AZKEN 10 SARRERAK

2023/04/03

ZIORDIA, "RÖSTI" BIDEA, 200 m, 5b+. 2023/03/25


"Rösti" bidearen oinean jarrita dagoen plakatxoa.


Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.


Urtearen hasieran, bizitzak dituen kasualitate eder horiengatik, ostiral ilun batean Rafa Elorza eta Sergio Martinekin Eginora joateko zortea izan nuen. Sergiorekin berreskuratzen hasitako eskalada-bide bat eskalatu eta azken ukituak ematea zen gure asmoa, blogean argitara eman aurretik. Egun hartan ordea, euriak eta harkaitz bustiak ez zigun aukerarik eman eskalatzen hasteko ere, baina izugarrizko ilusioa egin zidan oparia jaso nuen Rafaren eskutik: “Rösti” bidearen krokisa, Antxon Gorrotxategik Ziordian ireki duen azken eskalada-bidea.

- Oso ona da – esan zidan Rafak -, “Mugalari” baino gehiago gustatu zitzaidan.

Rafak egindako oparia: "Rösti" bidearen krokisa.

Hilabete pare baten ondoren eta bizitzaren beste kasualitate eder batengatik, bizitza kasualitate ederrez josia baitago, Antxonekin harremanetan jartzeko zortea izan nuen. “Rösti” bidearen nondik norakoen berri eman zidan, baita, izena ibilaldi alpinoen nostalgiak bultzatuta bururatu zitzaiola ere. Izan ere, patata oinarri duen Suitzako janari tipiko bat da Rösti. Bidea, goiko "Asfodelo" ezproiko luzean jaio zen 2021 urteko udazkenean; azpiko lau luzeak aldiz, 2022ko udazkenean irekitzen amaitu zituen.

Asierri bide honen berri eman nionean bere begiek distira berezi bat islatu zuten:

- Probatu beharko degu ba, jejeje.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 200 metro.
- Luze kopurua: 5. Bosgarren luzea bi modura eskalatu daiteke, biak ala biak oso onak.
- Nork irekia: Antxon Gorrotxategik, 2022ko urria eta azaroa bitartean.
- Zailtasuna: 5b+. Luzez-luze: 1ºL: IV+ (45 m), 2ºL: V (35 m), 3ºL: V (35 m), 4ºL: IV+ (30 m) eta 5ºL (aukera erraza, "Asfodelo" ezproia): IV+ (50 m) edo 5ºL (aukera zaila, hormatik jarraituz): 5b+ (55 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ziordia herriko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Ziordiako ezproira hurbildu eta eskuinean utziko dugu harritza handi batera iritsiz. Bidexka bat jarraituz, harritza zeharkatu ondoren baso batean sartuko gara, basoaren erdian dagoen horma bertikal batekin topo eginez. Bidea horma bertikal honen oinean hasten da, "Rösti" izena duen plakatxo ilun batean. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 25 minutu pasako ditugu. Kotxea Ziordian bertan uzten badugu kalkulatu 15 minutu gehiago.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik ekialdera joko dugu hormaren ertzetik gertu mantenduz. Ziordiako ezproiaren parera iritsitakoan oso nabaria ez den xenda jarraituko dugu “Irati” bidearen amaiera arte. Hemendik aurrera jaisteko bidea puntu gorriz adierazita dago. Bidearen amaieratik kotxea uzten den lekura 45 minutu inguru pasako ditugu. Kotxea Ziordian utzi badugu, kalkulatu 15 minutu gehiago. Harrobia irekita badago, aukerarik errespetagarriena Rafa Elorzak eta Sergio Martinek Arbara ekialdeko horman muntatutako rappel lerrotik jaistea da, harrobiko langileekin arazorik ez izateko. 
- Eramandako materiala: 60 metroko bi soka, luzera ezberdineko 14 express-zinta, Totem, Alien eta artaka-trabagailu sorta (Totem ertainak bakarrik erabili genituen) eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta harkaitz-blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko; luze batzuen arteko luzera handia da eta lehen bilgunetik ez oso urrun putreen bi habi daude.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Hiru ordu inguru, lasai ibilita eta azkeneko luzerako bi aukerak eskalatuta.
- Ibilbide osoa betetzeko pasatako denbora atsedenaldiak zenbatuz: Sei ordu eta erdi inguru.

BIDEAREN KROKISA

"Rösti"-ren nondik norakoak. Bere kokalekua identifikatzeko, eskuinean Ziordiako ezproia ikusi daiteke.

"Rösti"-ren krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

Antxonek emandako gomendioari jarraituz kotxea Ziordian bertan utzi genuen: “azkenaldian harrobia irekita dagoenean kotxea herrian uzten dut, harrobiko langileak ez molestatzeko. Azken finean, hamabost minutu gehiago ibiltzea besterik ez da”, esan zidan partekatu genuen mezuetako batean. Rafak aurretik esanda zidan bakarren bati lau gurpilak zulatu zizkiotela kotxea lanegun batean harrobiko atearen ondoan uzteagatik. Eta eskalada egun baten ondoren ez genuen eguna izorratzea nahi kotxeko gurpilak zulatuta aurkitzeagatik.

Ziordiako kaleak zeharkatzen genituen bitartean eguzkiak gogoz argitzen zituen. Goizeko bederatziak inguru ziren arren mahuka motzetan ibiltzen hasi nintzen, aurten lehen aldiz; atzean geratzen zen hiru aste lehenago Aketegi Erpinean pasatako hotza, orain elurrik gabe biluzik zegoena. Hormari etengabe argazkiak eginez, harrobiaren hesira iristeko Antxonek iragarritako hamabost minutuak hemezortzira luzatu zitzaizkigun, jejeje. Errepidean, mendiaren bihotzari lapurtutako harriz betetako kamioi handien joan etorria nekaezina zen, bazterrak hauts zuriz estaliz:

- Uste det kotxea herrin utzita asmatu deula – esan zidan Asierrek kamioietako bat ondotik pasa zenean.

Lehen aldia zen niretzat lanegun batean Ziordiara eskalatzera etortzen nintzela eta aitortu beharra daukat harrobian zegoen mugimenduak eta zaratak harritu nindutela. Orkatz-bikote batek, gizakiak sortutako zarata hartatik ihes egin nahian edo, Ziordiako Ezproiaren azpian zeharkaldia egiten ari ginela harrapatu gintuen, basoan berehala urtuz. Harrobia ikusten dudan bakoitzean sentimendu kontrajarriak sortarazten dizkit: batetik, mendiari egindako orbain sakonak min egiten dit; bestetik, bertatik ateratako harri eta porlanik gabe eraikin eta errepide asko egitea ezinezkoa izango zela ere pentsatzen dut. Hemen ere, gauza guztiekin gertatzen den moduan, oreka non dagoen aurkitzea izango da koska, gizakiaren diru-gose eta handikerian erori gabe.

Eskalada-bidearen oinera zuzentzen den bidexka nabariagoa dela iruditu zitzaigun, “Pasabide” eskalatu genuen egunarekin alderatuz. Bidexka honek, harritza berezi bat zeharkatu ondoren beherako joera hartu eta basoan sartu gintuen berriro ere, zuhaitz artean dagoen horma nabarmen eta bertikal batekin topo egin genuen arte:

- Plaka hemen dau!!! - Oihukatu zidan Asierrek, garbiketa lan handia egin den horma zurian arrasto ilun bat seinalatuz.

Plaka hemen dau!!!

Lasai ibili ginen arren, ez genuen denbora luzea pasatu materiala prestatzeko, eguzkitarako krema eman eta guzti. Bidearen erreferentzi bakarra bigarren luzerako Antxonek bidalitako aholkuak eta Rafaren krokis orokorra “besterik” ez genuen, abentura polit bat bizitzeko osagai nahikoak. Abentura honi hasiera emateko, “Rösti” letra zuriz idatzitako plakatxo iluna itsatsia dagoen horma bertikala eskalatu beharko genuen.

- Joer, kuarto mas izateko tentea da ba, jejeje – esan nion Asierri irribarre urduri batekin eskalatzen hasi aurretik.

- Lehenengo luzea, 45 metro, IV+. Horma azpitik dirudiena baino errazagoa dela iruditu zitzaidan. Eskalatzen hasi eta berehala, gorputza luzatuz, hormaren erdian dagoen arrail garbi batean Totem bat trabatu ahal izan nuen. Horma, tarte batean makurtzen bada ere helduleku onak ditu, baita aseguruak jartzeko arrail eta kokaleku ederrak ere.

"Rösti" bidearen lehen metro bertikaletan. Argazkian, izenadun plakatxo iluna ikusi daiteke.

Beste Totem bat trabatu eta, zuhaitz baten enborraren laguntzarekin gorputza altxatuz, hormaren irteeran harkaitz-zubi batean jarritako kordel batera iritsi nintzen, Antxonek esan zidan moduan luze osoan dauden bietatik lehenengoa.

Horma eskalatu ondoren.

- Helduleku oso onak ditu – esan nion Asierri hormaren gainetik.

Hormaren gainetik behera egindako argazkia.

Horma eskalatuta (IV+), ezker alderako joerarekin erdi-oinez jarraitu nuen, katu-oinen zorua lurrez ez zikintzeko beldurrez. Zuhaitz bakarti baten eskuinetik pasatu eta, ezker aldera erdi-oinez jarraituz, horma inklinatu batera iritsi nintzen, harkaitz-zubi batean kordel bat jarrita duena (luzeko bigarren eta azkenekoa).

Asierrek hormaren gainetik egindako argazki honetan, zuhaitz bakartia, bigarren horma (sokei jarraituz) eta bilgunearen kokalekuak ikusi daitezke.

Bigarren horma honek helduleku oso onak ditu eta, kordelaz gain aseguru gehiago jarri ez nituen arren, aseguruak jarri ahal izateko aukera handiak ditu.

Horma hau eskalatuta (III), lurrez betetako aldapa berri bat igo behar izan nuen, parean dagoen hormaren ezker aldean dagoeneko begi-bistan nuen bilgunera zuzenduz. Bilgunera iritsi aurretik azken zailtasun bat gainditu beharko nuen, bilgunearen oinean dagoen harkaitzera igotzeko igo behar den koska txiki bat.

Lehenengo bilgunean, harkaitzara igotzeko igo behar den koska txikia ikusi daiteke.

Sokak biltzen hasi nintzenean zarata batek izutu ninduen, hego handi batzuk astintzen direnean sortzen den bezalakoa. Eskuinera begiratu eta 10-15 metrora dagoen erlaitzetik putre zahar bat hegan atera zen zeruan berehala desagertuz: “Jesusssss!!!!”. Asierrek luzea eskalatzen zuen bitartean putrea irten zen lekuan habi bat zegoela iruditu zitzaidan, baita kume bat zegoela iruditu ere. Geroago hormari egindako argazkietako batean ikusiko genuen bezala, bi habi daude, bigarrena oraindik eskuinerago, zuhaitz baten ondoan. Hau kontutan hartzea komeni da bidea eskalatzeko asmoa baduzue, hegazti hauek ez molestatu eta lasai utzi ditzagun; eskerrak gure artean talkie-n bidez hitz egiten dugun, elkar oihukatu gabe.

Argazki honetan (nahiz eta oso ona ez izan) lehen bilgunearen (puntu zuri-gorria) eta putreen bi habien kokalekua ikusi daitezke.

- Luze hau bustia egonez gero katu-oinak lokatzez beteko diela esango nuke – esan nion Asierri bigarren horma eskalatu zuenean.
- Bai – erantzun zidan -. Putrea zer?
- Kabira itzuli da ta hor dau lasai-lasai – erantzun nion.

Asier bigarren hormatik irteten. Katu oinekinn zeharkatu behar den lurrezko zatia argi ikusten da.

- Bigarren luzea, 35 metro, V. Eskalatzen hasi aurretik Antxonek bidalitako mezu argigarria irakurri eta berak emandako azalpenak gainean genuen horman islatu genituen. Hurrengo mugimenduak nola egingo genituen argituta, Asierrek eskalatzen jarraitu zuen.

Hasteko, bilgunearen (eta hormaren) ezkerretik doan kanal harritsu eta lurtsua igotzen hasi zen, luzea aseguratzen duen lehen paraboltera iritsiz.

Lehen paraboltaren parean.

Paraboltetik gora zuzen eskalatzen jarraitu beharrean, eskuinean utziz, kanaltxotik jarraitu zuen amaitu arte. Orduan hormara igo, paraboltaren gainean dagoen erlaitz estu batera pasatu, pixkat beherako joera duena, eta ezker-eskuin zeharkatzen hasi zen. Nahiz eta Antxonek bilgunearen bertikalean kokatu arte zeharkaldi osoa egitea gomendatu zidan (geroago nik egingo nuen moduan), Asierrek luzeko bigarren paraboltetik express-zinta eta soketako bat pasatu zuenean zuzen jarraitu zuen eskalatzen.

Bigarren paraboltera iristen. Puntu zuriz erlaitz estuak egiten duen ibilbidea marraztu dut, nik egingo nuena eta, Antxonek esan zidan moduan, seguruagoa dena.

Erlaitz txikitik gorako horma diedro baten itxura dauka. Eskuin hormatik gertu mantenduz, Asierrek horma eskalatzen jarraitu zuen. Diedroa oztopatzen duen harkaitz-bloke handi batekin topo egin zuenean eskuineko hormara igo zen, harkaitz-bloke handian oinak jarriz:

Eskuineko hormara igo ondoren.

- Hemen iltze zahar bat dau! – esan zidan.
- Zaharra? – erantzun nion – Ez det uste Antxonen aurretik hemendik beste iñor pasako zenik.
- Gero ikusiko dezu baña herdoilduta dau.

Eskuin hormara igotzeko pasagunea babesten duen iltze herdoildua.

Ilzea jarrita dagoen lekutik gora, horma zuzen eskalatzen jarraitu zuen, V zailtasunaren baitan etengabe murgilduz. Horman dauden aseguruen (paraboltak eta harkaitz-zubietatik pasatako kordelak) arteko tartea luzea izan daiteken arren, bere eskuinean dagoen arrail nabarmen batean aseguruak zailtasunik gabe jarri daitezke. Burua hotz mantenduz, Asierrek ez zuen aseguru gehiago jartzeko beharrik sentitu.

Iltzea jarrita dagoen lekutik gora doan horma. Bere eskuinean dagoen arrail nabarmenean aseguruak arazorik gabe jarri daitezke.

Bilgunera iritsi aurretik horma zertxobait tentetzen da, baina helduleku onak ditu (V) eta ongi aseguratuta dago beste iltze bat eta harkaitz-zubi batetik pasatako kordel baten bidez. Asierrek ez zuen zailtasun handirik izan tximinia estu baten oinean dagoen bilgunera iristeko.

Horma tentetzen den lekuan. Iltze bat eta harkaitz-zubi batean jarritako kordel batek babesten dute.

Ireki berriak diren eskalada-bide guztietan egitea gustatzen zaigun moduan, oraingoan ere kolokan ikusi genituen harkaitzak kentzen joan ginen, luzearen lehen metroetan batez ere. Hala ere, zoriontzekoa da eskalada-bide osoan egindako garbiketa lana, itzela izan delako.

- Hirugarren luzea, 35 metro, V. Onartu beharra daukat hirugarren luzearen hasierako tximini bertikalak ikara sortu zidala; nabarmen geratu zitzaidan lehenengo metro hauetan dagoela luzeko pasagunerik zailena.

Hirugarren luzearen lehen metroak.

- Fisuratako teknika erabili beharko dezu - esan zidan Asierrek - bi eskuk fisuran ta hankak ezkerreko paretan oposizioa eginez.

Lehenengo paraboltera arte Asierrek gomendatu zidan moduan eskalatu banuen ere, eskuin horman heldulekuak agertzen hasten zirela ikusi nuenean, ezker oina ezker horman mantendu eta eskuinekoa eskuineko hormaren kanpoaldera eraman nuen, eskalada erraztuz (V). 3-4 metro bertikal hauen ondoren, atsedenleku batera iritsi nintzen.

- Uste nuena baño gutxigo estutu behar izan det.

Lehenengo metro bertikalen ondoren bigarren bilgunera egindako argazkia (argazkia Asierrek egin zuen).

Tximiniak bertikaltasuna zertxobait galtzen badu ere, hormaren eskuinaldera zeharka jarraitzen du. Bertatik jarraituz, harkaitz handi bat eta hormak osatzen duten pasagune estu batera iritsi nintzen, harkaitz handira igota gainditzen dena (IV+). Gozatzen nindoan eta, aseguruen arteko tartea motza ez bada ere, ez nuen aseguru gehiagorik jartzeko beharrik sentitu.

Bigarren atsedenaldira arteko (goien ikusten den pasagune estua) tartea.

Asier harkaitz handira igotzen.

Harkaitz handiaren bestaldera pasa nintzenean erlaitz batetik horizontalean eskuinaldera jarraitu nuen (II), bidea oztopatzen duen harlauza erraldoi batek osatzen duen arrail bertikalarekin topo egin nuen arte, harkaitz-zubi batetik pasatako kordel batek babesten duena.

Erlaitzaren amaieran dagoen harlauza erraldoia eta hirugarren bilgunearen kokalekua.

Arraila kontu handiz eskalatu (IV+) eta bigarren erlaitz horizontal batetik jarraituz, zuhaitz artean dagoen bilgunera iritsi nintzen.

- Joer, ze luze earra.
- Bai, oso ona egia esan - erantzun zidan Asierrek.
- Horrelako luzek topatzeko ze ingo dute, dron batekin ikusi nundik nora doan? - Galdetu nion.
- Ez daki, baña ez da ideia txarra.

Harlauza erraldoia eskalatu ondoren, bilgunera daraman erlaitzean.

- Laugarren luzea, 30 metro, IV+. Asier bilgunea muntatuta dagoen hormatxora igo eta eskuin alderako joerarekin eskalatzen jarraitu zuen zuhaitz baten enborrean jarritako kordel batera iritsiz (III). Lehen metro "erraz" hauen ondoren, zuhaitzetik horma zuzen eskalatzen jarraitu zuen, bilgunetik ikusten den parabolt distiratsu batera zuzenduz (III+). Behin paraboltaren parean, honen azpiko erlaitz estura igo eta, eskuin aldera zeharkaldi horizontal bat eginez, harkaitz-zubi batean jarritako kordel baten parera iritsi zen (IV-). Luzea eskalatu nuenean, parabolta eta kardelaren arteko tartea errazteko asmoz, erlaitz estu honetara igo beharrean erlaitzean eskuak jarriz babariar modura eskuin aldera zeharkaldia egin nuen, oinentzat helduleku onak topatzeko hankak zabalduz.

Harkaitz-zubian jarritako kordelaren parean.

- Zemuz ikusten dezu?
- Kriston heldulekuk ditun plaka konpaktoa emateu.

Harkaitz-zubian jarritako kordeletik gora zuzen eskalatzen jarraitu zuen. Lehen metroetan horma bertikala da, zertxobait makurtua beharbada, baina berehala inklinatzen hasten da. Dena den, lehen metro hauetako pasagune honetan dago hormaren zailtasunik handiena (IV+).

Harkaitz-zubitik pasatako kordela eta lehen metroetako pasagune fina (IV+).

Esan bezala, hasierako pasagune bertikal honen ondoren, horma metro gutxi batzuetan zertxobait inklinatzen da (IV), berriro ere bertikal jartzeko (IV+). Hala ere, horma bertikala bada ere, helduleku oso onak eta aseguruak jartzeko aukera handiak dituen harkaitz-plaka trinkoa da. Moko baten itxura duen harkaitz berezi baten ezkerretik pasa ondoren, Asierrek ez zuen zailtasunik izan laugarren bilgune erosora iristeko.

Bilguneraino luzatzen den hormaren bigarren zatia, hasierako IV+ zailtasuna eskalatu ondoren. Argazkian laugarren bilgunea eta moko itxurako harkaitz berezia (Asierren eskuinean) ikusi daitezke.

- Luze hau ere oso ona, ez?
- Bai, gañea plakako harkaitza oso ona iruittu zait - erantzun zidan Asierrek.

Laugarren bilgunean.

Bosgarren bilgunera iristeko bagenekien tarte luze bat ibili beharko genuela. Rafak eman zidan aholkuari jarraituz, sokak bildu eta katu-oinak zapatilengatik ordezkatu genituen.

- Oaingoz bide ederra dijo, ez? - Galdetu nion Asierri ur pixkat edaten nuen bitartean.
- Asko gustatzen ari zait, bai - erantzun zidan -. Largo bat bakarrik falta da, ez?
- Bai, baña bi luze posible dare - erantzun nion -. Nik uste det bik eskalatzeko denbora emango digula.

Laugarren bilgunetik harri artean zuzen ibiltzen hasi ginen mugarri batera iritsi ginen arte.

Lehenengo metroetan.

Mugarri gehiago jarraituz, bideak hasieran eskuin aldera badoa ere pixkanaka ezker aldera jotzen du, hostoz betetako zuhaitz bakarti batera zuzenduz.

Hostoz betetako zuhaitz bakartia. Argazkian bi mugarri ikusi daitezke.

Zuhaitzaren ondotik pasa ginenean bideak ezproi zabal antzeko batera eraman gintuen, mugarriak desagertu eta puntu gorriek bidea adierazten hasten duten lekua.

Argazki honetan azken mugarria eta lehen puntu gorria ikusi daitezke. Puntu gorria, ezproi itxurako baten ertzean dago.

Ezproi itxurakoaren bestaldera pasatuz, "Rösti" bidearen ezkerrean dagoen kanal belartsu nabarmenak osatzen duen inbutu erraldoian sartu ginen.

Ezproiko puntu gorria eta honen hurrengoa

Puntu gorriz adierazitako bideak inbutu erraldoia goiko aldetik eskuin-ezker zeharkatzen du helduleku oneko horma etzan batean amaituz.

Puntu gorriz adierazitako bidea eta igo behar den horma etzana.

Poliki gindoazen, biderik galdu gabe, animalien arrastoa jarraitzen duen ehiztariaren moduan puntu gorriak jarraituz. Horma etzanera iritsi ginenean, harritu gintuen puntu gorri gehiago ez ikustea. Krokisa begiratu eta bosgarren luzeen bilguneetara eramango gintuen hormaren azpian geundela baieztatu genuen.

- Hemendik gora zuzen igo beharko deu ba.

Horma igotzen genuen bitartean, gure ezkerrean paisaia mozten zuen horma bertikalaren ertzean putreak geldirik zeuden, harkaitzezko katedral erraldoi bateko gargolen moduan, inguruan gertatzen zen guztiari begirik kendu gabe.

Gargolen begiradapean.

Horma etzan hau eskalatuta (II/II+), erlaitz estu eta belartsu batera iritsi ginen.

Erlaitz belartsuan hormari begira.

- Hemen margo gorrie dauken zuhaitz fin bat dau!!

Enborra gorriz margotuta duen zuhaixka estu baten ondoan, bosgarren luzearen aukera zaila (55 m, 5b+) eskalatzeko bilgunea topatu genuen (harkaitz zubi batetik pasatako bi soka, mailoi batez lotuak daudenak).

Enborra gorriz margotutako zuhaitza eta bosgarren luze "zailaren" lehenengo bi aseguruak.

Erlaitzaren eskuinera pasa ginenean aldiz, bi kordelez muntatutako bilgune bat topatu genuen, hormaren eskuinean dagoen "Asfodelo" ezproiaren oinean (IV+), hain zuzen ere.

"Asfodelo" ezproiaren oinean dagoen laugarren "bis" bilgunea.

- Luze errexenetik hasiko gea? - Proposatu nion Asierri.
- Igual hobe bazpare.

Sokak berriro zabaldu eta materiala prestatzen ari ginela ezkerrean genuen horma bertikalean putreen joan etorriak etengabeak ziren, horman dagoen zulogune erraldoi eta nabarmenean batez ere. Antxonek esan zidan "Mugalari" irekitzen ari zela zulogune honetan hamasei habi zenbatzera iritsi zela. Guk pare bat besterik ez genituen ikusi.

Bidearen ezkerrean dagoen horma bertikala. Bertan ikusten den zulogunea da habiak dauden lekua.

"Asfodelo" izena ezproiaren oinean dagoen izen bereko landare handi baten omenez eman ziola esan zidan Antxonek. Ezproi honetan irekitako luzea izan zen "Rösti" eskalada-bidean irekitako lehenengoa, urtebete beranduago iritsiko ziren beste guztiak.

- Bosgarren luzea ("Asfodelo" ezproia), 50 metro, IV+. Bilgunetik gora hasten den kanaltxo bat eskalatzen hasi nintzen, konfiantza handirik ematen ez duten harri eta harkaitzez estalita dagoena (IV). Garbiketa handia egin bada ere oraindik ere harri aske batzuk topatu nituen, zuhurtziaz eskalatzera behartuz. Kanaltxoaren amaiera iristear nengoela, harkaitz trinkoena bilatuz, eskuin aldera pare bat metroko zeharkaldia egin eta ezproiaren ertzera pasa nintzen.

Kanaltxoa eskalatu eta ezproiaren ertzera pasatu ondoren. Puntu gorriz, jarraitu nuen ibilbidea gutxi gora behera.

“Ezproiaren ertzetik edo eskuinetik?”. Gora begira bi aukera hauek nituen: ezproiak osatzen duen konkorrera igotzea edo konkor honek eskuinean osatzen duen diedro itxurakoa eskalatzea.

- Kuarto bada, errexena eskubitik dijola esango nuke – esan nion Asierri.

Asierrekin hizketan ari nintzela diedroan ere garbiketa lanak eginak zirela ikusi nuen, baita, 10 metro ingurura, harkaitz-zubi batetik pasatako kordel bat ikusi ere: “diedrotik, beraz”, erabaki nuen.

Honela ba, diedro inklinatua eskalatzen hasi nintzen (IV). Bere amaieran, metro tente batzuk eskalatu ondoren (IV+), ezproiaren ertzera berriro ere igo eta atsedenaldi bat hartzeko aukera eman zidan erlaitz txiki baten gainean kokatu nintzen.

Diedroa eskalatu ondoren, berriro ere ezproiaren ertzean.

Erlaitz txiki honetatik gora, ezproiaren ertzetik gertu mantenduz eskalatzen jarraitu nuen. Eskalada tentea bada ere helduleku oso onak dituela iruditu zitzaidan; izan ere, aseguruak jartzeko aukera handiak dituen arren ez nuen bertan jarritako kordeletatik eta paraboltetatik aparte beste asegururik jartzeko beharrik sentitu. Erabat kontzentratuta nindoan, estutu gabe baina tentsio puntu batekin, goian zer topatuko nuen ez nekielako. Zailtasunari dagokionez, IV+ zailtasuna denbora osoan nahiko egonkor mantentzen dela iruditu zitzaidan.

Ezproiaren gainera eramango gintuen kanaltxoa eskalatzen.

Ezproiaren gainera iristeko, zertxobait ezkerrera pasatu eta kanaltxo bat eskalatu eta ezproiaren gainean jarrita dagoen parabolt batera iritsi nintzen (IV+).

Ezproiaren gainetik behera egindako argazkia. Gure uste apalean hau uda bilgunea muntatzeko lekurik egokiena.

Hasieran bilgunea hemen muntatzea erabaki nuen, baina orain arteko bilgune guztiak bi paraboltez osatuta zeudenez, zalantza piztu zitzaidan. Parabolta nola indartu begiratzen ari nintzela, nire ezkerrean dagoen kanal belartsu batean bi paraboltez osatutako bilgune bat ikusi nuen, nengoen lekutik 4-5 metrora gutxi gora behera. Bitan pentsatu gabe, paraboltetik express-zinta luzeetako bat pasatu eta bilgunera iritsi nintzen: “reunión!!!”.

"Reunionnn!!!

Gero baieztatuko genuen moduan, aukera hobea da ezproiaren gainean jarrita dagoen parabolt bakartian bilgunea muntatzea, soken marruskadura indarra gutxituko dugulako eta atzetik datorrena denbora osoan begi-bistan dugulako.

Azken bilgunea muntatu ondoren.

Azken bilgunetik ezproiaren oina honela ikusten da.

- Asko gustatu zait luze hau – esan zidan Asierrek ezproia eskalatu zuenean -, denbora osoan kontinuidadea dauke.
- Nik ere pila gozatu det – erantzun nion -. Ez zoaz estutzen baina ez zoaz erabat relajauta, jejeje.

Erlojua begiratu eta bosgarren luzea eskalatzeko bigarren aukera, bietatik zailena dena, eskalatzeko denbora izango genuela kalkulatu genuen. Bitan pentsatu gabe bilgunetik rappel bat muntatu eta luzearen oinera arte rappelatu genuen. Rappel honekin kontuz ibili behar da, bilgunetik ezkerrerago uzten gaituelako, sokak berez hormaren alde hartara eramaten baitu. Antxonek geroago kontatuko zidanez, “Asfodelo” ezproiaren eskuinean dagoen lezean 30 metroko bi rappel muntatuta utzi ditu; lehenengoa zuhaitz baten enborraren inguruan (bilgunetik gertu dagoena) eta bigarrena lezean bertan. Rappela egiteko aukera hau hobea eta erosoagoa dela esan zidan.

Azken luzea rappelatzen. Aukeran, hobe da ezproiaren eskuinean dagoen lezetik rappela egitea (30 metroko bi rappel).

Gure kasuan, sokak errekuperatzeko arazo handirik izan ez genuen arren, aitortu beharra daukat hormatik esegita dauden pare bat zuhaixken adarrek ez zigutela lasai utzi bi sokak lotzen zituen korapiloa beraien artetik pasa zen arte, jejeje.

- Bueno, largo klabea – esan nion Asierri.
- Honi kinto mas ematen diote?
- Kinto edo kinto mas – erantzun nion -. Pentsatzen det gradukin oraindik dudetan egongo diela.
- Gutxiñez duda ez da kinto mas edo seis “a” arten, jejeje – erantzun zidan.
- Nahi dezu magnesio poltsa uztea bazpare?
- Bazpare hartuko det bai, jejeje – erantzun zidan magnesio-poltsa hartuz -, efektu sikologikorako.

Luze "zaila" eskalatzeko muntatuta dagoen laugarren "bis" bilgunea.

- Bosgarren luzea (aukera zaila), 55 metro, 5b+. Material guztia behar zuen lekuan eta behar zuen moduan zintzilik zuela baieztatu ondoren, Asier bilgunetik gora zuzen eskalatzen hasi zen harkaitz-plakan ikusten den paraboltera zuzenduz (IV). Parabolt honera iristeko tartea motza ez bada ere ez zuen zailtasun handirik izan bertara iristeko, heldulekuak txarrak ez direlako. Paraboltetik gora harkaitz-plaka zertxobait tentetzen da zailtasuna zertxobait igoz (IV+); honen isla, luzeko bigarren asegurura (harkaitz-zubi batean jarritako kordel bat) arteko tartea motzagoa dela.

Luzeko lehen paraboltaren parean.

Denbora-tarte baten begiratzen aritu ondoren, bigarren asegurutik gora ezker joerarekin eskalatzen jarraitu zuen, harkaitz-zubi berri batean jarritako kordel batera iritsi eta ezker aldera diagonalean doan kanal antzeko batean sartuz (IV+), hormaren gainkaldean ikusten den sabai nabarmen batera zuzentzen dena.

Ezker aldera diagonalean doan kanalean.

Aseguruak jartzeko aukera handiak dituen kanal honetan (V-), luze osoan jarriko zituen bi Totem-etatik lehenengoa jarri zuen, aseguruen arteko tartea luzea baita. Kanalaren amaieran ur-tantadun plaka motz eta bertikal batekin topo egin zuen, pixkat gorago ikusten den bigarren arrail nabarmen batera iristeko eskalatu beharko zuena.

Ur-tantadun plakaren oinean.

Bitan pentsatu gabe, ur-tantadun plaka erditik eskalatu (V) eta metro pare baten ezker alderako joerarekin eskalatzen jarraitu zuen, atsedena hartzeko aukera eman zion erlaitz txiki batean kokatuz.

Erlaitz txikian atseden hartu eta, harlauza handi baten laguntzarekin, eskuin aldera zeharkaldi motz bat egin zuen. Zertxobait markurtzen diren metro batzuk eskalatu ondoren, bi arrail paralelo dituen horma bertikal batera iritsi zen.

Bi arrail paraleloez osatutako hormara iritsi aurreko ezker-eskuineko zeharkaldi motzean.

Ezaguna da nire eta ur-tantadun plaken arteko maitasun-harremana, honegatik nik plaka erditik eskalatu beharrean zertxobait eskuinetik eskalatuko nuen, nire ustez aukera errazagoa iruditu zitzaidana. Horma zertxobait makurtzen den pasagunea aldiz, luze osoko pasagunerik zailena iruditu zitzaidan (5b+), baina ongi aseguratuta dago eta heldulekuak ez dira txarrak.

Arrail paralelo hauek sabaiak eskuinaldean osatzen duen tximinia bertikalera eraman zioten Asierri, bide osoko pasagunerik ikusgarrienera. Bidea rappelatu genuenean tximini ikaragarria iruditu zitzaigun, eta elkarri esan ere. Hau gutxi ez bada, bertan dagoen harkaitza uraren eraginez leundua zegoela iruditu zitzaigun. Hala ere, eta harkaitza leuna badago ere, Asierrek ez zuen zailtasun handirik izan tximiniaren bi hormetan helduleku onak topatzeko. 4 metro inguruko eskalada bertikal eta ikusgarriaren ondoren (5b+), tximiniaren ezker hormara pasatu eta sabaiak gainean osatzen duen erlaitzaren gainera igo zen.

Tximini bertikala eskalatu ondoren, sabaiak gainean osatzen duen erlaitzaren gainean.

- Zemuzkoa?
- Uste nuena baño errexago iruittu zait – erantzun zidan.

Argazki pare bat egin ondoren, erlaitzetik metro batzuetan zuzen eskalatzen jarraitu eta, parabolt batera iritsitakoan, eskuin aldera zeharkaldi motz bat egin zuen, bilgunea muntatuta dagoen kanaltxoan amaituz (V-). Zeharkaldi erosoago egiteko, goian dagoen sabai txikiak helduleku alderantzikatu onak eskeintzen ditu. Edo eskeintzen zituen, atzetik eskalatu nuenean kolokan zegoen helduleku on bat kendu nuelako, jejejeje.

Azken bilgunea muntatu ondoren.

- Ez dakit kinto mas izango den – esan nion bilgunera iritsi nintzenean -. Gorrotxategin kinto masetan normalen estutu egiten det eta hemen ez det hainbeste estutu.
- Nei ere ez zait kinto mas iruditu – erantzun zidan-, baña kinto normal bat baño gehio duela iruditu zait.
- 5b+ orduan?
- 5b+? Oso ondo – adostu genuen.

Zailtasun maila erlatiboa da beti; niretzat adibidez, ur-tantadun harkaitz-plaka guztiek 7c zailtasuna izaten dute gutxienez, jejeje. Antxonek geroago esan zidan moduan, bidea errepikatu dutenen artean badira 5b zailtasuna duela diotenak, eta badira 5c baino gehiagoko zailtasuna duela diotenak ere. Guk proposatutako 5b+ zailtasuna Antxonek egokitzat eman zuen.

Azken bilgunean.

“Rösti” asko gustatu zitzaigun, baita bidea amaitzeko dituen bi aukerak ere. Biak ala biak, bere zailtasunean, itzelak dira. Bidearen amaieran oso zoriontsu geunden eta behin baino gehiagotan esan genion elkarri “Rösti” Ziordiako klasiko bat bihurtuko dela ziurrenik, inguruan Antxonek ireki dituen beste eskalada-bideekin gertatu den bezala.

Jaitsieran ikasi genuen gauzetako bat harrobia larunbatetan ordubietan ixten dutela izan zen. Gure hasierako asmoa Rafak eta Sergiok Arbara ekialdeko horman muntatutako rappel lerrotik jaistea zen, baina harrobiko hesia itxita eta mugimendurik ez zegoela ikusi genuenean oinez jaistea erabaki genuen, erlojuari denbora ederra lapurtuz.

Etxera iritsi nintzenean Antxoni “Röstiren” azken bilgunean Asier eta biok egin genuen argazkia bidali nion, batetik eskalada-bidea itzela iruditu zitzaigula esateko eta bestetik gure ustez eduki dezaken zailtasun maila proposatzeko. Beste gomendio batzuen artean, putreen habien berri emateko gomendatu zidan, bidea errepikatuko dutenek kontutan har dezaten. Baina partekatu genituen mezuetatik gehien hunkitu ninduena zera izan zen, gure zoriontasun-aurpegiak ikusteak gogobetetzen zuela gehien.

Antxoni bidali nion argazkiko zorion aurpegiei begira geratu nintzen isilik, hunkituta oraindik ere; eta bihotzez eskertu nion une hori bizitzera eraman gintuen eskalada-bide berri hori ireki eta partekatzeagatik.

Azken bilgunean egindako argazki hau izango zen Antxoni bidali niona.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina