AZKEN 10 SARRERAK

2022/05/25

IHABAR, URDEBEZ HEGOALDEA: "ITXOIN PITTIN BAT LUR" BIDEA, 150 M, 6a (V, A0). 2022/04/22


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

"Sagarra" bidea izan zen Asier eta biok Ihabarko Urdebez hegoaldean eskalatu genuen lehenengo bidea. Jaitsieran, "Litos" bidearen bigarren zatia hasten den lekutik 20-25 metro ezkerrera dagoen arraildun diedro nabarmen batek atentzioa deitu zigun, atril baten gainean utzitako liburu ireki baten itxura duena:

- Hortik seguro egunen baten biden bat irikiko duela...
- Hain ebidentea izanda pentsatzet baietz...

Gure susmoa argia bazen ere, Mikel Txintxak eskalada bide gehiago irekitzen zituen heinean diedro nabarmen hori eskalatu gabe zegoen oraindik: "Diedroak goitik jarraitutasunik ez du izango?". Jarraitutasuna izan edo ez, diedro honen eskaladak asko tentatzen gintuen, eta nahiz eta oraindik ez jakin, lehenago edo beranduago saialdi bat egingo geniola bagenekien.

Hilabete pare bat beranduago, saialdi serio bat egitea pentsatzen hasi ginenean, Christian Pauk sare sozialetan berak eta Mikelek Urdebezen bide berri bat irekitzen ari zirela idatzi zuen, baita argazki batzuk partekatu ere. Christianek kontu handia hartu zuen bidea irekitzen ari ziren lekua zein zen ez aipatzeko, baina argazkietako batean diedroa berehala ezagutu genuen: "beraiek diedroa eskalatzen badute guretzat hobe, horrela joaten garenerako informazioa izango dugu, jejeje" izan zen gure erreakzioa. "Itxoin pittin bat Lur" izango zen Mikelek eta Christianek diedroan hasi eta Urdebezen gailurrean amaitu zuten eskalada bideari jarriko zioten izena, beraien laguna den Lur Gilek bide hau eskalatzeko zuen ezinegonetik sortutako izena. Bideak, diedroaren gainetik maisuki eskuin aldera zeharkaldi bat egin eta "Litos" bidearen ezkerretik jarraitzen du, Urdebezeko gailurrera iritsiz.

Mikelek eta Christianek eskalada bide hau ireki eta ezagutzera eman zutenetik, kuriositate handia nuen diedroaren eskalada ezagutzeko, Asier eta biok urtarrilaren 15ean ikusi eta egunen batean bertatik eskalatuko genuela amestu genuen diedroa. Honetarako ez nion Ikerri azalpen handirik eman behar izan eta bide hau eskalatzeko hitzordua berehala jarri genuen, Aste Santu eta Pazko Asteko oporraldiko eskaladeei amaiera emateko asmoz.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 150 metro.
- Luze kopurua: 5.
- Nork irekia: Mikel Txintxak eta Christian Pauk, 2022ko martxoan.
- Zailtasuna: 6a (V, A0). Luzez-luze: 1ºL: 6a (V/A0) (20 m), 2ºL: II (15 m), 3ºL: IV+ (50 m), 4ºL: III+ (25 m) eta 5ºL: III+ (40 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ihabar herriko iturrietan hartu daiteke.
- Hurbilketa: Ihabartik Madalen Haitzara igotzeko jarraitzen den ohiko bidetik. Bidea goiko hormetara hurbiltzen denean, malda etzatearekin batera eskuinera bihurgune bat dago, bertatik lehen luzeko diedroa parez pare ikusten dena. Bihurgune honetan dagoen mugarri baten parean bidea utziko dugu ezpelen artean hormara zuzenduko gara duen erdi definituko bidexka bat jarraituz. Hormaren oinera iritsitakoan eskuinera botako dugu lehen luzeko diedroaren oinera iritsiz.
- Jaitsiera: Ihabartik Madalen Haitzara igotzeko jarraitzen den ohiko bidetik.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdineko 10 express-zinta, Alien, Totem eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko. Lehen luzeko lehen metroak aseguratzeko 3 zenbakiko Camalot-a ongi etorri daiteke.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu eta laurden.

BIDEAREN KROKISA

Urdebez hegoaldeko goiko zatiko eskalada bideak eta "Itxoin pittin bat Lur" bidearen nondik norakoak.

Krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

Pazko Astea euritsua izan zen. Salako leihoetatik irrist egiten zuten euri tanten bestaldean denbora mantso zihoan, mantsoegi. Eta honelakoetan nahikoa da eguraldi txarrarengatik etxean geratu behar izatea mendira joateko gogoa handiagoa izateko. Honegatik, igandera arte eguraldi ezegonkorra iragarrita bazegoen ere, iragarpenek ostegun arratsaldetik ostiral gauera arte euririk gabeko leiho bat ireki zitekeela esaten hasi zirenean ez genuen denbora luzean itxaron behar izan "Itxoin pittin bat Lur" bidea eskalatzeko plana egiteko.

Ostiral goizean Ihabarrera iritsi ginenean zerua zuri zegoen, argitasunez betea, izara garbi batekin estalia egongo balitz bezala. Eguna ateri esnatu bazen ere, zelaiak bezperan eroritako ur tantek estaltzen zituzten, lurrak noiz xurgatu zain. Hau ikusita, hurbilketa lasai hartzea erabaki genuen, zapatilak ahalik eta lehorren mantentzeko lehiaketari hasiera emanez. Baina hariztira iritsi ginenerako lehiaketa bertan behera utzi behar izan genuen, bion zapatilak blai eginda zeudelako. Enpate teknikoa, beraz.

- Pareta erdi bustie daula emateu, ez? - Esan zidan Ikerrek diedroa lehen aldiz ikusi genuenean.

Urak utzitako arrasto ilun eta heze batek diedroaren goiko zatia bitan erdibitzen zuen, kandelaren ertzetik jaisten den argizari urtuak uzten duen arrastoa izango balitz bezala. Hau ikusteak kezkatu gintuen, horma lehorra topatuko genuela uste baikenuen.

- Igual eskalatzean lekutio lehorra dau... - erantzun nion ez oso konbentzituta.

Diedroa lehen aldiz ikusten den lekuan. Madalen Haitzara doan bidea argazkian ikusten den mugarriaren parean utzi egin behar da.

Mugarri batek adierazitako bidegurutze batean bide nagusia utzi eta arte eta ezpelen artean galtzen den bide arrasto bat jarraitzen hasi ginen, hormara zuzentzen dena.

Diedroa gertuago, azpian duen sabeldun horma basoak ezkutatzen du. Jaitsieran egin genuen argazki honetan parabolten kokalekua adierazita dago..

Hormaren parera iritsi ginenean, ezpelen artean eskuin aldera 10-15 metroko zeharkaldi bat eginez diedroaren azpira iritsi ginen, leku ezeroso bat materiala prestatu eta eskalatzen hasteko.

- Joer, vaya ostia!!!

Diedrora iristeko, honen azpian dagoen sabel itxurako horma bat eskalatu behar da, "sabeldun" horma, eskuinean arrail nabarmen bat duena eta lehen luzeari zailtasuna ematen diona (6a). "Sabeldun" horma hau erabat bustia zegoen. Horman jarrita dagoen paraboltetik motxilak zintzilikatu eta egoera aztertzen hasi ginen.

- Ze pentsatzezu? - Galdetu nion Ikerri.
- Hemendio igotzeko txungo - erantzun zidan -, ta lehenengo paraboltea iritxi baño lehen eroiezkeo ostia galanta hartu leike.
- Jaimek esan zigun bai hasieran eroiezkeo ostia haundie zela... - erantzun nion.

Luzearen lehen parabolta ez dago gertu eta bertara iritsi aurretik eroriz gero min handia hartu daiteke. Dena den, sabeldun horma honen eskuinean dagoen arrailean friend-ak trabatu daitezke distantzia hau murrizteko.

Diedroaren azpiko horma eta motxilak zintzilikatu genituen parabolta.

- Zuk ze esatezu? - Galdetu zidan anaiak.
- Pareta hau eskubiko espoloietio eskakeau ta diedroko bigarren zatin atera daikela pentsatzen ai naiz - erantzun nion erlaitz inklinatu bat seinalautz -. Ta gero nahiz ta bustie egon pentsatzet azeratzen pareta hau eskalaukozula.
Ikerren eskalada errazteko, hormaren eskuineko arrailan 3 zenbakiko Camalot-a ahal izan nuen punturik altuenean sendo trabatzea lortu nuen.

- Camalotai tira iñez pentsatzet parabolteaño iritsiko zeala... - esan nion friend-ari tira eginez.

Ikerri proposatutako ideia, paperean behintzat, ez zen txarra, baina horrek diedroaren eskuineko ezproian aseguru bakar bat ere ez jartzea suposatzen zuen, bestela Ikerrek ezin izango zuen azpiko horma bustia eskalatu. Ekilibrista baten moduan, katu oinak ahalik eta lehorren mantendu nahian jartzen saiatu nintzen, baina baldar samarra naizenez, ezproiaren azpira igo nintzenerako katu oinen zolak lokatzez zikinduta nituen.

- Eztu zaile ematen - esan nion Ikerri biok animatu nahian -, ea diedroaño ezer sartu gabe iristeko gai naizen...

- Lehenengo luzea, 20 metro, 6a (V, A0). Luzeak berez diedroa bere osotasunean jarraitzen du eta bi zatitan banatzen da: Lehen zatian sabel itxurako horma eskalatzen da eta bertan dago luzearen zailtasunik handiena (6a). Bigarren zatian (laugarren paraboltetik gora) zailtasuna zertxobait jaisten bada ere, V zailtasunaren baitan mantentzen dela esango nuke.

Ez nuen arazo handirik izan diedroaren eskuinean dagoen ezproia eskalatzeko (III); izan ere ez nuen asegururik jartzeko beharrik sentitu. Ezproiak osatzen duen erlaitz inklinatu batera iritsi nintzenean, bion artean soka ezproiaren gainetik diedrora pasatzea lortu genuen.

- Lehenengo fasea egiña - esan nion Ikerri -, ea oain diedrora pasatzeik deten...
- Kontuz, ze eroiezkeo beheraño zoaz... - "animatu" ninduen, jejeje.

Ikerrek emandako "aholkua" buruan, pare bat juramentu eta "Gure Aita" bat behar izan nituen erlaitzaren ertzetik gorputza luzatu eta bosgarren paraboltetik express-zinta bat pasatzeko. Soka pasatzea lortu nuenean, ezker eskuarekin express-zintari eutsi eta diedroan sartu nintzen.

- Tensa, tensaaaa!!!

Ikerrek soka tinkatu zuenean express-zintatik zintzilikatu nintzen, ordura arte pasatako tentsioa nolabait baretuz.

- Nola dau?
- Puta kasualidad eskalatzen jarraitu behar den bidea da bustita daun bakarra!!! - Erantzun nion - Ea azeratzen igotzeko kapaz naizen...

Hurrengo metroak pazientzia eta zuhurtzia osoz eskalatu nituen, oinak harkaitzaren zimur bustietan kontu handiz kokatu eta gorputzaren pisua poliki poliki oinen gainean jarriz. Hurrengo parabolta eskura nuen bakoitzean bertatik express-zinta pasatu, eskuarekin eutsi, eta soka pasatu ondoren zintzilikatzen nintzen. Eskalada ez zihoan hain gaizki, baina V zailtasunaren baitan egongo diren metro busti hauek mentalki gogorrak izan ziren.

Zazpigarren paraboltetik gora horman kanalizo batzuk daude. Batera eta bestera begiratu arren ez nuen parabolt gehiago ikusi.

- Paraboltak bukau diela esango nuke!!! - Oihukatu nion anaiari.
- Zeoze sartzeik badezu?
- Baietz emateu - erantzun nion -, baina ea ez deten zerbait sartu aurretio irrist itten...

Azken paraboltetik diedroaren amaiera arteko metroak IV+ zailtasunaren inguruan "bakarrik" egon daitezkela iruditu zitzaidan arren, mentalki eskalatu nituen metrorik gogorrenak izan ziren. Beldurra pasa nuen, beldur irrazional bat. Eroriz gero lurreraino eroriko ez nintzela banekien arren, erortzearen beldurra nuen, min hartzearen beldurra. Eta beldurrarekin eskalatzea ez da sentsazio atsegin bat, begirada itxi, oinak dardarka hasi eta erortzeko arriskua areagotzen delako. Nahiz eta beldurtuta izan, metro hauetan bi Totem sendo trabatzeko gai izan nintzen, baina Totem hauetatik zintzilikatu eta atseden hartzeko ez nuen adorerik izan. A zer nolako lasaitua sentitu nuen diedroaren amaierara iritsi eta lehenengo bilgunea osatzen duten bi paraboltak ikusi nituenean!!!

- Reunionnnnnnnn!!!!!!

Lehenengo bilgunea.

Diedroaren gainetik behera egindako argazkia.

Ikerrek sabeldun horma ahal izan zuen moduan eskalatu zuen, Luzearen hasieran trabatu nuen Camalot-ari tira eginez, oinek irrist egiten zioten bitartean. Diedroaren alde lehorretatik eskalatzen saiatu zen arren, azkenean amore eman behar izan zuen, eta niri gertatu zitzaidan moduan, paraboltak amaitu arte A0 moduan eskalatu zuen. Azkeneko zatia aldiz txukun eskalatu zuen, lasai, estutasun handirik pasa gabe.

Diedroaren azken zatian...

- Su puta madre ze tentsio pasa deten!!!
- Konturau naiz bai, jejeje - erantzun zidan irribarretsu -, lehortzen denen beize eskalau beharko deu ze gradu dauken jakitteko...
- Oain eztauket bate gogoik baña bai, bueltau beharko gea, jejeje.

- Bigarren luzea, 15 metro, II. Bigarren luze bezala izendatu badut ere, eskalatzen jarraitzeko eskuinera egin behar den zeharkaldi horizontal bat besterik ez da. Ikerri material guztia pasa ondoren bilgunetik eskuinera horizontalean atera zen ezpelen artetik zeharkatuz. Zeharkaldia ez da zaila eta oinak jartzeko eusleku oso onak ditu. Konturatu nintzenerako Iker bi harkaitz-zubiz osatutako bilgunetik zintzilik zegoen, harkaitz-plaka tente baten azpian dagoena.

Bigarren bilgunea lehenengotik ikusita. Zeharkaldia tentea dirudien arren oinak jartzeko eusleku oso onak ditu.

Bigarren bilgunea, bi harkaitz-zubiz osatutako bilgune sendoa.

- Hirugarren luzea, 50 metro, V-. Bilgunearen gainetik dagoen harkaitz-plaka inklinatua parabolt batekin babestua dago, baina bertara zuzen iristeko eskalatu behar den zatia bustia zegoen.

- Ezkerretio, plakan ertzetio errexago emateu - esan nion Ikerri.
- Bai baña zuzen irixten saiau behar naiz.

Bilgunetik eskuinera pasatuz Iker harkaitz-plaka inklinatuan dauden bi zimurren gainean kokatu zen. Paraboltetik 3 metro eskasera izan arren, bertara iritsi nahi bazuen itsasgarritasunezko pasagune bat egitera behartua zegoen. Oinek irrist egin zioten bi saiakeren ondoren bilgunera itzuli eta harkaitz-plaka ezkerretik eskalatu zuen (IV+).

Harkaitz-plaka eskalatu ondoren.

Harkaitz-plaka eskalatuta, metro batzuetan oinez jarraitu zuen ezpelen artean ezkutatuz.

- Hemen paraboltak daren plaka bat dau!!! - Oihukatu zidan ezpelen artetik.
- Paraboltak plakaren eskubin dare?
- Bai.
- Ordun "Litos" bidekok die - erantzun nion -, zuk fisura txuri batetio eskalatzen jarraitu beharra daukezu.
- Baleee!!!

Iker harkaitz-plaka inklinatura iritsi eta honen ezkerretik eskalatzen hasi ondoren erdialdera mugitu zen arrail zuri nabarmenera zuzenduz (III).

Harkaitz-plaka inklinatua azpitik ikusita. Argazkian arrail zuri nabarmena ikusi daiteke, baita "Litos" bidearen paraboltak ere (puntuz zuriz bide honen nondik norakoak).

Ez zuen zailtasun handirik izan arraila eskalatzeko (III). Arrail honen goiko zatian Alien gorria trabatu eta gainean dagoen "Y" itxurako hildako zuhaitz batera zuzendu zen (III). Baina zuhaitzera iritsi aurretik, honen eskuinean dagoen harlauza nabarmen bat eskalatzen jarraitu zuen, babariar moduan eskalatu daitekeena, harkaitz-zubi batetik pasatutako soka bat duen harkaitz-plaka inklinatu baten oinean kokatuz (III+).

Harlauza inklinatuaren amaieran. Argazkian harkaitz-zubitik pasatako soka ikusi daiteke.

Honera arte Iker lasai zihoan eskalatzen, harkaitz-plakak eskaintzen zizkion helduleku ederrez gozatuz. Baina harkaitz-zubiko sokatik aseguratu zenean burua zalantzaz betetzen hasi zitzaion. Helduleku garbirik gabeko harkaitz-plaka inklinatu baten azpian zegoen, parabolt bat arte luzatzen dena. Batera eta bestera begiratu eta seguru bat jartzeko aukerarik ez zuela ikusi zuenean geratzen zitzaion aukera bakarra hartu zuen: harkaitz-plaka zuzenean eskalatzea.

Harkaitz-plakak dituen okerdura leunetan oinak jarriz, ia arnasik hartu gabe, metroak poliki poliki eskalatzen joan zen, paraboltera iritsi baino lehen izan zitekeen erorikoaren itzalpeak sortarazten zion beldurra ahal zuen hobekien kontrolatuz (V-). Paraboltetik aseguratu zenean arnasa lasaitasunez hartzeko aukera izan zuen!!!

Baina lasaitasun honek ez zuen denbora luzean iraun, harkaitz-plakak bigarren parabolt batera arte jarraitzen baitu. Berriro ere fede osoa oinetan jarri eta berriro ere arnasketaren bidez beldurra gorputzetik atera eta lasaitasuna sartzeko lana hartu behar izan zuen. Bigarren parabolta atzean utzi (V-) eta luzearen zailtasun guztiak amaitu zituenean, arrail bertikal batek bitan erdibitzen duen harkaitz-bloke handi batera iritsi zen.

Ikerrek bere beldurrekin barne borroka hau zuen bitartean, harrituta nengoen soka segurtagailutik zein motel pasatzen zen begira: "paso zailen bat topauko zun..." pentsatu nuen. Gero ulertuko nuen itsasgarritasunezko plaka honetan Ikerrek pasa zuen estualdia. Soka gainetik izateak ematen duen konfiantzarekin harkaitzak dirudiena baino gehiago eusten duela ikusi nuen arren, Ikerren eskalada meritu handikoa izan zen, batez ere katu-oinak bustiak zituela kontutan hartzen bada.

Ikerren eskaladara itzuliz, harkaitz-bloke handia bitan erdibitzen duen arrailan Totem horia trabatu ondoren, arraila eskalatzeko ez zuen zailtasun handirik izan (III). Behin arraila (eta harkaitz-blokea) eskalatuta, parean dagoen hormara oinez jarraitu zuen, arrail baten ondoan dagoen parabolt batean bilgunea muntatuz. Arrail honetan 3 zenbakiko Camalot-a trabatuz bilgunea indartu zuen.

Hirugarren bilgunea arraildun harkaitz-blokearen irteeratik ikusita.

- Muchooooo!!! - esan nion bilgunera hurbiltzen ari nintzela -, Azkeneko plaka hoi de primerooooo....
- Tensio pixkat pasaet bai - erantzun zidan -, gañea ezin zen ezer sartu...

Hirugarren bilgunean. Puntu zuriz Mikelek eta Christianek laugarren luzean jarraitu zuten ibilbidea, puntu gorriz aldiz, guk jarraituko genuena.

-Laugarren luzea, 25 metro, III+. Mikelek idatzitako kronikari kontsulta egin ondoren, bilgunearen gainean eta ezkerrerako noranzkoan irteten den arrail inklinatu batetik eskalatzen jarraitu zutela ikusi genuen, bilgunetik ikusten den ezpel txiki batera zuzenduz. Ezpel txiki honen gainetik eta hormaren ertzean mantenduz bigarren ezpel batera (aurrekoa baino handiagoa) iritsi ziren, bertatik gora jarraitu eta zuhaitz baten enborrean bilgunea muntatu zuten arte, Asier eta biok "Litos" bidearen "irteera zuzena" ireki genuenean bilgunea muntatu genuen zuhaitz berbera.

- Pareko paretai zuzen ematea pentsatzen ai naiz - esan nion Ikerri -, hola bigarren ezpelen eskubitio ateako gea.
- Beittu a ber...
- Eztet uste harrie oso ona izangoenik baña ea eskalatzen uzten digun...

Bilgunetik gora zuzen eskalatzen hasi eta belar batzuk dituen erlaitz inklinatu bat eskalatu ondoren horma bertikal jartzen den lekuaren azpian kokatu nintzen (III).

- Zemuz?
- Oaingoz ondo baña hemen harrie fundamentu haundik eztauke... - erantzun nion.

Nire lehen helburua aseguru "seguru" bat jartzea zen, orain arte ezer jarri gabe nengoelako. Hormari itsatsi gabe zeuden harkaitz batzuk kendu ondoren, hauek utzitako hutsunean artaka-trabagailu bat sendo trabatzeko aukera izan nuen.

Artaka-trabagailua trabatzen...

- Zailena inda!!! - esan nion Ikerri -, Ea hemendio harrik bota gabe ateatzeik deten.

Artaka-trabagailua sendo trabatuta izateak hurrengo metroak lasaitasunez eskalatzeko segurtasun handia sentiarazi zidan. Mugitzen ziren harkaitz batzuen artetik eskalatzen jarraitu (III+) ondoren, eskuinean arrail inklinatu bat hormaren ertzera zuzentzen zela ikusi nuen. Arrailara zuzendu eta bertan Totem horia trabatu ondoren ez nuen zailtasun handirik izan hormaren ertzera iristeko (III).

Hormaren zatirik tenteena eskalatzen hasten (III+).

Behin hormaren ertzean, oinez jarraitu nuen azken luzea hasten den hormaren azpiko zuhaitzaren enborrean utzi duten sokan bilgunea muntatu nuen arte.

- Igotzen zeanen pareta ahal dezun guztie garbittu - esan nion Ikerri talkie-tik bilgunea muntatu nuenean.
- Baleeee!!!

Ikerrek horma zailtasunik gabe eskalatu zuen, hormatik kentzen zituen harkaitz askeek lurraren kontra jotzerakoan sortzen zuten burrunben artean.

Hormatik ateratzen...

Ikerrek horman egindako garbiketa txukunaren ondoren, III+ inguruko zailtasuna duen pasagune bertikal eta motza baina segurua geratu dela esango genuke.

Laugarren bilgunean. Zuhaitz honetan izan zen Asier eta biok "Litos" bidearen irteera zuzena ireki genuenean muntatu genuen lehen bilgunea.

- Bosgarren luzea, 40 metro, III+. Azken luzea "Litos" bidearen "irteera zuzena"-ren ezkerretik doa, hasieran 2-3 metrora, erdialdean bien arteko distantzia zabaltzen da eta goiko zatian berriro ere hurbiltzen dira.

"Litos" bidearen "irteera zuzena"-ren hasieran eskalatzen den harlauza eskuinean utzita, Iker luzearen lehen metroetan jarrita dagoen paraboltera zuzenduz (III+) eskalatzen hasi zen. Helduleku txikiak izan arren, zati honetan harkaitzak dirudienea baino itsasgarritasin hobea dauka.

Paraboltetik aseguratu ondoren.

Paraboltetik gora horma zertxobait etzaten da. Ezker joerarekin jarraituz, Ikerrek 10 metro inguru eskalatu behar izan zituen artaka-trabagailu bat segurtasun minimo batekin trabatzeko aukera izan zuen arte (III).

Artaka-trabagailua trabatu ondoren.

Artaka-trabagailua trabatu zuen lekutik gora zuzen eskalatzen jarraitu zuen, hormaren goian dagoen arrail nabarmen batera zuzenduz. Tarte honetako eskalada zaila ez bada ere (III zailtasunaren inguruan) eskuentzat helduleku handirik ez dago, oinekin "bakarrik" eskalatzera behartuz. Arrail txiki batean sartuta dagoen iltze beltz batean eta Alien batean aseguratu ondoren, horma amaitzen den arrail nabarmenera iritsi zen.

Arrail nabarmenaren parean.

- Zuzen eo eskubitio?
- Ez dakit - erantzun nion -, zuk nola ikustezu?
- Zuzen tentegoa dau baño friend bat sartu daiket - erantzun zidan -. Eskubitio errexago emateu...
- Nahizun lekutio igo - esan nion -, ta ni zu igotzen etzean lekutio igoko naiz.

Batera eta bestera begiratu ondoren, azkenean arrailan Totem morea trabatu eta bertatik zuzen eskalatzen jarraitu zuen.

Totem morea trabatu ondoren.

Argazki honetan ikusten den lehen express-zinta da iltzean jarrita dagoena. Ikerrek sokaren ezkerrean dagoen arraila eskalatu zuen, friend-a trabatuta dagoena. Nik aldiz, sokaren eskuinetik eskalatuko nuen.

Arrailaren gainetik (III/III+), horma dezente etzaten da. Eskuin aldera diagonalean eskalatzen jarraituz eta harkaitz-plakatik atera gabe, bi harkaitz-zubiz osatutako bilgunera iritsi zen (III-).

Ikerri esan nion bezala, hormatik irteteko eskalatu daiteken beste irteera frogatu nuen, arrailaren eskuinean dagoena. Bertan, helduleku oneko zulo handi eta luze batzuk daude. Ez nuen zailtasun handirik izan hormatxo hau eskalatzeko (III).

Hormaren irteeratik azken bilgunera dagoen tarte etzana.

Hormaren irteeran...

- Egualdik aguantau du...
- Bai, gutxiñez eztigu ebiik in - erantzun zidan Ikerrek -, baña pena diedroa bustie topatzea...
- Hola baukeu bueltatzeko aitzakie, jejeje.

Sokaren biltze lanetan...

Ikerrek soka biltzen laguntzen zidan bitartean zoriontasun berezi batek bildu ninduen. Egiten ditugun eskaladak eta mendiko irteerak jarduera xumeak dira, ur tanta bat mendizaletasunaren ozeano zabalean besterik ez. Baina pribilejiatuak garela uste dut. Ez egiten ditugun jarduera hauek guztiak egite hutsagatik, jarduera hauek egiteko aukera, osasuna eta zortea dugulako baizik. Presaka bizi den gizarte honetan bakean sentitu zaitezken jarduera bat aurkitzea altxor preziatua da, jarduera hori dena delakoa bada ere. Guk bakea sentiarazten digun jarduera hau mendian topatu dugu: zuk zurea topatu duzu?

Guk bakea sentiarazten digun jarduera hau mendian topatu dugu: zuk zurea topatu duzu?

Bi aste pasa ditugu anaia eta biok Ihabarko Urdebez hegoaldeko horman Mikel Txintxak ireki dituen eskalada bideak eskalatzen. Gaur arte irekitako bide guztiak eskalatu ondoren, eta "Irasagarra" bidean topatu genuen Jaime bezalako eskalatzaile trebatuarekin izandako hizketaldiak eragin zidan hausnarketa sakonaren ondoren, bide hauek eskalada klasikoan eskarmentu handia duten eskalatzaileen artean errepikatuenak eta gomendatuenak izango ez direla uste dut. Zergatik diot hau? Zailtasunaren aldetik bide "errazak" eta "motzak" dira (ez badira azpiko hormako eta goiko hormako bideak konbinatzen), ez dira bertikalak, ez dira teknikoak eta orokorrean zailtasuna pasagune motz eta konkretuetara mugatzen da.

Baina geure burua eskalatzailetzat ez dugunontzat edo erdipurdiko eskalada-maila dugunontzat eskalada bide hauek badute xarma berezi bat, itzultzeko gogoa uzten diguna: bihotzetik eta helburu txalogarri batekin irekitako eskalada bide bakartiak dira, estutasunik gabe eskalatzeko aukera ematen dutenak. Honegatik, auto-babesaren munduan hasi nahi duten eskalatzaileentzat eskalada bide aproposak izan daitezkeela uste dut eta eskalatzaile hauen artean ziur naiz errepikatuak eta gomendatuak izango direla. Eta bide hauek eskalatu aurretik eskalatzaile hauei aholku hauek ematea gustatuko litzaidake:

- Kroniketan agerian geratu den bezala, eskalada bideen hasieran ez dago plakatxo bat bidearen izena adierazten duenik eta bide batzuk non hasten diren topatzea kosta egiten da.
- Ingurunea errespetatu nahi izatearen filosofia zorrotzarekin irekitako bideak direnez (belar, zuhaixka, harri edo lurrez "garbitu" gabeko bideak dira) hainbat lekuetan belar, zuhaixka eta ezpelekin "borrokan" ibili gaitezke, kolokan dauden harkaitzak topatu ditzazkegu, baita lurrez estalitako helduleku eta arrail ederrak ere, eskalada zertxobait "itsustuz". Dena den, beste leku batzuetan gertatzen den moduan, pentsatzen dut bideak errepikatzen diren heinean "arazo" hau konpontzen joango dela, errepikatzaileak normalean bideak garbitzen joateko ohitura dutelako.

Bi gomendio hauek gogan hartzen baditugu eskalada bide hauetan gozatu ederra hartuko dugu. Eskalada baten edertasuna batez ere eskalada burutzen den inguruneak eta bizitako bizipenak baldintzatzen duela uste dut, eskalatzen diren metroak, hurbilketa edo zailtasunak baino gehiago. Honegatik eskalada-bide hauei aukera bat ematea gomendatzen dut, beti ere zein bide mota topatuko den jakinda, noski.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Bergidak bloga. 2022/03/27. "Itxoin pittin bat Lur" bidea (VIa; 165m)). Urbedez-Ihabar. Eskuragarri: https://bergidak.wordpress.com/2022/03/27/itxoin-pittin-bat-lur-bidea-via-165m-urbedez-ihabar/
- Montañas de Camille bloga. 2022/03/21. "Itxoin pittin bat Lur" (6a o V/AO), la nueva de Ihabar. Eskuragarri: https://christianpau.blogspot.com/2022/03/itxoin-pittin-bat-lur-6a-o-va0-la-nueva.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina