"Noiz egingo dugu gure lehenengo bide erdi-ekipatua? Non?" Galdera hauek azkeneko urtean genituen bueltaka Josu (betiko lagunmin eta kordada laguna) eta biok gure buruetan, batez ere fisureroak, friends-ak etab. erosi genituenetik.
mendiak.net orriko lagunek beti Urresteiko normala gomendatzen dute klasikoan lehenengo pausuak emateko, baina perezagatik (guretzat "urruti" dagoelako) ez ginen sekula joaten.
Honegatik Josuri "gure mendira" joatea proposatu nion eskalada klasikoan gure lehenengo pausutxoak emateko. Honetarako apirilean zehar bota zituen euriek eskeinitako asteburu "eguzkitsu" bat aukeratu genuen.
SARRERA
Txindoki, Larrunarri, Ñañarri edo guk maitasunez "gure mendia" deitzen dioguna, Goierri eskualdeko mendirik esanguratsu eta ezagunena da. Estetikoki mendi ederra da "euskal Cervinoa" ere deitu izan delarik.
Ez da Aralarko mendirik altuena (1341 metro ditu), baina beharbada bai bisitatu eta ezagunena.
Teknikoki ez da mendi zail bat igotzeko, baina igotzen zaren lekutik igotzen zarela (bide normaletik, tximista edo "rayo"tik, Muitzetik...) ez zara lasai igoko, Larraitzetik tontorrera 940 metroetako desnibela baitu. Makina bat "pajara" ikusten dira Larrunarriko maldetan urtean zehar.
Eskaladari dagokionez, Larrunarrik bi bide ditu famatuak, Mendebaldeko arista (IV+) eta Txema bidea (V+), baina bere mendebaldeko paretaren zehar 23 eskalada bide daude, denak ekipatuta baina deportiba egiten dugunon ohituretako parabolten artean distantzia "luzeak" edo "ezerosoak" edukiz.
Duela urte batzuk Larrunarriko eskolak indar handia izan zuen eskalada klasikoan hasten ziren mendizale gipuzkoarren artean, baina gaur egun, batez ere bideetara ailegatzeko ibili behar den distantziagatik, eta eskola deportiboen ugaritzea dela eta, oso eskalatzaile gutxi hurbiltzen dira paraje honetara (Mendebaldeko arista egiteko ez bada behintzat), eskalatzeko eskola lasai batean bihurtu delarik.
GURE BIDEA
Guk fisurero, zinta, nahiz friends-ekin jolasteko aukeratu genuen bidea Petrel bidea izan zen. Paperaren gainean bide erraza bat (V-) eta lau luze dituena. Gainera azkeneko luzean (V- duena) zailtasunik ikusiz gero eskuinera IVko bariante batetik hartuta III+ luze batean bukatu daiteke.
Bidea ekipaturik dago eta ez dago zergatik klasikorako materialik eraman behar, baina, lehen esan bezela, paraboltetik paraboltera distantzia ohituak gaudena baino luzeagoa da.
Larrunarriko sektoreak. "Gipuzkoako Eskalada Gida" liburutik hartuta.
Txema-Petrel sektorea. "Gipuzkoako Eskalada Gida" liburutik hartuta. Petrel bidea 16 zenbakiduna da.
ERAMANDAKO MATERIALA
Bide hau egiteko ez da material askorik behar: dozena erdi bat express, bilerak jartzeko materiala, 60 metroetako soka bat, kaskoa eta katuak.
Gure helburua eskalada klasikorako materialarekin "jolastea" zenez, goiko materialetik aparte, fisureroak, friends-ak eta zintak eraman genituen, beste lau express-ekin batera.
DESRIBAPENA
Ez dut azalduko nondik igo behar den bidearen hasierara ailegatzeko, ailegatzeko aukerak anitzak baitira. Hori bai, igotzen den lekutik igotzen dela, lasai hartu, malda potentea baitago. Komenigarriena ura Larraitzen hartzea, Larrunarriko bide normalean dagoen lehenengo iturritik gora ez bada hartzen, behintzat.
Lehengo luzea (II). Luze honek ez dauka ezer adierazgarri gisa, luzearen bukaeran dagoen erresaltetxo bat ezik eta liosoa da aurkitzen. Gu oinez bigarren luzea hasten den bilerara ailegatu ginen eta non geunden ikusi ondoren luze hau jaitsi genuen bere hasiera arte. Luze honen bukaeran parabolt eta kateekin jarritako bi bilera daude (ezkerrekoa Petrel bidera doana eta eskuinekoa Patxirena bidera doana).
Bigarren luzea (III+). Luze honek ez dauka misterio handirik. Plaka batetik doa hasieran, eta plakaren ondoren harkaitzean pitzadura eta harkaitz-zubi ezberdinak hasten dira azaltzen (gure materialaren gozamenerako). Bilera bi paraboltekin dago jarria.
Josu lehenengo bileratik ateratzen.
Bileraren hasieran dagoen plakan.
Plakaren pausu "zailenean".
Plakatik ateratzen.
Ni lehenengo bileran. Igoera guztiko nire argazki bakarra izango zena.
Friend bat sartzen.
Fundamentuzko argazkia atera nahian baina ez dela posible, jejeje..
Bigarren bilera jartzen.
Bigarren bilera jarri ondoren.
Hirugarren luzea (IV). Luze hau ere pitzaduraz eta harkaitz-zubiz josia dago eta ez dauka pausu konplikaturik. Bilerak ere bi parabolt dauzka eta bideari V- gradua ematen dion paretaren azpian kokaturik dago.
Laugarren luzea (V-). Josu hirugarren bilerara ailegatu zenean pentsatzen aritu ginen zein bariante hartu, eskuinaldera III+ bariantetik ateratzeko edo ezkerraldera V- bariantetik ateratzeko. Azkenean, eta orain arteko harkaitzaren egoera eta parabolten laguntza ikusirik, V- bariantea hartzea erabaki genuen.
Luzea ederra da eta gradua ematen dion pausua ez da zaila ateratzen, gainera esku nahiz oinentzat helduleko onak ditu. Behin pausua atera ondoren bidea asko errazten da. Zailtasun bakarra, ez dituela parabolt askorik zati hau babesteko. Bilera, bide guztiko bilerak bezela, bi paraboltez osatua dago.
Josu zatirik zailenera sartzen.
Pausu zailenean.
Pausua egin ondoren.
JAITSIERA
Jaisteko bi aukera daude: Zuzen jarraitu, Larrunarriko gandorra aldera joan, Larrunarriko gailurrera joan eta bide normaletik jaitsi edo eskuinera hartu.
Guk eskuineko aukera hartu genuen (eskaladako norantzan), eta krokisean garbi azaltzen da guk jaisteko aukeratu genuen bidea. Bileratik eskuinera bidexka bat hasten da marra txuri eta orlegiz markatuta dagoen korridore baten bukaerara ailegatu arte. Bukaera honetan trabesia expuesto xamar bat dago (guk harkaitz bustiarekin egin genuen), baina egoera lehorrean erraza da.
Korridore honen hasiera guk aukeratutako bidearen hasieratik oso gertu dago.
Bidearen balorazioa: friends nahiz fisureroekin jolasteko bide ederra eta beldurrik pasatzen ez den horietakoa. Oso gomendagarria.
AZKEN 10 SARRERAK
2009/07/18
LARRUNARRI (TXINDOKI), PETREL BIDEA (V-) 09/04/18
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
12:38
Etiketak:
aralar,
eskalada,
larrunarri,
petrel,
txindoki
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina