AZKEN 10 SARRERAK

2024/01/10

EGINO, "GOIKUA" SEKTOREA: "ESKERRIK ASKO PATXAMAMA" BIDEA, 60 m, V. 2023/12/30


Bidearen hasieran jarrita dagoen plakatxoa..


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

2018an “Ayestaepelde” bidea eskalatu genuenean, honen eskuinean dagoen horma goitik behera zeharkatzen duen ur-tantadun harkaitz-plaka luze eta nabarmen batek, “Y” erraldoi baten itxura duena, atentzioa deitu zigun:

- Hain ebidentea izanda harritzen naiz han ezer irikita ez egotea – esan zidan Asierrek egun hartan.
- Zeñek daki – erantzun nion -. Egunen baten inbestigatzea jun beharko degu.

Egun hori bost urte beranduago iritsiko zen, 2023ko apirileko egun lainotsu batean. “Luca bidea" garbitzetik netorren egunetako batean, horma honi begirada bat botatzera hurbildu nintzen. Nire ezusterako paraboltez osatutako hiru lerro topatu nituen: bi lerro bost urte lehenago Asierrekin ikusi nuen ur-tantadun “Y” erraldoian eta hirugarren lerroa “Y”-ren eskuinera, 20 metro ingurura. Honez gain, “Y”-ren eskuin adarratik doan lerroan jarritako paraboltak oso zaharrak eta herdoilduak zirela iruditu zitzaidan, bide hau duela denbora asko ireki zela adieraziz. Beste bi lerroetako paraboltak aldiz, oso berriak ziruditen.

Bide ezezagun hauen inguruko informazioa jakiteko asmoz mezu bat bidali nion Josema Berrocosori, baita erantzuna berehala jaso ere. “Y”-ren ezker adarreko lerroa, “Eskerrik asko Patxamama” deiturikoa eta IV+ zailtasunekoa, 2022an berak ireki eta ekipatu zuela esan zidan. “Y”-ren eskuin adarreko lerroa, V zailtasunekoa, Miguel Angel Morenok eta Iñaki Lermak ireki zutela esan zidan, baina bidearen izena eta ireki zuten urtea zein izan zen ez zekien. Hirugarren lerroa aldiz, “Y”-ren eskuinera dagoena, misterio bat izan zen Josemarentzat, ez baitzuen lerro honen berri. Bukatzeko, bide hauek guztiak dauden sektorea "Goikua" izenez ezagutzen dela ere esan zidan.

Hirugarren lerroaren misterioa uztailean argitu nuen, Asier eta biok Antxon Gorrotxategirekin “La vida es un tango” bidea “Malena” bariantetik eskalatu genuenean. Antxonek jaitsieran esan zigun lerro misteriotsu hau, “plan B” deiturikoa eta IV+ zaitasunekoa, 2022an Gontzal Avilak eta berak ireki zutela.

Eginoko "Goikua" sektorea eta bertan irekita dauden bideak.

- Hiru bide motz, kinto ingurukok eta leku bakarti baten, egunen baten probatu beharko ditugu, ez? – Proposatu nion Asierri amua botaz.

Bide hauek eskalatzeko asmoz abenduan zehar hiru saialdi egin genituen arren, hiruetan kotxera burumakur itzuli behar izan ginen ur-tantadun plakak bustiak topatu genituelako. Azken saialdian, abenduaren 29an, Ihabarren amaitu genuen “Potikoti” bidea eskalatzen.

- Hemendik mila aldiz pasa gea bide hauei kasurik egin gabe ta eskalatu nahi ditugunen ez deu egunik topatzen – esan zidan Asierrek Ihabarretik etxera gentozela-. Momentu hontan burun bakarrik bide hauek eskalatzeko gogoa dauket.
- Ya lo creo, badirudi bide hauek eskalatzea obsesio bat bihurtu dela, jejeje – erantzun nion -. Biharko eguzkie datorrela ikusita, berrize saiauko gea?
- Bale, jejeje.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 60 metro metro.
- Luze kopurua: 2.
- Nork irekia: Josema Berrocosok 2022ko urriaren 16an.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: V (35 m) eta 2ºL: IV+ (25 m).
- Orientazioa: Ekialdea.
- Ura: Lezeko aisialdi guneko iturrian.
- Hurbilketa: Lezetik Olano mendira doan ohiko bidea jarraituko dugu. Berakaitz pitzadura (kateak jarrita daude eskubanda moduan) eta artez osatutako basoa atzean utzi ondoren, harritza maldatsu bat igo eta zelaigune batera iritsiko gara. Olanora doan bideak eskuinera jotzen duen lekuan ezkerrera joko dugu (mugarri txiki bat dago bertan), mugarriak dituen bidexka batetik hormara zuzenduz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 25-30 minutu pasako ditugu.
- Jaitsiera: Bidea rappelatuz. 60 metroko bi sokekin bidea rappel bakarrean rappelatu daiteke.
- Eramandako materiala: 60 metroko bi soka, Totem sorta, 10 express-zinta eta luzera ezberdineko zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordubete inguru bidea bi luzetan eskalatu nahi badugu.

BIDEAREN KROKISA

Krokis zehatza. Krokisean agertzen diren harkaitz-zubiak guk muntatu behar izan genituenak dira, bidean paraboltak bakarrik jarrita daude eta.

DESKRIBAPENA

- Anda no me jodas, gaur ere kale? – Bota nuen Altsasura iritsi ginenean.

Arabako lautada osoa behe-laino itxi eta heze batek estaltzen zuen, paisaia hogei metro eskasera mugatuz. Lezeko aisialdi gunean ez zen arimarik ezta zaratarik ere, eta behe-lainoak beldurrezko pelikuletan agertzen diren baso beldurgarrien itxura ematen zion.

- Gaurko eguzkie emanda dau ta – erantzun zidan Asierrek atsekabez -. Behelaño honekin pareta bustie egongo dela emateu.

Une batez zer egin ez genekiela geratu ginen; goraka abiatu? Kotxea hartu eta beste lekuren batera joan? Etxera itzuli? Galdera hauentzat erantzun baten bila ari ginela zeruak une labur batez urdin kolore argi bat hartu zuen, edo hori iruditu zitzaigun behintzat:

- Ez da ba goien garbie egongo, ez?
- Ikustera jun beharko degu bazpare – erantzun zidan Asierrek -. Txarrenen kotxera bueltatu ta beste nunbaitera jungo gea.

Berakaitzeko arrakalak eztarri ilun eta heze baten itxura zuen, ardiak eta artzainak betirako irensten dituen leze horietako baten modura. Baina arrakala behean geratu zenean, bat batean behe-lainoa desagertu eta zerua urdin kolore dotore eta bizi batez jantzi zen: “ostia, ze onaaaaaa!!!”.

Zerua oskarbi ikusteagatik indarberrituta, hormara arteko metroak zoriontsu egin genituen, harrotasunez, azkenean hormak ihes egingo ez zigula sinetsita. Baina hormaren oinera iritsi ginenean “Eskerrik asko Patxamama” bidearen lehen luzeko ur-tantadun plakaren zati bat bustita zegoela ikusi genuen.

- Kuartomas bada pentsatzen det igotzeko gai izango geala, ez? – esan nion Asierri -. Sikera txapei tira eginez, jejeje.
- Ez du zaile ematen baina bustita egonda batek daki...
- Emango diot nik nahibazu – proposatu nion konfiantzaz betea, materiala arnesetik zintzilikatzen hasiz.

- Lehenengo luzea, 35 metro, V. Zuhaitz txiki batzuen artetik eskalatzen hasi, ur-tantadun plakara igo eta 4 metro ingurura dagoen paraboltera arte eskalatu nuen (III+). Lehenengo metro hauetan ur-tantadun plakak dituen helduleku handiak aprobetxatu nituen katu-oinak lehortzeko.

Lehenengo parabolta atzean utzi ondoren.

Paraboltetik gora horma zertxobait tentetzen bada ere, ur-tantetako heldulekuak handiak izaten jarraitzen dute (IV). Bustitako tartera iritsi nintzenean azpitik zirudiena baino bustiagoa zegoela iruditu zitzaidan: "kakaaaa!!!!". Inorren eremuan nengoen: lehenengo paraboltetik 3 metro ingurura eta bigarrenetik 5-6 metrora. Egoera honetaz jabetu nintzenean urduritzen hasi nintzen, eroriz gero bidearen oinera arte iritsiko nintzela pentsatzen hasi nintzelako.

- Goraka jarraitzea ez det batere argi ikusten – esan nion Asierri urduri-. Hau oso bustie dau.

Zer egin pentsatzen ari nintzela, “izen ezezaguneko” bidera zuzentzen diren parabolt herdoilduak ikusi nituen behean. Buruak eragindako beldurrak ehuntzen ari zuen sarean erori aurretik, metro pare bat kontu handiz jaitsi eta, eskuin aldera 3-4 metroko zeharkaldi horizontal bat eginez, lehen parabolt herdoildutik aseguratzea lortu nuen. Bigarren paraboltera iristea gehiago kosta zitzaidan, baina behin bertan, ezker aldera zeharkaldi horizontal bat eginez “Eskerrik asko Patxamama” bidearen bigarren paraboltera iristea lortu nuen. Bustita zegoen tartea azpian nuen jada, baina bigarren parabolt honetara ez nintzen lasai iritsi, parabolten arteko tartea luzea izateaz gain hauen artean auto-babesteko tokirik ez nuelako topatu.

Bidea hasi nueneko konfiantzak beldurrak ehuntzen jarraitzen zuen sarea zeharkatuz ihes egiten zidala sentitzen nuen, baina ez nuen oraindik amore eman nahi. Zertxobait lasaitzea lortu nuenean gainetik nituen hurrengo bi paraboltetara iristea lortu nuen (V). Laugarren eta bosgarren parabolten artean 8 metro inguruko tartea dago baita bien artean belarrez eta itxura hauskorra duten harriz estalitako erlaitz bat ere. Erlaitzera iristeko tartea ez zirudien eskalatzeko zaila baina kezkatzen ninduena zen erlaitza bustia topatzea eta bertan aseguratzeko modurik ez aurkitzea.

- Parabolten arteko tartea luzea bada ez da zaile izango – animatu zidan Asierrek.
- Hori pentsatzen det – erantzun nion -. Baina beldurra ematen ditena da bustie egotea ta bertan kietoparau gelditzea.

Psikologoek esaten dute buruak sortzen dituen beldur subjetiboei aurre egiten diegunean txikitzen direla; baina aurre egiten ez diegunean handi bihurtzen dira pertsona paralizatuz. Behin eta berriz nire burua animatzen saiatu nintzen arren, azkenean beldurrak metro batzuk beheragotik pazientziaz ehuntzen joan zen sareak harrapatu ninduen. Buruarekin ezezko keinua eginez eta Asierri gehiago eskalatzeko gai ez nintzela esanez hormaren oineraino jaitsi ninduen.

- Ea nik eskalatzea lortzen deten – esan zidan bere ondora iritsi nintzenean, ez oso konbentzituta.

Asierrek ur-tantadun plakari metroak pixkana irabazi zizkion, zuhurtzia handiz, ni gelditu nintzen paraboltaren parera iritsi zen arte.

- Zemuz zoaz?
- Buenoooo, soka gainetik izan dudan bitarten ondo - erantzun zidan-, ea orain.

Ordura arte zeraman kontzentrazioa mantendu nahian, eskuak magnesio hautsetan pare bat aldiz hautseztatu eta, “banoa!!” esatearekin batera, kontu handiz eskalatzen jarraitu zuen erlaitz belartsura igoz. Asierren plana, teorian behintzat, erraza zen: erlaitzetik gora igotzen jarraitzeko gai izango ez balitz, ahal zuena jaitsi eta jauzi egingo zuen, azkeneko paraboltetik zintzilikatuta geratuz. Baina plan honek burutik ihes egin zion batera eta bestera begiratu ondoren erlaitzaren gainean harkaitz-zubi dotore bat topatu zuenean. Harkaitz-zubiak eman zion konfiantzarekin, biziberrituta, hormaren ezker ertzetik mantenduz, bosgarren paraboltera arte Totem bat trabatzea besterik ez zuen behar izan (V).

Bosgarren paraboltaren parean.

Gertuago. Asierren azpian bustita zegoen ur-tantadun plaka iluna ikusi daiteke.

- Repisan beste puenterroka txiki bat zeon baina ez zait oso segurua iruditu – esan zidan -. Dena den, repisan ematen duna baino harri suelto gutxigo dare.
- Ondo dau jakitea!!!!

Paraboltetik gora, orain arte bezala, hormaren ezker ertza aprobetxatuz ez zuen zailtasun handirik izan uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iristeko (IV+).

Lehenengo luzea eskalatzen hasteko prest.

Lehenengo luzea bigarrenez eskalatzen hasi nintzenean, ur-tantadun plaka ez zegoen lehen saialdian bezain bustia eta sokak gainetik izateak konfiantza handia eman zidan. Hala ere, lehen eta bigarren parabolten arteko tartea IV+ inguruan egon zitekela iruditu zitzaidan, paraboltera iritsi aurretik zertxobait gehiago beharbada (V). Laugarren parabolta eta erlaitz belartsuaren arteko tartea ere IV+/V inguruan egon zitekela pentsatu nuen.

- Nik ere kintotik kuartomasetik baino gertugo daula esango nuke – baieztatu zidan Asierrek bilgunera iritsi nintzenean -. Lehen eta bigarren parabolten arten aseguratzeko zeoze ikusi dezu?
- Ke ba, ta hori denbora guztin fijatzen jun naizela – erantzun nion -. Gotera baten piko txiki bat ikusi det eta igual Totem bat sartuko den zulo txiki bat, besterik ez.
- Nik ere ikusi ditut – erantzun zidan.

OHAR GARRANTZITSUA!!!

2024ko urtarrilaren 21ean Josema Berrocosok lehen luzeko lehenengo bi parabolten artean beste bi parabolt jarri zituen, lurreraino erortzeko arriskua kenduz. Kronika honetako krokis zehatza eguneratuta dago. Eskerrik asko Josema!!!!

- Bigarren luzea, 25 metro, IV+. Nahiz eta luzea arazo handirik gabe eskalatu, beldurrak utzitako sentsazio txarrak heltzen ninduela sentitzen nuen oraindik eta urduritasun ezeroso bat bueltaka zebilen, ardi hilaren inguruan bueltaka dabilen putrea bezala.

- Nahizu luze honi nik ematea? – Eskaini zidan Asierrek.
- Ez – erantzun nion -. Konfort-zonatik irten beharra dau beldurrari aurre egiteko, ez? Jejeje.

Bilgunetik eskuin aldera eskalatzen hasi nintzen, harkaitz-plakak oinentzat dituen heldulekuak aprobetxatuz, harkaitz-zubi on batera arte. Harkaitz-zubitik zinta-uztai bat pasatu, bertatik aseguratu eta, gorputza altxatuz, horma ixten duen sabairen azpian dagoen paraboltera igo nintzen (IV).

- Bueno, badirudi asuntoa hemen hasten dela.

Paraboltetik aseguratuta nengoela aprobetxatuz, harkaitz-zubiaren parera berriro ere jaitsi nintzen atseden motz bat hartzera.

Atseden motza hartzen.

Eskuak magnesio hautsetan hautsaztatu eta arnasketa sakon batzuen ondoren paraboltaren parera berriro ere igo eta ezkerrera zeharkaldi horizontal bat egin nuen sabaiaren azpian kokatuz. Ezker oina hormaren zimur leun batean jarri, gorputza ezker aldera mugitu eta, mugimendu hau aprobetxatuz, sabaia eskalatzea lortu nuen, honen gainean dagoen erlaitz harritsura igoz (IV+).

- Onaaaaa!!! – Animatu ninduen Asierrek bilgunetik.

Luzearen bigarren parabolta erlaitzaren gainean dagoen harkaitz-plaka tente baten erdian zegoela ikusi nuenean, plaka honen oinean dagoen harkaitz-zubi handi batetik zinta-uztai bat pasatu eta bertatik aseguratu nintzen.

Bigarren parabolta jarrita dagoen harkaitz-plaka azpitik ikusita. Argazkiaren behekaldean, soken atzean, harkaitz-zubi handitik pasatako zinta-uztaia ikusi daiteke.

- Oraingoz luzea aurrekoa baino errexagoa dijo – esan nion Asierri harkaitz-plakara igo baino lehen.

Harkaitz-plakara igo nintzenean, bertan dagoen ur-tantadun lerroa jarraitu nuen luzearen bigarren paraboltera arte (IV).

Bigarren paraboltaren parean.

Parabolt honetatik gora ur-tantadun bi lerro hasten dira, harkaitz-plakaren amaiera arte luzatzen direnak. Bietatik pikanteena ezkerrekoa zela ikusita bertatik igotzea erabaki nuen, plakaren gainera igoz (IV+). Beldurrak ehundutako saretik aske nengoela sentitzen nintzen, galdutako konfiantza berreskuratuta eta berriro ere eskaladaz gozatzen.

Harkaitz-plaka tente hau eskalatuta, bigarren harkaitz-plaka bat eskalatu behar da, bilgunera arte luzatzen dena eta ezkerretik eskuinera diagonalean doan arrail itxurako bat duena. Arrailetik eskalatuz eta bertan dauden harkaitz-zubietako batean aseguratuz, ez nuen zailtasun handirik izan uztaidun parabolt batez eta mailoi bat duen kordel batekin muntatutako harkaitz-zubi batez osatutako bilgunera iristeko (IV-).

Bigarren bilgunea.

Lehenengo bilgunea bigarrenetik ikusita.

Bigarren bilgunea lehenengo bilgunetik ikusita.

Asier sabaia eskalatu ondoren.

Asier bilgunera iritsi zenean berehala hasi ginen rappela prestatzen.

Bigarren paraboltaren parean.

- Luze hau bai iruditu zait kuartokoa dela – esan nion Asierri bilgunera iritsi zenean.
- Neri hasierako pasoa kuartomas ere izan daitekela iruditu zait – erantzun zidan.

Bizitzan pasatzen ditugun beldur batzuekin gertatzen den moduan, eskaladaren hasieran pasa nuen beldurra txiki bihurtzea lortu nuen azkenean eta honek sortarazi zidan emozio positiboa izugarria izan zen.

- Hemen zinta zahar batekin montautako reunio bat dau!! – Esan zidan Asierrek rappelatzen hasi zenean.
- Ea ondoko bideko reunioa den...

Asierrek bilguneari argazki bat egin eta rappelatzen jarraitu zuen.

Bilgune "misteriotsua". Gure ustez izen ezezaguneko bidearen bilguneetako bat edo bilgune bakarra da, ez genuelako bilgune gehiago ikusi.

- Eta hemen espit zahar bat dau!!! – Esan zidan 3-4 metro jaitsiak zituenean.
- Ba ordun seguru ondoko bidearenak diela – erantzun nion.

Espit zaharra.

Gerora Josemak esango zidan izen ezezaguneko bidea eskalatu zuenean 40 metro bakarrik eskalatu zituela, ikusi zuen azkeneko paraboltera arte. Handik gora, seguru gehiago ikusi ez zituenez eta auto-babeserako materialik ez zuenez, ez zen gehiago eskalatzera ausartu. Bakarren batek izen ezezaguneko bidea eskalatzeko asmoa baduzue, bilgunea osatzen duen zinta zaharra nola dagoen ikusita, askoz seguruagoa da metro batzuk gehiago eskalatu eta “Eskerrik asko Patxamama” bidaren bigarren bilgunera arte iristea. Ez dakiguna da izen ezezaguneko bideak tartean beste bilguneren bat duen, ez genuelako ikusi.

Eguzkiaren eta haizearen eraginez, rappelatzen ari ginen bitartean horma ia erabat lehortu zen. Eta honek izen ezezaguneko bideari saialdi bat egiteko nahia piztu zigun. Beno, hobeki esanda nahia Asierri piztu zitzaion bakarrik, nik gaurkoz nahikoa nuen eta, jejeje. Dena den, lurrera iristerakoan nahia alde batera utzi behar izan genuen erlojuak agintzen ziguna onartuz, “Eskerrik asko Patxamama” eskalatzeak uste genuen baino denbora gehiago eraman gintuelako.

Rappelaren amaierara iristen. Asier "izen ezezaguneko" bidea arakatzen.

- Nahibazu bihar itzuli gaitezke – proposatu nion Asierri.
- Ea zemuzko egualdie ematen duten, jejeje – erantzun zidan irribarre maltzur batekin gonbidapenari ezezkorik esan gabe.

Eta zer esan “Eskerrik asko Patxamama” bideari buruz; bide ederra iruditu zitzaigula, oso ona, eta igotzen duen ur-tantadun plaka ikusgarria dela. Guk emandako zailtasunari dagokionez, egunen batean ur-tantadun plaka erabat lehorra dagoenean errepikatzen dugunean hemen esandakoa baieztatu edo ezeztatuko dut, gure iritzia harkaitza hezea topatu izanagatik baldintzatuta egon daitekeelako.

Eskerrik asko Patxamama!!!! Eskerrik asko Josema!!!!

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Smithyren bloga. 2018/06/16. Egino, "Goikua" sektorea: "Ayestaepelde" bidea, 120 m, V-. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2018/06/egino-ayestaepelde-bidea-120-metro-v.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina