AZKEN 10 SARRERAK
2024/07/23
EGINO, LARREÑIGIKO HAITZAK: "UDABERRI" BIDE "BERRIA", 260 m, V+. 2024KO ABUZTUA ETA IRAILA.
Bidearen hasiera adierazten duen plakatxoa.
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
Askok galdetzen didazue blogean kronika bat argitaratzeko behar dudan denboraz. Duela urte batzuk “buenoooo” iheskor bat erantzuten banuen ere azkenaldian “asko” izaten ari da entzuten didazuen erantzuna. Eskalada batean adibidez, kronika argitaratzeko prozesuak 7-10 egun eramaten dizkit gutxienez. Nola liteke?
Jarduerak irauten duen bitartean, ahalik eta argazki gehien egiten saiatzen gara; hurbilketan, eskaladan eta jaitsieran. Marraztuko dudan krokisari begira, eskalatu behar dugun bidea osorik ikusten den leku, une eta garai egokiena topatzeko denbora hartzen dut ere. Etxetik gertuko eskaladatan adibidez, urtaro eta ordu ezberdinetan joan izan naiz hormei argazkiak egitera.
Etxera iritsi bezain laster, memoria oraindik fresko dudala aprobetxatuz, kronikaren lehen zirriborro bat idazten dut eskaladaren kontakizun hotz bat egiten, pasaguneak, zailtasuna eta luzeak zerbait adierazgarria badu, hau ere islatuz; zuhaitz bat, bloke bat, erlaitz bat, helduleku berezi bat, etab. Ondoren, eskaladan egin ditugun argazkiak orduaren arabera ordenatu eta karpeta batean gordetzen ditut. Prozesu hau eraman ditugun argazki kamera eta telefono mugikorren arabera neketsua izan daiteke, gailu bakoitzaren ordua ezberdin konfiguratuta egon daitekeelako. 350-400 argazki ordenatzera iritsi izan naiz Pirinioetara egin ditugun irteera batzuen ondoren.
Behin argazkiak ordenatuta eta karpeta batean gordeta ditudanean eskalada-bidearen krokisa marrazten hasten naiz, bideak jarraitzen duen lerroa eta bilguneen kokalekua bakarrik marraztuz. Hormaren perspektiba parez pare edo bertan ikusten dugunean asko aldatzen denez, marrazketa ez da lan erraza izaten. Marrazketa hau izan daiteke denbora gehien eramaten nauena, “perfekzionistegia” naizelako. Hau gutxi izango ez balitz, bidean jarrita dauden aseguruen kokalekua adierazten hasi naiz azkenaldian, krokisaren egitea gehiago zailduz.
Krokis orokorraren zirriborroa egina dudanean kronika idazteko beharko ditudan argazkiak aukeratzen ditut, memoria eta emozioetarako akuilu bezala erabiliko ditudanak. Aukeraketa honen ondoren, kronika idazteari ekiten diot, aurretik idatzitako kronikaren zirriborro “hotza” eta bizitako bizipenak nahastuz. Hau izaten da prozesurik atseginena, argazkiek islatzen didaten bizipenak gogoratzen ditudan heinean eskalada-bidea berriro eskalatzen ariko banintz bezala sentitzen naizelako. Prozesu honen amaieran kronikan joango diren argazkiak aukeratzen ditut, editatzen ditut eta “smithyrenbloga” ur-marka jartzen diet.
Amaitzeko, idatzitakoa oinarritzat hartuz krokis zehatza marrazten dut, argazki guztiak “hodeiara” igotzen ditut eta argazki bakoitzak kronikan izango duen lekuan txertatzen dut. Kronika partekatu aurretik, testu osoa Elhuyar-en “itzultzaile neuronala”-tik pasatzen dut, euskaraz ez dakitenek kronikan idatzitakoa ulertu nahi badute itzulpena ulergarria dela bermatzeko. Hau guztia egin ondoren kronika argitaratzen dut eta, sare sozialetan partekatu aurretik, bidea eskalatu dugunon artean partekatzen dut, testua aztertu eta zerbait faltan edo soberan dagoela ikusten badute esan diezadaten. Eta prozesu honen guztiaren amaieran sare sozialetan partekatzen dut kronika.
Pausu hauek guztiak urtetako eboluzio baten ondorioa izan dira. Blogaren lehenengo kroniketan ez nintzen hain zehatza ez azalpenetan ezta, eskaladaren kasuan, krokisetan ere. Izan ere, Eginon eskalatu nituen lehenengo bideetako krokisak Xabier Larretxearen “eskalatzen” blogetik hartutakoak izan ziren. Hau dela eta proiektu berri batean hasi naiz lanean, presarik gabe, denbora-mugarik gabe. Zaharkituta geratu diren eskalada bideetako kronika eta krokisen informazioa eguneratzen hasiko naiz pixkanaka, azkeneko hauek kalitate handiagoko argazkietan marraztuz eta ahal den neurrian aseguru finkoen kokalekuak adieraziz. Kronika zaharra baztertu eta berri bat idaztea egokiagoa dela erabakitzen dudan kasuetan, kronika zaharra mantenduko dut noski, baina kronika berriaren eranskin gisa. Kronika berri hauen kontakizuna hotzagoa izango da ziurrenik, baina kronika zaharrari hainbat aldiz erreferentzia egingo diot.
Proiektu berri hau “Udaberri” bidearekin hastea proposatu nion Asierri. Bide honen jatorrizko kronikaren istorioa kuriosoa da, bi eskalada ezberdinen arteko bizipenak uztartzen dituelako. Ikerrekin eskalatu nuenean, bidearen azken zatian nahastu eta eskalatu genituen azkeneko bi luzeak "Berta"-renak izan ziren. Hau dela eta, “Berta” lehen aldiz eskalatu genuenean “Udaberri” bidearenak izan ziren eskalatu genituen azkeneko bi luzeak, bi kronikak osagarriak izan zitezen.
Hau da “Udaberri” bidearen istorioa Antxonen hitzetan: “Nire asmoa, "Elmer" ekipatzen ari nintzenean (Eginon ireki zuen lehen bidea), Eginon bide bakar bat ekipatzen saiatzea zen eta kitto, baina handik sabaia eskuinetara ikusi nuen (“Udaberri”-ren hirugarren luzekoa), ezinezkoa iruditu zitzaidana, harik eta beste ikuspegi batetik ikusita ahulgune bat zuela ikusi nuen arte. Orduan bigarren bide bat irekitzen saiatzea pentsatzen hasi nintzen. Bere izenak dioen bezala udaberrian ekipatu nuen, San Joseko zubi batean hasi nintzen, 2009an uste dut. Bidea buriladoraz ekipatuta dago eta niretzat oso ibilbide polita da, "Elmer" baino errazagoa, sabai gaineko Plaka eskuinetik saihesten bada. Plaka honetan, “txapak” jarri nituen plaka eskalatu daiteken bi aukeretan pentsatuz, zuzen edo eskuinetik. Nahiz eta hainbat aldiz zuzen eskalatu dudan, graduz ihes egiten didan pasagune bat da eta gainera gaur egun leunagoa dago, beraz gu normalean eskuinetik pasatzen gara. Goiko 2 luzeak oso eskertuak dira laugarren zailtasunaren mailan (“erosotasun maila”). Urte horretan bertan, udazkenean, "Susi" ekipatu nuen eta, honekin batera, nire emaztea berriro eskalatzen hastea lortu nuen”.
"Udaberriren" istorioa 2024ko abuztuan amaitu da, Antxonek bide originalari egindako aldaketa eta aldaera batzuen ondoren. Bosgarren luzearen bigarren erdia “Basotxo” bidetik ezberdindu du metro berriak ireki eta bilgune berri bat muntatuz. Seigarren luzea berria da erabat. Amaitzeko, azkeneko luzeari aldaera berri bat egin dio, zoragarria nire uste apalean. Niretzat ohore handia izan da Antxoni tarte berri hauen garbiketa lanetan lagundu eta, bide batez, “Udaberri” berriaren lehenengo eskalada “mundiala” (berak esaten duen moduan, jejeje) burutzea. Zaila bazirudien ere, bidea lehen zegoena baino hobea geratu dela zalantzarik ez daukat. Irailaren 14an, bide hau Asierrek eta biok bigarrenez eskalatu eta seigarren luzea ongi babestuta geratzeko falta zen iltze bat jarri genuen.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 260 metro.
- Luze kopurua: 8.
- Nork irekia: Antxon Gorrotxategik 2009ko udaberrian. Azkeneko berriketa 2024ko abuztuan egin zuen.
- Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1ºL: V (40 m); 2ºL: IV (20 m); 3ºL: V+ (40 m); 4ºL: III+ (25 m); 5ºL: IV (30 m); 6ºL: V (30 m); 7º: IV (35 m) eta 8ºL: IV (40 m). Gomendagarria izan daiteke autobabeserako materiala eramatea, aseguru finko batzuen arteko tartea luzea delako. Azken luzearen aldaera eskalatzen bada aldiz, material hau beharrezkoa izango da.
- Orientazioa: Hego-mendebaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Eginoko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Hurbilketarik erosoena, luzeena bada ere, Eginoko elizatik ipar aldera jo eta herritik ipar-ekialdera doan pista nabarmen bat hartzea da, ardiak gordeta egoten diren ukuilu handi batera zuzentzen dena. Pista hau amaiera arte jarraitzen badugu zelaigune zabal eta lau handi batera iritsiko gara. Zelaigune honetatik ipar-mendebaldera mugituz bost-hamar minutuan Larreñigiko haitzetako eskalada-bide guztietara iritsiko gara.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik mugarriak jarraituz Larreñigiko haitzen gainera iritsiko gara. Bertan topatuko dugun xenda mendebaldeko noranzkoan jarraituz, Usoa eta Aztorea Haitzetatik Olano mendira doan ohiko bidearekin topo egingo dugu. Kontuz bide honetatik jaisterakoan harkaitza bustia badago, III- zailtasuna duten pasaguneak dituelako harkaitz leunean. Jaitsiera hau errazteko rappel puntu pare bat muntatuta daude. Babestutako espezien habiagintzagatik, apirilak 1 eta abuztuak 31 artean debekatuta dago jaitsierako bide honetan ibiltzea, baita "Usoa" eta "Aztorea" Haitzetan eskalatzea ere. Epe honetan, kronika honetan azaldutako bideetako bat jarraitzea izango litzateke egokiena Eginora itzultzeko.
- Eramandako materiala: 50 metroko soka bakarra, luzera ezberdinetako 14 express-zinta, luzera ezberdinetako zinta-uztai pare bat bilguneak muntatzeko. Friend sorta bat eramatea gomendagarria izan daiteke, baita artaka-trabagailuren bat ere, aseguru finko batzuen arteko tartea luzea delako. Azken luzearen aldaera eskalatzen bada aldiz, auto-babeserako materiala beharrezkoa izango da, edo tamaina erdiko friend pare bat gutxienez. Gomendagarria izan daiteke ere Walkie-talkie pare bat eramatea, gure artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora atsedenaldiak zenbatuz: Hiru ordu eta erdi lasai ibilita.
BIDEAREN KROKISA
"Udaberri" "berriaren" nondik norakoak eta ondoan dituen beste bide batzuen kokalekua.
Krokis orokorra beste ikuspuntu batetik. Argazkia handituz gero aseguru finkoen kokalekuak ikusi daitezke.
Krokis zehatza. Argazki honetan ere handituz gero aseguru finkoen kokalekuak ikusi daitezke.
DESKRIBAPENA
Oharra: “Udaberri”-ren kronika berri bat (hirugarrena) idatzi eta blogean dagoeneko partekatuta ditudan beste bi kronikekin inor nahastea nahi ez nuenez, kronika honen ardatz nagusia uztailaren 7an Asierrekin egin nuen eskalada izatea erabaki dut, kronika honi abuztuaren 24an Antxonekin eskalatutako metro “berriak” txertatuz. Asierrekin irailaren 14an egindako eskaladaren argazkiren bat ere topatuko duzue.
Beste behin Eginoko haitzetan eta beste behin ekaitz baten ostean, bidearen oinera iristerako oinak blai genituen beste behin. Eginoko herriko plazan furgoneta bakarra zegoen aparkatua eta, kasualitatea, kordada bakar hori “Udaberri” eskalatzen ari zen. “Udaberri”-n kordada bat dagoen kasuetarako, eskuinean dauden “Penelope”, “Olaf” edo “Gontzal” bideak eskalatu daitezke bitartean. 25-30 metro arteko eta V/V+ zailtasunaren inguruko bideak dira azkeneko hiru hauek baina oraingoan ez genituen eskalatu, eskalatzeko prestatu ginenerako aurretik genuen kordada hirugarren luzean zeudelako.
Zein txikiak garen hormen handitasunean.
Aurretik genuen kordada bigarren luzean. Eskalatzeko prestatu ginenerako hirugarrenean zeuden jada.
Gaur eramango genuen taktika sinplea izango zen. Asierrek eskalatuko zuen kordararen buruan denbora osoan eta nik atzetik jarraituko nion, tarteka sokatik zintzilikatuz, pasagune ezberdinei eta aseguruen kokalekuei argazki asko egiteko asmoarekin. Zertarako? Argazki hauekin krokisean aseguru finkoen kokalekuak errazago kokatu ahal izateko.
- Lehenengo luzea, 40 metro, V. 2012an eskalatu genuenean lehenengo parabolta oso goien zegoen, 6-8 metrora. Oraindik ere distantzia berean dago noski (jejeje) baina tarte hau muntatutako bi harkaitz-zubirekin murriztuta dago orain. “Penelope” bidetik jaisten den ur-tantadun plaka bustia izan zen topatu genuen zailtasun bakarra lehen parabolt honetara iristeko (III+).
Bigarren harkaitz-zubiaren parean.
Lehen paraboltetik bilgunera luzea tentetzen da. plaka trinko bat ezkerretik eskalatu genuen lehenik, erlaitz txiki batera arte, bloke handi baten itxurako formazio bat gainean duena (V-).
Erlaitz txiki honetatik gora arrail txikiak, ur-tantadun plaka motzak eta mota ezberdineko heldulekuak nahasten dituen horma bertikala eskalatu genuen, zoragarria, ongi aseguratua, V zailtasunean egonkor, erlaitz eroso batean dagoen lehenengo bilgunera arte, uztaidun bi parabolt dituena.
Horma bertikalean.
Gutxi gora behera goiko argazkia egina dagoen leku berean, baina lehenengo bilgunetik ikusita.
Bilgunera iritsi aurretik, arrail bat duen hormatxo bat eskalatzen da, hau ere ederra (V-). 2012an, bilguneak uztaidun parabolt bakarra zuen, harkaitz-zubi batzuetatik pasatako sokekin indartua. Belarrak hartua egongo ote zen uste genuen arren, horma osoa nahiko garbia zegoela iruditu zitzaigun; eta aurten hau esatea zaila da, egin duen eguraldiagatik sekula baino landaretza handiagoa baitago mendian.
Lehenengo bilgunean. Asierren atzean bigarren luzea ia bere osotasunean ikusi daiteke.
- Bigarren luzea, 20 metro, IV. Bilgunearen eskuinetik oinez irten eta, hormak duen ezproi itxurako formazio bat ezkerrera utziz, kanaltxo batetik jarraitu genuen eskalatzen erlaitz batera arte. Luze honetan lehen parabolta urrun geratzen da baina bertara iristeko eskalatu behar den kanaltxoak aukera anitzak ditu friend-ekin babesteko (III+). 2012an tarte honetan harri askeak topatu genituen arren, oraingoan harkaitzak sendoak daudela iruditu zitzaigun.
Kanaltxoaren amaieran dagoen erlaitzan, lehenengo paraboltaren parean.
Nahiz eta lehenengo paraboltetik gorako tartea zertxobait tentetzen den, bi paraboltekin ongi aseguratua dago (IV). Luzearen hirugarren paraboltera iristear aldiz, hormaren inklinazioak behera egiten du berriro ere.
Luzearen zailtasun handienak amaitu ondoren.
Goiko argazkiaren leku berean baina bigarren bilgunetik ikusita.
Arte baten enborraren inguruan jarritako soka batean aseguratu ondoren, ez genuen zailtasunik izan bigarren bilgunera iristeko, hau ere uztaidun bi parabolt dituena (III). Komeni da zinta-uztai luze bat gainean eramatea bilgune hau muntatzeko, bi paraboltak altu jarrita daudelako.
Bigarren bilgunea.
- Hirugarren luzea, 40 metro, V+. Bidearen giltza duen luzea, eta luzea bezain ederra. Bilgunea dagoen plakaren ezkerretik irten ginen, hormara ongi itsatsita dauden - eta auto-babeserako aukerak ematen dituzten - harkaitz ezberdinak eskalatuz, urrun dagoen lehen paraboltaren parera iritsi arte (III+).
Lehenengo paraboltaren parean.
Lehen parabolta jarrita dagoen harkaitz-plaka ezkerrera utzita, arrail batetik jarraitu eta goian dagoen sabai azpian jarritako paraboltera zuzendu ginen. Tarte hau tentea da, IV/IV+ zailtasunaren inguruan, eta hemen ere bi parabolten arteko distantzia luzea da. Tarte honetan izan zen auto-babeserako materiala hartu ez izana faltan sentitu genuen bakarra, arrail nabarmen batean tamaina erdiko artaka-trabagailu bat tinko sartzen baita.
2012an idatzi nuen moduan, nahiz eta sabaiak itxura beldurgarria duen dirudiena baino errazago eskalatzen da (V) eta oso ongi babestuta dago gainera. Oraingoan, ezker eskutik tira egin eta ezker oina jartzeko primerakoa den harkaitz handi bat mugitzen dela ikusi genuen, baina ezin izan genuen kendu. Mugitzen bada ere, erortzen ez den harkaitz horietako bat dela dirudi; hala ere, pasagune honetan arretaz ibiltzea da zuhurgarriena.
Sabaia eskalatzen. Asierrek ezker oina jarrita duen harkaitza da mugitzen dena.
Behin sabaia eskalatuta, estutuz doan arrail tente batetik jarraitu genuen, zinta zahar bat jarrita duen harkaitz-zubi batera arte (V).
Harkaitz-zubi honetatik gora hasten dira zailtasunik handienak. Bi aukera ditugu: plakatik eskalatzea edo hormaren eskuin aldera doan arrail batetik jarraitzea, hormaren eskuin aurpegitik arte estu batera luzatzen dena. Guk bigarren aukera hartu genuen oraingoan (V). Arte estutik metro eskas bat gorago eskalatu, sabaiaren azpira iritsi eta, ezker aldera zeharkaldi horizontal bat eginez, sabaiaren ezker aldean kokatu ginen (V+). Pasagune motz honek oinetan konfiantza izatea eskatzen du, baina heldulekuak badaude, denborak leundutako zimurrak badira ere. Nahiz eta 2012an plakatik eskalatu genuen, ez genuen erditik eskalatu, hormaren eskuin ertzari helduz baizik. Gure uste apalean, plaka erditik eskalatuz gero zailtasuna V+ baino handiagoa izango da ziurrenik, Antxonek dioen moduan.
Luzearen zailtasunik handienak hasten diren lekua. Plaka zuzen eskalatu daiteke parabolt lerrotik gertu mantenduz edo argazkiaren eskuinean ikusten den arte esturaino doan arrail bat jarraituz saihestu.
Asier goiko sabaiaren zeharkaldiaren amaieran. Argazki honetan ere hormaren eskuinean dagoen arte estua ikusi daiteke.
Behin sabaiaren ezkerrean kokatuta, zuzen eskalatzen jarraitu genuen helduleku oneko eta ongi babestutako horma bertikal batetik, horma etzaten hasten den arte (V). Azken metro inklinatu batzuen ondoren (IV), bi parabolt dituen bilgune erosora iritsi ginen.
Hirugarren luzearen azken parabolta, bilgunetik gertu.
- Laugarren luzea, 25 metro, III+. Bosgarren bilgunera daramaten hurrengo 25 metroak bi modura eskalatu daitezke: Lehenengoa, bietatik politena, Antxonekin jarraitu nuena izan zen. Bilgunetik irten eta honen gainean dagoen puntara igo ginen (III-), bestaldera pasatuz. Bigarren punta batera iritsitakoan parabolt bat topatuko dugu. Bertatik aseguratuz, ertzaren eskuin aldera pasa ginen, bigarren parabolt batez babestua dagoen zeharkaldi polit bat egiteko (III+) eta bigarren puntaren atzean dagoen lepoan kokatzeko.
Antxon laugarren luzeko zeharkaldian (III+).
Zailtasun guztiak amaituta, lepo honetatik oinez ezker aldera jarraitu genuen ur-tantadun plaka nabarmen bat duen horma baten azpira iritsi arte. Bilgunea altzairuzko uztai bat duen harkaitz-zubi batek osatzen du, Antxonek harkaitz-zubi ezberdinetatik pasatako soka batekin indartu duena.
Laugarren bilgunea.
Bigarren aukera, bietatik errazena, izan zen Asierrekin jarraitu nuena. Lehenengo paraboltetik aseguratu ondoren, ertzaren ezker aldera pasatu eta, arte nabarmen bat eta hormaren artetik pasatuz, oinez ezker aldera jarraitu genuen bilgunera iristeko. Aukera honek eskaladari balio handirik ematen ez dioenez, krokisean aldaera bat izango balitz bezala utzi dut.
Argazki honetan, soka jarraituz gero bigarren aukeraren noranzkoa ikusi daiteke baita, arteen adar artean, laugarren luzeko ur-tantadun plaka ere. Komeni da luzearen lehen paraboltean express-zinta luze bat jartzea sokaren marruskadura saihesteko.
- Bosgarren luzea, 30 metro, IV+. Bosgarren luzeak zeharkatzen duen hormak bi parabolt-lerro ditu. Bilgunetik zuzen doana eta ezkerrean dagoen ur-tantadun plaka amaiera arte igotzen duena “Udaberri”-rena da; honen ezkerrean doan lerroa aldiz, “Basotxo”-rena.
Luze hau zoragarria da bere zailtasun “apalean”. Apurtua dagoela dirudien horma tente eta eder batetik eskalatzen hasi ginen lehen paraboltera iritsiz (IV). Zertxobait ezkerrera jo genuen ondoren, bigarren paraboltaren parean dagoen erlaitz erosoan kokatu arte (IV). Jarraian ezker aldera horizontalean mugitu ginen ur-tantadun plakaren gainera igotzeko (IV). Ur-tantadun plakak eskalatzea gustatzen bazaizue Mafaldari zopa adina, lasai egon, ur-tantadun plaka eder honetan gozatuko duzuelako. Zailena ur-tantadun plakatik irtetea da, baina helduleku alderantzikatu pare bat ditu eta goitik muntatutako harkaitz-zubi batek pasagunea babesten du (IV). Harkaitz-zubi honetatik gora dator Antxonek laugarren luzeari egin dion aldaketa, luze originalak “Basotxo” bidearekin partekatzen baitzituen hurrengo metroak.
Ur-tantadun plaka zoragarrian.
Muntatutako harkaitz-zubitik eskuin aldean dagoen hormara zuzendu ginen, IV+ inguruko zailtasuna duena eta hiru paraboltekin babestua dagoena.
Haraitz-zubi parean egindako argazki honetan hiru paraboltak ikusi daitezke. Antxonekin eskalatu nuenean, harkaitz-zubi hontako kordela aldatzeko aprobetxatuko zuen.
Zati honetako harkaitza zalantzazkoa dirudien arren oso sendoa da. Hirugarren paraboltaren gainetik zuzen jarraitu genuen hormaren gandorrera arte. Behin hormaren gandorrera igota, bilgunea gure ezkerrean topatuko dugu, gandorrak punta bat osatzen duen lekuan, parabolt bat eta puntaren inguruan pasatako soka batez osatua. Garbiketa sakona egin genuen arren, baliteke azken metro hauetan harriren bat askatuta topatzea oraindik ere. Luze hau Antxonekin eskalatu nuenean, Antxonek ur-tantadun plakaren gainean dagoen harkaitz-zubiaren soka aldatzeko aprobetxatu zuen.
Antxon harkaitz-zubiko soka aldatzen.
Bosgarren bilgunea.
- Seigarren luzea, 30 metro, V. Seigarren luzea berria da erabat, luze originalak metro guztiak “Basotxo” bidearekin partekatzen zituelako. Laugarren bilgunetik irten eta gandorraren ertzetik jarraitu genuen, arte nabarmen baten enborraren inguruan jarritako soka batera arte (II-II+).
Antxon gandorraren ertzean. Bere ezkerrean arte nabarmena ikusi daiteke.
Artetik gora parean dugun horma eskalatzen hasi ginen. Hormaren ezker aldera zertxobait pasatuz horman jarrita dagoen lehenengo paraboltera iritsi ginen (IV+). Lehen metro hauetan baliteke helduleku batzuetan garbiketa lanek sortutako lur pixkat aurkitzea. Hemendik gora horma tentetuz doa bigarren parabolt batera arte (V-).
Bigarren paraboltaren parean.
Bigarren paraboltaren altuerara iritsitakoan ezker aldera pasatu eta hormak osatzen duen kanal belartsu bat eskuinean utziz jarraitu genuen (V-). Tarte hau friend txiki batekin babestu daiteken arren, Antxonek iltze bat jarrita uztea nahiago zuela komentatu zidan. Bidea Asierrekin bigarrenez eskalatu nuenean luzeari falta zitzaion iltzea jarriko genuen. Tarte honetan egin genuen garbiketa galanta izan zen, goitik behera lurrez estalita amaitzeraino. Dena den, harriren bat askatuta aurkitu dezakegu oraindik ere.
Asier seigarren luzeko iltzea jartzen.
Seigarren luzeko iltzea.
Tarte hau Antxonek eta biok garbitu genueneko argazki bat. A zer nolako asmakizuna haize-makina!!
Horma eskalatuta (V-), parabolt bat eta muntatutako harkaitz-zubi batez osatutako bilgunera iritsi ginen. Antxonek kontatu zidanez, parabolt hau ez zuen berak jarri, jarrita aurkitu zuen, baina ez du inon bere jatorriaren inguruko informaziorik aurkitu.
Antxon luzearen amaieran.
Seigarren bilgunea eta bertako parabolt "misteriotsua".
Bosgarren bilgunea seigarrenetik ikusita.
“Udaberri”-ren azken bi luzeak dauden hormara iristeko oinez ibiltzeko tarte bat dugu aurretik. Seigarren bilguneak duen gauza ona da seigarren luzearen hasiera begi bistan izango dugula denbora osoan. Bilgunearen bestaldera eskuak erabiliz kontu handiz jaitsi eta oinez jarraituko dugu parean dugun hormara zuzenduz.
Seigarren bilgunetik egindako argazki honetan oinez jarraitu behar den bidea ikusi daiteke.
Tarteka harri askeak dituen plaka etzan batetik eskuin joerarekin ibiltzen jarraituko dugu hormaren eskuin aldera zuzenduz, hurritz eta sastraken artetik doan bidexka bat aurkitu arte. Bidexka honek zazpigarren luzearen oinera arte eramango gaitu. Bertan "Berta" eta “Udaberri” bideen plakatxoak aurkituko ditugu, bigarren hau lehenengotik 3 metro eskas eskuinetara. Tarte osoa hau katu-oin eroso batzuekin ongi egin daiteke baina kontuz lurra eta belarra bustia badago, zazpigarren luzearen oinera katu-oinen zolak lurrez beteta iristeko puntu asko ditugulako.
Zazpigarren luzearen oinean. Argazkian bidearen jarraipena adierazten duen plakatxoa ikusi daiteke.
- Zazpigarren luzea, 35 metro, IV+. Lehen parabolta oso urrun dagoen arren, bertara iritsi aurretik kordel bat duen harkaitz-zubi bat dago. Harkaitz-zubi honetara iristeko eskalatu behar den plaka etzana ez da zaila (III), baina katu-oinak lur bustiaz zikinak izateagatik nahi eta uste baino gehiago kosta zitzaigun bertara iristea. Paraboltera iritsi ginenerako (III+) katu-oinen zolak garbi eta lehorrak genituen berriro ere.
Harkaitz-zubiaren parean.
Hormak bertikaltasuna irabazten du lehenengo paraboltaren gainetik baina gezurra badirudi ere ez da IV+ zailtasunetik igotzen, helduleku ederrak dituelako.
Hormaren bertikaltasunarekin jolasean. Asierren gainean sabai txikia ikusi daiteke.
Laugarren paraboltak sabai txiki bat babesten du, luzearen pasagunerik zailena. Hemen bi aukera ditugu: sabaia eskuinetik edo ezkerretik eskalatzea. Bietako zailtasuna antzerakoa den arren (IV+), errazena eskuinetik eskalatzea da. Oraingoan ezkerretik eskalatzea erabaki genuen baita sabaiaren ezkerrean trabatutako artaka-trabagailu bat topatu ere, ziurrenik luze honen testigu isil moduan geratuko dena, bere lekutik kentzeko gai izan ez ginelako, jejeje.
Sabai txikia eskalatu ondoren.
Behin sabai txiki hau eskalatuta (IV+), eskuin aldera diagonalean zeharkaldi bat egin genuen hormaren eskuinean dauden arteetara zuzenduz. Zeharkaldi eder hau ongi babestua dago (IV) eta nahi izanez gero zertxobait zaildu daiteke azken metroetan eskuinean dagoen harkaitz-plaka tentera pasatzen bagara (IV+), Antxon eta biok egin genuen moduan. Asierrekin ez nintzen plaka honetara pasatu eta zeharkaldiaren amaieran babariar teknika erabiliz arrail batetik igo (III+) eta luzearen azken paraboltak babesten duen plaka etzanera iritsi ginen, bi arrailek goitik behera zeharkatzen dutena.
Zeharkaldia.
Plaka eskalatuz (III), uztaidun bi parabolt dituen seigarren bilgunera iritsi ginen.
Argazki honetan bilgunera iritsi aurreko plaka ikusi daiteke, parabolt batez aseguratua dagoena.
- Zortzigarren luzea, 40 metro, IV+ (edo V- aldaeratik). Azken luzea tristuraz hartzen da beti, zer esanik ez bidea eskalatzen gozatu bada, amaiera gertu dagoela usaintzen delako. Asierrekin eskalatu nuenean ez zen ezberdin izan, Antxonekin eskalatu nuenean aldiz gogo gehiago nituen, eguneko garbiketa-lanen ondorioz gorputz osoa lurrez eta izerdiaz zikinduta nuelako, ikazkin baten moduan, jejeje.
Antxonek azken luze honi aldaera berri bat egin dio, nire uste apalean luze originala baino ederragoa eta estetikoagoa dena. Honegatik, luze hau bi modura kontatuko dut, lehenengoa luze originala bezala (Asierrekin eskalatu nuen modura) eta bigarrena aldaera berria bezala:
Luze originala
Luze honen lehenengo parabolta oso urrun dago, 15 metro ingurura, baina bertara iristea ez da teknikoki zaila, III inguruan ziurrenik, beharbada azken metroetan zertxobait gehiago (III+). Dena den, tarte honetan auto-babeserako aukera handiak daude nahi izanez gero.
Argazki honetan luze originalean (puntu zuriz) eta aldaera berriaren (gorriz) ibilbideak ikusi daitezke.
Lehen eta bigarren parabolten arteko tartea motzagoa da eta biek babesten duten plaka bi modura eskalatu daiteke, biak IV zailtasunaren inguruan: plakaren eskuinetik (errazagoa) edo plakaren erditik itsasgarritasunezko mugimenduak eginez. Aukeratzen dugun aukera aukeratzen dugula, ur-tantadun plakatxo batera iritsiko gara eta, plakatxo hau eskalatuz, luzearen hirugarren paraboltera (IV), sabai ñimiño bat edo arrail alderantzikatu baten azpian dagoena.
Luzearen laugarren, eta azken, paraboltera iristeko ere bi aukera ditugu: berez, bideak hirugarren paraboltetik ezker aldera jarraitzen du arrail alderantzikatua aprobetxatuz laugarren paraboltera ezkerretik iristeko eta, honen gainetik, plakaren erditik jarraitzeko (IV+). Bigarren aukera hirugarren paraboltetik eskuin aldera mugitu eta bertatik eskalatzen jarraitzea da, baina zailtasuna V-era igotzen da eta pasagune delikaturen bat egin beharko dugu laugarren parboltera iritsi aurretik. Bigarren aukera hau ona izan daiteke kordadan atzetik doanak frogatzeko.
Luzearen amaierara iristen. Argazkian hirugarren paraboltaren gainean dagoen arrail alderantzikatua edo sabai ñimiñoa ikusi daiteke.
Asierren eta bion artean luze honek dituen aukera ezberdinak frogatu ondoren, laugarren paraboltetik gora dagoen puntara iristerakoan (IV+) uztaidun bi parabolt dituen bilgunera iritsi ginen.
Azken bilgunea muntatzen.
Azkeneko luzea azken bilgunetik ikusita.
Aldaera berria
Bilgunetik irten eta eskuinean dagoen horma goitik behera erdibitzen duen arrail nabarmenera zuzendu ginen. Arraila osoan aseguru bakarra dago, 4-5 metrora dagoen arte txiki baten enborraren inguruan jarritako soka bat. Bertara iristeko tartea tentea bada ere, tamaina erdiko friend-ekin ongi babestu daiteke (V-).
Aldaeraren hasierako arrailan "friend" bat trabatzen.
Arte txikitik gora arraila zertxobait etzan eta zabaltzen bada ere, auto-babeserako aukera handiak ditugu oraindik ere (IV+).
Arte txikiaren parean. Arrail zoragarri honen amaieran erlaitz harritsu bat topatuko dugu. Bertan eta bertara iritsi aurreko azken metroetan harri bakarren bat askatuta aurkitu dezakegu, ongi garbitzen saiatu garen arren.
Asier, arrailaren amaieran.
Arraila eskalatuta, gandor baten itxura duen pasagune batetik jarraituko dugu zeharkaldi bat eginez, luze originaleko ur-tantadun plakara zuzenduz. Zeharkaldi honetan Antxonek bi harkaitz-zubi muntatuta utzi zituen.
Arrailaren amaieratik egindako argazki honetan bi harkaitz-zubien kokalekuak ikusi daitezke. Argazkiaren ezkerrean luze originalaren bigarren parabolta ere ikusi daiteke.
Behin ur-tantadun plakara iritsitakoan luzeak luze originaletik jarraitzen du azken bilgunera arte.
Antxon, aldaera luze originalarekin elkartzen den lekuan, ur-tantadun plakaren gainean.
Traste guztiak jaso ondoren, hormatik irteteko azken bilgunetik gora oinez jarraitu genuen, tarteka ezkutatzen den xenda bat jarraituz eta tarteka mugarriren bat erreferentzia bezala hartuz. Behin hormaren gainera iritsitakoan, elorrien artean ezkutatzen den bidexka nabarmen batera iritsiko ginen, jaitsierarako aukera ezberdinetara eramaten gaituena.
Azken bilgunean.
Aspaldiko partez estutasunik gabeko eskalada lasaia egin genuen, honegatik zoom ezberdinekin argazkiak egiteko maiz gelditzeko probestu genuen. 170 argazki egin genituen Asier eta bion artean, nahikoak krokis zehatz bat marrazteko, jejeje. Espero dut "Udaberri" bidearen kronika eta krokis definitibo hauek baliagarriak izatea. Edo ez dira definitiboak izango? Jejejeje.
Ez dut kronika hau amaitu nahi Antxon Gorrotxategiri eskerrak eman gabe, bera gabe kronika hau ez zelako sekula idatziko. Eskerrik asko bihotzez Antxon, eman eta ematen diguzun informazioagatik eta zure ondoan ikasten ari garen guztiarengatik.
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- smithyrenbloga bloga. 2012/06/24. Egino, Udaberri bidea, 250 m. 5c (5a behartua). Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2012/06/egino-udaberri-bidea-250-m-5c-5a.html
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)