AZKEN 10 SARRERAK

2019/12/28

LUZE BERRIAK ETA ALDAKETAK ZIORDIAKO ARBARA EKIALDEKO "BIRRA MORETTI" BIDEAN. 2019/12/25

Bizitza zoragarria da. Abenduaren hasieran Ziordiako "Irati" bidean Antxon Gorrotxategik irekitako luze berriaren berri eman nuenetik, bi gertakari gertatu dira: batetik, Club Vasco de Camping Elkartearen "Errimaia" aldizkarian Ziordiako eskalada bideen inguruko kronika zehatza argitaratu da, non, "Irati"-ren luze berriaz gain, "Birra Moretti"-n egindako aldaketen berri ere eman den. Bestetik, duela egun batzuk Antxon Gorrotxategiren mezu bat jaso nuen, non "Birra Moretti"-n egindako aldaketen berri eman zidan. Biak ala biak Olentzeroko opari ederrak izan dira. Milesker!!

Askotan esan badut ere, ez legoke gaizki berriro ere esatea. Egino eta Ziordian Antxon Gorrotxategik egindako, eta egiten duen, lan altruista itzela da. Eta ez bide berriak ireki dituelako bakarrik, bide hauek guztiak garbitu eta hobetzeko egiten dituen lanarengatik ere. Eta hau guztia gu bezalakoen gozamenerako, ordainean ezer jaso gabe.

Ez dakit bide bat ireki, ekipatu eta mantentzeak duen lan mardulaz jabetzen garen. Eta hau gutxi ez bada, beste batzuen lan honi egindako kritikak entzun ohi dira gainera. Bide hauen guztien ekipatzaileek gure miresmen eta esker onik handiena izan beharko luketeela uste dut. Milesker bihotz-bihotzez!!!

"Birra Moretti", duela lau urte Ziordiako Arbara ekialdean eskalatu genuen bigarren bidea izan zen, 2015eko abenduaren 20an, hain zuen ere. Orduan Asier soka-lagun izan nuenez, ilusio handia egin dit bide hau berriro ere berarekin sokada osatuz errepikatzea.

Aurreratu beharra daukat bidea errepikatu badugu ere, guretzat bide berri bat eskalatzea bezalakoa izan dela, irekitako luze eta pasarte berriak ez ezik, lehendik eskalatutakoak erdi ahaztuak genituelako. Dena den, kronika honetan luze eta aldaketa berriak bakarrik izango dira zehaztasunez azalduko ditudanak, bidearen ingurukoak dagoneko hemen azalduak ditudalako.

BIDEAREN DATU BATZUK (ALDAKETAK KONTUTAN HARTUTA)

- Luzera: 200 metro.
- Luzeak: 6.
- Nork irekia: Antxon Gorrotxategi eta Garoa Unanue 2015eko azaroan. Aldaketak Antxon Gorrotxategik 2019an eginak ditu.
- Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (45 m), 2ºL: 5b (35 m), 3ºL: V+ (35 m), 4ºL: V (45 m), 5ºL: III (5 m) eta 6ºL: IV+ (30 m).
- Orientazioa: Ekialdea.
- Ura: Ziordia herriko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 15-20 minutu.
- Jaitsiera: 2019tik horma rappelatu daiteke. Rappelen inguruko informazioa hemen irakurri dezakezue. Rappelik egin nahi ez bada, bidea amaitzen den lekutik ekialdera doa jaitsiera, puntu gorri eta mugarriz adierazitako bidea jarraituz. Ziordiako harrobia erditik zeharkatzen denez, bigarren aukera hau harrobia itxita dagoenean bakarrik jarraitzea komeni da, hau da, jaiegunetan, bertako langileei lanean lasai utzi eta egiten diren leherketek duten arriskuagatik. Bidea amaitzen den lekutik kotxera iristeko 45 minutu inguru pasako ditugu lasai ibiliz gero.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bakarra, luzera ezberdinetako 12 express zinta, zinta-uztaiak bilguneetarako eta Alien, Link cam eta artaka-trabagailu jokua. Bide osoan Link Cam horia bakarrik erabili genuen. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu eta erdi.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Gorriz, "Birra Moretti" ireki zeneko ibilbide originala, urdinez aldiz, egindako aldaketa guztiak.


Krokisa zehatzago.


DESKRIBAPENA

Eguberri eguna hotz esnatu zen. Behe-lainoak, kotxearen ihes-hoditik irtendako ke itxiaren moduan, bazterrak ezkutatzen zituen. Kotxean irabazitako kilometro bakoitzero egunsentiak gradu bat galtzen zuen, Altsasun pare bat gradu eskasera iritsi zen arte. Ziordia atzean utzi ondoren, harrobiko bidean, bat batean behe-lainoa desegin eta, irla baten moduan, Arbara ekialdeko horma bere osotasunean azaldu zen.

- Momentu baten beste nunbaittea juteko esatekotan aittu naiz - esan zidan Asierrek motxila hartzen nuen bitartean. Ziordian ni ere oso optimista ez nintzela onartu beharra daukat. Baina horma bere osotasunean ikusteak alaitu ninduen.

- Esperoet harkaitze sekoa eotea - erantzun nion, behe-lainoak berriro ere estaltzen gintuen momentu berean.

Beriain, baso eta hodeien gainetik.


"Birra Moretti"-ren lehen luzearen ezkerrean dagoen zuhaixka nabarmena identifikatu ondoren, bidearen oinera zuzendu ginen. Lehen luze berria bidearen oinaren ezkerrean dago, 15 metro ingurura, gutxi gora behera. Luzearen hasieran parabolt berri eta distiratsu bat topatuko dugu.

"Birra Moretti" bide originalaren oineko plakatxoa.


Luze berriaren oinera iritsi ginenean hotzik ez genuen. Horma behatzekin ukitu eta hotza ez zegoela ikusi genuen.

- Inbertsio termikoa eongoa - esan zidan Asierrek,
- Hala izangoa - erantzun nion - dudatan nau polarrakin eskalau edo ez. Badaezpada polarrik ez kentzea erabaki nuen.

Material guztia arnesaren uztaietan banatu, katu-oinak lurrez ez zikintzeko kontu handiz jantzi eta, walkie-talkie-ak piztu ondoren, eskalatzen hasi nintzen.

- Lehen luzea, 45 metro, IV+. Luzea harkaitz-plaka bertikala bat eskalatuz hasten da, tentea izan arren, helduleku paregabeak dituena. Metroak modu arinean irabazi nituen eta, konturatu nintzenerako, luzearen oinetik ikusten den zuhaixka nabarmenaren ondoan nengoen (IV).

Zuhaixka nabarmenaren parean.


Zuhaixkatik gora horma gehiago tentetzen da, baina heldulekuak onak izaten jarraitzen dute. 5-6 metro bertikal eskalatu ondoren erlaitz eroso batera iritsi nintzen (IV+). Orain arte eskalatutako metroetan aseguruen arteko tartea laburra ez bada ere, aseguruen artean erraz eskalatzen zela iruditu zitzaidan. Dena den, horma osoan friend edota artaka-trabagailuak trabatzeko aukera handiak daude.

- Oain arte politte!! - bota nion Asierri erlaitzetik - kristoneko heldulekuk dare.

"Oain arte politte!!" bota nion Asierri erlaitzetik.


Erlaitzaren gainean.


Erlaitzetik gora begiratu eta horma inklinatzen zela ikusi nuen. Parabolt bakar bat jarrita dagoela ikusita, zailtasunik handienak atzean utzita nituela pentsatu nuen. Bitan pentsatu gabe aurrera jarraitu eta horma inklinatua eskalatu nuen (IV).

Horma inklinatua erlaitzetik ikusita. Argazkian horma babesten duen parabolta ikusi daiteke.


Horma inklinatua eskalatuta, II/III zailtasuneko hormatxo erraz batzuk eskalatuz jarraitu nuen, "Birra Moretti"-ren lehen bilgune "ofiziala" muntatuta dagoen zuhaitzera iritsiz.

"Birra Moretti"-ren lehen bilgune "ofiziala".


Bilgunea muntatuta dagoen zuhaitza atzean utzita, muntatutako bilgune berria topatu nahian, belar eta askatutako harrien gainetik maldan gora oinez jarraitu nuen. Atzean dagoen horma goitik behera begiratu arren ez nuen parabolt, kordel edo bestelako asegururik ikusten. Bitartean, horma urre kolorez janzten hasi zen. Eta eguzkiaren lehen izpiei eskerrak, ez zen denbora luzerik pasa hormaren ezkerraldean parabolt bat distiratzen hasi zen arte. Bitan pentsatu gabe bertara zuzendu eta hormaren oinean harkaitz-zubi batetik pasatako kordel horia topatu nuen. Kordelaren ondoko arrail batean artaka-trabagailu bat trabatuz bilgunea indartu nuen.

- Reunion!! - bota nion Asierri talkie-tik.

Lehen bilgunea. Borobil gorriaren barruan bilgunea indartzeko trabatutako artaka-trabagailua ikusi daiteke.


- Joer, kostazait reunioa topatzea - esan nion Asierri zuhaitzen artetik azaldu zenean. - ez nun uste hain ezkerrean zeonik.

Lehen luze berri hau ederra iruditu zitzaigun eta, gure ustez, lehen luze "ofizialak" baino jarraitutasun handiagoa dauka, denbora osoan IV zailtasunaren baitan mantenduz. Antxonek emandako azalpenak irakurri ondoren, Asierrek bigarren luzea eskalatzen jarraitu zuen.

- Bigarren luzea, 35 metro, 5b. Lehen parabolta urrun badago ere, Asier bertaraino erraz iritsi zen (IV). Bertan jarritako lehen express-zintatik soka pasatuz aurretik zuena aztertzen hasi zen.

- Zemuz ikustezu?
- Eztu zaile ematen baña harkaitzek eztit konfiantza haundik ematen - erantzun zidan.

Eta ez zitzaion arrazoirik falta. Lehen 10-15 metroetan hiru parabolt jarrita egon arren, harriaren kalitatea ez zirudien ona. Oinak helduleku ezberdinetan kontu handiarekin jarriz, metro pare bat irabazi eta bigarren paraboltera iritsi zen.

Bigarren paraboltetik aseguratu ondoren.


Hirugarren parabolteraino ere, zuhurtzia oso eta kontu handiarekin eskalatu zuen, edozein momentuan esku nahiz oinetako heldulekua askatuko zenaren beldur izango balitz bezala. Paraboltera iristearekin batera horma bertikala eskalatu zuen (5b).

Hirugarren paraboltaren parean.


Asierri gertatu bezala, niri ere hasiera batean horma bertikalaren harria zalantzazkoa iruditu zitzaidan. Hala ere, metroak irabazi ahala, heldulekuak diruditenak baino sendoagoak direla baieztatu nuen, hasiera batean uste nuena baino gutxiago estutuz.

Horma bertikala eskalatuta, helduleku ederrak dituen harkaitz-plaka inklinatu bat zuzen eskalatzen jarraitzen da (IV+), ezkerrera doan zeharkaldi batera iritsi arte. Horma bertikalaren harkaitza zalantzazko itsura duen arren, harkaitz-plaka trinkoa da.

Horma bertikala eskalatu ondoren, harkaitz-plaka inklinatuaren lehen metroetan. Azpian "Birra Moretti"-ren lehen bilgunea muntatzen den zuhaitza ikusi daiteke (guk oraingoan nire azpiko hormaren oinean muntatu genuen), baita bigarren bilgunera iritsi aurreko zeharkaldia ere.


Ezkerrera doan zeharkaldiaren hasieran egindako argazkia. Asier bigarren bilgunean ikusi daiteke, "Birra Moretti"-ren berezko hirugarrena.


Zeharkaldiak lehen metroetan zailtasun handirik ez dauka eta, oinak non jarri ongi begiratuz, metroak erraz irabazi nituen (IV+).

Zeharkaldiaren hasieran, azpian harrobia behe-lainoak estalita.


- Oain beste pasito bat izangozu - esan zidan Asierrek bilgunetik, zeharkaldiaren amaierara iristear nengoela.

Berak esan bezala, zeharkaldiaren amaieran ezkerreko noranzkoan eskalatuz pasa beharreko pasabidea dago. Zutik nengoen harlauza txikian oinen kokalekua aldatu eta, ezker besoa luzatuz, ezkerreko hormara iritsi nintzen, pasabidea besotik tira eginda eskalatuz (V). Pasabide hau atzean utzita bilgunearen eskuinetik behera doan kanal nabarmena zeharkatu eta, harkaitz-plaka tente bat eskalatuz (IV+) bilgunera iritsi nintzen.

Kanala zeharkatzen.


- Luze politte, ez?
- Bai - erantzun zidan -  pena hasierako paretako harrie.
- Emateuna baño hobea da.
- Bai, baña halere repetizio batzuk behar dittula ustet.

Behe-lainoak bazterrak hartuak.


- Hirugarren luzea, 35 metro, V+. Antxonek pasatako informazioa irakurri eta, luze honek aldaketarik ez zuela ikusi ondoren, eskalatzen jarraitu nuen.

Luze honetan aldaketak egin ez denez, honen inguruko azalpen zehatzik ez dut emango. Honetarako hemen klik egin dezakezue.

Ez dakit aurretik nindoalako edo, baina luzea oso lasai eskalatu nuen, estutasunik pasa gabe, pasabide eta mugimendu bakoitza gozatuz.

V+ pasabidea eskalatu ondoren.


Bilgunera zoriontsu iritsi nintzen eta, egia esan, luzea motz egin zitzaidan, jejeje.

V+ pasabidearen gainetik bilgunera egindako argazkia.


- Laugarren luzea, 45 metro, V. Luze honetan Antxonek egindako aldaketak bi dira, lehenengoa luzearen hasieran, bigarrena aldiz, luzearen amaieran. Gure uste apalean bi aldaketa hauek zuzenago eskalatzeko aukera ematen dute, luzea asko hobetuz.

Bilgunetik ateratzen. Lehen ezkerrerago atera behar izaten zen.


Lehenengo aldaketa luzearen lehen 10 metroetan dago. Luzea orain arte bilgunearen ezkerretik hasi eta gainean dagoen hormatxora zeharka hurbiltzen zen. Antxonek irekitako bariantean luzeak bilgunetik gora zuzen doa, hormatxora zuzen iritsiz (IV). Ez nahasteko, ibilbide zaharreko paraboltak kendu egin ditu.

Puntu zuriekin luzeak jarraitzen zuen ibilbide zaharra adierazi dut.


Asierrek segurtasun handiz eskalatzen zuen bitartean, goxotasun sentsazio batean murgilduta, gorputz eta arima berotzen zidan eguzkiaz gozatzen hasi nintzen. Asier begi bistatik galdu nuenean parean nuen barraskilo bati adi-adi begira gelditu nintzen. Sokak segurtagailutik ihes egiten zuen heinean animali txiki honen kezkak zeintzuk izango diren pentsatzen aritu nintzen. Kezkarik izango du?

Kezkarik izango du?


Luzearen bigarren bariantea V zailtasuneko pasabidea eskalatu ondoren dagoen erlaitzaren gainean dago. Lehen, erlaitzean 6 metro inguru eskuinera jo behar zen diedro moduko bat eskalatzeko. Orain, Antxonek parabolt bat jarri du, erlaitzaren gainetik eskalatzen jarraitzeko.

Jarritako parabolt berria erlaitzetik ikusita.


Goiko argazkia egindako leku beretik behera egindako argazkia. Ikusten diren paraboltak luzearen V zailtasuneko pasabidekoak dira.


Bariantearen lehen 2-3 metroetan helduleku oneko harkaitz-plaka bertikal bat eskalatzen da (IV+). Metro bertikal hauen ondoren plakak bertikaltasuna galdu eta, arrail eder bat eskalatuz, metroak arinago irabazten dira bosgarren bilgunearekin topo egin arte (IV).

Bosgarren bilgunean. Argazkian bilgunea eta lehen metroak babesten dituen iltze bakarra ikusi daitezke.


Bariantea oso ona iruditu zitzaigun, primerako harkaitza eta ibilbide logikoena jarraitzen duena.

- Bosgarren luzea, 8 metro, III. Luze motz honek misterio handirik ez dauka eta gakoa bilgunearen gaineko arrail bertikala eskalatzean dago. Arraila eskalatuta, honen atzeko harkaitz baten ingurutik soka pasatu eta Asier aseguratu nuen.

Arrailaren gainetik egindako argazkia.


- Hobe deu soka bildu ta tarte hau oinez ittea - proposatu nion Asierri nire ondora iritsi zenean.

Bitan pentsatu gabe bakoitzak sokaren erdia bildu eta, oinez, azken luzea hasten den hormara hurbildu ginen.

- Seigarren luzea, 30 metro, IV+. "Birra Moretti" lehen aldiz eskalatu genuenean, Antxonek luzea horma goitik behera bitan banatzen duen ur-tantadun plaka goraino ireki ez izanak harritu gintuen. Honen ordez, luzea ezkerrera arrail inklinatu batetik bota eta ur-tantadun plakatxo batetik eraman zuen.

Orain irekitako bariantean, ur-tantadun plaka nabarmena goraino eskalatu ondoren, ezkerrera zeharkaldi bat egiten da luze originalarekin bat egiteko.

Argazki honetan azken luzea ikusi daiteke. Gorriz, irteera originala, zuriz aldiz, orain irekitako bariantea.


- Ea azkeneko hau zemuzkoa den - esan zidan Asierrek bilgunea utzi aurretik.

Bariantea hasten den lekura arte metroak erraz eskalatu zituen. Luze originala eta bariantea banatzen diren lekuan jarritako paraboltean aseguratu ondoren gora begira gelditu zen.

Paraboltetik gora begira...


- Gorrotxategik bidek nola ekipatzeittun kontutan eukita hurrengo parabolta urruti daula esango nuke.
- Ta ezkerralden eztau ezer? - galdetu nion.

Asier batera eta bestera begiratu arren, ez zuen asegururik topatu.

- Zuzen jarraittu beharkoet ba - bota zidan azkenik.

Ur-tantadun plaka zaila ez bada ere, oraindik eskalatzaile gutxik eskalatu izanagatik, Asier heldulekuren bat apurtu eta erortzeaz beldur zen. Kontu handiarekin eskalatuz, bi parabolten arteko distantzia murrizten joan zen, urrun zegoen parabolta eskura izan zuen arte (IV+).

Urrun zegoen paraboltaren ondoan.


- Oain ezkerreta trabesi bat iñez dijo - esan zidan paraboltetik - beste luzekin elkartzeko.

Poliki-poliki, mugimenduak ongi neurtuz, Asierrek zeharkaldia egin zuen (IV+). Zeharkaldia amaituta, luze originalarekin bat egin eta, bertatik jarraituz, azken bilgunera iritsi zen.

Azken bilgunetik behera egindako argazkia. Puntu zuriz, azken luzera arte oinez bete beharreko bidea.


Azken luzeko bariantea asko gustatu zitzaigun baina luze originalak ere bere xarma dauka. Zailtasunari dagokionez, biak paretsu izanda, zalantzak ditugu bariante originala berria baino hobea ez ote den.

Bidea amaitu bezain pronto, ahal izan genuen azkarren traste guztiak jaso eta, argazki bat egin ondoren, beherako bidea hartu genuen.

Bidea eskalatu ondorengo argazkia.


Antxonek bidea nola berritu duen izugarri gustatu zaigu. Bideak lehen zuenak baino ibilbide zuzenagoa jarraitzeaz aparte, orain gehiago eskalatzen da, eta luze guztietan zertxobait estutu beharreko pasabide bat topatuko dugu. Bide gomendagarria, inongo zalantzarik gabe!!!

Eguberri, urteberri, eskalada berri eta mendi berri on guztioi!!!!!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina