Leitzarango “Jannu” bidetik bueltan, igandean nora joan gintezkeen pentsatzen aritu ginen: “Ta joan den asten pentsauta genuna itten badeu?” bota nion Asierri. “Zein, La Paloma ta Azorrekoa?” erantzun zidan. “Hoixe bea, hola jun den asteko arantzea kenduko deu” nik "ta gañea amonan urtemuga da, hola bere etxea kafea ta postrea hartzeko iritsiko naiz". “Nekatio konforme” erantzun zidan Asierrek .
Aitortu beharra daukat Aztoreara itzultzeak ez ninduela ehuneko ehun konbentzitzen, oraindik hego-ekialdeko gandorrean pasatako estutasunak pasa gabe zeudela sentitzen nuelako. Orduan, zergatik bertara itzuli? Beharrik al zegoen? Galdera hauentzat erantzunik ez daukat baina, nahiz eta tarteka auto-babeserako materiala erabili, bidean kimikoak topatuko genituela jakiteak lasaitasuna ematen zidan. Honetaz aparte, buruaren mesederako, argi nuen luze gogorrenak Asierri eskalatzeko eskatuko niola.
Aztorearen bigarren bisitarako Usoa ere eskalatzea pentsatu genuen, “Dame veneno” bidea jarraituz, bertako biderik errazena hain zuzen ere.
OHARRA
Apirilak 1 eta abuztuak 31 artean "Usoa" eta "Aztorea" monolitoetan babestutako espezien habiagintzagatik eskalada debekatuta dago.
BIDEAREN DATU BATZUK
Luzera: 160 metro.
Luze kopurua: 5.
Nork irekia: Usoaren "Dame veneno" bidearen daturik ez dut topatu, Aztorearen hego mendebaldeko gandorra aldiz 1982an Juanito Oiarzabal, Atxo Apellaniz eta Angel Rosen-ek maisuki ireki zuten.
Zailtasuna: 5c. Luzez-luze: 1ºL: 5a (25 m), 2ºL: 5b (35 m), 3ºL: 5c (30 m), 4ªL: III (20 m) eta 5ºL: 5c (50 m).
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke.
Ura: Eginoko iturrian hartu daiteke.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 15-20 minutu.
Jaitsiera: Aztorearen iparrean dagoen bidexka jarraitu eta Larrenegiko haitzetatik jaisten den Aztorea-Usoaren ohiko bidetik jaitsiko gara.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka , luzera ezberdinetako 12 express zinta eta tamaina ezberdinetako zinta batzuk bilguneetarako, Alien eta fisurero jokua eta Lincam hori eta gorria. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
BIDEAREN KROKISA
Bidearen nondik norakoak.
Krokisa zehatzago.
Usoaren "Dame veneno" bidearen krokis zehatza.
Aztorearen hego-mendebaldeko gandorraren krokis zehatza.
BIDEAREN OINERA IRISTEKO
Bidearen oinera nola iritsi hemen irakurtzeko aukera duzue. Oraingoan Usoara zuzendu ginen.
Hormen azpian dagoen zelaiune harritsuan jarraitutako bidea.
Zelaiunearen amaieran.
DESKRIBAPENA
“Gaur beldurrik handiena haizek emateit” esan nion Asierri jaso nuenean. Komunikabideek hego haize gogorra iragarrita zuten. Nahiz eta Usoa hegoaldeko hormatik eskalatu, Aztorea hego-mendebaldeko gandorretik eskalatuko genuenez, ez nintzen eroso sentitzen. “Bueno, bertan ikusiko deu ea zemuzkoaen” erantzun zidan Asierrek lasaitasun osoz.
Egino atzean utzi eta hurbilketa lasaitasunez hartu genuen. Basotik Usoaren azpian dagoen zelaigune harritsura irtetear geundela Asierrek sorbaldatik heldu eta “Shhhh, begira hor aurren, orkatzak” xuxurlatu zidan. Elorri batzuen atzean ezkutatuta, argazki kamerak atera eta, ehiztariak bagina, hainbat argazki egin genizkien. “Harritako gatza jaten aittukoie” esan zidan Asierrek. Kamerak berriro ere gordetzen ari ginela orkatzak burua altxatu, une motz batean begira gelditu eta korrika batean basoan desagertu ziren.
Goizeko bisitariak. Edo bisitariak gu ginen?.
Usoara hurbiltzen.
Orkatzekin izandako topaketa hizpide, gure bidearekin jarraitu eta konturatu ginenerako Usoaren hego horma bertikalaren oinera iritsi ginen.
Hego hormaren oinean, azpitik ikusgarri eta bertikala da.
“Joer, hemendio horma tentea emateo” esan nion Asierri, “bai, hemengo bide guztik nahiko bertikalak die”. Lehenengo luzea bietatik errazena zela ikusita aurretik ni joango nintzela esan eta Asierrek ez zuen inongo eragozpenik jarri. Usoa eskalatzeko auto-babeserako materialik beharko ez genuenez, fisurero eta friend-ak motxilan utzi eta, talkie-kin batera, express zintak eta bilguneak muntatzeko zintak hartu nituen.
Goian azaldu bezala, Usoaren “Dame veneno” bidea aukeratu genuen, biderik errazena. Bideak Usoaren hego horma "Z" itsurakoa eginez erditik igotzen du, horman dauden bi arrail nabarien artetik hain zuzen ere. Material guztia ondo nuela ikusi eta talkie-ak piztu ondoren eskalatzen hasi nintzen.
Lehen luzea, 25 metro, 5a. Lehenengo luzearen lehen 5-7 metroak asegururik gabeko plaka etzan bat eskalatuz egiten dira horma bertikalera iritsi arte. Plakak ez dauka aparteko zailtasunik eta erraz eskalatu nuen. Hala ere, nahi izanez gero, babestu daiteke.
Lehenengo kimikotik aseguratu ondoren luzeak bigarren kimikora nahiko zuzen jarraitzen duen arren, luzeak hemendik gora pixkanaka eskuinera doala ikusi nuen. Heldulekuak onak dira baina hormaren bertikaltasun eta kimikoen arteko urruntasunarengatik pausuak eman aurretik bi edo hiruetan pentsatu beharra nituen. Pixkanaka arnasketaren abiadura azkartzen zihoala sentitu nuen: “gaur ez, gaur eztiet express zintei eutsiko” animatu nintzen.
Hirugarren kimikoaren ondoren luzeak ezkerrera jotzen hartzen du, hormaren oinetik ikusten den harlauz nabarira zuzenduz. Laugarren (eta azken) kimikotik aseguratu nintzenean kimiko hau eta bilgunearen arteko 6-8 metroetan kimiko gehiagorik ez zegoela jakinda urduritzen hasi nintzen: “benga Smithyyyyy, luze hau ingozula!!!” pentsatu nuen.
Arnasestuka, metroak pixkanaka irabaziz jarraitu nuen heldulekuak ongi aukeratuz. Harlauzaren parera iritsi nintzenean bertatik pasatako zinta batez babestear izan nintzen.
Harlauzaren gainean zinta pasa edo ez pentsatzen.
Gora begiratu eta lehen bilgunea osatzen duten bi kimikoak metro pare batera nituela ikusi nuen. Arnasa pare bat aldiz sakon hartu eta, bitan pentsatu gabe, harlauzaren gainera igo eta bilgunera iritsi nintzen, kimikoetako batetik aseguratuz.
Bilgunetik zintzilik.
Lehen bilgunea.
Bilgunean sentitzen den bertikaltasuna handia da. Behera begiratu eta erpurua goraka jarriz, Asierri bilgunean nengoela adierazi nion. Luzearen bertikaltasun eta kimikoen arteko tarteak lekutik kanpo zertxobait atera arren, luzea eskalatu izanagatik zoriontsu nengoen. Bilgunea muntatu eta Asierri berriro ere erpuruarekin keinu egin ondoren eskalatzen hasi zen.
Lehen bilgunetik behera egindako argazkia. Lehen planoan harlauza ikusi daiteke. Ikusten denez, luzea oso bertikala da.
“Tentsioa pasaet baña gutxiñez eztet tranpaik egin” esan nion bilgunera iritsi zenean “gaurko nere helburue expressei ez eustea da”. “Ba, kimikoen arten tarte luzea dau ta burutio ondo jun behar da” erantzun zidan.
Bilgunea ez da oso erosoa eta, materiala hala nola Asierri pasa ondoren, Reversoa bilgunetik arnesera pasa eta, den ongi zegoela egiaztatu ondoren, eskalatzen jarraitu zuen.
Bigarren luzea, 35 metro, 5b. “Oain akordatzen naiz” esan zidan Asierrek bilgunea utzi aurretik, “luze hontan lehenengo metrotan hobe da ez eroitzea, bestela reuniora eroitzen zea ta”. Luzeak lehen metroetan helduleku oneko ur tantadun plaka bertikala jarraitzen du, sabai txiki baten ondoan eskuin ezker diagonalean doan arrail batera iritsi arte. Tarte hau bi kimikoz babestua dago eta bien arteko tartea “eskuzabala” dela esango nuke.
Asier sabaitxora iritsi eta nondik jarraitu begira hasi zen: “nik esango nuke pitzaduratio dela, gañea ebidenteena handio dijola emateo” esan nion bilgunetik. “Bai, hala emateo” erantzun zidan “baña eztet kimikoik iñun ikusten”.
Asier arrail inklinatuaren hasieran, sabaitxoa ikusi daiteke.
Zalantza momentuaren ondoren ezkerrera jo eta arraila eskalatzen hasi zen: “hemen iltze bat dau” esan zidan arrailean sartu eta berehala. Arraila ia amaiera arte eskalatu eta, honen eskuinean dagoen plaka bertikalean ezker eskuin 3-4 metroetako zeharkaldi diagonala egin zuen.
Zeharkaldiaren ondoren, ur tantadun bigarren plaka bertikal bat zuzen eskalatzen jarraitu zuen.
Zeharkaldiaren ondoren, ur tantadun plaka bertikala eskalatzen.
Asier kontzentratua eta seguru ikusten nuen arren, normalean baino polikiago zihoan eskalatzen, luzea bere atentzio osoa eskatzen ari zitzaionaren seinale: “honi ze gradu emateie?” galdetu zidan kimiko batera iritsi zenean. “kinto b” erantzun nion. “Bakarrik?”. “Bai”.
Ur tantadun plakaren amaieran eta zertxobait ezkerrean bigarren arrail bat eskalatzen hasi zen, oraingoa bertikala. Haizea bizituz zihoala iruditu zitzaidan eta gorputzean hotzikara bat sentitu nuen, ezinbestean “ea Aztorea zemuz daun” pentsatuz.
Asierrek bitartean luzearen amaierako arraila babaresa moduan eskalatu, hormatik atera eta lurrean bi kimikoez osatutako bilgunera iritsi zen. “Bakizu Asier, biharamunik izango ez balitz bezela tentsauiazu” esan nion talkie-tik bilgunea utzi aurretik.
Luzea bertikala izan arren denbora osoan helduleku onak topatu nituen. Hala ere, kimikoen arteko tartea luzea da eta luze hau aurretik eskalatzeko burua eta nerbioak ongi izan behar direla iruditu zitzaidan. Ur tantadun plakak gustuko ez ditudan arren, bigarren plaka ederra iruditu zitzaidan, eskuak baino oinak non jarri behar diren begiratzen joan behar den horietakoa. Bukaerako arrail bertikalean ere asko gozatu nuen.
Bigarren bilgunera iristen.
“Eskerrak talkik ekarritteun ze bestela ez nizun aittuko” esan nion bilgunera iritsi nintzenean. “Bai, oihuka eztakit entzungo giñen” erantzun zidan.
Bigarren bilgunean.
“Bueno, oaingoz helburue beteta, eztiot iñungo expressi eutsi” esan nion harro, “halere oaindio eskaltzen tentso xamar nijo”. Luzearen nondik norakoen inguruan hizketan aritu ondoren, zailtasun mailari dagokionez ongi jarritako “kintoa” dela iruditu zitzaigun. “Luze hau beste eskolan baten kinto mas ere izan leike” esan zidan Asierrek arrazoi handiz.
Bilgunetik oinez metro batzuk gora egin eta Usoaren gainara iritsi nintzen.
Usoaren gainatik bigarren bilgunera egindako argazkia, atzean Egino.
Sokak jaso eta, harkaitz bloke baten laguntzarekin, Asier aseguratu nuen biok gainan elkartuz.
Eguneko lehen helburua betea genuen, nire kasuan Usoaren gaina zapaltzen nuen lehen aldia. Hala ere, “kintoko” bi luze izateko uste eta nahi baino estutasun gehiago pasa nituen. Aurretik 5c zailtasuneko bi luze nituela jakiteak urduritu ninduen. Haizea bazebilen ere, Aztoreari begiratu eta bertako arteen adarrak apenas mugitzen ez zirela ikusi genuen.
Aztorea Usoaren gainatik. Puntu zuriz oinez jarraitutako bidea.
“Nola ikustezu?” galdetu nion Asierri. “Bueno, probau beharko deu, ez?” erantzun zidan. Gero aitortuko nion bezala, haizearengatik beldurtzen hasita nengoenez, momentu horretan aurrera jarraitu baino etxera itzultzeko esan izan balit ez nion inongo eragozpenik jarriko, jejeje.
Bakoitzak soka bat jaso eta Aztorearen hego-mendebaldeko gandorraren hasierara hurbildu ginen. Honetarako, Usoa eta Aztorearen arteko lepora jaitsi eta, hego-mendebaldeko gandorra ezkerretik (ibilbidearen norabidean) inguratuz, honen oinean dagoen arte handi eta nabarira zuzendu ginen. Artearen enborraren ingurutik zinta luze bat pasatu eta, bertatik zintzilikatuz, bilgunea muntatu nuen. Motxilatik friend eta fisureroak atera eta, Asierri eman eta talkie-ak ongi zeudela egiaztatu ondoren eskalatzen hasi zen.
Hego-mendebaldeko gandorraren lehen luzearen krokisa. Puntu zuriz oinez jarraitutako bidea.
Hirugarren luzea, 30 metro, 5c. “Hementxe bertan egurrezko tako bat dau” esan zidan artearen atzetik. “Joer ba dauken kordinoa berrie emateo” erantzun nion. Artetik eskuinera metro pare bat jo eta gandorraren ertzera iritsi zen: “ba hemen kristoneko puenterroka dau” esan zidan, “aukeran kordinoa hemendio pasatzea hobe izango zen”. “Bueno, egurrezko takoa uztek ere bere xarma emateio” esan nion.
Arrailaren oinean egurrezko takoa (express zinta jarrita dagoen lekuan) atzean utzi ondoren.
Gandorraren ertzetik gora doan arrail bertikala eskalatzen hasi zen. Helduleku onak eta lehenengo bi kimikoak urrun ez izan arren zertxobait estutzen ari zela sentitu nuen.
Arrailaren amaieran.
Hirugarren kimikora iritsitakoan bagenekien eskuinera metro pare bateko zeharkaldi horizontala egin behar zela. Asierrek zeharkaldia Alien grisarekin babestu eta bilgunetik erdi ezkutuan gelditzen den kanal/tximinia bat eskalatzen jarraitu zuen.
Kanal/tximiniak pixkanaka bertikaltasuna eta zabalera galtzen doa, arrail inklinatu batean bihurtu eta gandorraren ertzera zuzenduz. Arrailaren zeharkaldia ikusgarria den arren Asierrek ez zuen asegururik jarri. Gero esango zidan bezala, jarri izan balu hobe izango zen, azkeneko kimikoa urrun gelditzen baita. Ez da zeharkaldi erosoa altua edota motxila gainean baduzu, are eta gutxiago biak badituzu, altua eta motxila alegia.
Arrail inklinatuaren zeharkaldiaren amaieratik behera egindako argazkia. Behean ikusten den monolitoa Usoa da.
Arrailaren zeharkaldiaren ondoren gandorraren ertzetik metro batzuk zuzen eskalatu eta uztaidun iltzea, parabolt eta spit batez osatutako bilgunera iritsi zen.
Iltze, parabol eta spit-ez osatutako bilgunea.
Bigarren luzea aseguratzeko leku hobeagoa aurkitzearren, Asierrek hirugarren bilgunea (gandorraren lehena) gainean dagoen artearen atzeko bloke batetik zinta bat pasatuz muntatu zuen.
Hirugarren bilgunean (gandorraren lehena).
“Etzait iruittu Palomako luzek baño zailagoa” esan zidan sokak jaso zituenean. "Ondo dau jakitea" erantzun nion. Hori entzuteak animatu eta eskalatzen hasi nintzen.
Luzeari zailtasuna ematen dion hasierako arraila (hirugarren kimikora arte) ez zitzaidan hain gogorra iruditu. Soka goitik eramateak duen konfiantzarekin, aurretik joanda egitea kostako zitzaizkidan mugimendu batzuk egin eta, konturatzerako, kanal/tximinian sartuta nengoen. Luzean pasatako estutasun bakarra bigarren arrailaren zeharkaldian izan zen, denbora osoan motxilarekin hormaren kontra jo eta behera eroriko nintzenaren sentsazioa izan nuelako.
“Ze iruittu zaizu?” galdetu zidan Asierrek. “Paloman hemen baño tentsio gehio pasaetela” erantzun nion, “beharbada hain bertikala eztelako”. Hurrengo luzea motza zela jakinda eta gainean nuen materialarekin nahiko izango nuela ikusita, denbora askorik galdu gabe, eskalatzen jarraitu nuen.
Laugarren luzea, 20 metro, III. Bilgunearen atzean dagoen orratzaren bloke batetik zinta batez aseguratu eta orratza ezkerretik (eskaladaren norabidean) inguratu nuen. Pausua ez da zaila, baina bai ikusgarria, azpian dagoen amildegia handia baita. Orratza inguratuta, gandorraren ertzetik jarraituz, plaka inklinatu batean jarritako bi kimikoez osatutako bilgunera arazorik gabe iritsi nintzen.
Laugarren bilgunea muntatzen. Haizearen eragina soketan ikusi daiteke.
Bilgunean muntatzen hasterakoan haizea bizitu egin zen: "joer, oain arte lasai eonda ba" esan nion Asierri, "luzeik zailenen hasiko al da?".
Laugarren bilgunetik bigarrenera egindako argazkia.
Bilgunea muntatu eta Asier iritsi zenean haizea berriro ere baretu zela iruditu zitzaigun: "ea hola aguantatzeun" esan zidan. "Ya te digo" erantzun nion, "azkenaldin etortzen geanen zeoze badeu ta, jejeje".
Laugarren bilgunean, bosgarren luzearen lehen metroetako arrail bertikala ikusi daiteke.
Soberan nuen material eskasa Asierri eman eta aurretik genuenari begira gelditu ginen: "luze hau bestea baño zailagoa omen da" esan nion. "Ez naiz akordatzen" erantzun zidan, "esango nuke eskalau nunen bestearen antzekoa zela".
Material guztia arnesean ordenatu eta azken luzea eskalatzen hasi zen.
Bosgarren luzea, 50 metro, 5c. Luzeak bilgunetik ikusita zirrara sortzen du, bertikala den seinale.
Bosgarren luzearen krokis zehatza. Luzean sokada bat ikusi daiteke.
Asier bilgunearen ezkerretik gora dagoen kanal zabala eskalatu eta honen gaineko arrail bertikalaren azpian kokatu zen. Arrail honen eskaladan dago luzearen zailtasunik handiena: "hemendio emateo eskubin daun lajatio heldu beharkoela" esan nion. "Bai, hala emateo" erantzun zidan, "baña hemendio ez naiz iristen".
Oinak ahalik eta goien kokatu eta, lehen kimikotik aseguratu ondoren, oinak gehiago igo eta arrailaren eskuineko harlauza eskuin eskuarekin heldu zuen. Nahiz eta bigarren kimikoa oso urrun ez izan (gertu ere ez), arrailak errespetua jartzen duen horietakoa da: "materiala eukita, bazpare friend bat jarri behar det" esan zidan. Arnesetik Lincam gorria hartu eta arrailaren barruan sendo jarri zuen.
Asier arrailaren eskuineko harlauzari helduta.
Bi kimikoen artean beste aseguru izateak ematen duen konfiantzarekin, ezker oina arrailean sartuta eta eskuina arrailaren eskuineko plakan izanda, harlauzaren laguntzaz metroak irabazi eta bigarren kimikora iritsi zen: "Ona Asierrrrr!!!" animatu nuen, "zailena bukautaaa".
Bigarren kimikotik gora arrailetik atera eta plaka inklinatu bat eskalatuz hirugarren kimikora iritsi zen.
Plaka inklinatuan, arrail inklinatua eskalatzen hasi aurretik.
Plakatik aurrera aseguruak desagertu eta, lehen luzearen antzera, motxilak enbarazu egiten duen arrail inklinatu bat jarraituz zeharkaldi bat egin zuen gandorraren ertzeko erlaitz eroso batera iritsiz. Zeharkaldi honetan, herdoildutako uztaidun bi iltze zahar daude baina auto babeserako aukera handiak daudenez, Asierrek iltzeak pakean utzi eta Alien gorria eta bi fisurero jarri zituen.
Arrail inklinatua eskalatu ondoren dagoen erlaitzan.
Erlaitzetik behera egindako argazkia, ni txiki gelditzen naiz.
Erlaitzetik gandorraren ezker aldera (iparraldera) pasatu eta helduleku oneko horma eskalatzen hasi zen pixkanaka berriro ere gandorraren ertzera hurbilduz. Metroak eskalatu ahala hormak bertikalatasuna galdu eta helduleku handiak azalduz doaz.
Gandorraren ertzetik eskuinera (hormaren hegoaldean) dagoen tximinia antzekoa eskalatu eta bigarren erlaitz batera iritsi zen. Erlaitz honetan kimiko bat dago. Hemendik gora, nahiz eta hormaren iparretik zeharkaldia eginez jarraitzeko tentazioa izan, erzetik gertu zuzen eskalatu eta 4-5 metroetara plakan jarritako bi kimikoez osatutako bilgunera iritsi zen.
Asier luzearen amaieran. Lehen planoan arrail bertikala eskalatzen hasi aurreko kanala ikusi daiteke.
Gertuago... Argazkian arraila babesten duten bi kimikoak ikusi daitezke, erdiko asegurua guk jarritako friend-a da. Lehen kimikoaren gainean arraila eskalatzeko heldu behar den harlauza ere ikusi daiteke.
"Aurreko luzen antzekoa da" esan zidan talkietik, "errex eskalaukozu". Asierrek sokak jasotzen zituen bitartean nire begirada hego-ekialdeko gandorrara joan zen: "joer, han hemen bezelako reuniok eongo balie..." pentsatu nuen bilguneak osatzen duen kimikoei begiratuz.
Aztorearen hego-ekialdeko gandorraren bigarren luzea parez-pare. A zer nolako izerdiak bota genituen luze hura eskalatzen!!!
Asierrek agindu zidanean eskalatzen hasi nintzen. Haizea berriz jotzen hasita bazegoen ere lehen kimikora erraz iritsi nintzen. Hemendik gora estutu beharko nuela jakinda, eskuak magnesio poltsan sartu, arnasa sakon hartu eta, ezer baino lehen, oinak non jarri begira hasi nintzen. Oinak ahal izan nuen lekurik altuenean kokatu, gorputza altxatu eta estutasun handirik gabe eskuin eskuarekin harlauza heldu nuen: "Ze onaaaaa!!!!" animatu nintzen.
Hemendik gora, eskuin eskua harlauzean eta ezker oina arrailean enpotratuz metroak poliki irabazi eta, Lincam-a berreskuratu ondoren, bigarren kimikora iritsi nintzen arrailetik ateraz.
Arrail inklinatuan lehenengo luzean baino estutasun gutxiago pasa (motxilak ez zidan horrenbesteko enbarazurik egin) eta honen amaierako erlaitzera iritsi nintzen.
Arrail inklinatuaren amaieran dagoen erlaitzetik behera egindako argazkia.
Leku beretik bilgunera egindako argazkia, belarrak ikusten diren lekuan dago IV+ zailtasuneko tximinia.
"Zemuz zoaz?" galdetu zidan Asierrek. "Oaingoz de puta madre" erantzun nion. "Ba zailena indezu, hemendio aurrea disfrutau".
Erlaitzetik gorako eskalada erabateko gozamena iruditu zitzaidan. Helduleku onak eta horma ez oso bertikala. Zailtasun bakarra hormaren hegoaldean dagoen tximini batean topatu nuen, baina helduleku ederrak ditu.
Eskaladaz gozatzen.
Gertuago...
Tximiniaren amaieran dagoen erlaitzetik gora azken metro batzuk eskalatu eta bilgunera iritsi nitnzen: "ostia, ze onaaaaaa" bota nion Asierri, "gaurko helburuk beteta, hona igo ta gañea txapaik heldu gabe". Asierrekin hizketan hasi eta tximiniaren gaineko erlaitzara iritsi zenean hormaren iparretik eskalatzen jarraitzeko tentazioa izan zuela esan zidan: "helduleku onak ikusteie, ta goien kimikoik ikusten ez nuenez uste nun hemendio zela". Zuzen eskalatzen jarraitzea erabaki eta bilgunea ikusi zuenean arnasa lasai hartu zuela esan zidan.
Bosgarren bilgunean (gandorraren hirugarrena).
"Bueno, oain jun dan eunen rapela ingenun reuniora iristea da" esan nion. Gainean nuen materiala nahikoa zela ikusita, bilgunea utzi eta, metro gutxi batzuetako eskalada errazaren ondoren, hormatik atera nintzen.
Eskaladaren amaieran, errapela egiten den bilgunera arteko zeharakaldia hasi aurretik.
Leku beretik azken bilgunera egindako argazkia. Asier zoriontsu.
Aztorearen gaina osatzen duten harkaitz blokeak eskuinetik inguratu (tartean, zeharkaldi motz hau babesteko badaezpada blokeetako batetik zinta bat pasatu nuen) eta errapelak egiten diren bilgunera iritsi nintzen, hego-ekialdeko gandorra eskalatu genueneko zazpigarrena. Asier iritsi, soketako bat gorde eta 3-4 metroetako errapel motza egin genuen.
Errapel motzean.
Asier zoriontsu.
Errapelaren amaieratik aurrera dagoen gandorra jarraitu (parabolt bat dago gandorrera igo aurretik) eta gandorraren bestaldean dagoen hormako paraboltera iritsitakoan gaurko eskalada amaitutzat eman genuen: "Bidea akojonantea iruittu zait" esan nion Asierri, "arte lan bat, egunen baten Juanito ikusten badet bide hau irekitzeagatio eskerrak emangoizkiot". "Bai, toke alpinoa dauke" erantzun zidan Asierrek "neire izugarri gustau zait".
Trasteak jasotzen ari ginela Asierrek Josuk bidea express zintekin bakarrik eskalatuta zuela esan zidan. "Ezer sartu gabe?" galdetu nion. "Bai" erantzun zidan. "Bufff, ba hola eskalatzeko burue oso ondo jarria izan behar da".
Motxilak prest, materialik uzten ez genuela begiratu eta beherako bidea hartu genuen.
Argazki honetan Aztorea bere osotasunean eta jaitsierako bidea ikusi daitezke.
Beherako bidean gandorraren hirugarren luzean sokada bat zegoela ikusi genuen: "joer, hemendio kristona inpresionatzeu" esan nion Asierri. "Ya te digo, zeñek esango zun oain dela gutxi gu hor ibili geala".
Sokada gandorraren hirugarren luzean.
Gertuago... Azpitik ikusita oso ikusgarria da.
Sokada eta hormari hainbat argazki egin eta beherako bidearekin jarraitu genuen. Eginora iritsi ginenean hormari azkeneko argazkiak egin genizkion: "oaindio ez al dare azkeneko luzen?" galdetu zidan Asierrek. "Joer, ba bai" erantzun nion, "deskuidau ezkeo bigarrena ataskauko zen". "Bai, arraroa da" esan zidan Asierrek "ze badaramate denbora luzea hasi dutenetio".
Usoa eta Aztoreari azken begirada. Aztorearen azken luzean sokada ikusi daiteke.
Istripurik izan gabe, dena ongi joango zitzaienaren itxaropenean, kotxean trasteak utzi, iturrian zintzurra freskatu eta, azken argazkien ondoren, etxeko bidea hartu genuen: "bueno, amonakin postrea hartzea iristezea" esan zidan Asierrek. "Earra" erantzun nion, "aspaldi bisita ingabe nau ta".
Goizan azaldu bezala, Atxo, Juanito eta Angel-ek irekitako bide hau ikusgarri bezain ederra iruditu zitzaidan, arte lan bat, bizitzan behin eskalatu behar den bide horietakoa: "ba honen antzekoa da Caballé" esan zidan Asierrek, Irurtzungo Bi Haizpeko bide famatuari erreferentzia eginez, "baña hango luzek ikusgarrigok die". "Hurrengo bateako utzi beharko deu" erantzun nion, "kinto mas edo gehixeago asentauta detenerako, jejeje".
Etxeko bidean aitaren deia jaso nuen. Etxera iritsitakoan deitu eta amona koma egoeran zegoela esan zidan. Sobra ere larunbatean ohean sartu eta orduz geroztik esnatu gabe zegoen. Mediku batek aztertu eta itxarotera besterik ez zegoela esan zigun. Bi egunetako loaldiaren ondoren, amonak asteartean utzi gintuen. Behin baino gehiagotan esan izan dudan moduan, ama hil zenean, urte batzuetan amonak gu zaintzeko ardura hartu zuen, irrifar batekin, trukean ezer eskatu gabe. Guretzat bigarren ama izan zela behin baino gehiagotan esanda nion, baita bizitza osoa ez nuela nahiko izango gugatik egindako guztia eskertzeko ere. Eta horixe izan zen Ospitalean eskutik helduta esan nizkion azken hitzak. Bizi eta nahi bezala joan zen, lasai eta umil, sufritu gabe. Norbait hiltzen denean zeruan izar bat pizten dela esaten da. Urriaren 17tik izar distiratsu berri bat izango da. Milesker denagatik amona, eskuminak goien daudenei, besarkada bat aitonari eta muxu berezia amari. Ikusi arte amona, muxu handi bat!!!!!
Amona eta biok 2016 urtean etxera egin zidan bisitan. Berak beti hil aurretik iloba zaharraren etxe berria ikusi nahi zuela esaten zuen. Esan eta egin, horrelakoa zen gure amona.
AZKEN 10 SARRERAK
2017/10/29
EGINO: USOA ("Dame veneno" bidea, 60 m, 5b) ETA AZTOREA ("Hego-mendebaldeko gandorra", 100 m, 5c), 160 m, 5c. 2017/10/15
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
16:48
Etiketak:
arista,
azor,
aztorea,
cresta,
egino,
eguino,
ertza,
escalada,
eskalada,
gandorra,
gran azor,
hego,
hego-mendebaldeko,
hegomendebal,
paloma,
smithy,
smithyrenbloga,
usoa
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina