2025/04/09
IHABAR, URDEBEZ HEGOALDEA: "ARRATAUNDIKO NINIA", 205 metro, 6a.
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
"Arrataundiko ninia"-n jarrita utzi ditugun hiru plakatxoak.
Lau urte igaro dira Mikel Pardok “Txintxak” (Christian Pauren laguntzarekin) Ihabarko harkaiztian lehen eskalada-bidea zabaldu zuenetik. Mikelek amets bat duela idatzi izan du bere blogean; harkaizti hau zailtasun handirik gabeko eskalada-bide erdi-ekipatuen eskola batean bihurtzea. Eta lau urte eta dozena batetik gora bide zabaldu eta gero, Mikelen ametsa neurri handi batean bete dela esango nuke.
Eskalada-bide hauetan gozatu eta bizipen ederrak bizi izan ditugu, baita dezepzio txikiren bat ere, zergatik ez esan; hala ere, egun argiak ilunak baino askoz gehiago izan dira inongo zalantzarik gabe.
“Intifada” zabaldu genuenean ekarpen txiki bat egin nahi izan genion Mikelen lanari eta Ihabarrera hurbiltzen diren eskalatzaileei. Baina harkaizti honetako benetako protagonistak direnekiko zor bat genuela sentitzen genuen: Ihabarko herritarrak. Nola eskertu Ihabarri bere harkaiztian bizitzen ditugun bizipenak? Nola eskertu bere herritarrei gurekiko beti izaten ari diren harrera ona?
Ohiko opari bat ez bada ere, zor hau kitatzeko Ihabarko herritarrei eskalada-bide bat oparitzea bururatu zitzaigun; bide berri bat izango zen, zabaldutako beste bideetatik ezberdindu nahi genuen bide luze bat, harkaiztia behetik goraino igoko zuena. Baina ez hori bakarrik, gure asmoa bide berri honi zein izen ipini Ihabarko herritarren esku uztea izango litzateke.
Bideak jarraituko zuen lerroari dagokionez, “Litos” bidearen ezker aldeari begia botata genion aspalditik. 2024ko azaroaren 17an seigarren luzea izaten amaituko zuen hormatik zintzilikatu eta bertan dagoen arrail ikusgarria eskalatu genuenean maitemina bat-batekoa izan zen. Luze hau izango zen bidearen sorrera, baita eskalatu ahal izateko prestatuko genuen lehena ere. Honen atzetik eta orden ilogiko eta desegituratu honetan, bosgarrena, laugarrena, lehena, hirugarrena, bigarrena eta zazpigarrena iritsiko ziren. Martxoaren 9an, lau hilabeteko lanaren ondoren, bidea amaitutzat eman genuen eta ia hilabete beranduago, apirilaren 6an, Asierrek eta biok bere osotasunean eskalatuko genuen lehen aldiz, lehen luzetik zazpigarrenera; oraingoan bai, orden logiko eta egituratu bat jarraituz, jejeje.
Martxoak 9, bidea amaitutzat eman genuen unea.
Bidea prestatzen ari ginen bitartean sare sozialen bidez harremana dudan Oihanarekin jarri nintzen harremanetan, Ihabarkoa bera. Oihanak Sakanako toponimiarekin lagundu izan dit behin baino gehiagotan, ezagutzen ez ditudan lekuen izenak argituz eta kroniketan idatzitako hanka sartzeak zuzenduz. Bidearen izena Ihabarko herritarren esku uztearen ideia asko gustatu zitzaion; eta aukera ezberdin batzuk aztertu ondoren eta toponimia ardatz bezala hartuz, “Arrataundiko ninia” aukeratu zutela esango zidan denbora bat beranduago, bidearen zati bat (kasualitatea, bideari hasiera eman zion seigarren luzeko horma) Ihabarko herritarrek Arrataundi bezala ezagutzen duten lekuan kokatuta dagoelako.
“Arrataundiko ninia” zabaltzeko ordu asko pasa ditugu hormatik zintzilik eta ordu asko motxila astunekin mendian gora eta behera, noizik eta behin lana hauek guztiak hartzeak merezi ote duen galdezka, eguraldi txarreko egunetan batez ere. Baina maitasun osoarekin zabaldu dugun bidea da, kontu handiz eta ahalik eta zalaparta gutxien sortu nahian, opari berezi bat izatea nahi genuelako; eta honek zoriontasunez ase gaitu. Eskerrak eman nahi dizkiot Mikeli, bera gabe eta bere lanik gabe "Arrataundiko ninia" ez zitekeelako posible izango. Eta eskerrik beroenak eman nahi dizkiet Oihanari eta Ihabarko herritarrei; bihotz onez egiten dizuegun opari hau zuentzat arazo ez bihurtzea desio eta espero dut.
Hausnarketa batekin amaitu nahiko nuke. Ihabarko harkaiztiaren oihartzuna zabalduz doa pixkanaka eskalatzaileen artean eta honek, logikoa den moduan, eskalatzaile gehiago erakarriko ditu. Ihabarrekin eta bere herritarrekin dugun elkarbizitza ona bere horretan mantentzea nahi badugu eta bertako harkaiztian urte askoan eskalatzen jarraitu nahi badugu, gure ardura da herria, herritarrak eta beraien ohiturak errespetatzea; herriko kaleak, larretara doazen pasabideak eta bideak kotxekin ez oztopatzea, abereak bakean uztea edo herria kotxez ziztu bizian edo zarata eginez ez zeharkatzea, besteak beste. Kanadako parke nazional bateko kartel batean behin irakurri nuen moduan: “Etxetik irteten zarenean, beste norbaiten etxean zaude”. Hau ezin dugu ahaztu eta gure ardura ere bada ahazten dutenei gogoraztea.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 205 metro.
- Luze kopurua: 7.
- Nork irekia: Asier Izagirrek eta Xabi "Smithy" Mujikak 2024ko azaroak 17 eta 2025eko martxoak 9 artean.
- Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: IV (35 m), 2ºL: 6a (20 m), 3ºL: V (20 m), 4ºL: IV+ (35 m), 5ºL: V+ (20 m), 6ºL: V+ (35 m) eta 7ºL: V (40 m). Euria egin badu kontuz ibili bigarren eta zazpigarren luzeetako lehen metrotan, horma bustita egoten delako.
- Orientazioa: Hegoaldea eta hego-mendebaldea.
- Ura: Ihabar herriko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Ihabartik Madalen Haitzara igotzeko jarraitzen den ohiko bidetik. Ehiza-postu txiki batera iritsi aurretik bidea utziko dugu hormara hurbiltzeko. Bere oinean mantenduz mendebaldera joko dugu lehenik eta II+ zailtasuneko plaka etzan bat igo ondoren hormaren azpian dagoen zulo erraldoi eta nabarmen batera iritsiko gara. Bidea zulo honen eskuin horman hasten da.
- Jaitsiera: Ihabartik Madalen Haitzara igotzeko jarraitzen den bide beretik.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdineko 10-12 express zinta, friend eta arteka-trabagailu sorta eta luzera ezberdinetako zinta-uztai batzuk harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: hiru ordu eta berrogeita bost minutu, lasai ibilita.
BIDEAREN KROKISA
"Arrataundiko ninia" bidearen krokis orokorra.
"Arrataundiko ninia *" tartearen krokis zehatza.
"Arrataundiko ninia **" tartearen krokis zehatza.
"Arrataundiko ninia ***" tartearen krokis zehatza.
DESKRIBAPENA
“Arrataundiko ninia” hiru zatitan banatzen den bide bat da eta zati horien artean oinez ibili beharko dugu; honegatik, hiru zati hauek modu independiente batean eskalatu daitezke. Zati bakoitzaren hasieran plakatxo bat utzi dugu, eta plakatxo bakoitzean, bidearen izenarekin batera izar bat, bi edo hiru marraztuta; hau da, “Arrataundiko ninia *” (lehen, bigarren eta hirugarren luzeak), “Arrataundiko ninia **” (laugarren, bosgarren eta seigarren luzeak) eta “Arrataundiko ninia ***” (zazpigarren luzea). Bilgune guztiek gutxienez uztaidun parabolt bat dute. 10-12 express-zinta eramateko gomendioak gehiegizkoa dirudien arren, ez zaitezte engainatu, “Arrataundiko ninia” ez da kirol-eskaladako estiloan ekipatu dugun bidea, ainguratze finko gutxi utzi ditugu eta, oro har, horien arteko tartea ez da motza; honegatik, auto-babeserako materiala erabili beharko da, lehenengo luzean izan ezik. Horretaz gain, estilo honetako eskalada-bide ireki berrietan gertatzen den moduan, garbiketa sakona egin dugun arren, oraindik ere harri askeak eta helduleku hauskorrak aurkituko ditugu, baina horrek hobera egingo du bidea errepikatu ahala. Zailtasun maila luze bakoitza hainbat aldiz eskalatu ondoren proposatu dugu, mugimendu bakoitza nola egin eta heldulekuen kokapena gutxi gorabehera ezagutu ondoren. Bidearen errepikapen bakoitzarekin ikusiko da proposatzen dugun zailtasun maila berresten den.
Lau hilabetetan egindako eskalada guztietan bizitako bizipenak kronika batean islatzeko gaitasunik ez dudanez, luze bakoitzaren deskribapen hotz eta zehatza baino ez dut egingo; hori bai, luzeak irekitzeko garaian izan genituen bitxikieriekin nahastuta. Argazki guztiak apirilaren 6an egin genuen lehen eskaladakoak dira.
“Arrataundiko ninia” “Litos” bidearen ezkerrean hasten da, 20-25 metrora, hormaren azpialdean dagoen zulo erraldoi eta nabarmen baten eskuin hormaren oinean. Bertan, “Arrataundiko ninia *” idatzita duen plakatxoa aurkituko dugu. Zuloaren oinera iristeko, II+ zailtasuneko plakatxo etzan bat igo beharko dugu.
Urdebezera doan bidea uzten den lekuan eta bidearen oinera iristeko jarraitu behar den bidea eta igo beharreko plakatxoa.
- Lehenengo luzea, 35 metro, IV. Gure asmoa zen luze hau zuloaren erditik zabaltzea, baina pare bat saialdiren ondoren ideia hori baztertu genuen. Orduan, zuloaren ezkerreko hormara joan eta beste pare bat aldiz eskalatu genuen. Bigarren eskaladan, zuloaren eskuin hormara begiratu eta erdi-ezkutua dagoen diedro bat deskubritu genuen ezpelen adarren artean. Ez genuen bi aldiz pentsatu behar izan diedro hau eskalatzeko eta bidearen lehen luzea handik bideratuko genuela erabakitzeko.
"Arrataundiko ninia *" plakatxoaren gainetik dagoen plaka inklinatua eskalatzen hasiko gara (III+). Plaka eskalatu ondoren diedroa eskalatuko dugu, auto-babeserako aukera handiak dituena (IV).
Diedroaren amaierara iristen.
Diedroaren gainetik helduleku onak dituen plaka tente bat eskalatzen jarraituko dugu, heldulekurik gabe geratu arte (IV). Orduan, ezkerrean dagoen erlaitz txiki eta lurkarara pasako gara, zulo erraldoiaren gainean dagoena, non ezpel txiki bat jaiotzen den (III), eta arrail tente batetik eskalatzen jarraituko dugu, sabai batera zuzenduz (IV).
Gure asmoa luzea sabai honen erditik jarraitzea zen, baina modu askean eskalatu ahal izateko ez genuen helduleku argirik aurkitu eta ez genuen pasagune hau ainguratze finkoetatik tiraka eskalatzea eskatuko zuen pasagune “artifizial” batean bihurtzerik nahi; honegatik, luzea sabaia eskuinetik saihestuz bideratu genuen (IV-), hasieran tentea den diedro itxurako batetik (IV) eta gero pixkanaka etzaten den plaka batetik (III), erlaitz batean dagoen bilgunera iritsi arte.
Sabaia saihestu ondoren, diedroa eskalatzen hasi aurretik dagoen ezpelaren ondoan.
Lehenengo bilgunean. Argazkian lehenengo luzea bere osotasunean ikusi daiteke, baita bidearen hasierako plakatxoa ere.
Lehenengo bilgunera iristen.
Lehenengo bilgunea; puntu zuriz, bigarren luzearen oinera iristeko jarraitu behar den bidea.
Bigarren luzea hasten den lekura iristeko, bilgunearen gainean dagoen erlaitz zabalera igoko gara eta, bertan mantenduz, horma ezkerrerantz inguratuko dugu. 20-25 metroko zeharkaldiaren ondoren, bigarren luzeak zeharkatzen duen horma ikusgarriaren oinera iritsiko gara.
Bigarren luzearen oinean. Argazkian luzean jarritako lehen hiru paraboltak ikusi daitezke.
- Bigarren luzea, 20 metro, 6a. Horma hau ikusi genuen lehen aldian argi geratu zitzaigun handik estutu beharreko luze bat irtengo zela, zer esanik ez lehen metroak hezeak badaude. Horregatik, luze bat izango zela aurreikusi genuena bi luze motzetan banatzea erabaki genuen, zatirik gogorrenak segurtasunez aseguratu ahal izateko.
Soka bat duen enbor bat ezkerretara utzita, sabela duen horma txiki batera igoko gara (IV). Ondoren, parabolt batez babestuta dagoen sabai bat eskalatuko dugu, elkarrengandik urrun geratzen diren bi helduleku handiri tiraka, oinetarako helduleku oso txikiak baitaude (V+). Sabaiaren gainetik horma zertxobait etzaten da eta atseden motz bat hartu ahal izango dugu.
V+ pasagunea eskalatu ondoren.
Luzearen zailtasunik handiena goiko sabai nabarmenean aurkituko dugu. Oinetan konfiantza osoa jarriz, sabaiaren azpitik ezkerrerantz mugituko gara, horman altuera pixkanaka irabaziz (parabolt bat). Orain arte eskalatutako metroetan garbiketa handia egin behar izan genuen, hezetasunaren eraginez horma “ustelduta” aurkitu genuelako eta, eguzkiak erretako azalaren moduan, puskaka apurtzen zelako.
Sabaiaren ezkerrean jartzen garenean, besoa luzatu beharko dugu, goian dagoen helduleku handi batera iristeko eta, bertatik tiraka, pasagunea babesten duen paraboltera iristeko (6a). Sabaia eskalatuta, eskuin aldera zeharkaldi motz bat egin (IV+) eta diedro bertikal eta nabarmen bat eskalatzen hasiko gara, ainguratze finkorik gabe utzi duguna (V). Diedro honen istorioa kuriosoa da, garbitu genuen heinean bere zailtasuna handituz joan zelako. Baina bere eskalada orain zailagoa den arren, seguruagoa eta auto-babesteko aukera handiagoak dituela uste dugu.
6a pasagunea eskalatu ondoren, diedroan sartzeko egin behar den zeharkaldian.
Diedroaren gainetik zertxobait ezkerrera joko dugu eta, muntatuta utzi dugun harkaitz-zubi batek babesten duen plaka tente bat eskalatu ondoren, erlaitz txiki batean dagoen arte txiki batera iritsiko gara (V-). Bilgunea arte txiki honen atzeko horman dago.
Bigarren bilgunean.
Diedroaren amaierara iristen.
- Hirugarren luzea, 20 metro, V. Hasieratik begiz jota genuen bilgunearen ezkerreko plaka trinkoa, plakaren eskuinetik eskalatzen jarraitzea “errazegia zela” iruditzen zitzaigulako; izan ere, bilgunearen paraboltak modu honetan eskalatzeko orientatuta daude. Baina plaka hau birritan eskalatu ondoren, ideia hau bertan behera utzi genuen, bilgunearen ezkerraldean dagoen zulo nabarmenera igotzeko egin behar den pasagunea, ezerosoa, zaila eta arriskutsua zela iruditu zitzaigulako. Hori dela eta, metro pare bat eskuinera mugitu genuen pasagune hori babestuko zuen parabolta jartzea pentsatu genuen lekua eta luzea orain dagoen moduan bideratzea erabaki genuen.
Bilgunearen gainetik zuzenean eskalatzen hasiko gara eta plakaren eskuineko ertzaren ezkerraldean mantenduko gara (V-), erlaitz batera igo arte. Pasagune hau plakaren ertzaren eskuinaldetik errazagoa da (IV).
Erlaitzean.
Erlaitzaren beste aldean dagoen plaka tentearen eskuinaldetik eskalatzen jarraituko dugu, eta goiko sabaiaren eskuinaldera zuzenduko gara (V-). Plaka tente hau harkaitz-zubi handi bat eta parabolt batekin babestuta utzi dugu. Plaka hau eskalatu genuen lehen aldietan ahalik eta zuzenen eskalatzen saiatu ginen, baina hemen ere, pasagunearen zailtasunak eta hartu beharreko arriskuek erabakia aldatzera behartu gintuzten.
Oinetan konfiantza osoa jarrita, metro pasatxoko zeharkaldia egingo dugu, sabaiaren azpitik, parabolt batera iritsi arte (V-). Orduan, sabaia eskalatuko dugu, eta muntatuta utzi dugun harkaitz-zubi nabarmen batera iritsiko gara (V). Sabai hori eskuinetik saihestea erabakitzen baduzue, kontu handiz ibili, alde hau garbitu gabe dagoenez harkaitz soltez beteta baitago.
Sabaia eskalatu ondoren.
Harkaitz-zubitik bilguneraino zailtasunak amaitzen dira, baina tarte honetan zuhurtziaz ibili beharko dugu, hemen ere harkaitz solteak baitaude.
Zailtasunak amaitzen diren lekuan. Asier dagoen lekutik aurrera kontu handiz ibili behar da harri askeekin.
Hirugarren bilgunean. Argazki honetan ere harri askeak ikusi daitezke.
Laugarren luzearen hasiera “Itxoin pittin bat Lur” bidearen ezkerrean dago, 30 metrora gutxi gorabehera; baina bertara iristeko ez dugu “Itxoin pittin bat Lur” bidearen oinera daraman sasi-bidexka jarraitu behar. Ihabarrera daraman bidean metro batzuk beherago jarraituz, aldapak nabarmen behera egiten hasten denean 6-8 metro gehiago jaitsiko ditugu eta, behin bihurgune itxi batera iritsita (bertan, esprai laranjaz margotutako zuhaitz bat dago), eskuinera joko dugu, ezpel batzuen artean pasatuz (bertan dagoen harkaitz handi baten gainean mugarri bat utzi dugu), harriz betetako kanal estu batera iristeko.
Ezpel artean dagoen harkaitz handian muntatuta utzi dugun mugarria. Puntu zuriak jarraituz harrizko kanalean sartuko gara.
Kanala amaierara arte igo ondoren hormaren oinari itsatsia dagoen sasi-bidexka batetik jarraituko dugu eskuin aldera horizontalean luzearen hasiera arte. Bertan, “Arrataundiko ninia **” idatzita duen plakatxoa topatuko dugu.
"Arrataundiko ninia **" plakatxoa.
- Laugarren luzea, 35 metro, IV+. Plakatxoaren eskuinetik hasita, helduleku onak eta sabel txiki bat dituen hormatxo batera igo ondoren (III), horma pixka bat etzaten da harmaila batzuk osatuz, bi arrail nabarmen dituen plaka handi batera arte, friend txikiekin ongi babes daitezkeenak (III-).
Plaka handira iritsi aurretik dauden harmailetan.
Plaka honek osatzen duen sabaiaren ezkerrean jarriko gara, plakara igoko gara eta eskuinean dagoen arrailatik jarraituko dugu erlaitz batera igo arte (IV+).
Plakaren eskuineko arrailan aseguratzeko friend baten bila.
Erlaitzaren gainetik, horma inklinatu bat eskalatu (III), ezproi batera igoko gara eta bere ertzetik edo ertzetik gertu jarraituko dugu (III-). Ezproi horretan garbiketa handia egin dugu, bertikala ez denez harkaitz solte asko pilatuta zeudelako; baina kontuz ibili haren eskuinetara pasatzen bazarete, alde hori ia ez dugulako garbitu.
Ezproiaren amaieratik eta 8-10 metro oinez ibili ondoren, laugarren bilgunera iritsiko gara, uztaidun parabolt bakar bat duena. Bilgune hau nahita utzi dugu horrela, bere eskuinean dagoen arrailan arteka-trabagailu handi bat ongi trabatu daitekeelako, bilgunea sendotuz.
Laugarren bilgunea.
- Bosgarren luzea, 20 metro, V+. Luze hau lehen aldiz eskalatu genuenean, bilgunearen gainetik dagoen horma bertikalaren eskuinaldetik eskalatu genuen, eta, eskalada polita bada ere, aukera hori baztertu egin genuen; alde batetik, ez dagoelako bilgune seguru bat muntatzeko lekurik (hormaren gaineko ezproian harri gehienak ezegonkorrak dira eta bertan dagoen arte txiki bat ere ez da oso fidagarria), eta, bestetik, seigarren luzearen oinera iristeko jaitsi behar den horma arriskutsua delako, harri askez tapizatuta dagoelako.
Bilgunearen gainetik dagoen plaka etzanera igoko gara, eta aurrez aurre dugun diedro nabarmenera zuzenduko gara (II+).
Diedroaren oinean.
Diedroa eskalatu ondoren (V, parabolt bat, bertan itsasgarritasunezko pasagune bat topatuko dugu), zeharkaldi bat egingo dugu eskuinerantz, plataforma moduko batera igotzeko (V-, parabolt bat). Plataforma horren gainetik, sabai nabarmen baten azpira iritsiko gara, parabolt batekin babestuta dagoena (V-).
Diedroaren amaierara iristen.
Sabaiak, goiko aldean, arraila bat duen diedro bat osatzen du, eta bertara igotzean dago luzearen pasagunerik gogorrena (V+). Gainera, pasagune hau pikanteagoa izan dadin, ez dugu ainguratze finko gehiagorik utzi; beraz, pasagune hori segurtasunez eskalatu nahi badugu, friend edo arteka-trabagailu bat trabatu beharko dugu diedroaren arrailan. Behin diedroa eskalatuta, ezkerrerantz mugitu beharko dugu bilgunera iristeko (III-). Bilgune honetan ere uztaidun parabolt bakar bat utzi dugu, ondoan duen arrailan arteka-trabagailu bat trabatuz bilgunea sendotu daitekeelako.
Sabaia eskalatu ondoren, honen gainaldeko diedroaren amaieran.
Bosgarren bilgunean.
Diedroa eskalatu ondoren, bilgunera iristeko dagoen tartearen hasieran. Asierren atzean hirugarren luzearen bilgunea muntatuta dagoen punta ikusi daiteke.
Bosgarren bilgunea. Nire atzean seigarren luzearen horma eta bertan eskalatzen den arrail ikusgarria ikusi daitezke.
Seigarren luzearen oinera iristeko, ezkerrera jaitsiko gara kontu handiz (III-), bilgunea dagoen erlaitza inklinatutik, eta ezpelen artean galtzen den sasi-bidexka batetik jarraituko dugu, aurrez aurre dugun hormara iritsi arte. Guztira, bilgunetik oinez 15-20 metro inguru ibili beharko dugu.
Bilgunetik jaitsi ondoren.
- Seigarren luzea, 35 metro, V+. Hau izan zen, sarreran idatzi dudan moduan, bidearen sorrera; eta gure uste apalean hauxe da bide osoko luzerik ederrena; bost izarreko luzea. Luze honetan ainguratze finkoren bat uztea baloratzen aritu ginen, baina friend eta arteka-trabagailuekin oso ongi babes zitekeela ikusita, azkenean luzea garbi uztea erabaki genuen.
Lehenengo metroetan, diedro bat eskalatuko dugu (IV+), eta, ondoren, arrail estu bat duen plaka inklinatu bat (IV), helduleku alderantzikatuak dituen sabai txiki baten azpira iristeko. Sabaia eskalatu ondoren (V-), arrail bat eskalatzen jarraituko dugu (V).
Diedroaren gainaldean dagoen erlaitz txikira igota.
Sabai txikia eskalatu ondoren, arrailaren lehen metrotan.
Arrail hau friend edo arteka-trabagailuekin nahi adina babestu daiteke, eta, noizean behin, arrailetan eskalatzeko teknika erabiltzea eskatuko digu.
Arraila eskalatzen.
Arrail honen azken metrotan dago zailtasunik handiena (V+). Bere amaierara iristear gaudenean, zeharkaldi horizontal bat egingo dugu ezkererantz, ezkerretara dugun sabaiaren ezkerretara jarri arte, bigarren arrail batera iristeko (IV+).
Arrailaren tarterik zailenean, friend egoki baten bila.
Arraila eskalatuta, zeharkaldi horizontala hasi aurretik.
Zeharkaldiaren amaieran.
Bigarren arrail hau ez da aurrekoa bezain tentea eta hormaren amaieraino eramango gaitu (IV+). Arraila eskalatu ondoren, ezproi moduko batetik jarraituko dugu amaitu arte (III). Bilgunea ezkerrean aurkituko dugu.
Bigarren arrailaren amaieran.
Seigarren bilgunea. Atzean, bertara iristeko jarraitutako ezproia.
Zazpigarren luzearen oinera iristeko, bilgunearen beste aldera igaroko gara, eta 40-45 metroko zeharkaldi bat egingo dugu eskuinerantz, hormatik bereizten den orratz baten “itzalpean” jarri arte. Han, harkaitzekin egindako plataforma txiki bat eta “Arrataundiko ninia ***” idatzita duen plakatxoa aurkituko ditugu.
Zazpigarren luzea hasten den lekuan, azken plakatxoaren kokalekua seinalatzen.
- Zazpigarren luzea, 40 metro, V. Luze hau lehenengo aldiz eskalatu genuenean, lehenengo metroak plakatxoaren eskuinaldean dagoen arrail nabarmenetik igo genituen, eta metro hauek ederrak iruditu zitzaizkigun. Baina lehen metro hauek garbitzen ari ginela, hormaren erdian zegoen harkaitz-bloke handi bat askatu zen, diedro txiki bat agerian utziz, eta hori gutxi izango ez balitz, diedro txiki honen gainetik ongi babes zitekeen arrail bertikal bat zegoela ikusi genuen. Baina diedroa eskalatu genuenean berehala baztertu genuen aukera hori, luzeak irabazten duen zailtasunak ez baitzuen islarik eskaladaren estetikan. Eta hau guretzat oso garrantzitsua da, bide bat zabaldu dugunean zailtasuna eta estetikaren arteko oreka bat mantentzen saiatu garelako, bien arteko zalantza izan dugunean estetikari lehentasuna emanez. Honegatik, azkenean, luzearen lehen metroak hormaren ezkerraldean dagoen arrail nabarmenetik bideratzea erabaki genuen eta hormatik askatu zen harkaitz-bloke handiaren puskekin luzearen oinean dagoen plataforma txikia eraiki genuen, katu-oinak eroso eta lurrez zikindu gabe jantzi ahal izateko.
Esan bezala, luzea arrail nabarmen hau eskalatuz hasiko dugu, friend edo arteka-trabagailu txikiekin babes daitekeena (IV+). Arrailaren amaierara iritsi baino lehen, eskuinetara dagoen plakara igoko gara, eta, 2-3 metroko zeharkaldiaren ondoren, kanaltxo batera iritsiko gara, arrail nabarmen bat duena goiko aldean (V-). Zeharkaldi honetan topatuko dugu luzearen lehen parabolta.
Kanaltxo honen amaieran pasagune bertikal bat aurkituko dugu (IV+), harkaitz-zubi txiki bat duena, eroriko bat babesteko baino bidea nondik doan adierazteko muntatuta utzi duguna.
Pasagune bertikala eskalatzeko prest. Arteka-trabagailu bat trabatu nuen hasierako arrailan baina paraboltera iritsi aurretik oin batekin nahigabe atera egin nuen.
Pasagune bertikal hau eskalatu ondoren (V-), parabolt batez babestuta dagoen plaka inklinatu bat eskalatzen jarraituko dugu, eta parabolt batez babestutako sabai txiki baterantz zuzenduko gara (IV). Sabai txiki hori eskalatu ondoren (IV+), muntatuta utzi dugun harkaitz-zubi baterantz zuzenduko gara (IV), beheko aldean seguruak ez diruditen harkaitzak dituen hormatxo bat babesten duena. Hormatxoa eskalatu ondoren (IV+), harkaitzik sendoena bilatuz, luzeari zailtasuna ematen dion sabai nabarmenaren azpiraino iritsiko gara (III+).
Parabolt batez babestutako sabai txikiaren gainaldean.
Ezkerrera zeharkaldi bat egingo dugu sabaiaren eskuinaldean muntatuta utzi dugun harkaitz-zubi handitik, eta, bidea nondik doan adierazteko muntatuta utzi dugun harkaitz-zubi txiki baten azpira iristen garenean (IV), zuzenean eskalatuko dugu sabaia.
Sabaia eskalatu ondoren.
Sabaiaren gainaldetik egindako argazki honetan bertan dagoen harkaitz-zubi txikia ikusi daiteke.
Sabaia eskalatu ondoren (V), horma inklinatu egiten da. Muntatuta utzi dugun harkaitz-zubi handi baten ondotik igaro ondoren (III+), sabai bat utziko dugu ezkerretara, eta gero arte nabarmen bat eskuinetara, haren atzean dagoen bilgunera iristeko (III-). Kontuz ibili azken metro hauetan harri solte asko daudelako, artearen sustraiak apurtzen joan direnak eta apurtzen jarraitzen dutenak.
Zazpigarren, eta azken, bilgunea.
Asier azken harkaitz-zubiaren parean. Hemendik gora kontu handiz ibili behar da harkaitz askeekin.
Zazpigarren bilgunea bidean muntatuta utzi dugun azken harkaitz-zubitik ikusita.
Hormatik irteteko, bilgunearen gainetik dagoen erlaitz zabalera igoko gara, osorik eskuinerantz zeharkatuko dugu eta harkaitz fidagarriak ez dituen koska bat igoko dugu (III-). Azkeneko metroak hormaren goiko ertzetik edo ezkerretik egingo ditugu. Bigarren aukera hartzea erabakitzen badugu, zuhurtasun handiz ibili beharko dugu metro hauetan, askotan belarra hezea eta irristakorra egoten delako.
Azken bilgunetik hormatik irteteko jarraitu behar den bidea. Ez jarraitu soka dagoen lekutik, harri askeak daudelako.
AMAIERA
Arratsaldeko zazpiak eta hogei dira Urdebezeko punturik altuenera iritsi garenean. Ez dago haitz gehiago eskalatzeko, eta gure gainetik ezpela eta pagoak besterik ez ditugu, ilunabarraren aurreko haize freskoak kulunkatuak. Eskalada ederra izan da, borrokatua; horren testigu, harkaitz latzak urratu dizkigun esku eta behatzak. Baina nekearen gainetik bion irribarreak eguzkiaren azken izpiek infinitura arte luzatzen dituzten bailarako makalen itzaletaraino zabaltzen dira. Elkarri bostekoa eman diogunean lau hilabeteko lan eskergari amaiera eman diogula dakigu. Begiak distiratsu ditugu, ez dakit hunkituta gaudelako edo eguzkitako krema begietan sartu zaigulako. Horrelako une eta keinuak izaten dira zorioneko eta eskertua sentiarazten nautenak, une eta keinu txikienetan aurki daitezkeelako bizitzaren galdera konplexuenen erantzunik sinpleenak.
Gure azpian, Ihabarreko etxe zuriek artalde bat dirudite, urre kolorez zipriztindutko zelai berde baten erdian sakabanatuta. Orduan Asierri bere katu-oinak eta kaskoa eskatu dizkiot eta nire katu-oinen eta kaskoaren ondoan jarri ditut argazki bat egiteko. Errazena gu bion argazki bat egitea izango litzateke, baina gaurko azken argazkiko protagonista Ihabar izatea nahi dut, eskertza moduan. Zenbat bizipen eta zenbat sentimendu bildu daitezkeen irudi bakarrean.
“Arrataundiko ninia”-ren lehen eskalada burututa dago eta eguzkia lotara joateko prestatzen ari den honetan bailarara itzultzeko ordua da.
Eskerrik asko bihotz-bihotzez.
Eskerrik asko bihotz-bihotzez.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina