AZKEN 10 SARRERAK

2015/12/29

EGINO: "ELMER" (220 metro, 5b) eta "LAPIAZ" (25 metro, 5c) bideak. (2015/12/19)




Duela lau urte Josurekin "Elmer" bidea lehen aldiz eskalatu nuen. Egun horretatik dudan oroitzapen bakarra da, bigarren luzean, nahiz eta bigarren bezala eskalatu, kristona sufritu eta hirugarren luzea ere Josuri aurretik joateko eskatu niola. Hirugarren luzea ere sufrituz eskalatu nuen eta aurretik nituen beste hiru luzeak ez nituen batere gozatu. Egun horretako "gozamena" argazkietan ere islatu zen, lehen luzeko argazki batzuk bakarrik ditut eta. Lehen luzetik gora ez nuen argazkirik egin, nahiko lana nuen lasai egotearekin jejeje.

Arantza hau gainetik kentzeko gogoa nuen, bidea lasai eskalatu eta gozatzeko. Bide batez, banekien argazki gehiago egin eta bidea blogean ezagutarazteko aukera izango nuela, nahiz eta hau ez izan bidea berriz eskalatzearen helburua.

Ikerrek bide hau eskalatu gabe zuela aprobetsatuz, bi anaiok gelditu eta, iraila itsurako abendu honetan Eginora zuzendu ginen. Kotxean, "Elmer" bidea "azkar" eskalatzen bagenu "Lapiaz" bidea ere eskalatzeko aukeraz hitzegiten aritu ginen, modu honetan luze bat gehiago eskalatuz.

BIDEAREN DATU BATZUK

"Elmer" bidea.

Luzera: 220 metro.
Luzeak: 6.
Nork irekia: Antxon Gorrotxategi.
Zailtasuna: 5b. Luzez-luze: 1ºL: 4b (45 m), 2ºL: 5b (40 m), 3ºL: 5a (40 m), 4ºL: 4c (30 m), 5ºL: 4c (45 m) eta 6ºL: 3b (20 m).
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 15-20 minutu.
Jaitsiera: "Aztorea" eta "Usoa"tik jaisten den ohiko bidea jarraituz 30 minutu inguruan Eginon izango gara.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 14 express zinta, harkaitz-zubietatik pasatzeko lau zinta eta zinta luze batzuk bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea komeni da bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: 2 ordu eta 15 minutu.

"Lapiaz" bidea.

Luzera: 25 metro.
Luzeak: 1.
Nork irekia: Antxon Gorrotxategi.
Zailtasuna: 5c.
Orientazioa: Hegoaldea.
Hurbilketa: Egokiena "Elmer", "Berta" edo "Udaberri" bideak eskalatu ondoren. Bide hauen amaieratik 5-10 minutuetan luzearen oinean izango gara.
Jaitsiera: "Aztorea" eta "Usoa"tik jaisten den ohiko bidea jarraituz 35-40 minutuetan Eginon izango gara.
Beharrezko materiala: 6 expres zinta. Lehenengo bi aseguruak bi harkaitz zubietatik pasatako soka zaharrak dira, eta nahiz eta oraingoz ongi izan, denborarekin harkaitz-zubi hauetatik pasatzeko zintak eraman beharko dira.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: 15 minutu eskas.

BIDEEN KROKISA

Eginoko horma. Karratuan "Usoa" eta "Aztorea"-tik ekialdera dauden hainbat luzeetako bideen gunea adierazi dut.


Gune hau gertuago eta bertan irekita dauden eskalada bideen kokalekua, urdinez guk eskalatutakoak, eta orlegiz bi bideen artean oinez egindako bidea.


Krokisa zehatzago, urdinez nahastuta muntatu genuen laugarren bilgunea.


BIDEAREN OINERA IRISTEKO

"Berta" bidearen oinera doan bide bera da, "Elmer" bidea "Berta" bidetik 10 metro inguru eskuinera dago eta.

"Elmer", "Berta" eta "Udaberri" bideen oinera iristeko gurutzatu behar den erreka lehorra eta gero bidearen oinera arte jarraitu beharreko bidea.


Bidearen oinean, plakatxoa borobilduta ikusi daiteke.


DESKRIBAPENA

"Hau da beroa abendue izateko!!!" Esan zidan Ikerrek kotxeak adierazten zituen 13 graduak ikusitakoan. "Jo baietz, irailen garela emateo". Aurtengo Udazken-negua ez doa oso "normal" eta azkenaldi honetan, hego haizearen eraginez, tenperatura hotzenak 10 graduetatik behera nekez jaisten dira.

Eginon kotxea aparkatzea zertxobait kosta zitzaigun: "Jendea eskalatzen ai denen señale" esan nion anaiari "optimismoz" betea jejeje. Elizaren arkupean inor lo egiten ari ez zela ikusita eta bideak eskalatzaileez beteta egongo ziren beldurrez materiala denbora luzea galdu gabe prestatzen hasi ginen.

Gure motxila eta bizkarrek ederki eskertu zuten material gutxi eramateak, eta egia esan, aspaldi zen auto-babeserako materiala etxean uzten genuela. "Berta", "Elmer" eta "Udaberri" bideetara iristeko zeharkatu behar den errekatxo lehorra (udaberrian ura eramaten du) zeharkatu eta gure gainetik ahotsak entzun genituen: "ostia, jendea dauneko "Susin" sartuta dau" esan nion anaiari, "esperoet Elmerren inor ez eotea".

A zer nolako lasaitua hartu genuen bidearen oinean dagoen plakatxora iritsi eta gure aurretik eta inguruan inor ez zegoela ikusi genuenean.

Materiala lurrean utzi, forro polar finak erantzi eta, manga motzetan, materiala lasai-lasai prestatzen hasi ginen.

Materiala prestatzen.


"Nahibazu hasiko naiz, hola luze kañeroi zuk emangoizu" esan nion anaiari duela lau urte pasatako estuasunak buruan nituela.

Lehen luzea, 45 metro, 4b. Guk "Elmer" izenadun plakatxotik eskalatzen hasi ginen. Hasiera batean lur eta belarra duen kanaltxoen artean (oinak bi ertzetako harkaitzetan jartzea komeni da katu-oinak lurrez ez zikintzeko) eta plakatxo etzan erraz bat (II+) 8 metro inguruan eskalatu eta erlaitz eroso batera iritsi nintzen.

Belar eta lurra duten kanaltxoak eta ni erlaitzean.


Beharbada hobe da 0 bilgunea erlaitz honetan muntatu eta hemendik gora eskalatzen hastea, baina egia esan, 7-8 metro hauek ez dute eragin handirik eskaladan ezta soken marruskaduran ere (guk badaezpada pasagune honetako aseguruan eta hurrengoaren lehenengoan express luzeak jarri genituen).

Erlaitzetik 0 bilgunera egindako argazkia.


Argazki batzuk egin ondoren, erlaitzetik gora doan plaka etzana eskalatzen hasi nintzen.

Plaka azpitik ikusita eta jarraitu beharreko bidea.


Plakaren eskalada nahi adina zaildu daiteke. Plaka erditik eskalatzen bada itsasagarritasunezko pausuak eginez eskalatuko dugu, plakaren ezkerretik bagoaz aldiz, ezkerreko ertzan eskuarentzat helduleku onak topatuko ditugu.

Konfidantza osoz plakaren erditik eskalatuz joan nintzen, pausuak lasai eginez eta express zintak paraboltetatik denbora hartuta pasatuz.

Plakaren amaierara iristen.


Behera begirada.


Plaka hau eskalatzen dugun ehinean gure ezkerrean "Berta" bidearen aseguruak ikusiko ditugu, honegatik, plakaren amaieran dagoen zuhaixkaren ondora iritsitakoan, kontuz ibiliko gara gure bideak eskuinera jotzen baitu.

Eskuinera hartzen den lekuan.


Leku beretik R1 bilgunera egindako argazkia. Ikusten den plakan dago luzearen zailtasunik handiena.


Luzeak eskuinera hartzen duenean plaka zertxobait tentetzen da (4b) eta, aurrekoan bezala, nahi adina zailtzeko aukera dago, erditik itsasgarritasunezko pasaguneak eginez, edota ertzetatik eskuentzat dauden heldulekuak aprobetsatuz.

Hemen ere erditik eskalatu nuen oinetan konfidantza osoa jarriz. Luzea amaitu eta bertako uztaidun bi paraboltetan bilgunea muntatu nuen.

Iker bilgunera iristen.


"Luze politte, eh?" Esan zidan Ikerrek bilgunera iritsi zenean. "Hasteko eztau gaizki" erantzun nion "hurrengo bitan dare biden komerik". Krokisa begiratu, gainean nuen material eskasa hartu eta Iker eskalatzen hasi zen.

Lehenengo bilgunean.


Bigarren luzea, 40 metro, 5b. Bigarren luzea nondik doan ikusteko bilgunearen eskuinean dugun ur-tantadun hormari begiratu eta bertan paraboltak ikusiko ditugu. Luzeak bilgunetik gora eskuinera doan gandor zabala jarraitzen du ur-tantadun hormaren oinera iritsi arte. Pasagune honetan aseguru bakarra dago baina erraza (II+) da.

Gandor zabala eskalatu ondoren.


Ur-tantadun horma eskalatzen dugun ehinean horma bertikalago jartzen da, baina oin eta eskuentzat helduleku onak ditu. Eskuei baino oinei gehiago begiratu beharko diegu metroak errazago irabazteko. Horma amaitzen den sabai txikiaren azpian bi aukera ditugu: sabaitxoa eskalatu eta hurrengo asegurura zuzen iritsi (pausu hau fina da) ezkerrerako joerarekin edo sabaitxoa ezkerrean utziz zuzen eskalatu, eta gainditu ondoren, ezkerrera zeharkaldi motz eta helduleku onekoa egin asegurura iristeko.

Ur tantadun horma eta sabaitxoa eskalatu ondoren, eskuinera egin genuen zeharkaldi horizontala egin aurretik.


Luze hau Josurekin eskalatu nuenean lehen aukera hartu genuen eta sabaitxoa eskalatzeko estu xamar ibili nintzen. Oraingoan aldiz, bigarren aukera hartu (bietatik errazena dudarik gabe) eta pasabide honetan izugarri gozatu nuen.

Gorriz Ikerrek eta nik jarraitu genuen bidea, urdinez aldiz, Josurekin jarraitutakoa (zailagoa).


Sabaitxoaren gaineko asegurutik ezkerrerako joerarekin plaka bertikal bat eskalatuko dugu. Bilgunera iritsi aurretik A0n egin daitekeen pausu fin bat dago eta hemen ere bi aukera ditugu: pausua babesten duten bi parabolten arteko pasagunea zuzenean egin (ezkerrera diagonalean eskalatuz) edota azpiko paraboltatik gora zuzen 1,5-2 metro eskalatu eta gero (helduleku onak topatuko ditugu) ezkerrera zeharkalditxo motz bat egin (hemen ere helduleku onak daude) bigarren paraboltera iritsiz. Ikerrek lehen aukera hartu eta ederki estutu behar izan zuen, nik ordea, bigarren aukera hartu eta pausua uste baino errazago eskalatu nuen.

Bigarren bilgunea.


"Kabroia pasoa, eh?" Esan zidan Ikerrek bilgunera iritsi nintzenean, "nik indeten lekutik errexago itteala esango nuke" erantzun nion. "Ikusizu atzetio bi tipo datozela?" Galdetu zidan. Behera begiratu eta beste kordada bat bidearen oinean materiala prestatzen ari zela ikusi nuen. "Buenooo, hoik honea iristeako gu ia amaieran gare" esan nion irrifartsu.

Hirugarren luzea, 40 metro, 5a. Materiala jaso eta luzea eskalatzen hasi nintzen, metro erraz batzuen ondoren horma bertikal baten azpira iritsiz. Hormaren lehen metroetan ur tantadun tarte bat topatu nuen.

Horma bertikalera iristen.


Luzeak horma nahiko zuzen jarraitzen du eta eskuak eta oinak non jarri ongi begiratuta bertako zailtasunak estuasun handirik gabe eskalatzen dira. Pausurik gogorrena plakaren lehen metroetan topatu nuen, ur tantadun tartea eskalatu eta gero, baina oinak jartzeko lekuak non dauden ongi begiratuz ongi eskalatu nuen.

Luzearen zatirik zailena pasa ondoren.


Pausu honetatik gora, nahiz eta plaka bertikala jarraitu, gozatzeko moduko plaka da helduleku ugari eta onak baititu.

Bigarren bilgunera begirada.


Azken zailtasunak eskalatzen.


Bilgunera iritsi aurretik horma zertxobait etzan eta azken aseguruen arteko tartea zertxobait handitzen da, baina zailtasuna ere jaitsi eta helduleku onak topatuko ditugu.

Horma etzaten hasten den lekuan, hirugarren blgunea ikusi daiteke.


Bilgunera iristen.


"Eskubiko ertz hortan eskalatzen dijona ez al da Juanito Oiarzabal?" Esan zidan Ikerrek. Eskuinera begiratu eta arabar mendizale handia Udaberri bidea eskalatzen ari zela ikusi nuen: "Ba bigarren aldie da bea hemen ikusten deula" esan nion "aurrekoa, kasualitatea, guk Udaberri bidea ingenunen". Juanitoren eskalatzeko modua begiratzen ari ginela behera begiratu eta azpitik zetorren kordadari begira gelditu nintzen: "fijau altzea aurretio dijona kaskoik eztaukela?" Esan nion anaiari. "Ostia, ba bai. Ba, holako bide baten ta gañea aurretio jendea eamanda kaskoik gabe sartzeaaaaaaa" esan zuen Ikerrek. "Ba, bai, arriskutsugi". Eskalada osoan, eta batez ere atzetik lehenik zetorrena (honek ireki zituen luze guztiak) denbora osoan kaskorik jantzita eraman ez zuela ikusita, harririk ez botatzen saiatu ginen. Oraindik ez dut ulertzen kaskorik gabe nola eskalatu daitekeen (eta esan beharra daukat nik ere honelako hanka sartzeak egin ditudala). Kaskoa eskaladan ezinbesteko babes elementutzat daukat eta gu gaur egun ez ginen honelako bide batean kaskorik gabe sartuko. Nik ere ez nioke nire kordada lagunari kaskorik gabe eskalatzen utziko. Bakoitzaren erabakiak errespetagarriak dira eta hau iritzi pertsonal bat besterik ez da, baina kordada osoaren segurtasuna jokoan jartzen denean uste dut minimo batzuk bete behar eta horietako bat kaskoa jantzita eramatea dela.

Hirugarren bilgunean.


Eskaladaren kronikarekin jarraituz, hirugarren bilgunetik 15 metro inguru oinez egin eta laugarren luze azpian uztaidun parabolta duen hirugarren "bis" bilgunera iritsi ginen.

Hirugarren bilgunetik hirugarren "bis" bilgunera dagoen tartea.


Hirugarren "bis" bilgunea.


Laugarren luzea, 30 metro, 4c. Luzea plaka etzan bat bilgunetik zuzen eskalatuz hasten da. Honen ondoren helduleku oneko horma bertikal bat eskalatuko dugu.

Horma bertikalaren amaieran.


Horma hau eskalatu ondoren bigarren horma batekin topo egingo dugu. Horma honetara igotzeko aurrekoa baino pausu bertikalagoa (4c) eskalatuko dugu (pausuak ere zertxobait atzeraka ere egiten du), baina helduleku onak ditu.

Luzearen pausu gogorra eskalatu ondoren.


Bigarren horma bertikala eskalatzen.


Bigarren horma bertikala eskalatzen dugun ehinean luzeak ezkerrerako joera hartzen du helduleku oneko plaka etzanago bat eskalatu eta arazorik gabe bilgunera iritsiz. Bilgunea kordino batez lotutako bi paraboltez osatua dago.

Laugarren bilgunea.


Ikerrek bilgunea ez zelakoan gora jarraitu eta horma amaierarte eskalatu zuen, bertan, harkaitz baten inguruan pasatuta dagoen soka aprobetsatuta, bilgunea muntatuz: "Beste bilgunek anillak duela ikusita uste nun azpiko hoi etzela" esan zidan anaiak bilgunera iritsi nintzenean. "Ea gaur gertatzen zaigun okerrena hau den jejeje".

Gure laugarren bilgune "alternatibora" iristen.


Laugarren bilgune "alternatiboa".


Laugarren bilgune "alternatibotik" Laugarren "bis" bilgunera iristeko bilgunetik iparraldera destrepe erraz bat egin eta ezker aldera 80 metro inguru oinez egin genituen erdi izkutuan dagoen bidexka bat jarraituz. Lehenengo metroen ondoren, parean dugun hormaren azpian, haritz bat eta honen ezkerrean bi enborreko beste bat ikusi genituen.

Egin beharreko zeharkaldia eta bi enborretako haritzaren kokalekua.


Bi enborretako haritzera iristen.


Bi enborretako haritz adierazgarri honen ezkerrean, harkaitz plakan, uztaidun parabolt bat eta "Elmer" izeneko plakatxo bat topatu genuen.

Laugarren "bis" bilgunean, eskuinean bi enborretako haritza.


Bosgarren luzearen hasieran dagoen plakatxoa.


Laugarren "bis" bilgunea uztaidun bi paraboltetan muntatu genuen.

Laugarren "bis" bilgunean.


Bosgarren luzea, 45 metro, 4c. Luze hau Josurekin eskalatu nuenean luzea eskuinean dagoen ezproitxoaren ertzetik eskalatuz hasi genuen. Oraingoan aldiz, ezproitxoaren ezkerretik eskalatu genuen, estualdirik ez pasatzeko muntatu dituzten harkaitz-zubi pare batean aseguratuz.

Luzearen lehen metro errazetan.


Luzearen lehen paraboltera iristeko helduleku oneko pausu bertikal bat eskalatuko dugu (IV+) eta hemendik gora, luzeak zuzen jotzen du plaka bertikal bat eskalatuz (IV).

Pausu bertikala eskalatzen.


Luze hau ederra eta lasai hartzekoa da, helduleku bakoitza sentitu eta gozatzeko aukera ematen duen horietakoa.

Luzeaz gozatzen.


Behera egindako argazkia. Laugarrren bilgunetik laugarren "bis" bilgunera jarraitu beharreko bidea marraztu dut.


Ederki gozatzen ari nintzela, gutxi gora behera luzearen bi heren eskalatuak nituenean, bat-batean paraboltak amaitu eta nire gainetik ez nuen ez parabolt ezta harkaitz-zubirik ikusi. Alde batera eta bestera begiratu eta ez nuen ezer ikusten. Talkia hartu eta "luzea nundik dijo?" Galdetu nion anaiari. "Krokisen arabera zertxobait eskubigo dijola esango nuke" erantzun zidan.

Paraboltak amaitzen diren lekuan luzea nondik doan begira.


Gora begiratu eta eskuin aldera diagonalean eskalatzen hasi nintzen, helduleku onenak hemen daudela aprobetsatuz. 4-5 metro asegururik jarri eta ikusi gabe eskalatu ondoren, harkaitz-zubi batean, erdi izkutatutako zinta handi bat topatu nuen: "buenoo, ondo nijo" pentsatu nuen. Ikerri nire aurkikuntzaren berri eman nion: "de puta madre" erantzun zidan.

Harkaitz-zubiko zinta topatu nuen lekura iristen.


Zinta zaharra zela ikusita, honen ondoko beste harkaitz-zubi batetik gainean neraman zinta bat pasatu eta zuzen eskalatzen jarraitu nuen paraboltak berriro ere azaltzen hasi ziren arte. Parabolt hauek jarraituz, plaka osoa eskalatu, eta gandor batetik metro erraz eta horizontal batzuk egin ondoren, uztaidun parabolt eta harkaitz-zubi batetik pasatako soka batez osatutako bilgunera iritsi nintzen.

Bosgarren bilgunea.


"Haure luze politte, eh?" Esan zidan Ikerrek. "Bai" erantzun nion, "gañea paraboltak galtzen dien tarte horrek bere xarma ematen dio".

Seigarren luzea, 20 metro, 3b. Luzeak bilgunetik gora doan gandortxoa jarraitzen du hormatxo bertikal batekin topo egin arte.

Gandortxoan hormatxoari begira.


Bosgarren bilgunean.


Hormatxoa bertikal xamarra da eta bi paraboltez babestua dago. Pausua ez da zaila eta helduleku ederrak ditu. Honen ondoren bilgunea uztaidun bi paraboltetan muntatzen da.

Seigarren bilgunea bosgarrenetik ikusita...


... Eta bosgarren bilgunea seigarrenetik ikusita jejeje.


"Ta oain Lapiaz bidea eskalatzen badeu?" Galdetu nion anaiari erlojua begiratu eta oraindik denbora genuela ikusita. "Benga, guazen ba" erantzun zidan bitan pentsatu gabe. "Lapiaz" bidearen hasiera non zegoen ez genekien. Garbiñe Uriarteren "Guía de escaladas de Álava" eskuliburuko marrazki bat eta Xabier Larretxearen azaleko azalpen batzuk besterik ez genituen.

"Elmer" bidearen azken bilgunetik gora eta eskuin aldera begiratzen badugu, inguruan ditugun haitzen gainetik monolito bat bereizten da besteak baino altuagoa delako. Monolito hau erreferentzia bezala hartuz, bilgunetik gora zuzen atera eta pixkanaka eskuinera oinez joan ginen tarteka mugarriren bat edo beste topatuz.

Seigarren bilgunetik gora. Borobilduta dagoen monolitoan dago "Lapiaz" bidea.


Oinera iritsi aurretik bidea zertxobait itxi eta, elorri batzuen artean, horizontalean eskuineko norabidean ibili ondoren, "Lapiaz" bidea adierazten duen plakatxora iritsi ginen. "Elmer" bidearen amaieratik "Lapiaz" bidera ez dut uste 125-150 metro baino gehiago egongo direnik, eta denborari dagokionez 5-10 minutu pasa genuen batetik bestera.

"Lapiaz" bidearen hasieran dagoen plakatxoa.


Lapiaz bidea, 25 metro, 5c. Bidea hodi handi baten itsurako batean hasten da. Egia esan, igogailu borobil baten itsura hartu genion.

Iker "igogailuan", jejeje.


Hoditik ateratzeko helduleku onak dituen 3 metro inguruko horma bertikala eskalatuko dugu harkaitz-zubi batetik pasata dagoen soka zahar batera iritsiz. Pausu hau eskalatzeko hankak ireki eta oinak hodiaren bi hormetan jarri beharko ditugu horretarako leku onak daude eta. Ikerrek pausu hau inongo eragozpenik gabe eskalatu eta azkar-azkar gora jarraitu zuen.

Pausu honen ondoren horma zertxobait etzaten da eta zuzen jarraitzen du organo hodien itsurakoen azpira arte. Tartean bigarren harkaitz-zubi bat topatu genuen, hau ere soka zahar batekin babestuta.

Bigarren harkaitz-zubiaren parean.


Organo hodietan horma bertikalagoa jarri eta zailtasunak hasten dira. Lehen metroak eskuinean dagoen organo hodi zabaletik eskalatzen dira. Oina eta eskuentzat heldulekuak daude eta uste baino errazagoa da. Bertan parabolt bat topatuko dugu.

Organo hodi honen amaieran ezkerrera pasa (plakaren ertzean zutik egoteko koxka bat topatuko dugu) eta bertatik gora doan organo hodia zuzen eskalatuko dugu. Organo hodi honen eskaladan dago luzearen zailtasunik handiena eta estutu beharko dugu. Oinak organo hodian ongi sartu beharko ditugu, hemendik kanpo oinentzat helduleku onik ez dago eta. Gainera aseguruen arteko tartea ere ez dago A0n ateratzeko moduan. Pausua eskalatu ondoren arazorik gabe bilgunera iritsiko gara (uztaidun parabolt bat soka batez babestua).

Zailtasun guztiak amaituta.


Argazki honetan luzearen zailtasun eta heldulekuak adierazten saiatu naiz.


Bilgunea muntatu ondoren, luzea hasteko prest.


Ikerrek bilgunea muntatu eta igotzeko eskatu zidan.

"Igogailutik" ateratzen jejeje.


Lehenengo organo hodiarekin "jolasean".


Zailtasunak amaituta, oso zoriontsu!!!!


"Ostia, ona eh?" Bota nion anaiari iritsi nintzenean, "bide guztin bota ez dittuten izerdik hemen botaittut" esan zidan. "Baita nik ere".

"Lapiaz" bidearen lehen bilgunea.


Bilgunean egindako argazkia.


Luzea amaitzen den haitzetik metro batzuk iparrera egin eta harri era harkaitzik gabeko zelaigune txiki batean sokak eta materiala jaso genituen.

Iker luzea amaitzen den haitzaren gainean.


Eta material guztia txukun-txukun jasota Eginora hainbesteetan jarraitu genuen bidea hartu genuen, Aztoretik behera doana hain zuzen ere. Horretarako Eginoko hormen gainetik dagoen zelaiunea mendebaldeko norabidearekin jarraitu genuen Aztore eta Usora jaisten den bidearekin topo egin arte. Guztira, luzearen amaieratik Eginora 35-40 minutu inguru pasa genituen.