AZKEN 10 SARRERAK

2015/10/22

EGINO, "SUSI" BIDEA, 200 metro, 5b (2015/10/17)




Antxon Gorrotxategik Eginoko haitzetan irekitako lehenengo bideen artean (egun klasiko bihurtu direnak) Susi bidea zen oraindik eskalatzeke nuena eta aspalditik nenbilen bertara hurbiltzeko gogoz. Ikerrek dagoeneko eskalatua zuen baina bere memoria arrain baten antzekoa denez (jejeje) banekien beretzat "a vista" eskalatzea bezala izango zela, honegatik bide hau eskalatzeko proposatu nionean ez zidan ezetzik esan.

Bidea, Antxonek irekitako inguruko beste bideen antzera, bide ederra da, orokorrean harkaitz trinkoa duten plakak eskalatuz egiten dena, eta luze zailenetan larri izan ezkero "azeratzeko" aukera ematen dutena, aseguruak oso ongi jarriak daude eta. Bilguneak ere uztaiadun paraboltekin jarrita daude eta aseguruetatik aparte luze batean baino gehiagoan harkaitz zubietatik pasatako kordino, soka eta zintak aurkituko ditugu. Beste bideekin ere gertatzen den moduan, luze batzuetatik besteetara oinez zatiren bat edo beste egin beharko dugu, batez ere azken bi luzeetara iristeko, baina goiko plaken hasieran bidearen izena duten harritxoak jarri dituzte inguruko beste bideetako luzeekin ez nahasteko.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 200 metro.
Luzeak: 6.
Zailtasuna: 5b. Luzez-luze: 1ºL: 4c (40 m), 2ºL: 5b (35 m), 3ºL: 4c (25 m), 4ªL: 5a (30 m), 5ªL: 5a (35 m) eta 6ªL: 3b (35 m).
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 20-25 minutu.
Jaitsiera: Eginoko bide hauetatik jarraitzen dena, hau da, Aztorea eta Usoatik jaisten den bidea jarraituz. Bidearen amaieratik kotxera 35-40 minutu inguru pasako dugu.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 15 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneetan oihuka ez aritzeko. Bidea erabat ekipatua dago.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: 2 ordu eta 40 minutu.

BIDEAREN KROKISA

Urdinez hurbilketa, gorriz eskalada eta berdez jaitsierako bideak margotu ditut.


Krokisa zehatzago. Berdez oinez egiten diren zatiak ikusi daitezke.


BIDEAREN OINARA IRISTEKO

Bidearen oinara iristeko "Udaberri" bidera doan bide berbera jarraitu behar da. Lehen luzea hobe aseguratzeko gomendagarria da izena jartzen duen plakatxotik gora 20 metro inguru trepatzea (II inguru) lehenengo luzea hasten den plakaren oinean dagoen erlaitzera arte.

DESKRIBAPENA

"Gaur luze gogorrei zuk eman beharkoiezu" esan nion anaiari kotxean sartu zenean. "Ze ba?" Erantzun zidan, "atzo gauen etxeko eskilaretatik behera eroi, kriston ostie hartu ta gorputz guztie minberauta dauket", erantzun nion. Aurreko gauean ganbaratik behera irrist egin eta klon-klon-klon-klon eskirala guztiak etzanda jaitsi nituen eskuin beso eta sorbaldan (eskalatzen atera nuen berbera) mina hartuz: "No jodas!!! Ta? Minik?" esan zidan. "Ba eskubiko beson, sorbaldan ta ipur masalletan bai, ea zemuz eskalatzen deten".

Eginora 8:30 inguruan iritsi ginen, eta sekula ez bezala kotxea uzteko lanak izan genituen. "Hau da kotxe pilla" esan nion anaiari: "fijau zea elizako arkupetan ere jendea lozakukin lo itten aidela?" Erantzunn zidan. "Bazpare hobe deu trastek hartu ta azkar jutea sikiera biden lehenak sartzeko" erantzun nion. Kotxetik atera eta azkar-azkar trasteak kotxetik atera eta oinez hasi ginen. Kotxetik ateratako presarekin apenas ez genituen kalean zeuden lau graduak sentitu.

Eginotik irteteko prest.


Arin-arin bidearen oinara iritsi ginen. Oraingoan "Udaberri" bidera joateko egin nuen deskribapena jarraitu beharrean gurutzatzen den errekatxoaren aurretik haritzen artean sartzen den bidexka bat jarraituz ezkerrera jo genuen bidearen oinara zuzenago iritsiz.

Bidearen oinara iritsi aurreko IIko trepadatxoan. Nire ezkerrean bidearen izena jartzen duen harritxoa ikusi daiteke.


Lehen trepadatxo honetatik bidearen hasierara dagoen zatia.


Iker trepatxoa amaitzen.


Lehenengo luzea "a priori" erraza zela ikusita eskalatzen ni hasiko nintzela komentatu nion, modu honetan ere nire minak nola zeuden ikusiz.

0 bilgunean, bagoaaaaazzzzzz!!!!!!!.


Lehen luzea, 40 metro, 4c. Lehen luzea helduleku onak dituen plaka etzan bat jarraituz hasten da. Metro hauek inongo eragozpenik gabe eskalatu nituen, besoetatik tira egin gabe.

Lehenengo metroak eskalatu ondoren.


Metroak irabazi ahala luzeak eskuinera joateko joera du eta plaka tentetzen da ia bertikal bihurtu arte, puntu honetan topatuko ditugu luzearen zailtasunik handiena (4c). Zati honek hotz harrapatu ninduen eta pausuren bat nola eskalatu uste baino gehiago pentsatu behar izan nuen. Dena den, bide osoan bezala, aseguruak oso ongi jarriak daude eta ia denbora osoan soka gainetik nuela eskalatzeak ematen duen lasaitasunarekin eskalatu nuen.

Luzeak eskuinera jotzen duen zatian. Aseguruak non dauden adierazi dut.


4c-ko pausua eskalatu ondoren bilgunera egindako argazkia.


Zati bertikal honen ondoren bilgunera eramango gaituen beste plaka bat eskalatu beharko dugu. Plakaren erditik eskalatzen badugu itsasagarritasunezko pausu bat baino gehiago topatuko dugu (4c inguruan edo zertxobait gehiago egon daiteke), plakaren eskuinetik eskalatzen badugu aldiz, helduleku ederrei helduz arazo handirik gabe bilgunera iritsiko gara. Nire kasuan ahal izan nuen guztia plakaren erditik eskalatzen joan nintzen helduleku fidagarririk topatu ez nuen arte. Momentu honetan nire burua "Smithy, luzea 4koa bada errazenetik jun beharra dauke bai edo bai" esanez konbentzitu eta plakaren eskuinera pasa nintzen bilgunera eraman ninduten azken metroak zailtasunik gabe eskalatuz. Bilgunea bi uztaiez osatua dago.

Lehen bilgunea.


"Ostia kuartoa!!!!!" Bota zidan Ikerrek bilgunera iritsi zenean. "Ba bai" erantzun nion "neire uste baño gehio kostauzait". "Ta oain datorrena zer da?", "Ba 5b" erantzun nion "bideko luzeik gorrena". "Ba 4c-a holakoa bazen eztakit ba hurrengoa nolakoa izangoen" erantzun zidan. "Zemuz bestela?", "Ondo" erantzun nion "Oaingoz molestiaik gabe".

Iker bilgunera iritsi aurreko plaka eskalatzen.


Bigarren luzea, 35 metro, 5b. Bigarren luzearen oinara iristeko lehen bilgunetik 10-15 metro inguru eskuinera doan sasi-bidexka bat jarraituz oinez egin beharko ditugu. Guk hala egin genuen eta lehen "bis" bilgunea bigarren luzearen oinean dagoen harkaitz handi batetik zinta bat pasatuz egin genuen.

Lehen bilgune "bis"era iristeko egin behar den oinezko zatia eta bigarren luzea.


Bigarren luzeak bi zati bertikal ditu eta bien artean "atsedentxo" bat hartzeko aukera ematen duen tartea dago. Lehen zatian, gure ustez zailena, pausu fin bat egin beharko dugu aseguruetara iristeko, dena den, altuak bagara pausu hau errazago egiteko moduan izango gara. Kuriosoa da buruak eskaladan jokatzen duen papera. Nahiz eta konfidantzaz zihoanaren itsura egin, lehen metro bertikalak eskalatzen hasi eta Iker berehala hanketatik dardarka hasi zen. Dena den, pixkanaka metroak irabazten joan eta plaka bertikala garbi eskalatu zuen.

Iker lehen plaka bertikala eskalatu ondoren.


Lehen zati bertikal hau eskalatu ondoren luzeak zertxobait eskuinera jo eta bigarren plaka bertikala eskalatuko dugu. Bi plaken arteko zatian, lehenengo plakan pasatako adrenalina momentuak jota, erabat lasaitu eta, oraingoan bai, konfidantza osoz bigarren plaka eskalatzen hasi zen.

Plaka honetan helduleku onak topatuko ditugu eta bere eskuinetik errazago eskalatuko dugu. Honen ondoren, arte baten ondoko harkaitzean jarritako uztaidun bi paraboltetan bilgunea egingo dugu. Ikerrek plaka lasaitasun eta konfidantza handiz eskalatu zuen eta bilgunera iritsi zenean ezin izan zuen ekidin "Tomaaaaaaa!!!" bat oihukatzea.

Luzea amaitzen.


Bigarren bilgunea hormaren azpitik ikusita.


Nire kasuan, bigarren joateak duen konfidantzarekin luzea "lasaiago" eskalatu nuen. Lehen plaka eskalatzen konturatu nintzen aseguru batera iristeko Ikerrek egindako mugimenduaz, ni baino bajuago izanda ez baitzen asegurura iristen. Bilgunera iritsi nintzenean esan nion bezala meritu handiko luzea eskalatu zuen, ahalik eta gehiago eskalatzen hasi zeneko zalantza eta beldurrak kontutan izanda.

Bigarren bilgunea.


Hirugarren luzea, 25 metro, 4c. Hirugarren luzera iristeko bigarren bilgunetik oinez gora metro batzuk egin eta ezkerrean dagoen plaka etzanaren oinara joan beharko dugu 15 metro inguru ibili ondoren.

Bigarren bilgunetik bigarren "bis" bilgunera egin behar den bidea.


Hasiera batean luzea hasten den lekua ez genuen aurkitzen eta denbora dexente galdu genuen bilgunetik ezkerrera joan beharrean eskuinera jo genuelako (eraman genuen deskribapenean hala jartzen zuen). Azkenean Iker ezkerrera joan eta luzea doan plakako aseguruak ikusi zituen. Luzearen hasieran harkaitz zubi batetik pasatako soka zahar bat dago.

Hirugarren luze ikusgarriaren azpian.


Luzearen hasieran dagoen harkaitz zubitik pasatako soka.


Luzea azpitik ikusita.


Luzeak lehen metroetan itsasgarriatasunezko plaka etzan bat jarraitzen du (4c).

Itsasgarritasunezko plaka eskalatu ondoren.


Plaka hau eskalatu ondoren, horma zertxobait tentetu eta luzeak eskuinera jarraitzen du ia zeharkaldi horizontal bat eginez. Zeharkaldi honetan helduleku onak topatuko ditugu. Zeharkaldiaren amaieran bilgunera iritsiko gara. Bilgunea arte batzuen enborretatik pasatako soka eta uztaidun parabolt batez osatua dago.

Zeharkaldia hasten den lekutik egindako argazkia.


Zeharkaldiaren hasieran behera egindako argazkia.


Hirugarren bilgunea.


Luzea inongo eragozpenik gabe egin genuen baina luzearen hasiera aurkitu nahian galdutako denborak atzetik zetorren kordada bat hurbiltzea ekarri zuen eta, normalean gertatzen ez zaidan bezala, urduritzen hasi nintzen, nahiz eta urrun etorri, atzean beste kordada bat izatearen presioa sentitzen hasi nintzen eta. Normalean atzetik beste kordada bat izateak ez nau batere urduritzen eta lasai eskalatzen dut, baina gaurko egunean honela izango ez zenaren susmoa piztu zitzaidan.

Laugarren luzea, 30 metro, 5a. Hirugarren luzetik gora oinez joan beharko dugu arteen artetik pasatuz. Arteak atzean utzi ondoren 20 metro inguru ibili ondoren parean dugun hormaren azpian laugarren luzea hasten da.

Hirugarren luzetik gora egin behar den bidea.


Hirugarren luzetik irten ondoren hirugarren "bis" bilguneraino jarraitu behar den bidea.


Laugarren luzea arrailez jositako plaka bat eskalatuz hasten da eta bertan helduleku onak topatuko ditugu. Plaka hau pixkanaka tentetzen hasten da sabai txiki batera iritsi arte. Ikerrek konfidantzaz betea lehen metro hauek erraz eskalatu zituen.

Luzearen lehen metroetan.


Sabaiaren eskaladan topatuko ditugu luzearen zailtasun guztiak. Honetarako bere eskuinetik eskalatuko dugu (5a pausua) eta behin eskalatuta arazo handirik gabe bilgunera iritsiko gara. Bilgunea harkaitzean jarritako uztaidun parabolt eta arteen artetik pasatako soka batez osatua dago.

Sabaia eskalatu ondoren.


Laugarren bilgunea.


Iker bilgunera iritsi zenean dagoeneko atzetik zetorren kordararen oihuak gertu entzuten nituen. Honegatik, Ikerrek eskalatzen hasteko esan zidanean bat-batean azkar eskalatzeko presa sartu eta luzea ez nuen batere disfrutatu. Nire helburu bakarra azkar eskalatzea zen eta ia denbora gehiago pasa nuen aurrera baino atzetik zer zetorren begira.

"Agobiatzen hasi naiz" esan nion Ikerri. "Zeba? Atzetik beste batzuk datozelako?" Erantzun zidan. "Ba bai" bota nion, "eztakit gaur zer gertatzen zaiten baña lasaitu beharren nau".

Laugarren bilgunean.


Bosgarren luzea, 35 metro, 5a. Bosgarren luzearen oinara iristeko, laugarren bilgunetik atera eta ia horizontalean, sasi-bidexka bat jarraituz, eskuinera 60 metro inguruko zeharkaldi bat egingo dugu haritz batera iritsi arte. Haritzaren atzeko horman "Susi" izena duen harritxo bat topatuko dugu eta luzearen oinean more koloreko zinta bat. Horma honetan ongi begiratzen badugu, metro batzuk eskuinerago "Lore festa" bideak jarraitzen duela ikusiko dugu (hemen plakatxo bat topatuko dugu).

Laugarren bilgunetik laugarren "bis" bilgunera egin behar den oinezko zeharkaldiaren erdian. Borobilean laugarren bilgunea adierazi dut.


Aurreko argazkia egindako leku beretik aurrera egindako argazkia. Argazkian iritsi beharreko haritza ikusi daiteke.


Haritzatik luzearen hasierara egin beharreko bidea.


Bosgarren bilgunetik egindako argazki honetan egin beharreko zeharkaldia hobe ikusi daiteke.


Denbora irabazteko laugarren bilgunetik aurrera oinez hasi nintzen sokak jaso gabe (luze bat egiten arituko bagina bezala), honela, luzearen oinara iritsi nintzenean, Iker hurbiltzen zen ehinean soka jasotzen joan nintzen eskaladarako prestatuz.

Bosgarren luzearen azpian dagoen zinta eta gorago, plakan, izena duen harritxoa.


Harritxoa gertuago


Luzea oinatik ikusita.


Luzea itsasgarritasunezko plaka bat eskalatuz hasten da. Lehen metro hauek arnasa sakon hartuz egin nituen barruan nuen urduritasuna kanporatzeko. Arnasketa ariketa hauek ongi etorri zitzaizkidan eta hemendik gorako zatia ahal izan nuen neurrian lasai eskalatzeko kapaz izan nintzen.

Itsasgarritasunezko plaka eskalatu ondoren.


Itsasgarritasunezko plakaren ondoren plaka tentetu egiten da baina oin nahiz eskuentzat helduleku onak topatuko ditugu. Ertzatik gertu eskalatuz arrail bertikal bat dagoen lekura iritsiko gara.

Arrailaren oinara iritsi, gora begiratu eta "hemen eongoa luzearen zailtasune" pentsatu nuen. Arraila barrutik nahiz kanpotik eskalatu daiteke. Ni arrailaren barrutik eskalatzen hasi eta ia amaieran ez aurrera ez atzera gelditu nintzen ez bainuen eskuentzat heldulekurik topatzen. Honelakoetan ekin baino pentsatzea hobe izaten denez, arnasa hartu, lasaitu eta oinak lekuz aldatu ondoren arrailatik atera nintzen. Arraila eskalatu ondoren arazorik gabe bilgunera iritsi nintzen (uztaidun parabolt bat eta harkaitz zubi batean pasatako altzairuzko kablea).

Bosgarren bilgunea.


Altzairuzko kabletik aseguratu eta paraboltetik Reversoa zintzilikatu ondoren, Ikerri igotzen hasteko esan nion. Ikerrek luzea nik baino erraz eta azkarrago eskalatu zuen. Berak arraila ez zuen barrutik eskalatu eta ertzetik nahiko gertu mantendu zen. Arraila eskuin oin eta eskuentzat helduleku gisa aprobetsatu zuen ezker esku eta oinak ertzean dauden heldulekuetan jarriz.

Iker arraila eskalatzen.


Bilgunera iristen.


"Bueno azkenekoa ez?" Esan zidan aurretik zuena begiratuz, "Ba bai" erantzun nion, "hau inda deu!!!"

Seigarren luzea, 35 metro, 3b. Bilgunetik gora doan plaka eskalatuko dugu ertza jarraituz. Zati ikusgarri honen ondoren helduleku oneko hormatxo bertikal bat topatuko dugu (3b). Hormatxoa ez da eskalatzeko zaila baina badu kolokan dagoen harkaitz handi bat.

Azken luzearen lehen metroetan.


Hormatxoa (argazkian adierazi dut) eskalatu ondoren.


Hormatxoa eskalatuta zailtasun guztiak amaitzen dira eta trepada erraz baten ondoren harkaitz baten ondoko erlaitz eroso batera iritsiko gara. Bertan, uztaidun parabolta eta harkaitzaren ingurutik pasatako soka topatuko ditugu.

Seigarren eta azken bilgunean.


Luzea bai Ikerrek eta baita nik ere eragozpenik gabe egin genuen, hala ere ertzatik eskalatzen den zatian altsatu zen hego haize indartsuarekin borrokan aritu behar izan genuen. Bilgunera iritsi nintzenean sokak jaso eta, haizeagatik ihesi, bilgunetik gora II inguruko trepadatxo batzuk egin genituen babestu gintuen harkaitz baten azpiko erlaitz zabalera iritsi arte. Hemen trasteak eta katu-oinak lasaitasunez motxilan gorde eta argazki batzuen ondoren jaitsierako bidea hartu genuen.

Trasteak jasotako erlaitz erosoan, haizearengatik babesean.


Erlaitz honetatik gora, tarteka II inguruko trepatxo erraz batzuk eta gutxi gora behera iparraldeko norabidea jarraituz Olano mendilerrora iritsi ginen. Bertan hito bat topatu genuen.

Olanoko mendilerroko bidean.


Hitoaren ondoan egindako argazkia.


Ertzatik gertu doan bidexka mendebalderantz jarraituz Usoa eta Aztoreatik datorren bidearekin topo egin genuen. Bidea kontu handiz jaitsi beharrekoa da (batez ere bustia badago) eta jaitsiera erraztu eta rapelatzeko ere puntu ezberdinetan harkaitz zubietatik pasatako kordinoak toptauko ditugu, baita parabolt bakarren bat ere.

Aztorea eta Usotik behera doan bidean.


Azpitik doanari ahalik eta harri gutxienak botaz (harriak ezinbestean botako ditugu eta) "Usoaren" oinara iritsi ginen hemendik, bidexka bat eta gero igoerako pista jarraituz, berriro ere Eginora itzultzeko. Guztira, bidearen amaieratik Eginora lasai joanda 37 minutu pasa genituen.

Izugarri disfrutatu genuen eta, bide hauekin gertatzen den moduan, gehiago eskalatzeko gogoz gelditu ginen, ea goiz itzultzen garen.