"Biderik luzeena ere lehen pausu batekin hasten da" Lao Tse.
Goizeko zazpiretan alarmak jo zuenerako Ibon logelan aurrera eta atzera zebilen: "holako baten ondon eztau despertadoreik jarri beharrik" pentsatu nuen irrifar maltzur batekin. Eguna oskarbi esnatu zen eta leihoaren ondoan txori txiki bat batera eta bestera saltoka zebilen bere zorion eta lasaitasunaz kutsatu nahiko baligu bezala. Hala ere nigan efektu handirik ez zuen izan eta, espedizioa gaur hasten zelako edo, urduritasun puntu batekin esnatu nintzen eta. Txoria honetaz jabetu izan balitz bezala, leihora hurbildu nintzenean izutu eta hegan aldegin zuen.
Logelako dutxa ez zen munduko onena, gutxienez busti egiten zuen, eta datozen egunetan fundamentuz dutxatzeko azken aukeraren aurrean ebakuntza-gelan sartzear dagoen zirujaua bezalako dutxa hartu nuen, zirrikitu izkutuenak ere distiratsu utziz. Gosaldu eta WIFIak Itzirekin hitz egiteko eman zizkidan minutuen ondoren pentsamendu beldulgarri batez ohartu nintzen: espedizioarekin hasteko motibaziorik ez nuen eta, momentu horretan bertan gutako bakarren batek etxera itzultzeko esan izan balit bitan pentsatu gabe itzuliko nintzen. Pentsamendu hau ez nuen logelakideekin elkarbanatu noski, taldeari eta Aconcagua berari ere traizioa egitea zela pentsatu bainuen. Aldiz, ixil-ixilik zain genuen minibusean sartu eta goizeko bederatzietan, beste mendizale batzuekin batera, Penitentes atzean gelditu zen.
Minibusean sartu aurretik.
Arkaitz eta bion artean hirurogei urte inguruko emakume bat eseri zen. Begirada goxoa zuen eta lasai zirudien, aurretik genuen bidea mila aldiz egin izan balu bezala: "Where are you from?" Galdetu zigun begirada bezain goxoa zuen ahotsarekin. "We are from Basque Country" erantzun genion. "¿Vascos?" Berak. "Si", guk. Aurkezpenen ondoren Birgitek bere senarra Jim-ekin batera Heber Orona gidari zuten bederatziko talde baten kide zirela esan zigun. "Heber Orona, nundio ittezait ezagune izen hau?" Pentsatu nuen. Galdera honen erantzuna hiru egun beranduago Plaza Argentinan aurkituko nuen. Birgit-ek abentura Plaza Argentinan amaitzen zuela esan zigun, Jim-ek aldiz, bigarren kanpamentura iristeko asmoa zuen. Mendian genuen esperientziaz galdetu eta Arkaitzek Pakistanen egindako espedizioaren berri ematen zion bitartean, azaroan Mulhacen-en izanda zegoela esan zigun. Hasieratik oso emakume jator eta atsegina iruditu zitzaidan eta Penitentes eta Punta de Vacas arteko solasaldia buruan nuen pentsamendu negatiboa ordu laurdenez aldentzeko balio izan zidan.
"Hara zein zeoken hor, Silvio Mondinelli" esan zigun Arkaitzek minibusetik jaitsi eta berehala, "joer, baita aireportuko alemaniarra ere" erantzun nion. Mundua txikia dela esaten da baina badirudi mendizaleon mundua ahalik eta txikiagoa dela, nonbaitetik edo bestetik, Punta de Vacas-en elkartu ginen gehiengoak bistaz ezagunak ginen eta.
Sarreran dagoen parke zaindarien postuan Parkera sartzeko baimena zigilatu, Parkean bete beharreko arauen azalpenak adi-adi entzun eta, Parkearen sarrera adierazten duen egurrezko kartelaren aurrean derrigorrezko argazkia egin ondoren, goizeko hamarrak aldera 2.500 metroetara dagoen Punta de Vacas-etik azkenak atera ginen.
Punta de Vacas-en dagoenegurrezko kartelean.
Ibilbidearen hasieran beste espedizioen atzetik.
Hurrengo hiru egunetan 40 kilometro eta metatutako 1.900 metro positibo igoko genituen, gerora etorriko zenerako entrenamentu ederra. Bizitako une bakoitza bakarra izan arren, hurbilketan pasatako hiru egunak batean nolabait laburtzerik izango nuke. Eguna erritual berarekin hasten genuen: gosaldu, ontziak garbitu, zaborra eta dendak jaso, petate eta motxilak prestatu eta iturritik ura hartu. Erritual honek ordubete inguru eramaten zuen. Honen ondoren, 8-10 kg inguruko motxilak hartu, petateak mandazainek jasotzen zituzten lekuan utzi eta martxan jartzen ginen, hauspoa berotu gabe, Pirinioetako hirumilako bat presarik gabe igotzen arituko bagina bezala. Mantxo-mantxo ibilita ere, goizago martxan jarritako gidaridun taldeak pixkanaka aurreratzen genituen. Ibilbidearen bi edo hirugarren orduan ordu erdiko atsedenaldi bakarra egiten genuen zerbait jateko eta, hurrengo kanpamentura iritsi baino lehen mandazainak aurreratzn gintuzten. Bai atsedenaldi baita kanpamentura ere Arkaitz eta Ibon gu baino lehenago iristen ziren eta, egunak pasa ahala, lauko taldea bi anaiongan mugatzen hasita zegoela sentitzen hasi nintzen, nahiz eta onartu ez.
Lehenengo egunean 13 km eta metatutako 500 metro positibo igo genituen, gorputza berotzen hasteko etapa aproposa. Ibilbidea bi makuluekin hasi arren, ehun metro baino lehen ezkerrekoa motxilan gorde egin behar izan nuen eskuko minaz gain ferularekin ezin bainuen makulua ongi heldu. Eztarriko minak min arin bati pasoa emanda zion eta goizetik neraman pentsamendu iluna metroak irabazi ahala desagertzen joan zen udako ekaitzaren ondoren hodeiak desagertzen diren moduan.
Makulu bakarrarekin, ezker eskuan ferula ikusi daiteke.
"Hombre, el famoso Silvio Mondinelli" esan zion Arkaitzek italiarren taldea pasa genuenean. Silviok Nongoak ginen galdetu eta euskaldunak ginela erantzun genionean "Vascos!!!" Bat bota zuen. Edurne Pasaban eta Juanito Oiarzabal ezagunak zituela eta bide batez Edurne haurdun zegoela ere esan zigun, beste kontuen artean.
Milaka mendizalek zapaldutako bide nabaria lokatz eta hareaz zikindutako Vacas errekaren ezker ertzatik gertu zihoan denbora osoan eta lehenengo metroetako makalen itzala izan zen bide osoan topatutako itzal eta eguzkitako babes bakarra, horregatik ez zen denbora luzea pasa eguzkitako krema eman genuen arte. Eguzkiak errukirik gabe jotzen zuen eta haizerik gabeko lekuetan Ibonek motxilatik zintzilik zeraman termometroa 32,5Cº-etara iritsi zen. Metroak irabazi ahala Arkaitz eta Ibon urruntzen joan ziren noizik eta behin argazki edo bideoren bat egiteko geldituz.
Itzala izan genuen leku bakarrean.
Arkaitz eta Ibon gure aurretik.
Ia hiru orduko ibilbidearen ondoren, Vacas errekaren ibaiadarretako baten ur frexkoa aprobetxatu asmoz hamaiketakoa egin eta atseden hartzeko elkartu ginen. Gure erabakiaz animatuta edo, atzetik zetozen italiarrek erabaki bera hartu zuten. Hamaiketakoa egiten ari ginen bitartean hautsezko hodei zaratatsu bat hurbildu eta hautsaren erdian mandozainak lehen aldiz ikusi genituen amaigabea zirudien mando ilararen erdian: "¡¡Buen día!!" Oihukatu ziguten agertu bezala hodeian desagertuz.
Mandozainak pasa ziren momentua.
Lehen etaparen bideak zeharkatutako paisaia, errekaren presentzia alde batera utzita, Kanariar uharteetan ikusitakoaren oso antzekoa iruditu zitzaidan: zuhaixkak, arantzadun landareak eta harriak, izugarrizko harri pila. Hainbat lekuetan bidea kontu handiz ibiltzea eskatzen zuen hare finez estalia zegoen, zapatiletatik sartu egiten zen eta. Talde baten atzetik joanez gero, altsatutako hare eta hautsa gorputzaren zulo guztietatik sartzen zen zapi batez aho eta sudurra estaltzera behartuz.
Pampa de Leñas kanpamentutik gertu, argazkian parke zaindarien postua ikusi daiteke.
Pampa de Leñas kanpamentuan sartzen.
Pampa de Leñas 2.800 metroetara dagoen zelaigune zabal batean dago eta kanpin-dendak muntatzeko leku asko topatu daitezke. Bi anaiok 14:45tan iritsi eta Arkaitzek bi kanpin-dendentzat hartutako lekuan dendak muntatzen hasi ginenean, kanpamentuko biztanle bakarrak gu lauok eta bi parke zaindariak ginen. Orduak pasa ahala, iturria, komunak eta Parke zaindarien aterpeaz osatutako zelaigunea kanpin-dendaz betetzen hasi eta mila hizkuntza, begirada eta ohituretako herri txikia bihurtu zen.
Pampa de Leñas kanpamentuaren panoramika.
Komunak.
Dendak muntatu ondoren.
Parke zaindarien postuan baimenak erakutsi eta aterpearen ondoko iturrian ura hartu ondoren, eguna lasai joan zen mandozainek gauean egindako festatik dendetara iristen ziren irrifar, algara eta abestien akordeen artean.
Afaria prestatzen hasteko prest.
Mandazainen festa hastear.
Mandazainak kantuan eta brometan amerikar mendizale batekin.
Lehenengo eguneko ibilbidea deskargatu nahi baduzue.
Powered by Wikiloc
Bigarren egunean goizeko zazpiak eta erdirako martxan ginen, etaparen 15,5 km eta metatutako 400 metro pasatxoei aurre egiteko. Eguna frexkoa esnatu arren, ibiltzeko primerakoa.
Irtetzeko prest.
Hala ere, Pampa de Leñas kanpamentutik gertu dagoen itsura ahuladun burdinezko zubia zeharkatuta topatu genuen aldapak ederki berotu gintuen Argentinan udan geundela gogoratuz.
Zubia zeharkatzen.
Argazkiaren erdian ikusten den belar-mendixkaren igoeran zegoen maldarik gogorrena.
Aldapan, suizarrak lehenik (Pampa de Leñasen ustezko alemaniarrak suizarrak zirela ohartu ginen) eta italiarrak ondoren pasa genituen. Zubia eta Malda atzean utzita, bigarren etapak Vacas errekaren eskuin ertzatik eraman gintuen orain arte ikusi gabeko zelaigune zabal eta belartsuak zeharkatuz.
Mendixkaren bestaldean malda atzean utzi ondoren.
Goizeko hamarrak aldera, aldapa baten oinean hamaiketakoa egitera gelditu ginen, aldapa igotzeari begira indarrak hartzera gelditu izan bagina bezala eta, aurreko egunean bezala, italiarrak gure ondoan gelditu ziren. Italiarretako batek aurpegi txarra eta eskuan komuneko papera eskuan zuela, gugana iritsi bezain pronto, mamu bat ikusi izan balu bezala, aurpegia estu zuela korrika batean harkaitz baten atzean desagertu eta denbora gutxira nolabaiteko lasaitasun aurpegiarekin itzuli zen. Bere motxila Silviok zeraman laguna ondo ez zihoanaren keinua egin zigun.
Hamaiketakoa egindako lekutik atzera begirada, lautadak amaigabeak dirudite.
Atsedenaren ondoren lauok batera ahal izan genuen denbora luzeena joan ginela sinistu eta, aurreko egunean bezala, Arkaitz eta Ibon pixkanaka urruntzen joan ziren bi anaiok bakarrik gelditu ginen arte.
Hamaiketakoa egin ondoren.
Harrizko lautada zabala zeharkatzen.
Ibon lautadaren handitasunean.
Lautada atzean utzi ondoren, anaia eta biok atzean gelditzen.
Haizearen eraginez eguna ez zen oso beroa baina Eolorekin denbora luzean borrokan aritu behar izan ginen, ahoa eta sudurra estaltzen zuen zapia kendu gabe, hautsa zirrikitu guztietatik sartzen baitzen. Aldapatxoa atzean utzi ondoren Vacas ibaiak sortutako harri eta harezko lautada mugagabe batera iritsi eta honen amaieran Casa de Piedra kanpamentua ikusi genuen: "bertan gare" esan zidan anaiak abiadura bizitu gabe.
Casa de Piedra dagoen lautada zabala, parke zaindarien postua ikusi daiteke.
Kanpamentura iritsi aurretik egunaren ezustekorik atseginena topatu genuen: biharamunean alderik alde zeharkatuko genuen Relinchos sakana gure ezkerrean liburu baten moduan ireki eta, Aconcaguaren ekialdeko aurpegia eta poloniarren glaziarra ia bere osotasunean lehen aldiz ikusteko aukera eman zigun. Lurrean eseri eta bi anaiok aho zabalik gelditu ginen aurrean genuen izotzezko piramideari begira: "Buffff, hortio igotzeik izango al deu?" Izan zen burura etorri zitzaidan pentsamentua.
Aconcaguaren lehen ikusmira. Ikerren atzean Relinchos sakanaren sarrera ikusi daiteke.
Relinchos sakana eta Aconcagua, ikusgarriak benetan.
Ez dakit zenbat argazki egin ondoren, ordubatak aldera anaia eta biok Casa de Piedra kanpamentura iritsi ginen. Arkaitz eta Ibon beraien kanpin-denda parke zaindarien aterpearen atzean muntatzen ari ziren: "leku hau onena dekela esantziak" esan zigun Arkaitzek "haizetio babestua zeokelako". Beraiek hartutako lekuan bi dendak sartzen zirela esan arren, froga ezberdinen ondoren ondoko leku batean muntatu genuen, Arkaitz eta Ibonek, beraien denda muntatuta, parke zaindariekin egin beharreko tramite administratiboak egiten zituzten bitartean.
Kanpin-dendak muntatu ondoren, atzean Relinchos sakanaren sarrera.
Casa de Piedra Vacas errekak 3.250 metroetara sortutako lautada zabalaren ertz batean dago eta izena harkaitz handi batean itsatsitako eraikinari zor dio. Eraikin honetaz aparte kanpamentua parke zaindarien postua, bi komuna eta iturriaren funtzioa betetzen duen mahukaz osatuta dago. Kanpin-dendak muntatzeko Pampa de Leñas kanpamentuak baino leku txikiagoa du, honegatik gomendagarria da goiz iristea. Gu dendak muntatzen lehenengoak izan ginen eta orduak pasa ahala kanpamentu osoa bete zen ia lekurik gabe gelditu zen arte. Izan ere, dendak muntatu zituzten azkenekoek errekak gauetan bustitzen zuen leku batean muntatu behar izan zituzten. A zer nolako ezustekoa hartu zuten biharamun goizean denda ingurua bustita zegoela ikusi zutenean!!
Casa de Piedra kanpamentuari izena ematen dion eraikina.
Casa de Piedraren panoramika.
Kanpamentua dendaz beteta. Belar berdea ikusten den lekua gauetan erabat bustitzen zen, baita parke zaindarien ezkerrean bakarrik dauden bi kanpin-denden lekua ere.
Iturrian galtzerdiak, oinak eta burua garbitu eta gainean generamatzan ontzi guztiak ur izoztuaz bete ondoren hidratazioari ekin genion, kanpamentua osatzen genuonok errekaren bestaldean guanako bat argazki kamerekin metrailatzen genuen bitartean. Ez dakit zein zegoen harrituago, guanakoa hala gu, baina errekaren bestaldean inor begiratzen izango ez balitz bezala azaldu moduan desagertu zen, lasai-lasai, presarik gabe.
Guanakoa.
Dendaren ondoan eserita nengoela Arkaitzek parke zaindarien eraikinetik deitu zidan: "Smithy, etorri hai, hemen enfermeroa behar zitek eta". Hurbildu eta Silviok atsedenadian estu ikusi genuen lagunaren berri eman zidan. Italiarrez hitz egiten zidan eta, nahiz eta poliki hitz egin, azalpenak ongi ulertzen ez nituenaren aurpegia ikusita, edozeinek ulertzeko moduko hitz argigarria bota zidan: "cagoto". Antibiotiko eta loperamida (beherakoa "mozteko" botika) hartzen ari zela esan zidan. Honetaz aparte ongi hidratatzeko eta, botaka hasiko balitz abisatzeko esan nion, metoklopramida (botagurea kentzen duen botika) injekzio bat jartzeko. Erizaintza kontsulta irekita taldeko beste batek "bero-kolpea" izan zuela esan zidan. Kasu honetan arropa kendu (plumiferoa jantzita zuen) eta hidratatzeko esan nion. Sukarrarekin hasi eta Parazetamolarekin jaisterik izango ez balu Metamizol injekzio bat jarriko niola esan nion. Ez dakit kontsultagatik edo, baina hemendik aurrera Silviorekin izan genuen harremana oso gertukoa izan zen eta arratsaldea parke zaindarien postuaren atarian pasa genuen, parke zaindari eta mandazainekin kontu kontari, duela urte batzuetatik ezagutuko bagina bezala.
Silvio Mondinelli-rekin solasaldian.
Goiz afaldu genuen, mandazainek goizeko seiak eta erdirako petateak utzi beharra genituela esan ziguten eta. Tartean bi neska ipar-amerikarrei kanpin-denda muntatzen lagundu genien arren, tamalez gure intentzio zintzoaz jabetu ez zirela esango nuke, irrifartxo bat ere eskeini ez ziguten eta.
Afaria prestatzen.
Bigarren eguneko ibilbidea deskargatu nahi baduzue.
Powered by Wikiloc
Hirugarren eguna, hiruetatik gogorrena, goizeko bostak eta erdietan hasi genuen. Aurretik 11,5 kilometro eta metatutako ia 1.000 metro positiboetatik aparte lehen aldiz 4.000 metroetatik gora igoko ginen. Goizeko errituala amaituta, petateak txintxo eta formal behar zen lekuan ongi prestatuta utzi eta, goizeko zazpirak aldera, martxan jarri ginen.
Lehen metroetan...
Atzoko denda guztiak jasota, kanpamentua hutsik gelditu zen.
Azken etapa entretenigarria izango zen, bitan erreka gurutzatu beharko genuen eta. Lehen aldia Casa de Piedra utzi eta berehala izan zen. Errekaren ertzara iritsi ginenean bertan italiarren taldea topatu genuen: "Vascos!!!!!" Oihukatu zigun Silviok. Erreka zeharkatzeko intentzio handirik ez zitzaien ikusten eta goiz hotz hartan norbait zeharkatzeko kapaz izango ote zenaren zain zeundela ziruditen. Bitan pentsatu gabe Arkaitzek eta Ibonek galtzak kendu, Iker eta biok galtzak "moztu" eta, sandaliak jantzi ondoren, erreka gurutzatzen hasi ginen italiarren animo eta argazkien artean.
Zeharkaldiaren lehen metroetan. Argazkia Silvio Mondinellik egina da..
Lehenego pausuak izan ziren seguru eta ausartenak, hauen atzetik etorri zirenak aldiz, oinak izozten ziren heinean behatzetatik gora hitzetan jartzea zaila den min bat igotzen hasi zitzaigun. Altuak garenoi mina iztarrean amaitu zitzaigun, bajuagoak direnei aldiz mina gorago ere iritsi zitzaien, eskerrak kantzontziloak estu jarrita zituzten.
Arkaitz zeharkaldiaren azken metroetan, atzetik ni nator. Argazkia Jim Ryan-ek egina da.
Hortzak estututa, aurpegi ausartarekin hasi genuen zeharkaladia larritasun eta atsekabetu aurpegiarekin amaitu genuen. Errekaren bestaldean oinak ahalik eta azkarren lehortu, galtzerdi eta galtzak jantzi eta, atzera begiratu gabe, ziztu bizian jarraitu genuen erreka hortara itzultzeko inongo intentziorik gabe.
Zeharkaldiaren amaieran hortzak estututa. Bizkarrez dagoen gizona Jim Ryan da, Birgit-en semarra.
Oinak bere onera itzuli zirenean Relinchos sakanan sartu ginen.
Relinchos sakanan sartzen.
Errekaren eskuin ertzetik metro batzuk egin eta bideak lotsagabe gora jo zuen erreka pixkanaka zulo batean geldituz, hauspoa berotzen hasi zen aldapa igotzen genuen bitartean. Anaia eta biok aldapa lasai hartzea erabaki genuen, hauspoa lasaitu eta altuera ahalik eta polikien irabazteko. Arkaitz eta Ibon aldiz, azkarrago igotzen hasi eta hirugarren egunez metroak irabazi ahala bakarrik gelditzen joan ginen.
Errekaren ondoan egiten den zatian.
Denbora gutxian erreka behean geldituz joan zen..
Relinchos sakanaren lehen metroetako itsura basatiak erakarri ninduen. Bidea ez zen oso egonkorra eta makuluak (bat nire kasuan) lurrean tinko sartu behar ziren metroak irabazteko, gure mendietan lokatza handia dagoenean egiten dugun moduan. Lehen metro hauetan sakana baino arroila zirudien eta, errekarekin batera, honen zarata ere pixkanaka zuloan itotzen joan zen dena ixilik gelditu zen arte.
Sakanan gora makuluak lurrean tinko sartuz.
Sakanaren gainera iristear geundela mandozainen hautsezko hodeia azaldu eta orain arteko ixiltasunetik esnatu ginen. Aurretik zihoazen Ibon eta Arkaitz ere mandoak pasatzen uzteko gelditu eta momentu hau aprobetxatu genuen beraiengana hurbiltzeko. Hala ere, mandoz osatutako erreka lauon artean pasatu zenean, azkeneko mandazainaren atzetik martxan jarri eta denbora gutxian ixiltasuna bi anaiongan itzuli zen.
Arkaitz eta Ibonengana hurbiltzen.
Mandoen erreka gure artean.
Ez dakidana da erreka nondik igo zen, baina sakanaren gainera igo ginenean gure azpian azaldu zen era misteriotsu batean. Sakanaren gaineko ikusmira ikusgarria zen: arroil itsura galdu eta alde guztietara zabaltzen zen, errekak zeharkatutako lautada itsurakoan bihurtuz. Lautadaren amaieran, atze-oihal moduan, bakarren batek Aconcagua eta Ameghino mendiak jarri zituen paisaia borobilduz.
Sakanan gaineko ikusmira, Aconcagua eta Ameghino mendiak.
Altuera pixkanaka galdu eta, 3.600 metro ingurura, errekaren eskuin ertzera iritsi ginen. Relinchos sakanatik isurtzen den erreka Vacas baino hestuagoa izanda oinak lehorrak mantenduko zizkigun pasabideren bat topatuko genuenaren itxaropena genuen. Iker eta ni iristerako Arkaitz eta Ibonek errekaren ahuldadeetako bat topatu eta beraiek esandako harrien gainetik salto egin genuen beste ertzara pasatu eta, bide batez, oinak ur izoztuetatik babestuz.
Erreka zeharkatu ondoren.
Ur izoztuen arriskua atzean utzita aurrean zabaltzen zen lautadari metroak irabazten joan eta, 4.000 metroetara hurbiltzen ginen heinean, esfortzu txiki bat egiterakoan hauspoa berotu eta arnas-estuka hasten ginela konturatu ginen.
Lautada zeharkatzen.
Aconcagua, ederra benetan!!!.
Ezker eskua ez handitzekok argazkian dudan posturan eraman nuen ia denbora osoan.
Arnasketa lasai eramatearren, anaia eta biok erritmo lasaia hartzea erabaki genuen, Arkaitz eta Ibonen kasuan aldiz, Arkaitz pixkanaka aldentzen joan bazen ere, Ibon lehen aldiz gurekin batera ez bazen gugandik nahiko gertu mantendu zen: konturatuko al zen indartsuenaren erritmoa jarraitzerik ez zuela?
Ibon eta Arkaitz pixkanaka aurreratzen.
Bi handiak, Iker eta Aconcagua.
Ohiko legez hirugarren orduan zerbait jateko gelditu eta ordu erdiko atsedenaren ondoren, Aconcaguaren ipar ekialdeko aurpegia aurrez-aurre genuela, martxan jarri ginen. Gailurretik zintzilikatzen zen poloniarren glaziar izugarri eta ikusgarria zerutik lurrera zihoan izotz mingain ikaragarria zirudien eta gu geunden lekutik gailurrera ia hirumila metroetako aldea zegoela pentsatze hutsarekin zirrara berezi bat sentitu nuen.
Helmugara hurbiltzen, Arkaitz dagoeneko oso aurretik.
Ibon ordea, oraingoan gurekin gehiago mantendu zen.
Paraje hauetan dena handia zen: Pirinioetako morrenei ohitua Plaza Argentinara iritsi aurrekoa ere izugarria iruditu zitzaidan eta alde guztietara begiratu arren amaigabea zirudien.
Plaza Argentina aurreko morrena izugarria.
Morrena eskuin ertzetik inguratu, azken aldapatxo bat igo eta, hamabi eta erdiak aldera, parez-pare "Plaza Argentina 4.200 metros m.s.n.m" adierazten zuen egurrezko kartelera iritsi ginen. Bertan argazki batzuk egin eta bizitzan zapaldu eta bisitatzen genuen lehen oinarrizko kanpamentura iritsi ginen.
Plaza Argentinaren egurrezko kartelan.
Plaza Argentina auzo eta kale ezberdinez osatutako herri txikia da. Harrizko kaleek agentzia ezberdinek osatzen dituzten auzo ezberdinak komunikatzen dituzte: Fernando Grajales, Inka Expediciones, Aconcagua Visión... Kale guztiak, Parke zaindari eta medikuen postuetan elkartzen dira. Jatetxea eta guzti zegoela ikusi genuen. Elizarik ez genuen ikusi, Aconcaguaren katedralarekin nahikoa zen.
Ikusten denez oinarrizko kanpamentuan zerbitzu guztiak beteak daude.
Oinarrizko kanpamentuko kontaktua Maka zen, neska argal eta ilehoria, itsasoa bezalako begi urdinak zituena. Ohiturazko aurkezpenen ondoren Inkak zituen zerbitzuen berri eman zigun: lo egiteko literak, dutxa beroa, WI-FI zerbitzua, edozein momentuan edozer gauza jan edota edateko aukera... Tira, 4.200 metroetara egoteko itsas mailan askok ez dituzten luxuak genituen. Petateen biltegi, jan eta egongela funtzioak betetzen zituen domora eraman eta bertako mahaian ongietorri "hamaiketakoa" jaten hasi ginen: 2 pizza txiki bana, fruitu lehorrak, gailetak gaztakin, sandia eta nahi adina zuku. Hamaiketakoaren ondoren literen gainean lo zakuak utzita egin beharreko tramite administratiboak bete genituen: Parke zaindarien postura joan baimenak erakutsi eta zigilatzeko eta, bide batez, mediku azterketa pasatzeko txanda eskatzera. Parke zaindariek mendian egongo ginen egunetarako arau berriak eman zizkiguten, batez ere hondakinen kudeaketari zegozkionak: eman zizkiguten laranja-koloreko poltsan gorozkiak eta zuri-kolorekoan beste hondakin guztiak bota beharra genituen. Poltsak Plaza de Mulas oinarrizko kanpamentuan utzi beharko genituen. Eskalatu nahi genuen bidea ohiko bideetatik kanpo zegoenez, walkie talkie bat eta aurrikusitako plangintzaren kopia bat emateko eskatu ziguten, mendian une oro non egongo ginen jakiteko. Parke zaindariek medikuaren kontsulta pasatzeko hitzordua hurrengo eguneko hamaiketarako eman ziguten.
Literatan atsedena hartzen.
Inkaren WI-FI eta dutxa beroen zerbitzuak 16:30etatik atzera hasten zirenez, ordura arteko denbora idazteko, petateak ordenatzeko eta goiko kanpamentuetara eramango nuen botikina prestatzeko aprobetxatu nuen, sukaldearen atetik ihez egiten zuten Silvio Rodriguezen abestien noten artean. Petatetik etxetik ekarritako Aconcaguako gida atera nuenean, hiru egun lehenago Birgit-ekin izandako solasalditik Heber Orona izena nondik ezagutzen nuen ikusi nuen: eskuetan nuen gidaren egilea zen.
Hiru egun ziren Itziri gure berri eman gabe eta 10 dolarrekin kontratatutako WI-FIren hamabost minutuak motz gelditu ziren. Bagenekien WI-FIa oso azkarra ez zela, honegatik, telefonoz deitu beharrean Whatsapp mezuen bidez ahalik eta elkarrizketarik goxoena mantentzen saiatu ginen. "Pozik zabiltz?", "Bai" erantzun nion konfidantza gutxiarekin. "Seguru eskue ondo eukiko dezula. Zaindu, gozatu, deskantsatu, Pedrok eta Aragon aventurakok esandakoi kasu in. Maite zaitut" izan zen eman zidan azken aholkua. Etxekoak urduri eta kezkati zeudela esan eta urtezahar egunerako prestatuta zuen mahaiaren argazkia bidali zidan. Argazkian tximinia piztuta, salako mahaiaren gainean plater bakarra eta honen ondoan kandela bat ikusten zen. Bat batean Itzik izan zezakeen bakardadea sentitu eta barrenak astindu zitzaizkidan, begiak bustitzeraino. Faltan sentitzen nuen eta berarekin izandako "elkarrizketarekin" oraindik hunkituta dutxa hartzeko ordua iritsi zitzaigun.
Itzik bidalitako argazkia, barrenak ederki astindu zizkidan.
Txapaz egindako eraikin batean bi dutxa zeuden eta 10 dolarren truke ordu erdiko dutxa beroa hartzeko aukera zegoen. Dutxa iturri bat jarritatako 20 litro inguruko bidoi batez osatua zegoen eta ura izugarrizko eltzeetan berotzen zen. Inkako langileak ur hotza eta beroa nahastuz bakoitzak nahi zuen tenperaturan bidoia bete eta plastikozko aulki batean eserita dutxa hartu nuen, bidoiaren altuera ez baitzen handia. Sistema xumea izan arren, ordainetan jasotako poza izugarria izan zen eta honen ondoren arropa garbia jantzi eta bizarra moztu nuenean ia trantzera iritsi nintzen.
Dutxa hartu ondoren. Zeruak bat batean efektu eder hau egin zuen.
Arratsaldeko zazpi eta erdiak inguruan entsalada eta haragi errea afaldu ondoren (haragia larunbata eta egun berezietan erretzen zen), gaueko bederatziak aldera Inka Expediciones agentziarekin geunden guztiak kalean elkartu eta, Heber Oronak esandako esker oneko hitzen ondoren, tarta goxoa eta xanpain kopa bat eskuan, 2016 urteari amaiera eta 2017ri ongietorria eman genion. Ekitaldi xume honen ondoren bakoitza bere domora itzuli eta, gure kasuan, euskal kantutegiari errepaso ederra eman genion, Mikel Laboa eta Oskorritik Barricada eta La Polla Records-era.
Lo zakuetara erretiratu aurretik. Argazkian biltegi, jan eta egongela funtzioak betetzen zituen domoetako bat.
Biharamuna atseden eguna izango bazen ere gaueko hamaikak aldera kontzertuari amaiera eman eta literetan utzitako lo zakuetan sartu ginen. Etxean kandela piztuta zegoen mahai bakartiaren irudia berriro ere burura etorri eta, lotsa izango banu bezala, burua zakuaren barruan sartuta negar egin nuen.
Hirugarren eguneko ibilbidea deskargatu nahi baduzue.
Powered by Wikiloc
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina