AZKEN 10 SARRERAK

2015/11/05

ZIORDIA, ARBARA EKIALDEA: "IRATI" BIDEA, 220 metro, 5a (2015/10/25)

OHARRA: 2019 urtean laugarren luze berri bat ireki zen bidea eskalatzeko bigarren aukera bat emanez. Luze berri honen inguruko informazioa kronika honetan topatu dezakezue.

Larunbatean Eginoko "Asezinak" bidea eskalatu ondoren iganderako Ziordiako ezproiaren eskuinean Antxon Gorrotxategik (oraingoan Garoa Unanueren laguntzarekin) ireki berri duen "Irati" bidea eskalatzeko gelditu ginen. Bide honen inguruko erreferentzi bakarra "Mendiak eta eskalada" blogeko argazki bat genuen. Larunbata gauean, afaldu ondoren ordenadorearen gelan sartu eta argazkia memorizatzeko asmoarekin ordenadorea piztu nuen. Badaezpada google bilatzailean "Irati Ziordia" hitzak jarri eta, a zer ezusteko atsegina!!!!! Juxtu bi ordu lehenago Xabier Larretxeak bere "eskalatzen" blogean Irati bidearen inguruko informazio eta krokisak argitaratuta zituela ikusi nuen (informazio hau ikusteko hemen klik egin). Bitan pentsatu gabe bere krokis eta azalpenak inprimatu eta igandean bidea informazio zabal eta fidagarriarekin eskalatuko genuenaren sentsazio atseginean ohera joan nintzen.

Tontakeri bat izan daiteke baina eskalada bide bateko informazio zabala eta zehaztua dudanean gauzak oso lasai hartzen ditut, bidearen zailtasuna jaitsiko balitz bezala jejeje. Igande goizean denborarekin jeiki, patxadan gosaldu eta Asier eta Iker bila etorri zitzaizkidanean, zoriontsu Xabierren krokis eta azalpenen kopiak eman nizkien: "tipo hau makina bat da" esan zidan Asierrek, "gañea emateo Antxon Gorrotxategin lagune dela, ze batek bidek iriki ta bestek publikatzeittu". "Ba bai" esan zuen Ikerrek "seguru ezautzeiela".

Kotxea martxan jarri eta Ziordiara zuzendu ginen.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 220 metro.
Luzeak: 7.
Nork irekia: Antxon Gorrotxategi eta Garoa Unanue 2015ean.
Zailtasuna: 5a. Luzez-luze: 1ºL: 3c (35 m), 2ºL: 4c (40 m), 3ºL: 4c (40 m), 4ªL: II (30 m), 5ºL: 4b (20 m), 6ªL: 5a (40 m) eta 7ºL: 4b (15 m). Bosgarren eta seigarren luzeak batean egin daitezke bosgarren luzearen oinean dagoen harkaitz-zubian bilgunea egiten bada.
Orientazioa: Ekialdea, hala ere udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 10-15 minutu.
Jaitsiera: 2019tik horma rappelatu daiteke. Rappelen inguruko informazioa hemen irakurri dezakezue. Rappelik egin nahi ez bada, bidea amaitzen den lekutik ekialdera doa jaitsiera, puntu gorri eta mugarriz adierazitako bidea jarraituz. Ziordiako harrobia erditik zeharkatzen denez, bigarren aukera hau harrobia itxita dagoenean bakarrik jarraitzea komeni da, hau da, jaiegunetan, bertako langileei lanean lasai utzi eta egiten diren leherketek duten arriskuagatik. Bidea amaitzen den lekutik kotxera 45 minutu inguru pasako ditugu lasai ibiliz gero.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 12 express zinta (bosgarren eta seigarren luzeak batean egin nahi badira 15-16 bat express eraman), zintak bilguneetarako, hainbat zinta bidea babesteko (guk ez genituen asko erabili bidean dauden harkaitz-zubi gehienak soka edota kordinoekin aseguratuak daude eta), Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneetan oihuka ez aritzeko eta amaitzeko alien semaforoa (baita grisa ere), Camalotak 0,5-2 artean eta Limcam gorri eta horia, baina hala ere bide osoan oso friend gutxi erabili genituen.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: 3 ordu izandako "ezustekoa" kontutan hartuta.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak, ikusten denez Ziordiako ezproi ikusgarriaren eskuinetik doa.


Krokisa zehatzago.


BIDEAREN OINERA IRISTEKO

Kotxea uzteko. Goian azaldu bezala bide hau eskalatzeko gomendagarriena jaiegunetan hurbiltzea da, harrobia itxita dagoela aprobetsatuz. Hala bada, kotxea harrobiaren sarreran dagoen hesiaren ondoan uzteko aukera izango dugu. Jaiegun batean joaterik ez badugu aldiz, kotxea Ziordian bertan edota errepidearen bazter batean uztea izango da gomendagarriena harrobitik irteten diren kamioei enbarazurik ez egiteko. Kontutan izan harginak lanean ari direla eta beraien lana errespetatu beharrean gaudela.

Harrobiaren sarreran kotxea uzteko. Gipuzkoa, Nafarroa nahiz Arabatik A-1 errepidea jarraitu 392 irteeran ("Ziordia") uzteko. Herrira iritsi aurretik ezkerrera harrobira doan errepidea dago. Bide hau hartzen badugu bidea mozten digun hesi bat topatuko dugu (harrobia irekita dagoenean hesi hau irekita egoten da). Hesi hau ekiditeko herrira sartu beharko dugu eta sartu bezain pronto ezkerrera egin herria pista hestu bat jarraituz uzteko. Metro batzuen ondoren hesia saihestu eta harrobiaren sarrerara iritsiko gara (hemen bigarren hesi bat dago). Kotxea hesiaren ondoan uzteko aukera izango dugu.

Argazki honetan kotxea uzten den lekuraino jarraitu beharreko bidea marraztu dut. Orlegiz marraztutakoa lanegunetan bakarrik jarraitzerik izango dugu jaiegunetan hesia itxita dago eta. Hesia saihesteko gorriz marraztutako bidea jarraitu beharko duzue.


Kotxea utzitako lekutik bidearen oinara iristeko. Harrobiko hesiaren ezkerrean "Acceso al Peñón" adierazten duen karteltxo bat dago. Karteltxo honi kasu eginez, bidexka bat hartu, harrobia inguratu eta pixkanaka Ziordiako ezproira hurbilduko gara.

Argazki honetan kotxea uzten den lekua ikusi daiteke (harrobiaren sarreran dagoen hesiaren ondoan). "Acceso al Peñón" adierazten duen karteltxoa ere gorriz adierazi dut.


Hesitik aurrera jarraitu beharreko bidea.


Hurbileketaren lehen metroetan, Ziordiako ezproia denbora osoa parean izango dugu.


Bideak harrobia eta ezkerrean dugun basoa inguratzen ditu.


Pista batera iristear gaudela "Aizpe" jartzen duen karteltxo bat ikusiko dugu (karteltxo hau landareengatik erdi-estalita dago). Hemen ezkerrera hartuko dugu pistara iritsiz.

"Aizpe" adierazten duen karteltxoaren parean, argazkian pista ikusi daiteke.


Hemendik aurrera pista jarraituko dugu. Lehenik eskuinera bihurgune bat hartu eta honen ondoren ezkerrera beste bat hartuko dugu pistaren amaierara arte.

Pistan, basoak udazken koloreak hartzen dituenean ikusgarri jazten da.


Argazki honetan lehen bihurgunea non dagoen adierazi dut.


Bigarren bihurgunea hartu ondoren. Pistaren amaiera ikusi daiteke.


Pista amaitzen den lekutik gora bidetik kanpo igoko gara, tarteka belarrei tiraka, eta harri askeak dituen maldatxo bat igo ondoren bidearen oinera iritsiko gara. Bideak bere oinean oraingoz ez dauka izena jartzen duen plakatxorik baina lehen metroetan harkaitz-zubi batetik pasatako kordino gorrixka bat ikusiko dugu.

Pista amaitzen den lekutik bidearen oinera egin beharreko bidea.


Lehen luzeko lehen metroetan harkaitz-zubi batetik pasatako soka gorrixka, bidearen oinean gaudela esango diguna.


Argazki honetan gorriz bidearen oineraino egin beharreko bidea eta orlegiz jaitsieran jarraitu beharrekoa marraztu ditut.


DESKRIBAPENA

Kotxetik atera eta parez-pare Ziordiako ezproia ikusi nuenean hotzikara batek gorputza goitik behera zeharkatu zidan: "Bufffff!!! A ze ikusmira" pentsatu nuen.

Kotxea uzten den lekutik ikusmira ikusgarri honetaz gozatzeko aukera izango dugu.


Trasteak kotxetik hartu ondoren, ttirri-ttarra eta arin-arin bizkarra izerdiz bustia bidearen oinera iritsi ginen: "metro batzuk gehio ta ia denbora eskatu beharrauket" esan zuen Ikerrek irrifartsu. Asierrek kotxea utzitako lekura begiratu eta "gutxiñez gaur bakarrik izango geala emateo". "Ba bai" erantzun nion "ze oain norbait etortzen bada, honea irixteako ia hirugarren luzen izangogea".

Bidearen oinean trasteak prestatzen.


Traste guztiak motxilatik atera eta zozketatxo batek bidea Ikerrek hasiko zuela erabaki zuen, bere atzetik Asier eta ni azkenik. Honela ba, Ikerrek traste guztiak zintzilikatu eta eskalatzen hasi zen.

Lehen luzea, 35 metro, 3c. Lehen metroetan plaka tente xamar bat eskalatzen da (III+). Pausu hau aseguratzeko harkaitz-zubi batetik pasatako soka gorrixka bat dugu (bidearen oinetik ikusten den berbera).

Bidearen lehen metroetan.


Luzeari zailtasuna ematen dion plakan, argazkian lehen asegurua jartzen den soka gorrixka ikusi daiteke.


Pausu honen ondoren ezkerrera zeharkalditxo bat egin eta diagonalean jarraituko dugu (hasieran kordinoz babestutako harkaitz-zubia) gure eskuinean belar eta zuhaixken kanal antzeko bat utziz. II mailako trepadatxoren bat tartekatuz inongo arazorik gabe bilgunera iritsiko gara (harkaitz zubi batetik pasatako altzairuzko kablea). IIko zeharkaldia erraza da baina badaezpada leku pare batean friend bana jartzea komeni da, badaezpada.

IIko zatian.


Lehen bilgunea muntatzen.


Lehen luzea zaila ez zela jakinda Iker konfidantzaz eskalatzen hasi zen. Plaka tentea eskalatu ondoren inongo zailtasunik gabe bilgunera iritsi zen.

Bitartean ni buruan ideia bat bueltaka nenbilen eta halako batean Asierrengana hurbildu nintzen: "Pentsatzen ai naiz ni hirugarren eskalatzen hasita hirugarren eta seigarren luzek nik ingo dittuala", "Bueno" erantzun zidan. "Joe ba eztau ondo!!!" Erantzun nion, "Larretxeak lau, bost eta seigarren luzek onenak diela esatebadu eztau ondo hoitatik nik bi ittea. Hobe da bakoitzak bat ittea denok disfrutatzeko" amaitu nuen.

Hizketan ari ginela Ikerrek igotzen hasteko esan zigun. Luzea erraz eskalatu genuen, estuasunik gabe. 3c-ko pasagunean oinak ongi jartzean dago gakoa eta ez genuen inongo estuasunik pasatu.

3c-ko plakan.


IIko zatia, bukaeran Iker lehen bilgunean.


Bilgunera iritsi ginenean Ikerri buruan nenbilen planen berri eman eta ongi iruditzen zitzaiola esan zuen. Modu honetan Ikerrek lehen, laugarren eta seigarren luzeak, Asierrek bigarren eta bosgarrena eta nik hirugarren eta zazpigarrena eskalatuko genituen.

Lehen bilgunea (harkaitz-zubi batetik pasatako altzairuzko kablea).


Lehen bilgunean.


Bigarren luzea, 40 metro, 4c. Bilgunetik gora doazen plaka bertikalak eskalatuko ditugu (denek helduleku onak dituzte baina aurreko luzearekin konparatuz zailtasuna handitzen doala somatuko dugu). Pausu zailenetan pausua babesteko paraboltak topatuko ditugu. Plaken arteko erlaitz txikietan harri txikiak daude eta behekoei botatzeko arriskua dago. Bilgunean uztaidun parabolt bat topatuko dugu harkaitz-zubi batetik pasatako soka batez babestua.

Asier, ohikoa duen moduan, lasai eta konfidantza isladatuz, luzeko plakak bata bestearen atzetik eskalatuz joan zen.

Luzearen lehen metroetan.


Nire ustez luzeak duen plakarik zailena eskalatu ondoren.


Lehen bilgunea eta bigarren luzea.


Luzea zuzen amaitu behar dela dirudienean eskuinera diagonalean metro batzuk egin eta bilgunera iritsi zen.

Eskuinera hartzen den lekuan (zeharkaldia gorriz margotu dut).


Ikerrek eta nik ere lasai eta eskaladaz gozatuz eskalatu genuen, bata besteari, eta inguruneari, argazkiak eginez.

Eskaladaz gozatzen.


Eskuinera eskalatzen den plaka azpitik ikusita.


"Ziordiako ezproia akojonantea da, eh?" Komentatu nien bilgunean geundela, "hortik eskalatzea ezinezkoa dela emateo". "Joer baietz" Ikerrek "Bertigoa ta dena emateo".

Ziordiako ezproiaren lehen zatia, benetan ikusgarria. Punta hortatik rapel motz bat egiten da eskaladarekin jarraitzeko.


Bigarren bilgunean.


Bigarren bilgunea, uztaidun parabolta eta harkaitz-zubi batetik pasatako soka.


Hirugarren luzea, 40 metro, 4c. Hirugarren luzeak helduleku oneko horma bertikala igotzen du. Hormara iristeko zailtasun eskaseko plakatxo batzuk eskalatzen dira eta hemen ere harriak botatzeko arriskua izan genezake. Zati hau nahiz eta erraza izan komeni da asegururen bat jartzea.

Plakatxoak eskalatzen, zati honetan asegururen bat jartzea komeni da.


Iker eta Asier bigarren bilgunean.


Horma bertikala harkaitz-zubietatik pasatako kordino eta paraboltetan express zintak pasatuz eskalatzen joango gara, beti ere helduleku onak topatuz eta tentsiorik pasa gabe.

Hormaren lehen metroetan.


Luzearen erdian gutxi gora behera. Benetan ederra da!!!


Bilgunera iristeko parabolt batez babestutako plaka bat dago (4c) eta eskuin-ezker eskalatu beharko dugu. Pausu hau estuasunik gabe egin ahal izateko oinak ahalik eta altuen jartzea komeni da, eskuentzat helduleku onak daude eta. Bilgunean uztaidun parabolt bat topatuko dugu harkaitz-zubi batetik pasatako soka batez babestua. Horma bertikalean harkaitz-zubietan orain jarrita dauden kordino eta sokek "osasuntsu" irauten duten bitartean ez dugu aparteko beste asegururik beharko.

Bilgunera iritsi aurreko pausuan.


Leku beretik behera egindako argazkia.


Azken plakatxoa eskalatzen.


Luze honetan benetan disfrutatu nuen, eta nahiz eta 40 metroetako luzea izan, motz egin zitzaidan. Bilgunera iristeko pausuan hasiera batean deseroso jarri nintzen, baina azkenean oinen kokalekua aldatu eta zailtasunik gabe eskalatu nuen.

Iker azken plakatxoan. Argazkian pausua babesten duen parabolta ikusi daiteke.


Hirugarren bilgunea.


"Ostia ze ona" esan zuen Ikerrek "Larretxeak arrazoia zun". "Ba bai" erantzun nion, "pena beste ehun metro ez izatea jejejeje".

Hirugarren bilgunean, uztaidun parabolta eta harkaitz-zubitik pasatako soka ikusi daitezke.


Laugarren luzea, 30 metro, II. Luze hau bilgunetik ezkerrera doazen puntu gorriak jarraituz oinez egingo dugu.

Bilgunetik ateratzen.


Trantsiziozko luzea da eta aparteko zailtasunik ez dauka.

Erraza izateagatik ez du esan nahi zeharkaldia ikusgarriak ez denik.


Dena den, nahiz eta luze erraza izan, komeni da tartean asegururen bat jartzea, bilgunera iritsi aurretik plakatxoren bat (II) eskalatu beharko dugu eta.

Bilgunera arteko zatia.


Asier hirugarren bilgunean amildegian zintzilik.


Bilgunea harkaitz-zubi batetik pasatako altzairuzko kable batez osatua dago.

Bilgunera iristen.


Bilgunea 5-6 metro gorago egin daiteke, orain harkaitz zubi batetik pasatuta dagoen soka batean, hurrengo bi luzeak bakarrean egin ahal izateko.

Bilgunetik gora egindako argazkia. Bilgune lekua gorago eginez bost eta seigarren luzeak batean eskalatzeko aukera izan genezake.


Ikerrek ez zuen aparteko zailtasunik pasa luze hau egiteko eta bilgunera arin-arin iritsi zen. Luze erraza izanda, argazkiak erosoago egiteko aprobetsatu genuen.

Bosgarren luzea, 20 metro, 4b. Bilgunetik orain arteko zeharkaldiarekin jarraituko dugu 5 metro inguruan plaka baten azpira iritsi arte (bertan harkaitz-zubi batetik pasatako soka topatuko dugu). Lehen esan bezala, puntu honetan bilgunea egiten badugu bost eta seigarren luzeak batean egiterik izango genuke.

Harkaitz-zubitik egindako argazkia. Bilgunea hemen egin ezkero hurrengo bi luzeak batean egitek aukera izango dugu.


Luze motz baina eder hau bi plakez osatua dago. Lehenengoa erditik eskalatzen badugu itsasgarritasunezko eskalada eginez eskalatuko dugu, luzeari duen baino zailtasun handiagoa emanez. Itsasgarritasunezko eskalada gustuko ez badugu ordea, plakaren ezkerretik errazago eskalatuko dugu.

Lehenengo plakan.


Erlaitz txiki baten ondoren bigarren plaka arrail bat eskalatuz eskalatzen da. Bilgunea bi paraboltez osatua dago.

Bi plaken arteko erlaitzean.


Bilgunea muntatzen.


Asierrek, lehen plakari zailtasuna bilatu asmoz, plakaren erditik eskalatu zuen bere konfidantza osoa oinetan ezarriz. Gu ez ginen gutxiago izan behar (jejejeje) eta bere pausuen atzetik, eta batez ere soka goitik izateak ematen duen lasaitasunarengatik, jarraitu genuen. Bigarren plakan eskalatzen den arrailean ere ederki gozatu genuen.

Lehenengo plakan.


Lehenengo plakako eskaladaren amaieran.


Luzea amaitzen.


"Luze politte, eh?" Esan nion Asierri bilgunera iritsi nintzenean. "Bai, baña motza" erantzun zidan tristura puntu batekin. Ikerri trasteak pasatu eta bideari zailtasuna ematen dion luzeari aurre egiteko prestatu zen: "Ze gradu dauke honek?" Galdetu zuen, "Teorin 5a baña gehienez 4c-n eskalatu daikela jartzeu" erantzun nion deskribapena irakurriz.

Bosgarren bilgunean. Bilgunea osatzen duten uztaidun bi paraboltak ikusi daitezke.


Seigarren luzea, 40 metro, 5a. Bideak duen luzerik gogorrena eta bideari zailtasuna ematen diona. Lehenengo metroak arrail eta plakatxoak eskalatuz eskalatuko ditugu ur-tantez osatutako plaka bertikalaren oinean dagoen erlaitzera arte. Zati honetan komeni da asegururen bat jartzea.

Arrail eta plakatxoak dauden tartean.


Ur tanten azpian dagoen erlaitzean.


Ur-tantez osatutako plaka hau da luzeari zailtasuna ematen diona eta lehenengo metroetan izerditxo batzuk botatzeko aukera izango dugu (behintzat ni bezalako erdipurdiko eskalatzaileek jejeje). Heldulekuak, nahiz eta txikiak izan, ez dira txarrak baina honelako hormetan eskalatzen gustuko ez baduzu (nire kasuan adibidez) edota behatzak "bigunak" badituzu, urduritasunik ez da faltako. Lehenengo metro bertikalak eskalatu ondoren zertxobait etzaten da eskalada erraztuz.

Ur tantetako eskaladaren hasieran, hemen daude zaitasunik handienak.


Zatirik zailena eskalatu ondoren.


Ur tanten amaieran.


Argazki bera bosgarren bilgunea ikusiz.


ur-tanten zatia amaitu ondoren helduleku oneko plaka bertikal bat eskalatuko dugu bilgunera iritsi arte. Bilgunea harkaitz-zubitik pasatako altzairuzko kable batez osatua dago.

Bilgunera iristeko eskalatu behar diren plaka bertikaleetan.


Seigarren bilgunean.


Seigarren bilgunea, harkaitz-zubi batetik pasatako altzairuzko kablea.


Nahiz eta zalantza eta urduritasun puntu batez irten Ikerrek luzea maisutasun handiz egin zuen. Asier eta biok igotzear geundela Asierri begiratu eta "ein dezakeuna da gotera arte banaka eskalatu eta gotera ere banaka egin bata bestei enbarazuik ez itteko" esan nion. "Konforme!!!" Erantzun zidan.

Ur tanten azpiko erlaitzera iritsi eta Asierri argazkiak egiten aritu nintzen.

Ur tanten azpiko erlaitzera iristen.


"Goterak gorrotoittut" esan nion nire ondora iritsi zenean "sekula eztittut ondo eskalatzen ta gañea nere erizain behatzekin eztet ondo pasatzen". Egia esan ez dakit hau Asierri edo nire buruari esaten ari nintzen. Arnasa sakon hartuz, hormari pixkanaka metroak irabazten hasi nintzen urduritasunez betea. Metroak irabazi ahala, dena ongi zihoala ikusita lasaitzen joan nintzen eta onartu beharra daukat azkenean zertxobait ere disfrutatu nuela jejeje.

Ur tantetako eskaladaz "gozatzen" jejeje.


Eta bat-batean eguneko ezustekoa gertatu zen. Arnesetik zintzilik neraman express zinta batek bizitzatik nazkatuta zegoela erabaki eta bere buruaz beste egin zuen arnesetik askatu eta bosgarren luzearen oinara iritsi arte. "Joer, ostiaaa!!!!" Bat bota nuen. Hasiera batean expressa pakean uztea pentsatu genuen baina azkenean, denboraz ongi gindoazela ikusita, ni nengoen lekuan harkaitz zubi batean aseguratu (Ikerrek nire soka aske uzteko) eta Ikerrek Asier bosgarren luzearen oinaraino jaitsi zuen. "Gutxiñez hola badakigu bi luzek enpalmau daizkela, jejeje" esan nion Ikerri.

Asierrek expressa erreskatatu eta bi luzeak berriro ere eskalatu zituen. "Eske bosgarren luzea indezunen triste xamar ikusi zaittut ta nahita botaet sikiera bi luze gehio eskalatzeko" esan nion irrifartsu. "Hori da" erantzun zidan irrifartsu "zuk beti bestetan pentsatzen".

Expressa erreskatau ondoren bosgarren luzearen hasieran. Asier txiki ikusten da ingurunearen handitasunean.


Ur tanten zatia amaitzen.


Seigarren bilgunera iristen.


Asier bilguneraino eskalatu eta bere atzetik ni ere iritsi nintzen: "Bueno hau ia bukau deu" esan zuen Ikerrek. "Gauzak ikusita bazpare paretatik aterarte eztet esango, jejejeje" erantzun nion.

Ni ere bilgunera iristen.


Zazpigarren luzea, 15 metro, 4b. Azken luzea nahiz eta motza izan hiru eskalada mota egiteko aukera izango dugu.

Lehen zatian harmaila erraz batzuk eskalatuko ditugu.

Lehen zatiko harmailak eskalatzen.


Harmailak eskalatu ondoren plaka tente bat eskalatuko dugu.

Asier eta Iker seigarren bilgunean plakaren azpitik ikusita.


Plaka tentea eskalatzen.


Amaitzeko diedro bat eskalatuko dugu (4b). Bilgunea diedroaren amaieran dago eta harkaitz-zubi batetik pasatako altzairuzko kable batez osatua dago.

Diedroaren amaieran.


Zazpigarren bilgunea muntatu eta gero.


Luze honek metro gehiago ez izatearen penarekin ere gelditu nintzen ederki disfrutatu nuen eta. Eskaladari ahalik eta zukurik gehiena atera asmoz bilgunea lasaitasun handiz muntatu, postura eroso batean jarri eta Iker eta Asier aseguratu nituen tarteka argazkiak eginez.

Seigarren bilgunea zazpigarrenetik ikusita.
<

Iker Irati bidea amaitzen.


"Ona bidea, eh?" Galdetu nien bidea amaitu genuenean. "Ba, bai" Ikerrek "Gorrotxategin beste bideekin konparauta hemen gehio eskalatu ta gutxigo ibiltzea".

Bi anaiak zazpigarren bilgunean.


Traste guztiak jaso, eskalada txokolatezko barratxo batzuekin ospatu eta beherako bidea hartu genuen.

Bidearen amaieran, hau da gozamena!!!!


Jaisteko mendiaren ertza jarraitu genuen harrobiaren norabidearekin. Hasiera batean erdi izkutatutako bidexka ez da oso garbia baina pixkanaka han-hemenka mugarriren bat ikusi daiteke. Gainera puntu batetik aurrera bidean mugarrietatik aparte puntu gorriak ere ikusiko ditugu harrobiara iritsi arte.

Behin harrobira iritsi ginenean zeharkatzen duen pista jarraitu genuen pixkanaka igoeran jarraitutako pistarekin bat egin arte. Hemendik aurrera igoeran jarraitutako bide bera jarraitu genuen. Guztira, bidearen amaieratik kotxera 50 minutu pasa genituen.

Bidean Ziordiako ezproitik harrobiraino doan horman eskalada bide ezberdinak imajinatuz joan ginen, horma argazkiekin "metrailatuz". "Hemen oaindio badau ze iriki" esan zuen Asierrek bururatzen zitzaizkion bide ezberdinak deskribatuz. "Bakizu" erantzun nion, "datorren udan egun pasa etorri ta ea bide berri bat irikitzeko kapaz gean". "Ona izango zan guk bide berri bat irikitzea" esan zuen Ikerrek "Joe baietz" erantzun zion Asierrek, "gañea jendek gure nibeleko bideik irikitzeko ohitturaik eztauke". "Ba pena da ze behin Desnivelen irakurri nun eskalatzallen %85a IV-V zaitasunen ibiltzen diela" erantzun nien.

Bide berri bat irekitzeko ametsetan kotxera iritsi, trasteak jaso eta beste hainbat argazki egin ondoren paraje zoragarri honi azken begirada bota eta etxerako bidea hartu genuen.

Hormari azken begirada, ziur itzuliko garela.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina