Duela hiru urte Garbiñe Uriartek idatzitako "Guía de escaladas en Álava" eskuliburua erosi nuen. Eskuliburuak Eginori eskeinitako lekura joan eta Antxon Gorrotxategik irekitako bideak zeudela ikusi nuenean "bueno..." pentsatu nuen "eskuliburue egunerauta dau". Leku berean ezagutzen ez nituen hainbat luzeetako beste eskalada bide batzuk topatu nituen ("Matices", "El queso"...), baina horien artean batek atentzioa deitu zidan, bai izenagatik baita zailtasunagatik ere: "El Pájaro Loco", 4a zailtasuneko ekipatu gabeko bidea. Bidea nondik nora zihoan gutxi gora behera banekien "Arista de los Caracoles" gandorraren eskuineko monolito eta hormak eskalatzen baitira. Interneten informazio bila hasi eta ez nuen ezer aurkitu Woody Woodpecker "txori eroaren" marrazkiak izan ezik.
Asierri deitu eta 2013ko abuztuaren 24ean bidea hasten den oinean geunden ahozabalik gora begira. Krokisean azaltzen den IIIko luzea ez genuen inondik-inora ikusten, honegatik horma bertikal horretan IIIko luzea nondik egin zitekeen miatzen hasi ginen. Oraindik gogoratzen dut Asierrek esaten zidana: "IIIko luzea bada oso ebidentea izan beharrauke". Egun horretan hormaren erdia zeharkatzen duen belar-kanalaren ezkerraldetik (ia ertzetik) eskalatzen saiatu ginen baina behera jaitsi beharrean izan ginen hormaren goiko zatian ez aurrera ez atzera gelditu ginen eta. Azkenean belar-kanalaren eskuinetik lehen luze bat beldur handiz eskalatu genuen, horma dirudiena baino bertikal eta harkaitza dirudiena baino aske eta hauskorragoa baita. Hormaren eskuineko ertzetik eskalatu ezkero eskalada II-III inguruan ibiliko zela kalkulatu genuen, baina eskuliburuan bidea hormaren erditik zihoala ikusita bidearen berezko igoera ertzetik izango zela baztertu genuen. Asierrek orduan esaten zuen bezala: "bidea hain ebidentea bada, harritzekoa Eginoko III-IVko bide baten inguruko informazioik interneten ez eotea". Egia esan, eta honekin ez dut Garbiñeren lana gutxietsi nahi (nahikoa lana eta goraipatzekoa bada Araban, eta Eginon zehazki, dauden eskalada bide guztiak azaltzea), eskuliburuan azaltzen den krokisa ez da oso zehatza eta bidea ere ez da zehaztasun handiz deskribatzen, bakarrik bidea ekipatu gabea eta 4a zailtasuna duela dio.
Orduan gelditu zitzaigun arantza noiz eta nola kendu desiatzen geunden, honegatik Asier eta Ikerri bide honi beste saiakera bat egiteko aukera proposatu nienean ez zidaten ezezkorik esan. Txarrenean, bagenekien hormaren eskuin ertzetik erraz igotzerik izango genuela, baina guk eskuliburuan azaltzen den luze "misteriotsu" hori topatuko genuen esperantzarekin Eginora joan ginen.
Badaezpada, aurreko astean "Irati" bidea eskalatu genuenean egin nuen bezala (azken orduan Xabier Larretxearen deskribapen zehatza topatu nuen), berriro ere interneten bilatzen hasi nintzen, baina duela bi urte bezala, "Txori eroaren" marrazkiak besterik ez nituen topatu. Orduan berriro ere Asierrek duela bi urte esanadakoa burura etorri zitzaidan: "bidea hain ebidentea bada, harritzekoa Eginoko III-IVko bide baten inguruko informazioik interneten ez eotea".
Hiru urte beranduago, 2015eko urriaren 30ean, egun haizetsu eta hezean, Asier, Iker eta hiruok eskuliburuak lehen luzea hasten dela dion lekuan geunden berriro ere, oraingoan ere hormari ahozabalik begira.
BIDEAREN DATU BATZUK
Luzera: 195 metro.
Luzeak: 5.
Nork irekia: Datu hau ez dut inon lortu, baina bidearen hasieran topatu genituen iltzeak bidea ireki zenekoa badira aspaldian irekitako bidea izango da.
Zailtasuna: 4c/5a. Luzez-luze: 1ºL: 4c/5a (50 m), 2ºL: 4a (55 m), 3ºL: 4a (20 m), 4ªL: 4c (45 m) eta 5ºL: 3c (25 m). Azken hiru luzeak izan ezik beste luze guztiak ekipatu gabe daude, nahiz eta bigarren luzetik aurrera uztaidun parabolt bakarren bat topatu. Dena den, hiru luze hauetan nahiz eta paraboltak egon komeni da friend joko bat eramatea parabolt batzuen arteko tartea handia baita. Lehen luzearen eskalada kontu handiz egin beharreko luzea da, batez ere zailtasuna ematen dion pausu gogorra, kolokan dauden harkaitzak daude eta. Harkaitz sendoak izan ezkero pausu hau 4b-4c artean izan zitekeen.
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 25 minutu inguru.
Jaitsiera: "Aztorea" eta "Usoa"-tik jaisteko bide beretik. Bidearen amaieratik Eginora 35 minutu inguru lasai joanda.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 15 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako, Alien semaforoa (grisa baita ere), Camalot jokoa eta lincam gorri eta horia. Badaezpada mailua eta iltzeak ere eraman genituen baina ez genituen erabili. Bukatzeko, Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzen pasatako denbora: 3 ordu.
BIDEAREN KROKISA
Bidearen nondik norakoak eta honen ondoan dituen horma eta bide ezagunak.
Krokisa zehatzago.
OHARRA
Apirilak 1 eta abuztuak 31 artean "Usoa" eta "Aztorea" monolitoen arteko bidetik babestutako espezien habiagintzagatik ibiltzea (baita monolito hauetako eskalada ere) debekatuta dago. Eginora itzultzeko kronika honetan azaldutako bideak jarraitu beharko digutu.
Eskalada eta sarbidea debekatzen duen kartela. Debekatutako eremua "Usoa" eta "Aztorea" eremuetara mugatzen da.
BIDEAREN OINERA IRISTEKO
Gorriz bidearen oinera iristeko bidea, urdinez eskalada-bidea eta orlegiz jaitsiera. Argazkian inguruko beste eskalada ezagunak idenfikatu ditut, "Arista de los Caracoles" besteak-beste.
Egino herritik atera eta "Usoa" eta "Aztorea"-ra doan bidea jarraituko dugu.
Eginotik eskalada bidea ikusiko dugu.
"Usoa"ra doan bidean.
"Usoa" gure eskuinean utziz monolitoetara daraman bidea hartuko dugu. Urdinez, jaitsieran jarraituko dugun bidea.
Monolitoetara doan bidean, gure eskuinean "Matices" bidearen hasiera utziko dugu, argazkian ikusten den bezala.
"Matices" bidearen oinetik 30 metro ingurura, monolitoetara doan bidea utzi eta eskuinera bidexka bat hartuko dugu, "Reserva de caza" kartel horia duen zuhaitz bat erreferentzi bezala hartuta.
Monolitoetara doan bidea utzi ondoren, aurrean ikusten den zuhaitz okerra da kartel horia duena.
Zuhaitzaren ondoan, zuhaitzaren ezkerrean bidearen oina ikusi daiteke.
Aldapatxo bat igo ondoren bidearen oinera iritsiko gara. Kotxetik guztira 25 minutu inguru pasa genuen.
Oinara iristen, dagoeneko Asier bertan dago.
DESKRIBAPENA
Goierrin eguna nahiko oskarbi eta epel esnatu zen. Forro polar fina hartu hala ez zalantzan izan nintzen, baina azkenean armairuan gorde eta haizeagatik babesteko txamarra fina motxilan sartu eta gero etxetik manga motzean atera nintzen. Etxegarateko mendatetik aurrera hodeiak zeruan nagusitzen zirela ikusi eta Eginora iritsi ginenerako zerua erabat estalia zegoen. Zeru lainotsua eta kotxea mugitzen zuten haize boladak ikusita, aitortu beharra daukat ez nuela ezer onik espero. Gainera tenperaturak nabarmen egin zuen behera eta kotxetik atera eta berehala haizerako txamarra fina jantzi behar izan nuen ahal zen neurrian hotzari aurre egiteko.
"Ostia hau da haizea eta hau da hotzaa!!!" Esan nien kotxetik atera nintzenean, "gañea ebie botako dula emateo". "Ba eltiempo.es-en kriston egualdie inbehardula esatedue ba" esan zuen Asierrek. Zalantzan izan nintzen eskaladako trasteak atera hala ez, baina azkenean nire buruari "honaño etorrita sikiera paretaño jun beharkodeu" esan ondoren nolabait animatu nintzen. Asierrek astean zehar lehen luzeko horma ekidin eta goiko hormetan paraboltak ikusi zituela esan zigun, "bakarren bat berrie ta anillakin. Eztakit bidea ekipatu ote duen".
Trasteak hartu eta, haize eta hotzagatik ihesi, arin-arin mugitu bidearen oinara iritsi ginenerako gutxienez gorputza zertxobait berotu genuen. Duela urte pare bat bezala trasteak hormaren azpian utzi eta batera eta bestera begira hasi ginen IIIko igoera posible baten bila. Hasieran hormaren ezkerreko ertzara igo ginen baina honen bestaldean atzeraka egiten duen horma garbia ikusita burumakur itzuli ginen. Duela bi urte egindako saiakera eta luzeak baztertuak genituen. Pixkanaka indarra hartzen ari zen aukera eskuin ertzatik eskalatzea zenean, horma osoan miatzeke genuen lekuari begira gelditu nintzen: "eta lehen luzea belar kanaletik gora badijo?" Galdetu nien, "Gidan luzea lehen zuhaitz baten azpitik gora zuzen dijola emateo ta hemen gauza bakarra kanal hoi da". Hasiera batean ideia honek Iker eta Asier ez zituen batere konbentzitu. Ni ere ez nengoen oso ziur kanala nahiko zikin ikusten da eta, baina gauzak nola zihoazen ikusita aukera handiagorik ez genuela pentsatu nuen.
Lehen luzea, 50 metro, 4c/5a. Asierrek berak ere eskaladako traste guztiak zintzilikatu zituenean, hasiera batean kanalean sartzea saihestu zuen. Lehen metroak eskalatzen hasi eta "hemen iltze zahar ta erdoildu bat dau" esan zigun. "Ostia ze ona!!" Erantzun nion, "gutxiñez hemendio gora norbait hasi dela badakiu". Asierrek mosketoia iltzearen zulotik pasatzen hasi eta zuloa txikiegia zela ikusi zuen. Iltzea, gero ikusiko genuen bezala, duela "mila" urte (jejeje) eskuz egiten ziren iltze horietako bat da. Iltzetik gertu aseguru bat jarri eta goraka zuzen eskalatzen jarraitu zuen.
Asier iltze zaharra dagoen inguruan.
Iltzearen argazkia, ez dakit noizkoa izango den baina aspaldikoa dela ziur.
"Beste iltzeik ikustezu?" Galdetu zion Ikerrek. "Ba, ez", erantzun zuen Asierrek. Hasiera batean belar-kanalaren ezkerretik eskalatzen saiatu zen, baina azkenean amore eman, eta eskuinera zeharkalditxo bat egin ondoren kanalaren azpira iritsi, helduleku oneko plaka motz eta bertikal bat eskalatu (III+), eta kanalean sartu egin zen.
III+ pausuan.
Belar-kanalean sartuta.
"Smithy, arrazoia zenun!!" esan zidan kanalean sartu zenean, "hemen beste iltze zahar bat dau, aurrekoa bezelakoa". "Bueno" pentsatu nuen, "sikiera oaingon bide egokie topau deula emateo".
Behin kanalean sartuta metroak erraz irabazi zituen (III inguru) orain arte topatutako iltzerekin egindako bilgune batera iritsi arte: "Hemen gutxiñez anilla bat dau" esan zuen Asierrek "baña ustet sikologikoa dela ze eztet uste erorketa bat aguantauko donik". Hasiera batean bilgunea bertan egitea pentsatu, baina azkenean "express sikologikoa" bertatik pasa eta gutxienez gainean genuen zuhaitzeraino eskalatuko zuela erabaki zuen.
Uztai "sikologikodun" bilgunea.
Garbiñeren krokisean lehen luzea horman dagoen zuhaitzaren ezkerretik pasatzen da. Hasiera batean Asier kanalatik atera eta zuhaitzaren ezkerrera pasatzeko aukera aztertzen aritu zen baina IIIko zailtasun maila izateko ezinezkotzat jo zuen: "expuestoegi!!", esan zigun. Aukera bakarra kanala bere amaiera arte eskalatzea zuen.
Bilgune "sikologikotik" gora, kanala hestutu eta zailtasunak hasten dira. Horma erabat bertikal bihurtu eta gainetik ditugun harkaitzek ez dute konfidantzarik ematen, gehienak kolokan daude eta. Asierrek kanalaren bi hormetan hankak ireki eta metroak oso poliki irabazten hasi zen. Halako batean "Ostia, piedraaa!!!" Oihukatu eta Iker eta biok lurrera begira jarri ginen. Momentu bateko kontua izan zen baina laranja baten tamainako harriak kaskoan "krok" egin eta hainbat zatitan apurtu zenean "Petzl" jankoari eskerrak eman nizkion.
"Miñe indizu?" Esan zidan Ikerrek berehala. "Ez" erantzun nion, "kolpea sentittuet baña ez dit iñungo miñik eman". "Kaskoa puskautauket?" Galdetu nion. Iker hurbildu eta "kolpegatik zulotxo bat indizu baña osoik dau" erantzun zidan.
Segundu horietan ahaztu egin zitzaigun Asier tentsio osoz hormarekin "borroka" bizian zegoela, izan ere ez zen konturatu ere egin harria bota izanaz. Hormari zentimetro batzuk gehiago irabazi eta Alien orlegia arrail txiki batean ongi jartzeko kapaz izan zen.
Alien orlegia jartzen.
Asegurua gainetik izateak ematen duen konfidantzarekin kontu handiz azken metroak irabazi eta, pausua gaindituz, kanalatik atera egin zen, tartean beste pare bat harri botaz.
Pausurik gogorrenean.
Zailtasunak amaitu ondoren.
"Zemuzko luzea?" Galdetu nion, "buenoooo" erantzun zidan "harrie nahiko txarra irteeran ta hor tentsio pixkat pasaet". Kaskoan lehertutako harriaren kontua esan eta gero "zenbat metro dittut?" Galdetu zigun. "Hamabost bat, edo" erantzun nion. Ingurura begiratu eta zuhaitzaren atzean beste zuhaitz bat ikusi ondoren bertara iritsi eta enborraren inguruan bilgunea muntatu zuen.
Eskalatzen hasi ginenerako Iker eta biok haizeagatik izoztuta geunden. Gainera lehen metroak eskalatzen hasi ginenean langar fin bat botatzen hasi zuen: "hoixe behar genun" pentsatu nuen "gañea bustin eskalatzea".
Eskalada hasten.
Hotzagatik edo, kanalera sartzeko egin behar den III+ pausuan uste ta nahi baino tentsio handiagoa pasa genuen. Kanala bertikal bihurtzen den lekura iritsi ginenean gora begiratu eta Ikerrek "hau ezta terzero ni de koña" esan zidan. "Ba, ez" erantzun nion, "azpitik kuartotik gora dula emateo".
III+ pausuan.
Belar-kanala, behetik ikusten dena baino bertikalagoa da.
III+ pausutik irtetzen.
Ni kanalean sartuta.
Asierrek egin zuen moduan, hankak ireki eta tentsio eta kontzentrazio osoz Ikerren animoen artean hormari metroak irabazten joan nintzen. Kanalatik irtetzeko azken esfortzua egin behar nuenean, Asierrek esan bezala, goian ukitzen nituen harri guztiak kolokan zeudela baieztatu nuen. Oinak horman gehiago igo eta pausu hau "apnean" eskalatu ondoren zuhaitzera iritsi nintzen.
Pausu gogorrean.
Iker, Asier eta biok pasatako estuasunak ikusi ondoren, kanalaren eskuineko hormara atera eta hemendik eskalatzen hasi zen. Eskalada arinagoa egin zuen, baina zuhaitzera iristeko egin behar den zeharkaldira iritsi zenean, tentsioa ere pasa zuen: "txarrenea zuhaitzan adarretik txintxilikau ta tximu baten modun pasako zea" esan nion. Azkenean, adarretik erdi-zintzilik izan ondoren zuhaitzara iritsi zenean, biok arnasa lasai hartu genuen.
Iker kanalaren eskuin hormatik eskalatzen.
Zuhaitzera iritsi zenean.
Lehen bilgunera iristen.
"Ostia, hau da luzea!!!" Esan nion Asierri, "Ikerrek esandun bezela ez da terzero ni por el forro". "Ez" erantzun zidan "nik daun bezela kuarto mas edo kinto menos emango nioke". "Ba, holaxe jarrikoet blogen" erantzun nion. "Ba krokisen azaltzean terzeroa holakoa bada goiko kuartoa eztet imajinatu ere egin nahi" esan zuen Ikerrek urduritasun puntu batekin.
Lehen bilgunean.
Lehen luzean pasatako estuasunak eta bere egoera ikusita, ekipatzeko aukeraz hitzegiten aritu ginen, luzea kanaletik egin beharrean honen ezkerretik doan hormatik eginez. Zeinek daki, beharbada egunen batean egingo dugu, jejeje.
Lehen bilgunetik, lehen bilgune "Bis"-era iristeko oinez egin beharreko tartea luzea zela ikusita, Asierri eskuz aseguratzeko eskatu, eta honek ematen duen arintasunarekin Iker eta biok gora jarraitu genuen. Honetarako, bilgunetik ertzera pasa eta II inguruko trepadatxo baten ondoren (hemen aseguru bat jarri genuen), ertzatik gertu mantenduz, 65-70 metro inguru oinez egin genituen. Erreferentzi bezala parean belar-kanal batek bertikalki bitan banatzen duen horma hartu genuen, krokisaren arabera, bigarren luzea kanalaren ezkerrean gelditzen den hormaren oinean hasten baita.
Lehen "bis" bilgunera arte egindako bidea eta erreferentzi bezala hartu genituen hainbat puntu. Bigarren luzean erreferentzi bezala hartuko dugun "hormako zuhaixka" non dagoen ere adierazi dut.
Ibilbide honen tarte batean zuhaixka eta sastraka batzuk ere zeharkatu genituen (gero dutxan honekin ederki gogoratu nintzen jejeje).
Sastraken erdian.
Sastrakak zeharkatuta ezkerrera jo genuen hildako zuhaitz bat erreferentzi bezala hartuz. Hildako zuhaitza atzean uzten den lekuan ageriko zeharkalditxo bat egin (II, harkaitz zubi batean zinta bat pasa genuen) eta eskuinean ditugun zuhaixkak inguratuz bigarren luzearen oinera irtsi ginen. Bilgunea, oinean dagoen arrail batean bi friend jarriz egin genuen.
Hildako zuhaixka eta Iker IIko bigarren pausuan.
IIko pausuan. Argazkian hildako zuhaixka ikusi daiteke, baita bigarren luze osoa ere.
Lehen "bis" bilgunea.
Bigarren luzea, 55 metro, 4a. "Benga honi nik emangoiot" bota nien, "txarrenen nunbaiten segurun bat jarri ta jatxiko nazue". Traste guztiak hartu eta bilgunetik zuzenean eskalatzen hasi nintzen.
Bigarren luzea hasten.
Iker eta Asier lehen "bis" bilgunean.
Luze honetaz nekien gauza bakarra belar-kanalaren ezkerrean mantendu beharra nuela zen, honegatik topatzen nuen lekurik errazenak eskalatuz konfidantza osoz gainean nuen adar luzedun zuhaixka bateraino eskalatu nuen.
Zuhaixkara iristen.
Hasiera batean zalantzan aritu nintzen ezkerrera metro pare bateko itsasgarritasunezko zeharkaldi horizontala egin hala ez (nengoen lekutik ezkerrera arrail batzuk gora zihoazen eta), baina zeharkaldia aseguratzeko aukerarik ez izateak atzera bota ninduen. Zeharkaldia egin beharrean metro batzuk destrepatu eta horma ezkerragotik eskalatzeko aukera hartu behar nuenean, zuhaixkaren atzetik ia hormaren amaierarte arrail bertikal bat zegoela ikusi nuen. "Hortik eskalatzea la ostia izan beharrauke!!" pentsatu nuen. Asierri erorketa baterako prest egoteko esan eta zuhaixkaren adarrekin "borrokan" hasi nintzen. Kuriosoa da honelakoetan adarrak non sartu daitezkeen: friend-etan, motxilaren tiretan, arneseko uztaietan, mosketoietan...
Zuhaixkaren adarrak eta zeharka zetozen haize boladen borrokarekin amaitu ondoren arrailera iritsi eta, nire zoriontasunerako, urre koloreko uztaidun parabolt bat topatu nuen: "Buenoo, gutxiñez biden naula emateo" pentsatu nuen. Asier eta Ikerri talkietik nire aurkikuntzaren berri eman eta arraila eskalatzen hasi nintzen. Arrailan helduleko paregabeak topatu nituen baita han-hemenka harkaitz-zubietatik zintak pasatzeko aukera ere.
Arrailaren amaieran.
Arrailaren amaieran eskuinera metro pare bateko zeharkalditxo bat egin eta plaka bat eskalatu ondoren bilgunea muntatu ahal izateko erlaitz eroso batera iritsi nintzen.
Horma amaitu ondoren Asier eta Ikerri zeinuak egiten.
Erlaitz honetatik hormaren amaiera arte metro asko ez zeudela iruditu zitzaidan: "zenbat soka falta zait?" Galdetu nien. "Ba bost metro edo zertxobait gehio" erantzun zidan Asierrek. Hau entzunda parean nuen hormaren harkaitz eta harkaitz-zubi batetik zintak pasatuz bilgunea muntatu nuen. Luze honetan izugarri disfruatu nuen eta pena izan nuen soka luzeago batzuk ekarri ez izanaz.
Bigarren bilgunea.
Iker zuhaixkarekin "borrokan". Bilgunera iritsi zenean borroka honetan ez zuela batere ondo pasatu esan zidan.
Zuhaixkatik gora dagoen arrail bertikala eta ni bilgunean.
Arrailaren amaieran, bilgunera iritsi aurreko zeharkaldian.
Hirugarren luzea, 20 metro, 4a. "Hau bai da kuartoa" esan zuen Ikerrek bilgunera iritsi zenean. "Neire hala iruittuzait" esan zuen Asierrek.
Ikerri traste guztiak eman, erlaitzetik gora eskalatzen hasi, eta 3 metro ingurura dagoen parabolt zahar batean express zinta pasatu zuen.
Paraboltean expressa jarri ondoren.
Hemendik gora zuzen jarraitu zuen horma amaitu arte (tartean urre koloreko uztaidun parabolt bat dago). Bilgunea, hormaren amaieran dagoen harkaitz batetik pasatako zinta eta lincam hori batekin muntatu zuen.
Luzearen erdialdera iristen, gozatzeko moduko luzea ere hirugarren hau.
Anaiaren pausuak zaintzen.
Luzearen amaieran.
Hirugarren bilgunea, harkaitz batetik pasatako zinta eta lincam horia.
Ikerrek eskalatzen zuen ehinean haize boladen indarrak gora egin eta berriro ere hozten hasi ginen: "joer aurten holako hotzik eztet oiñarte pasau" esan nion Asierri hotzaren eraginez sudurrean nuen jarioa lehortuz. Talkietik Ikerrek ematen zizkigun argibideak ere entzuteko nahiko lan genuen. Luzea zatika eskalatu genuen, tarteka, haizeagatik babesteko, hormari itsatsita jartzen ginen eta.
Luzearen hasieran.
Hirugarren bilgunean.
Bilgunera iristen.
Lehen luzearen amaieran egin genuen moduan, hirugarren "bis" bilgunera iristeko oinez egin beharreko tartea zegoela ikusita, oraingoan Ikerri sokak aske uzteko eskatu eta Asier eta biok arin abiatu ginen.
Hirugarren bilgunetik hirugarren "bis" bilgunera egindako bidea.
Hirugarren bilgunetik hirugarren "bis" bilgunera 40 metro inguruko oinezko ibilalditxoa egin genuen.
Iker hirugarren bilgunean.
Laugarren luzearen oinean urre koloreko uztaidun parabolta topatu eta bertan hirugarren "bis" bilgunea muntatu genuen.
Hirugarren "bis" bilgunean dagoen uztaidun parabolta.
Laugarren luzea, 45 metro, 4c. "Joer, gutxiñez hemen babesen gare" esan zigun Ikerrek bilgunera iritsi zenean. Ez dakit sentsazio termikoa zenbatekoa zen baina batean baino gehiagoan eskuetako behatz puntak hotzagatik minberatuta eraman genituen.
Laugarren luzeak gainean dugun monolitoa igotzen du. Luzean paraboltak jarrita zeudela ikusi genuenean, "eztet ulertzen nola azkeneko luze hauetan paraboltak daren ta lehenengo luzea linpio daun" esan zigun Asierrek. "Ba arrazoi dezu" erantzun nion, "gañea, lehenengoa da luzeik kabroiena".
Asierrek materiala hartu eta eskalatzen hasi zen. Bilgunetik atera eta bloke batzuk eskalatu ondoren plaka batera igo zen. Lehenengo parabolta urrun xamar zegoela ikusita, Asierrek zati honetan friend bat jarri zuen.
Lehenengo metro bertikaleetan.
Plakara iritsi zenean eskuinera diagonalean eskalatzen joan zen (tartean itsasgarritasunezko pausuren bat eginez) monolitoaren eskuin ertzara iritsi arte. Bertan, talkietik erlaitz txiki baten ondoan urre koloreko uztaidun parabolt bat topatu zuela esan zigun.
Itsasgarritasunezko plakan.
Bi anaiok hirugarren "bis" bilgunean.
Hemendik gora ertzetik eskalatu, eta arrail/diedrotxo bat eskalatu ondoren, monolitoaren gailurreraino iritsi zen. Arrailean parabolt bat edo beste badago, baina Asierek badaezpada "Alien" batzuk jarri zituen parabolten arteko tarte luzea eta haize bolada gogorrengatik.
Luzearen azken zatian.
Haize boladen indarragatik bilgunea gailurrean egin beharrean bestaldean dagoen lepotxo estu batean muntatu zuen. Nahiz eta bilgunea egiteko leku erosoa (edo erosoena) izan, aseguratzeko orduan sokek zertxobait tira egin zuten.
Asier bilgunea muntatzeko prest.
Ikerrek eta biok luzea lasai hartu eta haize boladen arteko atsedenaldia luzeari ahalik eta metro gehien irabazteko aprobetsatuz eskalatu genuen.
Luzea hasten. Uztaidun parabolta ikusi daiteke.
Hirugarren "bis" bilgunea laugarren bilgunetik.
Itsasgarritasunezko plakara iristen, atzean "Arista de los Caracoles".
Ikerrek itsasagarritasunezko plaka zatia eskalatu zuenean, amaieran dagoen harlauza txikian oina jarri eta indarra egitearekin batera zati bat apurtu eta nire buruaren ondotik pasa zen: "Hasieran Asier ta oain zu. Joeee, ez badezu zuekin eskalatzea juteik nahi esaiazue ta listo" bota nion irrifartsu. "Ba kasualidadea" erantzun zidan "plakaik eztaun leku bakarra da, ba".
Plaka eskalatu ondoren. Parabolta eta Ikerren artean ikusten den harlauza txikiaren zati bat da nahigabe hausi eta nire ondotik pasa zena.
Ertzaren azpian dagoen uztaidun parabolta.
Argazki honetan laugarren luzearen azken zatia (ertzean dagoen paraboltetik gora) nondik doan marraztu dut , baita laugarren bilgunearen kokalekua ere. Atzean "Arista de los Caracoles" gandorra ikusi daiteke.
Ikerrek ertzetik eskalatu eta goian nire zain gelditu zen argazkiak egiteko.
Ertzan dagoen arrail/diedrotxoan.
Haizeagatik babesten.
Ertza eskalatu ondoren.
Ertzaren zatirik hestu eta delikatuenera iritsi nintzenean haize bolada batek ia ertzetik bota ninduen. Gorputza bat batean tentsatu, gogortu eta une batean geldirik gelditu nintzen harkaitzari indar osoz eutsiz. Haize bolada pasa zenean metro batzuk gora egin eta bigarren haize bolada batek berriro ere ia ertzetik bota ninduen. Berriro ere inguruko harkaitzei eutsi eta geldirik gelditu nintzen. Haize bolada pasa zenean gailurrera iritsi nintzen dardar batean: "Ze, hotza?" Ikerrek, "eztakit hotza den edo haizegatik pasa deten akojonoa" erantzun nion. Asierrek monolitoaren puntan argazkia egin eta hirurok berriro ere elkartu ginen.
Monolitoaren puntan egindako argazkia.
Asier laugarren bilgunean. Bosgarren luzea nondik doan marraztu dut.
Argazki honetan laugarren luzearen amaiera eta bosgarren luzeak marraztu ditut, baita lau eta bosgarren bilguneen kokalekuak ere.
Bosgarren luzea, 25 metro, 3c. "Bueno, azkenekoa!!" Esan nien materiala jasoz. Lepotxotik gora hormaren amaiera arte zuzen eskalatu nuen. Tartean parabolt zahar bat topatu nuen, hala ere, oraindik haizearengatik beldurrez, asegururen bat baino gehiago jarri nituen.
Azken luzearen lehen metroak friend batekin aseguratu ondoren.
Iker eta Asier laugarren bilgunean.
Azken aseguru bat jartzen. Juxtu nire azpian dagoen expressa luzeak duen parabolt bakarrean jarrita dago.
Azken luze honetan helduleku ederrak daude eta inongo arazorik gabe bidearen amaierara iritsi nintzen. Haizearen indarra ere gutxitzen ari zela iruditu zitzaidan. Bilgunea amaieran dagoen harkaitz sendoetako batetik zinta bat pasatuz muntatu nuen.
Luzea eta bidea amaitu ondoren.
Bosgarren bilgunea.
Laugarren bilgunetik irteteko prest.
Iker eta Asier di-da batean iritsi ziren. "Zemuzko bidea?" Galdetu nien, "lehen luzea kenduta ona" erantzun zidan Asierrek, "oaindio eztet entenditzen nola hemen paraboltak jarri ta lehenengon eztuten ezer jarri". "Igual Rabadá eta Navarrok jarritako iltze zaharrak nahikoiela pentsauko zuten" erantzun nion irrifarrez lehen luzeko iltzeei erreferentzia eginez.
Lehen luze hau ekipatzeko aukeraz berriro ere hizketan aritu ginen, egunen batean lagun bati taladro bat eskatu eta, luzearen amaieran komentatu genuen bezala, belar-kanalaren ezkerreko horman parabolt batzuk jartzeko. Ez dakit ideia hau zertan geldituko den baina hau egin ezkero bidea elegantea geldituko zela pentsatzen dut.
Berriro ere haize boladen artean material guztia jaso eta, denbora luzerik galdu gabe, beheko bidea hartu genuen, aurretik, hiruon argazkia eginez. Baina egindako argazkia ikusi nuenean, zerbait arraroa gertatu zela ikusi nuen, denok "Txori eroaren" aurpegia genuen eta. Iker eta Asierri argazkia erakutsi ondoren badaezpada bigarren argazki bat egin eta, oraingoan bai, hiruon "fundamentuzko" argazkia egin nuen jejejeje.
Egin nuen lehen argazkia, arraroa eta harrigarria aldi berean.
Bigarren argazkia: Orain bai!!!!!!! Jejejejejeje
Bidearen amaierara egindako argazkia, lekua zoragarria da.
Jaitsierarako bidearen amaieratik eskuinera hartu eta minutu gutxietan "Aztorea" eta "Usoa"tik jaisten den bidearekin bat egin genuen.
"Aztorea" eta "Usoa"ren jaitsiera bidearekin bat egin arte jarraitutako bidea.
Guztira, bidearen amaieratik Eginora 35 minutu inguru pasa genuen. Eginora iritsi eta trasteak jaso ondoren etxerako bidea hartu genuen, urrutiratu aurretik Eginoko hormari azken argazkia eginez.
Eginori egindako azken argazkia: zein izango da eskalatuko dugun hurrengo bidea?
AMAIERA
Tamalez, eskalada bide hau, Eginoko bide ahaztutzat jo daitekela uste dut eta zalantzarik ez daukat erakargarri egiten ez duena lehen luzea dela, baina lehen monolitoaren eskuin ertzatik eskalatzen badugu (II-III) "Egino estiloko" eskalada-bide polit eta eder batez gozatzeko aukera izango dugu.
Bigarrren luzetik aurrera luzeak ederrak eta gozatzeko modukoak dira zalantzarik gabe eta harkaitz paregabean egiten dira gainera.
Nire uste apalean bide gomendagarria zalantzarik gabe, ea pentsatutakoa egin eta lehen luzea ekipatzeko gai garen.
AZKEN 10 SARRERAK
2015/11/09
EGINO, "PLACAS DEL PAJARO LOCO" SEKTOREA: "EL PAJARO LOCO" BIDEA, 195 metro, 4c/5a (2015/10/30)
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
19:59
Etiketak:
egino,
eskalada,
loco,
pajaro,
pajaro loco,
placas,
placas del pajaro loco
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina