2017/02/20

AKETEGI, "OUBLIÉ" KANALA, 400 metro, AD+ 2017/02/11

Aizkorriko aurtengo negua nahiko lehorra doa. Elur gutxi egin arren, lehen elurte handiaren ondoren izugarrizko hotza egin eta elurra sekula baino gehiago gogortu zen orain arte eskalatu gabeko irteerak eskalatzeko aukera irekiz. Izan ere, "Kalbarioeta" irteera eskalatu genuenean izotz torloju bat ere faltan bota genuen, jejeje.

Ezohizko baldintza hotz hauen asteburuaren ondoren egunak ez ziren hain hotzak izan eta elurra biguntzen hasi zen Aizkorriko ohiko elur baldintzetara pixkanaka itzuliz. Dena den, nahiz eta gure artean ez hitz egin, oraindik elur dexente zegoenez bisitatxo bat egingo genuela argi genuen.

"Nardagaizton eskubin bazeok kanal oblikuo bat goraño zuzen juteekena" esan zidan Lekuk, "zuek goiko partea inda dezue zeharkaldie iñez baña nik esandako lekutio kanala zuzen ateatzek". Errepor zaharretan begiratu eta Lekuk arrazoi zuela ikusi nuen. Duela bost urte, Iker eta Asierrekin batera, orduan "Aketegi, ipar hormaren azpiko erdialdeko kanaletik" deitu genion kanala eskalatu genuenean Lekuk esandako kanal zeiharraren goiko zatia eskalatu eta gainera kanala bitan gurutzatu genuen. Ez dakit orduan zergatik ez genuen kanala zuzenean hartu baina Lekuren planarengatik erakarrita kanal hura eskalatuko genuela adostu genuen.

Iker eta Asier bizkarreko arazoengatik kale egingo zutela jakinda eta elurraren egoeragatik kezkatuta, Leku eta biok goizean goiz gelditu eta Ikerri 4X4-a hartu ondoren goizeko seietarako Zegamarako bidea hartu genuen.

IBILBIDEA

Ibilbidearen deskribapenarekin jarraitu aurretik, esan "Oublié" kanalaren izena guk asmatua dela guk erreferentzi bezala izateko. Irteera bere izen propioa izan dezake (ez dugu inon topatu). Gure asmoa ez da urteetan jarraitu diren kanalen irteerak gure modura batailatzea.

Ibilbideak Nardagaiztoren eskuinean (Zegamatik begiratzen badugu) pagadiaren erdian dagoen kanal erdi-izkutua jarraitzen du. Kanalaren hasiera Nardagaizto baino 50 metro lehenago dago eta hemendik gora zuzen joko dugu lehen erresalte batera iritsi arte. Erresalte hau baldintza onean topatu ez genuenez honen eskuinetik 10-15 metro eta III+ zailtasuneko bariante bat egin genuen. Bariante hau eskalatu ondoren ezkerrera zeharkaldi bat egin eta berriro ere kanalarekin bat egin genuen.

Hemendik gora kanala jarraitzea besterik ez da eta oso entretenigarria da, 40-45 gradu inguruko elur-malda (tarteka 50 graduetako tarteren bat topatuko dugu) zailtasun eta maila ezberdineko 7 erresalteekin tartekatuz, zailenak bigarren eta seigarrenak, III-IV zailtasunaren baitan daudenak. Beste lau erresalteak III mailako zailtasunaren inguruan ibiliko dira.

Kanalaren amaieran bi aukera ditugu: Aketegi erpinaren azpiko horma bertikala ezkerretik inguratu gailurrera iristeko edo eskuinera jo Nardasakon kanalarekin bat egin arte. Guk bigarren aukera hartu genuen.

Aizkorriko kanalak Zegamatik ikusita. Karratu gorrian "Oublié" kanala.


"Oublié" kanalaren krokis zehatzagoa, honen ezkerrean Nardagaizto.


ERAMANDAKO MATERIALA

Kanal honetarako eskaladarako materiala eraman genuen: 30 metroetako bi soka, Alien eta Lincam jokua, iltze ezberdinak, zinta edo baga batzuk, 5 express zinta, arnesa, piolet teknikoak, kranpoiak eta kaskoa.

DESKRIBAPENA

07:00, Itzubiaga borda, 940 metro inguru. Dena prestatu eta, bidea kopetako argiekin argituz martxan jarri ginen egunsentiatik ihes egin nahiko bagenu bezala. Eguna ez zen hotza eta gainera eguerdirako ipar haizea sartu eta eguraldi aldaketa iragarrita zegoen, honegatik goiz eta arin ibiltzea adostu genuen kanala ahalik eta baldintza onean topatzeko.

Nardagaiztora iritsi baino 50 metro inguru lehenago azken urteotan izaten den elur-jausiaren hondarretatik pasa beharra dugu. Puntu hau da erreferentzi bezala hartu behar dena kanalaren hasiera topatzeko, elur jausia kanalatik dator eta. Itzubiagatik puntu hontara gutxi gora bera ordu laurden pasa genuen.

"Kranpoiik jarri behar diau?" Galdetu zidan Lekuk. "Eztiat uste beharko diteunik" erantzun nion elurraren gainean lehen pausuak egin nituenean. Elurra biguna zegoen arren, makulu eta pagoen adarren laguntzarekin metroak erraz irabazten ziren. Hauspoari emandako lehen beroaldiaren ondoren, linternen argien parean lehen erresaltea dagoen horma azaldu zen.

07:30, Lehen erresaltea, 1.000 metro inguru. Erresaltea estua da eta 6 metro inguru izango ditu. Zuzen jarraitzen badugu erresaltea oso bertikala jartzen da eta goian duen harkaitz blokean atzeraka egiten duela esango nuke: "Arkaitzekin etorri nitxoanen eskubitio eskalatu genian" esan zidan Lekuk. Zuzen ateratzeko aukera baztertuta Lekuk esandako aukera aztertzen hasi nintzen. Pioletaren punta lurrean sartu eta, lurra izoztuta ez zegoenez, trakziorik egiterik ez nuela ikusi nuen: "lurre biguñe zeok ta pioletak eztik eusten" esan nion Lekuri. Inguruan zeuden harkaitz batzu pioletarekin garbitu eta pioleten puntak sartzeko bi helduleku txiki topatu nituen. Pioletak eutsiko zutela frogatu behar nuenean indarra egin eta gainean nengoen elurrak behera egin zuen hasieran nengoena baino beherago geldituz: "Zemuz ikustek, Xabi?", "Ba erresaltea zeoken modun ateatzeko oso gaizki" erantzun nion.

Lehen erresaltera iritsi ginenan.


Amore emanda, erresaltetik atera eta honen eskuinera (igoerako norabidean) joan ginen beste igoera posible baten bila. Aukera ezberdinak baloratu ondoren, soka-luzea babesteko ematen zuen aukerarik onena pago baten enborra eskalatzea izango zela pentsatu genuen.

Bariantearen hasierara iristen.


Sokak atera eta motxilaren barruan zeuden burdin, zinta eta baga guztiak gorputzetik zintzilikatu ondoren eskalatzen hasi nintzen.

Bariantearen lehen metroetan.


Bariantea nahiz eta bertikala izan, zuhaitzen enborretatik zintak pasatzerik zegoenez segurtasun handiz eskalatu nuen. Zuhaitzaren gainera iritsi nintzenean luzeak zuen zatirik delikatuenera iritsi nintzen, elur plaka baten gainetik egin beharreko 3 metro inguruko zeharkaldia. Eta delikatua diot ez zailtasunagatik, elurraren egoeragatik baizik, edozein momentuan oinen azpian plaka desagertuko zela zirudien eta. Zapaltzen nuen elurra esnatzerik nahiko ez banu bezala zeharkaldiaren amaierara iritsi eta, sustrai lodi baten inguruan zinta bat pasatu ondoren, arnasa lasai hartu nuen. Hemendik aurrera metro pare bateko hormatxo erraza eskalatu eta, zailtasun guztiak amaituta, zuhaitz baten enborraren inguruan bilgunea muntatu nuen. Soka-luzearen luzera? Gutxi gora behera 25 metro, horietatik "teknikoak" lehenengo 10-12ak.

Elur plaka zeharkatu ondoren, azken hormatxoa eskalatzen.


Sokak gainetik ematen duen konfidantzarekin Leku di-da batean ni nengoen lekura iritsi zen.

Bariantetik ateratzen.


Trasteak jaso eta bilgunearen atzetik zegoen hormatxoa igo ondoren lehen erresaltearen irteera gure ezkerrean ikusi genuen: "oain zeharkaldie in beharra zeukeau kanala hortio zijok eta" esan zidan Lekuk gure ezkerrean zuhaitzen artean zihoan kanala seinalatuz. Bertara iristeko 25 metro inguruko zeharkaldi horizontala egin behar izan genuen elur-jausiek erraztutako plaka bat zeharkatuz. Zeharkaldia ez da zaila baina, 45 gradu inguruko malda zeharkatzen denez, kontu handiz egin beharrekoa da, eroriz gero lehen erresaltea dagoen hormatik behera erortzeko arriskua dago eta.

Leku zeharkaldiaren erdian.


Lehenengo erresaltearen irteeraren gainetik pasatu ondoren Lekuk kanalarekin bat egin zuen: "libre Xabi!!" Oihukatu zidan, "kontu ibili beharrekoaek baña ondo itteik"

Zeharkaldiaren amaieran, kanalak Leku dagoen lekutik gora zuzen jarraitzen du.


Zeharkaldia amaitu eta berriro ere elkartu ginen: "pena erresaltea eskalatu ez izana, bestela azpitio hau dena zuzen itteik" Lekuk. Aurretik pasatzeko eskatu eta gora jarraitu genuen.

Aurretik pasatu eta gero.


Erresalte izatera iritsiko ez den "koxka" txikia eskalatu eta pagoen artean irekitako pasilloaren erditik gora jarraitu nuen. Elurrak bigun jarraitzen zuen eta, egia esan, konfidantza handirik ez zuen ematen.

Leku "koxkaren" azpian.


45 gradu inguruko maldan gora, metro batzuen ondoren bigarren erresalte batera iritsi ginen.

Bigarren erresaltearen azpian.


Bigarren erresaltea berikala ez den harkaitz plaka handi bat da, 5 metro ingurukoa gutxi gora behera: "zuzen emango al diau?" Galdetu nion Lekuri. "Zemuzkoa ikustek?" Galdetu zidan. "Ba etzekiat, lasai hartu beharko diau" erantzun nion aurretik nuen hormaren zirrikitu eta eskalatzeko sekretuak deskubritu nahian. Harkaitza nahiko ona zela zirudien eta eskalatzeko pare bat aukera ezberdin ikusi nituen baina, nahiz eta motza izan, ez nekien zenbat denbora eramango zuen erresaltea eskalatzea eta gaurko egunean denborak urrea balio zuen, elurra gehiegi biguntzeko beldur ginen eta. Azkenean beste baterako uztea erabaki eta, ezkerretik inguratu ondoren erresaltea "zeharka" bada ere, eskalatu genuen, jejeje.

Bigarren erresaltea, gorriz nik jarraitutako bidea eta urdinez Lekuk jarraitutakoa.


Metro pare bateko erresaltetxo erraza eskalatu ondoren bigarren erresaltearen gainera iritsi ginen.

Erresaltetxoan.


Leku erresaltetxoaren azpian.


Bigarren erresaltea gainditu ondoren. Erresaltearen irteera nire atzean ikusi daiteke, argazkiaren ezker aldean.


Hemendik gora maldak 45 gradu inguruan jarraitu eta elurraren gogortasuna gure zorionerako zertxobait hobetzen hasi zen. Bigarren erresaltetik 50 metro ingurura hirugarren erresalte batera iritsi ginen.

Leku bi eta hirugarren erresalteen artean.


Hirugarren erresaltera iristen.


Hirugarren erresaltea, hiru metro ingurukoa, motza izanda ere azken metro eta erdia bertikala du. Erresalte honetan lokatzaren egoera gogorragoa zen, pioletekin trakzionatuz bertatik atera ahal izateko nahikoa. Zuen itsuragatik pentsatzen dut elur asko dagoenean erabat estalita egongo dela, baita elur gutxiagorekin tenteagoa izango dela ere.

Hirugarren erresaltearen zati bertikalaren azpian.


Hirugarren erresaltetik ateratzen.


Hirugarren erresaltetik aurrera 45 graduko malda mantendu zen: "hor aurren beste erresalte bat zetorrek" esan zidan Lekuk metro batzuk igota genituela. Gora begiratu eta laugarren erresalte bat ikusi nuen.

Hirugarren erresaltea atzean utzi ondoren, argazkiaren amaieran laugarren erresaltea ikusi daiteke.


Auretik genituen 50 metroak bizi-bizi egin genituen laugarren erresalteko elurra iristerako urtuko zenaren beldurrez izango bagina bezala: "Pinta ona zeukik" esan zidan Lekuk, "halaek, ea zemuzko elurre topatzen diaun".

Laugarren erresaltearen azpian.


Erresalteak 4-5 metro inguru izango ditu eta bi zatitan banatu daiteke: lehen metro batzuk etzan eta azken bi metro bertikal. Zailtasun aldetik III+ inguruan ibiliko dela esango nuke, behintzat guk topatu genuen baldintzetan, nahiz eta elur gogorrarekin ez dut uste IIIko zailtasunetik igoko denik.

Erresaltearen lehenengo zatia nahiz eta elur gogorrik ez izan nahiko erraz eskalatu nuen.

Lehenengo zatia eskalatu ondoren.


Bigarren zatira iritsi nintzenean, hormatxo bertikala segurtasun handiz eskalatzeko irteeran elur edo lokatz gogorra topatzea desiatzen nengoen. Oinak altsatu eta pioletekin goian jo nuenean orain arteko fundamenturik gutxiko hotsa "krok" batekin trukatu zen: "Ostia, hemen goien oaindio izotz zaharra zeok!!!" oihukatu nion Lekuri. Izotza ez zen oso lodia baina honen azpiko lokatza gogorra egongo zelakoan pioletak sakon sartu eta erresaltea uste baino errazago eskalatu nuen.

Leku erresaltearen oinean.


Lekuri gainera elurrik ez botatzeko alde batera bota eta erresaltea zailtasunk gabe eskalatu zuen.

Erresaltearen bigarren zatian.


Erresaltetik ateratzen.


Hemendik gora malda zertxobait tentetu zen puntu batean edo bestean 50 graduetara iritsi arte. Elurraren kalitatea ere dexente hobetu zen eta, erabat gogorra ez egon arren, botak besterik ez ziren sartzen: "Oaingoz izugarri disfrutatzen ai neok" Lekuk, "baita nik ere, kanalak hola jarraitzen badik egun earrra atakoek".

Laugarren erresaltea atzean utzi ondoren.


50 gradu inguruko zatietako batean.


Laugarren erresaltetik gora kanalak bi bihurgune egin eta bosgarren erresalte bat ikusi genuen: "eztek sinistu behar, oiandio gutxiñez beste erresalte bat diau" esan nion. "Jojojo" bat bota zuen.

Bosgarren erresaltera iristen.


"Nahi al diok eman?" Galdetu nion. "Segi nahibaek" erantzun zidan, "bai baña bakarren bat utzi beharkoiat" bota nion irrifartsu. "Ikustea jungo neok ea zemuzkoa deken" erantzun zidan.

Erresaltera iritsi, pioletak tinko sartu eta kranpoiek ere bere pisuari ongi eusten ziotela ikusi zuenean, bat batean konfidantza haize fin batek bidalia bezala, erresaltea eskalatzen hasi zen: "elurre de puta madre zeok!!!" oihukatu zidan erresaltearen erdian zegoenean. "Ba gora iritsi eta goitio zetorrekena ikusteekenen flipau inbehar dek" bota nion erresalte honen gainetik zegoen seigarrena ikusi nuenean.

Erresaltearen lehen metroetan elurraren egoera begiratzen.


Erresaltearen bigarren erdia konfidantza eta erraztasun handiz eskalatu zuen: "Elurre earra zeok, nahibaek eskubitiore saiatzeik bazeok" esan zidan erresaltetik atera zenean.

Erresaltearen azken metroetan, atzean seigarren erresaltea ikusi daiteke.


Lekuren aholkua jarraituz berak jarraitutako bidearen eskuinetik eskalatzen hasi nintzen eta, berak esan bezala, elurraren egoera ona zela ikusteko aukera ere izan nuen. Erresalteak orokorrean bost metro inguru eta zailtasun handiena azken bi metroetan ditu. Elurra topatu genuen egoera kontutan izanda nahiko erraz eskalatu genuen eta konturatzerako Lekurekin batera nengoen.

Erresaltetik ateratzen.


"Ez altzaik ezagune itten horko erresalte hoi?" Galdetu zidan berarekin elkartu nintzenean. Gora begiratu eta, hasiera batean, seigarren erresaltea ezezaguna egin zitzaidan, eskuinean duen estugunea ikusi nuen arte: "ostia, nik erresalte hoi Iker ta Asierrekin eskalatuta zeukeat" esan nion. "Hoixe, Aketegiko erdiko kanala eskalatu zenutenen" erantzun zidan. Ikerrek ireki zuen estugunetik ateratzea kosta egin zitzaidala gogoratu eta ideia honek zertxobait kezkatu ninduen: "ea ateratzeik deun" pentsatu nuen. "Ze ingodiau zuzen jarraitu edo ezkerragotio beste alternatiba bat aurkitu?" Galdetu zidan "zuek inda dezuelako esateiat". "Ez honbre" erantzun nion, "nik dauneko goraño jarraituko nuke kanala ahalik eta zuzenen eskalatzeko". Hau esanda erresaltera hurbildu nintzen.

Seigarren erresaltera hubiltzen, nire buruaren gainean estugunea ikusi daiteke.


"Ea zemuz ateatzeken ze Ikerrekin ta Asierrekin eskalau nianen estu atea nian" aitortu nion Lekuri sokak prestatzen genituen bitartean. Leku estugunetik ahalik eta gertuenen aseguratzen jarri eta eskalatzen hasi nintzen.

Erresalteak berez lau metro inguru izango ditu baina elurraren arabera dexente zaildu daiteke. Erresaltea eskalatzeko modurik errazena estugunea aprobetxatzea da, honen ezkerreko plaka, harkaitz plaka leuna izanda, elurrak ez baitu eusten. Estugunea ezin da zuzen eskalatu, amaieran zulo antzeko bat duenez atzeraka egiten baitu, honegatik ezkerrera pasa behar da pioletak lurrean ongi sartuz, beti ere lurra gogorra badago. Eta azkeneko hau zen kezkatzen ninduena.

Estugunean eskalatu nituen lehen metroak lasai egin nituen ezkerreko horma zeharkatzen duen pitzadura horizontalean ahal izan nuen lekurik altuenean lincam gorria sartuz. Friend-ak ematen duen segurtasunarekin erresaltearen zatirik zailenera iritsi nintzen.

Estugunean sartuta, zatirik zailenera iristen.


"Zemuzkoa zeok?" Lekuk, "Ba oaingoz nahiko ondo, ta elurrek emateo aguantauko dikela" erantzun nion estugunearen amaieran dagoen elurra zapaldu eta erlaitz txiki bat eginez. Ezker horman iltze edota friend bat sartzeko zirrikitu baten bila alperrik ibili nintzen. Aukera hau baztertuta, estugunearen amaierako zuloan asegururen bat jartzeko leku baten bila hasi nintzen. Azkenean, hainbat saiakeren ondoren, zuloaren eskuinean dagoen harlauza batean Alien orlegi bat sartzerik izan nuen: "gutxiñez bi aseguru jarrittut" pentsatu nuen.

Bi aseguru jarrita nituen, biak zati bertikaletik behera, eta honek izugarri kezkatzen ninduen eroriz gero kolpe handia hartuko nuelako. Besoa luzatu eta pioleta goikaldeko lurrean sartzen saiatu nintzen. Hirugarrenean pioleta sendo sartu eta ongi eusten zuela ikusi nuenean argitxo bat piztu zen buruan nuen tunelaren amaieran. Ezker horman kranpoien puntak jartzeko leku bat aurkitu eta bizkarra eskuin horman jarriz gorputza eskuin hormaren kontra arrastaka igo nuen: "komodo hau Xabi?" Galdetu zidan Lekuk argazki kamera ateratzen zuen bitartean, "postura hontan bai, ea oain bestaldera pasatzeik deten" erantzun nion.

Estugunean altxatu nintzenean. Alien orlegia non jarri nuen ikusi daiteke.


Orain gehien kezkatzen ninduena falta zen, lurrean sartuta nuen pioletari heldu eta estugunetik ateratzea: "bueno Leku oain kontu izan". Ezker oina pixkat gehiago igo eta pioletari helduta eskuin oinarekin eskuin horman indarra egin eta estugunetik atera nintzen bihotza ahotik ateratzear nuela, "bum,bum,bum,bum,bum...". Bigarren pioleta gorago sartu eta erresaltetik atera nintzen: "Yijaaaaaaaa!!!!" Oihukatu nuen.

Erresaltetik atera ondoren ihaz Arkaitzek zuhaitz batean utzitako zinta eta bi mosketoiak berreskuratu eta Ikerrek duela bost urte bilgunea muntatutako zuhaitz berean bilgunea muntatu nuen: "Reuniónnnnnnn!!!!".

Ikusgarria da Lekuri soka aurretik eramateak zer nolako konfidantza ematen dion. Ikerrek esaten duen bezala Lekuk "de segundo" K2 mendiko Magic Line ertza ere eskalatuko luke, jejeje. Konturatu nintzenerako erresaltetik ateratzen ari zen: "Aspaldi indiaten bideik earrena hau izaten aidek" esan zidan bilgunera iritsi zenean, "kristona disfrutauiat".

Erresaltetik ateratzen.


Ni bilgunean.


Hemendik gora sokarik beharko ez genuela jakin arren, nahiz eta aseguru guztiak motxilan jaso, badaezpada sokak gure baitan bildu genituen kanalaren amaierara zuzenduz.

Soketako bat jasotzen, bestea Lekuk jaso zuen.


Bilgunetik aurrera malda 45 graduetan mantentzen da punturen batean 50 graduetara ere iritsiz.

Bilgunetik gora lehen metroetan.


Kanala zuzen jarraitzea besterik ez da pixkanaka azken erresalte batera iritsiz.

Zazpigarren erresaltera iristen.


Leku atzetik ederki gozatuz.


Zazpigarren eta azken erresaltea bere eskuinetik erraz ekidin daiteke baina elurraren egoera ikusita zuzen eskalatzea erabaki genuen. Ez da erresalte luzea, hiru metro inguru izango ditu, baina azpitik dirudiena baino gehiago tentetzen da eta bertatik ateratzeko ezinbestekoa da erresaltearen kanpoko elur edo lurra gogorra egotea.

Zazpigarren erresaltean.


Zatirik bertikalenera iritsi nintzenean pioletekin elurrean jotzen hasi eta harkaitza besterik ez nuen topatzen. Etsitzen hasita nengoenean erresaltearen ezkerrean jo eta pioleta tinko dagoenaren "krok" hots bereziarekin batera irrifar maltzur bat bota nuen: "hau egiña zeok".

Erresaltetik ateratzen.


"Zemuzkoa zeok?" Lekuk, "Hemen erdin piolok sartuzkeo oso ondo" erantzun nion. Leku atzetik sartu eta luzeegia egin zitzaion unearen ondoren erresaltea ongi eskalatu zuen: "uff, pixkat blokeatu neok" esan zidan, "ba halere ondo ateaek" erantzun nion.

Zatirik bertikalenean estutzen.


Erresaltetik ateratzen


Hemendik gora estugunetxo batera hurbildu eta bertatik kanalaren irteerara iritsi ginen.

Estugunetxora hurbiltzen.


Estugunearen azpian.


Estugunetik ateratzen.


Estugunetik kanpo kanala zabaldu eta 10:20etan Aketegiren azpiko hormaren azpira iritsi ginen: "ze ingodiau goraño jarraitu edo Nardasakonetio jatxi?" Galdetu nion. "Igual hobe kotxea itzultze bagaituk" erantzun zidan. Horrela ba, sokak motxila barruan sartu eta eskuineran lotsagabe jo genuen Nardasakonekin bat egin genuen arte. Tartean Irauleko ipar hormari argazki batzuk egin genizkion.

Irauleko ipar horma: Nardasakonen irteera normala ezkerrean, orratza eta eskuineko irteera (erdi izkutua).


Hemendik behera kontu kontari jaitsi ginen hurrengo proiektuak amesten eta gure irudimenean irudikatzen. 10:45-etarako Itzubiagako bordara iritsi ginen, zoriontsu.