AZKEN 10 SARRERAK

2016/07/05

EGINON FAMILIAN LEHEN ESKALADA PAUSUAK EMATEN 2016/06/25

Iaz Marta eta Corradoren etxean egun pare bat pasatzeko zortea izan genuen. Lucari Madrilen egindako azken ebakuntzatik etorri berriak, pasatako beldur, malko eta lo egin gabeko gauak beraien begiradetan islatzen ziren. Azken urteotan Turri-Iturrioz familiaren eskalada partikularrean luze gogorrak eskalatu behar izan dituzte, harkaitzean eskalatzen direnak baino gogorragoak.

Astigarragan pasa genuen asteburua ederra izan zen eta Luca eta Mara anai-arrebei eskalatzera joaten nintzela esan nienean begietan nolabaiteko distira berezi bat piztu eta beraien irudimena hegan hasi zela nabaritu nuen: “Gure etxera asteburue paatzera etortzen zeatenen eskalatzera jungo gea” zin egin nien.

Ordizian ikusten genituen bakoitzean Luca eta Marak “noiz joan behar gara eskalatzera?” galdetu eta haurrei horrenbeste gustatzen zaien “lasai, egunen baten jungo gea” erantzun sinesgarria botatzen nien. Itzik arrazoi osoz behin baino gehiagotan zin egindakoa betetzeko pendiente nuela gogoratzen zidan. Eta berari eskerrak, azkenean, duela hilabete pare bat koadrilarekin etxean egin zuten afarian San Juan egunean gure etxera lo egitera etorriko zirela adostu zuten, honela larunbatean eskalatzera joateko aukera izango genuen.

San Juan egunean etxeko txirrina jo zutenean Luca eta Mararen begirada urduriak nabariak ziren, haurrei bost-hamar minutu “haustea” kostatzen zaien begirada horiek. Oparitzat ekarri zizkiguten marrazki politak eman eta arratsalde-gau osoan erdi-jolasean eta eskaladako materiala frogatzen aritu ginen. Afaria familian egin, Lucarekin bideo-kontsolan futbol partidua jokatu (Aupa Athletic!!!! Jejeje), eta anai-arrebaren laguntzarekin eskalatzeko materiala larunbaterako prestatu eta gero ohera joan ginen.

Lucak egindako marrazkia, bertan kordada osoa ikusi daiteke,baita kotxea ere.


Mararen marrazki koloretsu eta polita gure etxea irudikatzen.


Larunbata hezea eta langartsua esnatu zen: “egualdi honekin eskalatzea jun behar gea?” galdetu zidan Ikerrek goizean goiz. “Gutxiñez Eginoa jun ta han zemuzko egualdie daun ikusiko deu” esan nion konfiantza gutxiarekin.

Eginora langarpean iritsi ginen: “Ze Smi? Hola igual hobe Lezea ikusi ta listo, ez?” Galdetu zidan Itzik kotxetik atera baino lehen. “Bazpare gutxiñez materiala eraman ta ea zorteik deun” erantzun nion.

Aitortu beharra daukat eskalatzeko konfiantzarik ez nuela, batez ere euritarako txamarra jantzi eta txirimiripean ibiltzen hasi ginenean. Lucak berehala nabaritu zuen konfiantza eskas hau eta Lezera gindoazela behin baino gehiagotan zeharka begiratu eta “gaur eskalatuko dugu ezta?” galdetzen zidan horrenbesteko denboran zain izan den amtesa muturrean aldegingo balio bezala. Honelako batean Ikerri begiratu eta “noski baietz!!!” erantzun nion ahal izan nuen konfiantza handiarekin.

Lezea bisitatu, Martak lehorreko neumatikoekin lokatzetan izandako ezbehartxoa tarteko, eta erreka zeharkatu ondoren pixkanaka “Iturria” sektorean dauden "Humareda" (3b) eta "Señor, si Señor" (4b) bideetara jo genuen, ibilbidean txirimiria gelditu eta pareta lehortuko zenaren esperantzan.

Noizik eta behin mirari txikiak izaten dira eta honelako zerbait gertatu zen hormaren azpira iritsitakoan: "gutxiñez eztu ebik itten" esan zidan Ikerrek. Dena den, oraingo miraria ez zen erabatekoa izan horma erabat bustia zegoen eta. Gora begiratu eta "txarrenetik behintzet, txapei helduz goraño iritsiko naiz" esan nion Ikerri. Materiala prestatzen ari ginen bitartean Luca eta Marak begiak parez-pare irekita zituzten Iker eta biok egiten genituen lanei arretarik galdu gabe.

Trasteak prestatzen anai-arreben begiradapean.


Behatz puntekin horma ukitu eta "gaur eskaladarako egun ederra izangoa" sentitu ondoren, erabat bustitako horma eskalatuz soka bilgune altuenetik pasatzera lortu genuen. Lurrera itzuli nintzenean Iker tarteko bilgunera igo egin zen eskalatzera animatuko zirenei goitik nolabait laguntzeko.

“Zein dijo lehenengoa?” Galdetu nien. “Ni, ni, ni” erantzun zuen Lucak eskua goian eta saltoka. Haurrentzat dugun arnes berezia jarri, korapiloa egin eta, animoso bezain urduri, denon animoen artean eskalatzen hasi zen.

Lucari arnesa janzten.


Ikerrek goitik eta beste guztiok azpitik ematen genizkion argibideen artean Iker zegoen tarteko bilgunera hitzik esan gabe eta serio iritsi zen.

Erabat kontzentratuta.


Tarteko bilgunera iristen.


"Aupaaaa, txapeldunaaaaa!!!!" oihukatzen hasi ginenean bilgunetik arro altsatu zigun eskuaren behatz potoloa dena ongi zegoela adieraziz.

Iker eta Luca kontentu bilgunean.


"Gorago igo nahi dezu?" Esan zion Ikerrek. Gora begiratu eta lehen aldirako gehiegi izango ez zenaren beldurrez "ez, orain Mara" erantzun eta lurrera jaitsi genuen.

Lucaren atzetik Mararen txanda izan zen, eta denon animoen artean, azkar eta konfiantza osoz goiko bilguneraino iritsi zen.

Mara jo eta ke.


Tarteko bilgunean goraka jarraitu aurretik.


Luzea amaituta oso zoriontsu.


"Joer lehen aldie izateko a ze azkar igo zean" esan nion lurrera iritsi zenean.

Mara lurrera iristen.


Lucak eskalada osoa arreta handiz jarraitu zuen eta arreba bera baino gorago iritsi zela ikusita “orain ni berriro baña goraño!!!” esan zidan, bere harrotasunean minduta sentitu izan balitz bezala. Baita goraino eskalatu ere, oraingoan lehen aldian baina konfidantza handiagoarekin.

Magnesiotan eskuak erabat zuritu ondoren bigarren tentaldirako prest, amatxo Martaren begiradapean.


Anai-arrebak luzeak tartekatuz konfidantza irabazten joan ziren eta hasierako urduritasuna aurpegi irrifartsu eta zoriontasunean bihurtu zen, Luca Ikerrekin batera bilgune beretik zintzilikatzeraino, dagoeneko "eskaladore profesionala" baitzen, jejeje.

Luca tarteko bilgunetik zintzilik urduritasun guztiak uxatuta.


Anai-arreba tarteko bilgunean.


Konfiantza eta zoriontasun giro honetan aitatxo Corrado ere animatu egin zen, familia osoaren animoen artean.

Aitatxo Corrado lehen metroetan.


Aita-semea tarteko bilgunean.


Corrado luzearen amaieran zoriontsu.


Lurrera itzultzen...


Gure baitako zoriontasunaren inbiditan edo, inguruko ardi eta hauen zaindariaren bisita ere izan genuen. Familia horren zoriontsu ikusteak izugarri poztu eta hunkitu gintuen.

Ardien bisita jaso genuenean...


... Eta hauen zaindari "txikia".


Aitatxo Corrado eta amatxo Martaren begiradak, Astigarrakoak oraindik gogoan, esker ona, harro eta zoriontasunaren arteko nahasketa islatzen zuten.

Beste horma batzuk beste egun baterako utzi eta eguna Lezeko atseden lekuan hamaiketakoa eginez amaitu genuen.

Hamaiketakoari egurra ematen.


Ordurako Lucak parean topatu zituen mosketoi guztiak soinean zintzilik zeramatzan eta hamaiketakoa egiten ari ginen bitartean Ikerrek eroritako haritz zahar baten adar lodi batean bi zinta lotu eta kolunka baten modukoa egin zuen bertatik Luca eta Mara zintzilikatuz.

Luca berera, parean topatu zituen mosketoi eta zintak inguruan zintzilikatuz, jejeje.


Kolunka inprobisatuan.


Luca eta Mara jolasean, ez da asko behar izaten haur hauek zoriontsu egiteko.


Eguna txiste, istorio eta irrifarren artean joan zen. Bizitzan hain denbora gutxian horrenbeste ikusi dutenak hain zoriontsu eta bizirik ikusteak ez dauka preziorik. Milesker bihotzez Corrado, Marta, Mara eta Luca zuen adiskidetasuna eta larunbata grisari argia emateagatik. Ea hurrengo eskalada egunerako ez den horrenbeste denborarik pasatzen!!!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina