2024/06/23
ZIORDIA: "Jb" BIDEA, 215 m. 6a. 2024/05/25
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
Maiatzaren 11ko arratsaldea trumoitsua izan zen, tristea eta iluna. Etxeko leihotik zeru ilunari so, hurrengo tximista non agertuko zen asmatu nahian nenbilen, noizik eta behin Ospitaleko guardiako telefonoari zeharka begiratzen nion bitartean. Telefonoa edozein momentuan dantzan hasi zitekeen eta honek urduritzen ninduen, inoiz ez baita jakiten deiaren arrazoia zein den telefonoa hartu arte. Bezperan Antxonen mezu bat jaso nuen, “Jb” bidea amaitzeko falta zitzaion hirugarren luzearen azken errepasoa elkarrekin egiteko gonbitea luzatuz: “ez dakizu zenbateko mina ematen didan ezezkoa esatea” erantzun nion, “asteburu osoa Ospitalean guardian bainago gaueko hamarrak arte”. Tximistetako batek zerua alderik alde argitu zuenean mezu bat iritsi zen nire telefonora; Antxonen mezu berri bat zen. Mezuan, azken garbiketa egin, asegururen bat gehiago ipini eta bilgunea muntatu ondoren, hirugarren luzea eta "Jb" bidea amaitutzat ematen zituela kontatzen zidan. Luzearen zehaztapen guztiekin batera, guardian zorte ona izatea opa zidan. Antxonen mezuak hunkitu ninduen eta hirugarren luzearen irekiderari buruz ezer ez nuela esango hitz eman nion, elkarrekin eskalatu arte.
Antxonek "Jb" irekia zuen hilabete batzuk lehenago, baina ez berak argazki batean irudikatu zuen lerroa jarraituz. Hirugarren luzeak buruhauste galantak eragiten ari zitzaizkion arren, luze hau prest uzten zuen bitartean aldaera bat bat egin zion, errazagoa, bidea eskalatu ahal izateko. Hirugarren luzeari egindako azken ukitu hauekin Antxonek hilabetetako lanari amaiera ematen zion.
Hirugarren luzearen lehen esplorazioa Iñaki Zuzakin egin zuen, luze honen nondik norakoa izan zitekeena ezarriz. Hilabete batzuk beranduago, bigarren esplorazio batean, Iñaki Ruizek eta Antxonek luzea gehiago definitu zuten. Amaitzeko falta zen azken zatia Antxonek berak amaitu zuen hormaren gainetik behin baino gehiagotan zintzilikatuz, maiatzaren 11an azkenekoz.
Maiatzak 25rako adostu genuen "benetazko" “Jb”-ren lerroa eskalatzeko hitzordua. Asierri eta bioi ilusio handia egiten zigun bide osoa inauguratzea, are gehiago Antxon ondoan izanda. Asko ikasiko genuen eskalada egun zoragarri baten bezperan geunden inongo dudarik gabe.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 215 metro.
- Luze kopurua: 6.
- Nork irekia: "Jb" Antxon Gorrotxategik irekitako bidea den arren, hirugarren luzea Iñaki Zuza eta Iñaki Ruizi eskerrak eta hauen laguntzarekin ireki zuen, maiatzaren 11an amaituz.
- Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: 6a (40 m), 2ºL: 6a (35 m), 3ºL: V (45 m), 4ºL: IV- (30 m), 5ºL: V (45 m) eta 6ºL: V (20 m). Hirugarren luzeak aldaera errazago bat dauka, IV (25 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ziordia herriko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Ziordiako ezproira hurbildu eta eskuinean utziko dugu harritza handi batera iritsiz. Harritza honen amaierara iristear gaudela goraka joko dugu harritza berak sortzen duen pasillo antzeko bat jarraituz hormara iritsi arte. Bidea hormaren ezker aldean hasten da, bertan plakatxo bat topatuko dugu. Hormaren erdian eta zertxobait eskuinean dauden paraboltak "Directa Sureste" bidearenak dira, kontuz bide honekin nahastu gabe.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik ekialdera joko dugu hormaren ertzetik gertu mantenduz. Ziordiako ezproiaren parera iritsitakoan oso nabaria ez den xenda jarraituko dugu “Irati” bidearen amaiera arte. Hemendik aurrera jaisteko bidea puntu gorriz adierazita dago. Bidearen amaieratik kotxea uzten den lekura 50 minutu inguru pasako ditugu. Kotxea Ziordian utzi badugu, kalkulatu 10-15 minutu gehiago. Harrobia irekita badago, aukerarik adeitsuena Rafa Elorzak eta Sergio Martinek Arbara ekialdeko horman muntatutako rappel-lerrotik jaistea da, harrobiko langileak ez molestatzeko eta beraiekin arazorik ez izateko.
- Eramandako materiala: 60 metroko bi soka, luzera ezberdineko 15 express-zinta, friend sorta eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Hiru ordu eta erdi.
BIDEAREN KROKISA
Ibilbidearen krokis orokorra. Argazkian hirugarren luzearen aldaera ere ikusi daiteke.
Krokis zehatza.
DESKRIBAPENA
Oharra: bidearen luze gehienen azalpen zehatza kronika honetan azalduta dagoenez, errepikatzen diren luzeen azalpen orokor bat besterik ez dut emango.
- Kaskoa etxen ahaztu zait – esan zigun Asierrek bidearen oinean motxila hustu zuenean.
- Niri batzutan gertatu zait – erantzun zigun Antxonek -. Behin gogoratzen naiz katu-oinak ere ahaztu nituela.
- Ahhh pájaroooo, zuk nahi dezuna da bide guztie “de primero” eskalatu – esan nion txantxetan.
- Lehenengo luzea, 40 metro, 6a. Asierren mugimenduak zaintzen nituen nituen bitartean Antxonek “Jb”-ren istorioa kontatu zidan. Azkeneko bi luzeetatik jaio zen “Jb”. Antxonek “Rösti” ireki zuenean, azkeneko bi luze hauek dauden hormara hurbildu zen ikerketa lanak egitera: maitemina bat-batekoa izan zen. Bi luze hauek garbitu eta ireki ondoren, lerroari lurreraino jarraitutasuna eman ala ez baloratzen aritu zen. Honetarako, hormari kalitate handiko hainbat argazki egin eta, argazkietan ikusten zuena argazki-kameraren tele-objektiboarekin baieztatu ondoren, horietako batean lerro bat marrazten hasi zen, ondoan dauden “Directa Sur” eta “Zazpika” bideetatik ezberdinduz. Argazki hartan marraztu zuen lerro hura izango zen gaur eskalatuko genuena.
Bidea lehen aldiz eskalatu nuenean gertatu zitzaidan bezala, 6a pasagunea fina iruditu zitzaidan, oinetan fedea baino zertxobait gehiago izatea eskatzen duen horietakoa. Eta gero eskalatzaileen artean federik gabeko bekatariak besterik ez daudela esango dute!!! Jejejeje.
Antxon 6a pasabidean.
Antxonen eskalatzeko modua berezia da, ehunka bide eskalatzeak soilik ematen duen modu berezia. Denbora osoan lasai zihoan, presarik gabe, bertikaltasunarekin dantzan, mugimendu bakoitzaren aurretik helduleku bakoitza kontu handiz laztanduz, bake sentsazio bat islatuz. Ez dakit 6a pasagunean estutu zuen ala ez, denbora osoan irribarrea galdu gabe eskalatu baitzuen.
- Bigarren luzea, 35 metro, 6a. Asierrek gogotsu ekin zion bigarren luzeari. “Jb” eskalatu genuen lehen aldian luze honen pasagunerik zailena enkadenatu zuen; “baiña de segundo”, berak esaten zidan moduan, bere buruari meritua kendu nahiko balio bezala.
- Enkadenatzen badet bazkari batera gonbidatuko zaituztet – esan zigun bilgunetik irten aurretik.
Saialdi bakarra behar izan zuen pasagune gogor hau eskalatzeko, tartean estutu bazuen ere. Pasagunearen amaieran dagoen erlaitz txikira igo eta bertatik begiratu gintuenean, aurpegian marraztu zitzaion irribarrea barruan sentitzen zuenaren isla zen: erabateko zoriontasuna, txokolatezko tarta bat jan ondoren aurpegia zikin-zikin duen haurraren irribarreak islatzen duen zoriontasunaren parekoa.
Asier begi-bistatik galdu genuenean Antxonek bigarren luze honen istorioa kontatu zidan. Pasagune hau argazkietan nahiz argazki-kameraren objektiboarekin ikusi zuenean ez zitzaion zaila iruditu baina, aitortu zidanez, ez zuen kontuan hartu paretak behetik begiratzen zaionean sortzen duen perspektiba engainagarria; izan ere, paretak ez dirudi benetan dena bezain bertikala. Hau dela eta, pasagunea eskalatu zuten lehen aldian izutu egin zen duen bertikaltasunaz. Honez gain, arraila lurrez estalita aurkitu zuten. Eskerrak Iñaki Zuza ondoan izan zuen arazo hau konpontzeko.
Asierren irribarrearen ondoren nirea iritsi zen, pasagunea enkadenatzea lortu nuelako. Lehen aldian iruditu zitzaidana baino “errazagoa” dela iruditu zitzaidan; izan ere, gehiago kosta zitzaidan pasagunearen azpian kokatzea (eskerrak bertan ipuru bat dagoen) pasagune bera eskalatzea baino.
Ipuruak "babesten" duen pasagunea eskalatu ondoren.
Eta nire irribarrearen ondoren Antxonena iritsi zen.
6a pasagunearen amaieran.
Antxonek esan zidan pasagune gogorretik gorako horman egin behar izan zuen garbiketa-lana handia izan zela, harkaitz hobea espero zuelako. Eta garbiketa-lan hau nabaria da, horma osoan ez baikenuen harri solterik aurkitu.
Bidearen pasagunerik zailena eskalatu genuen modua ikusita, bilgunera iritsi ginenean pasagunearen zailtasuna 6a izan zitekeela adostu genuen, lehen aldiz iruditu zitzaigun 6a+ baino egokiagoa.
- Inporta zaizue hurrengo bi luzeak nik aurretik eskalatzen baditut? – Eskatu zigun Antxonek bilgunera iritsi zenean.
- Nola ez – erantzun genion -. Ez legoke ongi zuk irekitako luzeak zu ez zaren beste inork eskalatzea lehen aldiz.
- Hirugarren luzea, 45 metro, 5b. Antxon bilgunetik irten eta horma eskuin aldera horizontalean zeharkatzen hasi hasi zen, 4-5 metro inguru, arrail bertikal baten azpian kokatu zen arte (IV).
Zeharkaldiaren amaieran.
Friend bat trabatu ondoren ez zuen zailtasun handirik izan arraila eskalatu eta honen gainean dagoen erlaitz txikira igotzeko (IV+). Bertan, bigarren bilgunetik ikusten den kordel gorrixka bat dago harkaitz-zubi batean jarrita.
- Iñaki Zuzakin eskalatu nuenean bilgunetik zuzenean iritsi ginen honaino, diagonalean eskalatuz – esan zigun erlaitzetik.
Kordelaren parean.
Hemendik aurrera Antxon begi-bistatik galdu genuen. Harkaitz-zubiaren ondoan dagoen parabolt batean aseguratu eta eskuin aldera horizontalean jarraitu zuen horma zeharkatzen, bigarren parabolt batetik pasatu ondoren erlaitz lurkara batera iritsi arte (IV). Osora, beste 4-5 metroko zeharkaldi horizontala egingo zuen.
Lehenengo paraboltaren parean, begi-bistatik galdu aurretik.
Harkaitzetako biztanleak.
Erlaitz lurkaratik gorako tartea IV+ zailtasunaren baitan kokatuta dago. Lehen metroetan, kordel horixka bat duen harkaitz-zubi bat atzean utzi ondoren, eskuin joerarekin mugitu behar bada ere, luzea berehala zuzentzen eta tentetzen da, ezkerrean zalantzazko itxura duten harkaitzez tapizatutako sabai nabari bat utzita.
Erlaitz lurkaratik gorako zatia. Argazkian, erlaitz lurkararen parean dagoen kordel horixka ikusi daiteke.
- Harkaitz horiek edozein momentuan eroriko diren itxura dute – esan zidan Antxonek bilgunetik -, baina hemengo negu eta haizete bortitzak orain arte erori gabe jasan badituzte ez dut uste eroriko direnik.
Argazkiaren ezkerrean eskuinetik saihesten den sabaia ikusi daiteke.
Sabaia ezkerretik saihesten den tarte tente honetan, parabolt, iltze eta harkaitz-zubiak jarrita daude aseguru gisa, eta Antxonek ez zuen beharrik sentitu auto-babeserako materialik erabiltzeko. Gainera, metroak irabazten diren heinean harkaitzaren kalitatea dezente hobetuz doa.
Bilgunera iritsi aurretik luzeari zailtasuna ematen dion pasagunera iritsi ginen: atzeraka botatzen duen 3-4 metroko harkaitz-plaka sendo bat, eskuinetik saihestu daitekeena (5b). Atzeraka botatzen duen arren, harkaitz-plakak helduleku oso onak dituela baieztatu genuen; gainera oso ongi aseguratuta dago, Antxonek ohikoa duenez.
Luzearen amaieran.
Asierrek eta biok luze honen eskalada lasai hartu genuen, noizik eta behin argazkiak eginez eta aske topatu genituen harriak kenduz. Bilgunera iritsi aurreko harkaitz-plakak puntu pikantea eman zion luzearen amaierari.
- Zer iruditu zaizue? – Galdetu zigun uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi ginenean.
- Itzela – erantzun nion.
- Oso ona – erantzun zion Asierrek -. Luze honekin bideak asko irabazten du eta toke alpinoagoa ematen dio gainera.
- Bilgunea hasieran pareko horma horretan jarri nahi izan nuen baina bertan “Zazpika”-ren bilgune bat dago – esan zigun bilgunearen eskuinean dagoen horman jarritako bi parabolt zahar seinalatuz -. Luzea seguru nahikoekin dagoela uste duzue?
- Bai – erantzun zion Asierrek -. Harri sueltoren bat dago baina hori normala da.
Hirugarren bilgunean.
Antxonek luzearekiko zuen kezka ulertzen genuen, inorri ez zaiolako gustatzen ireki duen bide batean istripurik gertatzea.
- Hurrengo luzea transiziozkoa da – esan zigun guk berreskuratutako materiala eman genionean – baina oinez egin beharko litzateken zatia ia erabat saihesten du.
- Laugarren luzea, 30 metro, IV-. Oinez hamar metro pasatxo ibili ondoren, Antxon belarrez estalia dagoela dirudien hormara igo zen, hormaren lehen metroetan dagoen zuhaixka baten enborrean jarrita utzi duen sokatik aseguratuz.
Zuhaixkaren enborrean jarrita geratu den sokaren parean.
Horma honen itxurak konfiantza handirik ematen ez duen arren, harkaitzaren kalitatea ez da txarra; horren isla Antxonek egin zituen mugimendu jarraituak luzearen bigarren asegurura iritsi arte, harkaitz-zubi batetik pasatako soka berri bat.
Harkaitz-zubian jarrita geratu den sokatik aseguratu ondoren.
Bigarren aseguru honetatik gora ezproi itxurako batera zuzendu zen eta hau ere lasaitasun osoz eskalatu zuen (IV-).
Ezproi itxurakoan.
Ezproia eskalatuta, hormaren ertzetik jarraitu zuen (II) zuhaitz baten enborrean soka batekin muntatuta utzi duen bilgunera arte.
Luzearen zailtasunak amaitzen diren lekuan.
- Luze honetan belarrak moztu beharko direla uste duzu?
- Bueno, belarra badago – erantzun nion -, baina ez dut uste eskalatzeko garaian hainbeste molestatzen duenik.
Laugarren bilgunean.
“Jb”-ren "lerro originala" eskalatuta genuen jada, eta a zer nolako lerroa geratu den gainera. Antxon zoriontsu zegoen, baina ez beragatik, gu izugarri gozatzen ari ginela ikusten ari zelako baizik. Bihotzetik egiten den eskuzabaltasunak duen ordainetako bat horixe izaten da, eta Antxonek hortik asko dauka.
Laugarren bilgunera iristen.
Eskalada-egun zoragarri honi ginga jartzea falta zitzaigun eta, honetarako, azkeneko bi luze zoragarriak eskalatzera zuzendu ginen, 20 metro eskas oinez ibiliz.
- Bosgarren luzea, 45 metro, 5b. Luze hau deskribatzeko ez daukat hitzik, zoragarria delako, itzela. Luzea lehen aldiz eskalatu genuenean izan genuen sentsazio bera berrestu genuen oraingoan ere.
Bosgarren luzearen lehen metroetan.
Asierrek luzeari metroak kentzen zizkion bitartean, Antxonek Midi D’Ossau-n Susana bikotearekin eskalatu dituen bide klasikoetan bizitako bizipen eta abenturak kontatu zizkidan. Pirinioetan eskalatzen hasten den edozeinen amets eta nahi izaten diren eskalada-bideak eskalatuak ditu: Flames de Pierre gandorra, hego-ekialde klasikoa, Jolly, Mailly... Antxonek eskalada hauetako bizipenak hunkituta kontatzen zizkidan, nostalgiaz beharbada, distira berezi batekin begietan. Bizipen haiek nola kontatu zizkidan ikusita, ziur nago une hartan begiak itxi izan banitu biok Midiko horma berean soka berarekin lotuta egongo bagina bezala sentiaraziko nindukeela.
Bosgarren luzeko arrail zoragarrian.
- Seigarren luzea, 20 metro, V. Azken luzea liburu on baten azken kapituluak uzten duen sentsazioa utzi zigun: batetik liburua amaitzearen tristura; bestetik aldiz, liburu gehiago irakurtzeko gogoa. Antxonek esan zigunetik amaierako harkaitz-zubia kendu eta parabolt bat jarri zuela, gogoz geunden luze hau berriro eskalatzeko. Eta uste dut aldaketa txiki honekin luzeak asko irabazi duela, bidea nondik doan argi geratzen baita.
Bidearen azken paraboltaren parean, Antxonek bidean jarri duen azkenekoa.
- Gustatu zaizue?
- Asko.
- Eta hirugarren luzea nola geratu den?
- Bideak asko irabazten du – erantzun nion Asierrek materiala jasotzen zuen bitartean.
Antxon bidearen amaieran.
Jaitsieran Antxonek bizipen gehiago kontatu zizkigun eta denetatik gehien txunditu ninduena Iñaki Zuzarekin Balaituesko ipar-mendebaldeko gandorra eskalatu zuenekoa izan zen. Gaztaroak duen ausardiaz blai, gandor hau eta Costerillou gandorra sokarik gabe eskalatu zutela esan zigun: “soka Costerillou dorretik rappelatzeko erabili genuen bakarrik”. Deabruaren gandorra modu berean hasi zuten, Antxonek Iñakiri soka ateratzeko eskatu zion arte: “Iñaki oso indartsu ibili da beti, baina nik emozio nahikoak biziak nituen dagoeneko, jejejeje”.
Eskalada eguna Ziordiako Anixeta jatetxearen terrazan garagardo batzuk eta oliba distiratsuz betetako platertxo baten inguruan amaitu genuen, Asierren opari, bidearen luzerik zailena enkadenatzeagatik, jejeje. Hizketan ari ginela, Antxonek txundituta utzi gintuen kontu bat kontatu zigun:
- Antxon Gorrotxategik ez duela inoiz barraskiloen gandorra eskalatu? – Galdetu genion zur eta lur. Ezin genuen sinetsi Eginon luzeetako bide gehien ireki dituen eskalatzaileak "barraskiloen gandorra" bezalako hain bide eskalatua eskalatu gabe egotea.
- Ez dut aukerarik izan orain arte, jejeje – erantzun zigun irribarre batekin -, eta eskalatzaile beterano batzuekin eskalatzeko asmoa daukat.
Azkeneko oliba amaitzearekin batera elkar besarkatu eta agurtu ginen, bakoitzak bere bidetik jarraituz.
Antxon, Asier eta hiruok Anixeta jatetxearen kanpoaldean.
"Jb"-ren hirugarren luzea asko gustatu zitzaigun eta, Asierrek Antxoni esan zion moduan, eskalatzeko metro gehiago gehitzeaz gain, bideari ukitu alpinoagoa ematen diola uste dugu. Horrek ez du esan nahi "Jb"-ren hirugarren luzearen aldaerak merezi ez duenik; luze hau ere oso ona eta gomendagarria dela uste dugu.
Euri-tantak ganbarako leihoak kolpatzen ari dira txalaparta amaigabe bat osatuz, kronikaren azken hitzak idazten ari naizen bitartean. Tximistek noizik eta behin ganbara argitzen dute, ordenagailua argitzen duen bonbila zaharra dardarka utziz. Bat-batean telefonoa piztu da mezu bat iritsi dela adierazteko. Norena den ikusi dudanean berehala irakurri dut. Mezuari “kontatu nirekin” erantzutearekin batera irribarre bat zabaldu zait aurpegian. Eskalada-proiektu zirraragarri baten atarian nago berriro ere. Baina hori beste kronika baterako kontua izango da.
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Smithyrenbloga bloga. Ziordia: "Jb" bidea, hirugarren luzearen aldaeratik, 165 metro, 6a. 2024/04/20. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2024/05/ziordia-jb-bidea-165-m-6a-20240420.html
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina