AZKEN 10 SARRERAK
2024/01/30
EGINO, "GOIKUA" SEKTOREA: "PLAN B" BIDEA, 60 m, IV+. 2023/12/31
Bidearen hasieran jarrita dagoen plakatxoa..
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
Haizetako-garbigailua batera eta bestera mugituz zihoan ziztu bizian, zerutik eroritako euri-tantak errepide bazterrera bota nahian. Goizerako iragarrita zeuden bi tantak mila ziren dagoeneko eta bezperan gozatu genuen zeru oskarbia oroimenean txertatutako oroitzapen lausotu bat besterik ez zen.
- Joder, pareta honekin gafauta gare – esan nion Asierri kotxearen motorra gelditu nuenean.
Lezeko aisialdi gunean ez zuen euririk ari baina lurra bustita zegoen, goizean goiz pasatako hodei batek utzitako opari hezea. Itxaropen bila, telefonoan ditugun eguraldi iragarpenerako web-orri eta aplikazioak kontsultatzen hasi ginen berehala. Gehienek euria eguerdira arte iritsiko ez zela zioten bitartean, ikusten ari ginena ez zetorren iragarpenekin bat, zeru triste eta ilun amaigabean ostarte txiki bat besterik ez zelako ikusten, itsaso erdian dagoen irla txiki bat izango balitz bezala.
- Haizen direkzioagatik hemendik denbora batea ostarte hoi gañen izango degula ematen du – esan zidan Asierrek bizkarrari eraginez.
- Hori da aktitudea!!! – erantzun nion irribarretsu – gure itxaropen guztie zeru guztin daun ostarte bakarren jartzen ari gea, jejeje.
Ostarteak egingo zuen mirariaren itxaropenez, motxilak hartu eta bidean hasi ginen.
Gure asmoa Gontzal Avilak eta Antxon Gorrotxategik (Eginoko "Lore Festa" bide mitikoa ireki zuten berberek) Eginoko “Goikua” sektorean irekitako “plan B” bidea eskalatzea zen. Antxonek kontatu zidanez, beraien benetako helburua "Eskerrik asko Patxamama" bideak jarraitzen duen lerroa irekitzea zen. Baina bertara iritsi eta dagoeneko irekita zegoela ikusi zutenean bide hau irekitzea erabaki zuten, hortik "plan B" izena.
Bosgarren aldia zen sektore honetara hurbiltzen ginela. Bezperan, “Eskerrik asko Patxamama” bidea bakarrik eskalatzea lortu genuen; beste hiru saialdietan aldiz, horma bustita egoteagatik, sokak motxilatik atera gabe kotxera itzuli behar izan ginen. Horma honekiko genuen aurreiritziak eta mesfidantzak oinarri sendoa zuten beraz.
Igoera ongi zihoan Berakaitz arrakala atzean utzi genuen arte. Orduan, gutxien espero genuenean euria hasi zuen, beherako bidea hartzera behartuz. Baina arrakalaren oinera iristean euria gelditu zen berriro ere. Hodeiak gurekin jolasten ari zirela zirudien, beraien eskuetan geunden panpin batzuen modura. Erantzun baten bila, zerura begiratu eta ostarte bakartia gerturatzen ari zela iruditu zitzaigun.
- Nik gertugo daula esango nuke – esan zidan Asierrek.
- Nik ere – erantzun nion ez oso konbentzituta.
Zer egin genezaken? Goraka jarraitu edo etxera itzuli? Zeruan ikusten genuenari kasu egiten bagenion, eskaladari dagokionez bazirudien gaurko eguna ere egun antzua izango zela. Orduan, zer egin?
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 60 metro.
- Luze kopurua: 2.
- Nork irekia: Gontzal Avilak eta Antxon Gorrotxategik 2022ko udazkenean.
- Zailtasuna: IV+. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (35 m) eta 2ºL: IV+ (25 m).
- Orientazioa: Ekialdea.
- Ura: Lezeko aisialdi guneko iturrian.
- Hurbilketa: Lezetik Olano mendira doan ohiko bidea jarraituko dugu. Berakaitz arrakala (kateak jarrita daude eskubanda moduan) eta artadi bat atzean utzi ondoren, harritza maldatsu bat igo eta zelaigune batera iritsiko gara. Olanora doan bideak eskuinera jotzen duen lekuan ezkerrera joko dugu (mugarri txiki bat dago bertan), mugarriak dituen bidexka batetik hormara zuzenduz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 25-30 minutu pasako ditugu.
- Jaitsiera: Bidea rappelatuz. 60 metroko bi sokekin bidea rappel bakarrean rappelatu daiteke.
- Eramandako materiala: 60 metroko bi soka, Totem sorta, 10 express-zinta eta luzera ezberdineko zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu bete, lasai ibilita eta bidea bi luzeetan eskalatuz.
BIDEAREN KROKISA
"Goikua" sektorea eta bertan irekita dauden eskalada-bideetako batzuk.
Ibilbidearen nondik norakoak.
Krokis zehatza.
DESKRIBAPENA
Telefonoak berriro ere atera eta dantzan jarri genituen eguraldi-aplikazio ezberdinei errepaso berri bat emanez:
- Neri ebie ordubatak arte ez dula egingo esaten dit – esan zidan Asierrek.
- Neren arabera ez du ebi gehio egin behar – erantzun nion.
Hurbilduz zihoan ostarte bakartiak egingo zuen mirariari teknologiak egingo zuen miraria batu zitzaion. Eta bi mirari elkarlanean ikusteak ematen duen lasaitasun eta konfiantzarekin gora jarraitzea erabaki genuen, behatzak gurutzatuz badaezpada.
“Goikua” sektorea harkaitz-plaka bustiez eta lehorrez zipriztindua zegoen, lehoinabar erraldoi baten azalaren itxura hartuz. ”Plan B” bideak zeharkatzen dituen harkaitz-plakak hezeak ziruditen nahiz eta horma berean dauden beste plaka busti eta ilunekin alderatuz ez zirudien oso bustiak zeudenik.
- Nola ikustezu?
- Nik emango nioke – erantzun nion Asierri -. Antxon ezagututa ez det uste paso zailenetan txapen arteko tartea luzea utziko zutenik.
Erabakia hartuta, materiala patxada osoz prestatu genuen, prestaketa lanak irauten zuen denboran horma zertxobait lehortzen hasiko zenaren itxaropenez. Baina hormaren lehen metroak igotzen hasi orduko konturatu nintzen bide honetan hartu beharko genuen zuhurtziaz.
- Lehenengo luzea, 35 metro, IV+. Bustita zeuden koska edo harmail txiki pare bat igo ondoren soka urdin bat jarrita duen harkaitz-zubi handi baten parera iritsi nintzen (II). Harkaitz-zubi honen ondoan bidearen izena duen plakatxoa dago jarrita. Metro eskas hauek nahikoak izan ziren katu oinen zolak bustitzeko eta harkaitzaren itsasgarritasuna zalantzakorra zela baieztatzeko.
Luzearen hasieran dagoen soka urdina. Argazkian lehen luzearen nondik norakoa ikusi daiteke.
- Goiko plakan parabolt bat ikusten det –esan nion Asierrik sokatik.
Harkaitz-plaka etzan pare bat kontu handiz eskalatuz (III), bidearen lehen paraboltaren parera zailtasun handirik gabe iritsi nintzen. Kontu handiz nindoan, gorputzaren pisu osoa jarri aurretik oinek ongi eutsiko nindutela baieztatuz. Lehenengo parabolt honen gainetik, ezkerrean ur-tanta handiko plaka bat duen harkaitz-plaka nabarmen bat dago, bi paraboltez babestuta dagoena.
Lehenengo harkaitz-plaka nabarmenaren oinean, lehenengo parabolta atzean utzi ondoren.
Bustia egoteagatik, harkaitz-plakaren erditik eskalatzen jarraitzea berehala baztertu nuen. Ur-tantadun plakara hurbildu nintzen, baina ur-tanten artean zegoen goroldio hezeak ere ez zidan konfiantza handirik eman. Bi aukera hauek baztertuta, harkaitz-plakaren eskuin ertzara gerturatu eta ertzak dituen helduleku onak aprobetxatuz bigarren paraboltera arte (III+) igo nintzen. Baina harkaitz-plaka erabat eskalatzeko ezker aldera zeharkaldi bat egin behar nuen lehenik. Nire burua oinek harkaitzaren zimur bustietan irrist egingo ez zutela sinestaraziz harkaitz-plaka eskalatzea lortu nuen, eta aitortu beharra daukat zeharkaldi honetan topatu nuela luzeko zailtasunik handiena, ez zaila delako, plaka bustia zegoelako baizik (IV). Astebete beranduago bide hau bigarrenez eskalatzeko zortea izango genuen, lehorra oraingoan, eta ederrena ur-tantadun plakatik eskalatzea dela ikusiko genuen.
Lehen harkaitz-plaka nabarmena eskalatuta, belarrez eta hauskor itxura duten harkaitzez zipriztindutako tarte batera iritsi nintzen. Laugarren parabolta hainbat metrora ikusten nuen, luzean dagoen bigarren harkaitz-plaka nabarmenaren oinean. Bi harkaitz-plaken arteko tarte honetan auto-babeserako aukerak daudenez, ez nuen arazo handirik izan paraboltera iristeko (IV), nahiz eta bertara iritsi aurretik ezker eskurako zegoen helduleku eder bat apurtu nuen, gorputza goitik behera zehartu zidan hotzikara bat sortaraziz.
Bi harkaitz-plaken arteko tartea.
Bigarren harkaitz-plaka nabarmena lehenengoa baino tenteagoa bada ere zertxobait lehorragoa zegoela iruditu zitzaidan. Hala ere, plakaren erditik eskalatu beharrean ezker ertzetik eskalatu nuen plakaren erdian dagoen erlaitz edo koska leun eta txiki batera igo nintzen arte (IV).
- Reunioa hortxe ikusten det!!! – Esan nion Asierri erlaitzetik.
Erlaitz txikitik paraboltera arte zuzen jarraitu eta, bere parera iritsi nintzenean, berriro ere plakaren ezker ertzera pasatu nintzen. Gorputza bigarrez zeharkatu zidan hotzikara bat sortu zuen irristada txiki bat ezik ez nuen zailtasun handirik izan lehenengo bilgunera iristeko (IV+), uztaidun bi paraboltez osatutakoa.
Argazki honetan lehenengo luzea bere osotasunean ikusi daiteke.
Lehen bilgunetik behera egindako argazkia.
Tontakeri bat dirudien arren, batzuetan metro apur batzuk eskalatzeak zenbat alaitzen duen aste osoko tristura!!! Zoriontsu sentitzen nintzen; motel bazen ere bidea eskalatzen ari ginelako, harkaitzaren egoera hobetzen ari zelako eta, gezurra zirudien arren, zeruko ostarte bakartia dagoeneko gainean genuelako.
Harkaitza pixkanaka lehortzen ari zenez Asierrek luzea modu ezberdin batean eskalatu zuen hainbat lekuetan. Lehenengo plaka nabarmena adibidez ur-tantadun plakatik eskalatu zuen. Bigarrena aldiz, harkaitz-plakaren erditik saiatu zen arren azkenean plakaren ezkerrera pasa zen.
Lehenengo harkaitz-plaka nabarmena eskalatu ondoren. Argazkian lehen luzeko azken paraboltak ikusi daitezke.
- Bi plakak erdi-erditik eskalatuz gero esango nuke igual kintomas izango dutela - esan zidan bilgunera iritsi zenean.
- Bai? - Erantzun nion harrituta.
- Baietz esango nuke, bigarrena batez ere - baieztatu zidan.
Bigarren harkaitz-plaka nabarmenean, erlaitz txikiaren gainean.
- Bigarren luzea, 25 metro, IV+. Asier bilgunetik ezker aldera pasatu, ur-tantadun plaka batera igo eta, bertatik eskalatuz, soka batez babestutako harkaitz-zubi nabarmen batera iritsi zen, bilgunetik 2-3 metrora dagoena (IV). Metro pare bat gehiago eskalatuz (IV+), gorago dagoen harkaitz-plaka inklinatuaren oinean ezker-eskuin diagonalean doan arraila eskalatzen hasi zen.
Harkaitz-zubitik gora.
- Zemuz dijo?
- Oraingoz ondo - erantzun zidan -, ez zait zaile iruditu.
Hurrengo asegurua harkaitz-plaka honen goikaldean zegoela ikusi zuenean, arrail honetan dagoen harkaitz-zubi batetik badaezpada zinta bat pasatu zuen, ez arrailaren eskalada zaila delako, harkaitza tarteka bustia zegoelako baizik (IV).
Arrailaren amaieran.
Asierrek muntatu zuen harkaitz-zubia eta bilgunera arte dagoen tartea.
- Ea plaka nola daun... - bota zidan goitik zuena aztertzen hasita.
Harkaitz-plakaren goikaldean dagoen paraboltera iristea zen orain zuen erronkarik handiena. Egoera lehor batean zailtasun handirik ez duten metro apur hauetan kontzentrazio osoa jarri behar izan zuen pausu faltsurik ez emateko (IV+). Gero ikusiko nuen moduan, harkaitz-plaka hau bere eskuin ertzetik eskalatuz gero zertxobait errazagoa da.
Paraboltaren parean.
Paraboltaren parean egindako argazki honetan bilgunera arte dagoen tartea ikusi daiteke.
- Hemen puenterroka bat dau - bota zidan parabolta atzean utzi zuenean (III+).
Soka batez babestuta dagoen harkaitz-zubitik aurrera, ezker joerarekin jarraituz eta zailtasun guztiak amaituta, ez zuen arazorik izan bilgunera iristeko (III).
Bilgunera iritsi aurretik dagoen harkaitz-zubia.
Asier bigarren bilgunean.
- Hemen soka zahar bat jarrita dau pasamanos bat bezela - esan zidan - argollak dituzten paraboltetatik pasata.
- Josemak esan zigun sirga hori izango da? - Galdetu nion.
- Baliteke, baina ez da sirga bat, soka zahar bat baizik.
Bigarren bilgunea uztaidun parabolt batez osatuta dago, soka zaharra lotzen duen uztaidun espit bat indartzen duena.
Bigarren bilgunea. Argazkian Gontzalek eta Antxonek jarritako parabolt berria eta soka zaharra lotzen duen espit zaharra ikusi daitezke.
Lehenengo bilgunea bigarrenetik ikusita.
Soka zaharra, urteen pasaerak erdi-usteldu duena, bilgunetik 4-5 metro ezkerrago hasten da, beste uztaidun espit batean, baina non amaitzen den ez dakigu. Zein izango zen bere funtzioa? Oraindik ez dugu argitu. Josema Berrocosoren ustez soka zahar hau bertan behera geratu zen eskalada-proiektu baten testigu isila izan daiteke. Hipotesi hau posiblea da, "Eskerrik asko Patxamama"-ren eskuinean dagoen izen ezezaguneko bidean jarritako espit zaharrak mota berekoak direlako. Beharbada horma honetan garai batean eskalada-bide gehiago irekitzeko asmoa zegoen? Bakarren batek badaki eskertu genuke honen inguruko informazioa partekatzea.
Rappel bakarrean mundu horizontalera itzuli ginen.
Bidea rappelatzen, lehenengo harkaitz-plaka nabarmenaren parean.
- Hau bai iruditu zaidala kuartomas - esan nion Asierri bezperan pasatako estutasunak gogoratuz.
- Bai, neire horrela iruditu zait.
Bidea asko gustatu zitzaigun, ongi ekipatua dago, baita ongi garbitua ere. "Baina" bakarra 60 metro luze bakarrik izatea da, baina ondoan dituen beste eskalada-bideekin konbinatuz, leku bakarti eta lasai honek goiz edo arratsalde pasa ederra eskeini dezake. Mila esker Gontzal eta mila esker Antxon egin diguzuen opari honengatik!!!!
Sokak eta materiala jasotzen genuen bitartean ordura arte gu babesten aritu zen ostarte bakartiak piskanaka alde egiten zuela ikusi genuen, gaurko miraria amaitutzat emango balu bezala. Eta gezurra dirudien arren, Berakaitz arrakalara iritsi ginenerako euri tantek hormak bustitzen hasi ziren berriro ere. Harrigarria bada ere, eskaladak iraun zuen denbora osoan ez zuen euririk egin. Kasualitatea? Zorte kontua? Mirari bat? Ekintza jainkotiar bat? Nork daki, baina euririk gabeko tarte honek Urtezahar eguna alaitu zigun, baita ongi alaitu ere. Zorionekoak gu!!!
Urteberri zoriontsu eta baketsua opa dizuet guztioi!!!! Ea 2024 urteari zenbaterainoko zukua ateratzeko gai garen, gogo faltagatik ez da izango, jejeje!!!
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Smithyren bloga. 2024/01/10. Egino, "Goikua" sektorea: "Eskerrik asko Patxamama" bidea, 60 m, V, 2023/12/30. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2024/01/egino-goikua-sektorea-eskerrik-asko.html
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
17:25
Etiketak:
egino,
eskalada,
goikua,
la leze,
leze,
plan b,
smithy,
smithy blog,
smithyrenbloga
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina