AZKEN 10 SARRERAK

2022/02/15

IHABAR, URDEBEZ HEGOALDEA: "LITOS" BIDEA, IRTEERA ZUZENETIK, 245 m, V. 2022/01/16


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

- Hemen hasteaaaaa!!! – Oihukatu nion Asierri telefonoaren pantailari begira.
- Argazkin azaltzean zuhaitz hau fijo horko hoi dela – esan nion ikusten ari nintzen argazkian agertzen zena parean genuen hormarekin konparatuz.
- Bai, hala emateo – erantzun zidan -, oain gutxiñez bakigu bidea nun hastean, jejeje…

Arratsaldeko sei eta erdiak ziren “Litos” bidearen hasiera topatu genuenean. Atzean “Sagarra” bidean eskalatutako 105 metroak geratzen ziren, baita eskalada-bide hori non hasten den topatzeko ezpel artean gora eta behera ibili gineneko momentua ere. Momentu hura berriro ere ez errepikatzeko eta biharamunari begira arazo bat gutxiago izateko “Litos” bidea non hasten den begiratzera joan ginen.

Ihabar herriaren iparraldean dagoen Urdebez mendiaren hegoaldea horma honetan eskalada-bide berriak irudikatu eta irekitzen ari diren Mikel Txintxa, Asier Txibi eta Christian Pauri esker ezagutu genituenean, horma hori ezagutzeko gogoa piztu zitzaigun. Aseguru finko gutxiko bideak, zailtasun “atsegina” (hau subjektiboa da) eta auto-babeserako aukera handiak izateak osagarri nahikoak izan ziren gure interesa pizteko. Kronika hau idazten ari naizen unean hiru bide ireki dituzte; “Sagarra”(105 m, IV), “Litos” (255 m, V) eta “Elektrolitos” (80 m, V), baina bide gehiago irekitzear dituztela “mehatxatu” egin gaituzte, jejeje.

Bitxia bada ere, “Litos” izan zen Urdebez hegoaldean ireki zen lehen eskalada bidea. Sakanan ez da erraza 120 metro baina luzeagoa den bide bat topatzea, zer esanik ez 250 metro inguru duen bide bat!!! Eta hauxe izan zen erakarri gintuena, duen luzera alegia.

“Litos” bi zatitan banatzen da, bi zatiak Urdebezera doan ohiko bideak banatzen dituela. Lehenengo zatia, 105 metro dituena, dorre itxurako punta batean amaitzen da, eta bertan harlauzak, harkaitz-plaka tenteak eta zuhurtziaz ibili beharreko harkaitzen bat topatuko ditugu. Bigarren zatian aldiz harkaitz-plaka trinkoak dira nagusi, itsasgarritasunezko pasaguneren bat eskatuko diguna. Kronikarekin jarraitu aurretik esan beharra daukat bideari aldaera txiki bat egin geniola. Bide originalak azkeneko bi luzeetan saihesten duen horma zuzen eskalatu genuen, bidearen amaierari puntu pikante bat gehituz. Aldaera hau egin dugun arren, ez dut uste bideari nortasuna kenduko dionik.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: Bide originalak 255 metro dituen bitartean, aldaera zuzenak 245 metro ditu.
- Luze kopurua: 7.
- Nork irekia: Bide originala Mikel Txintxa eta Christian Pauk 2020ko azaroaren 22an.
- Zailtasuna: V. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (40 m), 2ºL: V- (25 m), 3ºL: III+/IV (40 m), 4ºL: IV- (30 m), 5ºL: V- (30 m), 6ºL: V (40 m) eta 7ºL: III+ (40 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ihabar herriko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Ihabartik Madalen Haitzara igotzeko jarraitzen den ohiko bidetik.
- Jaitsiera: Igoerako bide beretik.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Totem eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Hiru ordu eta laurden.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Puntu zuriz, "Litos" bidearen ibilbide originala eta puntu urdinez luze ezberdinei egindako aldaera txikiak.

Krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

Hamaiketako-bazkari baten ondoren, ordu bietarako bezperan kotxea aparkatuta utzitako leku berean geunden, horma berari begira eta bezperatik urtu gabeko putzuen gainetik ibiltzen: “krak,krak,krak”.

“Groundhog day” pelikulan behin eta berriz errepikatzen den marmotaren egunean gertatzen den moduan, berriro ere bezperako pista bera jarraitu genuen, zaldi berak ikusi genituen, egurrezko pasabide bera zeharkatu genuen eta basoan dagoen ehiztarien txabola berara iritsi ginen, honen iparrean dagoen bidexka beratik berriro ere igotzen hasteko. Baina oraingoan ez ginen ehiztarien bigarren txabola dagoen hartxingadiraino iritsi.

Artalde bat Oilaxka orratzen begiradapean.

Oraingoan bidexka hau 20-25 metroetan jarraitu genuen, marra bat margotuta eta metalezko plakatxo bat enborrean iltzatua duen haritz baten parera iritsi ginen arte.

Argazki honetan plakatxoa iltzatua duen haritzaren kokalekua ikusi daiteke.

Haritz honen ondoan bidexka utzi eta ipar noranzkoan zuzen igotzen hasi ginen, mugarri batekin topo egin genuen arte.

Plakatxoa iltzatuta duen haritzatik gora...

Mugarria atzean utzi eta berehala ezpel artean 10-15 metro inguruko zeharkaldi horizontal bat eskuinera (ekialdera) egin genuen argiune txiki batera iritsiz.

Mugarria atzean utzi ondoren.

Bertan, gure ezkerrean (iparrean) harkaitzezko hormatxo baten gainean bigarren mugarri bat dago.

Hormatxoaren gainean dagoen mugarria.

Hormatxoa igo ondoren “Litos” bidea hasten den lekura iritsi ginen. Bertan azken mugarri bat topatu daiteke.

Bidea hasten den lekuan eraiki genuen azken mugarria.

- Hara, harkaitzean gezi bat markatuta dago – esan nion Asierri motxila lurrean utzi nuenean -, atzo ez nintzen fijau...

Bidearen hasierako harkaitz-plakan harri batekin "marraztutako" gezia.

Bidearen hasiera adierazteko, hurbilketan eraiki genituen mugarriez gain, lehen metroetan dagoen zuhaitz txikiaren enborrean soka bat lotuta uztea pentsatu genuen. Asier eskalatzen hasteko prestatzen ari zen bitartean zuhaitzaren ondora igo nintzen, baina azkenean etxetik ekarritako soka pusketa hau bere eskuinean dagoen harkaitz-zubi batetik pasatuta utzi nuen: “hola ez diogu zuhaitzari molestatzen…”. Bidea hasten den lekura itzuli nintzenean Asier eskalatzen hasi zen.

- Lehenengo luzea, 40 m, IV+. Hormatxo txiki bat eskalatuz Asier zuzen eskalatzen hasi zen gainean dagoen zuhaitzera zuzenduz (III-). Hormatxo hau eskuinetik igotzen badugu askoz errazagoa da (II).

Asier harkaitz-zubi batean utzi genuen sokatik express-zinta pasa ondoren.

Harkaitz-zubian jarri genuen sokatik express-zinta pasatu zuenean, hemendik gora ezker noranzkoan diagonalean eskalatzen jarraitu zuen, hormak gorago osatzen duen ezproi itxurako baten gainera igoz (III-).

Ezproiaren ertzetik jarraituz, eskuin noranzkoan metro gutxi batzuetan eskalatu ondoren (III) parean dagoen horma bertikalera pasatu eta zuzen eskalatzen jarraitu zuen (III+).

Horma bertikala eskalatzen hasi aurretik.

Horma helduleku oneko harlauzak eta harri txikiz estalitako erlaitz txikiak tartekatzen ditu, eskalada gozagarri bat eskeiniz. Hormaren hasieran harkaitz-zubi batetik zinta bat pasatu ondoren, Asierrek metroak lasaitasun handiz eskalatzen hasi zen, bidea ezagutuko balu bezala. Horma amaieran gehiago tentetzen da, gainean dagoen eta hildako itxura duen arte batean amaituz, baina friend eta artaka-trabagailuak trabatzeko arrailez josita dago. Arrailetako batean Totem morea trabatu ondoren Asier artearen ondora iritsi zen.

Artearen ondoan...

Artearen eskuinean harkaitz-plaka nabarmen bat dago, eskalada-bidea ireki zutenean Christianek lehen bilgunea muntatu zuen arte nabarmenera zuzentzen dena. Arte honetara iristeko bi aukera daude: Harkaitz-plakaren gainetik eskuinera pasatu eta gero zuzen jarraitu (errazago, III+) edo harkaitz-plakaren ezker ertzak osatzen duen diedro etzana zuzen eskalatu (IV+) eta gero eskuinera pasatu. Asierrek lehen aukera hartu zuen, artearen ondora berehala iritsiz.

Artearen ondoan, bilgunea muntatu aurretik.

Hasiera batean bilgunea zuhaitzaren enborrean muntatzea pentsatu bazuen ere, soka jasotzeko eroso egongo zela ikusita zuhaitzaren ezkerretik metro pare bat zuzenean eskalatzen jarraitu (III-) eta harkaitz-zubi eta artaka-trabagailu batekin bilgunea muntatzera erabaki zuen.

- Reuniónnnn!!!!

Eskalada lasai hartzea erabaki nuen, metroak pixkanaka irabazten nituen heinean eta ahal izan nuen bakoitzean harkaitz ezegonkorrak hormatik kenduz. Hildako itxura duen artera iritsi aurretik dagoen horma bertikala itzela iruditu zitzaidan, Eginon topatzen diren estilokoa, pena luzeagoa ez izatea.

Artera iritsi aurretik, horma tentetzen den lekuan. Asierrek Totem morea trabatu zuen arraila ikusi daiteke.

- Igual diedrotik emangoiot - esan nion arte hilaren ondoren dagoen harkaitz-plakara iristear nengoela.
- Soka gañetio eukita lasai emaiozu.

Asierrek harkaitz-plakaren azpian jarri zuen asegurua kendu, atzera itzuli eta diedroa eskalatzen hasi nintzen. Diedroa azpitik dirudiena baino tentegoa eta harkaitz hobeagokoa iruditu zitzaidan. Helduleku onak ditu, baita aseguruak jartzeko leku apartak ere. Diedroa eskalatu eta harkaitz-plakara pasa nintzenean (IV+), diedroaren aukera plakarena baino hobea izan daitekeela iruditu zitzaidan.

Argazki honetan eskalatu nuen diedroa ikusi daiteke (IV+), Asierrek soka jarraitzen duen bidetik eskalatu zuen (III+).

- Bigarren luzea, 25 m, V-. Bilgunetik zuzen atera nintzen gainean dagoen irtengune bertikalera zuzenduz, parabolt bat duena. Bertatik aseguratu nintzenean irtengunea nondik eskalatu begiratzen hasi nintzen:

- Ezkerren daun pitzaduratio ez da errexago? - galdetu zidan Asierrek bilgunetik.
- Balitteke - erantzun nion arrailera hurbilduz -, baña ordun parabolta eztau behar den lekun jarrita.

Paraboltaren azpira itzuli eta honen eskuineko harkaitzak garbituta zeudela ikusi nuenean bertatik eskalatzen jarraitzea erabaki nuen.

Helduleku onak dituen arren, hasieran harkaitz garbitu honen sendotasunak ez ninduen batere konbentzitu, hainbat lekuetatik pitzatuta dagoelako, baina nire pisua ongi eusten zuela ikusi nuenean zalantza guztiak desagertu, eta oinak altxatuz, irtengunea zailtasun handirik gabe eskalatu nuen (V-). Lehenengo luzean nik diedroarekin egin nuen moduan, Asierrek irtengunea ezkerreko arrailetik eskalatuko zuen. Bilgunean esango zidan moduan zailtasunaren aldetik V- inguruan egongo da baita ere, baina arrailean friend-ak trabatzeko aukera dago, paraboltetik aseguratu gabe.

V- pasagunearen azpian. Ezkerrean arraila ikusi daiteke, gero Asierrek eskalatuko zuena. Zaitasun beretsua badu ere, eskalada garbiago bat egiteko aukera ematen du.

Irtengunea eskalatuta, zuzen eta zertxobait eskuin aldera eskalatzen jarraitu nuen landarediak hartu gabeko tarteak bilatuz (III), gainean dauden zuhaixken artetik hormaren punturik altuenera atera nintzen arte.

Aurrean eta ezkerrean ezproi nabarmen bat ikusi nuen eta hasiera batean bertara zuzenean joatea bururatu zitzaidan. Baina honen eskuinean (8-10 metrora gutxi gora behera) harkaitz-zubi batetik pasatako kordel bat ikusi nuenean erdi-oinez zuzen igotzen jarraitu nuen (II) kordela aprobetxatuz bilgunea muntatzeko.

Kontutan izanda hirugarren luzeak ezkerrean dagoen ezproi nabarmenaren gainetik jarraitzen duela, gure ustez erosoagoa izan daiteke bilgunea ezproiaren azpian muntatzea; izan ere Asier bilgunera iritsi zenean bilgunea desmuntatu eta bigarren "bis" bilgunea ezproiaren azpian muntatu genuen, bertan dagoen arrail batean Totem hori eta morea trabatuz.

Bigarren bilgunean. Argazkian bigarren "bis" bilgunea muntatu genuen arraila ikusi daiteke. Hirugarren luzeak nire ezkerrean dagoen ezproia eskalatuz jarraitzen du.

Asier bigarren bilgunera iristen.

- Hirugarren luzea, 40 metro, III+/IV. Bilgunearen gainetik pasatuz, Asier ezproia zuzen eskalatzen hasi zen (III+). Lehen metro hauek dira hirugarren luzeko tarterik zailena, ezproiaren ertzetik jarraitzen bada behintzat. Ezproia zuzen eskalatu beharrean eskuinetik eskalatzen badugu harkaitza trinkoagoa da eta beharbada honegatik zailtasuna zertxobait jaitsi daitekeela esango nuke (III).

Ezproira igotzeko pasagunerik zailena eskalatu ondoren.

Pasagune zaila amaitzen den lekutik behera egindako argazkia.

Behin ezproira igota, izan zuen lehen aukeran arrail batean Alien orlegia trabatu ondoren eskalatzen jarraitu zuen, ezproiak osatzen duen puntatxo batera iritsi zen arte.

Puntatxoan...

- Zemuz dijo? - Galdetu nion.
- Oiangoz ondo - erantzun zidan -, errexa.

Puntatxotik behera egindako argazki honetan ezproian topatu daiteken harkaitz mota ikusi daiteke.

Puntatxo honetatik aurrera ezproiak metro batzuetan bertikaltasuna galtdu eta ertz luze batean bihurtzen da. Harkaitzaren kalitatearen arabera, batzuetan ertzaren ahotik, besteetan ertzaren ezkerretik, Asierrek metroak arin irabazi zituen horma bertikal batekin topo egin zuen arte (III). Horma eskalatzeko asmotan bere oinera zuzendu eta bertan dauden harkaitzei kolpe batzuk eman ondoren ez zion itxura onik hartu.

Hormaren eskalada baztertuta, ertzaren ertzetik jarraitu zuen irtengune motz bat eskalatuz (III+). Irtengunea eskalatuta eta ertzaren zailtasun guztiak atzean utzita, ahotik jarraitu zuen ertza amaitzen den dorreko puntan zinta-uztai batekin bilgunea muntatuz (III).

Dorrearen puntan...

- Ez dezu pareta bertikal hoi eskalau? - Galdetu nion Asierri ezproiko punta atzean utzi nuenean.
- Harrie etzait oso ona iruittu baña probau nahibazu... - erantzun zidan.

Hasiera batean zalantzan izan nintzen arren, soka gainetik izanda arriskurik izango ez nuela pentsatu nuenean hormara zuzendu nintzen. Dena den aukera handirik ere ez nuen, Asierrek soka jasotzen zuen heinean soka berak hormara eramaten ninduelako.

Horman, harkaitz-bloke handi baten itxurako ezproiak diedro bat osatzen du. Baina bertatik eskalatzen hasi nintzenean berehala baztertu nuen, bertako harkaitzen sendotasuna ahula zelako. Diedroa baztertuta, zertxobait eskuinera bota eta horma zuzen eskalatzea lortu nuen (IV+). Heldulekuak ez dira txarrak baina eskerrak soka gainetik nuela, heldulekuetako harri gehieneak mugitzen direlako!!! Horma honek puntu pikante bat ematen dio ertzari baina harri aske hauek kentzen ez diren bitartean ez nuke bere eskalada gomendatuko.

Dorrearen puntara iritsi aurretik dagoen horma bertikala. Gorriz, Asierrek jarraitu zuen bidea (III+), zuriz aldiz, nik eskalatu nuen horma bertikala (IV+).

Horma atzean utzita, Asierren ondora berehala iritsi nintzen.

Hirugarren bilgunean...

- Oain bigarren punta horta igo behar da, ez?
- Bai - erantzun zidan Asierrek.

Asierrek aseguratzen ninduen bitartean dorretik jaitsi eta parean dagoen bigarren dorre batera igo nintzen. Igoera hau ez da zaila (II) baina harria oso txarra duela iruditu zitzaidan.

Bigarren dorrera igotzen...

Lehenengo dorrea bigarrenetik ikusita.

Asierrek bilgunea desmuntatzen zuen bitartean hurrengo luzeek jarraitzen duten ibilbidea zein izango ziren asmatu nahian aritu nintzen.

Bidea nondik jarraitzen duen asmatu nahian...

Christianek bere blogean duen krokisa kontsultatu ondoren, atentzioa deitu zigun eskalada-bidearen laugarren luzean eskalatzen den harkaitz-plaka nabarmenean dagoen zuhaitz hil baten ezkerreko arrail nabarmen batetik bideak ez jarraitzea.

- Hauntza iristen geanen ikusiko deu - esan zidan Asierrek soka bildu ondoren.

Bigarren dorre hau bezperatik ezagutzen genuen, bertatik “Sagarra” bideari argazkiak egiten aritu ginelako. Dorrearen bestaldean dagoen mendi-lepo batera oinez jaitsiz ezpel artean sartu ginen, Urbedezera doan ohiko bidearekin bat eginez. Bertatik 15-20 metro inguru jaitsi ondoren eskuinean zuhaitz artean irekitzen den zabalgune estu batera iritsi ginen, pasillo baten itxura duena.

Zabalgunearen hasieran. Argazkian laugarren luzea hasten den lekura arteko bidea marraztuta dago, baita bigarren dorretik jaisterakoan iristen den mendi-lepoa ere.

Zabalgunetik zuzen igotzen jarraitu genuen, hormatik gertuen dagoen zuhaitzera zuzenduz. Zuhaitz honen oinean eroritako enbor handi eta zahar baten gainean jarrita muntatuko genuen hirugarren "bis" bilgunea minutu batzuk beranduago.

Zabalgunetik hirugarren "bis" bilgunea muntatu genuen zuhaitzera iristeko bidea.

- Laugarren luzea, 30 metro, IV-. Eroritako enborraren gainean materiala ordenatzen nuen bitartean hormari begira aritu nintzen nondik jarraitu beharko nuen jakin nahian. Gainetik ezpelen artean pasillo antzeko bat zegoenez, lehen metroetan behintzat pasillo honetatik jarraituko zuela pentsatu nuen, 15 metro inguru gorago ikusten den triangelu itxurako sabai txiki batera zuzenduz. Honela ba, ezpel artean osatutako pasilloa zuzen eskalatzen hasi nintzen.

Ezpelen arteko pasilloan...

Lehen metro hauetan ezpelak alde batean zein bestean egon arren, eskalada azpitik dirudiena baino garbiagoa zela iruditu zitzaidan. III zailtasunaren baitan egongo diren bi koxka edo irtengune motz eskalatu ondoren, triangelu itxurako sabai txikiaren azpian kokatu nintzen.

Sabai txikira iritsi aurretik behera egindako argazkia.

- Hemen iltze bat dau!!! – Oihukatu nion Asierri.
- Nunbaitten irakurrita dauket bai iltzeren bat jarrita utzi zutela...

Eskalatzen nondik jarraitu begiratzen ari nintzela, sabai txiki honek ezkerrean osatzen duen diedro itxurakoaren pitzaduran iltze bat topatu nuen. Iltzearen kokalekuak hasiera batean harritu ninduen, iltzatuta dagoen arrail estuan friend txikiak edo artaka-trabagailuak trabatu daitezkeela iruditu zitzaidalako, baina berehala pentsatu nuen moduan “iltzea sartu badue zerbaitegatik izangoa”.

Pitzadura aprobetxatuz sabaia ezkerretik eskalatu (2-3 metro, IV-) ondoren, ezker noranzkoan 10 metro inguruko zeharkaldi horizontal bat egin (II) eta bertan dagoen harkaitz-plaka inklinatu baten oinean bilgunea muntatzeko tentaldia izan nuen, bosgarren luzea bertatik hasi eta harkaitz-plaka honen gainean dagoen bigarren plaka baten arrail nabarmenetik eskalatzen jarraitzeko. Baina susmoa nuen Mikel eta Christianek goian dagoen arrail nabarmen hau ez eskalatzea, honegatik bigarren plakaren oinera zuzen igotzea erabaki nuen azkenean.

Sabaia eskalatzen.

Bigarren plakaren oinera iristeko, sabaiaren gainetik metro gutxi batzuetan ezpel artean zuzen eskalatu ondoren (III), pixkanaka ezker aldera horma etzan batetik jarraitu nuen (III-), pareko zuhaitzen artean ikusten hasi nintzen plaka inklinatuaren oinera erdi-oinez iritsiz.

- Hemen paraboltak ikusteittut!!!! – esan nion Asierri plakaren oinetik.

Batera eta bestera begiratu ondoren, bilgunea harkaitz-plaka inklinatu honen oinean dagoen elorriaren enborrean muntatu nuen.

- Atzeko puntara igo behar naiz argazki batzuk ittea – proposatu zidan Asierrek -, hola geo krokisen bidea nundio dijon margotukozu, jejeje.

Asier bigarren dorrera igotzen zen bitartean parabolteei begira geratu nintzen: “zergatik ez dute ezkerreko pitzaduratik eskalatzen jarraitu?”, zen buruan nuen zalantza.

Ni laugaurren bilgunean bigarren dorretik ikusita. Non dago Wally?

Asier bigarren dorrera igota.

Asierrek argazkiak egin eta luzea eskalatu zuenean zalantza bera zuen: zergatik ez zuten arrail nabarmenetik eskalatzen jarraitu?.

Laugarren bilgunea.

Laugarren luzea amaitzen.

Misterioa argitu nahian harkaitz-plakaren oinetik ezker aldera zeharkaldi horizontal bat egin nuen arrailaren azpian kokatuz. Bigarren dorretik nahiko inklinatua zirudien arren, arraila arrail etzan bat “besterik” ez zitzaidan iruditu, “errazegia” beharbada, bosgarren luzeak V- zailtasuna zuela jakinda. Asierrengana itzuli eta ikusitakoa kontatu nion:

- Bueno, paraboltetatik igo ta segun nolakoa den luze hau beste baten pitzaduratik probau dezakeu … - proposatu zidan harkaitz-plakara igoz.

- Bosgarren luzea, 30 metro, V-. Asier harkaitz-plaka zuzen eskalatzen hasi zen hildako zuhaitz nabarmen batera zuzenduz. Zuhaitza ezkerrean utzi zuenean lehen paraboltera iritsi zen (III). Lehen metro hauetako heldulekuak leunak badira baina ere, kontuz eskalatuz zailtasun handirik gabe eskalatzen direla iruditu zitzaigun.

Hildako itxura duen zuhaitzera iristen.

Lehen eta bigarren paraboltaren artean horma tentetu egiten da, baina heldulekuak oso onak dituenez, Asierrek ez zuen zailtasun handirik izan bigarren paraboltera iristeko (IV).

- Zemuzkoa?
- Oaingoz errexa – erantzun zidan bigarren paraboltetik, luzearen hurrengo metroak nondik doazen begiratuz.

Horma tentea eskalatu ondoren, bigarren paraboltaren parean.

Bigarren paraboltetik aurrera harkaitz-plaka zertxobait etzaten da. Asier eskuin alderako zeharkaldi bat egiten hasi zen, bilgunearen bertikalean dagoen ezpel nabarmen batetik pasatuz, bere oinean harkaitz-bloke handi bat duena (III+).

Harkaitz-blokedun ezpela, azpian laugarren bilgunea ikusi daiteke.

Ezpeletik aurrerako zeharkaldia oso polita da, ederra, helduleku onekoa eta beste bi paraboltekin babestua. Plakaren helduleku ezberdinak konbinatuz Asierrek metroak poliki irabazten jarraitu zuen (IV), bilgunearen azpian dagoen harkaitz-plakatxoaren oineara iritsi zen arte, uraren higadurak sortutako kanaltxo leun batzuk dituena eta parabolt batez babestua dagoena.

Bilgunera iristen...

Kanaltxoak eta plakaren ezker ertza aprobetxatuz gorputza altxatu zuen, eta eskuin eskua plakaren gainera bota ondoren plakatxoa eskalatu zuen, bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiz (V-).

Bilgunera iritsi aurreko plakatxoa azpitik ikusita.

- Ostia ze luze ederra!!!
- Oso ona bai – erantzun zidan bilgunera iritsi nintzean -, igual zailena reuniora iristea.
- Bai, neire hala iruittu zait – erantzun nion -, orain ulertzeet zeatio etzien pitzaduratik sartu, jejeje.

- Seigarren luzea, 40 metro, V. Bilgunearen gaineko harkaitz-plaka ezkerretik eskuinera dozena erdi zuloz zeharkatua dago, batzuk handiak beste batzuk txikiagoak, eta kolore zurixka duen azken zuloaren gainean parabolt bat zegoela ikusi genuen:

- Hau da largo klabea, ez?
- Bai, blogen hala jarrita dute behintzat – erantzun zidan Asierrek.

Harkaitz-plaka zuzenean eskalatzen hasi nintzen, horman dagoen lehen zulora igoz. Bertatik, eta hormak dituen beste zuloak aprobetxatuz, eskuin joerarekin eskalatzen jarraitu nuen, paraboltaren azpian kokatu nintzen arte (IV). Bidearen pasagunerik zailena plakatik ateratzea da, inongo zalantzarik gabe.

Batera eta bestera eskuentzat helduleku on baten bila hasi nintzen, baina ez nuen ezer aurkitu.

- Oain arteko graduazio kontutan izanda nunbaitten heldulekun bat eon beharrauke – esan nion Asierri.

Halako batean begirada paraboltaren eskuinean dauden ezpel txikietara joan zitzaidan. Eskuin eskua luzatu eta ezpelek lurrez betetako zulo eder bat ezkutatzen zutela ikusi nuen. Eskuarekin lur pixka bat kendu, heldulekua nolabait “txukundu” eta oinen kokalekua aldatu ondoren, zulotik tira eginez oin batentzat dagoen helduleku txiki batean eskuin oina jarri eta plaka eskalatu nuen (V).

Plaka eskalatu ondoren. Bertan dauden zuloak ikusi daitezke, baita plakaren gakoa duen ezpel txikiko zuloa ere.

- Ona!! – esan zidan Asierrek.
- Trukoa belarrak daren zulo hortio tiratzea da...

Plakaren gainetik bosgarren bilgunera egindako argazkia.

Plaka eskalatuta, parean horma bertikal bat ikusi nuen. Asierrek baieztatu zidan moduan, “Litos” bide originala eskuin aldera doa, horma bertikal hau saihestuz.

- Ikustea nijo ea zemuzkoaen – esan nion aurrera jarraituz.

Ezpel artean oinez hasi nintzen, eskuinean hildako zuhaitz handi bat utzita. 15 metro inguru ibiliak nituenean hormaren azpian dagoen plaka inklinatu eta trinko batera iritsi nintzen. Bitan pentsatu gabe bertara igo (III), Totem orlegia arrail batean sendo trabatu eta erlaitz inklinatu bat eskuin aldera eskalatzen jarraitu nuen (III+), hormaren erdian dagoen arrail nabarmen batera iritsi nintzen arte.

Arraila nondik eskalatu begiratzen hasi nintzenean, honen eskuineko harkaitza oso fidagarria ez zela iruditu zitzaidan. Arrail nabarmenaren ezkerrean dagoen beste arrail txikiago batean Totem morea ongi trabatu, eta honek eman zidan segurtasunarekin arraila zuzen eskalatu nuen (IV), eskalatu eta berehala zertxobait ezkerrera botaz.

Arraila eskalatuta, harkaitz-plaka trinkoaren helduleku onak aprobetxatuz zuzen eskalatzen jarraitu nuen erlaitz zabal batera iritsiz (III+). Asierrek hamar metro soka eskas bakarrik nituela esan zidanean bilgunea muntatu nuen, erlaitz zabalean dagoen zuhaitzaren enborrean.

Seigarren bilgunean, argazkian zuzen eskalatu genuen horma ikusi daiteke.

Arraila eskalatu ondoren.

- Ze iruittu zaizu?
- Politte – erantzun zidan Asierrek bilgunera iritsi zenean – ez dakit zergatik etzuten hemendik jarraitu.
- Pentsatzet etzutela argi ikusiko, baña neire irteera logikona zuzen jarraitzea zela iruitzen zait...
- Ea oain guk goraño zuzen jarraitzen deun...

Seigarren bilgunera iristen.

Seigarren bilgunea.

- Zazpigarren luzea, 40 metro, III+. Parean genuen harkaitz-plaka inklinatu eta zabala eskalatzeko aukera ezberdinak balioztatu ondoren, Asier zuhaitzetik aurrera zuzen atera eta plakaren hasieran dagoen harlauza nabarmenean Totem morea trabatu ondoren bertara igo zen (III+).

Hemendik gora pixkanaka etzanez doan harkaitz-plaka inklinatua eskalatzen jarraitu zuen. Plaka honen eskalada zaila ez bada ere ez dauka aseguruak jartzeko aukerarik, honegatik “badaezpada” pixkanaka eskuinera desbideratuz joan zen, plakak kolore zurixka hartzen duen lekura zuzenduz, eskuinean arte nabarmen bat duena (III+). Plaka zurixkan dauden arrailetako batean bigarren friend bat trabatu ondoren, zuzen eskalatzen jarraitu zuen, arte nabarmena eskuinean utziz (III).

Luzeko bigarren friend-a trabatzen..

Tarte honetan, hasierako metroetan bezala, itsasgarritasunezko pasagune errazak eskalatuz joan zen, denak III zailtasunaren ingurukoak, baina kontuz ibili beharrekoak, aseguruak jartzeko aukera handirik ez dagoelako.

Plakaren amaieran hormatxo inklinatu bat dago.

Hormatxoaren oinean...

Bertara iritsi zenean azken asegurua jarri eta hormatxoa zuzenean eskalatu zuen (III+).

Hormatxoa eskalatu ondoren.

- Hemendio gora errexa da – esan zidan hormatxoaren gainetik -, ea reunioa puntatik gertu montatzeeten.

Asier begi bistatik galdu nuen. Berak esan bezala, zailtasun guztiak amaituta, hormaren gainetik gora metro batzuetan eskalatzen jarraitu zuen (II/II+), bilgunea gailurretik 6-8 metro eskasera dagoen harkaitz-zubi batean muntatzea lortu zuen arte.

Azken bilgunean.

Arratsaldeko seiak laurden gutxi ziren azken bilgunera iritsi nintzenean, eskalada-bidea eskalatzen hasi ginenetik hiru ordu eta laurden beranduago.

- Dauneko bi eskalau ditteu – esan nion Asierri Urdebezen gailurrera iritsi zenean.
- Bai – erantzun zidan -, ea “Elektrolitos” noiz eskalatzen deun. Oraindik ez genekien baina “Elektrolitos” eskalatzerako aste pare bat pasa beharko ziren.

Azken bilgunea Urdebezeko gailurretik ikusita.

Bezperatik jaitsierako bidea ezagutzen genuenez, gailurrean sakabanatuta dauden harkaitzetako batean eserita eskaladako materiala patxadaz bildu genuen, eguzkia lurrera pixkanaka hurbiltzen zen bitartean.

Bigarren egunez jarraian biok zoriontsu Urdebezeko puntan.

"Litos" bidea asko gustatu zitzaigun. Zailtasunaren aldetik eskalada atsegin eta eroso bat eskaintzen du, eta hain bide luzea izateko harkaitzaren kalitatea oso ona dela iruditu zitzaigun. Ohikoa dugun moduan, izan genituen aukeretan hormatik harri askeak kenduz joan ginen, eskalada-bide hau errepikatu nahi dutenei oztopoak kentzeko asmotan. Baina halere, behin baino gehiagotan idatzi izan dudan moduan, ezin dugu ahaztu ez garela eskalada-eskola batean eskalatzen ari eta argi izan behar dugula non sartzen garen, ezusteko desatseginik ez izateko. Hau argi izanda, "Litos" bidea autobabeseko eskaladan hasiberriak direnentzat bide oso gomendagarria izan daiteke inongo zalantzarik gabe, Milesker Mikel eta Christiani bide hau ireki eta guztiokin partekatzeagatik!!!

Eguna eguzkiaren epeltasuna galtzen hasi zenean Urdebezeko gailurra utzi eta jaitsierako bidea hartu genuen, asteburuari ahal izan genuen zukurik handiena atera geniola sentituz. Ilargi betea baso inklinatuen artetik irten zenean kotxea utzitako lekura iritsi ginen, igoeran arraro begiratu gintuzten zaldiek berriro ere arraro begiratuz. Motorra martxan jarriz kotxea mugitzen hasi zen. Ihabarrera hurbiltzen ginen heinean Urdebez hegoaldeko horma itzal artean pixkanaka ezkutatuz joan zen, iraganeko oroitzapen goxo baten modura.

Ilargi betea baso inklinatuen artetik irteten, hegazkin bat agurtzen duen bitartean...

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Bergidak bloga. 2020/11/27. Litos bidea (255 m; V). Urbedez - Ihabar Eskuragarri: https://bergidak.wordpress.com/2020/11/27/litos-bidea-255m-v-urbedez-ihabar/
- Montañas de Camille bloga. 2020/11/22. Sur de Urbedez, Vía "Litos" (255m,D-,V). Eskuragarri: https://christianpau.blogspot.com/2020/11/sur-de-urdebez-via-litos-255m-d-v.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina