AZKEN 10 SARRERAK

2017/01/28

AIZKORRIKO GURUTZEA IRALARRAINARDEAREN EZKER ADARRETIK, "KALBARIOETA" IRTEERA 2017/01/22

Mendizaleok mendiak ematen dituen aukerak aprobetxatu behar direla esaten dugu, batez ere mendiaren egoerari dagokionez: "elurre oain daun bezela ez da gehio eongo...", "biharko eguraldi ona emanda dau ta gero txarra dator...", "harkaitza lehorra dago...", "mendia orain dago punturik onean..." bezalako "aitzakiak" nork ez ditu erabili mendira joan ahal izateko? Esaldi hauek gordeta izan dezaketen berekoikeriaz ez gara jabetzen, noski, baina beti dugu aitzakiren bat.

Beste gauza batzuekin zale amorratuak direnak bezala, mendizale amorratuok nahita edo nahigabe berekoiak gara. Ez berekoiak zentzu txarrean edota intentzio txarrik dugulako baina mendiak itsutu egiten eta buruan beste gauza batzuetarako leku eta denbora gutxi izaten dugu. Gure arteko solasaldiak gai bakarraren inguruan izaten dira, eta pasio bera ez dutenak "luze", "parabolt", "extraplomo", "bilgune", "6a" eta "reverso" bezalako hitz teknikoekin "kutxatu" eta aspertzen ditugula ez gara konturatzen, mendiaren itsumenean harrapatuta gaude eta. Kaiolatutako lehoiaren moduan, asteburu edota jaiegunen zain izaten gara, kaiola ireki eta bertatik ihes egiteko amorratzen.

Honelako zerbait gertatu zitzaigun anaia eta biori larunbatean Aketegitik itzuli ginenean. Azken urteotako elurrik gogorrena topatu genuen eta, noski, elur hau ahal zen guztia aprobetxatu beharra genuen, etorkizunik izango ez balitz bezala, jejeje.

Aizkorriko gurutzearen aldean Aketegin baino elur gehiago zegoela ikusita, buruan aspalditik nenbilen proiektu bat burura etorri zitzaidan: eta Iralarrainardearen ezker adarraren gainean dagoen irteera eskalatzen badugu?

Duela hiru urte anaia eta biok irteera hau eskalatzera joan baina izugarrizko hodeitza sartu, dena estali, eta irteera hau eskalatzen ari ginelakoan honen ezkerretik (Zegamatik begiratuta) doan beste irteera bat eskalatu genuen. Oraingoan aldiz, eguerdira arte eguraldi garbia iragarrita zegoen, beraz ez genuen hodeien arazorik izango, eta gainera elurra zegoen bezala egonda ezin genuen aukera hau aprobetxatu gabe utzi (hara, non irakurri ditut aitzaki hauek lehenago? Jejeje).

Leku familiarekin Urbasara egun pasa zihoan, Asierrek aldiz, lagun batekin etorriko zela esan zigun.

Iralarrainardean topatu genezaken jendetzaren beldurrez goiz gelditu ginen iluntasunaren azken hondarrekin ibiltzen hasteko. Asierrek zazpiretan jaso ondoren, Zegamako Hiruetxeta auzoko Buenavista baserriaren ondoan kotxea utzi eta 08:00etarako martxan jartzeko prest ginen.

JARRAITUTAKO BIDEA

Bidearen deskribapenarekin jarraitu aurretik, beti bezala esan "Kalbarioeta" izena guk asmatua dela guk erreferentzi bezala erabili ahal izateko. Irteera bere izen propioa izan dezakeela (ez dugu inon topatu) kontutan izanda, argi utzi nahi dut gure asmoa ez dela urteetan jarraitu diren kanalen irteerei izena aldatu eta gure modura batailatzea.

Jarraitu genuen bidea egun oskarbia izanez gero oso nabaria da: Iralarrainardean sartu eta kanalak duen ezker adarra amaiera arte jarraitzea "besterik" ez da. Igoera basotik ahalik eta gertuen egiten bada bertan topatuko ditugu ibilbidearen erresalterik "interesgarrienak", jejeje.

Iralarrainardearen ezker adarrean bi erresalte topatu genituen: lehenengoa 5 metro ingurukoa baina lehen metroak tenteak (65º ingurukoa) zituena, eta bigarrena lehenengoa baino luzeagoa (6 metro inguru) baina baita etzanagoa (55º inguru) ere. Bi erresalte hauek eskalatu ondoren harkaitz batzuek osatzen duten pinakulu txiki itsurako baten gailurrera iritsi ginen.

Pinakuluaren gainean eta eskuinean (15-20 metroetara) bi harkaitzen artean doan erresaltera zuzendu eta zailtasunik gabe eskalatu genuen. Igoeran eskalatutako hirugarren erresalte honek 10 metro inguru eta 55º inguru izango ditu.

Erresalte honetatik "Kalbarioeta" irteera parez-pare topatu genuen. Irteeraren oinara iristeko 50º inguruko elur malda igo eta tartean dagoen harkaitz adierazgarri bat eskuinetik inguratu genuen.

Irteera eskalatzeko 28 metro inguruko soka-luze bat egin genuen irteeraren sarreratik 4 metro ezkerrago elur errimaiaren azpian topatu genuen iltze bat "0 bilgunea" muntatzeko aprobetxatuz. Irteerak bertikalean 13-15 metro inguru izango ditu eta hiru zatitan banatu daiteke: Hasteko, diagonalean ezker-eskuineko 4-5 metroetako ageriko zeharkaldia egin genuen. Zeharkaldi hau friend-ekin ondo babestu daiteke. Zeharkaldiaren amaieran, metro pare bat inguruko eskaladatxo bertikala egin eta, eskuin-ezkerreko 3 metro inguruko bigarren zeharkaldia egin genuen irteeraren hormaren azpira iritsiz. Bigarren zeharkaldi hau babestea zailagoa da eta guk honen amaieran friend bakarra jartzeko aukera bakarra ikusi genuen.

Azken hormak 3-4 metro inguru izango ditu eta bertikala da oso (90º), zertxobait atzera egiten duela ere esango nuke. Gu, eta hau harrigarria bada ere, izotzaz estalita topatu eta zuzen eskalatu genuen. Pena izotz torloju bat eraman ez izana hormak babesteko aukerarik ez dauka eta. Aizkorriko gurutzearen ohiko elur bigunarekin ez dakit horma honen zailtasuna zenbatekoa izango den, baina oso zaila izango delakoan nago eta baliteke hemen deskribatutakoa balio handirik ez izatea.

Horma eskalatuta irteera 45-50º ingurura "etzan" eta bertatik 10-15 metro ingurura eskuineko harkaitz-zubidun harkaitz batean bilgunea muntatu genuen. Goian esan bezala soka-luze hau 28 metroetakoa egin genuen.

Bilgunetik gora, malda 45-50º gradu inguruan mantentzen da eta zailtasunik gabe Otzaurte eta Arabatik Aizkorriko gurutzera doan ohiko bidearekin bat egingo dugu, Kalbarioeta gurutzetara iritsiz, hortik irteeraren izena.

Behin Aizkorriko gurutzera doan ohiko bidean, aterpean atsedena hartu eta kotxea utzitako lekura itzultzeko Iralarrainardeatik jaitsi ginen.

Jarraitutako bidea, gorriz igoerakoa eta beltzez jaitsierakoa. Karratuan irteera non dagoen ikusi daiteke. 


Irteera gertuago. Krokisa eta guk jarraitutako bidea. 0 Bilgunean iltze bat jarrita dago.


ERAMANDAKO MATERIALA

Irteera honetarako eskaladarako materiala eraman genuen: 30 metroetako bi soka, Alien eta Lincam jokua, bi iltze, zinta edo baga batzuk, 5 express zinta, arnesa, piolet teknikoak, kranpoiak eta kaskoa.

DESKRIBAPENA

08:00, Hiruetxeta (Buenavista baserria), 625 metro inguru. Prestaketa lanetan ari zen mendizale talde baten ondoan kotxea utzi eta trasteak kotxetik ateratzen hasi ginenean, Iker eta biok konturatu ginen nire makulu eta arnesa Ikerren 4X4an zeudela, Ikerrek kotxea ekarriko zuelakoan geunden eta: "A ze asteburue, atzo kaskoa ta gaur arnesik gabe" bota nien. "Bueno txarrenen baga batzukin arnes bat ingozu" esan zidan Asierrek lasaitasun handiz.

Prestaketa lanetan ari ginela irtetzear zeuden mendizaleetako bat hurbildu zitzaigun: "zuetako norbait Xabi al da?" Ni nintzela esan genionean Facebook-etik ezagutu eta mezuak elkar trukatutako Unai zela esan zidan. Gauzak nolakoak diren, kasualitatez larunbatean Nardasakonera iristeko biderik motzena nondik hartu messenger-en aritu ginen. Bera eta bere lagunekin solasalditxoa izan ondoren Iralarrainardea eta Sakonaundiren arteko kanala eskalatzea gomendatu nien, handik, guk duela urte pare bat egin genuen moduan, "Couloir" irteeratik ertzara iristeko.

Unai eta bere lagunak agurtu ondoren martxan jarri ginen: "Barkatu, zure izena zein da?" Galdetu nion Asierren lagunari, "Alain" erantzun zidan. "Ostia, barkau baña eztizuet presentau" bota zuen Asierrek irrifartsu. Honen inguruan Asierri adar pixkat joz martxa lasai hartu genuen eguzkiaren lehen izpiek igandea argitzen zuten bitartean. Alainek Capra alpina blogean kolaboratzaile moduan aritzen dela esan zigun: "zuen konpentzie!!!" Esan zigun irrifartsu. Alainek esandakoaren harira beti pentsatu izan dut blogen artean "konpetentziarik" ez dagoela. Norberak erreporrei bere estilo propioa ematen dio eta blogen arteko informazioa konpententzi baino osagarri izan daitekeela uste dut.

Eta bidean zertaz aritu ginen hizketan? Ba munduak bizi duen baloreen krisi, Estatu Batuetako kanpo politikaz eta erromatarrek utzi ziguten ondare kulturalaz noski, jejejeje. Bai eta zera ere!!!!! Jejejeje, mendizale amorratu eta "berekoi" on bezala bide osoan gai bakarraz hitz egin genuen: mendia eta honekin zerikusia duen guztia, baina solasaldiaren zati handi batek Aconcaguara egindako espedizioak hartu zuen.

09:10, Iralarrainardearen oina, 1.000 metro inguru. "Ustet honea igo naizen bakoitzen bide diferente batetio igo naizela" esan zigun Alainek Iralarrainardearen oinara iritsi ginenean: "ya te digo" erantzun nion "ni ere hirutan igo ta hirutan leku diferentetio igo naiz" esan zion Ikerrek.

Iralarrainardearen oinean.


Bertan dagoen gurutzearen ondoan kranpoiak jazten genituen bitartean Unai eta bere lagunekin berriro ere hitz egiteko aukera izan genuen. Unaik mendian frogatzen ari den sistemaren berri eman zigun: Surf egiteko erabiltzen diren eskularruak mendirako erabiltzea. Emaitza oso interesgarria zela esan zigun, eskularruak neoprenozkoak izanda eskuak denbora osoan beroak eramaten zituelako. Etorkizunerako ideia interesgarria iruditu zitzaigun. Iralarrainardea eta Sakonaundiren arteko kanala nondik hartu eta non amaitzen zen adierazi eta gero, Aizkorriko gurutzeko aterpean elkartuko ginelakoan elkar agurtu ginen.

Iralarrainardeak osatzen duen "enborra" bi adarretan banatzen den lekura arte aurreko egunetan pasatako mendizale "uholdeak" utzitako arrasto nabaria jarraituz igo genuen, eskiralak igoko bagenitu bezala, arin-arin. Ezkerreko adarra hartu genuenean aldiz, arraroa bada ere, arrasto zahar bat topatu genuen: "joño, ba hemendio norbait pasata dau" esan nien harrituta, adar honetan arrastorik ikustea ezohikoa izaten baita.

Iralarrainardearen lehen metroetan oso zapaldua zegoen arrastoa jarraituz.


Ezkerreko adarra hartu genuen lekuan, gure aurretik zihoazen mendizaleak eskuineko adarra hartu zuten, argazkian ikusten den bezala.


Ezker adarretik igotzen hasi ginenean makuluak gorde eta pioletak atera genituen. Duela hiru urte Ikerrekin etorri nintzenetik banekien basotik gertu mantenduz erresalteak tentengoak zirela, honegatik, elurra gogorra zegoela aprobetsatuz, basoaren ertzetik ahalik eta gertuen mantenduz igotzen hasi ginen. Ezker adarratik jarraituz gero malda ez da oso gogorra eta 40-45 graduen inguruan mantentzen da, tarteren batean 50 graduetara iristen den erresalteren bat eskalatuz. Pagoen artean lehen erresalte bat ikusi nuenean bitan pentsatu gabe bertara zuzendu eta eskalatzen hasi nintzen.

Pago berezi honen eskuinean lehen erresaltearen sarrera ikusi daiteke..


Lehen erresaltearen zatirik tenterenak (65 gradu inguru) ez ditu 5 metro baino gehiago izango eta lehen metro hauek eskalatu ondoren 50 gradu ingurura "etzaten" da. Erresaltea zailtasunik gabe eskalatu eta aurrera jarraitu genuen.

Lehen erresaltetik ateratzen.


Hemendik gora malda zertxobait tentetu zen 50 gradu inguruan mantenduz, pinakulu txiki baten itsura duten harkaitz batzuen azpiko erresalte batera iritsi arte. Elurra nahiko goian zegoela aprobetsatuz erresalte honek dituen lehen bi metro bertikalak (errazak, pioletak lurrean ongi sartzen ziren eta) eskalatu eta beste 4-5 metroetan 55 graduetako malda mantentzen du. Harkaitzen azpitik ezkerrera zeharkalditxo bat egin ondoren pinakulura igo ginen.

Iker pinakuluan.


Alain pinakulura igotzeko egin genuen zeharkaldiaren hasieran. Argazkian ere, nahiz eta ongi ez nabaritu, Asier bigarren erresaltetik ateratzen ikusi daiteke.


09:50, Pinakulua, 1.250 metro inguru. Gure ezkerrean (gora begiratuz) Iralarrainardearen ezker adarraren amaiera genuen, baina hau ez zen kezkatzen ninduena: "No me jodas, belañoa ez da altxau!!" Bota nion anaiari pinakulutik gora begiratu nuenean, "duela hiru urte bezela hasi behar al gea?" Asier eta Alain iritsi zirenean gure kezka nabaria zela ikusi zuten. Ez nengoen prest bigarrenez itsuan igo eta "hanka sartzeko", honegatik interneten igotako Aizkorriko kanalen argazki bat mugikorrean berreskuratu eta non geunden identifikatu ondoren nire ustez bideak nondik jarraitzen zuen esan nien, goien eskuinean genituen bi harkaitzen arteko erresaltea eskalatuz. Argazkia erakutsi eta Ikerren oniritzia jaso nuenean pinakulua atzean utzi eta eskuinera erdi-diagonal bat eginez erresaltera zuzendu nintzen: "ea ez gean Aizkorriko gurutzeko balkoiaren azpin azaltzen", esan nion.

Pinakulutik gora egindako argazki honetan bi harkaitzen arteko erresaltea nolabait ikusi daiteke.


Pinakulua (elur puntatxoa ikusten den lekua) atzean utzi ondoren.


Harkaitzen arteko erresaltera hurbiltzen.


Bi harkaitzen arteko erresaltea aurrekoak baino luzeago (10 metro inguru) eta etzanagoa (55 gradu inguru) da, inongo zati bertikalik gabe. Tamalez hasierako metroak elurrik gabe topatu genituen.

Harkaitzen arteko erresaltea azpitik ikusita, pena elurrarekin ez topatzea.


Iker erresaltetik atera eta gero malda tentetzen den leku batean.


Iker eta biok errealtetik kanpo Asier eta Alainen zain geunden bitartean, hodeien artean gainean genuen horman irteera posible bat ikusi genuen: "hoi izangoa?" Galdetu zidan anaiak. Mugikorrean nuen argazkia atera eta "nik baietz esango nuke" esan nion.

Asier erresaltetik ateratzen.


Iker hormari  begira: "hor badirudi irteera bat ikusteala, ez?" Ikerren ezkerrean harkaitz adierazgarria ikusi daiteke.


50 gradu inguruan mantentzen den elur malda jarraitu eta erresaltea eta hormaren arteko harkaitz adierazgarri bat eskuinetik inguratu ondoren irteeraren oinara iritsi ginen.

Irteeraren oinara iristen.


"Hemen soka ateatze badeu hobe" esan nien irteerak zuen horma bertikala ikusi nuenean. "Bai, honaño ekarri ta gero atera beharko deu" erantzun zuen Asierrek, "gañea Aizkorrin soka gehio ateatzen hasi beharren gare" bota nien. Ordurako haize hotz batek bazterrak hozten hasita zegoen eta hotzik pasa gabe ezin zen denbora luzean geldirik egon.

Soka atera aurretik irteera nolakoa den  begiratzen. Iker dagoen lekua irteera eskalatzeko egindako lehen zeharkaldia da..


Haizegatik babesean izango ginelakoan irteeraren oinatik 4 metro ezkerrago joan ginen, elurrak hormaren kontra egiten zuen erlaitzaren erosotasuna aprobetxatu eta luzea aseguratzeko. Eskalatzeko trasteak motxilatik atera eta zinta batzuekin arnes inprobisatu bat egiten nuen bitartean Asierrek lurrera begiratu eta elurra eta hormaren artean iltze bat ikusi zuen: "gañea berrie da" esan zigun. Ez dakigu irteera beretik ateratzeko edo udan eskalatzen aritutako bakarren batek jarritako iltzea zen baina hain baxu jarrita egoteak harritu gintuen, bertatik mosketoi bat pasatzeko elurrean ederki makurtu behar izateraino. Mosketoiatik zinta bat pasatu eta, aseguru sendo batera lotuta geundela aprobetxatuz, Iker luzea eskalatzen hasi zen.

Luzearen hasieran harkaitz batzuetara igo (harkaitzeko pitzadura bat ederra dute friend bat sartzeko) eta ezker-ezkuin diagonal bat eginez 4-5 metro inguruan jarritu zuen, zeharkaldi honen amaieran topatu zuen pitzadura batean lincam gorria sartuz. Lehen zati hau ageriko zeharkaldi bat izan arren ez da oso zaila eta metroak erraz irabazi zituen.

Zeharkaldi honen ondoren metro pare bat harkaitz batetik bertikalean eskalatu eta eskuin-ezker, bigarren zeharkaldi bat egin zuen irteerari zailtasuna ematen dion hormaren oinara iritsiz. Zeharkaldi honek 3 metro inguru izango ditu eta amaieran Alien hori bat jartzeko lekua topatu zuen. Iker orain arte nahiko arin zihoan, apenas gelditu gabe, baina oraindik zailtasunik handiena duen 3-4 metroetako horma bertikala eskalatu beharra zeukan.

Horma honek eskalada bertikal bat egitea eskatu zigun eta punturen batean zertxobait atzera egiten zuela ere esango nuke. Bertako izotzagatik Ikerrek ezin izan zuen asegururik jarri eta pausu hau babesteko izotz torloju txiki bat primeran etorriko zitzaion. Gu geunden lekutik ez genuen ondo ikusten, berak botatzen zituen izotz pusketetatik babesean geunden eta, baina hala ere hormaren metroak azkar irabazi zituen.

Hala ere bat batean gelditu zen: "atera da?" Galdetu zidan Asierrek, "emandako sokagatio baietz esango nuke, baña eztakit zeatio gelditu den". Nola zegoen oihuka hasi baina haizeak oihuak eramaten zituen: "ustet ez gaittula aitzen" esan nien. Oso luzeak egin zitzaizkigun minutu batzuen ondoren, hatzak hotzagatik minduta eta gorputza dar-dar batean nituela soka mugitzen hasi zen: "bilgunea nun jarri bilatzen aituko zela pentsatzet" esan nion Asierri.

Soka goraka zihoan heinean Alainek sokaren amaiera arte zenbat gelditzen zen esaten joan zen: "zortzi metro", "sei metro", "lau metro"...Haizeak atseden txiki bat eman zigun momentu bakarrean eta ensanblean ateratzear nengoela "Reunionnnnnn!!!!" Oihua entzun genuen: "Buff, gutxigatio, eh?" Esan zigun Alainek.

0 bilgunera lotuta ninduen zinta askatu eta, eskuak hotzagatik sorgortuak nituela eskalatzen hasi nintzen. Bi zeharkaldiak arin eskalatu nituen baina hormaren azpira iritsi nintzenean aho-zabalik gelditu nintzen: "A ze kabroia, hau asken atea du?" Pentsatu nuen. Pioletak goian nuen izotzean sartu eta gogor-gogorra zegoela ikusi nuen: "ostia Asier, ze ona!!!! Izotz-izotza da!!!" Oihukatu nion. Oraindik sinesten ez nuela hormatik atera eta Iker ni nengoen lekutik 10-15 metro ingurura zegoela ikusi nuen: "Ostia, ze ona, eh?" Bota nion, gerora mila aldiz errepikatuko nuen esaldiarekin. Metro batzuk gora egin eta bere parera iritsi nintzen Asierri argazkiak egitek asmoz. Dirudienez bata besteari oihuka aritu ginen baina haizeak ez zuen bion arteko komunikazioa erraztu.

1 Bilgunea. Zailtasun guztiak amaituta irteera ezkerretik gora doan elur pala jarraitzea besterik ez da.


Asierrek irteera eskalatu zuenean "Ostia, ze ona, eh?" Bota genion, jejeje. "Joer baietz, tornillo bat ekarri izan bagenu hobe" erantzun zigun.

Asier hormatik ateratzen.


Asierri argazki batzuk egin eta, bilgunean lekua egiteko, gora jarraitu nuen irteeratik ateraz.

Asier Ikerren parera iristen.


A Ze lasaitasun eta gozatua hartu nuen, Zegama-Aizkorri maratoiko puntu hori bat eta Kalbarioeta gurutzeak ikusi nituenean: "Kanpon nauuuu!!!" Oihukatu nien.

Irteeraren amaieratik behera egindako argazkia. Iker bilgunetik ateratzeko prest eta Asier bere 1 bilgunea muntatzen.


Asierrek, 60 metroetako soka zuela aprobetsatuz, Ikerrek jarritakoa baino 5 metro gorago bilgunea muntatzen ari zen bitartean Iker nire atzetik atera zen: "Ostia, ze ona, eh?" Bota nion berriro ere.

Irteeratik atera ondoren, atzean Kalbarioeta gurutzeen lekua adierazi dut.


Asier 1 bilgunean.


Aizkorriko gurutzera ohiko bidetik igotzen ari ziren mendizale ezberdinen harridura-begiraden artean Alain hormatik atera zen.

Alain bilgunera iristen.


Bilgunera iritsi zenean luzea eskalatzen hastear zegoela gora nondik atera zebilen mendizale batekin hizketan aritu zela esan zigun: "Azkenen bestaldea bialduet" esan zigun. "Ondo, bidali dezun lekutio Sancti Espiritutik datorren bidekin bat ingo duta" erantzun nion.

Asier eta alain beraien 1 bilgunean.


Asmatzen al duzue zer esan genien Asier eta Alaini elkartu ginenean? Ba bai, "ostia, ze ona, eh?" Jejeje.

Haizeak eragindako hotzagatik ihesi trasteak edozein moduan motxilan sartu eta Aizkorriko gurutzeko aterpera zuzendu ginen hamaiketakoa egin eta trasteak lasaitasunez jasotzeko. Aterpean zeuden mendizaleak agurtu eta, oraindik igoerak utzi gintuen gozamenaz itsututa geundela mendizale bat sartu eta anaia ezagutu zuen: "hombre, Smithy eta konpainia zeate, ez?" Galdetu zion. Smithy ni nintzela esan ondoren elkarrekin hizketan aritu ginen. Iralarrainardeatik zetorrela esan zigun, baita, blogeko erreporrak oinarri hartuz, Aizkorriko kanal nagusiak pixkanaka eskalatzen ari zituela, gehienetan bakarrik. Kanal nagusietatik Nardagaizto eskalatzeko pendiente zuen: "ba hoi bakarrik juteko ez da kanalik egokina" komentatu genion. Solasalditxoaren ondoren elkarrekin argazki pare bat egin eta Buenavistara Nardasakonetik nola itzuli gutxi gora behera azaldu genion. Egia esan, aterpetik joan zenean bidea ondo adierazi genion hala ez zalantzarekin gelditu ginen. Dena den, handik egun pare batera mendiak.net web orrian harremanetan jarri eta dena ongi joan zela esan zidan. Eta gainera ordubete eskasean kotxera itzuli zen!!!! Denbora itzela benetan. JSanse, Errepor hau irakurtzen baduzu milesker blogean lanean jarraitzeko emandako animoengatik!!!!

Ia denbora osoan "Ostia, ze ona, eh?" Errepikatuz (jejeje), termoan neraman Capuccino-aren amaierarekin batera hamaiketakoari amaiera eman, trasteak jaso eta, Aizkorriko gurutzeko gailurra zapaldu ondoren, Iralarrainardeatik behera kotxera itzuli ginen, ibilbideari amaiera borobila emanez.

Iralarrainardeaitik behera.


Iralarrainardearen goiko zatian dagoen gurutzea (argazkiaren ezkerreko ertzan).



Anaia gozatzen, atzean Asier eta Alain datoz.


Zatirik tenteenak jaitsi ondoren maldari begira jaitsi daitekeen lekuan.


Irteera ederra atera zen: aspaldiko ametsa bete genuen, eguraldi ona izan genuen, mendizale berri eta jatorrak ezagutu genituen, eta dena arazo edota ezustekorik gabe joan zen, ezin gehiago eskatu. Urteak ziren asteburu oso batean Aizkorri hain elur gogor eta izotzarekin topatzen ez genuela, eta somatu da, Iralarrainardea batez ere mendizalez josita egon baita.

Berriro ere Iralarrainardearen oinean.



Gainera, Gotzonek larunbatean esaten zidan bezala, Pirinio edota "Picos"-era joan gabe Aizkorri bezalako aukera bat etxean bertan izatea luxu handia da. Euskal Herritik atera gabe mila bide eta aukera ditugu bai harkaitzean, bai elurrean baita mistoan ere. Gotzonek idazten duen moduan "maite ditut gure bazterrak"!!!

Iralarrainardearen oinean dagoen Iralarrain gurutzea eta honen atzean Aizkorriko gurutzeko horma.


Aizkorriko gurutzeko horma gertuago eta irteeraren kokalekua.



Erreporrarekin bukatzeko irteeran grabatutako bideo bat uzten dizuet, espero dut gustuko izatea.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina