AZKEN 10 SARRERAK

MTB

1998an mendi-bizikletarekin istripua izan nuen, Ataun eta Ordizia arteko errepidean bizikletaren aurreko gurpila kanal txiki batean sartu eta horma baten kontra joz. Istripuaren ondorioz mila ubel, zauri eta urraduretatik aparte ezker lepauztaia eta eskuin eskumuturreko hezurretako bat apurtu nituen. Kaskoari eskerrak, buruan ez nuen minik jaso nahiz eta golpe galanta hartu. Gogoan daukat zorabiatu ondoren, errepidean etzanda, zurbil eta bakarren batek gainetik botatako mantarekin estalita nengoela, inguruan nituen ikusleen artean ertzain bat azaldu eta "¿Te has caído?" galdetu zidanean, errepidean jendea lurrean botata topatzea ohikoa izango balitz bezala. Gogoan daukat baita ere nire aitak Ordiziatik Zumarragako Ospitalera kotxez iristeko ezarri zuen marka berria: anbulantziak jaso eta Zumarragako bidean nindoala, ertzaintzak Itziri abisatu eta Itzik aitari deitu zion. Ikerrek orduan zuen Peugeot 305 GTI kotxea hartu, Itzi etxetik jaso eta, Eizagako mendatea Carlos Sainz moduan igo ondoren (orduan ez zegoen oraingo bi bideetako errepiderik), Ospitaleko larrialdi zerbitzura anbulantziarekin batera iritsi zen: "a zer nolako ezustekoa anbulantziaren ateak ireki eta Itzi eta aita ikusi nituenean!". Ez dakit Itzik zuen zurbiltasuna zerk sortu zion, istripuak edo aitaren gidatzeko moduak.

Istripuaren ondorioz ezker lepauztaian koskor bat eta bizikletari izugarrizko beldurra izatea gelditu zitzaidan. Hurrengo ia hogei urteetan ez nuen gurpildun bizikletarik hartuko eta, bizikleta zaharra etxeko ganbaran usteltzen zen bitartean, mendiarekin zerikusia zuten beste jarduera batzuei eman nien.

Anaia eta biok mendian korrikan eta mendi lasterketetan parte hartzen hasi ginenean, lagun batek noizik eta behin mendi bizikletan aritzea oso ona zela esan eta "zeharkako entrenamentuaren" kontzeptua lehen aldiz entzun genuen. Berak zihoenez, mendiko korrika saioak mendi bizikletarekin tartekatzea sasoi fisikoa mantentzeko oso ona zen, bide batez belaun eta horkatilak zainduz. 2015 urtean zehar Iker mendi-bizikleta erosi eta bizikletaren onuren inguruko kanpaina egin ondoren, azkenean, 2016ko martxoan, aitak bi semeei bizikleta bana oparitu zien.

"A zer nolako arriskua bizikletaren gainean berriro jarri nintzenean!" Lehen irteeretan ez nituen bi eskuak eskulekutik ezertarako askatzen, Loctite itsasgarriarekin lotuak banitu bezala. Ura edateko gelditu beharra nuen. Honetaz aparte, "kalapie"-a izan ordez zapatila pedalera erantsita gelditzen den sistema "modernoa" zutenez, oina lurrera botatzea ere izugarri kostatzen zitzaidan. Ez, ez nintzen batere eroso sentitzen eta, denbora osoan erortzearen mamua inguruan zebilenez, irteerak ez nituen gozatzen.

Lehen irteerak errepidean egin eta aldagailu eta pedaletako "sistema berriarekin" ohitzen hasi nintzenean errepidetik kanpo ibiltzen hasi ginen, Baliarraingo Ibiaur urtegi eta Lazkaomendi inguruko mendi-pistetan zehar ibilaldiak eginez. Iazko irteera nagusia Ullibarri-Gamboa urtegia inguratzen duen ibilbidea izan zen, ibilbide erraz, eroso eta gozatu nuen lehenengoa.

Orduz geroztik beste hainbat ibilbide egin ditugu eta, egiten ditugun ibilbideak teknikoki oso errazak direla ikusita, Ikerrek irteera hauei tartetxo bat blogean eskeintzeko ideiaz hitz egin zidan. Buruari hainbat buelta eman ondoren azkenean tartetxo hau mendi bizikletan egindako ibilbideei eskeintzea pentsatu dut, ea pixkanaka ibilbideak argitaratzen joaten naizen.



IBILBIDEAK

NAFARROA

- Bardeak: Tiraketa eremuari itzulia. 25 km, 2017/02/19.
- Andimendi: Lizarraga - Pilatos Balkoia - Lizarraga. 41,5 km. 2017/04/08










iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina