2015/12/21

EGINO, "LA PALANCA" SEKTOREA: "MATICES" bidea, 165 metro, 6a (2015/12/13, 2024ko urrian eguneratua).

Larunbatean Aiako Harrietako "Basurdeen begiratokia" bidea eskalatu ondoren bagenuen gogoa Eginora itzuli eta estutu beharreko bide bat eskalatzeko.

Aukera ezberdinak baloratuta eta Asier etortzerik ez zuela jakinda, berak eskalatutako eta aldi berean guk eskalatu gabeko bide bat eskalatzea pentsatu genuen. Genituen aukera gutxien artean "Matices" bidea aukeratu genuen, lehen luzea 6a zailtasunekoa izan arren, pasagune hau A0 moduan V zailtasunean geratzen dela bagenekielako.

Asko errepikatzen ez den bide honen inguruko informazioa Garbiñe Uriartek idatzitako "Guía de escaladas en Álava" eskuliburuan topatu daiteke. Liburu honez gain, nola ez, Xabier Larretxearen eskalatzen blogean ongi deskribatutako informazio zehatza topatuko dugu (informazio honetarako hemen klik egin).

Bide honen harkaitza primerakoa da eta bigarren eta bosgarren luzeak itzelak dira. Gainera, graduaz larri bagabiltza, lehen luzea ekidin eta oinez zuzenean bigarren luzeraino igotzeko aukera dugu. Hori bai, auto-babeserako materiala eraman beharko dugu, aseguru finkoen kopurua eskasa delako.

OHARRA

2024an luizi batek lehen luzean zegoen harkaitz-bloke handi bat eraman zuen, lehen luzearen itxura aldatuz. Zorionez, luizia apirilak 1 eta abuztuak 31 artean izan zen, babestutako espezien habiagintzagatik bide hau eskalatzea debekatuta dagoen garaian. Dirudienez, lehen luzearen amaieran dagoen arteetako baten sustraiak blokea apurtu zuen. Hau dela eta, 2024ko irailaren amaieran Asier eta biok bidearen eskalada errepikatu genuen lehen luzea aldatu den ikusi eta kronika honetako krokis zaharrak eguneratzeko.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 165 metro.
Luzeak: 6.
Nork irekia: Iñaki Lerma.
Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: 6a (25 m), 2ºL: 5b (30 m), 3ºL: IV+ (20 m), 4ºL: IV (40 m), 5ºL: V (25 m) eta 6ºL: IV+ (25 m). Lehen bilgunea lehen luzean igotzen den monolitoaren amaieran muntatzea da egokiena, bigarren datorrenari segurtasunez aseguratzeko. Bertan, arrail ezberdinak topatuko ditugu bilgune sendo bat muntatzeko. Goian esan bezala, lehen luzeko 6a pasagunea A0 moduan eskalatzen badugu zailtasuna V inguruan geratu daiteke da. Hala ere luze hau ekidin daiteke igotzen den monolitoa bere eskuinetik oinez inguratzen badugu.
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 15-20 minutu.
Jaitsiera:Aztorea eta Usoaren bidetik. Bidearen amaieratik kotxera 25-30 minutu.
Eramandako materiala: 50 metroko soka bakarra, luzera ezberdinetako 12 express zinta eta zinta luze batzuk harkaitz-zubi eta bilguneetarako, Totem eta artaka-trabagailu sorta. Walkie-talkie pare bat ere eramatea komeni da bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta harkaitzetan bizi diren hegazti eta animaliak ez molestatzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: bi ordu eta berrogeitabost minutu.

BIDEAREN KROKISA

Krokis orokorra. Argazkia handituz aseguru finkoen kokalekuak ikusi daitezke.

Krokis zehatza. Argazki hau ere handituz aseguru finkoen kokalekuak ikusi daitezke.
BIDEAREN OINERA IRISTEKO

Bidearen oinera nola iritsi kronika honetan irakurri daiteke.

DESKRIBAPENA

OHARRA: Sarreran komentatu dudan moduan, 2024ko urrian Asierrek eta biok bidea errepikatu genuen, lehen luzean izandako luiziak zein eragin izan duen ikusteko. Hau dela eta, lehen luzeko azalpenean aldaketa batzuk egin ditut bidea orain dagoen moduan azaldu dadin. Kronikan zehar argazki berri batzuk ipini ditut.

Altsasuraino lanbro artean joan ginen eta Eginon zein eguraldi izango genuenaren zalantza handiak genituen. Baina Ziordiatik aurrera lanbro gehiena desagertu, zerua oskarbitu eta tenperaturak behera egin zuen. "Ostia, hotzaaaaaa, ehh!!!!!!" Bota zuen Ikerrek kotxeak 0,5 gradu adierazten zituela ikusita.

Eginora iristen, tenperatura fresxkoa, jejeje.


Elizaren ondoan kotxea utzi, trasteak hartu eta, eskuak ez hozteko poltsikoetan sartuta, herritik presarik gabe atera ginen.

Eginoko kaleetan.


Nahiz eta Eginotik lasai atera azkenean gorputza berotzeko abiadura zertxobait igo eta  15-20 minutu inguruan bidearen oinera iritsi ginen.

Bidearen oinera iristen eta lehen luzeko; lehen zatiaren nondik- norakoak.


2024ko irailean egindako argazki honetan lehen luzean erori den harkaitz-blokea utzitako hutsunea argi ikusi daiteke.

- Lehenengo luzea, 35 metro, 6a. Materiala arnes eta motxilaren eraztunetan zintzilikatu eta eskuak hoztu baino lehen eskalatzen hasi nintzen: "Aupa mitz!!" Animatu ninduen anaiak. Arnas sakon bat hartu eta bidearen luzerik zailena eskalatzen hasi nintzen.

Lehenengo luzea helduleku txikiko plaka bertikal bat eskalatuz hasten da (6a). Pasagunerik "errazenak" aseguruen ezkerrean topatuko ditugu, hormaren ezker ertzetik gertu mantentzen bagara. Nik lehenengo asegurura eskuin aldetik igo eta bertan ezin jarraitu gelditu nintzen: "Kontu ibili ezkerrera trabesie inbehardet ta" esan nion anaiari. Hankak ireki eta ezkerrera pasatzen hasi nintzen. Eskuentzat helduleku baten bila ari nintzela behatzak hozten hasi zitzaizkidan eta konturatu nintzenerako behatz puntekin ez nuen harkaitzaren helduleku txikiak sentitu ere egiten. Sentsazio desatsegina izaten da heldulekuak ez sentitzea, ez baita jakiten zein indarrarekin heltzen ari den ere. Izugarrizko segurtasun falta sentitu eta hankak dardarka hasi zitzaizkidan eta erori baino lehen eskuin eskuarekin express zinta eutsi eta hormaren ezkerrera pasa nintzen.

Eskuin-ezker zeharkaldian.


Hormaren ezkerretik metroak errazago irabaziz gora egin nuen.

Hirugarren paraboltera iritsitakoan luzeak eskuin aldean erdi-ezkutuan dagoen iltze batera zeharkaldi bat egiten du (V).

Zailena eginda, hirugarren paraboltaren altueran, zeharkaldira hasi aurretik.


Zeharkaldia hasten.


Zeharkaldia 2-3 metro ingurukoa da eta nahiz eta helduleku txikiak izan, oinak non jarri ongi begiratuz gero ongi egiten da. Zeharkaldi honetan eskuetako behatz puntak berriro ere minez hasi eta heldulekuen ukimena berriro ere desagertu zen. Mina gora zihoala ikusita iltzearen asegurutik zintzilikatu eta eskuak berotzen hasi nintzen. "Joer hau da hotzaaaa!!!!" Oihukatu nion anaiari, "Ostia ez esan hoi akojonau ingonazu ta. Ea buelta hartu behar deun" erantzun zidan. "Behin honea iritsita eztau atzea bueltaik" erantzun nion.

2024ko luiziaren ondoren, iltzeraino dagoen tartean ez da aldaketarik izan. Zeharkaldiaren amaieran aldiz, amildu zen harkaitz-blokea aprobetxatzen zen azken metroak eskalatzeko. Harkaitz-blokeak utzi duen hutsunea handia izan da eta zeharkaldia zertxobait zaildu duela uste dugu, V+ inguran geratuz. Dena den, blokeak utzitako diedro itxurako hutsunean arrail bat geratu da agerian,  friend edo artaka-trabagailuak ongi trabatzeko aukera duena.

Zeharkaldiaren amaieran. Argazkia 2024koa da.

Harkaitz-blokeak utzi duen diedro itxurakoa kontuz eskalatu ondoren (V), hormaren gainean dauden arteetara iritsitakoan hormaren inklinazioak behera egiten du (III).

Harkaitz-blokeak utzitako hutsunea goitik ikusita.

Arteetako enborretako batean uztai-zinta bat jarri eta gora jarraitu nuen eskaladatxo erraz bat (III+) eginez, sabai baten azpira iritsi nintzen arte.

Sabaia bi harkaitz artean dagoen 2 metro inguruko arrail bertikal (zertxobait atzera ere egiten du) eskalatuz gainditzen da. Pausu honetan luzearen izerdirik handienak bota nituen. Gorputza nola jarri ez nuen asmatzen eta gainera soken marruskadurak ez zidan askatasun handiz mugitzen uzten. Aseguru bat non jarri bilatzen hasi eta desesperatzen hasita nengoenean eskuineko harkaitzaren gainaldean friend txiki bat trabatzeko arrailtxo horizontal bat topatu nuen. Express zinta jarri eta soketako bat indar handiz expressetik pasatzea lortu nuen: "Bueno, oain pasoa" pentsatu nuen soka gainetik izateak ematen duen lasaitasunarekin.

Harkaitzen arteko arrailean oina bat sartu eta bestea ezker harkaitzean jarriz, eskuentzat leku fidagarririk topatu gabe gora egin eta sokaren marruskadurak kontra egiten zuen indarrak oina bat irristatzeak eragin zidan, pausuan aurrera egin gabe geldituz. Pausuaren oinera jaitsi, soka metro pare bat bildu eta, oraingoan sokaren indarrik gabe pausua eskalatu nuen, lehen luzean eskalatzen den monolitoaren gailurrera iritsiz. Puntu honetara iritsitakoan gomendagarria da bilgunea muntatzea, atzetik datorrena segurtasunez aseguratu nahi badugu behintzat.

2024an monolitoaren gainean bilgunea muntatu ondoren. Lehen luzea bere osotasunean ikusi daiteke.

Iker bilgunera iritsi zenean "zemuzkoa iruittu zaizu?" Galdetu nion. "Ostia, luze ona ateazu, eztet uste nik ingo nunik".

"Ba nei gehio kostau zait azkeneko pasoa 6a-koa baño" esan nion bilgunera iritsi zenean. "Gañea, hasierako zati osoa azeratuz oaindio errexagoa izangoela ustet. Amorrazioa emant dit lehenengo txapari eustea, ustet berokin bide hau errepikau beharra deula. Seguru nau garbin ateatzeko kapaz izango geala".

Lehenengo "bis" bilgunera iristeko, lehenengo bilgunetik 10 metro inguruko gandor estu bat bukaera arte zeharkatu (II), lepotxo batera jaitsi eta 30 metro inguru ezker aldera oinez egin genituen. Bigarren luzearen hasieran, lehen "bis" bilgunea adieraziz uztaidun parabolt bat dago.

Lehen bilgunea muntatzen den lekutik egindako argazki honetan gandorra eta hemendik gora jarraituko ditugun bide eta luze batzuk ikusi daitezke.


Iker lehen "bis" bilgunean eta bigarren luzearen nondik norakoak.


Lehen "bis" bilgunean dagoen uztaidun parabolta.


- Bigarren luzea, 30 metro, 5b. Bilgunera iritsi eta Ikerri soberan nuen materiala pasatu eta luzea hasi aurretik atsedentxo bat hartu eta hidratatzeko aprobetxatu genuen.

Lehen "bis" bilgunean hidratatzen.


Luzearean hasieran.


Luzeak "Z" itsurakoa egiten du hormaren gainean dagoen sabai nabarmena eskuinetik saihestuz. Lehen asegurua ez dago gertu baino zailtasun handirik gabe iristen da. Luzeak zuzen egin beharrean zertxobait ezkerrera doa plaka bertikal bat eskalatu, eskuinera diagonalean doan arrail itsurako batera iritsi arte. Plaka bertikal honetan pasagune fin bat topatuko dugu (5b).

Lehen metroetan.



Arrailaren hasieran, pasagune "fina" atzean utzi ondoren.


Arrailak horma diagonalean ezker-eskuin zeharkatzen du eta helduleku onak ditu. Zeharkaldia nahiko tentea da eta aseguruen arteko tartea ez da motza (V). Iker, aseguruen arteko tartea murriztu asmoz, zalantzan egon zen friend edota harkaitz-zubi batean zinta bat jartzeko, baina azkenean arraila maisutasun handiz eskalatu zuen.

Arrailaren amaieran.


Arrailaren amaieratik luzeak zuzen jotzen du gora bigarren plaka bertikal bat eskalatuz (V). Luzearen azken metro hauek plakaren helduleku onenak jarraituz doa, eta heldulekurik ez dugula uste dugun bakoitzean helduleku eder bat agertzen da. Bilgunea uztaidun bi paraboltez osatua dago.

Anaiak igotzen hasteko esan zidanean, soka gainetik eramanda, luzea lasai hartuko nuela proposatu nion neure buruari.

Luzea hasten, atzean lehen luzean igotzen den monolitoa ikusi daiteke, baita Egino ere.


Eskuak eta oinak mugitu aurretik heldulekuak lasai topatuz luze eder honekin izugarri gozatu nuen.

Arrailaren amaieratik bilgunera egindako argazkia. Ikerren azpian luzeak saihesten duen sabaia ikusi daiteke.


Bigarren plaka bertikala eskalatzen.


Bilgunera iritsi nintzenean luze honetan gozatu nuena ezin izan nuen disimulatu: "Ostia, ze luze ona!!!!!" Esan nion Ikerri, "luze hau azpitik iriki bazuten, profesional modun aittu zien, denbora guztin hormaren ahuldadek aprobetsatuz". "Nik ere kristona disfrutauet" esan zidan anaiak, "oso ona, bai jauna!!"

Bigarren bilgunean.


2024ko argazki honetan bigarren luzea bere osotasunean ikusi daiteke.

- Hirugarren luzea, 20 metro, IV+). 2015 urtean hirugarren eta laugarren luzeak luze bakarrean eskalatu genituen, baina ez da gomendagarria modu honetan eskalatzea, soken marruskadura izugarria baita. Hau dela eta, oraingoan bi luzeen kontaketa banatzea erabaki dut, 2024an eskalatu genuen moduan.

Bigarren bilgunean eta hirugarren luzeko lehen bi paraboltak.


Hirugarren luzea bilgunearen zertxobait ezkerretik zuzen eskalatuz hasten da (IV+). Pausua ez da zaila baina lehen asegurura iristeko nahi baino izerdi gehiago bota nituen.

Lehen eta bigarren parabolten artean sabaitxo bat eskalatu (aurreko pausua baino errazagoa) eta luzearen zailtasunak atzean utzi nituen. Pasagune hau erraztu daiteke ezkerrera doan erlaitz inklinatu bat eskalatu, hormaren ezker ertzara hurbildu eta bertatik metro pare bat eskalatzen baditugu (IV).

Luzearen zailtasunak pasa ondoren.


Iker bigarren bilgunean.


Bigarren paraboltetik gora ezker ertzara hurbildu, bertan harkaitz baten puntatik zinta bat pasatu eta zailtasun handirik gabe arte baten atzeko harkaitzean dagoen hirugarren bilgunera iritsi nintzen.

Hirugarren bilgunea.


- Laugarren luzea, 40 metro, IV. Hirugarren bilgunetik zertxobait gorago soka bat jarrita dago arte batzuen enborren inguruan. Komeni da bertan lehen express-zinta jartzea, soka hormaren azpian dagoen harlauza batean ez trabatzeko.

Luzeak eskuinera diagonalean jarraitzen du bilgunetik 8 metro ingurura dagoen iltze batera arte (III).

Iltzearen parean.

Laugarren luzeko iltzea.

Iltzetik gora diedrotxo itxurako batetik gora zuzen jarraitu nuen (IV).

Diedrotxoa eskalatzen.

Diedrotxo itxurakoa eskalatu ondoren goian dauden arteen eskuinera mantendu eta, destrepetxo baten ondoren, parean dagoen horma etzanera zuzendu nintzen. Helduleku oneko plaka etzan bat (II+) eskalatu ondoren, enborrean soka bat jarrita duen arte batean aseguratu eta, pixkat gorago dauden arteen arteko pasabidetik zuzen eskalatzen jarraitu nuen, bilgunera iritsi aurretik dagoen plakatxo tentean (III) aseguru bakarra jarriz.

Diedroa eskalatu ondoren eta destrepetxoa egin aurretik egindako argazki honetan enborretik soka jarrita duen artea ikusi daiteke, baita luzeak nondik jarraitzen duen ere.

Bilgunetik 3-4 metro ingurura nengoela Ikerren telefono deia jaso nuen: "talkie bateri gabe geldittua ta, asko falta zaizu bilgunerarte?"; "3-4 metro inguru", erantzun nion.

Laugarren bilgunean eta bosgarren luzeko paraboltak.


Iker bilgunera iritsi zenean, traste guztiak pasatu eta bosgarren luzea eskalatzen hasi zen.

- Bosgarren luzea, 25 metro, V. Luzeak gainean dugun horma zuzen-zuzen jarraitzen du eta hiru zatitan banatu daiteke.

Lehenengo zaitan ia bilgunetik gora doan arrail bat eskalatzen da (V). Eskalada honetan helduleku onak topatu eta asko disfrutatuko dugu.

Iker lehen arrailean.


Lehen arrail hau eskalatuta bi arrailen artean dagoen plaka eskalatzen da (V). Metro batzuk ezker arrailetik eta beste batzuk eskuinekotik eskalatuz, heldulekuak ongi bilatuz (oso onak daude eta), bigarren zati hau ere arazorik gabe eskalatuko dugu.

Iker bi arrailen arteko zatia amaitzen.


Bigarren zatia eskalatu ondoren sabaitxo baten azpira iritsiko gara. Sabaitxoa oso ongi babestua dago eta uste baino errazago eskalatu genuen (IV).

Sabaitxoa eskalatzear. Pausua babesten duen paraboltean expressa nola jarrita dagoen ikusi daiteke.


Behin sabaitxoa eskalatuta lepotxo batera jaitsi eta bertan bosgarren bilgunea dago. Bilgunea uztaidun parabolt batez osatua dago, baina Ikerrek, badaezpada, ondoan duen harkaitz-zubi batetik pasatako zinta batekin indartu zuen.

Bosgarren bilgunean eta atzean seigarren eta azken luzearen lehen metroak.


"Ze ona luze haure!!!!!" Esan nion Ikerri, "bigarren luzea ta hau akojonantek die". "Nik ere honekin la ostia disfrutauet" esan zidan anaiak zoriontsu.

Bilgunean atsedentxo bat hartu, Ikerri traste guztiak hartu eta azken luzea eskalatzen hasi nintzen.

- Seigarren luzea, 40 metro, IV+. Luzea 5 metro inguru eta helduleku ederretako diedro bertikal bat eskalatuz hasten da (IV+). Diedroan pitzadura eder bat dago eta bertan friend-ak ederki trabatu daitezke. "Diedroa kremailera bat bezela utzi behardet" esan nion anaiari "hola sikiera materiala ezteu alperrik paseauko jejejejeje". Ahotik arraina hiltzen dela esaten dute eta diedroa bi friend trabatuz babestu nuen, beste material guztia "pasiatuz" jejejeje.

Diedroaren hasieran.


Diedroaren eskalada amaitzen.


Izugarri disfrutatzen!!!!!!


Bosgarren bilgunea diedroaren bukaeratik.


Diedroaren eskaladaz haur baten moduan gozatu ondoren, hormaren amaieran dagoen haitz batera igo eta azken bilgunera iritsi aurretik dagoen gandor motz eta erraza zeharkatu nuen. Gandorrak ez dauka aparteko zailtasunik, baina badaezpada harkaitz bateko arrailtxo batean friend bat trabatu nuen, aseguru puntu bat izateko.

Azken bilgunea gandorraren amaieran eskuinean dagoen plaka txiki batean dago eta hau ere uztaidun parabolt batez dago osatua.

Seigarren bilgunean.

Iker haitzaren gainean.


"Ze ona bidea!!!!!" Bota zidan Ikerrek bidea amaitu zuenean. "Joer, ba bai" erantzun nion, "bazen denbora hainbeste disfrutatzen ez nunik".

Trasteak jaso eta azken luzeko diedroa amaitzen den haitzera igo ginen argazkia egitera.

Bi anaiak bidea amaitzen den haitzaren gainean, "ze onaaaaaa!!!!!"


Bion argazkia egin, soberan genuen likidoa amaitu eta beheko bidea hartu genuen.

Jaitsierako bideak ez dauka galtzeko arrisku handirik Aztorea eta Usotik behera doan bidea denbora osoan bistan dugu eta.

Trasteak jaso eta gero Aztoreik behera doan biderarte gutxi gora behera jarraitu genuen bidea.


Aztorearen ikusmira ikusgarria, hego mendebaldeko gandorra parez-pare. Ea noiz eskalatzen dugun.


Esan bezala, bideak galtzeko arriskurik ez dauka, baina behin baino gehiagotan esan dudan moduan, jaitsiera hau harkaitza heze edota bustiarekin arriskutsu izan daiteke. Ez zen gure kasua izan eta gutxi gora behera 25 minutuetan Eginora itzuli ginen izugarrizko sentsazio ederrekin.

Amaiera moduan aitortu beharra daukat "Matices" bidea erabat gomendagarria dela eta ezusteko ederra izan dela bide hau eskalatzeak. Lehen luzea estutu beharrekoa da baina beste luzeetan ederki gozatuko duzuenaren zalantzarik ez daukat. Pena da hain bide eder eta harkaitz onekoa hain gutxi errepikatua izatea, benetan merezi du eta.

Bide hau berriro ere errepikatuko dugunaren zalantzarik ez daukat!!!!!!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina