2023/05/10

EGINO, "PLACAS DEL PÁJARO LOCO" SEKTOREA: "LUCA" EZPROIA, 60 m, V. 2023KO UDABERRIA


"Luca" ezproiaren oinean jarri dugun plakatxoa.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Jaiotzen garenean harea-erloju bat martxan jartzen da. Goitik behera erortzen den harea-pikor bakoitza bakarra da, errepikaezina, berreskuraezina; hauei zukurik handiena ateratzea bizitzak eman diezagukeen gauzarik handienetako bat izan daiteke.

Lucaren erlojua martxan jarri zenean inork ez genuen espero hain azkar hustuko zenik, azkarregi, bizitza maltzurra izan daitekeela sinesten dutenei arrazoi emanez. Azken harea-pikorrak ihes egin zuenean, bihotza erdibitu eta urratutako arimaren barrenetik malkotan isuri zen tristurak begiak estali zizkigun. Bi urteren ondoren, “zergatik” galderek erantzunik ez dute eta bere aulki hutsak mina eragiten jarraitzen du.

Lucak harea-pikor bakoitza intentsitate osoz bizitzen duenaren distira zuen begietan. Behin idatzi nion moduan, epe laburrean mila bizipen izan dituenaren begirada zuen, infinitutik gertu bizi izan denaren begirada, gogo biziaz bizi izan denaren begirada, gogo biziaz bizi nahi duenaren begirada. Eta begirada hau izan zen eman zidan oparirik handiena, egunerokotasunak ematen dituen zartadei aurre egiteko askotan gogoratu izan dudana.

Lucaren begirada.


Lucarekin zorretan sentitzen nintzen. Eta zor hau kentzeko modurik ederrena eskalada-bide bati bere izena ematea izan zitekeela bururatu zitzaidan:

- Egunen batean gu ez gea Luca gogoratzeko egongo baina bidea ederra bada eta errepikatzen bada, errepikapen bakoitzarekin bere oroipena mantenduko da – esan nion Asierri buruan nenbilen ideia proposatu nionean.
- Ona!!! “Ayestaepeldekin” egin genuen bezela – erantzun zidan Asierrek Xabi Ayestaran eta Miren Epelderen oroimenez ireki genuen bidea gogoratuz.

Barraskiloen gandorra” eskalalatu nueneko batean, bere eskuinean dagoen ezproi txiki batek atentzioa eman zidan, eguzkiaren izpiek eragiten dioten unearen arabera nabarmendu edo ezkutzaten dena. Etxean honen eskaladaren inguruko informazioa bilatzen hasi nintzen baina ez nuen ezer aurkitu. Eta honek harritu ninduen:

- Edo oso errexa da, edo oso harkaitz txarra dauke – esan nion Asierri ezproia inbestigatzeko proposamena luzatu nionean.

Ezproiara oinez hurbildu ginen lehen egunean. Bidexka nabarmen batek bertaraino eramango gaitu. Asierren atzean Barraskiloen gandorra ikusi daiteke.

Apirilaren 11n egin genion lehen bisita, “Barraskiloen gandorraren” eskuinetik sigi saga igotzen den bidexka batetik bere oinera iritsiz. Alde batetik zein bestetik begiratu ondoren, ezproia lehen aldiz eskalatu genuen, harkaitz asko kolokan zeudenez, gainetik soka bat bota eta bertatik zintzilikatuz.

- Eskalada politte geratu leike – esan zidan Asierrek ezproia eskalatu zuenean.

"Eskalada politte geratu leike".

Egun hartatik aurrera, beste dozena erdi bat egunez gorputz eta arima ezproia garbitzen aritu ginen, maiatzaren 6an garbiketa lanak amaitutzat eman eta, goitik sokarik izan gabe, lehen aldiz eskalatu genuen arte.

Ezproia ia 60 metro dituen bi luzeetako eskalada motz eta xumean geratu da, baina intentsitate eta nortasuna duen eskalada dela iruditu zaigu, batera eta bestera mugiaraziko gaituena. Ez da kasualitatea izan ezproiari “Luca” izena jarri izana, bere izateko modua eta izpiritua islatzen duela iruditu zaigulako.

Eskaladaren bi luzeak oso ezberdinak dira: lehenengoan harkaitz-plaka inklinatuak dira nagusi, eskalada V-tik gora zailtzeko aukera ematen digutenak. Bigarren luzean aldiz ezproiak bertikaltasuna irabazten du, zailtasun maila V inguruan mantenduz, batzuetan zertxobait gutxiago.

Parabolt bat eta bi iltze jarrita eta 10 harkaitz-zubi prestatuta utzi ditugu, errepikatu nahi dutenei eskalada errazteko asmoz. Lehenengo bilgunea bi paraboltez osatuta dago eta bigarrena ere harkaitz-zubi pare batetik pasatako soka lodi batez muntatuta utzi dugu, erlaitz eroso batean. Ezproiari garbiketa sakon bat eman diogun arren, baliteke oraindik ere harri solteren bat topatzea. 

Maiatzak 6an, zerua kotoizko hodei zuriek zipriztintzen zuten bitartean haize goxo batek udaberriak berpiztutako loreak kulunkatzen zituen. Garbiketak iraun duen denboran hazten ikusi dugun putre-kumeak ere amaren hegalpearen babesetik begiratzen gintuen, kuriositatez, jaio zen egunetik begiratu gaituen moduan. Bidea prestatzearen amaiera eta naturaren biziberritzea une beretsuan izan zirela gertatzeak hunkitu ninduen; beharbada Lucarekin gogoratu nintzelako, beharbada kasualitate huts bat izan dela ez dudalako sinestu nahi. Ederra izango litzateke maitasun eta apaltasun osoarekin ireki eta garbitu dugun bide xume hau denboraren mugagabetasunean ahaztuta ez geratzea.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 60 metro.
- Luze kopurua: 2. Luzez-luze: 1ºL: V (30 m) eta 2ºL: V (30 m).
- Nork irekia: Ez dugu honen inguruko informaziorik aurkitu. Asier Izagirre eta Xabi “Smithy” Mujikak 2023ko maiatzaren 6an?
- Zailtasuna: V.
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan eguzkiak gogoz jotzen du.
- Ura: Abiapuntuaren arabera, Egino edo La Lezen dagoen iturrian.
- Hurbilketa: Ezproia bakarrik eskalatu nahi bada bere oinera oinez iritsi daiteke. Honetarako, “Barraskiloen gandorrera” doan bide bera jarraitu eta, “Barraskiloen gandorra” azpitik zeharkatu ondoren, bere eskuinetik doan xenda batetik igoko gara ezproiaren oinera iristeko. Xenda garbitzen joan garen arren, baditu bi pasagune kontuz ibili beharrekoak direnak. Baina aukerarik eder eta logikena "Luca bidea" eskalatzea da, 2023ko abuztuaren 25an ireki genuena ezproiari jarraitutasuna emateko. "Luca bidearen" hirugarren bilgunetik bidexka batetik 50 metro inguru ibili ondoren ezproiaren oinera iritsiko gara. Luzearen hasieran“Luca” izena idatzita duen plakatxo bat jarrita utzi dugu.
- Jaitsiera: Abiapuntuaren arabera, La Lezera jaisten den ohiko bidetik edo “Aztorea” eta “Usoa”-ren artean jaisten den bidetik. Bigarren aukera hau hartuz gero, kontutan izan babestutako espezien habiagintzagatik bertatik jaistea debekatuta dagoela apirilak 1 eta abuztuak 31 artean. Jaitsiera hauek guztiak artikulu honetan deskargatu ditzazkezue.
- Eramandako materiala: Gure asmoa ezproia bakarrik eskalatzea bada, prestatuta utzi dugun moduan eta, burua hotz eramanez gero, 10 express-zintekin nahikoa izan daiteke. Dena den, badaezpada luzera ezberdineko 12 express-zinta eta Totem eta artaka-trabagailu sorta bat eramatea ez legoke gaizki. Harkaitz-zubietan jarritako sokak zahartzen diren heinean zinta-uztaiak ere eraman beharko dira. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Berrogeita bost minutu inguru.

BIDEAREN KROKISA

"Luca" ezproiaren kokapena. Ezproia "Luca bidearen" azkeneko bi luzeek osatzen dute.

Krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

Zailtasun maila ezproia dozena erdi bat aldiz eskalatu ondoren ezarri dugu, eskaladaren mugimenduak nola egin eta heldulekuak non dauden jakinda, alegia. Eskalada errepikatzen den heinean ikusiko dugu gure proposamena berresten den edo zailtasuna beste bat den. Hainbeste eskaladen ondoren, denak kontaketa bakarrean sartzea ezinezkoa zaidanez, ezproiaren deskribapen hotz eta zehatz bat besterik ez dut egingo.

Bidea ireki genuenean oinean jarri genuen mugarria eta, bidearen hasiera adierazteko, harkaitz-zubi batetik pasatako soka eta bidearen izena.

Uztailean harkaitz-zubitik pasatako soka kendu eta plakatxo hau jarri genuen bidearen hasiera adierazteko.

- Lehenengo luzea, 30 metro, V. Plakatxoa jarrita dagoen horma inklinatua zuzen eskalatuko dugu, 8-10 metro ingurura dagoen harkaitz-zubira zuzenduz (III- hasieran, III harkaitz-zubira iritsi aurretik). Nahiz eta konfiantza handirik ez eman, harkaitza dirudiena baino hobea dela ikusiko dugu.

Lehenengo harkaitz-zubiaren parean.

Harkaitz-zubiaren gainetik ezker aldera eskalatzen jarraituko dugu lehenengo harkaitz-plaka nabarmenaren azpian kokatzeko (III).

Lehenengo harkaitz-plaka nabarmenaren azpian.

Lehenengo harkaitz-plaka eskalatzeko bi aukera ditugu: plakaren erditik edo bere eskuin ertzetik. Bietatik politena plakatik bertatik eskalatzea da, bere erdian jarri dugun paraboltera zuzenduz.  Paraboltera iritsi aurretik zertxobait estutzea eskatuko digun itsasgarritasunezko pasagune bat topatuko dugu (V). Paraboltetik aurrera eskalada piskat errazten da (IV+/V). Harkaitz-plakan dagoen inkustrazio marroi batera zuzenduko gara eta hemendik gora zuzen eskalatuz harkaitz-plaka eskalatuko dugu. Harkaitz-plaka eskalatzeko bigarren aukera bere eskuinetik eskalatzea da, harkaitz-plakaren eskuin ertza aprobetxatuz (III+).

Lehenengo harkaitz-plaka eskalatzen. Asierrek eskuin oina inkrustazio marroian jarrita dauka.

Lehenengo harkaitz-plakaren amaieran.

Lehenengo harkaitz-plaka eskalatu ondoren, metro batzuetan zuzen eskalatzen jarraitu eta bigarren harkaitz-plakak osatzen duen sabai txikiaren eskuinera zuzenduko gara (III+).

Bigarren harkaitz-plaka nabarmena eskalatzeko ere bi aukera ditugu, bere erditik edo bere eskuinetik. Harkaitz-plakatik eskalatzen badugu hemen ere zertxobait estutu beharko dugu, itsasgarritasunezko pasagune baten ondoren muntatuta utzi dugun harkaitz-zubira iristeko (V); plakaren eskuinetik eskalatzen badugu aldiz, zailtasuna gehiago jaisten da (III).

Bigarren harkaitz-plakara igotzen.

Estualdi motz baten ondoren, harkaitz-zubiaren parean.

Bigarren plaka eskalatu ondoren, harkaitz-zubi batera iritsiko gara. Metro eskas batzuk gorago bi paraboltez osatutako bilgunera iritsiko gara, erlaitz txiki baino eroso batean kokatuta dagoena.

- Bigarren luzea, 30 metro, V. Bilgunetik gora bi aukera ditugu: bilgunearen ezkerretik zuzen eskalatzen jarraitzea ur-tantadun plaka inklinatu batetik (IV+/V) edo eskuin aldera diagonalean belarrak hartuta duen kanal etzan bat igotzea harkaitz-zubi batean jarritako kordel batekin topo egin arte (II).

Bigarren harkaitz-plaka eskalatu ondoren. Asier dagoen lekuaren parean gutxi gora behera dago lehen bilgunea.

Ur-tantadun plaka inklinatuaren aukera aukeratzen badugu (IV+), horma bertikalera iristen garenean bi aukera izango ditugu: eskuin aldera zeharkaldi txiki bat egin horma ixten duen sabaiaren azpian kokatzeko (IV/IV+) edo hormaren ur-tantadun plaka eskalatzea. Bi aukera hauen azalpenak beherago irakurriko dituzue.

Hormatxo bertikala eskalatzen.

Eskuin aldera egin behar den zeharkaldiaren hasieran.

Zeharkaldiaren amaieran, horma bertikala eskalatzen hasita.

Horma bertikala bi modura eskalatu daiteke: horma ixten duen sabaia ezkerretik saihestuz (V) edo ezkerrean dagoen ur-tantadun plaka nabarmenetik (V+/6a). Bi aukerak frogatu ondoren, bietatik ederrena lehenengoa dela iruditu zaigu, errazagoa bada ere. Honetarako harkaitz-zubi batera aseguratu eta horma zuzen eskalatu beharko dugu sabaiaren azpian kokatuz (V). Sabaiaren azpitik ezker aldera mugituko gara (V, iltze distiratsu bat) eta ezkerrera zeharkaldi bat eginez saihestuko dugu ongi garbitu dugun zulo batean kokatuz. Sabaiaren ezkerreko hormak osatzen duen arrailan "friend" txikiak trabatu daitezke, baita zeharkaldiaren amaieran garbitu dugun arrail motz batean "friend" ertain bat ere.

Sabaia saihesten. Asierrek ezker eskua duen arrailan "friend" txikiak trabatu daitezke.

Ezkerrera egin behar den zeharkaldian. Ezker eskua garbitu genuen zuloan dauka.

Zuloan.

Ur-tantadun plaka eskalatzea erabakitzen badugu, bigarren plakaren ondoren eskalatu daiteken hormatxo bertikala eskalatuko dugu (IV+), ur-tantadun plakaren ezkerrean dagoen zuloan kokatuz. Ur-tantadun plakaren pasagunea pausu isolatu bat bada ere, goian dagoen zulora iristeko estutu beharko dugun horietakoa da (V+/6a). Pasagune honetan ez dugu asegururik jarri.

Ur-tantadun plakaren ezkerrean dagoen zuloan.

Ur-tantadun plaka eskalatzen.

Behin zuloan, zuloaren gainetik pixkat zuzen eskalatuko dugu erlaitz estu batean kokatuz.

Erlaitz estuan.

Eta erlaitz estutik ezker aldera desbideratzen hasiko gara, ia gainean egon arte ikusten ez den iltze beltz batera iritsi arte (V-).

Iltze beltzaren parean.

Iltzearen gainetik, horma bertikal bihurtzen den arren helduleku onak ditu, baita bi harkaitz-zubi ere (V-), eskuin aldera diagonalean doan diedro inklinatu batera iritsi arte, harlauza erraldoi baten ezkerrean dagoena.

Iltze beltza eta bertatik ikusten den horma bertikala.

Horma bertikala eskalatzen.

Horma bertikala eskalatu ondoren, diedro inklinatura zuzentzen. Asierrek oinak jarrita dituen harkaitz-blokeak kendu behar izan genituen kolokan zeudelako.

Diedro inklinatua eskalatuz harlauza erraldoiak goian osatzen duen erlaitzera iritsiko gara (IV+). Garbiketa lanak egin genituenean harlauza erraldoi hau hormara itsatsia nola dagoen harritu ginen, bere zati ez dela dirudielako.

Diedroaren erdian.

Erlaitzera igotzen.

Erlaitzaren gainetik zuzen eskalatzen hasi (IV+) eta zeharkaldi horizontal bat ezker aldera egingo dugu tximinia/arrail batean sartzeko (V). Pasagune hau oso ongi segurtatua geratzen ez zenla iruditu zitzaigunez, tximinia/arrailaren azpialdean ia gainean ez zauden arte ikusten ez den harkaitz-zubi bat muntatuta utzi dugu.

Erlaitzetik ateratzen.

Pasagune horizontala egin aurretik.

Pasagune horizontalean. Asierrek ezker oina jarrita duen lekuan dago pasagunea segurtatzen duen harkaitz-zubia.

Amaitzeko, tximinia/arrail hau eskalatuko dugu, bere amaierara iritsi aurretik ezker aldera pasatu eta pasagune bertikal bat eskalatu ondoren ezproiaren gainera iristeko (IV+).

Tximinia/arraila eskalatzen.

Azken pasagune bertikalean.

Luzea amaitu ondoren.

Goiko bilgunea bi harkaitz-zubi handietatik pasatako soka lodi batekin muntatuta utzi dugu, erlaitz eroso batean.

Ezproiaren gainean muntatuta utzi dugun bilgunea.

Goian idatzi dudan bezala, ederra izango litzateke maitasun eta apaltasun osoarekin ireki eta garbitu dugun bide xume hau denboraren mugagabetasunean ahaztuta ez geratzea. Hau gerta ez dadin, ezproira eskalatzen iristeko aukera bat begiak jota dugu, "Luca bidea" izan daitekeena. Aldekoak eta kontrakoak neurtu eta bide berri hau gauzatzen badugu, ezproiaren eskalada gehiago errepikatuko dela ziur gaude.

Abuztuaren 25an amets hau errealitate bihurtuz "Luca bidea" jaioko zen, 160 metro eta V zailtasuna duena.

Eginoko haitzak arratsaldeko azken argitan. "Luca" ezproiaBarraskiloen gandorraren itzalpean ikusi daiteke.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina