2016/01/04
ZIORDIA, ARBARA EKIALDEA: "BIRRA MORETTI" bidea, 210 metro, 5c (2015/12/20)
OHARRA: 2019 urtean Antxonek bidean hainbat aldaketa egin zituen. Bi luze berri ireki (lehenengoa eta bigarrena), kronika honetako bosgarren luzeari bariante pare bat egin eta azken luzeari ere bariante berri bat ireki zion. Aldaketa hauen guztien inguruko informazioa kronika honetan topatu dezakezue.
Ez dakit noizbait jarraian horrenbeste eskalatu dugun. Azkeneko urteotan udazkenaren erdialdean harkaitz eskaladarako materiala armairuan jaso eta neguko materiala prestatzen hasten ginen. Baina aurtengo udazken-negua oso arraro doa eta ezohiko eguraldi "beroak" harkaitz denboraldia abenduaren amaiera arte luzatzeko aukera ematen ari digu.
Larunbatean Ikerrekin Eginoko "Elmer" bidea manga motzetan (nork esango luke, eta gainera beroa pasatzen, jejeje) eskalatu ondoren, iganderako Asierrekin plan berri bat egin genuen: Antxon Gorrotxategi eta Garoa Unanuek Ziordian ireki berria duten "Birra Moretti" bidea eskalatzea. Ikerrek azken orduan etortzerik ezin zuela eta, Asier eta biok Ziordiara hurbildu ginen.
Birra Moretti italiar garagardo bat da. Oraindik gogoan daukat garagardo hau probatu genuen lehen aldia, Gran Paradiso mendira igo aurreko Vittorio Emmanuelle II aterpean izan zen. Hidratazioa ederki eraman genuen egun horretan, jejejeje.
Birra Moretti garagordoak Vittorio Emmanuelle II aterpean. A ze festa egun hortakoa!!!
Ziordian Antxon eta Garoak aurten ere ireki duten "Irati" bidea duela hilabete pare bat eskalatu genuen eta "Birra Moretti" antzerako bidea izango zenaren itxaropenaz Ziordiako harrobira iritsi ginen (harraobira nola hurbildu behar den hemen daukat azalduta). Gero ikusiko genuen moduan, bide hau ere itzela da, eskalatzea merezi duen horietakoa.
Hemendik Antxon Gorrotxategiri egunen batean Euskal Mendizale Federakuntzak nolabaiteko aitorpen, sari edo opariren bat egitea aldarrikatzen dut, hainbat luzeetako eskaladaren alde egiten ari den lanarengatik. Nire esku egongo balitz "Urrezko pioleta" ere emango nioke, jejeje. Tamalez, sari eta aitorpen gehienek aktibitate tekniko eta zailek eramaten dituzten bitartean, Antxonen moduan eskaladari ekarpen "praktikoago" bat egiten ari direnek ez dute gauza handirik jasoko. Gutxienez bideak ekipatu eta garbitzeko behar duen laguntza ematen badiote ez da gutxi.
BIDEAREN DATU BATZUK
Luzera: 210 metro.
Luzeak: 7.
Nork irekia: Antxon Gorrotxategi eta Garoa Unanue 2015eko azaroan.
Zailtasuna: 5c. Luzez-luze: 1ºL: 4b (45 m), 2ºL: II (35 m), 3ºL: 4c (20 m), 4ºL: 5c (35 m), 5ºL: 5a (45 m), 6ºL: III (5 m) eta 7ºL: 4c (30 m). Bidearen garbiketan lan itzela egin da, hala ere, ireki berria izanda, zenbait lekuetan harri eta harkaitz askeak daude. Errepikatzen den ehinean garbituz joango da.
Orientazioa: Ekialdea, hala ere udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 15-20 minutu.
Jaitsiera: 2019tik horma rappelatu daiteke. Rappelen inguruko informazioa hemen irakurri dezakezue. Rappelik egin nahi ez bada, bidea amaitzen den lekutik ekialdera doa jaitsiera, puntu gorri eta mugarriz adierazitako bidea jarraituz. Ziordiako harrobia erditik zeharkatzen denez, bigarren aukera hau harrobia itxita dagoenean bakarrik jarraitzea komeni da, hau da, jaiegunetan, bertako langileei lanean lasai utzi eta egiten diren leherketek duten arriskuagatik. Bidea amaitzen den lekutik kotxera 45 minutu inguru pasako ditugu lasai ibiliz gero.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 14 express zinta, zintak bilguneetarako, hainbat zinta bidea babesteko (guk ez genituen asko erabili bidean dauden harkaitz-zubi gehienak soka edota kordinoekin aseguratuak daude eta), Alien semaforoa (baita grisa ere), Camalotak 0,5-2 artean eta Limcam gorri eta horia, baina hala ere bide osoan bi lincam-ak bakarrik erabili genituen (bosgarren luzean). Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: 2h25'.
BIDEAREN KROKISA
Bidearen kokapena. Urdinez "Irati" bidea, eta honen ezkerrean Ziordiako ezproia.
Krokisa zehatzago.
BIDEAREN OINERA IRISTEKO
"Irati" bidearen hubilketarako jarraitutako bide bera jarraituko dugu, Birra Moretti bidea "Irati" bidetik 50 metro inguru eskuinerako dago eta. Bidearen hasiera kokatzeko hormaren erdian dagoen zuhaixka zabal bat erreferentzi ona izan daiteke, lehen luzea zuhaixka honen eskuinetik doa eta.
Pistatik lehenengo bost luzeak ikusi daitezke. Argazkian bidearen hasiera kokatzeko zuhaixka zein den adierazi dut.
Pista utzi genuen lekutik 0 bilgunera egin genuen bidea. Argazkian Ziordiako ezproia eta bidearen hasiera identifikatzeko zuhaixka ere ikusi daitezke.
DESKRIBAPENA
Larunbatean Eginon ikusi genuen kordada pila ikusita lehenago gelditu eta 8:30etarako Ziordiako harrobian geunden: "Bueno, gutxiñez ezteu iñor aurretio izango" esan zidan Asierrek kotxetik irten zenean. Eguzkiaren lehen izpiek oraindik horma gorritzen ari zirela, trasteak kotxetik hartu eta, erabat argitu gabe, poliki-poliki martxan jarri ginen.
Bilgunera iritsi eta, bidearen hasiera adierazten dun plakatxoaren ondoan, gainean genituen traste eta sokak lurrean utzi genituenean haize frexko batek agurtu gintuen: "gaur eztet uste atzoko beroa pasako deunik" esan nion Asierri. "Bai, gaur egune frexkogo dau".
Trasteak motxila eta arnesaren artean ditudan uztai guztietan zintzilikatu eta eskalatzen hasi nintzen.
Lehen luzea, 45 metro, 4b. Lehen luzea bidearen izena duen plakatxotik gora zuzen doa garbiketa lanen ondorioz horman egin den pasabide itsurakoa jarraituz. Eskaladari konfidantzaz heldu nion eta metroak erraz irabazten joan nintzen. Eskalatzen nuen ehinean nire ezkerrean bidea nondik doan identifikatzeko erabili genuen zuhaixka utzi nuen. Horma nahiz eta bertikalada izan, helduleku oso onak ditu eta denbora osoan eskaladatxoak eta atseden hartzeko erlaitz txikiak tartekatuz eskalatzen joan nintzen parabolt nahiz muntatutako harkaitz-zubietan express zintak pasatuz. Luzeko erlaitz txiki hauetako batean, luzea nondik jarraitzen zuen begira ari nintzela, Asierren marmarrak entzun nituen: "Ze?" Galdetu nion, "Argazki kamara, izorrau indela ustet" esan zidan. "Pena baina gutxiñez nerea daun bitarten" esan nion.
Eskaladak zertxobait ezkerrerako joera dauka eta horma amaitzen den lekutik 4-5 metro ingurura bilgunea ikusi nuen. Azken metro hauek erdi-oinez erdi-trepatzen eginez haritz baten enborratik pasatako bi soka eta maillona aprobetsatu nituen lehen bilgunea muntatzeko.
Horma amaitzen den lekutik 0 bilgunera egindako argazkia.
Lehenengo bilgunea.
Asier bilgunera iritsi zenean argazki kamararen egoeragatik kezkatu xamar zegoela nabaritu nuen. Kamara hartu eta ahal izan genuen guztia egin genion: bateria kendu, bateria jarri, txip-a kendu, txip-a jarri... Baina hala ere ez genuen martxan jartzerik lortu eta hemendik aurrera kamara bakarrarekin eskalatzen jarraitu genuen.
Bigarren luzea, 30 metro, II. Luzeari IIko zailtasuna ematen ziotela ikusita, "Reverso"tik sokak askatu eta Asierrek aske jarraitu zuen. Lehen bilguneko haritza bere eskuinetik inguratu eta, bertan dauden harkaitzen gainetik, ezkerrerako norabidean oinez jarraitu genuen.
Lehenengo bilgunetik atera ondoren.
Bigarren bilgunera iritsi aurretik 3-4 metroetako plakatxo erraz bat eskalatu (II) eta bigarren bilgunera iritsi zen. Bilgunearen aurretik dagoen plakatxoa nahiz eta tentea izan helduleku onak ditu eta oso erraz eskalatzen da.
Lehenengo bilgunetik egindako argazkian Asier bigarren bilgunean eta bilgunearen aurretik dagoen plakatxoa ikusi daitezke.
Bilgunea bi paraboltez osatua dago, bietako bat uztaiduna.
Bigarren bilgunea.
Bigarren bilgunetik lehenengora egindako argazkia eta bien artean jarraitu beharreko bidea.
"Buenooo, ustet hemendio gora komerik hasiko diela" esan nion Asierri gainetik genuena begiratuz. "Harritzen ditena da bidea eskubiko espoloien gañetik ez jutea. Gañea emateo hortio inda luze politte ateako zela" erantzun zidan. "Dudaik ez izan bidea hemendio badijo zerbaitegatio izangoela" esan nion.
Behera begiratu eta kordada bat bidean oinez zetorrela ikusi genuen: "honea badatoz, irixteako guk ia bukau deu" esan nion. Asierri material guztia pasatu eta aurretik genuen luzea 5c-ko luzea zelakoan eskalatzen hasi zen.
Hirugarren luzea, 20 metro, 4c. Hirugarren eta laugarren luzeek horman nabarmena den eta ezproiaren ezkerretik doan tximinia etzan itsurakoa jarraitzen dute.
Tximinian sartuta.
Tximini itsurako honek zailtasun handirik ez dauka, ongi babestua dago eta heldulekuak ederrak ditu, baina bilgunera hurbiltzen garen ehinean bertikalago jarri eta gogorragoa den pausu bat (4c) egin beharko dugu, baina pausu hau, bidean dauden pausu gogor guztien antzera, oso ongi aseguratua dago.
Asier hirugarren bilgunean.
Bilgunea ez da oso erosoa eta uztaidun parabolta eta iltze zahar batetik pasatako maillon-dun soka batez osatua dago.
Hirugarren bilgunea.
"Hau al da 5c-ko luzea?" Galdetu zidan Asierrek talkietik, "ez al da motzegi?". Gainean neraman krokisa begiratu eta luzea 4c eta 20 metroetakoa zela ikusi nuen. "Ostia, konfundittu naiz!!! Zuk indezun hau 4c-koa da" erantzun nion.
Hasieran zalantzan aritu ginen hirugarren eta laugarren luzeak batean egin ala ez. Azkenean, krokisean azaltzen den moduan, badaezpada bilgunea bertan muntatu genuen, "Elmer" bidea eskalatu genuenean lotu behar ez ziren bi luze lotzeagatik izan genituen komeriak buruan nituela.
Laugarren luzea, 35 metro, 5c. Gehiago eskaltzeko gogokin gelditu eta aurretik genuen luzea bidearen gogorrena zela ikusita, Asierri aurretik jarraitu nahi zuen galdetu nion: "Nahizuna" erantzun zidan aurpegi triste xamar batekin. Gainean neraman material eskasa hartu eta eman egin nion luzea eskalatzen hasteko.
Luzeak orain arte jarraitutako tximinia orain arteko zailtasuna mantenduz (IV eta IV+) amaierarte jarraitzen du. Tximiniaren amaieran, ezkerreko ertzan dagoen harlauza batera igo, eskuin hanka eskuinera diagonalean ireki eta pausu arraro bat egin genuen (V) luzeari zailtasuna ematen dion hormatxoaren azpira iritsiz.
Asier harlauzan igota.
Gertuago... Hemendik gora luze eta bidearen zailena hasten da.
Pausu hau ez da oso luzea (4-5 metro inguru) baina bai bertikala eta zertxobait atzera ere egiten duela esango nuke. Gainera pausuan dauden harkaitz eta heldulekuek ez dute konfidantza handirik ematen baina ederki eusten dute.
Luze eta bidearen pausurik gogorrenarekin borrokatzen.
Asierrek pausua eskalatzeko denbora hartu eta pazientziaz eskalatzen joan zen heldulekuei ahalik eta gutxien eutsiz. Pausua eskalatu zuenean behera begiratu eta behatzarekin dena ongi zihoanaren seinalea egin zidan.
Pausu gogorraren ondoren espoloiaren gainera igo eta bilguneraino plaka bertikal bat eskalatuko dugu. Plaka honen goiko ertzan eskuentzat heldulekurik onenak topatuko ditugu baina kontuz, kolokan dagoen harkaitz handi bat dago eta. Ezkerrera diagonalean eskalatuz uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiko gara (V).
"Luze hau eskalatu beharrekoa da, eh!!!" Ohartarazi zidan talkietik "gañea pasoko harrik eztie oso fidagarrik". "Asierrek hau esate bado ea zer topatzeten" pentsatu nuen nire burua "animatuz", jejeje.
Pausuaren azpira nahiko erraz iritsi nintzen eta bilgunetik ikusten dena baino bertikalagoa den sentsazioa izan nuen. Asierren esanetan fidagarriak ez ziren heldulekuak ikusi eta hasiera batean helduleku hauei eutsi gabe eskalatzen hasi nintzen. Pausua gogortzen hasi zenean "fidagarria ez den" helduleku hauetako bati ederki eutsi eta ongi eusten zuela ikusi nuen: "bigarren junda ta atzetik iñor etorribe, heldulekue askatzen bada ere eztiot iñorri miñik emango" pentsatu eta inguruko beste heldulekuetatik tiraka hasi nintzen pausua uste baino errazago gaindituz. Egia esan, nahiz eta fidagarri itsura ez izan heldulekuek ongi eusten dutela esango nuke.
Pausua gaindituta bilgunera arte egiten den zeharkaldiarekin hasi eta eskuak jartzen diren harkaitz handietako bat kolokan zegoela ikusi nuen. Hasieran zalantzan izan ginen horman behera bota edo ez, baina azkenean, harkaitzaren tamaina eta azpitik zetorren kordada non zegoen ez genekiela bertan uztea erabaki genuen.
"Harritatik heldu zea, eh?" Galdetu zidan Asierrek. "Ba bai, ta ederki gañea" erantzun nion "itsura eztue oso fidagarrie baña eztie bate moittu". Asierrek soberan zuen materiala jaso eta hurrengo luzea nondik doan ikusi ondoren bilgunetik atera nintzen.
R4 bilgunean.
Bosgarren luzea, 45 metro, 5a. Bilgunearen ezkerretik helduleku oneko plaka bertikal bat eskalatuz hasi nintzen erlaitz txiki batera arte.
Luzearen lehen metroetatik behera egindako argazkia.
Gorago... Erlaitz txikitik laugarren bilgunera egindako argazkia.
Erlaitz txiki honetan luzeak eskuinera hartzen du sabai baten azpira iritsi arte. Sabai hau ez da zuzen eskalatzen eta eskuinera erdi horizontalean pausu "arraro" bat egin beharko dugu. Pausu hau egiterakoan bi eskuak helduleku berean jarri behar izan nituen oreka ez galtzeko. Pausua egin ondoren eskuentzat helduleku txikiak dituen pausu bertikal bat eskalatu (5a) eta erlaitz batera iritsi nintzen.
Elaitz txikitik gora egindako argazkia, bertan luzearen pausurik zailenak eta aseguruak non dauden adierazi ditut.
Erlaitzean alde batera eta bestera begira aritu nintzen parabolt edo zintaren baten bila baina ez nuen ezer ikusten. Nire gainean nuen horman moztutako zuhaixka bat ikusi eta luzea gutxienez goraka zihoala baieztatu nuen, baina ez nuen inon asegururik ikusten: "krokisen nondik dijola esateo? Hemen eztet iñun txapaik ikusten" Galdetu nion Asierri. "Ba marrazkin arabera emateo zertxobait eskubira dijola" erantzun zidan. "Balee!!" erantzun nion. Erlaitzetik metro pare bat eskuinera egin eta gainean nuen haitzaren gailurrera doan diedro itsurako bat ikusi nuen. Eskuinerago zuhaixka batek bidea mozten zuela ikusita, bitan pentsatu gabe diedroa eskalatzen hasi nintzen: "Zuzen nijo ta bidea hemendio ez bada zerbait asmauko deu" esan nion Asierri. Diedro hau izan zen friend-ak erabili genituen leku bakarra (gure kasuan lincam gorri eta horia). Zailtasunaren aldetik IV inguruan ibiliko da.
Diedroa eskalatu nuenean, nire parean, 5-6 metro ingurura, bilgunea ikusi nuen.
Diedroaren amaieratik bilgunera egindako argazkia.
"Bilgunea paren dauket!!!!" Esan nion Asierri talkietik zoriontsu, "onaaa" erantzun zidan. Bilgunea uztaidun parabolt bat eta iltze zahar batez osatua dago. Bilgunea muntatzen ari nintzela inguruan ahots batzuk entzun eta atzetik zetorren kordada "Irati" bidea eskalatzen ari zela ikusi nuen: "eskerrak" pentsatu nuen "hola eztiegu gañea harrik botako".
Bilgunera iristen.
"Harritzen ditena da Gorrotxategin bidea izateko pasotik gora luzea nundik dijon ez markatzea" esan zidan Asierrek bilgunera iritsitakoan. "Bai, hasieran pixkat galduta ibili naiz goien moztutako zuhaixka ikusi deten arte" erantzun nion. "Dena den, beheko pasok ere bauke berea, eh?" Bota zidan Asierrek irrifar maltzur batekin.
Seigarren luzea, 5 metro, III. Bagenekien azken luzeko oinera iritsi arte tarte bat oinez egin beharko genuela, honegatik bilgunetik gora dagoen 5 metro inguruko horma bertikala bakarrik aseguratzea pentsatu genuen. Hala ere Asier bilgunetik gora zuzen atera eta hormatxoa "askean" eskalatu zuen.
Asier horma eskalatu ondoren. Argazkian ikusten denez, aseguruak jartzeko pitzadura eder bat dago.
Pausu hau ez da oso zaila baina bai bertikala, eta seguruak jartzeko aukera du. Sokak jaso eta pausua "modu klasikoan", hau da, soka bizkarretik pasatuz, aseguratu zidan.
Hormatik behera egindako argazkia.
Pausu hau eskalatuta eskuinean diagonalean (ipar ekialderko norabidean) ikusten den ur tantadun hormaren oinera iritsi arte oinez 25-30 metro inguru egin beharko genituela ikusita, sokak jaso gabe Asierrek aurrera jarraitu zuen luze bat egiten arituko balitz bezala. Hormaren oinera iritsi zenean sokak jaso zituen.
Horma eskalatu ondoren, R6 bilguneraino egin beharreko bidea.
Seigarren bilgunea harkaitz-zubi batetik pasatako soka batez osatua dago.
Asier R6 bilgunean eta zazpigarren luzearen zehaztasunak.
R6 bilgunean, harkaitz-zubitik pasatako soka ikusi daiteke.
Zazpigarren luzea, 25 metro, 4c. "Bueno, pastelari gindea jartzea" esan nion aseguratzen hasi nintzenean, "disfrutatu hau amaitzen data".
Azken luzearen ibilbidea bilgunetik ikusita.
Azken luzea gainean dugun ur-tantadun plaka nabaria eskalatuz hasten da.
Ur tantadun plakaren hasieran.
Ur tantadun plakaren amaieratik 3 metro ingurura bideak ezkerrera diagonalean doan arrail itsurakoa metro batzuetan jarraitzen du, bigarren ur tantadun plaka batera arte.
Arrailaren pasagunean bigarren ur tantadun plakaren hasieran.
Bigarren plaka hau, aurrekoa baino bertikal eta helduleku txikiagokoa, zuzen eskalatu beharko dugu. Luzearen amaieran horma bertikalagoa jartzen da (IV+) baina ez da zaila, helduleku oso onak ditu eta. Bilgunea hormatik atera ondoren harkaitz-zubi batetik pasatako kable eta zinta batzuez osatua dago.
Luzea eskalatu eta gero, azken bilgunetik zintzilik.
Gertuago...
"Ostras, luze politte bidea bukatzeko" esan nion. "Nei Hasiberriak-en ingenun azkenekon antzekoa iruittu zait" erantzun zidan. "Antzekoa bai, baña hau bertikalagoa dela esango nuke".
Azken bilgunean.
Elkarri bostekoa eman, txokolatezko barratxo bat jan eta lasaitasun handiz materiala jaso genuen. Argazki batzuk egin, etxera deitu bidea amaitu genuela esateko eta jaitsierako bidea hartu genuen.
Bion argazkia azken bilgunean.
Jaitsierako bidea "Irati" bidearen berbera da, eta orduan azaldu nuen moduan, harrobira arte margotutako puntu gorri eta mugarriz adierazita dago. Eskalada-bidea amaitzen den lekutik kotxea utzitako lekura gutxi gora behera 45 minutu pasa genituen presarik gabe eta argazkiak eginez jaitsita.
Kotxera iritsi ginenean beste kordadaren kotxearen matrikula iparraldekoa zela ikusi genuen: "joer, ta hauntzaño iritsi da bide hau iriki dela, eh?" Galdetu zuen Asierrek. "Bakizu, gaur egun internetekin informazioa mundu osora di-da baten zabaltzea". "Irati" bidearen seigarren luzean zeudela ikusi genuen. "Dena den, holako egualdikin bi kordada bakarrik etortzea harrittu nau" esan nion Asierri. "Ba bai. Jendea Pirineotara juten hasita izangoa".
Ziordiako hormei azken argazkiak egin, kotxean sartu eta etxerako bidea hartu genuen, gaur ere eskalada eder bat egin genuen sentsazioarekin.
Ziordiako hormei azken begirada, ekipatu edo ekipatu gabeko bide berri bat eskalatzeko ziur itzuliko garela.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina