AZKEN 10 SARRERAK

AIZKORRIKO KANALEN TXOKOA


Aizkorriko kanalak. Argazki eder hau Carlos Mediavilla Arandigoyen napar urretxuarrarena da. Milesker blogean partekatzen uzteagatik!!!


2005etik Aizkorriko kanalak eskalatzen gabiltza. Bizipen askorekin gertatzen den moduan, lehen aldi hura nekez ahaztuko dut. Josu aitabitxi paperean, 2005eko martxoan elkarrekin Iralarrainardea eskalatu genuen. Bizipen itzela izan zen eta Aizkorriko elurrek betirako maitemindu ninduten. Orduz geroztik Aizkorriko “ezkutuko” altxor hauek pixkanaka deskubritzen joan gara, blogean azaldu eta argazkiekin dokumentatuz. Honen guztiaren helburua gure bizipenak eta pasioa partekatu eta, Goierrira hurbilduz gero, guk sentitutako gozamena sentitzeko aukera ematea da. Bizi garen garai honetan, nolatan ez dugu zorion eta gozamena sortu dezaken zerbait partekatuko?

Tamalez, egiten duguna egiten dugula eta blog honetan idazten dudana idazten dudala alde eta kontrako iritzi, sentimendu eta jarrerak pizten ditu, bizitzaren legea da eta hau ez onartzea akats handia litzateke. Bakoitzak sentitzen duenaren inguruko eztabaida piztea antzua da eta ez luke inora eramango, sentitzen duguna ez baitugu aukeratzen. Eztabaidagarriak jarrerak izan daitezke, sentitzen denarekin zein jarrera hartu norberaren esku baitago.

Aspaldi nenbilen Aizkorriko kanaletan egindako eskaladak leku berean biltzeko ideiarekin, “klik” bakarraz kanal eta irteera guztiak eskuragarri izateko. Ideia hau txoko honetan gauzatu da. Txoko honetan jasotakoa 2005ean hasitako lanaren fruitua da, mendi irteera askoren fruitua, irteera berrien bilaketan etxera esku hutsik itzulitako egun askoren fruitua.

Txoko honetan Aizkorrin eskalatu ditugun kanal nagusi eta irteera ezberdinen inguruko informazioa jasota dago, baita Mikel Saez de Urabainek irekitako bi bide ere. Nahiz eta harkaitzean irekitako biderik badagoen, hemen elur edo mistoan eskalatutako bideak soilik topatuko dituzue.

Txoko bera eta bertan jasotako lana "MAT" taldearen esfortzu, saiakera, argazki eta bideo pila eta horma aztertzen pasatako orduengatik ez zen posible izango. Nire lana kronikak idaztea bada ere, meritua talde osoarena da, Iker, Josu, Asier eta Lekurena. Oraingoan ohitura hautsi eta Leku ere idaztera animatu da, Aizkorriko azalpen geologikoak emanez.

Eskertuko nuke txokoaren inguruko zalantza, iradokizun edota zer hobeturik baduzue, denon artean txokoa aberastu eta hobetzen joateko. Hala bada, smithymujika@gmail.com posta elektronikoaren bidez nirekin harremanetan jarri zaitezkete.

Espero dut gune honetan azaldutako informazioa Aizkorrin dituzuen ametsak betetzeko baliagarri izatea.

Aizkorriko kanalak Otzaurtetik ikusita.


SARRERA MODUAN

Aizkorriko mendikateak Eusko Autonomi Erkidegoko mendirik altuenak biltzen ditu. Mendirik garaiena Aketegi bada ere, Aizkorriko Gurutzetik Arbelaitzera doan gandorra 1.500 metroetatik nekez jaisten da. Gandor honetatik kanpo gelditzen diren mendiak 1.500 metroetatik beherakoak dira.

Mendikateak duen berezitasunetako bat itsura da. Hego-mendebalde aurpegia aldapa eta larre gozoz osatuta dagoen bitartean, ipar-ekialde aurpegia Zegamara amiltzen da ia 1.000 metroetako horma osatuz. Urtero, elurra egin eta Aizkorri zuriz janzten denean, urtean zehar ezkutatutako kanal eta pasabide ezberdinak azalean gelditzen dira.

Geologikoki, Aizkorri kareharri eta margaz osatutako mendikatea da. Harkaitz motari dagokionez, sei gune bereiztu daitezke: Erneaga (buztina), Zaraya (kareharria), Aizkorriko mendilerroa (kareharria), Urbia (marga), Orkatzategi (kareharria) eta Araotz (marga). Kareharria, Aptiense-Albiense garaikoa da, eta mendilerroa Bilboko antiklinorioaren (euskal arku edo "arco vasco" bezala ere ezaguna dena) parte da.

Era orokor batean azalduta, gaur egun mendikatea dagoen tokian, koralez osaturiko ekosistema aberatseko itsaso epel eta sakonera gutxikoa zegoen. Denbora luzean zehar korala pilatuz eta, aldi berean, higadura ezberdinak jasaten joan zen kareharri geruza bat osatuz. Duela milioika urte, garai edo orogenia alpinoan, europear eta iberiar plaken talkaren ondorioz, ur azpian zeuden lur eta kareharri geruza azaleratu eta, besteak beste, Pirinioak, Europear Mendiak eta Aizkorriko mendilerroa sortu ziren. Mendilerroa azaleratuta, eguraldiaren eta higaduraren ondorioz egun duen itsura hartu zuen. Urak kareharria disolbatu eta mendilerroak (bai barrutik baita kanpotik ere) zulatu zuen, gruyere gazta baten itsura hartu eta kobazulo eta iturburuak sortuz.

Kanalen kasuan, mendeetan zehar elur-jausi, harri erorketa, tenperatura aldaketa, euri eta haizearen eraginez emandako higadura indarraren ondorio nabariak dira. 

Eskaladari dagokionez, Pirinioekin alderatuta, Aizkorrin eskalatzeko moduko izotza oso gutxitan topatzen da eta elurra gehienetan ez da oso gogorra izaten. Hau dela eta, egun bakar batzuk ezik, pausu tekniko gehienak misto moduan eskalatzen dira, piolet eta kranpoiak harkaitzaren koska eta arrailetan sartuz. Honekin batera, nahiz eta etxe ondoan izan, elur-jausien arriskua ez da gutxietsi behar. Aizkorriko kanalen oinak elur-jausiek txikitutako pagoez estaliak daudela ikustea besterik ez dago.

Aizkorriko kanalek duten beste berezitasunetako bat izoztutako belar, lur eta lokatzean pioletekin askotan trakzionatu behar izaten dela da, umorez "dry-hierbing" bezala ezagutzen duguna. Modu honetara eskalatzea ohitua ez bazaude baliteke hasieran konfidantza hartzea kosta izatea.

Aizkorriko kareharria orokorrean hauskorra da eta eskalatzeko garaian adi egotea eskatzen du. Hau dela eta, Nardagaizton batez ere, komeni da kanaletan goiz ibiltzea, eguzkiak harkaitzean eragin bezain laster harriak bertatik amiltzen direlako. 

Amaitzeko, materialari dagokionez, nahiz eta kronika bakoitzean honen inguruko azalpenak dauden, kanal guztietarako ezinbestekoa ez bada ere, gutxienez kaskoa, kranpoi eta pioleta eramatea gomendagarria da. Pioletari dagokionez, kanalaren zailtasunaren arabera, bat edo bi eraman beharko ditugu, klasiko nahiz teknikoak.

Aizkorriko kanalak Seguratik ikusita.


TXOKO HAU DELA ETA

Txokoa bi zatitan banatua dago: alde batetik Aizkorriko gandor eta kanal nagusiak eta bestetik eskalatutako irteera ezberdinak. Informazioa erraztu eta ordenatu asmoz, irteeren krokisak sektore ezberdinetan banatu ditut:

1. Aizkorriko gurutzea – Aitxuri.
2. Aketegi.
3. Iraule – Arbelaitz.
4. Burnikurutz.

Irteera berriak eskalatzen ditugun heinean gunea eguneratzen joango naiz.

Aratzen eskalatutako bideak ez dira azaltzen bertan kanal argirik ez dagoelako (igoera hauen inguruko kronikak irakurri nahi badituzue hemen klik egin).

Zailtasun mailak kanala edo irteerak duen tarte zailenari erreferentzia egiten dio. Honegatik, irteeren kasuan, zailtasuna irteerari bakarrik erreferentzia egiten dionez, bertara iristeko aukeratzen dugun kanalaren arabera zailtasuna aldatu daiteke. Eskalada mailaketak ulertzeko arazorik baduzue, honen inguruko informazioa hemen irakurtzeko aukera dago.

Mendi eta kanalen toponimiarako 2017 urtean argitaratutako Zegamako mapa toponimikoa oinarritzat hartu dut, izan ere kanal guztiak Zegama udalerriaren barruan kokatzen dira. Irteeren izenen kasuan, “Couloir”, “leze” eta Mikelek irekitako bideak ezik, beste guztiak guk asmatuak dira erreferentzi bezala izateko. Irteera hauek izen propioa izan dezaketen arren ez dugu inon topatu, honegatik argi utzi nahi dut gure asmoa ez dela urteetan jarraitu diren kanalen irteerak gure modura batailatzea.

Kanal nagusi bakoitzarekin azalpen motz bat dagoen bitartean irteeren kasuan idatzitako kronikara lotura bakarrik utzi dut. Denetan, eskalatutako eguna azaltzen da.

Hurbilketa eta gomendagarria izan daitekeen materialari buruzko informazio zehatza kronika bakoitzean topatuko duzue.

Animatu kanal hauek ezagutu eta eskalatzera eta eman eurreeeeeee!!!!!!

Aizkorriko kanalak Oazurtzatik ikusita.


KANAL NAGUSIAK ETA AIZKORRIKO GANDORRA

Aizkorriko gandorra eta kanal nagusiak.


1. Aizkorriko gandorra negu giroan, M3, III. Gandorra bere osotasunean egiteko, Aizkorriko gurutzera arte ibilbide hau jarraitzea gomendatzen dut, Aizkorriko gurutzetik aurrera aldiz, beste hau. Aizkorriko kanal eta irteera guztiak ikusteko aukera emango digun ibilbide luze eta ederra da. Gandorraren zailtasunak ez dira behartuak eta denak ekidin daitezke.

2. Nardaaundi, PD. Kanalaren orientazioagatik elurra berehala galtzen du eta zaila izaten da egoera onean topatzea. Bi kanaletan (ezkerrekoa aldi berean beste bitan banatzen da) banatzen den kanal honek zailtasun handirik ez dauka eta 45-50 gradu inguruko malda igotzea besterik ez da, tartean ekidin daiteken zailtasun handirik gabeko irtenguneren bat eskalatuz. Goiko zatian Sancti Espiritutik Aizkorriko gurutzera doan ohiko bidera iritsiko gara, Zegama-Aizkorrik jarraitzen duen bide berberara hain zuzen ere.

3. Lepoetako nardea AD, M3, III+.(2010-12-19). Zailtasuna bigarren irtengunea ekidinez jarria dago. Bigarren irtengunea zuzen eskalatuz gero M4, IV zailtasuna izan dezakeela esango nuke. Nardaaundiren orientazio bera duenez, honek ere elurra berehala galdu eta zaila izaten da egoera onean topatzea.

4. Iralarrainardea, PD, (2005-03-15). Urteetan “Kanalaundi zuzena” bezala ezagutu dena, Aizkorrin gehien eskalatzen den kanala da, Aizkorriko gurutzearen gailurrean amaitzen baita. Gehienetan arrasto sakon eta garbia izaten du. Zailtasun bakarra goiko zatian eskalatzen den irtengune motzean dago.

5. Sakonaundi, F. “Kanalaundi nagusia” bezala ere ezaguna izan dena. Kanal nagusietatik errazena da, tarte motz batzuetan 50-55 graduetara iristen bada ere. Aketegiko lepoan, Aitzabaletik gertu amaitzen bada ere, Aitxuriko ipar horma eta “Couloir” irteerara iristeko kanal zuzenena da. Normalean jaitsieratan erabiltzen da.

6. Aketegi Erpinaren ezkerreko kanala, PD+/AD-, M2, II-III. Zailtasun teknikorik handiena bertara iristean dago. Kanala Artxabaletik gertu amaitzen denez, Aketegi Erpinaren hormaren ezker aldeko irteerak eskalatzeko aukera zuzen eta azkarrena da.

7. Nardagaizto, AD+, M4, III-IV (2009-02-15). Zailtasuna lehen irtengunea ekidinez jarria dago. Irtengune hau zuzen eskalatuz gero MD, M5, 6a zailtasunekoa da. Aizkorriko kanal nagusietatik teknikoena da, baita luzeena ere. Aketegi sektoreko irteerak eskalatzeko kanalik zuzenena da.

8. Nardasakon, PD, M1 (2009-12-20). “Sakonaundi” bezala ere ezaguna izan dena. Azken urteotan Iralarrainardearekin batera gehien eskalatzen den kanala da, beharbada hemendik gora Zegama-Aizkorriko kilometro bertikala doalako. Kanalaren zailtasun bakarra gandorraren irteeran dago. Urtean zehar eguzki izpi gutxien jasotzen duen kanala da, beraz elurrak gehien irauten duena.

9. Azkiolaundiko kanal nagusia, PD, (2013-03-24). Duela 8-9 urte elur-jausi batek zabaldutako kanala da. Kanal honek tartean eskalatzen diren zailtasun gutxiko irtengune batzuetatik aparte ez dauka zailtasun handirik. Kanal guztietatik urrutien dagoena da, baita Zegama udalerritik kanpo gelditzen den bakarra ere, kanala Legazpiko udalerriaren barruan baitago.

AIZKORRIKO SEKTORE EZBERDINAK

1. AIZKORRIKO GURUTZEA – AITXURI SEKTOREA

Sektore hau mendizale gehienek bisitatzen duten sektorea da, ziurrenik Iralarrainardearen ospeagatik erakarriak. Bertara iristeko abiapunturik zuzenena Zegamako Hiruetxeta auzoa da. Bertako Buenavista baserriaren ondoan, porlanezko pistaren ertzean dozena erdi bat kotxe uzteko lekua dago.

Buenavistatik gora bide ezberdinak jarraitu daitezke, batzuk beste batzuk baino zuzen eta tenteagoak. Guk normalean jarraitzen dugun bidea luzeagoa bada ere erosoagoa da eta ez dut uste, oinen mesedetan, horrenbesteko denbora galtzen denik.

Hurbilketarako jarraitzen den bidea wikiloc web orritik deskargatu nahi baduzue.


Powered by Wikiloc


Aizkorriko Gurutzea - Aitxuri sektorea Zegamatik ikusita. Beltzez kanal nagusiak eta puntu zuriz Aizkorriko gandorra.


Sektore bera Otzaurtetik ikusita. Beltzez kanal nagusiak eta puntu zuriz Aizkorriko gandorra.


1.1. Aizkorriko gurutzeaIralarrainardeako ezker adarretik, irteera zuzena, AD, M3, III+ (2013-12-05).

1.2. Aizkorriko gurutzea - Iralarrainardeako ezker adarretik, irteera zuzena “Kalbarioeta” irteera AD, M4, III-IV (2017-01-22).

1.3. Aizkorriko gurutzeaIralarrainardea eta Sakonaundiren arteko kanaletik, "Couloir" irteera. AD, M3 (2015-02-14). "Couloir" irteera bakarrik hartzen badugu PD zailtasuna dauka.

1.4. Aizkorriko gurutzeaSakonaunditik, II-III, M2 (2018/02/18).

1.5. Aizkorriko gurutzea - Sakonaunditik, "Couloir" irteera, PD (2018/02/25).

1.6. AitxuriSakonaundiren irteera zuzenetik, lezearen bariantea, AD, M3, III-III+ (2018/02/24).

1.7. AitxuriErdiko kanala, M5. Mikel Saez de Urabainek irekia.

2. AKETEGI SEKTOREA

Sektore hau oso bisitatua izan ez arren, irteera gehienak kontzentratzen dituena da, Aketegiko hormatzarrak osatzen duen zirkoak aukera ezberdinak eskalatzeko aukera ematen baitu. Hala ere, irteera gehienetara iristeko jarraitu beharreko kanal nagusiak bi dira: Aketegi Erpineko ezkerrekoa eta Nardagaizto, bai batean nahiz bestean eskalatu daitezkeen konbinaketa ezberdinak barne.

Sektore honetara hurbiltzeko bi aukera ditugu, biak Zegamako tren geralekuan (apeaderoa) hasten direnak: Biderik zuzenenak (baita gogorrenak ere) Zegama-Aizkorri mendi maratoieko kilometro bertikalak jarraitzen duen bide bera jarraitzen du. Honetarako tren geralekutik errepidean behera hasiko gara ezkerrera egiten duen bihurgune nabarmen batera iritsiz. Bihurgunean bertan, basoan sartzen den pista nabaria jarraitzen hasiko gara kilometro bertikalaren puntu gorriak ikusi arte. Puntu hauek jarraituz, Zegama-Aizkorri mendiko maratoiaren 33. kilometro parera iritsiko gara. Hemendik aurrera 20 metro eskas jarraituz Nardagaizto kanalaren hasierara iritsiko gara. 200-250 metro eskas aurrerago jarraitzen badugu aldiz, Aketegiko ezkerreko kanalaren hasierara.

Hurbilketarako jarraitzen den bide hau wikiloc web orritik deskargatu nahi baduzue:


Powered by Wikiloc


Hurbilketarako bigarren aukera, baita luzeagoa ere, Iraule-Arbelaitz sektorera iristeko deskribatutako bidea jarraitzea izango litzateke. Itzubiagako borda eta iturrira iritsitakoan (Zegama-Aizkorri maratoiaren 32garren kilometroa) maratoiaren ibilbidea jarraitzea besterik ez dugu 33garren kilometrora iritsi arte.

Aketegi sektorea Zegamatik ikusita. Beltzez kanal nagusiak eta puntu zuriz Aizkorriko gandorra.

Sektore bera Oazurtza ingurutik ikusita. Beltzez kanal nagusiak.

Aketegi sektoreko irteerak gertuago.

2.1. Aketegiko Hego PuntaKanal zuzena, D?. Mikel Saez de Urabainek irekia.

2.2. Aketegiko Hego Punta“Norbegiar” bidea, M4, IV. (2015-01-02).

2.3. Aketegi Erpina“Bakarka” irteera, M2 (2010-03-06).

2.4. Aketegi Erpina“Babatxiki” irteera, M3, III+ (2010-03-07).

2.5. Aketegi Erpina“Kolpez kolpe” irteera, M3, III+ (2014-03-08).

2.6. Aketegi Erpina“PDM” irteera, III+ (2010-03-19).

2.7. Aketegi Erpina“Txarantsa” irteera, M3, III+ (2012-12-18).

2.8. Aketegi Erpina - "66PH" irteera, AD/M3/III+  (2015-02)

2.9. Aketegi Erpina“Eskirol” irteera, AD- (2012-12-17).

2.10. Aketegi Erpina“2X1” irteera, AD- (2014-03-16).

2.11. Aketegi Erpina“Batida” irteera, AD- (2014-02-23).

2.12. Aketegi Erpina“Bizkaitarren koxkobilok” irteera, M3, III+ (2017-01-21).

2.13. Aketegi Erpina - "Petit Eskirol" irteera, M3, III+ (2017/12/24).

2.14. Aketegi Erpina - "Anaiena" irteera, M3, III+ (2013-12-09).

2.15. Aketegi Erpina“Bloke” irteera, III+ (2010-12-12).

2.16. Aketegi Erpina“Leze” irteera, AD, M3, III+ (2010-02-07).

2.17. Aketegi ErpinaIrteera zuzenetik, AD+/M4/IV+ (2023-03-04).

2.18. Aketegi Erpina"MAT" irteera, AD, M3, III+. (2012-03-10).

2.19. Aketegi (Aketegibekoa)Aketegibekoaren ezker kanala, AD, M3, III+ (2015-03-07).

2.20. Aketegi (Aketegibekoa) - "Akertegi" bidea, 160 m, M5. (2023-02-04)

2.21. Aketegi (Aketegibekoa)“Oublié” kanala, AD, M3, III+ (2017-02-11).

2.22. Aketegi (Aketegibekoa)Aketegibekoaren eskuin kanala, AD, M3, III+ (2012-03-11).

2.23. Aketegi (Aketegibekoa) - "Hire amak baleki" bidea, M6. (2023-02-05)

2.24. Aketegi (Aketegibekoa) - "kaxero zerrau" bidea, 300 m, D/M4+/IV+ (2023-02-11).

2.25. AketegiArbelaitz – Iraule anfiteatroa zeharkatuz, PD+, M2, II-III (2013-12-30).

3. IRAULE – ARBELAITZ SEKTOREA

Azken urteotan Zegamako kilometro bertikalagatik ezagutzen ari den sektorea da, izan ere, Iralarrainardearekin batera Nardasakon izan daiteke egun gehien errepikatzen den kanala. Sektore honetan, Nardasakonetik kanpo, Arbelaitz eta Iraule arteko anfiteatrora iristeko beste kanal interesgarriak eskalatu daitezke.

Nardasakon alde batera utzita, duen ikusgarritasunagatik Irauleko orratzaren kanala izan daiteke sektore honetako irteerarik errepikatuena.

Sektorera iristeko abiapuntua Zegamako tren geralekua da. Bertatik errepidean behera 30 metro eskas egin eta eskuinera doan pista hartuko dugu. Langa bat gurutzatu ondoren pista nabarmena igotzen hasiko gara Itzubiagako borda eta iturrira iritsi arte. Bide hau zuzenago igo daiteken arren, nire ustez modu honetan gozo eta erosoagoa da eta oinek eskertuko dute. Gainera ez da horrenbesteko denbora irabazten.

Hurbilketarako bidea hau wikiloc web gunetik deskargatu nahi baduzue.


Powered by Wikiloc


Iraule - Arbelaitz sektorea Oazurtza ingurutik ikusita. Beltzez kanal nagusiak eta puntu zuriz Aizkorriko gandorra.


Sektore bera Itzubiagatik ikusita.


3.1. IrauleIrauleko orratzaren kanalaren ezker sarrera, M2 (2013-12-06).

3.2. IrauleIrauleko orratzaren kanaleko irteera zuzena, AD+,M4, IV-IV+ (2013-02-23).

3.3. IrauleIrauleko orratzaren kanala, AD, M3, III+ (2010-01-16).

3.4. IrauleIpar hormaren eskalada eta ipar hormaren zeharkaldi "partziala", M3, III+. (2013/01/04)

3.5. Iraule - Ipar hormaren zeharkaldi osoa, M3, III+. (2019/02/09)

3.6. IrauleEskuineko kanala, F (2013-01-04).

3.7. IrauleIraule – Arbelaitz arteko orratzaren ipar horma, M2, II-III (2014-02-22).

3.8. ArbelaitzIpar aurpegiaren zeharkaldia, M4, III+ (2013/12/08).

3.9. ArbelaitzIpar aurpegi beheko faxaren zeharkaldia, M3, III+ (2014-02-09).

3.10. ArbelaitzIpar aurpegitik, M4, III+ (2014-02-16).

3.11. Arbelaitz - Arbelaitzeko Ipar Punta, AD, M3, III+ (2013-12-15).

4. BURNIKURUTZ SEKTOREA

Beharbada sektorerik ezezagunena baita, Aitxurikin batera, bertikaltasun handiena duena ere, ondorioz, bide teknikoenak dituena. Ipar hormak duen bertikaltasuna dela eta, bertan elurra oso egoera onean dagoenean bakarrik eskalatzea gomendatzen dut. Izan ere, urte hauetan guztian, nahiz eta behin baino gehiagotan hurbildu, bide bakarra eskalatzeko aukera izan dugu.

Sektore honetara iristeko abiapuntua Zegamako tren geralekua da baita ere.

Burnikurutz mendiaren ipar horma.


4.1. BurnikurutzIpar aurpegitik, M4, III+ (2011-03-06).

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina