AZKEN 10 SARRERAK

2023/11/20

IHABAR, URDEBEZ HEGOALDEA: "INTIFADA" BIDEA, 95 m, 6a. 2023KO UDAZKENA.


"Intifada" bidearen hasieran jarri dugun plakatxoa.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Ihabarko Urdebez hegoaldeko "Elektrolitos" eskalada-bidea lehenbizikoz eskalatu genuenean, atentzioa deitu zigun hormaren eskuinean dagoen arrail nabarmen batek eta honen gainean dagoen  ur-tantadun plaka batek. Egun batzuk beranduago, argazki-makina eta prismatikoak eskuan, hormaren alde hau goitik behera aztertzera eta argazki pila egitera itzuli nintzen.

- Kriston pinta dauke - esan nion Asierri emozionatuta -, asuntoa goitik nundik atera izango da.
- Ta gotera, zemuzkoa?
- Goteraren irteerak ez du errexa ematen, baña okerrenen eskubin dauken fisura nabarmen batetik ebitatu daitekela esango nuke.
- Ea egunen baten probatzen deun - erantzun zidan nire emozioaz kutsatuta.

Lerro honek ikusi genuenetik maitemindu gintuen arren ez genuen hura eskalatzeko saialdirik egin. Garai hartan Mikel Txintxa buru-belarri zebilen Urdebez hegoaldean eskalada-bideak bata bestearen atzetik irekitzen eta argitara ematen eta burutzen ari zen lan apartaren erdian gu sartzea ez zitzaigun ongi iruditu, lehenago edo beranduago lerro nabarmen hau ere irekiko zuela ziur geundelako. Baina hilabeteak pasatuz joan ziren eta lerro honek inork eskalatu gabe jarraitu zuen.

Duela hilabete eskas, Josema Berrocosok "Elektrolitos" bidearen eskuinean bide berri bat ireki zuela esateko idatzi zidan: "Mujer Poderosa". Berehala pentsatu nuen gure lerro kutuna eskalatua izan zela eta, Josemagatik izugarri poztu nintzen arren, tristura puntu bat ere sentitu nuen, urtebete luzean itxaroten egon ondoren lerro hau eskalatzen lehenak izan ez ginelako.

Bizitzak aukera berri bat ematen zigula sentitu nuen "Mujer poderosa" eskalatu eta gure lerro kutuna inork eskalatu gabe jarraitzen zuela ikusi genuenean.

- Espabilatzen ez bagea azkenen bakarren batek bide hau eskalatuko du - esan nion Asierri.
- Bai, hala da - erantzun zidan etsipen puntu batekin.

"Mujer poderosa"-k akuilu baten moduan xaxatu gintuen. Eskaladan ez dugu modu lehiakorrean jokatzen eta eskalada ez dugu modu lehiakor batean ulertzen, baina aspaldi maiteminduak gintuen lerro eder honen lehen eskalada gurea ez izatearen aukerak beldurra sentiarazi zigun.

Astebete beranduango, "Mujer poderosa" bigarrenez eskalatu eta, 80 metroko soka bat eraman genuela aprobetxatuz, soka hormaren gainetik beheraino bota eta lerro eder hau eskalatzea lortu genuen. Eta hitzik gabe utzi gintuen baita berarekiko maitasuna areagotu ere.

Asier lerroa lehen aldiz eskalatu genuenean.

Orduz geroztik hilabete bat eta bost bisita behar izan ditugu lerro honi garbiketa sakon bat egin, bilguneak muntatu eta eskalatzeko moduan uzteko. Aseguru finko "justuak" utzi ditugu, hirugarren luzeko pasagune gogorrean izan ezik. Bertan, aseguruak nahi baino gertuago jarri behar izan ditugu, hormak autobabeserako aukerarik ez duelako eta hasieran jarri genituen bi parabolten artean "2" eroriko-faktorea saihesteko, eroriz gero hormaren oineraino iristeko arriskua zuen eta.

Iker bidearen lehenengo parabolta jartzen.

Eskalada-bide bihurtu dugun lerro hau prestatzen aritu garen hilabetean, baita hitz hauek idazten ari naizen honetan ere, Israelek botatako misil eta bonbek Gaza palestinar hiria suntsitzen ari dira, urriaren zazpian Hamas erakundeak burututako eraso bati erantzunez. Israeldar armadaren buruak Gazan geratuko ziren guztiak etsai bezala hartuko zituela ohartarazi zuen, hegoaldera joatera eskatuz, hegoaldera joatera behartuz, errepideak, eskolak, ospitaleak eta errefuxiatuen kanpalekuak gupidarik gabe bonbardatzen zituen bitartean. Israelek hala nahi duelako, urik gabe, elektrizitaterik gabe, janaririk gabe, erregairik gabe eta sendagairik gabe, Gazan geratzea erabaki duten edo Gazatik irten ezinda geratu diren palestinarrek (ospitaleetako zaurituak, adibidez) ahal duten moduan bizirik irauten dute, sarraskiaren erdian. Egunero egunero, gorputz mutilatuak, hildakoak eta zaurituak, haurrenak eta emakumeenak batez ere, erreskatatzen ari dira Israelek lehertutako eraikinen hondakinetatik eta, negar malkoek itsututa, palestinarrek Mendebaldearen axolagabetasunari laguntza oihukatzen diote, azken berrogeita hamar urteotan Israelen gehiegikerien aurrean oihukatu dioten moduan.

"Intifada" izenak Israelek Palestinan betikotzen ari duen basakeria salatu nahi du, baita oraindik ere sarraskiaren erdian egunero burua altxatzeko aitzaki bat aurkitzen duen palestinar herriaren indar eta adorea aitortu ere.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 95 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Asier Izagirre eta Iker eta Xabi "Smithy" Mujikak, 2023ko azaroaren 5an. Lehenengo eskalada "ofiziala" Asier Izagirrek eta Xabi "Smithy" Mujikak 2023ko azaroaren 12an egin zuten.
- Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: V- (27 m), 2ºL: 6a (24 m), 3ºL: 6a (26 m) eta 4ºL: III (18 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ihabar herriko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Ihabartik Madalen Haitzara igotzeko jarraitzen den ohiko bidetik hormetara iritsi arte. Hormen oinetik gertu mantenduz, ekialdeko noranzkoa hartuko dugu eskalada-bidea hasten den hormaren azpiraino. Hurbilketaren azalpen zehatz bat hemen irakurri dezakezue.
- Jaitsiera: Ihabartik Madalen Haitzara igotzeko jarraitzen den ohiko bidetik.
- Eramandako materiala: 50 metroko soka bat, luzera ezberdineko 8 express zinta, Totem eta artaka-trabagailu sorta (lehen luzeko arrail zabalean 2 eta 3 zenbakiko Camalot-ak ongi trabatzen dira baina guk ez genituen erabili) eta luzera ezberdineko zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta hogei minutu.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Argazkian ondoan dituen "Elektrolitos", "Mujer poderosa" eta "Kormoran moñudo" bideak ikusi daitezke.

Krokis zehatza. Krokisean jarrita utzi ditugun aseguru guztien kokalekua ikusi daiteke.

DESKRIBAPENA

"Intifada" denetatik aurkituko dugun eskalada-bidea da: itsasgarritasunezko pasaguneak, arrail-eskalada, ur-tantadun plakak baita horma makurtu bat ere. Nahiz eta hirugarren luzeko pasagunerik zailenean aseguruak gertu utzi ditugun ("gertuegi", beharbada), “Intifada” ez da kirol-eskalada estiloan ekipatu dugun eskalada-bide bat eta utzi ditugun aseguruen arteko tartea orokorrean ez da motza. Zailtasun maila bidea bost alditan eskalatu ondoren ezarri dugu, eskaladaren mugimenduak nola egin eta heldulekuak gutxi gora behera non dauden jakinda. Bidea errepikatzen den heinean ikusiko da guk proposatutako zailtasun maila berresten den, batez ere hirugarren luzean.

"Luca" bidearekin egin nuen moduan, burutu ditugun eskalada guztien bizipenak kontaketa bakarrean jasotzeko ahalmenik ez dudanez, luzeen deskribapen hotz eta zehatz bat besterik ez dut egingo.

Bidearen hasiera adierazten duen plakatxoa.

- Lehenengo luzea, 27 metro, V-. "Intifada" izena duen plakatxotik eskuinera goranzko zeharkaldi bat eginez eskalatzen hasiko gara, harkaitz-plakaren eskuinean ikusten den paraboltera zuzenduz (III). Zeharkaldi hau oso ongi dator berotzen hasteko, harkaitzak oinak jartzeko garbitu ditugun zuloak eta zimur leunak dituelako.

Asier lehenengo paraboltaren parean.

Bideak duen lehenengo parabolt honetatik gora zuzen jarraituko dugu parean dugun "Y" itxurako zuhaitz txiki baten eskuinera dagoen erlaitzera igotzeko. Tarte honetan, harkaitz-plaka inklinatu egiten da baita heldulekuak txikitu ere, itsasgarritasunezko pasagune polit bat eskainiz (IV+).

Erlaitzean. Asierren ezkerrean "Y" itxurako zuhaitz txikia ikusi daiteke.

"Y" itxurako zuhaitz txikia ezkerrean utzita, erlaitz txikiaren eskuinean kokatu eta goian dugun zulo nabarmen batera zuzenduko gara, parabolt batez aseguratutako itsasgarritasunezko pasagune fin bat eginez (V-). Itsasgarritasunezko pasagune hau saihestu nahi bada, ezkerrean belarrez estalitako harlauza bat dago, pasagunea errazten duena (IV).

Zulo nabarmen honetatik gorago dagoen bigarren zulo handi batera igo ondoren (IV+), hormak alde honetan duen arrail nabarmenaren oinean kokatuko gara.

Bigarren zulora igotzen.

Arraila zabala da eta friend handiekin ongi aseguratzeko aukerak ditu; izan ere, eskaladan dugun konfiantza eta trebetasunaren arabera, 2 edo 3 zenbakiko Camalot-ak arenesetik zintzilik edukitzea ongi etor daiteke. Tarteka babariar teknika erabiliz, arrailak bi paraboltez osatutako lehen bilgunearekin topo egin arte eramango gaitu, ur-tantadun plaka nabarmen baten oinean dagoena (IV).

Arrailaren azpitik lehenengo bilgunera egindako argazkia. Asierren eskuinean ur-tantadun plaka nabarmena ikusi daiteke.

Arrailaren lehen metroetan.

Arrailaren amaierara iristen.

- Bigarren luzea, 24 metro, 6a. Parabolt bakarrez aseguratutako ur-tantadun plaka amaiera arte eskalatuko dugu (IV). Plaka honen goiko zatian kontuz ibili beharko dugu, bertan dagoen arrailetik ura irtetea ohikoa izaten delako. Gomendagarria da hau kontuan hartzea aurreko egunetan euria bota badu batez ere, ur-tantadun plaka ziurrenik bustita topatuko dugulako.

Arrail honen parera iritsitakoan, oinetan konfiantza jartzea eskatuko digun pasagune fin bat eginez, gainean eta ezkerrean dagoen beste arrail txiki eta inklinatu batera iritsiko gara, kolore zurixka duena (V, arrailan artaka-trabagailu bat trabatzeko aukera).

Bigarren arrail txiki honen gainetik dugun harkaitz-plaka tentea zuzen eskalatuko dugu, urak mendetan sortuz joan den kanaltxo bat aprobetxatu eta goian dagoen paraboltera zuzenduz (6a, arrailan artaka-trabagailu bat edo friend txiki bat trabatzeko aukera).

Paraboltetik gora estutzen jarraituko dugun arren, eskuentzat helduleku ona duen harkaitz-zimur nabarmen bat dago. Harkaitz-plakaren gainean dauden bi zuhaixken artetik pasatuz, arrail handi batek osatzen duen erlaitz batera iritsiko gara (6a).

6a pasagunearen hasieran.

Arrailaren gainetik dagoen harkaitz-plaka inklinatura igo eta eskuin aldera zeharkaldi horizontal bat egingo dugu parabolt baten parera iristeko (IV). Paraboltetik gora zuzen igotzen jarraituko dugu helduleku txikiak dituen harkaitz-plaka inklinatutik (IV+). Helduleku txikiko harkaitz-plaka honen eskuinean dauden zuloetatik igoz gero errazagoa da (IV).

Harkaitz-plaka honek inklinazioa pixkanaka galduz doa, soka batekin muntatuta utzi dugun harkaitz-zubi batera arte (IV).

Asier harkaitz-zubira iristen.

Harkaitz-zubitik gora horma etzan egiten da bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiz (III-).

Bigarren bilgunean.

- Hirugarren luzea, 26 metro, 6a. Bilgunetik gora irtengo gara, zuzen, gainean dagoen eta auto-babeserako aukera gutxi dituen harkaitz-plaka inklinatuaren amaiera arte. Harkaitz-plakaren amaieran luzearen lehen parabolta topatuko dugu (IV), horma bertikal baten oinean dagoena.

Lehenengo paraboltaren parean.

Datozen metroetan aurkituko dugu luze honetako (eta bide osoko) pasagunerik zail eta gogorrena, estutzera behartuko gaituena.

Pasagunearen zatirik gogorrena atzean utzi ondoren.

Helduleku alderantzikatuak eta pintza eginez eusten diren heldulekuak dituen horma bertikal honetan elkarren artean gertu dauden lau parabolt jarrita utzi ditugu. Hasieran hiru parabolt utzi genituen baina bat gehiago jartzea erabaki genuen autobabeserako aukerarik ez dagoelako eta "2" eroriko-faktorearen eraginez hormaren oineraino erortzeko arriskua zegoelako.

Horma hau gainean duen sabaiaren eskuin ertzetik gertu mantenduz eskalatuko dugu, harkaitzak gris kolorea duen lekutik (estutu beharreko 6a zailtasuneko pasagunea).

Atseden hartzeko leku baten bila.

Luzearen laugarren (eta azken) paraboltaren parera iritsitakoan, ezkerrera zeharkaldi motz bat eginez sabaia osatzen duen harkaitz-plaka trinkora igotzen bagara, atseden txiki bat hartzeko aukera izango dugu.

Horma eskalatzen jarraitu aurretik, harkaitz-plakan atseden bat hartzen.

Horma eskalatuta, ezker joerarekin eskalatzen jarraituko dugu (IV+), harkaitz-plaka handi batera zuzenduz. Ez dirudien arren, tarte honetan ongi begiratuz gero auto-babeserako aukerak aurkituko ditugu.

Harkaitz-plaka handian.

Harkaitz-plaka handi hau eskalatu (IV+, auto-babeserako aukerak) eta, zailtasun guztiak amaituta, horma etzan bat eskalatzen jarraituko dugu (III-) bi paraboltez osatutako bilgunera iristeko. Nahiz eta azkeneko tarte honetan garbiketa on bat egin dugun, baliteke harri solteren bat aurkitzea oraindik ere.

- Laugarren luzea, 18 metro, III. Bilgunearen eskuinetik irten eta kanaltxo baten itxura duen tarte bat eskalatuko dugu amaiera arte (III).

Kanaltxoaren amaieran.

Azken metroetan kanaltxotik zertxobait eskuinera irten eta goian dauden harmaila batzuek osatzen duten ezproi itxurako bat eskalatuko dugu (III), parabolt bakarrez osatutako bilgunearekin topo egin arte, harkaitz-moko batetik pasatako soka batez indartu duguna.

Ezproi itxura duen tartean.

Azken bilgunea.

Laugarren luzearen hasiera laugarren bilgunetik ikusita. Argazkian kanal itxurakoa ikusi daiteke.


Azaroak 13. Azaroak 18.

Azaroak 13, "Intifada"-ren lehen eskalada burutu ondoren. Zoriontsu. Oso zoriontsu. Honelako uneetan konturatzen naiz zein zorionekoak garen.

Eguzkia pixkanaka doa Beriainpuntaren atzean ezkutatzera, azken arnasarekin botatako izpiek kareharrizko horma urrez tindatzen duten bitartean. Zoriontsu gaude. Oso zoriontsu. "Intifadaren" lehenengo bi eskaladak zoragarriak izan dira, uste genuen modukoa, nahiz eta batean bigarren luzeko ur-tantadun plaka bustiak arreta eskatu digun eta bestean hirugarren luzeko pasagunean ederki estutu dugun. "Hirugarren luzea, V+ edo 6a?" da materiala gordetzen ari garen bitartean dugun eztabaida bakarra, dugun kezka bakarra. Zenbaki batek edo letra batek eskaladaren edertasunean eraginik ez duela dakigunez, "errepikatzen dutenek esango dute" izan da azken epaia. Gauaren iluntasunaren teloiak argiari lekua kentzen dion unean motxilak gerrira estutu eta beherako bidea hartu dugu. Zoriontsu gaude. Oso zoriontsu. Basoa isil-isilik dago, bizitzarik gabe egongo balitz bezala. Haizerik gabe, oraindik urrezkoak diren hodeiek, mugitzen ez diren kotoizko irudiak marrazten dituzte zeruertzean. Urruneko errekasto baten zurrumurruak isiltasuna apurtzen badu ere, dena bakean dago.

Honelako uneetan konturatzen naiz zein zorionekoak garen.

Azaroak 18, "Intifada"-ren bigarren eskalada burutu ondoren. Zoriontsu. Oso zoriontsu. Honelako uneetan konturatzen naiz zein zorionekoak garen

Gazan eguzkia pixkanaka doa suaren atzean ezkutatzera, azken arnasarekin jaurtitako bonbek porlanezko eraikinen hormak odolez tindatzen dituzten bitartean. Beldurtuta daude. Hezurretaraino beldurtuta. Oheratzeko prestatzen diren bitartean, duten eztabaida bakarra, duten kezka bakarra, biharko eguna da, "biharko eguzkia ikusiko dugu?". Itxaropena bizkarra eman dieten mundu batean jarri dutela dakitenez, "bonbardatzen gaituztenek erabakiko dute" izan da azken epaia. Gauaren iluntasunaren teloiak argiari lekua kentzen dion unean kufiya-k buruan estutu eta kaleetatik desagertu dira, aterpe bila. Beldurtuta daude. Hezurretaraino beldurtuta. Hiria isil-isilik dago, bizitzarik gabe egongo balitz bezala, bizitzarik gabe dagoelako. Haizerik gabe, leherketek sortutako kezko hodei ilunek, mugitzen ez diren heriotz irudiak marrazten dituzte zeruertzean. Urruneko ama baten garrasi gordinak isiltasuna apurtzen du, haur baten gorpua besoetan eusten duen bitartean.

Honelako uneetan konturatzen naiz zein zorionekoak garen.


Azkeneko ohar bat (2024ko apirilak 5ean eguneratua): hainbat errepikapen ondoren bigarren luzearen zailtasuna V+ baino 6a egokiagoa dela esan digute gehienek. Hirugarren luzeari dagokionez, denek aho batez 6a zailtasunekoa dela esan badigute ere, Jaime Alonso bezalako eskarmentu handiko eskalatzaileak 6a+ izan dezakeela ere iradoki digu. Gure arteko eztabaida baten ondoren, 6a gogor bat bezala uztea adostu dugu. Eskerrik asko Josema eta eskerrik asko Jaime zuen gomendio eta aholkuengatik!!!

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Smithyrenbloga bloga. 2022/02/23. Ihabar, Urdebez hegoaldea: "Elektrolitos" bidea, 80 m, V.2022/02/06. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2022/02/ihabar-urbedez-hegoaldea-elektrolitos.html
- Smithyrenbloga bloga. 2023/10/18. Ihabar, Urdebez hegoaldea: "Mujer Poderosa" bidea, 100 m, V+.2023/10/07. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2023/10/ihabar-urbedez-hegoaldea-mujer-poderosa.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina