AZKEN 10 SARRERAK

2015/12/15

AIAKO HARRIAK (ARITXULEGI): "BASURDEEN BEGIRATOKIA" bidea, 160 metro, IV (2015/12/12)

Astebururako antizikloiaren eraginpean izango ginela iragarrita zegoen, hego haizea bete-betean, goizak freskoak eta lanbroa non-nahi. Abenduaren erdialdera iristen ari garela kontutan izanda harkaitz eskalada ahalik eta gehien luzatzen saiatzen ari gara, negua bete-betean sartzen denean ezin izango baitugu harkaitza ukitu Aste Santura arte.

Asierrek igandean Gasteizko maratoia erdian parte hartzekotan zegoenez larunbaterako plan baten bila aritu ginen. Hasiera batean gure plan guztiak Eginora zuzendu genituen, baina iragarritako lanbro itxia Eginoraino heldu zitekeenaren beldurrez "B" plan baten bila hasi ginen. Garai honetan lanbro itxiarekin eskalatzeak badakigu zer daukan: harkaitz hezea eta kriston hotza.

Interneten saltseatzen hasi eta "mendia eta eskalada" blogean Aiako Harrietan eskalada bide bat ireki berria zegoela ikusi nuen: "Basurdeen begiratokia". Bertako krokisa begiratu eta bideari IV+ zailtasuna ematen ziotela ikusi nuenean Iker eta Asierri plan alternatibo moduan bide ona izan zitekeela planteatu eta Ikerrek zuzenean bide hau eskalatzeko proposatu zuen: "Gañea hemen ezteu lanbroik izango, ta aspaldiko partez graniton eskalatuko deu".

Krokisa berriro ere begiratu eta IVko pausuak isolatuak zirela irakurrita Asierrek zapatilekin eskalatzeko aukera bota zuen: "hola eskalada interesgarrigoa izangoa" bota zuen irrifartsu.

Honela, larunbatean zortzi eta erdietan Iker eta Asier jaso eta  Aritxulegi mendatean dagoen Arritxulo aterperako bidea hartu genuen bide berri hau eskalatzeko asmotan.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 160 metro.
Luzeak: 5.
Nork irekia: Juanillo eta Cesar Atorrasagasti (laguntzaileak Alberto Fernandez eta Stig Larrañaga).
Zailtasuna (gure iritzi apalean): IV. Luzez-luze: 1ºL: III+ (35 m), 2ºL: III (25 m), 3ºL: IV (25 m), 4ºL: III+ (55 m) eta 5ºL: II+ (20 m).
Orientazioa: Hego mendebaldea, udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut.
Hurbilketa: Arritxulo aterpetik 10 minutu eskas.
Jaitsiera: 25 minutu inguru.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 10 express zinta (batez ere luzeak) eta zinta batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneetan oihuka ez aritzeko. 
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: ordu eta laurden inguru presarik gabe.

BIDEAREN KROKISA

Bideak jarraitzen dituen hormak, eskuinean Arritxulo aterpea.


Krokisa zehatzago.


BIDEAREN OINERA IRISTEKO

Lehenik Arritxulo aterpera joan beharko dugu. Aterpera iristeko jarraitu beharreko azalpenak hemen irakurtzeko aukera izango duzue.

Arritxulo aterpetik irten eta berriro ere GI-3420 errepidera joan beharko dugu Oiartzungo norabidean.

Kotxea Arritxulo aterpeko aparkalekuan utzi ondoren eta hemendik aurrera jarraitu beharreko bidea.


GI-3420 errepidean behera.


Bidean Aritxulegiko eskalada eskolako "karretera sektoretik" pasako gara

"karretera sektorearen" oinean.


50 metro eskas beherago, errepidean ezkerrera doan bihurgune bat dago. Bihurgune honetan errepidea zeharkatu eta mendian gora hasiko gara.

Bihurgunera iristen eta gorriz jarraitu beharreko bidea.


Errepidea utzi ondoren jarraituko dugun bidea.


Errepidea utzi eta parean dugun arantzadun burdinarizko hesira igoko gara. Igoera hau errazteko soka finko bat jarrita dago.

Iker soka finkoan.


Hesia zeharkatu eta bidexkak ezkerrera hartzen du. Pago gaztedun pagaditxo batean metro batzuetan igo ondoren berriro ere eskuinera hartu eta bidearen oinera iritsiko gara.

Oinera iristen.


Guztira Arritxulo aterpetik bidearen oinera gutxi gora behera 10 minutu pasako ditugu lasai joan ezkero.


Ibilbide osoa (hurbilketa eta jaitsiera barne) deskargatu nahi baduzue...




DESKRIBAPENA

Iker eta Asier jaso eta martxan jarri nintzenean Asierrek Xabier Larretxeak bere "eskalatzen" blogean bide honen deskribapena egina zuela komentatu zuen. "No jodas!!" Esan nion, "jakin izan banu krokisa ekarriko nun". "Bazenekila uste nun" esan zidan Asierrek. "Ke ba. Mendia eta eskalada blogen bakarrik begirauet" erantzun nion.

Oiartzunen 3 eta Arritxulo aterpean 6 gradu zeudela iritsi ginen: "Joer hau da hotza!!!" Esan zuen Ikerrek kotxetik atera zenean, "nahibazue zuek bidea egin ta nik kotxen epelen etxoingoizuet, jejejeje".

Motxilak eta trasteak hartu eta presa handirik gabe martxan jarri ginen, forro polarrak eta berokiak goraino lotuta genituela.

"A ze detallea soka bat jartzea hesira igotzeko" komentatu nien arantzadun burdinarizko hesia zeharkatu nuenean, "ba bai" erantzun zidan Asierrek, "Larretxeak esateo bidea dexente garbittu duela". Hesitik hasten den bidexka jarraitu eta di-da batean lehen luzeko lehen "kimikoak" ikusi genituen.

Bidearen oinera iristen eta lehen luzearen nondik norakoak.


Lehen luzea, 35 metro, III+. Sokak lurrean utzi eta materiala motxilatik ateratzen hasi ginen. Katu oinak jarri behar ez izateak ematen dituen azkartasunagatik di-da batean prestatu eta Asier eta Iker oraindik pronto ez zeudela ikusita express zintak arnesetik zintzilikatzen hasi nintzen: "luze honi nik emagoiot" esan nien. Asierri bi sokak eman, aseguradoretik pasatu eta eskalatzen hasi nintzen.

Zapatilak hezeak izanda lehen pausuak zalantza handiz egin nituen, baina granitoak duen itsasgarritasun handiak zalantza guztiak berehala uxatu zizkidan. Luzeak bi zati ditu: hasiera batean hormatxo etzan bat eskalatu egiten da, erraza, granitoarekin lehen harremanarako ederki etortzen dena. IIIko zailtasunaren inguruan egongo da. Kareharriarekin ohituta izanda, hasieran arraroa egin zitzaidan helduleku kamutsei helduz metroak irabaztea, baina oinek primeran eusten zutela ikusita metroak erraz irabazi nituen.

Bigarren hormatxoa eskalatzear nengoela azpiko basoetan tiro batzuk entzun eta Ikerrek oihu egin zidan: "beida gora ze uso bandadea!!!". Gora begiratu eta gure gainean uso bandada handi batek buelta batzuk eman eta usoek nora joan adostu zutenean mendiaren bestaldean galdu ziren. Sobra ere basurdeak ehizatzen ari ziren ehiztariek usoak lo kuluxkatik esnatu zituzten.

Luzea hasten.


Lehenengo hormatxoaren amaieran.


Lehenengo hormatxoaren gainetik behera egindako argazkia.


Lehenengo hormatxoa eskalatuta bigarren hormatxoa eskalatzen hasi nintzen eskuinaldera diagonal bat eginez. Hasieran hormatxoa ez da oso etzana (III) baina helduleku ederrak ditu. Hormak eskuin-ezker zeharkatzen duen diagonal bat zeharkatu eta 2-3 metroetako "diedro" itsurako hormatxo bertikal bat topatu nuen. Kezka pixkat nuela diedrotxora hurbildu eta helduleku ederrak zituela ikusita erraz eskalatu nuen (III+).

Diedrotxoa eskalatzen.


Diedrotxoa eskalatu ondoren horma etzaten da  (III) eta zailtasun handirik gabe bilgunera iritsi nintzen. Bilgunea, bide guztikoak bezala, uztaidun bi paraboltez osatua dago.

Lehenengo bilgunea.


0 bilgunea 1 bilgunetik.


Bilgunea muntatu eta Asier eta Ikerri talkietik igotzen hasteko eskatu nien. 

Lehen hormatxoaren gainetik bilgunera egindako argazkia. Sokak goian gurutzatzen diren lekuan (horma eskuin ezker zeharkatzen duen diagonalaren ondoren) dago luzearen zailtasunik handiena, diedrotxoa alegia.


Asier luzea hasteko prest.


Iker bilgunera eta Asier diedrotxora iristen.


"Ostia, uste baño gehio kostazait" esan zidan Ikerrek bilgunera iritsi zenean. "Normala, lehen luzea da ta gañea zapatillakin gare" erantzun nion. "Zu zemuz Asier?", "Bueno, erraza" erantzun zigun.

Hiruok lehen bilgunean.


Bigarren luzea, 25 metro, III. Ikerri erabili gabeko express zintak pasatu eta eskalatzen hasi zen: "fijau zea? Atzetik beste bi kordada datoz" esan zidan Asierrek. Behera begiratu eta lau eskalatzaile eta hauen atzetik beste hiru zetozela ikusi nuen. "Joer, hoi da famea hartu duna bide honek denbora gutxin, jejeje" erantzun nion.

Bigarren luzea ere bi plakatxotan banatzen da. Lehenengo plaka eskuin-ezkerrean diagonalean eskalatzen den plaka etzana da (III).

Lehenengo plakan.


Metro batzuk errazago zuzen eskalatu ondoren (II+) bigarrengo plaka bat eskalatuko dugu.

Bigarren plakara iristen.


Bigarren plaka lehenengoa baino tenteagoa da, baina helduleku oso onak ditu (III).

Bigarren plakan.


Iker bigarren plaka eskalatu eta berehala bilgunera iritsi zen.

Bigarren bilgunean, argazkia lehen bilgunetik egina dago.


Asier bigarren luzearen hasieran.


"Oiango hau zemuz?" Galdetu nion Ikerri bilgunera iritsi nintzenean. "Askoz hobe" erantzun zidan, "hemen kristona disfrutauet, ta gañea errexa izanda gehio".

Iker eta Asier bigarren bilgunean.


Bigarren bilgunetik bigarren "bis" bilgunera iristeko 15 metro inguruko oinezko ibilbidetxoa egin behar da bilgunetik bertatik ikusten den hormaraino.

Sokak jasotzen ez aritzeagatik Asier eta biok bigarren "bis" bilgunera oinez jarraitu (luze bat egiten arituko bagina bezala) eta bertatik sokak (eta Iker, jejejejeje) jaso genituen.

Bigarren "bis blgunera iristeko egin beharreko ibilalditxoa eta hirugarren luzearen zehaztasunak.


Asier bigarren "bis" bilgunera iristen, Iker bigarren bilgunean erdi izkutuan ikusi daiteke.


"A ze garbittue hemen indutena", esan nien bilgunera iritsi zirenean, "desbrozadora ta dena pasa duela emateo". Egia esan behar bada, bide osoan egin duten garbiketa lana txalotzeko modukoa da.

Hirugarren luzea, 25 metro, IV. Luze hau da bideari zailtasuna ematen diona. Hasieran 6 metro inguruko horma bertikala (zertxobait extraplomatua punturen batean) dago (IV) baina heldulekuak paregabeak ditu eta uste baino errazago eskalatzen da. Eskalada hau garbi ikusiko ez bagenu, pausu hau hormaren eskuinean dagoen belar-kanal batetik saihestu daiteke.

Asierrek express zinta guztiak hartu eta luzea konfidantza osoz eskalatzen hasi zen. Gozada bat da Asierrek aurten duen konfidantza eta eskalatzeko erraztasuna ikustea. Ia argazkiak egiteko denborarik ere ez zidan eman, eta konturatu nintzenerako luzearen pausu gogorra eskalatua zuen.

Luzearen lehen metroetan.


Oinentzat leku baten bila.


Zatirik zailena eskalatu ondoren.


Horma bertikala eskalatu ondoren horma etzan egiten da (III) zailtasun handirik gabe bilgunera iritsiz.

Bilgunera iristen.


Asierrek bilgunea muntatu eta talkietik  "nahizuenen"  entzun genuenean eskalatzen hasi ginen.

Iker horma bertikalatik ateratzen.


Bilgunera daraman IIIko zatian.


Hirugarren bilgunean.


Donostia gure ezkerrean. Arraroa egin zitzaigun eskalatzen aritu eta denbora osoan itsasoa gure ondoan ikustea.


"Paso politte, eh?" Esan zigun Ikerrek bilgunera iritsi zenean. "Bai. Pena luzea luzego ez izatea" Asierrek. "Halare eztakit ba honek 4c izango dunik, ez?" Bota nien, "beste lekutako kuartok nolakok dien kontutan izanda eta ditun heldulekuengatik kuarto ingurun ibilikoa, ez?". "Nik hala ustet" esan zidan Asierrek, "oiangoz gradue pixkat gañetik jarri dutela emateo".

Solasalditxoaren ondoren hirugarren "bis" bilgunera joan ginen. Honetarako 25 metro inguruko oinezko ibilbidea egin genuen ongi garbitutako bidexka bat jarraituz. Aurretik egin genuen bezala, oraingoan Iker eta biok bilgunetik irten ginen sokak jaso gabe eta hirugarren "bis" bilgunera iritsi ginenean sokak jasotzen hasi ginen. Luzea kimiko bat duen harkaitz baten azpian hasten da.

Hirugarren "bis" bilgunera dagoen ibilbidea eta laugarren luzea zehaztuta.


Asier bilgunera iristen.


Mujika anaiak hirugarren "bis" bilgunean.


Laugarren luzea, 55 metro, III. Luzea aurrean genuen 3-4 metroetako harkaitza eskalatuz hasi nuen. Harkaitza ez da oso handia eta eskaladatxoa atsegina da (II+).

Harkaitza eskalatu ondoren.


Honen ondoren ezker-eskuin eskalatzen den plaka etzana alderik-alde zeharkatu behar nuela ikusita, harkaitzean eta plakaren hasieran jarri nituen express zintak gainean nituen luzeenak izan ziren, sokaren marruskadura ahalik eta gehien arintzeko. Zeharkaldiak ez dauka aparteko zailtasunik (II+) eta honen erdian gutxi gora behera bertikalagoa baina helduleku onak dituen irtengune motz bat igo nuen (III). Irtengune hau eskalatuta eskuinera erdi-oinez jarraitu nuen lurrean dauden kimikoetatik expressak pasatuz. Egia esan, kimiko hauek pasagunea aseguratzeko baino bidea ez galtzeko jarriak daudela iruditu zitzaidan.

Zeharkaldiaren amaieran. Hirugarren "bis" bilgunea eta honen gainetik dagoen harkaitza ikusi daitezke.


Hansel eta Gretelen moduan, kimikoak jarraituz, zeharkaldiaren amaieran eskaladatxo zuzen eta erraz bat (II) egin eta bilgunera iritsi nintzen.

Iker eta Asier bilgunera iristen.


Laugarren bilgunea.


"Zer?" Galdetu nien. "Joer, oso erraza luze hau" erantzun zidan Ikerrek. "Eta erdiko paso horri kuarto emateiote?" Galdetu zidan. "Ba krokisen arabera bai" erantzun nion. "Ta azkeneko luzeri?" Asierrek, "ba, terzero ustet" esan nion. Biei begiratu eta jarri zuten aurpegia ikusita "eta sokaik gabe itten badeu?" Galdetu nien "oain arte ikusitako zailtasunegatik errez ingodeula ustet".

Bitan pentsatu gabe biek baiezkoa esan eta material guztia jaso egin genuen.

Laugarren bilgunetik laugarren "bis" bilgunera iristeko 25 metro oinez nahiko zuzen egin behar dira. Azken luzea non hasten den topatzea erraza da, parean dugun horma eskalatzen da eta.

Azken luzerako bidean, argazkian luzearen nondik norakoak margotu ditut.


Bosgarren luzea, 20 metro, II+. Hormaren oinera iritsi eta zuzenean, kimikoak jarraituz, eskalatzen hasi ginen.

Asier zertxobait eskuinerago eskalatzen hasi zen zailtasun gehiagoren bila.


Harkaitzak, orain arte moduan, ikaragarrizko itsasgarritasuna eta helduleku onak dituela aprobetsatuz metroak erraz irabazi genituen.

Iker luzea amaitzen.


Luzea ez zitzaigun zaila iruditu eta zailtasunaren aldetik II+ inguruan egon daitekela pentsatu genuen: "Piriniotako hirumilakotan sokaik gabe hau baño gauza zailegok inda gare" esan nien. "Joer, ba bai" esan zidan Ikerrek, Bardaminako krestan adibidez, ta gañea harkaitza bustie ta botakin".

Asier azken bilgunean.


Traste guztiak jasota genituenez, bilgunean denborarik pasa gabe aurrera jarraitu genuen.

Jaitsierako bideak ez dauka galtzeko arriskurik. Oteen artean garbitu duten bidexkak gutxi gora behera ipar ekialdeko norabidean jarraituz 3 minutu inguruan GR-121 ibilbideraino iritsi ginen. Bidea garbitzeaz aparte oteetaik telazko zati txuri batzuk zintzilikatu dituzte biderik ez galtzeko.


Gutxi gora behera jaitsieran egin genuen bidea.


Gure eskuinean, eskalada osoan bezala, Arritxulo aterpea izan genuen.


GR-121 ibilbidearekin topo egindakoan eskuinera (ibilbidearen norabidean) hartu genuen.


Jaitsieran Aritxulegiko eskalada eskolaren "goiko sektoretik" pasa ginen.

"Goiko Sektorera" (aurrean ikusten den hormara) iristen.


Sektore honetako bideak ikusten izan ondoren (bide batzuk oso gogorrak dirudite), gure bideari ekin genion. Atzera begiratu genuen batean sektore hontatik gora kordada bat ikusi genuen: "hara, ez da plan txarra basurdeen begiratokia bukau ta hemendik gora jarraitzea" esan nien. "Deskuidau ezkeo mendia eta eskaladakok ai die bide berrin bat ekipatzen" erantzun zuen Asierrek.

Hormak atzean utzi eta malda bat jaitsi ondoren, zutabe elektriko baten ondoan GR-121 bidea utzi eta eskuinera doan SL bidea hartu genuen, di-da batean Arritxulo aterpera itzuliz.

Jarraitutako bidea. GR-121 bidea uzten den zutabe elektrikoa ikusi daiteke.


Oraingoan SL arrastoak jarraituko ditugu.


Atzera azken begirada, paraje ederrak hemengoak.



Guztira, atsedenak barne, eskalada bidearen amaieratik Arritxulo aterpera 25 minutu inguru pasa genituen.

"Zemuzkoa bidea iruittu zaizue?" Esan nien kotxera iritsi ginenean, "nei asko gustauzat" esan zuen Ikerrek "errexa ta disfrutatzeko oso ona". "Umekin etortzeko ona" esan zuen Asierrek "eskalatzaileentzat baño mendizalentzat hobe". "Neire hala iruittuzait" esan nien "gañea gradue goitio jarrita daulare esango nuke". "Bai, nik ere hala ustet" erantzun zidan Asierrek.

Egun batzuk pasa dira bidea eskalatu genuenetik eta, nire uste apalean, bidearen gradu "ofiziala" zertxobait goian jarrita dagoela esango nuke (espero dut bidea ireki zutenak ez haserretzea). Haur, eskaladan hasiberri nahiz soka batekin lehen aldiz lotuta ibili nahi duen bakarren batekin hasteko bide ederra da, hurbilketa eta jaitsiera azkarrekin, goiz edo arratsalde pasa baterako primerakoa.

Klasiko batean bihurtuko denaren zalantzarik ez daukat, guk eskalatu genuen egunean bakarrik gure atzetik bost kordada sartu baitziren. Bide hau ekipatu eta prestatutakoan gauzak oso ongi egin direnaren seinale. Zorionak eta eskerrak bidea ekipatu dutenei!!!!