Eginoko hormatzarra, eskalada-bide askok igo arren jaitsierako hiru bide "bakarrik" dituena.
Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.
Urteak daramatzagu Eginoko hainbat luzeetako bideak eskalatzen. Urte hauetan guztietan, "Barraskiloen gandorra" eskalatu izan dugunean izan ezik, beste eskalada-bide guztien amaieratik Eginora itzultzeko "Usoa" eta "Aztorea" monolitoen mendebaldean dagoen bidexka malkartsutik jaitsi izan gara. Bidea tentea eta tarteka ezerosoa bada ere, jaitsiera zuzena da eta edozein eskaladako bidearen amaieratik ordu bete eskasean Eginora itzultzeko aukera ematen du.
Bidexka honetatik jaisteko joera urteetan mantendu dugu, Arabako Foru Aldundiak, Aizkorri Aratz Parke Naturalak eta eta "Babesturik Naturguneak" erakundeak apirilaren 1etik abuztuaren 31ra arte babestutako espezien habiagintzagatik bidexka honetatik ibiltzea debekatu zuten arte. Debekualdiaz jabetu eta honen inguruko zalantzarik ez izateko "Xabier" eta "Matices" eskalada-bideetatik gertu egurrezko bi kartel handi eta koloretsu jarrita daude. Hormaren goi aldean aldiz ez dago inongo kartel edo informazio iturririk, honegatik, gerta daiteke "Xabier"-en eskuinean dagoen beste eskalada-bideetako bat eskalatu eta hormaren azpian izan arte kartelak ez ikustea, isun bat jasotzeko duen arriskuarekin.
Eskalada eta sarbidea debekatzen duen kartela. Debekatutako eremua "Usoa" eta "Aztorea" eremuetara mugatzen da.
Orduan, apirilaren 1etik abuztuaren 31ra "Usoa" eta "Aztorea" monolitoetako bidetik jaisterik ez badago, nondik jaitsiko gara?
Bi aukera ditugu: hormaren gainetik ekialdera jo eta Aiztxikitik Eginora doan bidetik jaistea edo mendebaldera jo eta "Leze"-ra doan bidetik jaistea. Bi bide hauek topatzea zaila izan daiteke bertara iristeko bidea ez dagoelako oso ondo adierazita. Hau dela eta urte honen hasieran proiektutxo bat bururatu zitzaidan: GPS aparatuan bide hauek grabatzea, eta etxean "track"-ak "garbitu" ondoren, blogean partekatzea. Grabaketak egiteko "Iturrimurri" ezproiaren amaiera izan zen abiapuntua. Bi asteburu jarraian eskalatu, eta Josu eta Lekuren laguntzarekin, batean bide batetik eta bestean beste bidetik jaitsi nintzen, bide batez "Usoa" eta "Aztorea" monolitoeko ohiko jaitsierako bidea ere grabatuz.
Kronika honetan hiru bideak deskargatzeko aukera izango duzue. Espero dut baliagarri izatea!!!
"Usoa" eta "Aztorea" monolitoen mendebaldean dagoen bidea.
Kronikaren hasieran adierazi dudan moduan, bide hau da hiruetatik ezagunena, baita ibiliena ere. Bertara iristeko, bere ekialdean dauden "Udaberri" arteko eskalada-bide guztien amaierak lotzen dituen bidexka zapaldu bat dago, mugarrien bidez nahiko ongi adierazita dagoena, nahiz eta lanbro itxiak bidea topatzea zaildu dezake.
Jaitsiera hau deskargatu nahi baduzue. Ibilbidea "Iturrimurri" eskalada-bidearen amaieratik hasten da, Eginoko edozein eskalada-bideetatik jaitsi ahal izateko.
Powered by Wikiloc
Aiztxikitik Eginora doan bidea.
Bide hau hormaren mendebaldean dauden bideetatik jaisteko biderik motzena izango litzateke, "Iturrimurri", "Amona" eta "Asezinak" bezalako bideen jaitsiera izango litzateke hortaz. Bide honetara iristeko "Iturrimurri" ezproiaren amaieratik ekialdeko noranzkoan puntu gorriz eta mugarriz adierazitako "bidexka" bat dago. Puntu gorri eta mugarriei harreta handia jarriz ibiltzea eskatzen duen bidexka da, galtzeko arriskua ez delako makurra. "Iturrimurri"-tik mendebaldera aldiz ez dago ez puntu gorririk ezta mugarririk ere, beraz, honen mendebaldean dauden eskalada-bideen amaieratik bide hau topatzea benetako abentura izan daiteke. Eta "benetako abentura" benetan diot, izan ere Asier eta biok "Arista Nicasio" eskalatu genuen batean bide honen bilaketan galdu eta Ziordiako harrobian amaitu genuen.
Ibilbide hau deskargatu nahi baduzue. Ibilbidea "Aztorea" eta "Usoa" bidearen gainean hasten da, modu honetan edozein eskalada-bidearen amaieratik bertara iristeko aukera izango dugu.
Powered by Wikiloc
"Leze"-ra doan bidea.
Bide hau "Xabier" eta "Barraskiloen gandorra"-ren arteko eskalada-bideetatik jaisteko biderik motzena izango litzateke. Zailtasunik handiena "Leze"-ko isurialdera doan bidexkaren hasiera topatzea da, oso argia ez delako. Bidea ederra da eta "Leze"-a eta Eginoko monolitoak bisitatzeko aukera emango digu.
Ibilbide hau deskargatu nahi baduzue. Ibilbidea "Iturrimurri" bidearen amaieratik hasten da, hormako edozein eskalada-bidearen amaieratik bertara iristeko aukera izango dugu.
Powered by Wikiloc
Eta zein da "Xabier" eta "Udaberri" bideen artean dauden "Txitxibiritxi", "Susi", "Txomin", "Berta", "Elmer", "Lore Festa" eta "Basotxo" eskalada-bideetatik jaisteko biderik motzena? Kronikako bi bideak aukera onak izan daitezke, bien arteko aldea, denborari dagokionez, handia ez delako. Motzena beharbada Aiztxikitik datorrena izan daiteke, ederrena aldiz, inongo zalantzarik gabe "Leze"-ra doana da. Orduan, zein aukeratu? Norberak erabaki beharko du, jejejeje.
Aupa Xabi! Eskerrik asko informaziokatik. Jeitsiera bakarrik al dago debekatuta? Edo hor ingurun daren Xabier, elmer... bidek ere ittea debekauta dare? Ze uste det iaz eremu baten eskalada ere debekatu zela.
ErantzunEzabatuAupa Igor,
Ezabatu"Xabier" bidea eskalatzea badago baita besteak ere. Usoa eta Aztoreko bideak dira eskalatu ezin direnak. Zalantza handiak ditut "Matices" bidearekin, guk bazpare garai honetan ez dugu eskalatzen.
Ondo izan!!!
Smithy