AZKEN 10 SARRERAK

2015/12/21

EGINO: "MATICES" bidea, 175 metro, 6a (2015/12/13)

Larunbatean Aiako Harrietako "Basurdeen begiratokia" bidea eskalatu ondoren bagenuen gogoa Eginora itzuli eta estutu beharreko bide bat eskalatzeko.

Aukera ezberdinak baloratuta eta Asier etortzerik ez zuela jakinda, berak eskalatutako eta aldi berean guk eskalatu gabeko bide bat eskalatzea pentsatu genuen. Genituen aukera gutxien artean "Matices" bidea aukeratu genuen, lehen luzea 6a zailtasunekoa izan arren, A0 eginez V zailtasunarekin egiterik dagoela bagenekien eta.

Asko errepikatzen ez den bide honen inguruko informazio ona Garbiñe Uriartek idatzitako "Guía de escaladas en Álava" eskuliburuan topatu daiteke. Erostea komenigarria den liburu honetaz aparte, nola ez, Xabier Larretxearen eskalatzen blogean ongi deskribatutako informazio zehatza topatzeko aukera dago (informazio honetarako hemen klik egin).

Bide honek harkaitza primerakoa du eta bigarren eta bosgarren luzeak (guretzat laugarrena izan zena) itzelak dira. Gainera, graduaz larri bagabiltza, lehen luzea ekidin eta oinez zuzenean bigarren luzeraino igotzeko aukera dugu. Hori bai, auto babesteko materiala eraman beharko dugu lehen luzearen amaieran eta azken luzean asegururik ez dago eta.

OHARRA

Apirilak 1 eta abuztuak 31 artean babestutako espezien habiagintzagatik bide hau eskalatzea debekatuta dago.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 175 metro.
Luzeak: 6.
Nork irekia: Iñaki Lerma.
Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: 6a (35 m), 2ºL: 5b (30 m), 3ºL: IV+ (20 m), 4ºL: IV (40 m), 5ºL: V (25 m) eta 6ºL: IV+ (30 m). Guk, nahastuta hirugarren eta laugarren luzeak batean egin genituen baina sokaren luzerarekin oso larri ibili ginen, gainera luzearen amaieran sokaren marruskadura izugarria izan genuen. Bidea errepikatzekotan luzeak krokisean dauden moduan egingo nituzke, luzerik elkartu gabe. Goian esan bezala, lehen luzea A0n egiten badugu zailtasuna V inguruan geldituko da. Hala ere luze hau ekidin daiteke igotzen den monolitoa bere eskuinetik oinez inguratzen badugu.
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 15-20 minutu.
Jaitsiera:Aztorea eta Usoaren bidetik. Bidearen amaieratik kotxera 25-30 minutu.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 12 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako, Camalot eta Alien jokoa, baita lincam hori eta gorria ere, hala ere bide osoan hiru friend bakarrik erabili genituen: Alien gorria eta lincam gorri eta horia. Harkaitz zubietatik pasatzeko zinta batzuk ere eraman genituen. Walkie-talkie pare bat ere eramatea komeni da bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: bi ordu eta berrogeitabost minutu.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen kokalekua.


Bidea gertuago... Gorriz hurbilketa eta eskalada bidea, urdinez oinez egiten diren edo egin daitezkeen zatiak eta orlegiz jaitsiera (baita laugarren luzean egin daitekeen bigarren aukera).


Krokisa zehaztuta.


BIDEAREN OINERA IRISTEKO

Bidearen oinera nola iritsi kronika honetan irakurri daiteke.

DESKRIBAPENA

Altsasuraino lanbro artean joan ginen eta Eginon zein eguraldi izango genuenaren zalantza handiak genituen. Baina Ziordiatik aurrera lanbro gehiena desagertu, zerua oskarbitu eta tenperaturak behera egin zuen. "Ostia, hotzaaaaaa, ehh!!!!!!" Bota zuen Ikerrek kotxeak 0,5 gradu adierazten zituela ikusita.

Eginora iristen, tenperatura fresxkoa, jejeje.


Elizaren ondoan kotxea utzi, trasteak hartu eta, eskuak ez hozteko poltsikoetan sartuta, herritik presarik gabe atera ginen.

Eginoko kaleetan.


Nahiz eta Eginotik lasai atera azkenean gorputza berotzeko abiadura zertxobait igo eta  15-20 minutu inguruan bidearen oinera iritsi ginen.

Bidearen oinera iristen eta lehen luzeko  lehen zatiaren nondik- norakoak.


Lehen luzea, 35 metro, 6a. Materiala arnes eta motxilaren eraztunetan zintzilikatu eta eskuak hoztu baino lehen eskalatzen hasi nintzen: "Aupa mitz!!" Animatu ninduen anaiak. Arnas sakon bat hartu eta bidearen luzerik zailena eskalatzen hasi nintzen.

Lehenengo luzea helduleku txikiko plaka bertikal bat eskalatuz hasten da (6a). Pausurik "errazenak" aseguruen ezkerrean topatuko ditugu. Nik lehenengo asegurura eskuin aldetik igo eta bertan ezin jarraitu gelditu nintzen: "Kontu ibili ezkerrera trabesie inbehardet ta" esan nion anaiari. Hankak ireki eta ezkerrera pasatzen hasi nintzen. Eskuentzat helduleku baten bila ari nintzela behatzak hozten hasi zitzaizkidan eta konturatu nintzenerako behatz puntekin ez nuen harkaitzaren helduleku txikiak sentitu ere egiten. Sentsazio desatsegina izaten da heldulekuak ez sentitzea, ez baita jakiten zein indarrarekin heltzen ari den ere. Izugarrizko segurtasun falta sentitu eta hankak dardarka hasi zitzaizkidan eta erori baino lehen eskuin eskuarekin express zinta eutsi eta hormaren ezkerrera pasa nintzen.

Eskuin-ezker zeharkaldian.


Hormaren ezkerretik metroak errazago irabaziz gora egin nuen.

Hirugarren paraboltera iritsitakoan luzeak eskuin aldean dagoen erdi-izkutuan dagoen iltze batera zeharkaldi bat egiten du (V).

Zailena eginda, hirugarren paraboltaren altueran, zeharkaldira hasi aurretik.


Zeharkaldia hasten.


Zeharkaldia 2-3 metro ingurukoa da eta nahiz eta helduleku txikiak izan, oinak non jarri ongi begiratu ezkero ongi egiten da. Zeharkaldi honetan eskuetako behatz puntak berriro ere minez hasi eta heldulekuen ukimena berriro ere desagertu zen. Mina gora zihoala ikusita iltzearen asegurutik zintzilikatu eta eskuak berotzen hasi nintzen. "Joer hau da hotzaaaa!!!!" Oihukatu nion anaiari, "Ostia ez esan hoi akojonau ingonazu ta. Ea buelta hartu behar deun" erantzun zidan. "Behin honea iritsita eztau atzea bueltaik" erantzun nion. Behatzak bere onera itzuli zirenean, zeharkaldia amaitu nuen.

Zeharkaldiaren amaieran eskuak astintzen nolabait berotzeko.


Zeharkaldiaren ondoren luzearen zailtasuna jaitsi eta zuzen eskalatu behar da (III) gainean dagoen arteraino.

Artera iristen.


Iker artea dagoen lekutik behera egindako argazkian.


Artearen enborrean dagoen zintan aseguratu eta gora jarraitu nuen eskaladatxo erraz bat (III+) eginez sabai baten azpira iritsi arte.

Sabaia bi harkaitz artean dagoen 2 metro inguruko arrail bertikal (zertxobait atzera ere egiten du) eskalatuz gainditzen da. Pausu honetan luzearen izerdirik handienak bota nituen. Gorputza nola jarri ez nuen asmatzen eta gainera soken marruskadurak ez zidan askatasun handiz mugitzen uzten. Aseguru bat non jarri bilatzen hasi eta desesperatzen hasita nengoenean eskuineko harkaitzaren gainaldean Alien gorria jartzeko arrailtxo horizontal bat topatu nuen. Express zinta jarri eta soketako bat indar handiz expressetik pasatzea lortu nuen: "Bueno, oain pasoa" pentsatu nuen soka gainetik izateak ematen duen lasaitasunarekin.

Harkaitzen arteko arrailean oina bat sartu eta bestea ezker harkaitzean jarriz, eskuentzat leku fidagarririk topatu gabe gora egin eta sokaren marruskadurak kontra egiten zuen indarrak oina bat irristatzeak eragin zidan, pausuan aurrera egin gabe geldituz. Pausuaren oinera jaitsi, soka metro pare bat bildu eta, oraingoan sokaren indarrik gabe pausua eskalatu nuen, lehen luzean eskalatzen den monolitoaren gailurrera iritsiz.

Gailurratik 10 metro inguruko gandor estua jarraitu, lepotxo batera jaitsi, eta bilgunea muntatu nuen artera iritsi nintzen.

Iker monolitoaren gailurrera iritsi zenean "zemuzkoa iruittu zaizu?" Galdetu nion. "Ostia, luze ona ateazu, eztet uste nik ingo nunik".

Iker monolitoaren gailurreran estuasun guztiak atzean utzita.


Monolitoaren gailurretik bilgunera egindako argazkia eta hemendik gora jarraituko ditugun bide eta luze batzuk.


"Ba nei gehio kostau zait azkeneko pasoa 6a-koa baño" esan nion bilgunera iritsi zenean. "Gañea, hasierako zati osoa azeratuz oaindio errexagoa izangoela ustet. Amorrazioa emant dit lehenengo txapari eustea, ustet berokin bide hau errepikau beharra deula. Seguru nau garbin ateatzeko kapaz izango geala".

Bigarren luzearen oinera iristeko lehenengo bilgunea muntatzen den artea eskuinetik inguratu eta 30 metro inguru ezker aldera oinez egin genituen. Luzearen hasieran uztaidun parabolt bat dago. Sokarik ez jasotzeko Ikerrek lehen bilgune "bis"era arte jarraitu zuen eta bertara iritsi zenean soka jasotzen hasi zen.

Iker lehen bilgune "bis"-ean eta bigarren luzearen nondik norakoak.


Bigarren luzearen oinean dagoen uztaidun parabolta.


Bigarren luzea, 30 metro, 5b. Bilgunera iritsi eta Ikerri soberan nuen materiala pasatu eta luzea hasi aurretik atsedentxo bat hartu eta hidratatzeko aprobetxatu genuen.

Lehen bilgune "bis"ean hidratatzen.


Luzearean hasieran.


Luzeak "Z" itsurakoa egiten du hormaren gaineko sabaia bere eskuinetik saihestuz. Lehen asegurua ez dago gertu baino zailtasun handirik gabe iristen da. Luzeak zuzen egin beharrean zertxobait ezkerrera doa plaka bertikal bat eskaltuz eskuinera diagonalean doan arrail itsurako batera iritsi arte. Plaka bertikal honetan pausu fin bat (5b) topatuko dugu.

Lehen metroetan.



Arrailaren hasieran, pausu "fina" atzean utzi ondoren.


Arrailak horma diagonalean ezker eskuin zeharkatzen du eta helduleku onak ditu. Zeharkaldia nahiko tentea da eta aseguruen arteko tartea ez da motza (V). Iker, aseguruen arteko tartea murriztu asmoz, zalantzan egon zen friend edota harkaitz zubi batean zinta bat jartzeko, baina azkenean arraila maisutasun handiz eskalatu zuen.

Arrailaren amaieran.


Arrailaren amaieratik luzeak zuzen jotzen du gora bigarren plaka bertikal bat eskalatuz (V). Luzearen azken metro hauek plakaren helduleku onenak jarraituz doa, eta heldulekurik ez dugula uste dugun bakoitzean helduleku eder bat azaltzen da. Bilgunea uztaidun bi paraboltez osatua dago.

Anaiak igotzen hasteko esan zidanean, soka gainetik eramanda, luzea lasai hartuko nuela proposatu nuen.

Luzea hasten, atzean lehen luzean igotzen den monolitoa ikusi daiteke, baita Egino ere.


Eskuak eta oinak mugitu aurretik heldulekuak lasai topatuz luze eder honekin izugarri gozatu nuen.

Arrailaren amaieratik bilgunera egindako argazkia. Ikerren azpian luzeak saihesten duen sabaia ikusi daiteke.


Bigarren plaka bertikala eskalatzen.


Bilgunera iritsi nintzenean luze honetan gozatu nuena ezin izan nuen disimulatu: "Ostia, ze luze ona!!!!!" Esan nion Ikerri, "luze hau azpitik iriki bazuten, profesional modun aittu zien, denbora guztin hormaren ahuldadek aprobetsatuz". "Nik ere kristona disfrutauet" esan zidan anaiak, "oso ona, bai jauna!!"

Bigarren bilgunean.


Hirugarren (20 metro, IV+) eta laugarren (40 metro, IV) luzeak. Eskalada bat egin aurretik etxean bidearen nondik norakoak ongi irakurri eta ikasi behar izaten dira. Hasieran esan dudan moduan Xabier Larretxearen deskribapen bikaina eraman genuen eta bertan jartzen du bigarren eta hirugarren luzeak batean eskalatu daitezkeela. Hala ere, hasieratik buruan sartu zitzaidan batean egin zitezkeen luzeak hirugarren eta laugarrena zirela eta asmo horrekin hirugarren luzea eskalatzen hasi nintzen.

Bigarren bilgunean eta hirugarren luzeko lehen bi paraboltak.


Hirugarren luzea bilgunearen zertxobait ezkerretik zuzen eskalatuz hasten da (IV+). Pausua ez da zaila baina lehen asegurura iristeko nahi baino izerdi gehiago bota nituen.

Lehen eta bigarren parabolten artean sabaitxo bat eskalatu (aurreko pausua baino errazagoa) eta luzearen zailtasunak atzean utzi nituen.

Luzearen zailtasunak pasa ondoren.


Iker bigarren bilgunean.


Bigarren paraboltetik gora ezker ertzara hurbildu, bertan harkaitz baten puntatik zinta bat pasatu eta zailtasun handirik gabe arte baten atzeko harkaitzean dagoen hirugarren bilgunera iritsi nintzen.

Krokiseko hirugarren bilgunea, guk aurrera jarraitu genuen.


Hirugarren bilgunetik zinta luze bat pasatu eta zintatik gainean nuen express zintarik luzeena jarri nuen soken marruskadura ahalik eta gehien gutxitzeko. Gora begiratu eta Ikerri talkietik goraka jarraitu behar nuela esan nion.

Hirugarren bilgune "ofizialetik" luzeak eskuinera diagonalean jarraitzen du bilgunetik 8 metro ingurura dagoen iltze batera arte (III). Iltzetik gora diedrotxo itsurako batetik gora zuzen jarraitu nuen (IV).

Diedrotxoa eskalatu aurretik behera egindako argazkia, Iker bigarren bilgunean ikusi daiteke.


Diedrotxo itsurakoa eskalatu ondoren bi aukera nituen: gora zuzen egin Xabier Larretxeak egin zuen moduan edota, bere aholkuari jarraituz, eskuinera zeharkaldia egin eta arteen artean dagoen pasabide bateraino eskalatu. Nik bigarren aukera hartu eta eskuinera jo nuen.

Bide hau eskalatzen baduzue, iltzea dagoen lekutik eskuinera eskalatzen jarraitu diedrotxoa eskalatu gabe errazagoa baita. Nire kasuan, diedrotxoa eskalatuta nuenez, eskuinera zeharkaldi eta destrepetxo bat egin behar izan nuen. Itzetik gora asegururik jarri gabe nuela eskerrak, soka diedrotxoaren eskuineko harkaitzetik pasa eta marruskadura neurri handi batean ekidin nuen.

Hirugarren bilgunetik Ikerrek egindako argazkia. Gorriz jarraitu beharreko bidea eta urdinez iltzetik gora doan diedro itsurakoa. Luze hau egitekotan bide gorritik jarraitzen baduzue hobe.


Hemendik gora, sokaren marruskadura sentitzen hasita nengoela ikusita, helduleku oneko plaka etzan bat (II+) eskalatzen zela ikusita, bilgunera arteko 30 metroak, honen aurretik dagoen plakatxo tentean (III) aseguru bakarra jarriz egin nituen.

Aurreko argazkian bide gorria amaitzen den lekutik gora egindako argazkia, eskuinean Aztorea.


Bilgunetik 3-4 metro ingurura nengoela Ikerren telefono deia jaso nuen: "talkie bateri gabe geldittua ta, asko falta zaizu bilgunerarte?", "3-4 metro inguru, ze ba?", "Ba eztakit hainbesteko soka daun, bilgunera motzen lotu ta ahalik ta soka gehien emangoizut" esan zidan.

Bilgunera soketatik ahal izan nuen moduan tiraka iritsi, nuen zintarik luzeena bertako uztaian jarri eta berriro atzera egin nuen ahalik eta soka gehien "berreskuratzeko", bilgunea muntatu izan banu ez bainuen "Reverso"tik pasatzeko adinako sokarik izango.

Soka lanez "Reverso"tik pasa nuenean Ikerri telefonoz deitu eta igotzen hasterik bazuela esan nion: "Buff!!!! Akojonauta neon" erantzun zidan, "uste nun bilgunetio ensanblen atera beharra nuela".

Nahiz eta aseguru asko ez jarri, sokaren marruskadura handia zen eta soka berrreskuratzea kosta zitzaidan. Iker metroak eskalatzen zituen ehinean pixkanaka soka hobe jasotzen joan nintzen eta bilgunera iristerako ez nuen arazorik izan.

Hirugarren bilgunean (laugarren bilgune "ofiziala") eta bosgarren luzeko (gure laugarrena) paraboltak.


"Seguru bi luze hok enpalmatzeik daudela?" Esan zidan Ikerrek bilgunera iritsi zenean. Krokisa atera eta egindako hanka sartzeaz konturatu nintzen: "ostia, enpalmau beharrekok bigarren eta hirugarrenak die, ez bi hauek" erantzun nion.  "Esaten nun ba" esan zidan Ikerrek.

Ikerri traste guztiak pasatu eta bosgarren luzea eskalatzen hasi zen.

Bidea egitekotan nik luze ofizial guztiak egitea gomendatzen dizuet, luzerik bateratu gabe. Bidean denbora gehiago pasako duzue, baina merezi du luze guztiak sokaren marruskadurarik gabe gozatzea.

Bosgarren luzea, 25 metro, V. Luzeak gainean dugun horma zuzen-zuzen jarraitzen du eta hiru zatitan banatu daiteke.

Lehenngo zaitan ia bilgunetik gora doan arrail bat eskalatzen da (V). Eskalada honetan helduleku onak topatu eta asko disfrutatuko dugu.

Iker lehen arrailean.


Lehen arrail hau eskalatuta bi arrailen artean dagoen plaka eskalatzen da (V). Metro batzuk ezker arrailetik eta beste batzuk eskuinekotik eskalatuz, heldulekuak ongi bilatuz (oso onak daude eta), bigarren zati hau ere arazorik gabe eskalatuko dugu.

Iker bi arrailen arteko zatia amaitzen.


Bigarren zatia eskalatu ondoren sabaitxo baten azpira iritsiko gara. Sabaitxoa oso ongi babestua dago eta uste baino errazago eskalatu genuen (IV).

Sabaitxoa eskalatzear. Pausua babesten duen paraboltean expressa nola jarrita dagoen ikusi daiteke.


Behin sabaitxoa eskalatuta lepotxo batera jaitsi eta bertan bosgarren bilgunea dago. Bilgunea uztaidun parabolt batez osatua dago, baina Ikerrek, badaezpada, ondoan duen harkaitz zubi batetik pasatako zinta batekin indartu zuen.

Bosgarren bilgunean eta atzean seigarren eta azken luzearen lehen metroak.


"Ze ona luze haure!!!!!" Esan nion Ikerri "bigarren luzea ta hau akojonantek die". "Nik ere honekin la ostia disfrutauet" esan zidan anaiak zoriontsu.

Bilgunean atsedentxo bat hartu, Ikerri traste guztiak hartu eta azken luzea eskalatzen hasi nintzen.

Seigarren luzea, 40 metro, IV+. Luzea 5 metro inguru eta helduleku ederretako diedro bertikal bat eskalatuz hasten da (IV+). Diedroan pitzadura eder bat dago eta bertan friend-ak ederki sartu daitezke, gainera sartzea komeni da luze osoan paraboltik ez baitago. "Diedroa kremailera bat bezela utzi behardet" esan nion anaiari "hola sikiera materiala ezteu alperrik paseauko jejejejeje". Ahotik arraina hiltzen dela esaten dute eta diedroa lincam gorri bat erdian eta 2 zenbakiko Camalot bat irteeran sartuz babestu nuen, beste material guztia "pasiatuz" jejejeje.

Diedroaren hasieran.


Diedroaren eskalada amaitzen.


Izugarri disfrutatzen!!!!!!


Bosgarren bilgunea diedroaren bukaeratik.


Diedroaren eskaladaz haur baten moduan gozatu ondoren, haitz batera igo eta azken bilgunera iritsi aurretik dagoen gandor motz eta erraza zeharkatu nuen. Gandorrak ez dauka aparteko zailtasunik, baina badaezpada harkaitz bateko arrailtxo batean Alien gorria sartu nuen gutxienez aseguru puntu bat izateko.

Azken bilgunea uztaidun parabolt batez osatua zegoela irakurrita nuenez, gandorraren amaierarte joan eta honen eskuinean dagoen plakan paraboltaren bila hasi nintzen. Alde batean nahiz bestean bilgunearen bila aritu ondoren, azkenean, gainean material nahikoa nuela aprobetsatuz, bi harkaitzetatik zinta bana pasatuz bilgunea muntatu nuen.

Seigarren bilgunean. Argazkian uztaidun parabolta non dagoen adierazi dut, nik ordea, bidea amaitu nuenean ez nuen ikusi.


Iker haitzaren gainean.


"Ze ona bidea!!!!!" Bota zidan Ikerrek bidea amaitu zuenean. "Joer, ba bai" erantzun nion, "bazen denbora hainbeste disfrutatzen ez nunik".

Diedroa amaitzen den haitzera igo eta trasteak jasotzen ari ginen lekura itzultzen ari nintzela harkaitz batean seigarren bilgune ofiziala topatu nuen: "hara nun daun bilgunea!!!" Esan nion anaiari, "Ta nik denbora guztin bestalden bila aittu naiz, jejeje".

Seigarren bilgune "ofiziala".



Trasteak jaso eta azken luzeko diedroa amaitzen den haitzera igo ginen argazkia egitera.

Bi anaiak bidea amaitzen den haitzean, "ze onaaaaaa!!!!!"


Bion argazkia egin, soberan genuen likidoa amaitu eta beheko bidea hartu genuen.

Jaitsierako bideak ez dauka galtzeko arrisku handirik Aztorea eta Usotik behera doan bidea denbora osoan bistan dugu eta.

Trasteak jaso eta gero Aztoreik behera doan biderarte gutxi gora behera jarraitu genuen bidea.


Aztorearen ikusmira ikusgarria, hego mendebaldeko gandorra parez-pare. Ea noiz eskalatzen dugun.


Esan bezala, bideak galtzeko arriskurik ez dauka, baina behin baino gehiagotan esan dudan moduan, jaitsiera hau harkaitza heze edota bustiarekin arriskutsu izan daiteke. Ez zen gure  kasua izan eta gutxi gora behera 25 minutuetan Eginora itzuli ginen izugarrizko sentsazio ederrekin.


Amaiera moduan aitortu beharra daukat "Matices" bidea erabat gomendagarria dela eta ezusteko ederra izan dela bide hau eskalatzeak. Lehen luzea estutu beharrekoa da baina beste luzeetan ederki gozatuko duzuenaren zalantzarik ez daukat. Material aldetik Alien semaforoa eta tamaina erdiko 2-3 Camalot (edo bi lincam-ekin) nahikoa eta soberan izango duzue. Guk harkaitz zubietatik pasatzeko zinta pare bat erabili genituen. Luze kopuruen aldetik, goian komentatu bezala, nik sei luzeetan eskalatuko nuke, luzerik elkartu gabe, nahiz eta hirugarren luzea motz xamar gelditu. Pena da hain bide eder eta harkaitz onekoa hain gutxi errepikatua izatea, benetan merezi du eta.

Bide hau berriro ere errepikatuko dugunaren zalantzarik ez daukat!!!!!!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina