"Ayestaepelde" bidearen haisera adierazteko 2023ko abenduaren 9an jarri genuen plakatxoa.
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
2003ko uda ez zen uda bat gehiago izan. Ez zen beroa izan, ezta euritsua ere. Ordiziako festak ohiko moduan pasa ziren eta festen ondoren, oporren ondorioa, herria hutsik gelditu zen. Abuztuaren amaieran Ordizia pixkanaka betetzen hasi zen irailean ospatzen diren Euskal Jaietarako prestatzeko.
Irailaren lehena, astelehena, ordiziar askoren lehen lan eguna zen, oporren ondoren hainbeste kosta egiten den lehen egun hori. Nahiz eta eguna eguzkitsu hasi, zerua pixkanaka ilundu eta zurrumurru hotz batek herria izoztu zuen.
"Xabi Ayestaran ta Miren Epeldek istripue izan due" zioen zurrumurruak. Orduak pasatzearekin batera zurrumurrua egi bihurtu eta biak kotxe istripuan hil zirela baieztatu zen. Herria hunkitu zen. Kaleak mutu gelditu eta herritarren begiradek burua non zuten argi adierazten zuten. Asteazkenean ospatu zen hileta elizkizuna jendetsua izan zen, eliza eta inguruko kaleetan ez zen inor sartzen, biak oso gazteak izanda, herri osoak ezagutzen baitzituen.
Hamabost urte beranduago, eskalatzera gindoazela Asier honen inguruan hizketan hasi zen: "egunen baten bide berri bat irekitzen badeu Xabi ta Mireni eskeini nahiko nieke" esan zidan serio-serio, "egin beharra deten gauza bat da".
Asierren amets honetatik “Ayestaepelde” bidea jaio da. Hasiera hasieratik Asierren proiektu pertsonala izan da, Xabi eta Mirenen omenezko bidea. Duela urte batzuk “La Ola de Egino” bidea eskalatu zuenean begiak bide honen ekialdean dagoen ezproi nabarmenera joan zitzaizkion. Ezproi honen berri eman zidanean internet eta Pyrenaica aldizkari zaharretan informazio bila aritu baina ez genuen ezer topatu: "hemendio inorri ez zitzaion okurrituko eskalatzea?" zen gure galdera eta zalantza. Hasieran eskalatzen den ezproi nabarmena kontutan izanda, ez dugu uste bidearen lehen bi luzeak eskalatzen lehenak izan garenik. Beharbada hirugarren luzea eskalatzen lehenak bai izan gara, irteerarik logikoena zuzen eskalatzea izango litzatekeelako. Dena den bidea lehen aldiz nork eskalatu duenaren kontuak ez gaitu kezkatzen eta bideak izen propioa badu ere, atsegin handiz aldatuko dugu.
Maiatzean zehar ezproiari bisita pare bat egin genizkion, argazkiak egin eta nondik eskalatu zitekeen aztertzeko asmoz. Euriagatik bi egunetan ezin izan genuen eskalatu eta egindako argazkiak aztertzearekin bakarrik konformatu behar izan genuen.
Ekaitzen arteko su eten eskasetako batean, Txindokin entrenatzen ari nintzen bitartean, Asierrek soka bat hartu eta bidearen lehen bi luzeetan garbiketa lanetan aritu zen, zuhaixka, belar eta harri askeak kenduz. Lan handi honen berri eman zidanean, eguraldi oneko lehen egunean bidea eskalatzen saiatuko ginela adostu genuen.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 120 metro.
- Luze kopurua: 3.
- Nork irekia: Asier Izagirre eta Smithy Mujika 2018ko ekainaren 2an.
- Zailtasuna: V-. Luzez-luze: 1ºL: V- (35 m), 2ºL: III+ (40 m) eta 3ºL: IV (45 m).
- Orientazioa: Ekialdea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: La Lezeko aparkalekuaren ondoko iturrian.
- Hurbilketa: La Lezetik Olano mendira doan ohiko bidea jarraituko dugu. Berakaitz pitzadura (eskubanda moduan jarritako kateak daude) eta artez osatutako basoa atzean utzi ondoren, harritza maldatsu bat igo eta zelaigune batera iritsiko gara. Olanora doan bideak eskuinera jotzen duen lekuan ezkerrera joko dugu bidearen hasierako ezproira iritsiz. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 20-25 minutu pasako ditugu.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik ipar-ekialdeko noranzkoan jarraituko dugu ahal dugun tarterik luzeena harkaitzen gainetik ibiliz (II zailtasuneko pasabide isolaturen bat). Koloxka eta Artzanegi mendien arteko ertzera hurbilduko gara “La Hoya”-ren horma ikaragarri eta ikusgarriaren gaineko Koloxka arrailera iritsiz. Arrail honetan burdinazko gurutze beltz bat topatuko dugu. Gurutzetik behera oso nabarmena ez den xendatik jaitsi eta igoerako bidearekin bat egingo dugu. Eskalada bidearen amaieratik kotxea uzten den lekura 50 minutu inguru pasako ditugu.
- Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdineko 10 express zinta, Alien, Lincam eta artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu.
BIDEAREN KROKISA
Bidearen kokapena. Zuriz igoerako bidea, gorriz eskalatutakoa eta urdinez jaitsieran jarraitutakoa.
Gertuago...
Bidearen nondik norakoak.Bidearen atzean ikusten den ertza "La Ola de Egino" bideak jarraitzen duena da.
Krokisa zehatzago.
DESKRIBAPENA
"Beste egun triste bat!!!!!" Izan zen etxeko leihotik zerua begiratu nuenean pentsatu nuen lehen gauza. Ez naiz estatistika zalea baina urtearen hasieratik asteburu osoan eguraldi oneko asteburuen kopurua dozena erditik beherakoa izan dela esango nuke. Adituek arrazoi handiz diote aurten euskaldunen artean D bitamina falta izango dugula.
Kotxearen haizetako-garbigailuari eraginez Asier jaso eta Eginoko bidea hartu genuen. Irratiko eguraldi iragarleak eguraldi ona egingo zuela esan arren, hodeiek zerua hartua zuten eguzki izpien sarrera galeraziz.
"Ñooo, hemen zaparrada earra bota du" esan nion Asierri La Lezera iristen ari ginela. "Gutxiñez hemen eztu ebik ai" erantzun zidan.
La Leze inguruko haritzen artean kotxea utzi eta, traste guztiak hartu ondoren, errepide bustian gora hasi ginen.
Lehen metroetan.
Jarraitu beharreko bidea argia zen, La Lezetik Berakaitz arrailean gora Olano mendira doan ohiko bidea alegia. Metro batzuk ibili ondoren "La Leze" gaztandegira doan errepidea utzi eta "El tubo" eskalada sektorera doan belarrezko pista jarraitzen hasi ginen. Eguraldiari dagokionez lehen metro hauek ez ziren oso itxaropentsuak izan, haritzen hostoetatik erortzen ziren ur tanta potoloek noizik eta behin burura erortzen zitzaizkigun, goien harkaitza nola topatuko genuenaren adierazle.
Errepidea uzten den lekuan.
Gure ezkerrean "La fuente" eskalada sektorea utziz, pistaren amaierako bidexka hartu eta Berakaitz arrailaren sarrerara iritsi ginen.
Pistaren amaieran.
Berakaitz arrailaren sarreran.
Berakaitz arraila ikusgarria da. Bertan artifizialean eskalatzen diren hiruzpalau eskalada bide daude. Arrail honetan ere rappel teknika ikasteko praktikak egiten dira eta horretarako prestatutako puntu bat dago bidetik gertu.
Hurbilketa lasai hartu genuen, bidearen oinera iristerako horma lehorra egongo zenaren itxaropenarekin. Arrailetik gora, maldan gora hasiko ginela jakinda, abiadura gehiago moteldu eta eskubanda moduan jarritako katearen laguntzaz metroak lasai irabazi genituen. Nahiz eta batzuentzat puntu honetan katea jartzea gehiegizkoa iruditu, arrailean gora egiten diren lehen metro hauek harkaitza bustia dagoenean oso irristakorrak dira, batez ere jaitsieran.
Berakaitz arrailetik gora eskubanda moduan jarritako katea.
Poliki joan arren, arnasten zen hezetasunaren eraginez berehala izerditzen hasi ginen: "joer, hau da hau, Txindokin gora ostia bizin ari naizela emateo" esan nion Asierri sudur puntatik behera izerdi tantak erortzen hastearekin batera.
Harritza bat igotzen hasi eta garai bateko porlanezko hodia azpitik zeharkatu genuen. Gure begiradak, izerditan blai, lurrean finkatuta genituen harri askeetan irrist ez egiteko.
Harritzan gora.
Bihurgune batzuen ondoren hodia azkenekoz zeharkatu eta zelaigune batean gora hasi ginen.
Hodia atzean utzi ondoren...
Dagoeneko "Ayestaepelde" bideak jarraitzen duen ezproi eta ertza parez-pare genuen.
Zelaigunean gora, argazkiaren ezkerrean "La Ola de Egino" bideak eskalatzen duen ezproia eta eskuinean "Ayestaepelde" bideak eskalatzen duena.
Lehen luzeak jarraitzen duen ezproiaren parera iritsi ginenean orain arte jarraitutako bidea utzi eta, zelaia zeharkatuz, bertara zuzendu ginen.
Bidea uzten den lekuan.
Goizeko langarragatik zeharkaldian zapatila eta galtzerdiak blai utzi ondoren, ezproiaren azpiko zuhaixken artetik pasatu eta bidearen oinera iritsi ginen. Kotxea utzitako lekutik oinera pasatako bidea? Hogei minutu pasatxo.
Zuhaixken arteko pasabidea. Asier dagoeneko bidearen oinean dago.
Bidearen hasiera azpitik ikusita. Argazkian 2023ko abenduaren 9an jarri genuen plakatxoa ikusi daiteke.
"Gutxiñez pareta eztau blai inda" esan zidan Asierrek motxila lurrean utzi zuenean. "Blai inda ez baña hezea daula emateo" erantzun nion. Hasiera batean eguzkiari itxaron eta horma lehortzeko zain egoteko zalantza izan arren, azkenean eskalatzen hastea hobea zela erabaki genuen: "zeñek daki, deskuidauezkeo egune okertu ta ebie hasikoa".
Bidea hiru luzeetan eskalatuko genuela jakinda materiala hartu eta Asierri pasa nion: "hau zure proiektue da, beraz, zuk hasi ta bukau beharkozu" bota nion irribarretsu. Asierrek irribar batekin material guztia hartu, katu oinak ahalik eta lehorren mantenduz jantzi eta hormara hurbildu zen. Talkie-ak piztu eta, keinu bat egin zidanean, eskalatzen hasi zen.
Lehenengo luzea, 35 metro, V-. Bidearen luzerik zailena inongo zalantzarik gabe eta horma hezea badago ahalik eta gehiago.
Ezproiaren eskalada guk egin genuen bezala. Puntu zuriz, harkaitza lehorra egonda jarraitu daiteken bide zuzena.
Katu oinak eskuekin ahal izan zuen moduan lehortu ondoren, Asier ezproiaren pareko horma betikala zuzen eskalatzen hasi zen (V-).
Luzearen hasieran artaka-trabagailu bat trabatzen.
Heldulekuak azpitik dirudiena baino hobeak dira eta artaka-trabagailuren bat edo beste trabatzeko aukera dago. Asierrek metroak pixkanaka irabazten zituen oinetan baino eskuetan konfiantza handiagoa jarriz. Hormaren amaierako sabaitxora iritsitakoan honen ezkerrean dagoen harkaitz-zubi batean artaka-trabagailu bat sendo trabatu eta arnasa lasai hartu zuen: "aurreko egunen etorri nintzenen harkaitze sekoa zeon ta errexago eskalau nun" esan zidan, "gaur uste nuna baño gehio ai zait kostatzen".
Sabaitxoa zuzen eskalatu gabe eskuinera jo eta erlaitz txiki baten gainera igo zen (V-).
Erlaitzaren gainean.
Erlaitzaren gainetik, bertikala izan gabe tentea den harkaitz-plaka eskalatzen jarraitu zuen (IV-IV+) ezproiaren ezker ertzera hurbiltzeko asmoz. Hasiera batean harkaitz plaka zuzen eskalatzen saiatu zen baina, harkaitza hezea egonda, harkaitz-plakaren eskuinetik eskalatzen jarraitu zuen bertako harlauza nabarian friend bat trabatuz: "hotsa huts xamarra itteo baño ezer baño hobe..." esan zidan.
Friend-etik pare bat aldiz tira egin eta, sendo xamar trabatuta zegoela egiaztatu ondoren, ezkerrera erdi-horizontalean 2-3 metroetako zeharkaldia egin zuen, ezproiaren ezkerreko ertzean dauden zuhaixken azpiko erlaitz txikiaren gainera iritsiz.
Zeharkaldi horizontala egin ondoren erlaitz txikiaren gainean. Argazkian friend-a trabatu zuen harlauza ikusi daiteke.
Erlaitz honetatik gora zailtasunak amaitu eta arinago eskalatzen hasi zen sokari metroak erraz irabaziz. Ezproiaren gailurrera iristeko zuzen eskalatu beharrean ezkerretik eskalatu zuen (III+) oso sendoak ez diruditen harkaitz batzuetatik. Behin ezproiaren gailurrean, ertzetik jarraitu eta, ertzaren zatirik estuena pasa ondoren, harkaitz-zubi batean bilgunea muntatu zuen.
Kuriosoa da luze bera denbora laburrean nola aldatu daiteken. Ez dakit beroa egiten hasita zegoelako edo baino eskalatzen hasi nintzenean horma lehorrago zegoela iruditu zitzaidan. Luzearen lehen metro bertikaleetan, Asierrek izandako irristarik ez nuen izan eta luzearen zatirik zailena ezproiaren harlauzetik eskuin-ezker egin beharreko zeharkaldi bertikala iruditu zitzaidan, oraindik hezea zegoena, alegia.
"Kontuz ertzen, oso irristakorra dauta" esan zidan Asierrek ezproiaren gailurrera iritsi nintzenean, "ia osoa lau hanketan pasaet".
Ertzeko harkaitzak liken busti eta irristakor batez estaliak zeuden. Bitan pentsatu gabe, Asierren moduan, lau hanketan jarri eta kontu handiz ertzaren 8-10 metroak zeharkatu nituen bilgunera iritsiz.
Lehen bilgunean. Argazkian bilgunera iritsi aurreko harkaitz irristakorrak ikusi daitezke.
"Luze bat gutxigo" esan nion materiala jasotzen nuen bitartean. Hamar minuturen baitan horma nola lehortu zenaren inguruan hizketan aritu ginen. "Halere bukaerako ertz hau kabroia zeon" esan nion. "Bai, nik hemen pasaittut estuasunik haundiñak" erantzun zidan.
Bigarren luzea, III+, 40 metro. Ertza amaiera arte jarraitu eta harkaitz-plaka etzan bat eskalatu nuen beste harkaitz-plaka bertikal batekin topo egin arte. Pasabide hau erraza da eta kontu handiena katu-oinak ez bustitzean izan nuen. Harkaitz-plaka bertikalaren oineko harkaitz-zubi handi batean lehen asegurua jarri nuen.
Bigarren luzearen nondik norakoak.
Asier lehen bilgunean, atzean bertara iristeko zeharkatu behar izan genuen ertz irristakorra.
Harkaitz-plaka bertikalera igotzeko pasabidea tentea den arren (III+) helduleku oso onak ditu eta zailtasunik gabe erlaitz txiki baten gainean kokatu nintzen. Erlaitz txikian oinak aldatu eta hemendik gora zuzen eskalatzen jarraitu nuen harkaitz-plakaz gozatuz, helduleku ederrak eta auto-babeserako aukera handiak baititu.
Harkaitz-plakaren amaieran sabaitxo txiki bat dago. Bitan pentsatu gabe honen eskuinetik eskalatzen jarraitu eta, beste 3-4 metro eskalatu ondoren (III+), harkaitz-plaka bertikala eskalatu nuen.
Harkaitz-plakaren gainetik behera egindako argazkia.
Gertuago...
Harkaitz-plaka eskalatuta, bertan dauden arteen arteko ertzetik jarraitu nuen. Zati hau ez zitzaidan zaila iruditu (II-III) baina bertan harkaitz-bloke ezegonkor bat baino gehiago dago. Tartean, Asierrek luze hau garbitzen aritu zenean arte baten enborrean utzitako zinta-uztaia berreskuratu nuen.
Kontu handiz eta noizik eta behin harri askeren bat kenduz, ertzaren amaieran leize itsurako izugarrizko horma-hobira iritsi nintzen. Hasiera batean zalantzan izan nintzen bilgunea non muntatu baina azkenean bertako arte ederraren enborra aparobetxatu nuen bilgunea muntatzeko.
Argazki honetan bilgunea muntatu nuen artea eta honen atzean horma-hobi ikusgarria ikusi daitezke.
"Leku ikusgarrie, eh?" bota nion Asierri bilgunera iritsi zenean. "Bai, azpitio ez da zulo hau ondo ikusten baña ederra da", erantzun zidan materiala jasoz.
Hirugarren luzea, IV, 45 metro. "Bueno, hemendio gora terreno ezezagune" esan zidan Asierrek, "ea harrie zemuzkoaen". "Lasai hartu ta ahal dezun guztie garbittu, nik atzetiore garbitzen jungo naiz" erantzun nion, "gañea, denboraz oso ondo goaz".
Luzerik logikoena bilgunetik ahalik eta zuzenen eskalatzea izan arren, luze motza izango zenez, gure asmoa bilgunetik atera eta eskuin aldera zeharkaldia eginez eskalatzen jarraitzea izan zen, bidearen oinetik ikusita genuen harkaitz-plaka tente batera iristeko.
Azken luzearen lehen metroen nondik norakoak.
Buruan genuen luzea eskalatzeko, Asier bilgunetik atera eta pareko horman nabarmena den arrail inklinatua lasaitasun handiz eskalatzen hasi zen, bertako zuhaixka, belar eta harri askeak kenduz. Garbiketaren ondorioz zuhaixken azpian izkutuan zeuden helduleku eta harkaitz-zubiak agerian gelditu ziren.
Garbiketa lanetan.
Arraila amaiera arte eskalatu eta ongi garbitutako erlaitz batera igo zenean zalantzan izan zen zuzen edo eskuin aldera zeharkaldiarekin eskalatzen jarraitzeko: "bueno, hemendio gora errex dijo, eskubira jarraittukoet ea zemuzkoa den" esan zidan.
Pitzaduratik eskuinera, harkaitz-plaka sendo eta ederrean, zeharkaldiarekin jarraitu (III) eta gainetik zuen zuhaixkara zuzendu zen (III+). Harkaitza bikaina, edozein aseguru mota jartzeko primerakoa.
Goiko zuhaixkara zuzentzen...
Zuhaixkara iritsi gabe, honen azpitik eskuinera zeharkaldiarekin jarraitu (IV zailtasuneko pasabide isolatua) eta, zuhaixkaren eskuinetik, gora doan harkaitz-plaka tentea amaiera arte eskalatuz jarraitu zuen. Harkaitz-plakaren amaieran, harkaitz-zubi handi batean, azken bilgunea muntatu zuen.
Asierrek luzea pazientziaz eskalatu zuen, garbiketa lan ederra eginez. Eskalatzen zuen bitartean inguratzen ninduen naturaz gozatzeko aukera izan nuen: bilgunea muntatutako artearen enborretik harridura aurpegiaz begiratu zidan sugandila, horma-hobiaren azpian ezerezetik jaiotako liliak eta adar artean kantari zeuden txoriak.
Arteko biztanlea.
Tartean, harriduraz begiratzen nuen ertzaren eskuineko horma minutuz-minutu nola lehortzen zen. Kuriosoa da kareharria zein azkar lehortu daiteken eguzki izpi pare bat jasotzen dituenean.
Lilia.
Asierrek bezala nik ere eskalada lasai hartu nuen, batez ere luzea ongi garbitu nahi nuelako. Noizean behin Asierri eusteko eskatu eta, sokatik zintzilik, harri eta zuhaixkak kentzen nituen luzea ahalik eta seguruen bihurtuz. Azkenean bion artean egindako garbiketa lana ona izan zela esango nuke luze oso txukuna geldituz.
Bilgunera eramaten duen harkaitz-plaka trinkoaren azpian. Artaka-trabagailua harkaitz-zubian alderantziz jarrita badago ere, ezin izan genuen beste modu batera trabatu.
"Joer, ze luze earra!!!" esan nion Asierri bilgunera iritsi nintzenean. "Bai, asko gustau zat, edozer gauza sartzeko aukera emateo eta gañea nahi genun lekun atera naiz" esan zidan.
Bidea amaitzeko eskalatu nahi genuen harkaitz-plaka hau aurkitzeko, hildako arte bat genuen erreferentzi bezala, harkaitz-plaka hau arte honen eskuinean kokatzen baita. Krokisean hildako arte honen kokalekua adierazita dago.
Harkaitz-plakaren gainetik behera egindako argazkia. Azpian lehen luzean eskalatutako ezproia ikusi daiteke, baita Olano mendira doan bidea ere.
Traste guztiak jaso eta, joan aurretik, bidearen amaieran Xabi eta Mirenen oroimenez mugarri bat eraiki genuen.
"Ayestaepelde" bidearen amaieran eraikitako mugarria.
Jaisteko, basoaren erdian sartu beharrean bidearen amaieratik eskuinera jo eta, eskuinean dagoen horma bertikalaren ertzetik ahalik eta gertuen mantenduz, zeharkaldi luze bat eginez hasi ginen. Gure itxaropena nonbaitean batean rappel edo bilguneren bat muntatuta topatzea zen, ezinezkoa uste baikenuen horma hau inork eskalatu gabea izatea: "kuriosoa da paraboltekin bide bat ekipau ta pareta hontan rappelik ez montatzea" esan zidan Asierrek "La Ola de Egino" bideari erreferentzia eginez.
Denbora osoan harkaitz-plaken gainetik jarraitu genuen, tarteren batean II zailtasuneko pasabide isolaturen bat eskalatuz. Zeharkaldi honetan harkaitz-zubi batean goroldioak estalitako zinta zahar bat topatu genuen. Ez genuen argi izan rappelatzeko puntu bat edo eskalada bide baten azken bilgunea izango zen, bertatik behera lurreraino 60 metro baino gehiago izango zirenaren susmoa hartu genuen eta: "deskuidauezkeo paretan erdin gelditu ta ezin izango deu bigarren rappelik montau" zen gure beldurra.
Egunen batean hona itzuli eta rappel punturen bat muntatuko genuela erabakita, zeharkaldiarekin jarraitu eta Koloxka eta Artzanegi mendien arteko ertzera hurbildu ginen, basoan erdi ezkutuan eta pagoen gainetik dagoen "La Hoya" horma ikusgarri eta makurtuaren gainera iritsiz. "La Hoya"ren bestaldera hurbildu eta amildegira zintzilikatutako soka finkoak ikusi genituen, eskalatzaile gogorrenen etorkizuneko proiektuak. Horma honetan Iker Pouk besteak beste "Celedon" (9a), "Celedón txiki" (8c+-9a) eta "Akelarre" bideak irekiak ditu eta bertan izan dira bide hauek frogatzen, besteak beste, Patxi Usobiaga eta Dani Andrada eskalatzaile handiak.
"La Hoya"ren erdian Koloxka izeneko arrail nabarmena dago. Bertatik 60 metroetako rappel bat eginez hormaren oinera iritsiko gara. Rappel hau ezaguna da arroila-jaitsiera zaleen artean, Artzanegi erreka lur azpitik jarraitu eta La Leze-tik ateratzen direnean horma ikusgarri hau rappelatzen baitute. Pitzaduraren azpian metalezko gurutze beltz bat dago. Gurutzetik behera belarrez erdi-estalitako xenda jarraitzen hasi eta, jaitsieran pare bat lekuetan eskuekin lagundu ondoren, horma atzean utzi genuen.
"Ayestaepelde" bideak jarraitzen duen ezproi eta ertza. Jaitsieran egindako argazkia.
Berriro ere zelaian, bidexka nabariago egin eta metroak erraztasun handiz jaitsi genituen igoerako bidearekin bat eginez. Jaitsieran, "Ayestaepelde" bidearen eskuineko horma ikusgarrira hurbildu eta, hormaren ezkerrean, ur tantadun plaka batzuk jarraituz, paraboltez babestutako bide bat ikusi genuen: "deskuidauezkeo bide horrek goien reunioa montauta dauke bertatik rappelatzeko" esan zidan Asierrek. "Hortako egunen baten eskalau beharko deu" erantzun nion. Ez dakigu bide hau nork irekia den eta zein zailtasun daukan baina, Asierrek esan moduan, ziurrenik goien bilgune bat muntatuta izango du. Ea egunen batean bertara igo eta "Ayestaepelede" bidetik ustezko bilgune horretara bidea adierazten dugun.
Olanora doan ohiko bidearekin bat egin ondoren, ezkerrean "La Ola de Egino" eta parean "Ayestaepelde".
Hormari argazki batzuk egin eta jaitsierako bidearekin poliki jarraitu genuen, aspaldiko partez eguzki izpiez gozatuz.
Zuhaitza harkaitzarekin borrokan.
Porlanezko hodi zaharra.
"La Leze" gaztandegitik gora doan belarrezko pistara iritsi ginenean buelta hartu eta "Ayestaepelde" bideari azken begirada botatzearekin batera, argazki batzuk egin eta kotxera zoriontsu itzuli ginen. Asierren begiradak nolabaiteko distira zuen, hunkidura eta betetako hitzaren arteko nahasketa islatzen duen horietakoa, galdutako lagunak buruan, dudarik gabe.
Azken begirada.
Gertuago...
AZKEN 10 SARRERAK
2018/06/18
EGINO, GOIKUA SEKTOREA: "AYESTAEPELDE" BIDEA, 120 metro, V-.
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
20:10
Etiketak:
ayestaepelde,
egino,
eskalada,
ilarduia,
la leze,
la ola de egino,
leze,
ola,
ola de egino,
smithy,
smithyrenbloga
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina