2024/02/05

EGINO, "GOIKUA" SEKTOREA: "LANGUS" BIDEA, 60 m, IV+.


"Langus" bidearen oinean utzi dugun harkaitz-zubia eta plakatxoa.


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Haurrek galtzetako belaunetan partxeak eramaten zituzten belaunaldikoa gara, kaleko jolasek eragindako zuloak ezkutatzen saiatzen zirenak, gure amek, zirkulu bat osatuz, puntua-egiten zuten bitartean. Estatus maila “Sancheski” (patinete bat) batek ezartzen zuen eta txokolatezko palmerak larunbatetan bakarrik jaten genituen, berrogei pezetatan (25 zentimo inguru) erosiz. Arropa, gu baino zaharragoak zirenetatik jasotzen genuen eta, zulo edo partxe gehiegi ez bazuen behintzat, gu baino gazteagoak zirenak arte iristen zen. Eskolan, onerako edo txarrerako, urte askotan zehar gelakide berberekin gela berean ikastera eta elkarbizitzera “kondenatuak” geunden. Honek, onerako edo txarrerako, gelako guztien zerrenda memoriaz ikastera eramaten zuen. Oraindik ere begiak itxiko banitu, onerako edo txarrerako, nire gelakideen ia zerrenda osoa esateko gai izango nintzela uste dut.

Iñaki “Langus” gelakide horietako bat zen, bizitza osotik elkar ezagutzen dugula esan daiteken horietakoa. Umoretsua, atsegina eta maitakorra, aspaldi elkar ikusi gabe egonda ere beti tarte bat hartzen zuen zurekin hitz egiteko. Gogoan dut sabelarekin egiten zuen olatu itxurako mugimendu bat, denok zur eta lur uzten gintuena. Gogoan dut Gabonetako opor batzuetan Kanariar Uharteetara joan eta beltzaran etorri zenekoa, ile horia eta kalkulagailua zuen Casio erloju moderno batekin; luxu bat laurogeigarren hamarkadarako. Gogoan dut ere saskibaloirako zuen erraztasuna, baita bere irribarrea ere, armadurarik sendoena apurtzeko gai zena. Honegatik, kamioi batek eragindako moto istripu batean zendu zela jakin nuenean kolpe gogorra izan zen, orbain sakon batean itxi eta malkotan bakarrik kanporatzen den horietakoa; kolpe gogorra bere familian, kolpe gogorra bere kuadrilan, kolpe gogorra ezagutu genuenen artean eta kolpe gogorra herri osoan.

Asierri Langusen oroimenez eskalada-bide bat ireki genezakela proposatu nionean baiezkoa erantzun zidan berehala; izan ere bere adiskidea ere bazen, lagun talde batek urtero-urtero zintzo demonio antolatzen duen “San Rockero” festa-egunean bizipenak partekatzetik ezagutzen zuena.

Eginoko "Goikua" sektorea “deskubritu” genuenean, ikusi genuen garbiketa on bat eginez gero orain arte irekitako eskalada-bideei beste pare bat gehitu geniezaiekeela. Antxon Gorrotxategik ere gauza bera esan zidan: “Toda esa placa de roca, si estuviese más a mano y limpiando, daría para unas cuantas vías de grado medio”. Gontzal Avilak eta Antxonek berak irekitako “plan B” bidea eskalatu genuen egunean, honen ezkerrean dauden ur-tantadun plaka ezberdin batzuk lotuz gero eskalada-bide interesgarri bat sortu zitekeela iruditu zitzaigun.

- Bide hoi “Langus” izan daiteke – proposatu nion Asierri.
- Probatu beharko deu – erantzun zidan.

Astebete beranduago, “plan B” bidea berriro eskalatu eta, hormaren gainean dagoen zuhaitz batetik soka bat bota ondoren, ur-tantadun plakak lehen aldiz eskalatu genituen.

- Pixkat garbituz gero politte geratuko da.
- Ordun, tenemos plan? – Bota nion Asierri.
- Tenemos plan, jejeje – erantzun zidan irribarretsu.

Eginoko "Goikua" sektorean irekita dauden eskalada-bideak.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 60 metro.
- Luze kopurua: 2.
- Nork irekia: Asier Izagirrek eta Xabi "Smithy" Mujikak 2024ko urtarrilaren 27an.
- Zailtasuna: IV+. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (30 m) eta 2ºL: IV+ (30 m).
- Orientazioa: Ekialdea.
- Ura: Lezeko aisialdi guneko iturrian.
- Hurbilketa: Lezetik Olano mendira doan ohiko bidea jarraituko dugu. Berakaitz arrakala (kateak jarrita daude eskubanda moduan) eta artadi bat atzean utzi ondoren, harritza maldatsu bat igo eta zelaigune batera iritsiko gara. Olanora doan bideak eskuinera jotzen duen lekuan ezkerrera joko dugu (mugarri txiki bat dago bertan), mugarriak dituen bidexka batetik hormara zuzenduz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 25-30 minutu pasako ditugu.
- Jaitsiera: Bidea rappelatuz. 60 metroko bi sokekin bidea rappel bakarrean rappelatu daiteke.
- Eramandako materiala: 60 metroko bi soka, Totem sorta, 10 express-zinta eta luzera ezberdineko zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Berrogeita hamar minutu, lasai ibilita eta bidea bi luzeetan eskalatuz.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Argazkian utzitako aseguruen kokalekua ikusi daiteke.

Krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

Hiru egun eta ordu asko behar izan ditugu “Langus” bidea garbitu eta txukun uzteko. Lehenengo eskalada “ofiziala”, urtarrilaren 27an egin genuen. Honen aurretik, urtarrilaren 21an, Josema Berrocosorekin ordu batzuk partekatzeko zortea izan genuen. Guk "Eskerrik asko Patxamama" bidearen lehen luzean parabolt pare bat gehiago jartzen lagundu genion eta berak "Langus" bidea garbitu ahal izateko haize-makina bat ekarri eta utzi zigun, bizkarretik zintzilik zeraman hogei kilotik gorako motxilaren barruan. A zer nolako detailea Josemarena eta a zer nolako asmakizuna haize-makina!!! Ez dakit erratza gehiago erabiliko dugun, jejeje.

Urtarrilak 27, "Langus" bidearen lehen eskalada ofizialean.

“Langus” bideak denetarik duen arren, ur-tantadun plaketako eskalada da nabarmentzen dena. Teknikoki zaila ez den eskalada-bidea da (IV+ gehienez) baina auto-babeserako materialaren erabilera eskatuko digu; izan ere, ez da kirol-eskalada estiloan ekipatu dugun eskalada-bide bat eta utzi ditugun aseguruen arteko tartea orokorrean ez da motza. Bi bilguneak uztaidun paraboltekin muntatuta utzi ditugu, bertatik rappelatu ahal izateko. Kontuz bigarren bilgunea aurkitzeko garaian, espit zahar pare bat (bietako bat uztaiduna) jarrita dauden horma tente baten gainean dago eta. Hasiera batean zalantzan izan ginen espit zaharretako bat aprobetxatu eta bilgunea bertan jarrita uzteko baina Josemak eman zigun aholkuari jarraituz: “hiru metro gehiago eskalatu badaitezke, hiru metro gehiago eskalatzen dira”, jejeje.

Aurretik ireki ditugun bideeekin egin dudan moduan, burutu ditugun eskalada guztien bizipenak kontaketa bakarrean jasotzeko ahalmenik ez dudanez, luzeen deskribapen hotz eta zehatz bat besterik ez dut egingo. Hori bai, deskribapena laguntzen duten argazkiak eskalada ezberdinetakoak izan daitezke.

- Lehenengo luzea, 30 metro, IV+. Muntatuta utzi dugun harkaitz-zubi batera oinez zuzendu eta bertatik harkaitz-plaka etzan batera igoko gara (II+).

Harkaitz-plakara igota, nire azpian muntatuta utzi dugun harkaitz-zubia ikusi daiteke.

Harkaitz-plaka metro gutxi batzuetan eskalatu (III-) eta ezker aldera joko dugu bigarren harkaitz-plaka bat eskalatuz (III), ur-tantadun plaka etzan baten oinean amaitzen dena.

Iker ur-tantadun plaka etzanaren oinean. Ni lehenengo bilgunean nago.

Ur-tantadun plaka honen eskalada ez da zaila (III/III+) baina badaezpada parabolt bat utzi dugu bertan, ustezko erorketa bat babesteko. Plaka honen gainean, zuhaixka baten enborretik soka bat ere utzi dugu lotuta.

Zuhaitzaren enborrari lotuta utzi dugun sokara iristen.

Lehen ur-tantadun plaka eskalatuta, ongi babesten den arrail itxurako batera igo eta bertatik jarraituko dugu bigarren ur-tantadun plaka batera igoz (III).

Arrail itxurakoa eskalatu ondoren, bigarren ur-tantadun plakaren hasieran.

Bigarren ur-tantadun plaka lehenengoa baino tenteagoa da eta bi paraboltekin babestuta utzi dugu. Metroak irabazten ditugun heinean (IV) ur-tantak leunduz doaz.

Bigarren ur-tantadun plakaren amaieran.

Asier goiko bigarren ur-tantadun plakaren amaierara iristen. Argazkian ikusten denez goien dauden ur-tantak leunagoak dira.

Plakatik irteteko, bigarren paraboltaren parean zertxobait ezkerrera pasa beharko dugu oinetan fede osoa jarriz (IV+). Plakak gainean osatzen duen erlaitzaren eskuinean lehenengo bilgunea topatuko dugu.

Argazki honetan lehenengo luzea bere osotasunean ikusi daiteke.

- Bigarren luzea, 30 metro, IV+. Bilgunetik ezker aldera zeharkaldi bat eginez eskalatzen hasiko gara arrail nabarmen batera zuzenduz (IV). Zeharkaldiaren hasieran harkaitz-zubi txiki bat muntatuta utzi dugu, baita arrailaren oinean dagoen harkaitz-zubi bat ere. Arraila eskalatu (IV-), eta harkaitz-moko batean utzitako soka batetik aseguratu ondoren zertxobait ezkerrera botako gara bidearen hirugarren ur-tantadun plakara igotzeko, aurreko biak baino tenteagoa dena.

Hirugarren ur-tantadun plaka eskalatzen hasteko prest.

Ur-tantadun plaka hau ere parabolt bakarrez babestu dugu eta zailtasun handirik ez dauka, bere eskuinetik eskalatzen badugu batez ere (IV).

Hirugarren ur-tantadun plaka eskalatzen.

Plakaren amaieran metro pare batean eskuin aldera joko dugu eta ongi babesten den arrail tente bat eskalatu ondoren (IV) bidearen laugarren ur-tantadun plakara igoko gara. Ur-tantadun plaka honen amaieran (IV+) friend txikiekin ongi babesten den arrail horizontal bat topatuko dugu.

Laugarren ur-tantadun plakaren amaieran.

Arrail horizontal honen gainetik dagoen harkaitz-plakatxo tentea eskalatu (IV+) eta soka batez muntatuta utzi dugun harkaitz-zubi nabarmen batera iritsiko gara, harkaitz aske eta apurtuak dituen tarte batean dagoena. Dena den, tarte honetako harkaitz apurtuak arazorik gabe saihestu daitezke zuhaixka baten ondoan muntatuta utzi dugun harkaitz-zubi berri batera iritsi arte (III+). Harkaitz-zubi honetatik gora metro gutxi batzuk igoz bi espit zaharrak jarrita dauden harkaitz-plaka tentera iritsiko gara, oinean erlaitz eroso bat duena. Duen zimurdura bat aprobetxatuz, harkaitz-plaka tente hau eskalatu (IV+) eta bigarren bilgunera iritsiko gara.

Argazki honetan bigarren bilgunearen azpiko harkaitz-plakan jarritako bi espit zaharrak ikusi daitezke, baita, hauen ezkerrera, harkaitz-plaka eskalatzeko heltzen zaion zimurdura ere. Bietako batetik express-zinta bat pasatuta dago.

Bigarren bilgunea lehenengotik ikusita.

Jaitsiera 60 metroko rappel bakarrean edo 30 metroko bi rappeletan egiteko aukera izango dugu.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Smithyren bloga. 2024/01/10. Egino, "Goikua" sektorea: "Eskerrik asko Patxamama" bidea, 60 m, V, 2023/12/30. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2024/01/egino-goikua-sektorea-eskerrik-asko.html
- Smithyren bloga. 2024/01/30. Egino, "Goikua" sektorea: "plan B" bidea, 60 m, IV+, 2023/12/31. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2024/01/egino-goikua-sektorea-plan-b-bidea-60-m.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina