2023/07/11

EGINO, DOÑA EUSEBIA HORMA: "LA VIDA ES UN TANGO" BIDEA, "MALENA" BARIANTETIK, 175 m, V+. 2023/07/01


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

“Aupa Xabi, a lo largo de este mes, he aprovechado algunas mañanas (pocas) que el tiempo ha dejado, y he equipado dos largos por debajo de La vida es un tango, para darle más continuidad, y no tener que subir tanto hasta la base”, zioen Antxon Gorrotxategik maiatzaren amaieran bidali zidan krokisarekin atxikitutako mezuak. Ekainaren 1ean, Antxonek eta Iñaki Zuza eskalatzaile eta mendi gidari handiak (“mendia eta eskalada” blog gomendagarriaren sortzailea) “Malena” bariantea (horrela deitu dio bariante honi) eskalatuz “La vida es un tango” bidearen lehen eskalada ofiziala burutu zuten. Egun batzuk beranduago, Sergio Martinekin batera bidea berriro ere eskalatu eta bidearen oinera arte iristeko hurbilketa berri bat garbitu eta egokitzeko aprobetxatuko zuten. Ez dakit nola egiten duen baina Antxonek bide berriak irudikatu eta egi bihurtzeko duen talentu eta motibazioa eredugarria da.

Hilabete luzea behar izan dugu Asier eta biok “Malena” barianteari saialdi bat egiteko. Oraingo honetan Antxonen mezua jaso genuen egunetik nahi baino beranduago ibili garela esango nuke, jejeje.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 175 metro.
- Luze kopurua: 5.
- Nork irekia: Antxon Gorrotxategik, 2023ko maiatzean.
- Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1ºL: V (45 m), 2ºL: V (25 m), 3ºL: V+ (35 m), 4ºL: V/V+ (40 m) eta 5ºL: V (30 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan eguzkiak gogoz jotzen du.
- Ura: Hurbilketaren arabera, Eginoko edo Lezeko iturrian.
- Hurbilketa: Hurbilketa Eginotik edo Lezetik egin badaiteke ere, nire ustez motzena Lezetik egitea da. Hemendik 40-45 minutu pasako ditugu.
- Jaitsiera: Olano mendira doan ohiko bidetik. Jaitsieraren azalpen zehatza eta track-a hemen irakurri eta deskargatu daitezke.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdinetako 15 express-zinta, luzera ezberdinetako zinta-uztaiak bilguneak muntatu eta harkaitz-zubietatik pasatzeko, Totem eta artaka-trabagailu sorta. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke gure artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu inguru.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak eta hurbilketa. UrdinezLa vida es un tangobidearen lehen luze originalak.

La vida es un tangobidearen krokis zehatza "Malena" bariantetik eskalatuta.

"Malena" bariantearen krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

Hodei gris eta astunez zipriztindutako sabai ilun batek Lezea estaltzen zuen, malkotan isurtzen hasteko aitzaki baten bila egongo balitz bezala. Zuhaitzen artetik iheska zihoan haize leunak tenperatura freskatzen zuen; uda zaleentzako freskoegi beharbada, eskalatzeko aldiz primerakoa. Aparkalekuan Iñaki Alvarez eta bere ohiko soka-lagunarekin topo egiteko zortea izan genuen, baita hurbilketaren zati handi bat elkarrekin egiteko ere. Vignemaleko ipar hormaren oinetik ez genuen elkar ikusten eta atsegina izan zen hurbilketa bidea elkarrekin partekatzea. “Susi” bidea eskalatu eta jaitsieran Olanoko haitzak igotzeko asmoa zuten, eskalada eguna borobilduz. Kontu-kontari, laugarren eta bosgarren monolitoen arteko pasabidera iritsi ginenean agurtu eta zorte ona opa genion elkarri.

Antxonen aholkuei jarraituz, laugarren eta bosgarren monolitoen arteko pasabidetik igotzen hasi eta berehala eskuinera jo genuen, bosgarren monolitoak atzean osatzen duen pasillo ilunean sartuz.

Laugarren eta bosgarren monolitoen arteko pasabidean. Atzean ikusten den pasillotik igota "Imserso extrem" bidearen oinera iritsiko ginateke.

- Hemen soka bat topatu beharko genuke – esan nion atzetik zetorren Asierri –, Sergio Martinek jarritakoa.

Baita metro batzuk gorago Sergiok finkatutako soka topatu ere!!

Soka finkoa.

Sokaren laguntzaz ez genuen zailtasunik izan pasilloaren zati ezerosoena igo eta honen gainean dagoen mendi-lepora iristeko.

Soka finkoak laguntzen duen zatian.

Bosgarren monolitoaren atzeko mendi-lepora iristen.

Batera zein bestera begiratu ondoren, mendi-leporaino luzatzen den hartxingadia zuzen igotzen jarraitu genuen, tarteka gauean hezetutako landareen artetik pasatuz, mugarri txiki bat duen mendi-lepo batera iritsi ginen arte. Gure ezusterako, mendi-lepo honetan orain arte “La vida es un tango” bidera hurbiltzeko jarraitu izan den bidearekin bat egin genuela ikusi genuen eta, egia esan, orain arteko igoera nola zihoan ikusita, hurbilketa berri hau hobea, zuzenagoa eta erosoagoa dela iruditu zitzaigun, lehen irekita zegoenarekin alderatuz behintzat.

Hartxingadian gora, mendi-lepo txikira heltzen.

Mendi-lepoan dagoen mugarri txikitik behera egindako argazkia. Asier belar artean ikusi daiteke.

Mendi-lepoaren ertzean mantenduz metro batzuk igo eta, mugarri handi baten parera iritsitakoan mendi-lepoaren ezkerrera jo genuen, altuera handirik galdu ez genuen 20-25 metroko zeharkaldi baten ondoren soka finko batekin segurtatuta dagoen horma baten oinera iristeko.

Mugarri handitik egindako argazki honetan soka finkoaren kokalekua ikusi daiteke.

Sokaren laguntzarekin ez genuen zailtasun handirik izan bidearen hasiera kokatzen den erlaitzera arte luzatzen den 10-15 metro inguruko hormatxoa igotzeko (II/II+).

Soka finkotik igotzen.

- Honaño behintzat iritsi gea – esan zidan Asierrek bere ondora iritsi nintzenean.
- Ea gaurko zailena hau den, jejeje – erantzun nion irribarretsu.

Soka finkatuta dagoen paraboltera iristen.

Aitortu beharra daukat lehenengo luzearen kontu batek kezkatzen gintuela, bere zailtasunarekin zerikusirik ez zuena. Antxonek krokisean lehen luzeak 50 metro dituela azaltzen zuenez, guk 50 metroko soka bakarra ekarri genuen.

- Pentsatzen det metro gutxigo izango ditula– esan nion Asierri -. Normalen luzeetan metro gehio kontatzeko joera daulako.
- Seguro berrogeita hamarren bueltan ibiliko dela – erantzun zidan -. Gutxigo bada hobe, bestela ensanblen aterako gea.

Kezka hau oraindik buruan nuela Asierri aurretik hastea proposatu nion, “La vida es un tango” bideko bigarren luze “ofiziala” ere (V+ zailtasunekoa) aurretik eskalatu nahi nuelako, bide hau eskalatu genuen lehen aldian atzetik eskalatzea egokitu baitzitzaidan.

- Segi lasai...

Gustuko dut eskalatzen hasi aurreko prestaketa une hori. Superheroien moduan, badirudi kasko, arnes eta katu-oin batzuk janzten dituzunean mendizale arrunta izatetik eskalatzaile izatera aldatzen zarela, edozein zailtasunari aurre egiteko boterea jasoz. Ayyyyy!!!! Hain erraza izango balitz, jejeje. Nik une hau kontzentratzen hasteko erabiltzen dut; eskaladako trasteak arnesaren bi aldeetatik zintzilikatzen ditudan bitartean burua orainera ekarri eta atentzio osoa harkaitzera eramanez. Eskaladak oparitzen didan une magiko horietako bat izaten da.

Antxonen azalpenen arabera zailtasunik handienak lehen metro hauetan topatuko genituen; horren adierazle, jarraian ikusten ziren hiru parabolt. Eskalatzailez mozorrotuta eta magnesio hautsek ematen duten aparteko motibazioaren eraginpean, Asierrek prest zegoela esan zidan momentuan eskalatzen hasi nintzen.

Lehen luzea eskalatzen hasten.

- Lehenengo luzea, 45 metro, V. Horman oraindik itsatsita dagoen likenak beldurra eragin dezaken arren, ez nuen zailtasun handirik izan metroak kontu handiz irabazteko, harkaitza oso itsaskorra zela iruditu zitzaidan eta. Konturatu nintzenerako horma segurtatzen duen hirugarren paraboltaren parera iritsi nintzen (V).

Hirugarren paraboltaren parean.

Horma bertikalaren gaineko erlaitz txikira igo ondoren harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatzen jarraitu nuen, eskuinetik saihesten den sabai txiki batean amaitzen dena (IV, parabolt bat). Geroago, sokak behartuta Asierrek sabaia zuzen eskalatu behar izan zuen, zailtasuna IV+ ingurura igoz.

Sabaidun harkaitz-plaka. Asierrek zuzen eskalatu zuen, nik aldiz eskuinetik. Argazkian ni lehenengo bilgunean ikusi daiteke.

Sabaidun harkaitz-plaka eskalatuta, honen gainean dagoen erlaitz erosoan aurretik geratzen zitzaidana ikusteko atseden motz bat hartzeko aprobetxatu nuen, baita hormari argazki batzuk egiteko aprobetxatu ere. Aspaldiko partez burua ez nuen hain lasai sentitzen, arin, kezkek eragiten duten pisutik aske. Kontzentrazio osoa hatz-mamietara eta oinen puntetara eramatea lortzen ari nintzen, inguratzen ninduten 3-4 metroetara mundu osoa mugatuz. Eskaladak eragiten duen meditazio sentsazio hau ezin da diruarekin ordaindu.

Sabaidun hormaren gaineko erlaitzetik behera egindako argazkia.

Asierri keinu bat eginez erlaitza zeharkatu eta hormatxo inklinatu bat eskalatzen jarraitu nuen (III hasieran, III+ gero), iltze bat atzean utzi eta arrail nabarmen eta paralelo batzuen azpira iritsi nintzen arte.

Hemendik gora horma tentetu egiten zela iruditu zitzaidan, baita luzeak bere eskuin ertzetik gertu mantenduz jarraitzen zuela ere, baina arrailak eskalatu arte ez nuen irudipen hori berretsiko.

Arrail paraleloen oinera iristen.

Honela ba, “X” gizatiar baten modura beso eta oinak bi arrailetan irekita, arrailak lasaitasunez eskalatu nituen, bertako helduleku onak aprobetxatuz goian eta ezkerrean dagoen zuhaitz nabarmen batera hurbiltzeko (IV/IV+). Baina zuhaitzaren parera iristear nengoela luzeak hormaren ertzetik jarraitzen ez duela ikusi nuen, bere eskuinetik baizik. Hormaren eskuinera pasatu (IV+) eta, hormatik gertu mantenduz, azken metro tente batzuk eskalatu nituen erlaitz belartsu batean kokatutako bilgunera iritsi nintzen arte (IV). Azkeneko tarte honetan belarra eta lokatz pixkat topatu nuen; komeni da hau kontutan hartzea horma bustia dagoen egunetarako.

Asier sabaidun hormatik irteten.

Argazki honetan horma inklinatua eta arrail paraleloak argi eta garbi ikusi daitezke, baita ni lehen bilgunean ere.

Oharra: kronika hau partekatu nuenetik egun batzuetara, bidea eskalatzen ari zen sokada bati arrail paraleloen azken metroan zegoen harkaitz-bloke bat erori zitzaion beraiengan minik sortu gabe. Biharamunean Asier, Antxon eta hiruok lehen luzea nola geratu zen ikustera joan ginen, luzea eskalatu zuen sokadak eroritako harkaitz-bloke handiak beharbada luzean kalteak sortu zituela esan zigulako. Luzea eskalatu ondoren, azken metro honetan eskuin arrailera pasatuz errazago eskalatu daitekela iruditu zitzaigun. Luzeak kalterik izan ez duela ere egiaztatu genuen.

Uztailaren 15ean arrail paraleloen oinean egindako argazki honetan harkaitz-blokea erori ondoren utzitako hutsune marroia ikusi daiteke.

Harkaitz-blokeak utzitako hutsunea. Handia bada ere ez du horrenbesteko enbarazurik egiten eskalatzeko garaian. Ahal izan genuen hobekien garbitu genuen.

Lehenengo luze honetan, parabolt, iltze eta muntatutako harkaitz-zubiak kontutan hartuz 12 seguru zenbatu genituen. Nik ez nuen aseguru gehiago jartzeko beharrik sentitu, baina leku batzuetan seguruen arteko tartea luzea dela esan beharra daukat. Honegatik, gomendagarria izan daiteke 15 express-zinta eramatea aseguruen arteko tartea friend edo artaka-trabagailuekin murriztu nahi badugu.

Asier horma inklinatua eskalatzen.

- Soka sobratu da? – Galdetu nion Asierri talkie-tik.
- 5 metro inguru esango nuke – erantzun zidan.
- Primeran!!! Antxoni komentatuko diot bere krokisen aldatu dezan.

Arrail paraleloak eskalatu ondoren.

Asierrek, betiko moduan, luzea patxadaz eskalatu zuen, denborari garrantziarik eman gabe, mugimendu bakoitzerako behar zuen energía zehatza kalkulatu nahiko balu bezala, ez gehiago ezta gutxiago ere.

Hormaren eskuinera pasa behar den lekuan.

Lehen bilgunean.

- Bigarren luzea, 25 metro, V. Luzea ezker-eskuin horizontalean doan zeharkaldi ikusgarri batekin hasten da, erlaitz estu baten gainetik egiten dena eta parabolt bat eta iltze batekin babestua dagoena.

Zeharkaldia teknikoki zaila ez bada ere (II/III) Asierrek pazientziaz hartu zuen, oinen azpian irekitzen den amildegia handia delako. Beti transmititzen duen lasaitasun sentsazioa kutsagarria da eta honek pentsarazi zidan gure emozioen kudeaketak zenbateko eragina duen inguratzen gaituzten pertsonen emozioengan, honetaz konturatzen ez bagara ere.

- Hemen goraka doazen paraboltak nungok die? – Galdetu zidan bat batean.
- Ahhh, hoik “Antonio 8.000 octanos” bidekok die, aspaldi irikitako bide bat – erantzun nion -. Guk eskubiago jun beharra deu.

Bigarren luzeko zeharkaldi ikusgarrian.

Antxonen aholkuei jarraituz, Asierrek zeharkaldian express zinta motzak jarri zituen, hormak osatzen duen sabaiak soka ez trabatzeko. Iltzea atzean utzi eta soka bat jarria duen harkaitz-zubi handi batera iritsi zenean, bertan express-zinta berri bat jarri, harkaitz-zubiaren ertzari eskuekin heldu eta babariar teknika erabiliz, harkaitz-zubiaren eskuinera pasa zen lehenik eta eskuinean harlauza erraldoi batek osatutako arrail/diedrora ondoren, bertan dagoen paraboltean aseguratuz. Garrantzitsua da ezkerretik eskuinera egin beharreko zeharkaldi hau egitea, sokadun harkaitz-zubiaren gainean dauden paraboltak "Antonio 8.000 octanos" bidekoak direlako.

Arrail/diedroa eskalatzen.

- Nola dijo? – Galdetu nion.
- Hasieran ez nekien ondo hemendik izango zen baina ondo – erantzun zidan.

Arrail/diedroa Dulfer teknikarekin eskalatuz (V, pasagune bertikala) harlauzaren gainera igo zen. Une hau argazki bat egiteko aprobetxatu nuen.

Harlauzaren gainean.

Harlauzaren gainetik, honen eskuinera pasatu eta horma eskalatzen jarraitu behar da, harkaitza garbituta dagoen tarte bat jarraituz.

Antxon Gorrotxategi harlauzaren gainera iristen (argazkian ikusten den arrail horizontala). Sokaren norabideak gutxi gora behera adierazten du zein noranzkoan jarraitu behar den eskalatzen.

Azken metro hauetan horma ez da hain tentea eta Asierrek arazo handirik ez zuen izan bilgunera iristeko (IV). Hori bai, pasagune hau Totem hori batekin segurtatu zuen. Gero ikusiko genuen moduan, hau izango zen bide osoan jarriko genuen aseguru bakarra.

- Joer ze luze ona!! – Bota nion Asierri bilgunera iristear nengoela.
- Bai, neri ere asko gustatu zait – erantzun zidan -, pena luzegoa ez izatea.

Harlauzaren gainetik bigarren bilgunera iristen.

“Malena” bariantea eskalatuta “La vida es un tango” bidearen azken hiru luzeak genituen aurretik. Aitortu beharra daukat “Malena” izugarri gustatu zitzaigula. Bariante honekin “La vida es un tango” bideak asko irabazi duela zalantzarik ez dago. Antxonek esan zidan bezala eskaladaren jarraitutasuna bermatuta dago, hurbilketa motzagoa da eta, hau gutxi ez bada, bidea 140 metro izatetik 175 metro izatera pasa da. Bariante honen bi luzeak “La vida es un tango”-ren ohiko luze bihurtzera “kondenatuak” daudelakoan gaude, jejeje.

Bigarren bilgunean,La vida es un tangobidearen bigarrena ere dena.

La vida es un tango” bidearen zehaztasunak kronika honetan idatzita daudenez, hemendik aurrera luzeen azalpen orokor bat besterik ez dut egingo.

- Hirugarren luzea, 35 metro, V+. Maiuskulaz idatzi daitekeen LU-ZE-A. Nire uste apalean luze hau, duen zailtasuna, luzera eta estiloa kontutan hartuz, Eginoko haitzetako luzerik onena da; gozatzekoa, zoragarria. Luzeko arrail bertikala itzela da, perfektua, oinak ongi kokatuz gero zailtasun handirik gabe eskalatzen dena. Luze hau eskalatzeagatik bakarrik merezi du honaino igotzea.

Hirugarren luze zoragarriaren V+ pasagunea eskalatu ondoren.

Luze honen edertasuna ezagutzen nuenez, hasiera hasieratik pazientzaz eskalatu nahi izan nuen, lasaitasunez, nahiz eta V+ pasagunean estutu behar izan nuen, jejeje. Pausu bakoitza egin aurretik, erabat kontzentratuta, harkaitzaren helduleku, zimur eta arrail bakoitza leuntasunez laztanduz eskalatzen aritu nintzen, gorputz biluzi bat ilunpean begiak itxita laztantzen den moduan.

Luzearen eskaladak buruan geratu zitezken pentsamendu eta emozio negatiboen arrasto guztiak eraman zituen. Segurtasun mosketoiak bilgunera lotu ninduenean arima bakean sentitzen nuen, endorfinen eraginez ziurrenik, jejeje.

Hirugarren bilgunean.

Loretxoak hirugarren bilgunean, Asier eskalatzen hasteko zain.

Luzeak lehen aldiz eskalatu genuenean baino aseguru gehiago zituela iruditu zitzaigun, muntatutako harkaitz-zubiei dagokionez bederen. Izan ere, nahiz eta aseguru batzuen arteko tartea luzea izan, ez nuen aseguru gehiago jartzeko beharrik sentitu.

Ohar garrantzitua luze honetarako: Bilgunera iritsi aurreko arrailaren amaierara iristen garenean gure gainean eta zertxobait ezkerrean bilgune berri bat ikusiko dugu. Bilgune hau "Antonio 8.000 octanos" bidekoa da. Honegatik, ez ahaztu arraila amaitzen den lekuan eskuin aldera eskalatzen jarraitu beharko dugula.

Arrail bertikalaren amaierara iristen.

- Laugarren luzea, 40 metro, V/V+. Asierrek, aurretik eskalatuko zuen azken luzea izango zela jakingo balu bezala, lasaitasunez eskalatzen jarraitu zuen, luze honen lehen metro gozagarriei zukurik handiena ateraz.

Hirugarren luzeko lehen metro gozagarrietan.

Politena eskalatu dela uste denean luzeak ezkerrera jo eta ezusteko ederra oparitzen digu: diedro elegante eta bertikal bat, sabai baten azpira zuzentzen gaituena. Asierrek, nahiz eta ezkerretik errazago eskalatzen dela jakin, sabaia ia desbideratu gabe eskalatu zuen, bere V+ pasagunean bere lasaitasuna mugara eramanez.

Sabaia eskalatzen.

Aurretik eskalatzen dudanean atzetik baino hobe eskalatzen dudanaren susmoa daukat aspalditik. Kontzentrazioagatik izan daiteke, aurretik noanean daramadan kontzentrazioa handiagoa izaten baita, ez baitut bilgunera lotzen nauen zilbor-hestea goitik ikusten ezta aseguruetan jarritako express-zintak eskura izaten ere. Honegatik, aspaldi hartu dudan ohitura bat da gainetik dudan express zinta ahalik eta azkarren kentzea, bertatik eskuarekin heltzeko tentaldia uxatu eta nire burua paraboltak segurtatzen duen pasagunea eskalatzera behartzeko. Taktika bera erabiliz, ez nuen zailtasun handirik izan bilgunera iristeko, hori bai, sabaiaren ezkerrean dagoen V pasagunetik eskalatuz, jejeje.

Sabaiatik irteten, ezker-eskuin egiten den zeharkaldia baino lehen.

- Bosgarren luzea, 30 metro, V. Gozatzen ari zarenean tristura eragiten du bidearen amaierara iristeak eta sentsazio gazi-gozo honekin ekin nion azken luzeari.

Luze honek estilo ezberdin bat eskatzen du, tarteka itsasgarritasunezko pasaguneak dituelako, lehen metroetan batez ere. Babariar modura eskalatzen den arrail zoragarria eskalatu ondoren, eskuinean ikusten den erlaitzera igo eta V zailtasuneko azken pasagunea eskalatzeko prestatu nintzen. Pasagunea ez da oso zaila baina oraingoan behatz-mamietatik uste nuena baino gehiago tira egitea eskatu zidan. Pasagune honen ondorengo tximinia etzana arin eskalatzen ari nintzela iparretik zetorren haize freskoa aurpegian sentitzen hasi nintzen lehen aldiz, hormaren amaierara iristen ari nintzela iragarriz: “Reuniónnnnnnn!!!!”

Babariar teknikarekin eskalatzen den arrailaren ondoren igotzen den erlaitzean.

Amaieran bostekoa, besarkada bat eta hausnarketarako bakarkako unea, biok eskalatutako bidea bera baldin bada ere, bakoitzarengan uzten duen sentimentua ezberdina izaten delako beti.

Hormaren gainean haizeak lotsagabe hozten zituen bazterrak. Argazki bat egin eta bazterrak bustitzen hasi zuen langarrak azkar jaistera behartu gintuen, oroimenak azken bilgunean geratuz.

Bidea zer iruditu zitaigun? Gure aurpegiak ikustea besterik ez dago, jejeje.

"Malena" bariantearekin “La vida es un tango” bideak izugarri irabazi duela uste dugu. Bide hau lehen ona bazen orain itzela bihurtu da. Goian idatzi dudan bezala, ziur gaude denborarekin "Malena" “La vida es un tango”-ren ohiko bidea bihurtuko dela. Mila esker bihotzez Antxon berriro ere zure lanarengatik eta gugan jarri duzun konfiantzagatik!!!!!

Mila esker bihotzez Antxon berriro ere zure lanarengatik eta gugan jarri duzun konfiantzagatik!!!!!.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Smithyrenbloga. 2022/01/31. Egino, Doña Eusebia horma: "La vida es un tango" bidea, 140 m, V+. 2021-12-30. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2022/01/egino-dona-eusebia-horma-la-vida-es-un.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina