AZKEN 10 SARRERAK

2019/03/26

RAPPEL LERROA ARBARAN EKIALDEKO HORMAN: HARROBIA ZEHARKATZEAREN AMAIERA?

Urteetan Ziordiako eskaladarik errepikatuena ezproia izan zen. Honen ondoan irekitako “Beutiful Luis” (250 m, 6b) eta “Zazpika” (200 m, 7c+), bideek ez zuten errepikapenetan eragin handirik izan, biak ala biak maila handiko eskalatzailea izatea eskatzen dutelako, jejeje.

Arbara ekialdean eskalada biderik ez zegoen. Antxon Gorrotxategik begirada eta imajinazioa bertara zuzendu zuen arte. 2015 eta 2018 urteen artean, bera tartean zegoela, “Irati” (220 m, 5a), “Birra Moretti” (210 m, 5c), “Rock Circus” (240 m, 5c+), “Marieta” (210 m, 5c) eta “Altzania” (235 m, V) bideak iritsi ziren.

Horma horretan bide gehiago irekitzerik uste ez genuenean Club Vasco de Camping-eko Rafa Elorza eta Sergio Martinek 2018-2019ko neguan “Pop Circus” (200 m, 6a+) bidea ireki berri dute eta momentu honetan “Sopa de perejil” proiektu berriarekin lanean ari dira, “Rock Circus” eta “Pop Circus” bideen eskuinetik joango dena.

Irekiera hauen guztien ondorioz, azkeneko lau urte hauetan Arbara ekialdean eskalatzaileen kopuruak gora egin du. Baina gorakada honek lanegunetan alde txarra ere izan du, oinezko jaitsiera harrobiaren erditik doanez, harrobiko langileekin eztabaida eta liskarrak sortu direlako. Hau dela eta, eskalada-bide hauetako kroniketan hemengo eskalada harrobia itxita dagoenerako mugatzea gomendatu izan da, harrobiko langileak lanean lasai utzi eta egiten diren leherketen arriskutik kanpo egoteko.

Arbara ekialdeko hormatik behera jaisteko rappel lerro bat muntatua egotea egokia izango zela pentsatu eta esaten genuenok asko ginen, baina, esaerak dion moduan, “esana da erraz eta egina garratz”. Eta urteetan honela izan da Rafa Elorza eta Sergio Martin esanetatik eginetara pasa ziren arte.

Pop Circus” bidea irekitzearekin batera, Rafa eta Sergiok Arbara ekialdeko hormatik behera jaisteko rappel lerro bat muntatu dute. Eta hau gutxi ez bada, 60 edo 35 metroetako rappelak egiteko aukera dago. Rafak kudeatzen duen “viejas zapatillas” webgunean kontatzen duen moduan (kronika irakurtzeko hemen klik egin dezakezu), rappel lerroa muntatu aurretik Antxon Gorrotxategi (bertan proiekturik bazuen jakiteko) eta Irurtzungo Biaizpen ekipatzaile sutsua den Joseba Arlegikin hitz egin ondoren, azkeneko honek rappelak ekipatzeko Nafarroako mendi federakuntzaren materiala utzi zieten.

Rappel puntu guztiak uztaidun bi paraboltez muntatuak daude.

RAPPELEN KROKISA

Gorriz lehen rappela eta 60 metroetakoak, urdinez aldiz, 35 metroetara egiten diren rappelak. Zuriz, eskubanda eta orlegiz “Rock Circus” bidea.


Lehenengo rappela ”Pop Circus” bidearen laugarren bilgunea da eta “Irati” eta “Rock Circus” bideen artean kokatuta dago, mugarri handi baten ondoan. Hau gutxi ez bada, nahasketarik ez izateko “Rápel” hitza eta gezi bat ere harkaitz batean idatzita utzi dute.

Lehen r.appela kokatutako mugarriaren ondoan. harkaitzean "rápel" hitza irakurri daiteke.


Lehen rappelaren hasieran.


Lehen rappela 30 metro ingurukoa da, soka finko batez egindako 15 metro inguruko eskubanda batera iritsi arte.

Eskubandaren hasierara hurbiltzen.


Eskubandaren amaieran bigarren rappel puntura iritsiko gara, hau ere “Rápel” hitza margotua duena.

Eskubandaren azken zatian, lehen rappela ikusi daiteke.


Rafak esan zidanez, “Rápel” hitza idaztea “Rock Circus” bidearen bosgarren bilgunearekin ez nahasteko egin zuten. Lehenengo rappela 50 metro ingurura luzatuz bigarren rappel puntura iristeko aukera badago ere, sokak jasotzerakoan nonbaiten katigatuta gelditzeko arriskua handia izan daiteke, batez ere udaberriaren amaieran, landara, sasi eta zuhaixkak puri-purian daudenean.

Bigarren rappel puntua.


Bigarren rappeletik beherako rappelak 35 edo 60 metroetakoak egin daitezke.

Bigarren rappelaren hasieran.


35 metroetako rappelak egitea erabakitzen badugu, hirugarren rappel puntua “Rock Circus” bidearen laugarren luzearen erdian (5c+ luzera iristeko egiten den II zailtasuneko zeharkaldi horizontalean) topatuko dugu. “Rock Circus”-eko luze hau eskalatzerakoan kontutan izan, laugarren luzearen “benetako” bilgunea 10-12 metro eskuinerako baitago.

Hirugarren rappelaren kokalekua, “Rock Circus” laugarren luzearen erdian gutxi gora behera.


35 metroetako laugarren rappel puntua “Rock Circus” eta “Pop Circus” bideen arteko erlaitz eroso batean dago. Puntu honetara 60 metroetako lehen rappelarekin iritsiko gara. 60 metroetako bigarren rappela eginez, puntu honetatik beheraino iritsiko gara.

Laugarren rappel puntuan (rappelak 60 metroetara egiten baditugu hau hirugarren rappel puntua izango da).


Laugarren rappel puntua.


Bigarren rappelean.


35 metroetako bosgarren rappel puntua “Rock Circus” bidearen bigarren luzearen amaieran eskalatzen den tximiniaren gainean eta eskuinean gelditzen da eta denetatik hau da rappel punturik “deserosoena”. Argi ibili behar da “Rock Circus”-en bigarren luzea eskalatzerakoan rappel puntu hau luzearen berezko bigarren bilgunearekin ez nahasteko.

Hirugarren rappelaren (60 metroetara eginda) hasieran.


Gutxi gora behera bosgarren rappel puntuaren parean.


Azken rappelean. Gutxi gora behera bosgarren rappel puntuaren parean nago.


35 metroetako azken rappelarekin “Rock Circus” bidearen ezkerreko kanaleraino iritsiko gara. Kanalean harri txiki solte asko dago eta lurrera ez erortzeko kontu handiz jaitsi beharko dugu. 10-12 metro eskas ibili ondoren “Rock Circus” bidearen oinera iritsiko gara.

Kanalera iristen, eskuinean “Rock Circus” bidearen oina ikusi daiteke.


Kanalean, gutxi gora behera ni nagoen lekuan 60 metroetako rappela amaituko litzateke.


Rappelak nahiko tenteak eta garbiak direnez, lehenengoa ezik, beste guztiak hobe 60 metroetakoak egiten baditugu, azkarrago jaisteaz aparte, sokak katigatzeko aukera txikia dagoelako. Guk horrela egin genuen eta ez genuen inongo arazorik izan, hori bai, 60 metroetako bigarren rappel-arekin (kanalera iristen garenarekin) lurrera juxtu-juxtu iritsiko gara.

Rappel lerro honek oinezko jaitsiera ia erdira murriztera lortu dezaken arren, jaiegunetan, kontutan izanda horman hainbat soka egon daitezkeela eta harrobia itxita dagoela, egokiagoa izan daiteke oinez jaisten jarraitzea, batez ere “Rock Circus” edo “Pop Circus” bideetan sokadarik badago, sokada hauek arriskuan ez jartzeko.

Amaitzeko, Rafa eta Sergiori eskerrak ematea besterik ez daukat Arbaran ekialdeko horman egindako lan bikainagatik. Bejondeizuela!!!!


2 iruzkin: