AZKEN 10 SARRERAK

2022/01/31

EGINO, DOÑA EUSEBIA HORMA: "LA VIDA ES UN TANGO" BIDEA, 140 m, V+. 2021-12-30


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Tangoa dantza sentsual bat dela iruditzen zait, behin irakurri nuen moduan dantzari bakoitzak bere gorputzarekin eta bikotearen gorputzarekin harreman emozional sakona proposatzen duena. Dantza hau ikustea ikuskizun aparta da: bi pertsona besarkatuta, musikaren noten armoniari jarraituz modu koordinatuan batera eta bestera leunki mugitzen, bata besteari ezer ez esan gabe dena esanez.

2021ko abenduaren 24an Rafa Elorzak (Club Vasco de Camping Elkarteko presidenteak) sare sozialetan Antxon Gorrotxategik Doña Eusebia horman irekitako azken eskalada-bidearen berri eman zuen: “La vida es un tango”. Ez dakit intentzioarekin egindako berri ematea izan zen baina Rafaren eskutik "Olentzero Gorrotxategik" sekulako oparia ekarri zigun Eguberri bezperan.

Abenduaren 25ean haurrak Olentzerok ekarritako opariak herriko kaleetan estreinatzen zituzten bitartean Asier eta biok gure oparitxoa noiz estreinatuko genuen pentsatzen aritu ginen. Azkenean abenduaren 30erako jarri genuen hitzordua: Eguberri bezperan jasotako oparia Urtezahar bezperan estreinatuko genuen.

“La vida es un tango”, izenagatik ondorioztatu daiteken moduan pelikula argentinar bat da, 1939 urtean Manuel Romero zinemagileak zuzendutakoa. Antxonek argitu didan moduan, bidearen izenak ez dio pelikula honi ohore egiten, Aralarko Igaratzan borda bat zuen Aniceto artzainari baizik, erdi-filosofoa Antxonen hitzetan, “La vida es un tango” esamoldea askotan erabiltzen zuena. Hala ere, tangoari dagokionez, dantza sentsual honi ohore egiten diola ere esango nuke. Eskalada-bidea osatzen duten pasagune ezberdinetan horma besarkatu, eta batera eta bestera mugimendu koordinatu eta leunak eginez, harreman emozional sakona sortuko da eskalatzailea eta hormaren artean, haizeak txorien kantuen notak hurbildu eta aldentzen dituen bitartean.

Ez galdu eskalada-bide hau eskalatzeko aukera...

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 140 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Antxon Gorrotxategi 2021 urtean.
- Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (35 m), 2ºL: V+ (35 m), 3ºL: V+ (40 m) eta 4ºL: V (30 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: La Lezeko aisialdi guneko edo Eginoko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Hurbilketa Eginotik edo La Lezetik egin badaiteke ere, nire ustez motzena La Lezetik egitea da. Hemendik 40-45 minutu pasako ditugu.
- Jaitsiera: Olano mendira doan ohiko bidetik. Jaitsieraren azalpen zehatza eta track-a hemen irakurri eta deskargatu daitezke.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdinetako 12 express-zinta, luzera ezberdinetako zinta-uztaiak bilguneak muntatu eta harkaitz-zubietatik pasatzeko, Totem eta Alien jokoa. Walkie-talkie pare bat eramatea ere gomendagarria izan daiteke gure artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu eta erdi eskas.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Puntu zuriz "Imserso Extrem" bidea ikusi daiteke..

Krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

Kotxearen argiek nekez zulatzen zuten lanbro itxia. Etzegarateko zeru urdina ilusio optiko labur bat besterik ez zen izan, basamortuetako ispilatzeak bezala. Eginoko elizako ekialdeko hormari pegatuta kotxea aparkatu genuenean termometroak gradu bakarra markatzen zuen:

- Gaur hotza pasa behar deu!!! – esan nion Asierri motxila hartzearekin batera.
- Hala da, bai – erantzun zidan iturrira ur bila zihoan bitartean.

Asierrek iturritik ura hartzen zuen bitartean “La vida es un tango” eskalada-bidera iristeko biderik motzena La Lezetik irtetea zela ohartu nintzen.

- Ostia, flipau in naiz, jejeje.

Kotxearen argiek nekez zulatzen zuten lanbro itxia. Etzegarateko zeru urdina ilusio optiko labur bat besterik ez zen izan, basamortuetako ispilatzeak bezala. Eginoko elizako ekialdeko hormari pegatuta kotxea aparkatu genuenean termometroak gradu bakarra markatzen zuen:

- Gaur hotza pasa behar deu!!! – esan nion Asierri motxila hartzearekin batera.
- Hala da, bai – erantzun zidan iturrira ur bila zihoan bitartean.

Asierrek iturritik ura hartzen zuen bitartean “La vida es un tango” eskalada-bidera iristeko biderik motzena La Lezetik irtetea zela ohartu nintzen.

- Ostia, flipau in naiz, jejeje.
- Esaten nun ba zeatio honaño etorri zean… - erantzun zidan Asierrek irribarretsu.

Hamar minutu beranduago, harrigarria bada ere, La Lezeko aparkalekuan eguzki distiratsu batek hormak berotzen zituen zeru oskarbiari kolore urdin ilun bat emanez. Kotxearen termometroak, mirari baten moduan, sei gradu adierazten zituen. Behe laino trinkoak mingain luze eta zuri bat osatzen zuen, Gasteiztik Beriainera luzatzen zena. Egino mingain honen azpian geratzen zen bitartean, La Leze eta Eginoko haitzak kanpo geratzen ziren, iluntasuna eta hotzetik urrun.

Eginoko laugarren eta bosgarren monolitoen arteko hartxingadira arte gorputzak pixkanaka epelduz joan ziren eguzkia eta bertara iristeko igo behar den aldaparen eraginez. Ez zen denbora luzea pasatu berokiak erantzi eta mahuka motzean geratu ginen arte:

- Zeñek esango zun gaur manga motxetan aittuko giñenik!!!

Bi monolitoen arteko pasilloa zeharkatu genuenean begien aurrean Doña Eusebia hormak osatzen duen zirku malkartsu eta basatia zabaldu zen. Parez pare, “La vida es un Tango” eta “Antonio 8.000 octanos” eskalada-bideek igotzen duten monolitoak goitik begiratzen gintuen, desafiatzaile, erraldoi batek izaki txikienari begiratzen dion moduan.

Bidearen hasierara iristeko gutxi gora behera jarraitu behar den bidea. Argazkiaren erdiko monolitoa da da eskalada-bideak igotzen duena.

Zirkua osatzen duten hormetatik monolitoetaraino luzatzen den hartxingadi estuaren lehen metroak eskuin ertzetik igotzen hasi ginen arren, berehala ezker ertzera pasa ginen, bertan dauden harkaitz-plaketatik azkar eta erosoago igotzen jarraitzeko.

Hartxingadiaren hasieran. Asierren atzean laugarren monolitoa ikusi daiteke.

Monolitoetan izaten den eskalatzaileen joan etorrietatik kanpo, hauen atzean ezkutatzen den alde basati eta bakarti honek xarma berezia dauka. Bertaraino ez dira eskalatzaileen hotsak iristen eta isiltasuna putre eta belatxingen hotsek bakarrik apurtzen dute. Inork bisitatu ez duen itxurako mendi pusketa honetan gora gindoazela, bidea adierazteko zuhaixka batzuen enborrean jarritako kordel gorriak ikusten hasi ginen.

Zuhaixka artean hartxingadiaren amaierara iristen. Bideak hartxingadiaren goiko ertzetik ezkerretik eskuinera jarraitzen du.

Hartxingadiaren amaierara iritsitakoan, ongi definitu gabeko bidexkak hartxingadia goiko ertzetik ezkerretik eskuinera zeharkatzen du, parean dagoen mendi-lepo batera zuzenduz. Zuhaitz berezi bat eskuinean utzi ondoren, mendi-lepoan dagoen mugarrira iritsi ginen:

- Oain nundio dijo?
- Eztakit – erantzun nion Asierri – Paeta juxtu gañen daukeula ikusita emateu goraka doala.

Mendi-lepoan dagoen mugarriaren ondoan nondik jarraitu begiratzen.

Bitan pentsatu gabe mendi-lepotik gora dauden harkaitzak eskalatzen hasi ginen hormara zuzenduz. Eskalada ez da zaila (II+) baina bai kontu pixka batekin eskalatzea eskatu zigun.

Harkaitza eskalatzen.

Harkaitzaren gainetik mendi-lepora egindako argazki honetan lanbroak osatutako "mingaina" ikusi daiteke.

Harkaitzak eskalatu ondoren bertaraino bidexka bat iristen zela ikusi genuen, ziurrenik azpiko mendi-lepotik datorrena. Zuhaixken artean doan bidexka metro batzuetan ibili ondoren eskalada-bidearen oinera iritsi ginen.

"La vida es un tango" eskalada-bidearen oinean.

- Hau da egualdie!! – esan nion Asierri -, azkenen eguzkitako krema eman beharko deu.
- Nik manga motxetan eskalau behar det…
- Baita nik e – erantzun nion –, ta eguzkitako betaurrekokin gañera, jejeje.

Harrigarria da metro eta denbora apur batean eguna nola aldatu daiteken. Duela ordubete eskas Eginon lanbro artean hotzez geunden bitartean orain mahuka motzean geunden eguzkitako krema emango genuen ala ez erabakitzen. Azkenean eguzkitako krema motxilan geratuko zen, abenduko eguzkiak “ez duelako erretzen”, jejeje.

- Gaur nei tokatzen zait hastea, azkenekon zuk bukau zenulakon, jejeje – esan nion Agüeroko Mailloetan eskalatu genuen azken eskalada-bidea gogoratuz.
- Primeran!!!

Material guztia bere lekuan zegoela egiaztatu nuenean, oso goian dagoen paraboltari begiradarik kendu gabe eskalatzen hasi nintzen.

- Lehenengo luzea, 35 metro, IV+. Eskalada-bidea 2-3 metroetako irtengune motz bat eskalatzen hasten da, erraza, zuhaixka bat duen erlaitz belartsu eta horizontal bat arte (III).

Erlaitz belartsuan...

Lehen paraboltari begiradarik kendu gabe erlaitzetik zuzen harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatzen hasi nintzen:

- Joer, plakara igotzea zertxobait kosta zait – esan nion lehen paraboltetik -, nahi baño gehio tira behar izan det...

Lehen paraboltetik gora, harkaitz-plaka zuzen eskalatzen jarraitzea da. Harkaitz-zubiak eta paraboltak tartekatuz metroak lasaitasun osoz irabazten joan nintzen, eskaladaz gozatuz (IV). Zuhaixka batzuetara iritsi behar nintzenean luzea ezkerrera jotzen duela ikusi nuen, harkaitz-plaka tenteago batera zuzenduz. Eskalada lasaitasun osoz eramaten ari nintzen, eguzkiaren izpien eraginez epel gainera. Gozamen osorako osagai guztiak nahasten hasita zeuden...

Harkaitz-plaka tentetzen zela ikusita are eta gehiago kontzentratu nintzen, atentzioa eskuek eta oinek ukitzen zutenera eramanez. Iltze batera iritsi nintzenean harkaitz-plakaren eskuinera pasatu eta zuzen eskalatzen jarraitu nuen, kanal itxurako pasagune batera iritsiz (IV+). Hego ezproia eskuinean utzita kanaltxoan sartu, eta zuzen eskalatuz, uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi nintzen (III+).

Lehenengo bilgunean...

Lehenengo bilgunetik behera egindako argazki honetan hurbilketan gutxi gora behera jarraitu genuen bidea adierazita dago.

Atentzioa deitu zidan ezkerreko paraboltean kordel gorri bat ikusteak.

Lehenengo bilgunea, kordel gorria ikusi daiteke.

- Ze iruittu zaizu?
- Politte, berotzen hasteko ona… - erantzun zidan Asierrek -, harrittu nau Gorrotxategin bide baten iltze bat topatzek.

Asier lehen luzea amaitzen.

Lehen “bis” bilgunera iristeko 20-25 metro inguruko zeharkaldi horizontal bat egin behar da ezker aldera. Zeharkaldia ez da zaila baina bertatik erortzea ez da aukera bat, oinen azpian hainbat metroetako horma bat zabaltzen delako. Hau dela eta, zeharkaldi honetan pare bat aseguru topatuko ditugu babestu ahal izateko (zuhaixka eta harkaitz-zubi batetik pasatako kordelak).

Lehen "bis" bilgunean.

Lekua zoragarria da. Argazki honetan lanbro-mingaina ongi ikusi daiteke.

- Bigarren luzea, 35 metro, V+. Rafa Elorzak sare sozialetan egindako iruzkinagatik aurretik luze eder bat genuen eskalatzeko, berak partekatutako krokisaren arabera V+ zailtasunaren baitan zegoena.

- Egie esan azpitio ikusita pinta ona dauke.
- Bai, ea zemuzkoaen – erantzun zidan Asierrek eskalatzen hastearekin batera.

"Egie esan azpitio ikusita pinta ona dauke". Argazki honetan bigarren luzearen krokis zehatza adierazita dago.

Luzearen hasierako metroetan harlauza ezberdinek osatutako kanal/diedro bat eskalatzen da. Luze honetan ere lehen parabolta urrun dago, kanal/diedroaren gaineko harkaitz-plaka bertikalean, baina Asierrek ez zuen zailtasunik izan bertara aseguru bakar bat jarri gabe iristeko, oso helduleku onak baititu (IV+). Dena den, hala nahi bada, lehen metro hauetan aseguruak jartzeko inongo zailtasunik ez dago.

Lehenengo paraboltaren parean, harlauzaz osatutako kanal/diedroa eskalatu ondoren.

Lehenengo paraboltetik metro pasatxo eskuinera bota, eta harkaitz-plakatik zuzen eskalatzen jarraituz, bigarren paraboltaren azpian kokatu zen. Bigarren eta hirugarren parabolten artean luzeko pasagunerik zailena dago eta bi parabolten artean harkaitz-zubi batetik pasatako kordel gorri bat jarrita dago bien arteko tartea laburtzeko.  

V+ pasagunea eskalatzeko prest.

Oinak non ipini ongi begiratuz eta paraboltek babesten duten harlauza alderantzikatuari helduz, Asierrek pasagunea arazo handirik gabe eskalatu zuen (V+).

- Igual estutu beharkozu baña etzait hain zaile iruittu – esan zidan pasagunea eskalatu ondoren harkaitz-plakaren eskuinera pasa zenean.

V+ pasagunea eskalatu ondoren.

Pasagune hau harkaitz-plakaren ezkerretik ekidin daitekeela iruditu zitzaigun baina ez Asier ezta ni ere ez ginen saiatu, honegatik ezin dugu honela izan daitekeela egiaztatu.

Pasagunea eskalatuta, luzearen hirugarren paraboltetik pixka bat eskuinera bota, metro pasatxo bat eskalatu eta berriro ere ezkerrera pasa zen horma bitan erdibitzen duen arrail bertikal batean sartuz (V).

Arrail bertikalean sartzen.

Asier arraila poliki eskalatzen hasi zen, duen zailtasunagatik baino arrailari ahalik eta zukurik handiena ateratzeko asmotan. Jarritako aseguruen arteko tartea batzuetan luzea bada ere, arraila oso ondo babestu daiteke: izan ere, metroak irabazi ahala Totem hori bat eta more bat trabatu zituen.

Arraila azken metroetan pixkanaka estutzen doa hormaren gainaldean desagertzen den arte. Azken metro estuetan, bere izenak iradokitzen duen moduan zertxobait estutu behar bada ere, V zailtasunetik ez da igotzen.

Arrail fina eskalatu ondoren.

Behin metro estu hauek eskalatuta eskuinera pasatu eta zeharkaldi horizontal baten ondoren bilgunera iritsi zen, uztaidun parabolt bat, soka urdin eta kordel berde batekin lotutako mailloi batekin indartuta dagoena.

Ohar garrantzitua azken pasagune honetarako: Metro estuen amaierara iristen garenean gure gainean eta zertxobait ezkerrean bilgune berri bat ikusiko dugu. Bilgune hau "Antonio 8.000 octanos" bidekoa da. Honegatik, ez ahaztu metro estu hauek eskalatu ondoren eskuin aldera eskalatzen jarraitu beharko dugula, kronika honetan azalduta dagoen moduan.

Bigarren bilgunean.

- Ostia ze onaaaa!! - esan nion bilgunera iritsi nintzenean -, Peazo de largoooo!!!
- Oso oso ona bai!!! – erantzun zidan.

Luzea bost izarretako luze bat iruditu zitzaigun; izan ere, ez dakit zailtasun maila horretan Eginon hain luze ederrik eskalatu dugun. V zailtasunean mantentzen bada ere, ez da zailtasun handirik pasatzen, leku teknikoetan parabolt bat ez bada aseguru bat jartzeko aukera dagoelako.

Bigarren luzea bigarren bilgunetik ikusita. Ikusgarria!!!

Luze honek utzitako endorfinen gorakada oraindik odolean bueltaka nuela Asierri arnesetik zintzilik zuen materiala hartu eta eskalatzen jarraitu nuen.

- Hirugarren luzea, 40 metro, V+. Bilgunetik atera eta berehala eskuin aldera metro batzuetako zeharkaldia egin nuen kanal/diedro ireki baten oinera iristeko. Onartu beharra daukat gora begiratu nuenean hasiera batean bertako harkaitzak ez zidala konfiantza handirik eman baina diedro/kanala eskalatzen hasi nintzenean konturatu nintzen tentea bada ere helduleku oso onak dituela (IV). Kanal hau eskalatu ondoren luzeak metro batzuetan harkaitz-plaka inklinatu batetik jarraitzen du bigarren diedro batera iritsiz (IV).

Diedroan dagoen paraboltean express-zinta bat pasatu eta kontu handiz eskalatu ondoren, zertxobait ezkerrera bota nintzen sabai itxura duen sabeldun horma baten azpira iritsiz (IV+).

Bigarren diedroaren oinean, bertako paraboltean aseguratu ondoren.

Sabaia azpitik ikusita ez zitzaidan erraza iruditu, helduleku garbirik ez nuelako ikusten: "Kinto bada hemendio emateuna baño errexagoa izangoa" pentsatu nuen "sabaia" eskalatzen hasi baino lehen. Sabaiaren azpian oinak ipini eta eskuin aldera mugitu nintzen, pasagunea babesten duen parabolta eta honen ondoan dauden heldulekuak ikusiz. Heldulekuei helduz pasagunea eskalatzen hasi nintzen gorputzaren pisu osoa besoekin eutsiz. Baina gorputza altxatu nuenean eskuinegi joan nintzela konturatu nintzen, baita paraboltetik express-zinta pasatzeko mugimendu "arraro" bat egin beharko nuela ere. Besoak nekatu baino lehen berriro ere hasierako lekura itzuli eta sabaia zuzenago eskalatzen hasi nintzen paraboltera iritsiz.

Paraboltetik aseguratu ondoren zertxobait ezkerrera eskalatzen jarraitu nuen nire gainean ikusten nuen soka gorri batera zuzenduz, arte baten enborrera lotuta dagoena. Uste nuena baino gehiago estutuz eta zuhaixkaren enborrari helduz horma eskalatu nuen, enborrari heldu gabe egin daiteken itsasgarritasunezko pasagunea saihestuz. Soka gorritik aseguratu nintzenean arnasa lasai hartu nuen.

- Ostia, hemen bai estutu behar izan detela!!! - oihukatu nion Asierrri -, hau bai iruittu zaidala kinto maseko pasoa.

Zailtasun guztiak amaituta, bilgunetik gertu

Zuhaixkako kordel gorritik aseguratuta egoteak ematen zidan lasaitasunarekin eskuin aldera horizontalki eskalatzen jarraitu nuen harkaitz-bloke erraldoi baten gainean muntatuta dagoen bilgunera iristeko (III).

Hirugarren bilgunea.

Bilgunetik egindako argazki honetan zuhaixkaren enborren dagoen kordel gorria ikusi daiteke.

Asierrek luzea lasai hartu zuen, ohikoa duen moduan, mugimendu bakoitza ongi neurtuz. Sabaiaren azpira iritsi zenean, aurreti zuen zailtasuna gainditzeko mugimendu egokienak zeintzuk izan zitezkeen aztertzen hasi zen.

Sabaiaren azpian.

Gorputza ongi kokatu, eta hormarekin tango bat dantzatzen ariko balitz bezala, gorputza leunki mugitzen hasi zen, ekialdetik zetorren haize leunarekin armonia mantenduz. Baina niri dantza leun bat iruditzen ari zitzaidana Asierren barnean borroka latza sortzen ari zen, ni bezala nahi baino gehiago estutzen ari zelako.

Pasagunearen zatirik gogorrena eskalatu ondoren.

- Uhmmm, nik e estutu behar izan det ba!!! - esan zidan kordel-gorridun zuhaixkara iritsi zenean.
- Esan dizut ba, jejeje
- Ba neire hau kintomas iruittu zait bai - erantzun zidan.

Asierrengatik hau entzuteak lasaitu ninduen, normalean ni izaten naizelako biotatik gehien estutzen ibiltzen dena.

"... nik e estutu behar izan det ba!!!"

- Azkeneko honi ze emateie?
- Krokisen arabera kinto - erantzun nion.
- Ea aurrekoa bezelako ezten, jejeje

- Laugarren luzea, 30 metro, V. Asier bilgunearen azpian dagoen harkaitz-blokera igo, honen gainetik dagoen harkaitz-plaka etzanera pasatu eta zuzen eskalatzen hasi zen harkaitz-plakaren gainean dagoen arrail inklinatu nabarmenera zuzenduz (III).

Arrailera iritsi zenean bertan dagoen paraboltean luzeko lehen express-zinta jarri eta patxada osoz arraila eskalatzen hasi zen, helduleku alderantzikatuak dituena. Oinak pitzaduran sartuz poliki-poliki metroak irabazten joan zen arrailak inklinazioa galdu eta luzeko bigarren paraboltetik aseguratu zen arte (IV+).

Arrailak inklinazioa galtzen duen lekuan.

Arrailaren amaierara iritsi aurretik bigarren arrail bat eskalatzen jarraitu zuen, oraingo hau babariar teknika aplikatuz. Modu honetan, bigarren arraila eskalatu zuenean erlaitz txiki batera igo zen (IV+).

- Emateu pasoa oain datorrela - esan zidan erlaitz txikitik gainetik zuen horma aztertzen zuen bitartean.

Erlaitza utzi gabe eskuin aldera mugitzen hasi zen horman dagoen horma-hobi batera zuzenduz. Horma hobira iritsi zenean honen eskuinetik eskalatzen jarraitu zuen, fedea eta zertxobait estutzea eskatzen duen pasagunea atzean utziz (V).

Pasagunea eskalatzen hasi aurretik.

- Zemuzkoa? - galdetu nion.
- Ez da zaile baña zertxobait estutuet...

Luzearen pasagunerik zailena eskalatu ondoren.

Luzeak nondik jarraituko zuen begiratu ondoren, Asierrek zertxobait eskuinera bota eta eta kanala etzan bat eskalatu zuen bi paraboltez osatutako bilgunea erosora iristeko (II+).

Bilguneraino luzatzen den kanal etzana.

- Reuniónnnnnn!!!!

Reunión!!!!

Eskalada-bideetako azken luzeak patxadaz eskalatzea gustatzen zait, horma ferekatuz, harkaitzaren zimur bakoitzari ahal dudan zukurik handiena ateratzen saiatuz. Hormari eskalatzen uzteagatik eskerrak eman eta eskalada amaitzeko erabiltzen dudan erritual txiki bat da, estualdi bat pasatu badut ere hormarekin bakean uzten nauena. Modu honetan azken bilgunera beti iristen naiz zorionez betea, hegan egiteko gai izango banintz bezala.

Azken luzearen amaieran, hormarekin bakean, hegan egiteko gai naizela.

Asierrek azken bilgunea desmuntatzen zuen bitartean hormaren gainera igo eta soka biltzen hasi nintzen. Sorbaldaren inguruan sokari ematen nion bira bakoitzaren ondoren inguruan bueltaka zebiltzan putrei begiratzen nien, egin berri genuen eskaladaren testigu isilak. Askotan pentsatu izan dut burutik pasako zaienari buruz: zer Kristo ari dira bi pertsona soka batez lotuak harkaitzak igotzen? Ez dakitena da bi pertsona horiek harkaitzak eskalatzen dituztela eskalatzeak sortarazten dien plazerragatik bakarrik, besterik gabe. Hotzean pentsatzen hasten banaiz eskalada aktibitate berekoi bat da: eskaladak ez du mundua aldatuko eta eskaladaren bidez ez da bakea mundura itzuliko. Orokorrean aktibitate bakartia da eta bilatzen dugun plazer hori galkorra da gainera, ez baitu luzaroan irauten.

Azken bilgunetik egindako azken argazkia.

Baina eskaladak badu zerbait behin eta berriz itzularazten diguna eta pentsatu nahi dut ez duela zerikusirik plazer hutsa aurkitzearekin bakarrik. Sokada batek eskalatzen duenean eskalatzaileen artean sortzen den lotura eta konfiantza maila baliagarria da egunerokotasunean ditugun harremanetarako. Eskaladan ezin duzu disimulatu, ezin duzu iruzurrik egin, ezin zara ez zarena izaten saiatu, ispilu baten moduan barrenean duzunarekin aurrez aurre ipintzen zaitulako, zure beldurrekin, zure akatsekin, zure birtutekin. Eta honek pertsona hobea izaten saiatzeko aukera aparta ematen duela iruditzen zait, eguneroko zurrunbioloak askotan ematen ez duen aukera.

Bidearen amaieran zoriontsu, eguzkiaren argitasunari hala nola aurre eginez.

"La vida es un tango" izugarri gustatu zitzaigun eta bigarren luzea Eginon maila eta ekipazio beretsuan aurkitu daiteken luze ederrenetakoa da, ederrena ez bada. Honelako eskalada-bideak etxetik hain gertu izatea benetako luxu bat da, askotan bere neurrian baloratzen ez ditugun arren, eskalada-bide bakoitzaren atzean izugarrizko lana baitago. Kronika hau idazteko garaian Antxon Gorrotxategikin harremanetan jarri nintzenean zera esan zidan: "gehien pozten nauena da jendeak eskalada-bide horiek gozatzen dituela, askorentzat eskuragarriak direnak, nik asmatzen, irekitzen edo ekipatzeko garain gozatzen dudan modu berean; beraz, guztiontzat ona da". Bejondeizula Antxon!!!

Azken oharra: 2023ko maiatzean Antxonek bide honi "Malena" izeneko bariante berri bat ireki zion. Bi luzeetako bariante honekin "La vida es un tango" bidearen bigarren "bis" bilgunera modu zuzen eta ederrago batean iritsi daiteke V zailtasunetik igo gabe. Bariante eder eta ikusgarri honen berri izan nahi baduzue kronika honetan irakurriko duzue honen inguruko azalpen guztiak.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina