausu aurrera eta bat atzera eginez.
Harriekin bost minutu eskasean borrokatu ondoren, lehen izerdiekin batera nire aurrean harrikara zabaldu eta honen erdian dagoen haritz bat erreferentzi bezala hartuz aurrera jarraitu nuen.
Harrikara zabaltzen den lekuan eta erdian dagoen haritza.
Haritzaren atzean hildako haritz handi bat topatu nuen. Behe lainoaren eraginez ez nekien nora jarraitu inguruko zuhaitzetatik haratago ez bainuen ezer ikusten. Honegatik, nengoen lekutik mugitu gabe pixkat itxarotea erabaki nuen.
Bat-batean behe lainoa zertxobait altsatu eta hildako haritzaren atzean gandorra ikusi nuen, baita honen ondoan mugarri bat ere.
Hildako haritza eta mugarria (borobilduta). Atzean gandorra ikusi daiteke.
Bitan pentsatu gabe mugarriaren ondotik pasatu eta, ezpelen artean ahalik eta biderik garbiena jarraituz, zeharkaldi erdi-horizontal bat eginez gandorraren ertzera iritsi nintzen.
Aparkalekutik hona gutxi gora behera ordu erdi eskas pasa nuen.
Gandorraren ertzetik atzera egindako argazkia, bertan harrikara eta hildako haritza ikusi daitezke.
DESKRIBAPENA
08:50. Aparkalekua, 461 metro. Ez dakit mendi honek zer daukan baina igo nahi izan dudan bakoitzean bazter guztiak behe laino batek izkutatzen ditu. Oraingoan ez zen ezberdin izan behar eta, pare bat lekuetan zein bide jarraitu behar nuen zalantzan aritu ondoren, ordu erdi pasatxoan gandorraren ertzara iritsi nintzen.
2017ko argazki honetan Leku zeharkaldi horizontalaren hasieran ikusi daiteke. Zeharkaldia gandorrean ikusten den harkaitzetaraino egiten da.
Zeharkaldia horizontalean (argazkia 2017koa da).
09:20, eskaladaren hasiera, 685 metro inguru. A zer nolako lasaitasuna hartu nuen hemendik gora zerua oskarbi eta eguzkiak jotzen zuela ikusi nuenean. Ur pixkat edan eta ertzetik eskalatzen hasi behar nintzenean nire gainetik zerbait mugitu zen. Gora begiratu eta ahuntz talde bat ikusi nuen.
Bitan pentsatu gabe motxila kendu, kaskoa atera eta jantzi egin nuen, ahuntzek harriak botatzeko duten erraztasuna buruan nuela.
Gandorraren eskalada hasten den lekuan (argazkia 2017koa da).
Eskalatzen hasteko prest. Gorriz jarraitutako bidea.
"Kaskoa buruan eta ibili munduan" pentsatu nuen irrifartsu. Motxila berriro ere jantzi eta ertzetik ahalik eta gertuen mantentzen eskalatzen hasi nintzen.
Hasierako metroak ez dira oso garbiak eta ezpel txikien artean egin nituen ahalik eta harkaitz gehiena zapalduz. Eskalada hasi eta 20-30 metro ingurura 3-4 metroetako hormatxo bat topatu nuen. Bitan pentsatu gabe helduleku oneko plaka bertikala zuzen eskalatzen hasi nintzen, noizik eta behin horman dauden zuhaixken enborrei eutsiz. III+ inguruko eskaladatxo hau ederki etorri zitzaidan nire kontzentrazio osoa eskaladara eraman eta beste pentsamentuak aldentzeko.
III+ zailtasuneko hormaren gainetik behera egindako argazkia.
Artxueta mendian nire ezkerrean.
Lehen hormatxoa eskalatu eta gero II inguruko eskaladatxo batzuk tartekatuz bigarren horma bertikal batera iritsi nintzen.
Bigarren horma bertikala (karratu gorrian sartuta).
Oiaxka orratzak nire eskuinean, behe lainoaz estaliak.
Bigarren horma honek 4-5 metro izango ditu eta bere ertzetik edota zertxobait eskuinagotik helduleku gutxi ikusi nituen. Hasiera batean hemendik gora eskalatzea pentsatu nuen baina sokak duen segurtasuna ez izateak atzera bota ninduen: "beharbada hau izangoa V+eko pausua" pentsatu nuen.
Ertzetik ahalik eta gertuen mantendu asmoz, lehen metroak metro bat ezkerrago eskalatzen hasi eta ahal izan nuen bezain pronto ertzera pasa nintzen helduleku ederrak aprobetsatuz. Horma gainditu ondoren behera begiratu eta eskaladaren zailtasuna III+ inguruan izango zela pentsatu nuen, lehenengo hormaren antzera.
Bigarren hormatik behera egindako argazkia.
Bigarren hormatik atera ondoren (argazkia 2017koa da)
Hemendik gora dagoena.
Bigarren hormatxotik gora gandorraren ertzetik jarraitu nuen denbora osoan, bertan baitago harkaitzik trinko eta sendoena.
Gandorretik gertu egiten den pausuetako batean (argazkia 2017koa da).
Gandor hau botekin eskalatzeak ere bere xarma du, zailtasun apur bat igotzen delako (argazkia 2017koa da).
Pausu interesgarrienak non izan daitezken begiratzen.
Eskaladaz gozatuz (argazkia 2017koa da).
Oilaxka orratzak eta orratzetako "zaindariak".
II-III zailtasuneko eskaladatxoak tartekatuz metroak irabazten joan, eta eguzkiaren indarrez, gorputza berotzen joan zitzaidan. Azkenean, izerditzen hastear nengoela gelditu beharrean izan nintzen forro polarra kendu eta manga motzetan igotzen jarraitzeko. Nork esango zuen abenduan gaudenik!!!
Oinak non jarri ongi begiratzen (argazkia 2017koa da).
Lasai eskalatzeko aukera handiak dituen gandorra da (argazkia 2017koa da).
Tarte batean baino gehiagoan, argazkian ikusten den bezala, amildegitik gertu mantenduz eskalatu nuen. Dena den, pausu hauek guztiak ekidin daitezke.
Gandorraren azken zailtasunean (argazkia 2017koa da).
Zailtasun guztiak amaitu ondoren (argazkia 2017koa da).
Atzera begirada.
Eta konturatzerako, ederki disfrutatzen ari nintzenean, gandorrak bertikalidadea galdu eta ezpelen artean gailurraren buzoia ikusi nuen.
Ezpelen artean kontu handiz murgilduz di-da batean gailurrera iritsi nintzen.
10:00, Madalen Haitz, 861 metro. Gailurrean argazki batzuk egin, motxila kendu eta atsedentxo bat egin nuen. Tartean ere Itziri telefonoz deitu nion gailurrean nengoela esateko, etxean kezkatu xamar gelditu baitzen mendira bakarrik eta motxilan kaskoa neramala ikusi zuenean.
Madalen Haitz, 859 metro.
Gailurreko buzoia eta atzean Artxueta mendia.
Gailurrean gauzak lasai hartu nituen: hidratatu, zertxobait jan eta argazkiak eginez bakardadeaz gozatuz izan nintzen. 15 minutuen ondoren beherako bidea hartu nuen.
Jaitsierarako bideak ekialdera jotzen zuela eta lekuren batean soka edo kate finko batez aseguratutako pausu bat topatuko nuela bakarrik nekien. Hasiera batean gailurraren inguruan alde batera eta bestera ezpelen artean bueltaka aritu nintzen bide baten bila.
Azkenean gailurretik aurrera gandorra jarraitzen hasi nintzen bidexka bat topatu nuen arte.
Bide egokia jarraitzen ari nintzen hala ez oraindik jakin gabe, nire lasaitasunerako mugarri bat topatu nuen.
Noizik eta behin mugarri galduren bat ikusiz mendebaldera hartu eta eraikin baten hondakinekin topo egin nuen: "hau ez al die ba Santa Madalenari eskeinitako baselizaren hondakinak izango?" Pentsatu nuen.
Eraikinaren hondakinak.
Hondakinetatik aurrera biderik ez zegoela ikusi nuen. Alde batean eta bestean begiratu ondoren atzera egin eta azken mugarria ikusi nuen lekura iritsi nintzen, hemendik ekialdera bidexka batek jarraitzen zuela ikusiz. Bidexka jarraitzen hasi eta zuhaixkez jositako baso batera iritsi nintzen.
Zuhaixken basoan.
Bidexka pixkanaka nabariago egiten hasi eta ezpelen arteko zabalune batera iritsi nintzen.
Eta ezpelen arteko zabalunetik aurrera, ekialdeko norabidea mantenduz, orain arteko bidea jarraitu nuen.
bide honek zuhaixken basotik aurrera galtzeko arriskurik ez dauka.
Harkaitza berriro ere zapaltzen hasi nintzen gandor zabal batera iritsi nintzenean hiru mendizale nafar topatu nituen: "¿Vienes de arriba?" Galdetu zidaten. "Pues sí". "¿Y has subido por el paso de la cuerda?", "No, iba bajando a ver si encontraba el paso" erantzun nien. "Pues por aquí no está. Según parece el cruce para ir al paso debe estar en un claro que hace el bosque cerca de la punta y está marcado con pintura roja". "Pues vaya" erantzun nien, "¿Y por aquí se supone que bajo a Irañeta?", "Sí" erantzun zidaten "en cuanto empieces a ir cuesta abajo verás que el camino coge a la izquierda y te meterás en una pista que te llevará hasta el aparcamiento".
Naparrak ikusi nituen lekuan.
Soka finkoaren pausua topatuko ez nuenaren sentsazio gaziarekin nafarrak agurtu eta aurrera jarraitu nuen. "Gutxiñez bide normala nundik doan ezagutukoet" pentsatu nuen.
Nafarrek esan bezala, bideak behera egiten hasi zenean, parean orratz antzeko bat ikusi nuenean, ezkerrera hartu nuen.
Ezkerrera hartzen den lekuan.
Hemendik aurrera bidexka pinu artean doan bidea bihurtu zen...
... Eta bideak pista lokaztu bati pausu eman zion.
Behera nindoan ehinean, behe lainoaren eraginez tenperaturak behera egiten hasi zen. Madalen Haitzaren ipar aurpegia baso eta behe lainoaren artean ikusi nuenean, honi argazki pare bat egiteko aitzakiarekin berriro ere forro polarra jantzi beharrean izan nintzen.
Madalen Haitzaren ipar aurpegia.
Ipar aurpegia gertuago, ikusgarria benetan...
Forro polarraren epeltasunean behera jarraitu eta pista Urruntzure errekak estaltzen zuela ikusi nuen. Errekaren ertzera hurbildu eta oinak busti gabe pasatzerik ez zegoela ikusi ondoren metro batzuk atzera egin eta pago baten ondotik bide bat hasten zela ikusi nuen.
Urruntzure erreka pistaren gainean. Gorriz jarraitutako bidea marraztu dut.
Erreka nire eskuinean utzita, aparkalekuaren ondoko harrizko zubia zeharkatu eta 11:25etan aparkalekura iritsi nintzen.
Abiapuntuan berriro ere.
"Gaur bai" pentsatu nuen, "harkaitz earra, disfrutatuz, estuasunik pasa gabe ta gañea puntual etxera".
Asko gustatu zitzaidan igoera hau eta ensanblean eskalatzen ikasteko paregabea izan daiteke, harkaitz ona eta aseguruak jartzeko aukera handiak ditu eta. Merezi du bisitatxo bat egitea.
JAITSIERA MADALEN HAITZAREN IPARREAN DAGOEN SOKA FINKOTIK
2017ko abenduan Madalen Haitzara itzuli nintzen soka finkoaren jaitsiera topatzeko helburu bakarrarekin. Gandorra eskalatu eta soka finkoaren jaitsieraren bila bueltaka aritu ondoren, ohiko bidetik beherako bidea hartu eta Irañetako ehiztari batekin topo egiteko zortea izan nuen. Oilagorren inguruan berarekin hizketan aritu ondoren sokaren jaitsieraren bila ari nintzela esan eta berak bertaraino eraman ninduen.
Jaitsiera ederra iruditu zitzaidan, basatia, sokarik gabe jaisteko aukera duen arren sokatik helduta jaisteak puntu bat ematen diona. Hala ere, ehiztariari sokaren amaieran dagoen pistatik aurrera jarraitu beharreko bidea zein zen ez nion ongi ulertu eta pagadian "galduta" nolabait kotxera iritsi nintzen. Ibilbide ederra izan bazen ere, jaitsiera hau berriro ere egiteko gogoa gelditu zitzaidan.
Abenduaren 24an egindako argazkia.
Abenduaren 30an, Lekurekin batera Madalen Haitzara berriro itzuli nintzen, oraingoan sokaren jaitsiera ongi egiteko asmoarekin. Gailurraren inguruan buelta batzuk eman ondoren, jaitsierako bidea topatu eta soka hasten den lekura iritsi ginen. Sokara eramaten duen xenda aurkitzeko, Madalen Haitzara doan ohiko bidetik jaisten hasi eta pagadi batera sartzerakoan (kontuz pagadiaren erdian metro gutxi egiten dira eta) pagoen artean oso nabaria ez den eta ipar-ekialdera doan xenda bat jarraitzen hasiko gara. Xenda hau hasieran ez du altuera handirik galtzen baina ezkerrera hartzen duen bihurgunea baten ondoren, nabariago egiten den heinean malda handituz doa.
Xendak Madalen Haitzaren ipar horma ikusgarrira eraman behar gaituela dirudienean eskuinera bihurgunea itxi bat egin eta elorri batean lotutako soka zaharrera iritsiko gara.
Soka finkoaren lehen metroetan (argazkia 2017koa da).
Sokak 40-50 metro inguru izango ditu eta lokaztutako malda irristakorra eroso jaisteko lagungarri da. Sokari heldu gabe jaitsi daiteke? Bai, baina jaitsieraren xarma galduko luke, jejeje.
Sokaren azken metroetan (argazkia 2017koa da).
Sokaren amaieratik metro batzuk jaitsi eta pista batera iritsiko gara. Pista honetan 8-10 metro eskuinera egin eta hemendik behera doan pista jarraituko dugu Madalen Haitzara doan ohiko bideak jarraitzen duen pista nabarira iritsi arte. Hemendik aurrerako bidea goian azalduta dago.
Sokatik behera jarraituta, igoera eta jaitsiera lasai eginda (argazkiak eginez, atseden hartuz, etab.) ia bi ordu eta erdi pasa genuen.
Ibilbidea sokaren jaitsieratik wikiloc web orritik deskargatu nahi baduzue.
Powered by Wikiloc
Amaitzeko, gandorraren eskalada ikusten den bideoa partekatzen dizuet, espero dut gustuko izatea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina