AZKEN 10 SARRERAK

2020/07/13

EGINO, "DOÑA EUSEBIA" HORMA: "BARRASKILOEN GANDORRA" ("ARISTA DE LOS CARACOLES") IRTEERA ORIGINALETIK, 190 m, IV+/V. 2020/07/03

Bidearen amaieran dagoen bilgune zaharra...


Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.

Urteak pasa ahala blogean gure abenturak kontatzeko modua aldatuz joan naiz. Ez dakit "eboluzioa" hitzik egokiena izango litzateken baina kronikak eboluzionatuz joan direla esatera ausartuko nintzateke. Lehenengo eskalada-kroniketan eskaladaren deskribapen hutsa, hotza beharbada, egiten nuen, bizipenak alde batera utzita. Urteak pasa ziren eta bizipenei pisu handiagoa eman nien , deskribapen eta bizipenen arteko balantza parekatuz. Azken bizpahiru urteetan aldiz, bizipenak dira pisu handiena hartu dutena eta eskalada bizipen eta emozioen ikuspegitik deskribatzen saiatzen naiz. Honetan guztian adinak ere eragina izango du, noski. Denboraren legea da eta, nahi ala ez, agerikoa da zahartzen hasita nagoela. Honekin ez dut esan nahi zaharra naizenik, ez eta gutxiagorik ere jejeje, baina gauzak bizi eta kontatzeko modua asko aldatu dut. Gizakioi aurresuposatzen zaigun eboluzioaren ondorioa ote?

Goian azaldutakoaren adibide garbia kronika hau idazteko garaian ikusi dut. Hirugarren aldia da gandor hau eskalatzen dudala. Hiru eskalada ezberdin hiru garai ezberdinetan edo eskalada bera hiru modu ezberdinetan kontatua, bakoitza bere modura, bakoitza bere bizipenekin.

- Arista de los caracoleseko azken luzen eskubin badau diedro bat aspalditik probatzeko gogoa dauketena...

Asierrek aspaldi zuen diedro hura begiak jota. Arraroa iruditzen zitzaion diedroa hain nabarmena izanda "Barraskiloen gandorra"-ren azken luzea bertatik ez joatea. Aitzitik, gandor honetako ohiko azken luzeak diedroaren ezkerrean dagoen harkaitz-plaka batean jarritako parabolt lerroa jarraitzen du. Enigma honen erantzuna Vicente Peralesen "Eguino: Paseos en vertical" liburuko (1981 urtekoa) krokis batean topatu nuen. Krokis hau erreferentzi bezala hartzen bada, "arista de los caracoles" gandorraren azken luzea diedrotik doa, ez egun doan lekutik, beraz, pentsatu dezakegu gandorraren irteera originala diedrokoa izan zela.

Vicente Peralesen "Eguino: paseos en vertical" liburuko krokisa. Ikusten denez, irteera originala diedro/tximiniatik doa. Argazkia internetetik hartuta dago, hemendik hain zuzen ere.


Duela urte pare bat saiakera bat egin genuen baina, gandorra eskalatzeko prest ginela, euria hasi zuen eta Eginora bizi-bizi eta blai eginda itzuli behar izan genuen. Uztaileko lehen ostiraleko bigarren saiakera hau lehenengo horren jarraipen bezala kontsideratu dezakegu...

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 190 metro.
- Luze kopurua: 5, 60 metroetako sokekin joaten bada. 50 metroetako sokarekin joan ginenez, 6 luzeetan eskalatu genuen.
- Nork irekia: Ez dut honen inguruko daturik topatu.
- Zailtasuna: IV+/V. Luzez-luze: 1ºL: III (30 m), 2ºL: IV (55 m), 3ºL: III+ (55 m), 4ºL: III+ (25 m) eta 5ºL: IV+/V (25 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Egino edo La Lezeko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa eta Jaitsiera: La Lezetik edo Eginotik egin daiteke, baina gandor hau eskalatzeko hurbilketa eta jaitsiera motzena La Lezen hasi eta amaitzen dena da. Honen inguruko informazio osoa hemen irakurri dezakezue.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Totem eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu eta erdi pasatxo.

OHARRA

Eginotik abiatzen bagara, jakin apirilak 1 eta abuztuak 31 artean "Usoa" eta "Aztorea" monolitoen arteko bidetik babestutako espezien habiagintzagatik ibiltzea (baita monolito hauetako eskalada ere) debekatuta dagoela. Eginora itzultzeko kronika honetan azaldutako bideak jarraitu beharko digutu.

Eskalada eta sarbidea debekatzen duen kartela. Debekatutako eremua "Usoa" eta "Aztorea" eremuetara mugatzen da.


BIDEAREN KROKISA

Bidearen krokis zehatza. Bilguneen kokalekuak 60 metroetako sokekin eskalatzeko jarriak daude, lehenengo luzean ezik, beste guztiak parabolt batez gutxienez muntatuta daudelako. Dena den, gandorrak bilgune gehiago muntatzeko aukera ematen du. Eskuinean, "Placas del Pájaro Loco" bidea (195 m, V), erdi ahaztua dagoen bide eder bat, batez ere lehen luzea ekiditen badugu.


DESKRIBAPENA

Gezurra badirudi ere, bakea eta bakardadea izan zen La Lezera iritsi ginenean sentitu genuen sentsazioa. Ez zen gutxiagorako, gure kotxea izan baitzen bertara iristen lehena. Bakarren batek hala pentsatu badu, ez nabil txantxetan, kontua da ostiral goiza zela, batzuentzat laneguna, beste batzuentzat goizegi beharbada.

- Lurre bustie dau. - esan nion Asierri kotxetik jaitsi nintzenean.

Zerua gris zegoen nahiz eta haize fin batek hodeiak haitzetatik tiraka eraman nahian ibili. Belarrak gauean zehar botatako ekaitzaren hezetasunak utzitako perla urtsuak astindu gabe zituen oraindik, laztanik leunenaren eraginez ere lurrera malkoen moduan eroriz.  

- Ea arroka sekoa daun... - erantzun zidan motxila bizkarrean hartuz - internetek gutxiñez eztu ebiik ematen.

Hiru ordu laurden beranduago, oinak eta motxilak blai, gandorraren eskalada hasten den lekura iritsi ginen:

- Harkaitze eztu ematen oso bustie daunik. - esan nion Asierri, eskuekin kareharria ukitzen nuen bitartean.
- Igotzen gean heiñen gehio sekatzen jungoala pentsatzet.

Gehiago ez bustitzeko ahalik eta mugimendu gutxienekin materiala prestatu, zapatila eta galtzerdi bustiak motxilan gorde eta katu oinak ez bustitzeko alperrikako mugimendu batzuk egin ondoren eskalatzen hasi nintzen. Azken unean haizearen aurkako txamarra motxilan uztea erabaki nuen, eguzkipean eskalatuko genuenaren itxaropenez.

- Lehenengo luzea, 30 metro, III. Irrist egitearen beldurrez, arrautzak zapaltzen ariko banintz bezala, gandorrera igo arteko hormatxo txikia kontu handiz eskalatu nuen (II+). Ertzetik metro batzuk eskalatu ondoren, gandorraren lehen ezproiarekin topo egin nuen: azpitik dirudiena baino errazagoa den ezproi txiki eta bertikal bat. Ezproi honek helduleku oso onak ditu, baita friend-ak trabatzeko arrailak ere. Totem bat ahal izan nuen lekurik altuenean trabatu ondoren, ezproia bere ezkerretik zailtasunik gabe eskalatu nuen.

- Hemen harkaitze lehorra daula emateo. - bota nion Asierri ezproi txikiaren gainetik.

Lehen ezproi txikiaren gainean. Soka ezproiaren erditik badoa ere, nik ezkerretik eskalatu nuen.


Lehen ezproia eskalatuta, gandorraren ertzetik metro batzuetan jarraitu nuen bigarren ezproiarekin topo egin nuen arte. Gandorra eskalatu nuen lehen aldian, lehen luzea, bigarren ezproi txiki honen azpian amaitzen den diedrotxo bat eskalatuz hasi ginen, gandorraren eskalada gorago hasiz. Diedrotxo honen oinean iltze zahar bat dago eta zailtasunari dagokionez III zailtasunaren inguruan dago. Aukera hau ere interesgarria izan daiteke.

Lehen luzean eskalatzen den diedroa, gandorra eskalatzen hasteko gorago dagoen aukera hartzen bada. Diedro honetan iltze zahar bat topatuko dugu. Argazkia 2009koa da.


Aurreko bi eskaladetan ezproia ertzetik eskalatu bagenuen ere, oraingoan ezproia begetazioak "hartuegi" zuela iruditu zitzaidan eta ez nuen batere gogorik lehortzen hasita nituen katu-oinak berriro ere bustitzeko. Ezproia eskuinetik saihestu eta bertan dagoen harkaitz-plaka etzana eskalatuz (II+), bigarren luzeko harkaitz-plaka inklinatuaren oinera iritsi nintzen, lehen bilgunea artaka-trabagailu bat eta Totem baten laguntzarekin muntatuz.

0 bilgunea lehen bilgunetik ikusita. Argazkiaren lehen planoan bigarren ezproia begetazioak nola hartu duen ikusi daiteke.


Asierrek ere zuhurtziaz eskalatu zuen, ez luzeak duen zailtasunagatik, katu oinak ahalik eta gutxien bustitzeko baizik. Bere ibiltzeko moduak Jack Nicholson "As good as it gets" filmean espaloiko pitzadurak ez zapaltzeko zuena gogoratu zidan, kasu honetan harkaitz lehorra bakarrik zapalduz. Bilgunera iristearekin batera eguzkiaren lehen izpien goxotasuna sentitzen hasi nintzen, ordura arte sentitutako hotza astindu zidana:

- Nik oaingoz manga luzetan ondo nijo. - esan zidan Asierrek materiala hartzen zidan bitartean.

- Bigarren luzea, 45 metro inguru, IV. 50 metroetako sokarekin joanda bagenekien ez ginela bigarren bilgune "ofizialera" (krokisean azaltzen dena) iritsiko. Asier bilgunetik atera eta, harkaitz-plakan dagoen paraboltetik aseguratu ondoren, zuzen eskalatuz jarraitu zuen (IV).

Parabolta atzean utzi ondoren, Totem bat trabatzeko lekuaren bila.


Hasierako harkaitz-plaka inklinatua eskalatuta, Asierrek ezkerrerako joerarekin eskalatzen jarraitu zuen, lasai baina gelditu gabe. Hasiera batean "iltze" (zerbait esateagatik) zahar bat duen harkaitz-plaka etzan (III) bat eta honen ondoren beste iltze zahar bat duen harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatu zituen. 7-8 metro eskas soka gelditzen zirela talkie-tik esan nionean, hirugarren luzea hasiko genuen sabaiaren azpian bilgunea muntatzea erabaki zuen, parabolt bat eta aspalditik trabatutako artaka-trabagailu bat aprobetxatuz.

Bigarren bilgunea. Kolokan badago ere, alferrikakoa da artaka-trabagailua ateratzen saiatzea, bertan gutxienez sei urte daramatza eta.


Eskaladan erabat kontzentratua, arreta osoa esku, oinetan eta harkaitzaren zimurretan jarriz, luze erraz honi ahal izan nuen zukurik handiena atera nion. Konturatu nintzenerako Asier begi-bistan nuen. 

Bigarren bilgunea harkaitz-plaka etzanaren amaieratik ikusita.


Harkaitz-plaka etzanaren amaieran dagoen "iltze" zaharra.


Harkaitz-plaka etzanaren amaieran dagoen "iltzeari" argazkia egin ondoren, bilgunera iritsi aurreko harkaitz-plaka inklinatua berriro ere kontzentrazio osoz eta harkaitzaren epeltasuna ahalik eta gehien atzeman nahian eskalatu nuen, harkaitzak bero moduan jariatzen duen energia hori xurgatu nahiko banu bezala.

Bigarren harkaitz-plaka inklinatuaren lehen metroetan. Bigarren iltzearen kokalekua ikusi daiteke.


Bigarren iltzea bilgunera iritsi aurretik.


- Dudatan neon sokakin goraño iritsiko nintzen ala ez - esan zidan Asierrek bilgunera iritsi nintzenean.
- Ezetz esango nuke - erantzun nion goien genuen diedro/tximinia seinalatuz - goiko diedro horrek zortzi metro baño gehio izangoittu.

- Hirugarren luzea, 12 metro inguru, IV. Luze hau motza egin genuen, duela hamaika urte egin genuen bezala. Bilgunearen gaineko sabaiaren ezkerrean dagoen diedroa eskalatuz igotzen da. Orain arteko kontzentrazioa galdu gabe, sabaiaren oinera arte hurbildu nintzen.

Diedroa bertikala da eta, lehen metroetan behintzat, zertxobait makurtua dagoela ere esango nuke. Dena den, heldulekuak primerakoak ditu eta, hau gutxi ez bada, makurtzen den pasagunea parabolt batek babesten du. Helduleku ederrak topatzeko pazientzia eta arnasa hartuz, gorputza diedroan altxatu eta paraboltetik aseguratu ondoren eskalatzen jarraitu nuen.

- Hemendio aurrea errexagoa da, baña bazpare, friend-ekin jolasteko, bakarren bat sartukoet.

Diedroaren erditik auto-babesa praktikatzeko arrail eder bat doa. Bertan pare bat Totem trabatuz diedro osoa eskalatu (IV) eta gandorraren ertzean, erlaitz eroso batean dagoen bi paraboltez muntatutako bilgunera iritsi nintzen.

Diedrotik ateratzen.


Hirugarren bilgunea.


Asier berehala iritsi bazen ere, etorri bitartean eguzkia laino handi batek ezkutatu eta haize hotz bat nagusitzen hasi zen, orain arte gorputzean nuen berotasuna galdu araziz.

- Joer, hau da hotzaaa!!! Ia pajarillo gelditu naiz.
- Bai, tenperatura asko jaitxi da...

Hirugarren bilgunera iristen.


Eskalatzen jarraitu aurretik bilgunean tarte bat hartu genuen, Asierrek txalekoa eta nik haizearen kontrako txamarra janzteko.

- Ustet oaingo luzea nahiko luzea dela - esan zidan. - 60 metro inguru eo...
- Lasai eskalatu - erantzun nion - ta ensanblen atea behar badet abisaukoizut.

- Laugarren bilgunea, 50 metro, III+. Hurrengo bi luzeek gandorraren ertzetik doaz ia denbora osoan eta bide okerrik hartzeko arriskurik ez dago.

Biok gehiago hoztu aurretik, Asier bilgunetik atera eta gandorraren lehen metro inklinatuak berehala eskalatu zituen, gandorra etzaten den lekuan dagoen harkaitz-zubi batean luzeko lehen asegurua jarriz (II+).

Lehen asegurua jartzen.


Erdi oinez pasatzen den tarte horizontal baten ondoren, gandorraren hirugarren ezproia eskalatzen hasi zen, likenak kolore horixka ematen dion ezproi berezia.

Hirugarren ezproia eskalatzen.


Ezproia parabolt batez aseguratua dago eta tentea bada ere helduleku ederrak ditu. Asierrek ezproitik atera aurretik Totem bat trabatu eta azken metroak zailtasunik gabe eskalatu zituen (III+).

Ezproiaren gainean.


Ezproiaren tontorretik hirugarren bilgunera egindako argazkia, luzea bere osotasunean ikusi daiteke.


- Asier, 4-5 metro geldittukoie, gehio ez... - ohartarazi nion talkie-tik.
- Bale, ea reunioa montatzeko lekun bat topatzeten...

Bilgunea muntatzeko leku apropos baten bila, Asierrek metroak pixkanaka irabazi zituen. Bilgunea desmuntatu eta "ensanble" moduan ateratzear nengoela "Reunión!!!!" entzun nuen talkie-tik. Metro batzuk oinez egin ondoren, Asierrek harkaitz batean iltze bat topatua zuen. Iltzea harkaitz-zubi eta Totem batekin indartuz bilgunea muntatu zuen. Bilgunea 2013an muntatu genuen leku berean muntatu zuela esango nuke, harkaitz-bloke handi baten eskuinean.

Laugarren bilgunea.


Gandor horizontaleetan aurretik joatea nahiago izaten dut. Sokarekin lotuta ibiltzea segurua bada ere, sokak arnesean ematen dituen tiraldiek batzuetan oreka galdu arazi izan didate. Oraingoan, nahiz eta Asierrek soka kontu handiz jaso, gandorra etzana den zatia kontu handiz pasa nuen, harkaitzari bi eskuekin helduz. Ezproian aldiz ez nuen inongo zailtasunik izan eta, kontzentrazio osoko egoerara itzulita erraztasunez eskalatu nuen, bilgunera arazorik gabe iritsiz.

Laugarren bilgunean.


- Bosgarren luzea, 25 metro, III+. Bosgarren luzearekin gandorraren berezko eskalada amaitzen da. Bilgunetik atera eta, erdi-oinez lehen bost metro inguruak eginak nituenean 60 metroetako sokak izanez gero iritsiko gineneko bilgunera iritsi nintzen, uztaidun parabolt batez osatutakoa.

Laugarren bilgunea uztaidun parabolta dagoen lekutik ikusita.


Uztaidun paraboltetik aurrera gandorra tentetzen doa, laugarren ezproira zuzenduz. Hirugarren ezproiarekin gertatzen den moduan, metroak eskalatzen diren heinean ezproia tentetuz doa eta, hirugarren ezproiarekin gertatzen den moduan, ezproi honetako eskalada ere parabolt batez babestua dago.

Laugarren ezproia eskalatzen.


Asierrek hirugarren ezproian egin zuen moduan, laugarren ezproia eskalatu aurretik Totem bat trabatu nuen azken pasagunea aseguratzeko asmotan. Sentsazio gutxi daude arimarentzat hain betegarriak direnak, buruak inolako distrakziorik izan gabe modu jariakorrean eskalatzea baino. Sentsazio atsegin eta lasaigarri hau aspaldi sentitu gabe nengoen. Honelakoetan ez dira kezkak existitzen, ez da denbora existitzen ezta min fisiko nahiz psikologikoa ere, oraina besterik ez. Meditazioa praktikatzerakoan sentitu daiteken sentsazio paretsua izan daitekeela esango nuke.

Totem egokiaren bila.


Ezproia eskalatuta, dozena erdi bat metro pasatxo oinez egin ondoren, uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi nintzen.

Ezproiaren gainetik laugarren bilgunera egindako argazkia.


Aurreko argazkia egindako leku beretik bilgune muntatuta dagoen lekura egindako argazkia. Puntu zuriz, gandorraren ohiko irteera, paraboltez babestua dagoena. Puntu gorriz aldiz, gandorraren irteera originalaren lehen metroak.


Asier arin iritsi zen, azken luzea eskalatzeko gogo biziz.

- Hemendio goiko fisura hoi oso tentea emateo.
- Probau inbeharko deu ta ezin badeu eskalau goitio rapela iñez materiala rekuperauko deu. - erantzun zidan materiala lasai-lasai hartzen zidan bitartean,

Bosgarren bilgunean irteerari begira.


- Seigarren luzea, 25 metro, IV+/V. "Berotzeko" 165 metro eskalatu ondoren, gaurko helburua lortzeko saiakeraren atarian geunden. Asier konfidantza osoz ikusten nuen eta motxilatik luze honetarako bereziki ekarritako 3 eta 4 zenbakietako Camalot-ak atera eta arnesetik kontu handiz zintzilikatu zituenean eskalatzen hasi zen.

Bilgunetik gora zuzen eskalatzen hasi eta belar lerro batek bitan banatzen dituen harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatu zuen, organo hodi nabarmen pare bat dituen harkaitz-plaka tente baten oinera iritsiz. Bertan, harkaitz-zubi bat aprobetxatuz, luzearen lehen asegurua jarri zuen. Lehen metro hauek kontu handiz eskalatu zituen (III), belarra oraindik ere hezea zegoelako.

Harkaitz-plaka inklinatuaren amaieran.


Gero ikusiko nuen bezala, organo hodiak dituen harkaitz-plaka azpitik dirudiena baino tenteagoa da. Asierrek zuzenean eskalatzeko aukera baloratu ondoren, eskuinean dagoen zuhaixkara hurbildu eta, honen gainetik, eskuin noranzkoan eskalatuz, harkaitz-plaka eskalatu zuen (IV).

Harkaitz-plaka tentearen gainean.


- Zuzenen kanalizotik eskalatzeko gaizki? - galdetu nion.
- Tentea da ta heldulekuik eztek ikusi. - erantzun zidan - igual gero igotzen zeanen saiau ea zemuzkoa den.

Lehenengo asegurua oso behean gelditu zela eta eskalada teknikoena hastear zegoela ikusita, eskuin horman dagoen arrail nabarmenera zuzendu eta ahal izan zuen punturik altuenean Totem bat sendo trabatzea lortu zuen (IV).

Arrail bertikalaren oinean zegoen. Lehen metroak eskalatzen hasi zenean bat batean gelditu zen:

- Hemen iltze zahar bat dau!! - oihukatu zidan. - Baña eztu seguridade haundik ematen.

Iltzea dagoen lekuan. Puntu zuriz, ohiko irteeraren nondik norakoak.


Iltzetik badaezpada express-zinta eta soka pasatu, metro bat gehiago eskalatu eta, arrail nabarmenean, ahal izan zuen punturik altuenean, 3 zenbakiko Camalot-a trabatu zuen.

Camalot-aren bila.


Gertuago...


- Oain bai, "a cañón" sartuta geldittua - esan zidan Camalot-etik sendo tira egin zuenean - iltzek baño konfiantza gehio emateit.

Diedroaren zailtasun handienaren azpian zegoen, zertxobait makurtua dauden 2-3 metroen azpian. Baina makurtua egon arren helduleku oso onak ditu. Hauetatik tira eginez, gorputza altxatu eta metro makurtu hauek erraztasun osoz eskalatu zituen, pasagunearen irteeran dagoen arrail zabal eta nabarmenaren gainetik geldituz (IV+/V).

Pasagune makurtua eskalatu ondoren, Asierren oinen azpian arrail zabala ikusi daiteke, 4 zenbakiko Camalot-a trabatu daitekeena.


Pasagune hau erraz eskalatu bazuen ere, harritu ninduen bertako arrail nabarmenean 4 zenbakiko Camalot-a ez trabatzea, baina pasagunea eskalatu zuen erraztasuna ikusita beharrik ikusi ez zuela iruditu zitzaidan. Pasagunetik erabat atera aurretik, gainetik jarraitzen duen arrail bertikalean Totem bat trabatuz eskalatzen jarraitu zuen.

Totem-a trabatzen.


Pasagunearen gainetik arraila estutzen bada ere, friend-ak oso ondo trabatu daitezke eta oin eta eskuentzat dauden heldulekuak onak dira. 3-4 metro gehiago eskalatu ondoren beste Totem bat trabatu eta, arrailak eskuineko noranzkoa hartzen duen lekuan eskalada gelditu zuen, zein bide jarraitu behar zuen erabakitzen ariko balitz bezala. Segundo batzuen ondoren, arraila amaiera arte eskalatzen jarraitu zuen.

Azkeneko 3-4 metroak izan ziren Asierri gehien kostatu zitzaizkionak. Arraila uste zuena baino zailtasun handiagoz eskalatuz, hormak osatzen duen zeruertzera igo zen.

Luzea eskalatu ondoren. Soka jarraituz eskalatzeko jarraitutako bidea nondik doan ikusi daiteke.


- Azken zati hontan zertxobait estutuet. - esan zidan bilgunea muntatu zuenean.
- Ze emateiozu?
- Eztakit, kinto ingurun daula esango nuke...

Azken luzea eskalatzeko prest.


Azken luzea lasai hartu nuen. Hasierako harkaitz-plaka tentea eskalatu ondoren, Asierrek trabatutako lehen Totem-a berreskuratu eta ezkerrera zeharkaldi bat egin nuen arraila bere osotasunean eskalatzen hasteko. Ezker oina arrailaren hasieran zegoen harkaitz handi batera pasa bezain pronto, kolokan zegoela ikusi nuen.

BROOMM!!!

- Lasai Asier, kolokan zeon harkaitz haundi bat nahita botaet!!! - Oihukatu nion arrailaren hasieratik.

Harkaitza amiltzen zen bitartean, aireak sufre usain berezi bat hartu zuen. Harkaitzak utzitako lekuan zutik jarri ondoren arraila eskalatzen hasi nintzen.

Luzean dagoen iltze bakarra, zaharra eta, Asierri iruditu zitzaion bezala, segurtasun handirik ematen ez duena.


Iltzea azpian utzi eta Camalot 3-a berreskuratu nuenean, gora begiratu, arnasa sakon hartu eta luzeko pasagunerik zailena uste baino errazago eskalatu nuen. Arrailak eskuinera jotzen duen lekuan, Asier bezala, ni ere bertan gelditu nintzen. Arrailaren ezkerretik, bata bestearen gainean dauden harlauz ezberdin batzuk daude, itxuraz arraila baino eskalatzeko errazagoa dirudiena. Beste baterako kontutan hartzeko irteera interesgarria.

Arrailak eskuinera jotzen duen lekuan, argazkiaren eskuinean bigarren irteeraren harlauzetako batzuk ikusi daitezke.


Arrailaren azken metro tentagarriak, nola ez.


- Fijau zea hemen daren ezkereko lajatatik eskalatzea badaula? Igual fisuratio baño errexago izangoa...
- Ez al gea fisura eskalatzea etorri? Ba horixe indet ba, jejeje - erantzun zidan irribarretsu.

Arrailaren barruan eskuak sartuz, arraila eskalatu nuen.

Beste amets bat betetzeagatik oso kontentu geunden. Elkarri bostekoa eman genion.

- Zukin ados nau, nerire kinto iruittu zait.
- Bai, Uharten hau baño kinto errexagok badare... - erantzun zidan.

Trasteak motxiletan jaso ondoren, guk bilgunea muntatu genuen lekutik gertu, arrailaren ezkerretik gora doazen harlauzen gainean gutxi gora behera, soka batez muntatutako bilgune zahar bat topatu genuen. Gandorrari ohore egin nahian edo, soka zaharra bi barraskilon zaintzapean zegoen. Bitan pentsatu gabe argazki kamera atera eta argazki batzuk egin genizkien. Honen ondoren, "taldeko" argazkia egin eta beherako bidea hartu genuen.

Bilgune zaharraren zaindariak...


"Taldeko" argazkia bilgune zaharraren ondoan.


Bazkari goxo baten ostean egiten dugun bezala, jaitsieran eskaladak utzi gintuen sentsazio ederraz gozatzeko aukera izan genuen. Ametsak irudikatzea gauza handia bada ere, irudikatutako ametsek amets soilak izaten jarraitzen dute. Irudiktatuta ametsak betetzeko aukera izateak aldiz, nahiz eta amets xumea izan, preziorik ez dauka. 

La Leze, Arabak duen leku magikoetako bat...


La Lezek goizean utzi genuen bezala jarraitzen zuen, jenderik gabe, bakean, erreka eta txorien soinuen artean. Motxilak kotxeko maletategian sartu eta motorra martxan jarri nuenean famili bat besterik ez genuen ikusi. Beharbada laneguna zelako, beharbada goizegi zelako.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Smithyren bloga. Egino, "Arista de los caracoles" (IV+) 09/07/17. 2009/07/17. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2009/07/egino-arista-de-los-caracoles-090717.html
- Smithyren bloga. Egino, Arista de los caracoles ertz-lerroa, 180 m, IV+, 2013/08/17. 2013/09/08. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2013/09/egino-arista-de-los-caracoles-bidea-180.html
- Eskalatzen bloga. Pared de Doña Eusebia (Egino) - Arista de los caracoles (4c, 185 m, derrigorrez 4a). Eskuragarri: http://eskalatzeneus.blogspot.com/2013/06/egino-la-arista-de-los-caracoles-4c.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina