AZKEN 10 SARRERAK

2023/09/21

EGINO, "PLACAS DEL PÁJARO LOCO" SEKTOREA: "LUCA" BIDEA, 160 m, V.


Abuztuak 12. Marta, eta Corrado "Luca bidearen" hasiera adierazten duen plakatxoa jartzen.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

“… ederra izango litzateke maitasun eta apaltasun osoarekin ireki eta garbitu dugun bide xume hau denboraren mugagabetasunean ahaztuta ez geratzea. Hau gerta ez dadin, ezproira eskalatzen iristeko aukera bat begiak jota dugu, "Luca bidea" izan daitekeena. Aldekoak eta kontrakoak neurtu eta bide berri hau gauzatzen badugu, ezproiaren eskalada gehiago errepikatuko dela ziur gaude”. Hitz itxaropentsu hauekin amaitzen da “Luca ezproia" aurkeztu genueneko artikulua. Artikulu berean hau ere irakurri daiteke: “egunen batean gu ez gara Luca gogoratzeko egongo baina, bidea ederra bada eta errepikatzen bada, errepikapen bakoitzarekin bere oroipena mantenduko da”.

Luca gure modura omendu nahi genuen, ehunka bizipen oparitu dizkigun Eginoko harkaitz gris eta bizigabean olerki bizi bat idatziz. Estrofa bat idatzita zegoen jada, baina asebete ez gintuela sentitzen genuen; eta arantza honek bihotzean min eragiten zidan, kantatuko ez den abesti baten lehen estrofa idatzi duenaren modura sentiaraziz. Arantza hau kentzeko olerkia amaitu nahi bagenuen, bi galderari erantzun beharko genien: Posible al da “Luca ezproiaren" oinera eskalatuz iristea? Eta hau ezinezkoa izango balitz: zentzurik al zuen, ederra bazen ere, ziurrenik gutxi eskalatuko zen bide motz bat irekita uztea? Azken galdera honek iritsi nahi ez nuen hausnarketa sakonago batera eraman ninduen: zerk edo nork eramaten ari nau bide hau ireki nahi izatera? Lucak edo isilarazten saiatzen naizen ego berekoiaren barne-ahotsak?

Galdera hauek burua behin eta berriz kolpatu zidaten, mailu temati eta nekaezin bat balira bezala, erantzuna aurkitu nuen arte. Eta mendian aurkitu nuen erantzuna, Eginoko haitzetako batean eserita, udaberriak loratutako lore galkorrei begira, beste ezertan pentsatu gabe nengoen bitartean. Eta loreetatik ikasi nuen lorerik ederrena ere loratzen dela inork gozatuko duen axola gabe. Eta lezio xume honek begiak ireki zizkidan, barruko korapiloak askatu, baita beldurra diodan ego berekoiaren barne-ahotsa isilarazi ere. Eta ondorio honetara iritsi nintzen: ahal genuen lorerik ederrena loratzen saiatuko ginen, ahal genuen olerkirik ederrena idazten, Lucari oparitzeko, beste inongo pretentsiorik gabe.

Falta ziren estrofak idazten jarraitzeko, ezproiaren azpian dauden bi monolitoetara jo genuen lehenik: eskuinekoa, Eginotik begiratuz gero, berehala baztertu genuen, bere oinarrian leze bat izateaz gain sasiz eta huntzez estalia dagoelako. Ezker monolitoan bi aukera aztertu genituen baina ezproiaren eskaladari 25 metro besterik ez gehitzeak zentzu handirik ez zuela erabaki genuen.

Monolitoak baztertuta, hauen eskuinean dagoen hormara zuzendu genuen begirada, horma berean irekitako “El Pájaro Loco” (190 m, IV+/V) eta “Bidearin” (200 m, 6a/+) bideen lerroetatik ezberdindutako hirugarren lerro bat irekitzeko aukera baloratzeko asmoz. Irekitako bi bide hauen lerroak argazki batera eraman eta zurian geratzen zen horma zatia largabistekin goitik behera aztertu genuen:

- Esango nuke badauzkeula beste ehun metro inguru irikitzea - proposatu nion Asierri itxaropentsu.
- Ba probatu gabe ezingo gea geratu – erantzun zidan, bisita sakonago bat egitera proposatuz.
- Hori bai, lehen luzean garbiketa galanta egin beharko deula uste det – ohartarazi nion -, harri suelto asko daunaren susmoa dauket eta.

Susmo hau egi bihurtu zen tamalez eta, horma eskalatu genuen lehen aldian, maiatzeko egun gris batean, lehen luzeak egun askotako garbiketa sakona egitea eskatuko zigula egiaztatu genuen; horren testigu isilak, egingo genituen bisita eta garbiketa bakoitzaren ondoren hormaren oinean pilatuz joan diren tamaina ezberdineko harkaitzak, batzuk oso handiak. 

Bidearen lehenengo eskaladaren argazki bat.

Abuztuaren 12a egun seinalatua izango da beti “Luca bidean”. Egun honetan, Josune, Luca tratatu zuen medikua, bisitan zegoela aprobetxatuz, Martak, Marak eta Corradok Eginon goiza pasatzea eta, bide batez, "Luca bidea" ikustea proposatu ziguten. Zirraraz beteriko lagunarteko topaketa hartan bidearen hasiera adieraziko zuen plakatxoa oparitu genien eta, une hunkigarri batean, Marak, Martak eta Corradok plakatxo hau jarri zuten. Hamahiru egun beranduago, abuztuaren 25an, azken garbiketa egin eta azken paraboltak jarri genituen, olerkia amaitutzat emanez.

Luca omentzeko elkartu ginen lagun taldea.

Azken parabolta jartzen, olerkiaren azken esaldiaren amaierako puntua.

Bidearen istorio labur honekin amaitzeko, irailaren 17an, Asier eta biok bidea bere osotasunean eskalatuko genuen lehen aldiz.

Irailak 17, lehenengo eskalada amaitu ondoren. Egun hunkigarria izan zen hau ere.

“Luca bidea” 160 metro eta lau luzez osatuta geratu da: lehen luzea (45 metro, V) da denetatik zailena eta, Asierrek dioen bezala, luze fin bat da, izaera duena. Sei parabolt eta iltze bat jarrita utzi ditugu bertan, baita harkaitz-zubi batzuk muntatuta ere. Bigarren (30 metro, IV) eta hirugarren (25 metro, IV+) luzeetan harkaitz-plaka eta arrailetako eskaladak tartekatzen dira. Auto-babeserako aukera handia duten arren, hemen ere harkaitz-zubi batzuk muntatuta utzi ditugu, bidea nondik doan adierazteko helburuarekin. Bigarren bilgunea dagoen erlaitz zabala harkaitz-bloke soltez tapizatuta dago, batzuk oso handiak. Harri horietakoren bat soken mugimenduarekin botatzeak izan dezakeen arriskuagatik, ez dugu gomendatzen bi luzeak luze bakarrean eskalatzea. Hirugarren luzearen amaieran dagoen harkaitz-plakaren itsasgarritasunezko pasagunea segurtatzeko parabolt bat jarrita utzi dugu. Laugarren (30  m, V) eta bosgarren (30 m, V) luzeak, “Luca ezproia” eskalatzen dute. Laugarren luzearen oinean “Luca” idatzita duen beste plakatxo bat jarrita utzi dugu, luzearen abiapuntua adierazteko. Azken bi luze hauetan parabolt bat eta bi iltze jarrita utzi ditugu, baita harkaitz-zubi batzuk muntatuta ere.

Hiru hilabetetan zehar euripean eta eguzkipean pasatako orduak luzeak eta neketsuak izan dira, baita ugariak beso eta eskuetan sendatutako zauri eta kolpeak ere, hori ezin dut ukatu. Baina, egiari zor, sokatik zintzilik pasa dugun une bakoitza irribarre batekin bizi izan dugu eta harkaitzezko olerki hau osatzen duten lau estrofetako hitz bakoitza maitasun eta errespetu osoz idazten saiatu gara. Norbaitek irakurriko du? Lucak badakigu baietz, baita Marak, Corradok, Martak eta guk ere. Hortik aurrera, udaberriko lore ederretatik ikasi nuen bezala, bost axola, denborak esango duenaren menpe geratuko da.

Hasieran lehen une bat, erlojua martxan jartzen duen segundu bat, iluntasuna desegiten duen irudi bat, isiltasuna apurtzen duen ahots bat. Eta hainbat une, segundu, irudi eta ahotsen ondoren, amaieran isiltasunera daraman ahots bat, iluntasunaren aurreko irudi bat, erlojua geldituko duen segundu bat, azken une bat. Horrelakoa da bizitza, horrelakoa izan da bide hau ere.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 160 metro.
- Luze kopurua: 5.
- Nork irekia: Asier Izagirrek eta Xabi “Smithy” Mujikak, 2023eko abuztuaren 25an.
- Zailtasuna: V. Luzez luze: 1º: V (45m), 2º luzea: IV (30 m), 3L: IV+ (25 m), 4ºL: V (30 m) eta 5ºL: V (30 m). Laugarren luzera iristeko 50 metro ibili beharko ditugu.
- Orientazioa: Hegoaldea. Lehenengo luzea goizean itzalpean dago (mendebaldeko orientazioa dauka), azkeneko bi luzeak aldiz, arratsaldean (“barraskiloen gandorrak” itzala ematen dielako).
- Ura: Abiapuntuaren arabera, Eginon edo La Lezen dagoen iturrian.
- Hurbilketa: “Barraskiloen gandorrera” doan bide bera jarraitu beharko dugu. Gandorra azpitik zeharkatu eta honen eskuinetik doan bidexka batetik metro batzuetan igoko gara, eskuinean dugun hormara hurbilduz. Hormaren oinean, hurritz batzuen itzalpean, bidearen hasiera topatuko dugu.
- Jaitsiera: Abiapuntuaren arabera, La Lezera jaisten den ohiko bidetik edo “Aztorea” eta “Usoa”-ren artean jaisten den bidetik. Bigarren aukera hau hartuz gero, kontutan izan beharko dugu babestutako espezien habiagintzagatik bertatik jaistea debekatuta dagoela apirilak 1 eta abuztuak 31 artean. Eginotik jaitsi ahal izateko bideen deskribapena eta "track"-ak jaisteko aukera hemen duzue.
- Eramandako materiala: Gutxienez 50 metro duen soka edo sokak, 15-16 express-zinta, Totem eta artaka-trabagailu sorta bat eta zinta-uztaiak harkaitz-zubietatik pasatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: bi ordu eta erdi.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak gorriz. Argazkian ondoan dituen beste eskalada-bideak ikusi daitezke. Puntu zuriz, oinezko tarteak.

Lehenengo hiru luzeetako krokis zehatza.

Azken bi luzeetako ("Luca ezproia") krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

15-16 express-zinta eramatea gomendatzen badugu ere (guztiak ziurrenik lehen luzean erabiliko ditugu) eta gomendio hau gehiegizkoa dirudien arren ez zaitezte engainatu. “Luca bidea” ez da kirol-eskalada estiloan ekipatu dugun bidea eta utzi ditugun aseguruen arteko tartea orokorrean ez da motza. Horrez gain, estilo honetako eskalada-bide ireki berriekin gertatzen den bezala, nahiz eta garbiketa sakona egin dugun, agian harri edo harkaitz ezengokorren bat aurkitu daiteke oraindik. Zailtasun maila bidea hainbat alditan eskalatu ondoren ezarri dugu, eskaladaren mugimenduak nola egin eta heldulekuak gutxi gora behera non dauden jakinda. Bidea errepikatzen den heinean ikusiko da guk proposatutako zailtasun maila berresten den.

Hiru hilabetetan burutu ditugun eskalada guztien bizipenak kontaketa bakarrean jasotzeko ahalmenik ez dudanez, luzeen deskribapen hotz eta zehatz bat besterik ez dut egingo. Argazki gehienak irailaren 17an egin genuen lehen eskaladakoak dira.

- Lehenengo luzea, 45 metro, V. Helduleku onak dituen harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatzen hasiko gara. Lehen metro hauetako pasagunerik zailena harkaitz-plakaren gaineko erlaitz inklinatura igotzea da (IV, parabolt 1 eta harkaitz-zubi bat). Erlaitz lurkara honen ezkerretik eskalatzen jarraituko dugu bigarren harkaitz-zubi batera arte (IV).

Bigarren harkaitz-zubiaren parean.

Harkaitz-zubiaren ezkerrean dagoen harkaitzera igo eta berriro ere zuzen eskalatzen jarraituko dugu harkaitz trinkoa duen horma bertikal batetik, arte nabarmen bat 2-3 metro ezkerrera utziz (IV+, parabolt 1). Horma honen eskuinaldean erlaitz txiki bat aurkituko dugu atseden hartzeko. Hormaren goiko ertzean dauden helduleku onetan eskuak sartuz, eskuinetik ezkerrera diagonalean 5-6 metroko zeharkaldi bat egin (V-, 2 parabolt) eta zuzen eskalatzen jarraituko dugu, erlaitz txiki eta lurkara batera arte (IV, harkaitz-zubi bat). Erlaitz-txiki honetatik aurrera, horma bertikal bihurtzen da eta harkaitza azpitik dirudiena baino sendoagoa da.

Helduleku onak dituen tarte baten ondoren (IV+, 2 harkaitz-zubi) iltze baten parera iritsiko gara. Iltzetik aurrera zertxobait estutu beharko dugu eta, heldulekuak gutxitzen direla dirudien arren, batera eta bestera mugituz gero aurkituko ditugu. Sabai txiki baten ezkerrean dagoen harkaitz-zubi batera iritsi (V, tartean parabolt 1) eta sabaitxo hau eskuinetik saihestuko dugu (V). Hemendik aurrera hormak bertikaltasuna zertxobait galtzen du eta eskuin joerarekin eskalatzen jarraituko dugu kordel batekin muntatutako harkaitz-zubi txiki batera arte (IV+, tartean parabolt 1). Harkaitz-zubi txiki honen gainean dagoen arrail bertikala eskalatuko dugu erlaitz txiki batera igoz (IV, harkaitz-zubi bat goian). Behin erlaitz txiki honetara igota, ezkerrean dagoen zuhaitz hil handira zuzenduko gara, ezker aldera 12-15 metroko zeharkaldi diagonal bat eginez (II+, harkaitz-zubi bat zeharkaldiaren amaieran).

Asier zeharkaldiaren amaierara iristen.

Zuhaitz hil honen eskuinean, harri txikiz tapizatutako erlaitz eroso batean, soka batekin muntatutako bilgunea topatuko dugu. Bilgunea friend-ekin indartzeko aukera dauka.

Lehenengo bilgunea, atzean hildako zuhaitz nabarmena ikusi daiteke.

- Bigarren luzea, 30 metro, IV. Bilgunearen eskuinetik irten eta piskanaka eskuin joerarekin eskalatuko dugu, arrail bat duen diedro itxurako hormatxo bertikal batera zuzenduz (III).

Diedrotxoaren azpian.

Diedrotxo hau eskalatu (IV), erlaitz txiki batera igo eta bertatik ezker aldera doan arrail inklinatu baten amaiera arte eskalatuko dugu (III+).

Erlaitz txikira iristen.

Arraila amaitzen den lekutik lehen metroan ur-tantak dituen harkaitz-plaka tentea eskalatzen jarraituko dugu, erlaitz txiki batera igoz (IV).

Harkaitz-plaka tentearen amaieran.

Erlaitzetik aurrera, harkaitz-plaka bitan erdibitzen duen arrail nabarmena eskalatuko dugu (bi harkaitz-zubi, auto-babeserako aukera onak) harkaitz soltez tapizatutako erlaitz zabal batera iritsiz (III+).

Harkaitz-plaka bitan banatzen duen arrail nabarmenean. Argazkian bigarren bilgunea muntatuta dagoen erlaitzean dauden harkaitz bloke solteak ikusi daitezke.

Bertan dagoen harkaitz handietako bat ez botatzeko, gomendagarriena da erlaitzera bere ezkerretik igotzea. Harkaitz-zubi batean soka batez muntatutako bilgunea parean dugun harkaitz-plaka handiaren ezkerrean dago, hurritz baten ondoan.

Bigarren bilgunera iristen. Hobe da erlaitzrea ezker aldetik igotzea.

- Hirugarren luzea, 25 metro, IV+. Harkaitz-plakaren ezkerretik doan arrail inklinatu eta nabarmena bere osotasunean eskalatuko dugu (III/III+, hiru harkaitz-zubi).

Bigarren bilgunea arrailaren lehen metroak eskalatu ondoren.

Arrailaren amaieratik, arte batzuen ondotik doan horma tente eta zurixka eskalatuko dugu, helduleku onak dituena (III+).

Arrail inklinatuaren amaierara iristen, horma zurxka eskalatzen hasi aurretik.

Arteak amaitzen diren lekuan itsasgarritasunezko pasagune erraz bat duen harkaitz-plaka tente bat eskalatu eta sabai txiki batera iritsiko gara (IV).

Oharra: Sabai honetara orain arte eskuinera utzi dugun harkaitz-plaka nabarmenaren erditik eskalatuz ere iritsi daiteke; izan ere, hirugarren luzea lehen aldiz bertatik eskalatu genuen. Baina, “Bidearin” bidea oso gertu doanez, bide honekiko errespetuagatik, azkenean hirugarren luzea harkaitz-plakaren ezkerretik bideratzea erabaki genuen. Bigarren aukera hau hartuz gero, harkaitz-plaka honetan auto-babeserako aukera handiak daude eta zailtasunari dagokionez IV inguruan dago.

Sabaia eskalatuta, luzeari zailtasuna ematen dion itsasgarritasunezko pasagune pare bat dituen harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatu ondoren (IV+, parabolt 1), bilgunera iritsiko gara, soka batekin lotutako bi harkaitz-zubiz osatuta. Itsasgarritasunezko azken pasagune hau harkaitz-plakaren ezkerrean dagoen erlaitz txiki batera igo eta bertatik eskalatzen jarraituz saihestu daiteke (IV).

Bilgunera iritsi aurreko itsasgarritasunezko pasagunera iristen. Argazkian parabolta ikusi daiteke.

Hirugarren bilgunea.

Laugarren luzea osatzen duen "Luca ezproiaren" oinera iristeko galtzeko arriskurik ez dago, ezproia denbora osoan begi-bistan izango dugulako. Bilgunetik metro batzuk oinez igo eta piskanaka ezker aldera desbideratuko gara oso nabarmena ez den xenda bat jarraituz. Ezproira iristea ez da teknikoki zaila baina arretaz ibili beharreko pasagune pare bat daude. 40-45 metro inguruko ibilaldiaren ondoren ezproiaren oinean jarritako plakatxora iritsiko gara.

- Laugarren (30 m, V) eta bosgarren (30 m, V) luzeak, “Luca ezproia”. Luze honen inguruko zehaztasunak hemen irakurri ditzazkezue.

"Luca ezproia" eta bertako bi luzeen nondik norakoak alde batetik ikusita. Ezproia azpitik dirudiena baino bertikalagoa da.

Laugarren luzearen lehen metroetan. Luzearen hasieran "Luca" izena duen bigarren plakatxo bat jarri dugu.

Laugarren luzearen lehen harkaitz-plaka eskalatzen (V). Bertan, luze osoko parabolt bakarra topatuko dugu.

Laugarren luzeko bigarren harkaitz-plaka (V) eskalatzen hasteko prest. Honen gainean bi paraboltekin bilgune bat muntatuta utzi dugu.

Bosgarren luzearen azken metroetan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina