Balaitus bere osotasunean, ipar-mendebaldeko ertza ezker-eskuin diagonalean doan ertz nabarmena da.
Traductor al castellano, English traslator, traducteur française.
“Burua hotz ta pasoa motz, burua hotz ta pasoa motz, burua hotz ta pasoa motz, burua hotz ta pasoa motz…”. Mantra baten moduan behin eta berriz errepikatzen nindoan goizean asmatutako esaera. Kontzentrazio osoa oinak non jartzean jarrita generaman, lurrera begira, oinetako behatz minberatuak harriei noizik eta behin ematen genizkien ostikoetatik babestu nahian. “Burua hotz ta pasoa motz, burua hotz ta pasoa motz, burua hotz ta pasoa motz, burua hotz ta pasoa motz…”. Bihurgune baten ondoren aparkalekua ikusi genuenean min guztiak joan zitzaizkigun: ia hamazazpi orduetako ibilaldiaren ondoren, orain bai esan genezakeela Balaituseko ipar-mendebaldeko ertza eskalatu genuela.
Balaitus eta eskalada hitzak esaldi berean elkartzen direnean zirrara sortzen dute. Bide normal errazik ez duen mendi honetan eskalatu behar dugunean badakigu ez dela eskalada "erraza" izango. Eta ez diot "erraza" zailtasunagatik bakarrik, eskaladaren konpromisoa, historia eta iraupena motxilan eraman beharko dugun pisua izango da, inongo zalantzarik gabe. Historia handiko mendietan historia handiko bideak eskalatzeak beti du xarma berezi bat. Honegatik Lekuk eta biok Balaituseko ipar-mendebaldeko ertza aukeratu genuen aurtengo helburu nagusitzat.
Kronika honetako bidea mugaren hegoaldean iparrean bezain ezaguna ez bada ere, Pirinioetako eskalada klasiko handi horietako baten aurrean gaude inongo zalantzarik gabe. 1932 urtean eskalatua izan zen, Balaitus lehen aldiz igo zenetik (1825) ehun urte pasatxora. Urte hartako abuztuaren 8an, Henri Lamathe, Henri Le Breton eta Jean Senmartinek, kalamuzko soka, alpargata, txapelak eta tailerren batean egindako iltze zaharrekin, 500 metroetako hormatzar hau eskalatu zuten, ia ehun urte beranduago guk jarraituko genuen bide beretik. Oraingoan, soinean soka arina, katu-oinak, kaskoa, arnes eta friend eta artaka-trabagailu sorta eramango genituen, eskaladako materialaren eboluzioaren ondorio.
Zer material eramango dute ehun urte barru eskalatzaileek? Auskalo...
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 500 metro.
- Luze kopurua: Norberak ikusten du zenbat luzeetan eskalatuko duen. Guk Lamathe orratzera arte ensanble moduan eskalatu genuen. Lamathe orratza hiru luzeetan eskalatu genuen eta Frontoia beste hiru luzeetan.
- Nork irekia: Henri Lamathe, Henri Le Breton eta Jean Senmartinek 1932ko abuztuaren 8an.
- Zailtasuna: D+/V.
- Orientazioa: Ipar-mendebaldea. Ia eskalada osoan itzalpean egongo gara, beraz egin dezaken hotzarekin kontuz izan.
- Ura: Ibilbidean topatzen diren aintzira ezberdinetan hartu daiteke.
- Hurbilketa: La Sarratik Balaitusera Diagonal Handitik doan bidea hartuko dugu. Michaud aterpera iritsi baino lehen iparraldera joko dugu Col Noir edo Brèche des ciseaux lepoetara zuzentzeko (bigarrena teknikoki errazagoa da). Lepoetatik parean ertza bere osotasunean ikusiko dugu. Ahal dugun metrorik gutxienak galduz ertzaren oinera hurbilduko gara. Eskalada ertzaren ezkerrean (mendebaleko aldean) oso nabaria den bira bat eskalatuz hasten da. Biraren oinean bi makil dituen bi mugarri topatuko ditugu. La Sarratik bost ordu eta erdi pasa genuen lasai ibilita.
- Jaitsiera: Diagonal Handitik. Gailurretik La Sarrara lau bost ordu pasa genuen.
- Eramandako materiala: 50 metroetako soka bat, luzera ezberdineko 9 express zinta, Lincam orlegi eta morea, Totem jokua, artaka-trabagailu jokoa eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Balaituseko gailurrera arte sei ordu.
Ibilbidearen nondik norakoak. Puntu zuriz hurbilketa, puntu gorriz ipar-mendebaldeko ertza eta puntu urdinez jaitsiera hurbilketan jarraitutako bidearekin bat egin arte.
Ibilbidea deskargatu nahi baduzue.
BIDEAREN KROKISA
Bidearen krokis orokorra. Argazkian Lamathe orratzaren atzeko bi orratzak ez dira ikusten.
Krokis orokorra zehatzago.
Ipar-mendebaldeko ertzaren lehen zatiaren krokis zehatza: hasierako biraren amaieratik Lamathe orratzera arte.
Ipar-mendebaldeko ertzaren bigarren zatiaren krokis zehatza: Lamathe orratzeko eskalada.
Ipar-mendebaldeko ertzaren hirugarren zatiaren krokis zehatza: Frontoiko eskalada.
DESKRIBAPENA
Ez da normala goizeko hiruak hamar gutxitan esnatzea, goizeko hiruak eta hamarrean gosaltzea normala ez den bezala:
- Alpinismok hoi zeukik - erantzun zidan Lekuk, etxetik termo batean ekarritako kafean opil bat bustitzen zuen bitartean.
- Gaur gutxiñez luze lo indiau, jejejeje - erantzun nion Palaseko hego-ekialdeko ertza eskalatu genueneko loaldia gogoratuz.
Oraingoan ere ezbehar txiki bat izan genuen. Nire afaria etxeko sukaldeko mahai gainean ahaztuta geratu ondoren, afaltzeko hegaluze pote bat, ogitxo bat eta bi opil partekatu genituen.
Goizeko hiruak eta erdietan martxan jarri ginen. Hamazazpi orduko ibilbidea aurreikusita genuen: sei orduko hurbilketa, sei orduko eskalada eta bost orduko jaitsiera. Ahozabalka, GR-11 bidean gora metroak irabazi genituen, poliki-poliki, indarrak gorde nahian.
Iraileko lehen ilargi betearen izpiek Arrielgo aintziretako igoera zilarrez koloreztatzen zuten, kopetako linternetako argiei indarra kenduz. Ilargi betea izateagatik asteburu hau nahita aukeratuta genuen, gaueko hurbilketan argi gehiago izateko. Ordainean, denbora osoan ibili beharreko bidea begi bistan izango genuen:
- Holakotan hobe izateek lurrea beitzen jutea gelditzeeken aldapa ez ikusteko – esan nion Lekuri gora begiratu nuenetako batean.
Bibak lekuen artetik pasatuz Arriel aintzirak inguratu genituen, isilik, hainbat lekuetan oraindik lo zeuden mendizaleak esnatu gabe. Ibon Chelau aintziratik jaisten den errekastoan zintzurrak freskatu ondoren, abiadurari martxa bat jaistearekin batera maldan gora hasi ginen.
Aintzirara igotzen ari ginen bitartean bi argi Palaseko Ledormeur tximiniara hurbilduz zihoazen:
- Hoike goiz ibilittuk – esan zidan Lekuk.
- Bai – erantzun nion -, deskuidauezkeo egunsentie gailurretio ikusteko asmotan.
Haizeak Ibon Chelau aintzirako ura batera eta bestera mugitzen zuen. Milaka olatu txikiek Balaitusaren silueta dardarti bat islatzen zuten argazki zahar baten itxura emanez:
- Hemene pendize zeok - bota zidan Lekuk.
- Indarrak gordeitzek, beherako behakoizkiagu ta - erantzun nion -, hortako onena "burua hotz ta pasoa motz".
- Esaera earra, non ikasiek?
- Oaintxe asmau diat ba, jejeje - erantzun nion - baña usteiat gaur famatu ingoiaula.
Balaitus eta Ibon Chelau.
Balaitusi begirik kendu gabe, aintzira ezker ertzetik inguratu genuen harkaitz-blokeen gainetik aldapan gora hasi eta Michaud aterpera hurbilduz. Ibon Chelau behean geratzen zen bitartean, zerua laranja eta gorriz koloreztatzen hasi zen, egunsenti berriaren atari.
Egunsentiaren lehen koloreak, Ibon Chelau behean dagoeneko.
- Horko hoi Col Noir dekela esango nikek - esan zidan Lekuk eskuinean genuen lepo estu bat seinalatuz -, igual hobe diau bidea utzi ta zuzenen jutea.
GPS-a hartu eta Lekuren susmoa baieztatu nuen. Desnivel aldizkarian irakurrita nuen Michaud aterperaino iritsi behar zela Col Noir lepora iristeko. Baina hain "gertu" ikusteak bertara zuzen joateak animatu gintuen. Bitan pentsatu gabe Diagonal Handira doan bidea utzi eta lepora zuzendu ginen.
Col Noir leporako bidean.
Baina Col Noir lepora igotzen ari ginela Brèche des ciseaux lepoa zeharkatzea aukera hobea izango zela erabaki genuen. Batetik jaitsiera teknikoki errazagoa da eta bestetik, lepo hauetakn ipar horman udan zehar mantentzen den elurtegia errazago saihestuko genuelakoan geunden.
Col Noir lepora igo gabe, Brèche des ciseaux lepora jarraitu genuen bidea. Argazkia jaitsieran egin genuen.
Brèche des ciseaux leporako (goian) aldapa igotzen.
Ongi zapaldutako bide bat jarraituz, goizeko zortziak laurden gutxi zirenean Brèche des ciseaux lepora iritsi ginen.
Brèches des ciseaux lepoan.
- Hortxe zeok!!! - oihukatu nion Lekuri makuluekin parean genuen hormatzarra seinalatuz.
Gure begien aurrean Balaituseko ipar-mendebaldeko ertza altxatzen zen. Mendeetan zehar eguraldiaren kapritxoek higatutako granitozko zerra erraldoi baten moduan, ertzako orratz ezberdinak, zerra-hortzen moduan zerura zuzentzen ziren, mendiak zerua zerratuko nahiko balu bezala.
"Gure begien aurrean Balaituseko ipar-mendebaldeko ertza altxatzen zen".
- Hemendio inpresionau itteik - esan zidan Lekuk.
- Ya lo creo - erantzun nion.
Gu eta hormaren artean harkaitz-blokezko itsaso bat zabaltzen zen. Nora zuzendu bagenekien, "nola" zuzendu zen gakoa. Behera begiratu genuenean, ulertu genuen azpian zegoen elurtegia nondik saihestu izango zela eguneko lehen erronka.
Brèche des ciseaux lepotik behera.
Harkaitz sendoena zapaldu nahian lepoaren eskuin ertzetik jaisten hasi ginen, elurtegiraino luzatzen den inbutu itxurako kanal harritsu batekin topo egin genuen arte.
- Igual hobe diau ezkerretio jaisten jarraitzea - proposatu nion Lekuri ia elurtegiraino jaisten zen ezproi etzan bat ikusi nuenean -, igual luzegoa izangoek baña harrik bota gabe beheraño iritsiko gaittuk.
Bitan pentsatu gabe kanal harritsua gainetik zeharkatu eta harkaitz sendoaz osatutako ezproiaren gainera igo ginen metroak arin eta seguruago jaisten hasiz.
Leku ezproi etzanaren hasieran, atzean bi mendizale Brèche des ciseaux lepora igotzen.
Harkaitz sendo eta itsasgarria aprobetxatuz, ezproi etzanaren ahotik jaitsi ginen, konturatu ginenerako elurtegira iritsiz.
- Eskerrak ez gaittuken Col Noir-etio jaitxi - esan zidan Lekuk lepora seinalatuz -, neberoa erdi erditio pasa eo hor goien trabesi expuesto bat in beharko genian.
Duen jaitsiera malkartsuaz aparte, Col Noir lepoko jaitsierak elurtegiaren erdian utziko gintuela ikusi genuen. Bertatik irteteko elurtegiaren goiko errimaiatik inguratu behar izango genuen, goiko harkaitz-plaka hareatsu baten gainetik zeharkaldi arriskutsua eginez.
- Oiangon earki asmau diau - erantzun nion.
Hizketan ari ginela ezkerrera begiratu eta eguzkiaren lehen izpiek Palas mendia urrez janzten hasita zeudela ikusi genuen. Egunsentia, ilunabarra bezala, intentsitate handiko unea izaten da. Segundo gutxietan zeru eta mendiaren koloreek erabat aldatzeko joera dutenez, zaila izaten da, argitasun eta koloreei dagokionez, argazki on bat egitea. Parez-pare, duela hilabete pasatxo eskalatutako hego-ekialdeko ertzak itzal eta argien arteko kontrasteekin jolasean ari zen. Ez genuen gehiago behar izan argazki kamerak zorroetatik atera eta parean genuen ikuskizuna metrailatzeko. Argitasunaren eraginez mendiak erliebeak galtzen hastearekin batera, berriro ere martxan jarri ginen.
Palaseko hego-ekialdeko ertza egunsentiaren kolorepean. Ertzaren ezkerrean hego-mendebaldeko ezproi ikusgarria ikusi daiteke.
- Etzaiak bate gustatzen bloken gañetio ibiltzea - bota nion Lekuri - sekula eztek jakitten kolokan zeudeken edo ez gañen jarri arte, ta horrek tentsio haundie sortzen zitek.
Bi naufrago moduan, harkaitz-blokez osatutako itsasoaren erdian igerian geunden, ezproiak irudikatzen zuen itsasargiari jarraika.
Harkaitz-blokez osatutako itsasoaren erdian.
Atzera begirada. Argazkian Brèche des ciseaux lepotik behera jarraitutako gutxi gora beherako bidea ikusi daitke.
Onartu beharra daukat harrikada hau uste baino errazago zeharkatu genuela. Konturatzerako ertzaren azpian geunden.
- Hoi dek pareta puska - esan nion Lekuri hormari hipnotizatuta egongo banintz bezala begiratuz.
- Hala dek bai.
"Hoi dek pareta puska...".
Bidea ertzaren ezkerrean hasten dela genekienez, ertzak oinean osatzen duen ezproi zabala inguratzen hasi ginen, eskalada hasten den bira nabarmenaren bila.
Ertza ezkerretik inguratzen.
Ertzaren ezkerretik 50 metro inguru igoak genituenean bi makil duten bi mugarriekin topo egin nuen. Eskuinera begiratu eta diagonalean igotzen den bira nabarmena ikusi nuen:
- Hemen zeok biden hasiera - oihukatu nion atzetik zetorren Lekuri.
- Zenbat pasa diau honea arte? - galdetu zidan.
- Bost ordu ta hogei pasata - erantzun nion telefonoan ordua begiratu ondoren.
Goizeko bederatziak ematear ziren motxilak lurrera bota eta materiala prestatzen hasi ginenean. Gure asmoa Lamathe orratzaren oineraino ensanble moduan eskalatuz iristea zen, ia gelditu gabe, erlojuari denbora lapurtuz. Honetarako 50 metroetako soka modu bikoitzean eramango genuen, nik bi puntak eta Lekuk sokaren erdian zortziko korapiloa eginez segurtasun mosketoi batekin arnesera lotuta.
Materiala prestatzen, nire atzean mugarrietako bat ikusi daiteke.
Dena prest genuenean, barratxo energetiko bat jan eta ur trago sakon bat edan ondoren ertza eskalatzen hasi ginen.
- Goizeko beatzik eta bost, ea hiruetako goien garen - esan zidan Lekuk animoso.
- Bakik, hemendio aurrea burua hotz ta pasoa motz, jejeje - erantzun nion lehen metroak igoak nituenean.
Ertzako eskaladaren hasiera adierazten duten bi mugarriak eta biraren lehen metroak. Argazkian biraren hasieran eskalatzen den lehen hormatxoa ikusi daiteke, harkaitz trinkoa dagoen lekuan, hain zuzen ere.
Biraren lehen metroak erdi-oinez egin genituen, tarteka eskuak erabiliz, behera harririk ez botatzeko kontu handiz. Eskalada erraz batzuen ondoren (II+), hormatxo batera iritsi ginen. Hormatxo honek 3-4 metro besterik ez ditu eta ezker hormarekin tximini/diedro itxurako bat osatzen du. Bi hormetan oinak jarriz hormatxoa zailtasun handirik gabe eskalatu genuen (III).
Hormatxoaren gainetik behera egindako argazkia.
Hormatxoa gainditutakoan, biratik erraz jarraitu genuen, metroak arin irabaziz, III zailtasuneko bigarren hormatxo batekin topo egin genuen arte. Hemen ere, lehenengo hormatxoan egin genuen moduan, geratu gabe eskalatu genuen, ertzak osatzen duen ezproi antzeko batera iritsi arte.
Bigarren hormatxoa, ni ezproi ezproi antzeko hormara iristen.
Ezproiaren ezkerrean tximini/diedro bat ikusi nuen. Ezproiaren eskuinetik aldiz, estuagoa bazen ere, birak jarraitzen zuela ikusi nuen. Zalantza sortu zitzaidan:
- Etzekiat tximini batetio eo biratio jarraittu behar deken.
- Krokisek ze esateik?
- Aristan ertzeaño jarraittu behar dekela... - erantzun nion -, baña tximiñi eo diedro batez eztik ezer esaten...
Azkenean ezproi itxurakoaren eskuinetik hartu eta bira amaiera arte jarraitu genuen, ertzaren ahora iritsi ginen arte.
Ertzaren ahora iristen, metro hauetan bira asko etzaten da.
Parean horma bertikal bat zegoen, paperean generaman erreseinak zioen III zailtasunetik gora zegoena inongo zalantzarik gabe. Badaezpada Leku nire ondora iritsi zen arte itxaron nuen:
- Eskalatzen hasiko neok ta ikusiko diau ea zemuzkoaeken, errexa badek ensanblen jarraittuko diau, bestela nunbaitten reunioa montaukoiat - esan nion.
Lekuk segurtagailutik bi sokak pasatu zituenean eskalatzen hasi nintzen.
Beharbada zapatilekin nengoelako baina hormaren lehen metro bertikalak III+/IV zailtasunaren inguruan zeudela iruditu zitzaidan. 5-6 metro eskalatu ondoren zailtasuna zertxobait jaitsi zen metroak errazago irabaziz (III), bigarren horma tente batera iritsi nintzen arte. Bigarren horma hau eskalatu nuenean (III+/IV), Lekuk eskalatzen hasten zela esan zidan: "Xabi banijek!!".
Hormaren lehen metroetan.
Hormaren lehen 30 metroetako bertikaltasuna ikusita bilgune bat muntatzea erabaki nuen.
- Ona Xabi!! - esan zidan Lekuk iritsi zenean - kuarto ingurun ibilikoek oain eskalau diauna.
- Etzekiat baña ez nian hain luze bertikala espero - erantzun nion.
Erreseinaren arabera, ertzaren ahotik metro batzuetan eskalatu ondoren, eskuinera pixkanaka daraman diedro bat topatu beharra genuen. Alde guztietara begiratu arren ez genuen diedrorik ikusi. Bilgunea muntatu nuen lekutik pare bat metro ezkerrera eskuin noranzkoan diagonalean jarraitzen zuen "diedro" itxurako erlaitz inklinatu bat hasten zela ikusi genuen:
- Esango nikek zuzen jarraittu beharko geniala - esan zidan Lekuk.
- Duda zeukeat - erantzun nion - igual goiko hoi reseñako diedroa izangoek...
Zalantzazko une honen ondoren "diedroa" eskalatuz jarraitzea erabaki genuen.
Bilgunetik atera eta beste 25 metro inguru "diedro" itxurako horretatik eskalatzen jarraitu nuen (III+), ertzaren ahotik eskuinera doan erlaitz estu bat ikusi nuen arte. Gelditu eta poltsikotik erreseina atera nuen. Ez nekien non nengoen eta erreseinan irakurtzen nuen guztia arrotza zirudien, ez bainuen inon kokatzen. Hormaren handitasunean galdu edo arazoren batean sartuko ginenaren pentsamenduak urduritzen hasi ninduen. Bitan pentsatu gabe beste bilgune bat muntatu nuen.
- Erabat galduta neok - aitortu nion Lekuri bilgunera iritsi zenean - nun genereken putaideaik etzeukeat.
- Gutxiñez goraka ai gaittuk - erantzun zidan Lekuk.
Inguruan genituen aukerak begiratu ondoren, eskuinean genuen erlaitzetik jarraitzea erabaki genuen.
Erlaitz estua zeharkatzen beste aldean zer topatuko nuen zalantzarekin.
Ertzaren bestaldera pasatu nintzenean destrepatu beharreko 3-4 metroetako harkaitz-plaka inklinatu topatu nuen eta parean, harkaitz-plakaren oinean, Deux diables orratzen oinera zuzentzen zen kanal belartsu bat. Harkaitz-plaka destrepatu (III) eta kanal belartsuan gora hasi nintzen belarrak harkaitz-horma bati pasoa emana zion arte (II+).
Leku kanal belartsuan.
- Ta oain? - galdetu zidan Lekuk.
- Etzekiat, baña goraka jarraitzeko apostue ingo nian - erantzun nion.
Lekuri lepotik zintzilik zituen zinta-uztai eta express-zintak hartu eta kanal belartsuaren gainetik eskuinera diagonalean eskalatzen hasi nintzen (III- lehen metroetan, III ondorengoetan):
- Ostia hemen hito bat zeok!!!! - Oihukatu nion 15 metro inguru eskalatuak nituenean.
- Tomaaa!!! - erantzun zidan.
"Ostia hemen hito bat zeok!!!".
Harkaitz-plaka horizontal baten gainean hiru harriz osatutako mugarri txiki bat zegoen. Mugarriaren gainetik dagoen horma tentea eskalatzen jarraitu (III+) eta, Deux Diables orratzen gailurrera iritsiko nintzela uste nuenean, ertzaren eskuinean, Partage terrazara eramaten duen pasabidera iritsi nintzen, hainbeste argazkietan azaltzeagatik ezaguna.
- Biden gerek!!!!! - oihukatu nion Lekuri zorionez betea.
Mugarritik gorako horma tentea eskalatu ondoren (III+).
Ordura arte sentitutako urduritasun eta zalantzak uxatzen zirela sentitu nuen. Orain non nengoen banekien eta horrek segurtasun handia mena zidan. Hemendik aurrera ezin zen ezer gaizki atera. Nengoen erlaitz txikitik Partage terraza doan kanal motz eta harritsua kontu handiz jaitsi (II+) eta, lurrera iritsi nintzenean, oinez jarraitu nuen.
Leku Les Dieux Diables orratzetatik jaisteko destrepatu behar den kanaltxoaren gainean.
Partage terrazaren oinezko zeharkaldian. Argazkia Lekuk goiko argazkia dagoen lekutik egina dago.
Partage terraza poliki baina gelditu gabe zeharkatu genuen, Lamathe orratzaren oineko erlaitz zabalean eraikitako bibak lekura iritsi ginen arte.
Partage zeharkaldiaren amaieran, Les Deux Diables atzean dagoeneko.
- Lehenengo zatie bukauta!!! - bota nion Lekuri nire parera iritsi zenean -, benetazko eskalada hemendiko aurrea hasteek.
Hemendik aurrera katu-oinekin eskalatuko genuela pentsatuta genuen, baita luzeak eskalatuz jarraituko genuela ere. Zapatilak katu-oinengatik aldatzen genituen bitartean atseden motz bat hartzeko aprobetxatu genuen. Horma osoan bakarrik geunden. Pentsamendu berekoia izan daiteken arren, ez aurretik ezta atzetik ere inor ez izateak izugarrizko lasaitasun eta bake sentsazioa ematen zidan. Pirinioetan egin daitezkeen eskalada handienetako bat intimitate handienean eskalatzeko aukera izango genuen, eta hau ez da egunero gertatzen.
- Pentsatzen ai neok katuikpe eskalatzea - esan zidan Lekuk.
- Pentsatzeiat de segundo errex eskalaukoekela - erantzun nion -, kuarto maseko largok zapatilekin eskalauta dauzkek...
Lekuren katu-oinak motxilan geratu ziren. Material guztia prest nuenean Lekuri keinu bat egin eta Lamathe orratzeko lehen luzea eskalatzen hasi nintzen.
- Lehenengo luzea, 50 m, IV. Lehen luzea, bibakaren parean eta hormaren eskuinean dagoen tximinia ilun eta nabarmena eskalatzen hasten da, harkaitz marroidun beta berezi bat duena. Tximiniaren lehen 5 metroak bertikalak badira ere, helduleku oso onak ditu. Pasagune bertikal hau friend batekin babestu ondoren, gorputza pixkanaka altxatzen joan eta lehen metro hauek uste baino errazago eskalatu nituen (IV).
Tximiniko horma bertikala eskalatu ondoren.
Hormaren gainetik behera egindako argazkia. Leku bibak lekutik aseguratzen.
Pasagune bertikala eskalatu ondoren tximiniak bertikaltasuna galtzen du eskalada erraztuz. Harkaitz marroiko betaren erditik eskalatzen jarraitu nuen, eskuinetik diagonalean datorren bigarren tximinia batera iritsi nintzen arte (III+). Gora begiratu eta tximini hau zuzen zuzen ertzaren ahoraino iristen zela ikusi nuen.
Lehen metro erraz batzuk eskalatu ondoren (III), tximiniaren heren bat gutxi gora behera eskalatua nuenean, 2-3 metroetako pasagune bertikal bat topatu nuen, honen eskuin hormako harkaitz-zubi batean zinta zahar bat jarrita duena. Zintatik express-zinta luze bat pasatu ondoren, hankak tximiniaren bi hormetan jarriz pasagunea erraz eskalatu nuen (III+). Bigarren pasagune bertikal honen ondoren zailtasunak amaitzen dira eta ertzaren ahora iritsi arte eskalatzen jarraitu nuen (III). Bertan, arrail batean dagoen friend trabatu bat eta nik trabatu nuen beste friend batekin bilgunea muntatu nuen.
Lehenengo bilgunea, eskuineko friend-a trabatuta dagoen friend zahar bat da.
Leku bigarren pasagune bertikalera iristen.
- Zemuz hoa zapatilekin?
- Oaingoz oso ondo, erraz - erantzun zidan konfiantzaz -. Reseñan arabera oain zetoztek luzeik zailenak, ez?
- Bai, oain kuartomaseko tetxu bat ta gero kuartomaseko pareta bertikal bat.
Lekuri gainean zuen materiala hartu eta, bilgunean aseguratu zenean, eskalatzen jarraitu nuen.
- Bigarren luzea, 40 m, IV. Bilgunearen gainean dagoen harkaitz-plaka zuria eskalatzen hasi nintzen. Plaka inklinatua bada ere, helduleku onak ditu eta, eskuinerako joerarekin eskalatzen jarraituz, erraz eskalatu nuen, eskuinetik datorren tximinia inklinatu eta harritsu batera iritsiz.
Plaka argiaren gainetik bilgunera egindako argazkia.
Plaka argia eskalatu ondoren.
Puntu honetan zalantzan izan nintzen parean nuen horma iluna eskalatzen jarraitu edo ezkerrera jo, kanalaren amaieran dagoen harkaitz-bloke handi batera zuzenduz:
- Pasoik zailena goiko tetxue badek pentsatzeiat errexenetio jarraittu beharko diaula - esan nion Lekuri azkenik, nire zalantzak partekatu ondoren.
Harkaitz-bloke handira zuzentzea erabaki nuen.
Harkaitz-blokea plaka argiaren gainetik ikusita.
Blokea ezkerretik eskalatu (III), honen gainetik pasatu eta horma ilun baten oinean kokatu nintzen. Gainean, 10-12 metroetara, luzeari zailtasuna ematen dion sabai zuria begi bistan nuen.
Horma ilunaren oinean sabaiari begira.
Arrail batean artaka-trabagailu bat trinko trabatu eta horma eskuin aldera diagonalean eskalatuz hasi nintzen bigarren plaka argi eta nabarmenera iritsiz (III). Harkaitz plaka zuriaren eskuin ertzean mantenduz dozena erdi bat metro eskalatu eta sabaiaren azpian kokatu nintzen. Sabaiaren eskuinean, zerbaitek atentzioa deitu zidan:
- Hemen iltze bat zeok!!!!! - oihukatu nion Lekuri.
Harkaitz batzuen artean, erdi ezkutatuta, denborak herdoildutako iltze baten burua ageri zen. Bertatik express-zinta bat pasatu eta iltzea sendo sartuta zegoela ikusi nuenean Lekuri argazki bat egin nion.
Sabaiaren azpitik bilgunera egindako argazkia.
- Oain kontu, eh? - bota nion Lekuri eskalatzen jarraitu aurretik.
Sabaia bere ezkerretik eskalatzen da eta honetarako bere azpitik IV+ zailtasuneko zeharkaldi horizontal bat egin beharra nuen. Iltzetik ezkerrera mugitzen hasi eta esku eta oinentzat helduleku on eta handiak zeudela ikusi nuen.
- Bufff, kriston heldulekuk zerek!! - esan nion Lekuri -, nahibaek argazkik lasai asko egin itzek...
Lekuk esku batekin aseguratu eta bestearekin argazkiak egiten zizkidan bitartean zeharkaldiarekin jarraitu nuen.
Zeharkaldiaren erdian heldulekuen bila.
Pasagunea zaila baino ikusgarriagoa dela iruditu zitzaidan. Denbora osoan helduleku on bat gertu nuela jakiteak segurtasun handia eman zidan. Ezkerrera poliki mugituz sabaiaren ezker ertzera iritsi nintzen.
Sabaiaren ezker ertzean.
Metro pare bat zuzen igo eta, eskuinera horizontalean botaz, sabaiaren gainean kokatu nintzen:
- Zenbat soka gelditzeek?
- Hamar metro eo...
Hamar metro eskasekin gauza handirk ezin izango nuela eskalatu ikusi nuenean bilgunea sabaiaren gainean muntatu nuen.
Bigarren bilgunetik lehenengora egindako argazkia. Ikusten denez, soka sabaiaren eskuinetik gora doa.
- Etzekiat, baña etzaiak kuartomas iruittu - esan nion Lekuri bilgunera iritsi zenean -, kuarto bai, baño kuartomas...
- Nik ere luze zailagoa espero nian - erantzun zidan -, baña kuarto bai dekela esango niake, jejeje.
Lekuren irribarreak gozamena adierazten zuen. Zoriontsu geunden. Hasieran pasatako urduritasunak urrun, eskaladaren metro bakoitzaz gozatzen ari ginen. Eta, oraingoz behintzat, pentsatutakoa baino eskalada errazagoa iruditzen ari zitzaigun. Eguraldiarekin ere izugarrizko zortea izaten ari ginen, eguna freskoa bazen ere ez ginelako hotzik pasatzen ari.
"Lekuren irribarreak gozamena adierazten zuen".
- Esperoiat luze honekin puntaño iritsiko gaittukela - esan nion Lekuri eskalatzen hasi aurretik.
- Hirugaren luzea, 35 m, IV+. Bilgunearen gainetik dagoen plaka argi arraildunera hormatxo ilun bat eskalatuz igo nintzen (III+). Pasagune motz hau aseguratzeko iltze bat dago, baina harkaitzean oso sartua dago eta ezin izan nuen bere burutik ez mosketoirik ez eta artaka-trabagailurik pasatu.
Harkaitz-plaka zurian.
Friend bat arrail batean sendo trabatu ondoren, plaka zuria eskuineko joerarekin eskalatzen jarraitu nuen hormaren eskuineko ertzera hurbilduz, plakaren gaineko sabaiaren azpira iritsi gabe. Hormaren eskuin ertzean harkaitz-zubi batetik pasatutako soka bat ikusi nuen. Bertan luzeko bigarren express-zinta pasatu nuen.
Hormaren eskuin ertzean, harkaitz-zubitik pasatako sokan aseguratu ondoren.
- Zemuzkoa Xabi?
- Oaingoz ondo nijek - erantzun nion -, ea hemendio gora zemuzkoaeken..
Hormaren ertzetik metro pare bat eskalatu eta, horma bertikal bihurtzen den lekuan, honen bestaldeko eskuin horman iltze zahar bat ikusi nuen. Bitan pentsatu gabe, ertzaren bestaldera pasa, iltzera iritsi eta luzeko hirugarren express-zinta jarri nuen.
Iltzearen eskuinetik amildegian zintzilikatutako erlaitz bat zegoela ikusi eta bideak hortik joango zuelakoan erlaitza jarraitzen hasi nintzen. 5-6 metroen ondoren amildegi batek bidea itxi zidan. Bitan pentsatu gabe iltzera itzuli nintzen: "hemendio gora izangoa ..." pentsatu nuen.
Iltzea dagoen lekutik, hormaren ertzetik gertu mantenduz 2-3 metro zuzen eskalatu ondoren zertxobait eskuinera dagoen diedro itxurako horma bertikal batera pasa nintzen. Bertan bigarren friend bat trabatuz horma uste baino zailtasun handiagorekin eskalatu nuen (IV+). Zalantzarik gabe hauek izango ziren egun osoan eskalatuko genituen metrorik zailenak.
Horma eskalatuta, ezkerrean Lamathe orratzera daraman harkaitz-plaka inklinatu, ilun eta arraildua ikusi nuen. Bitan pentsatu gabe plaka eskalatu (III) eta orratzaren gailurrera iritsi nintzen, puntako harkaitz-blokerik altuenean soka batez muntatuta dagoen bilgunean aseguratuz.
- Rreuniónnnnnnn!!!!
Pozaz zoratzen nengoen, teorian behintzat ertzaren zatirik zailena eskalatuta zegoelako. Leku aseguratzen ari nintzela honelako leku batean egoteagatik eskerrak eman nituen. Zorionekoak gu, honelako lekuetara igotzeko aukera dugulako!!!
Lekuren eskalada jarraitua bat batean gelditu zen:
- Ondo?
- Hemengo friend-a trabauta zeok!! - erantzun zidan urduri.
Ahalegin guztiak egin arren, friend-ak ez zuen mendia utzi nahi. Tarteka Lekuren juramentu eta orroak bilgunera iristen ziren. Friend-a Totem garesti bat zela esan nionean gehiago urduritzen hasi zen:
- Sentitzeiat Xabi, baña ezin diat atera.
- Lasai Leku, hoi materiala besteik eztek, dirukin konpontzekena - erantzun nion lasaitu nahian -, okerro izangouan gutako bati zeoze pasatzea.
Hogei minutuetatik gorako borrokaren ondoren Lekuk amore eman eta, etsita, orratzaren puntara iritsi zen.
Leku kopetilun, gailurrera iritsi aurreko arraildun plaka inklinatuan.
- Txinauta neok!!!
- Lasai motel, hoi izan dadila gaurko gauzik txarrena - erantzun nion -, beste bat erosiko diau.
Biharamunean, etxean materiala jasotzen ari nintzela, friend-ak zenbatzen hasi eta denak zeudela ikusi nuen. Lekurekin hainbat whatsapp trukatu ondoren, atera nahi izan zuen friend-a bertan aspaldi trabatutako friend bat zela konturatu ginen. Eta ni Totem bat trabatu nuelakoan!!!! jejejeje.
Lamathe orratzaren gailurretik Frontoia horma menderaezina dirudi. Orratzaren gailurraren ondoan muntatutako rappel puntuan rappel-a prestatzen ari ginela ezin genion begirik kendu:
- Hemendio inpresionau itteik, eh?
- Ya lo creo - erantzun zidan Lekuk.
Frontoia, Lamathe orratzaren gailurretik ikusita.
Lamathe orratzaren gailurretik 35 metro inguruko rappel bakarra edo 15 + 20 metroetako bi rappel egin daitezke. Gure kasuan bi rappel muntatu behar izan genituen.
Bigarren rappel puntua aurkitzeko, pixkanaka eskuin aldera mugituz rappelatu behar izan genuen. Badago beherago ikusten den beste rappel puntu bat, baina ez da bertara iritsi behar.
Lehenengo rappelean.
- Hurrengo hontan kontu ibili beharra zeok, ez? - Galdetu nion Lekuri.
- Bai, bretxaldea rappelatzen jun behar dek, bestela extraplomo latza zeokela usteiat... - erantzun zidan.
Lekuri kasu eginez, lehen metroak bertikalean jaisten hasi ondoren eskuinera bota eta hormaren ertzetik gertu mantenduta rappelatuz orratzaren lepo estuaren gainera iritsi nintzen.
Bigarren rappel-ean.
Lepoaren ezkerrera begiratu eta, Lekuk esan zidan moduan, horma makurtua dela ikusi nuen. Hormari begira ari nintzela Leku rappelatzen hasi zen. Hortik aurrera gertatutakoa oharkabean gertatu zen.
Rappelaren amaierara iristear zegoela, ezker oinak irrist egin eta Leku airean atera zen pendulu handi bat eginez, ezker hormaren kontra bizkarrarekin kolpea hartu zuen arte. Mugimendu azkar batez bi eskuekin segurtagailua blokeatzeko gai izan zen metrorik galdu gabe, baina sokatik airean zintzilik geratu zen, txorizo baten moduan:
- Miñik hartuek?
- Ez, golpea hartuiat baña ondo neok ...
Sokatik tira eginez, Leku nigana pixkanaka hurbildu nuen eta oinak berriro ere horman jarri zituenean lurrera iritsi zen:
- Eskerrak Reversoa blokeau diaten, bestela...
- Bestela azpiko kanaleko zulon amaituko huen...
Mendiak sekula erlaxatu behar ez dela ohartarazi zigun. Segurtasun neurri guztiak eta zuhurtzia osoaz jokatu arren, zaila da dena kontrolpean izatea. Nahikoa da harri txiki bat bere lekutik ateratzea eskalada egun zoragarri bat Ospitale bateko larrialdi zerbitzuan amaitzeko.
Lamathe orratzeko bi rappelak. Argazkian rappel puntu zaharra ikusi daiteke.
Adrenalina maila bere onera itzuli eta lasaitu ginenean, parean genuen orratza eskalatzen jarraitu genuen. Orratza hau eskuinetik inguratuz saihestu daitekeela bagenekien, baita inguratuz gero Lamathe orratzeko azken luzean "galdu" genuen denbora berreskuratuko genuela ere. Hala ere orratza eskalatzea erabaki genuen.
Orratza zuzen eskalatzen hasi nintzen. Lehenengo metroetako harkaitza ez da oso sendoa (III). Argazkiren batean eskuin ertzetik eskalatzerik zegoela ikusita banuen ere (IV), lehen metro hautsien ondoren zertxobait ezkerrera bota, pasagune bertikal bat eskalatu (III+) eta ezker aldera diagonalean eskalatuz jarraitu nuen orratzaren gailurrera iritsiz. 30 metro inguruko eskaladaren ondoren, orratzaren puntan dagoen rappel puntuan bilgunea muntatu nuen.
Orratzeko eskaladaren nondik norakoak. Rappela bestaldera egiten da.
Orratzeko bilgunean.
- Nik oaindio ezkerreago trabesin eskalatzen jarraittuiat - esan zidan Lekuk orratzeko puntara iritsi zenean -, errexago iruittu zaiak...
Leku orratzeko puntan. Atzean, Lamathe orratza.
Biok bilgunera aseguratu ondoren eguneko hirugarren rappel-a muntatu genuen. 20 metro inguruko rappel-a eginez hirugarren orratz baten oinera iritsi ginen.
Leku hirugarren rappel-ean.
Hirugarren orratz hau ez da eskalatzen. Izan ere ertzaren lehen eskaladan ere ez zuten eskalatu. 20-25 metro inguru oinez ibiliz, hirugarren orratza eskuinetik inguratuko genuen, honen atzean dagoen tximini tente baten oinera iritsi arte. Frontoiaren oinean geunden.
- Nola ingoiau?
- Lehenengo metrok terzerokok die ta goien kuartoko luze bat zeok - erantzun nion erreseina irakurriz - nik kuartoko luze horrea arte ensanblen eskalauko nian.
- Adosssss!!!!
Frontoia eskalatzeko Z handi moduko bat egiten da, pasagune errazenak bilatuz. Ertzaren lehen zatian egin genuen bezala, soka erditik tolestatu eta nik bi muturrak arnesera lotu nituen. Lekuk prest zegoela esan zidanean, tximinia eskalatzen hasi nintzen.
Tximiniaren lehen metroetan.
Helduleku onak baditu ere, tximinia tentea da eta harri soltez estalita dago. Metroak pixkanaka irabazi nituen, pisua jarri aurretik helduleku bakoitzak eutsiko zidala ziurtatuz (III).
Tximiniak metroak zuhurtziaz eskalatzea eskatzen du.
Tximiniaren erditik behera egindako argazkia. Bere bertikaltasuna nabaritu daiteke.
Lehen metro bertikal eta "apurtu" hauen ondoren, tximinia zertxobait inklinatzen da, frontoiak osatzen duen hormaren ezker ertzean amaituz (III). Ertzean erlaitz eroso bat dago.
Tximiniaren amaieran, hormaren ertzean dagoen blokeetako batean uztai-zinta bat jarri ondoren.
Gelditu gabe, erlaitzaren eskuinean dagoen tximinia tente bat eskalatzen jarraitu nuen (III+).
Erlaitzetik gora eskalatzen den tximini tentea.
Tximinia honek pixkanaka ezkerrera jotzen du (III), berriro ere hormaren ertzeraino eramanez. Bertan, arrail bertikal eta nabarmen bat duen plaka ilun eta tente baten oinean lauza handi bat dago, leku guztietatik pitzatuta dagoena. Bilgunea lauzaren inguruan uztai-zinta bat pasatuz muntatu nuen.
- Bueno, hemendio gora beize largoka hasiko gaittuk, ez? - proposatu nion Lekuri bilgunera iritsi zenean.
- Hau dek kuartoko plaka, ez? - galdetu zidan.
- Bai, hala dek.
- Ordun bazpare hobe - erantzun zidan.
Arnesera lotuta nuen sokaren puntetako bat Lekuri eman eta soka erabat luzatu ondoren Frontoiko lehen luzea eskalatzen hasi nintzen.
- Lehenengo luzea, 40 m, IV. Luzea bilgunearen gainetik dagoen harkaitz-plaka arraildun eta tentea eskalatuz hasten da. Bilgunetik gora zuzen eskalatzen jarraitu nuen, harkaitz-plakaren erdiko pitzaduraren laguntzarekin. Hasi eta berehala, harlauza baten inguruan zinta-uztai bat pasatu nuen, luzearen lehen asegurua jarriz. Harkaitz-plaka tentea da eta heldulekuak txikiak ditu. Plakari pixkanaka metroak janez, zertxobait eskuinera bota eta bere ertzera iritsi nintzen (IV), harkaitz-bloke batetik zinta-uztai bat pasatuz luzeko bigarren asegurua jartzeko.
Harkaitz-plakaren ertzetik bilgunera egindako argazkia. Luzean jarritako bigarren asegurua ikusi daiteke.
Harkaitz-plakaren gainean.
Harkaitz-plaka eskalatuta, ertzaren ahotik metro batzuetan zuzen eskalatzen jarraitu nuen (III), eskuinean erlaitz zabal eta eroso bat ikusi nuen arte.
"..erlaitz zabal eta eroso bat ikusi nuen arte".
Ertza utzi eta erlaitzera zuzendu nintzen. Erlaitzaren lehen metroak inklinatuak badira ere zailtasunik ez dute (II). Lehen metro hauen ondoren erlaitza etzanez doa azken 5-6 metroak horizontal bihurtu arte. Metroak arinago irabaziz, erlaitza alderik alde zeharkatu eta amaieran dagoen harkaitz-bloke batetik uztai-zinta bat pasatuz bilgunea muntatu nuen.
Erlaitzaren amaieran.
- Beste luze bat ta kintoko plaka famatu horta iritsiko gaittuk.
- Bazeukeat gogoa bertaño iristeko - erantzun zidan Lekuk.
- Baita nik ere, ez pentsa - erantzun nion.
- Bigarren luzea, 30 m, III. Bilgunetik zuzen eskalatuz jarraitu nuen eskuinean triangelu itxurako sabai batean amaitzen den diedro ireki eta inklinatua utziz. 6-7 metro zuzen eskalatu ondoren (III), tarterik errazenak bilatuz, ezkerrera jo nuen koska ezberdinak eskalatuz plaka inklinatu batera iritsi nintzen arte (III).
Lehenengo metro zuzenak eskalatu ondoren. Hemendik aurrera ezker noranzkoan jarraituko nuen eskalatzen.
Harkaitz-plaka inklinatua ezkerrerantz diagonalean zeharkatzen joan nintzen Fauchay plakaren oinera iritsi nintzen arte (III-). Plakaren oinean dagoen uztaidun iltze zaharrean bilgunea muntatu nuen.
Bilgunera iritsi aurreko erlaitz inklinatuan.
Aurreko egunetan logurea kendu zidan Fauchay plakaren oinean nengoen. Errespetu handia nion plaka honi, nonbaitean V+ zailtasuna zuela ere irakurrita nuelako. Hilabeteetan prestatutako azterketaren aurrean egongo banintz bezala, zalantzei, kezkei eta, zergatik ez esan, beldurrei erantzuna emateko unea iritsi zen.
- Negargurea ta dena jarri zaiak - aitortu nion Lekuri -, erabat emozionauta neok.
- Hau ateakoek motel - animatu ninduen.
Arnasketa sakondu eta lasaitzen nuen bitartean eskuekin harkaitza ukitu nuen transmititzen duen energia osoa xurgatu nahiko banu bezala. Pentsamendu negatiboak gainetik kentzeko besoak astindu eta erabat kontzentratu nintzenean Fauchay plaka eskalatzen hasi nintzen.
- Hirugarren luzea, 30 m, V. Uztaidun iltzearen eskuinean harlauza bat dago. Harlauzaren laguntzaz gorputza altxatuz babariar moduan eskalatzen hasi nintzen 5-6 metro gorago dagoen iltzera zuzen eskalatuz. Lehen metro hauetan heldulekuak txikiak dira baina estutasunik ez pasatzeko nahikoak zirela iruditu zitzaidan (V). Lehen iltzera iritsi nintzenean bat egon beharrean bi iltze bata bestearen ondoan zeudela ikusi nuen.
Lehen iltzearen parean.
Plaka babesten duen bigarren iltzea lehenengotik 3 metro ingurura dago. Eskuin alderako joerarekin eskalatuz bigarren iltzera zailtasun handirik gabe iritsi nintzen (V-).
- Hemendio gora ez dizkiat iltze gehiagoik ikusten - bota nion Lekuri.
- Zemuzkoa ikusteek?
- Eztik zaile ematen baña bazpare kontu ibili ai.
Bigarren iltzetik plaka zertxobait etzaten bada ere, heldulekuak oso txikiak dira. Oinak harkaitzaren zimur txiki batzuetan jarriz, kontu handiz, iltzetik zertxobait eskuinera joz eskalatzen jarraitu nuen plakaren gainean dagoen sabaiaren eskuin aldera zuzenduz (IV+).
Bigarren iltzetik gorako lehen mugimenduetan.
Sabaiaren azpira iritsi nintzenean (IV+) bertan hirugarren iltze bat topatu nuen, baita eskuak ongi sartzeko apartako arraila ere. Ezusteko baten ezean plaka eskalatua nuela jabetzen hasi nintzen:
Plakaren gaineko sabaiaren azpian.
- Gero honea iriseaizenen akordau tetxura hurbildu beharra daukekela, hemen kriston heldulekue zeok eta - bota nion Lekuri.
- Hoi dek!!!
Eskuentzako helduleku aparta hura aprobetxatuz, sabaia eskuinetik saihestu nuen Fauchay plaka eskalatuz (IV).
Fauchay plakaren gainetik bilgunera egindako argazkia.
Sabaiaren gainean kokatuz, gainetik nuen harkaitz-plaka inklinatua zuzen eskalatzen jarraitu nuen bigarren sabaitxo bat eskuinetik saihestuz (III). Harkaitz-plakak bertikaltasuna galtzen duen lekuan zertxobait ezkerrera jo eta, erdi-oinez, erlaitz ezberdin batzuk jarraituz jarraitu nuen laugarren iltze zahar bat topatu nuen arte. Bilgunea bertan muntatu nuen.
- Reuniónnnnn!!!! Iejaaaaaa!!!! - oihukatu nuen pozez zoratzen.
- Tomaaaaa!!! - erantzun zidan Lekuk.
Leku belarritik belarrira arteko irribarre batekin iritsi zen. Ez zen gutxiagorako, Fauchay plaka zapatilekin eskalatzea bere meritua duelako.
- Zailena indiau!!!
- Bai, baña bazpare Isards bretxaño eztizkiat katuik kendu behar - erantzun nion -, oain zetorreken zatiri buruzko informazio haundik etzeok ta ez neok asko fiatzen.
Hemendik gora berriro ere ensanble moduan eskalatzen jarraitzea erabaki genuen. Bilgunea desmuntatu eta soka berriro ere erditik tolestatu genuenean, eskalatzen jarraitu genuen.
Gaineko hormaren ezkerrean dagoen sabai nabarmen bat erreferentzi bezala hartuz, sabaira zuzenduz eskalatzen hasi ginen, denbora osoan pasagunerik errazenak bilatuz.
Erdi oinez betetzen diren hasierako metroetan. Goien, erreferentzi bezala hartu genuen sabai nabarmena.
Helburua sabaiaren gaineko ertzara igotzea zen. Zailtasun handienak saiheztuz eta III/III+ zailtasuneko pasagune bertikalak konbinatuz, hormari metroak irabazi genizkion. Guk bide hau jarraitu bagenuen ere, tarte horretan jarraitu ahal izateko ibilbide asko daude.
Lehenengo eskaladetan.
Pasagune errazenen bila.
Pasagune errazenak bilatuz, sabaia gure ezkerrean geratu zenean, honen atzean dagoen diedro motz bat eskalatuz (III+) hormaren ertzera iritsi ginen.
Sabaiaren eskuineko diedrotxoa eskalatu ondoren behera egindako argazkia.
Hemendik gora horma etzan egiten da eta, III zailtasunetik gorako pasabideak eskalatu gabe, horma eskalatu genuen Brèche des Isards lepora iritsiz.
Hormaren eskaladaren amaieran.
- Ze orduittuk?
- Ordubik ta hogeita bost - erantzun nion Lekuri.
- Ondo goatzek, ez?
- Aspaldi denborak etziak preokupatzen Leku - erantzun nion -. Ze ingoiau, Diagonaletik behera jaitsi eo puntaño kresteatzen jarraittu?
- Norokzidentala puntan bertan bukatzeik, jejeje - bota zidan galderari erantzunez.
Brèche des Isards lepoan.
Brèche des Isards lepoaren eskuinetik jarraituz Diagonal Handira iristeko aukera dago, baita ere, lepoaren ezkerretik jarraitzen bada Beraldi biratik jaisteko aukera ere. Beraldi bira ikusten genuen lehen aldia zen eta bere itxura bakarrik oso erakargarria iruditu zitzaigun: "eunen baten hemendio igo beharren gerek!!!".
Beraldi bira elurrarekin. Egunen batean hortik igo beharko dugu...
Lepoan egindako atsedenaldia katu-oinak zapatilengatik aldatzeko aprobetxatu nuen. Hasieran sokarekin jarraitu edo ez zalantzan izan bagina ere, azkenean ensanble moduan eskalatzen jarraitzea erabaki genuen: "oain ez gaittuk relajatzen hasi beharko...".
Lepotik eskuinera horizontalean zeharkaldia egiten hasi ginen, metrorik galdu gabe, parean dagoen ertzara iritsi arte (II). Ertzetik metro batzuk zuzen eskalatu ondoren (II+) ezkerrera jo genuen Brèche des Isards lepoaren gainean kokatuz.
"... berriro ere Brèche des Isards lepoaren gainean kokatuz".
Parean genuen ezproia eskuinetik inguratuz eskalatzen jarraitu genuen (III), ezproiaren atzean dagoen lepo estu batera zuzentzen den tximini tente, apurtu eta nabarmen batera iritsi ginen arte.
Tximinia kontu handiz eskalatzen hasi bagina ere, harri soltez betea zegoela ikusita bere ezker hormara pasatu eta, bertatik seguruago eskalatuz, lepo estuaren ertzera iritsi ginen (III).
Tximiniaren lehen metroetan.
- Horko pareta horrek terzero baño askoz gehio zeukik - esan nion Lekuri nire parera iritsi zenean.
- Pentsatzeiat nunbaitten pason bat izangoikela.
- Nik ere hala esperoiat, bestela hemen estutu beharkoiau - erantzun nion.
Lepotik gorako horma oso bertikala da eta bertatik estutasunik gabe pasatzeko modurik ez dagoela dirudi. Leku aurreratu eta ezkerrera diagonalean eskalatzen jarraitu zuen horma bertikalera iritsi zen arte:
- Hemen pasoa zeokela emateik!!! - bota zidan garaile.
"Hemen pasoa zeokela emateik!!!"
Lekuren ondora iritsi nintzenean, berak esan bezala, ezker aldera zeharkaldi horizontal bat eginez horma saihestu zitekeela zirudien. 3-4 metroko zeharkaldiaren ondoren III zailtasuneko hormatxo bat eskalatu nuen eta, parez pare, 30 metro ingurura, Balaituseko gailurra azaldu zen:
- Goien neok!!!! - oihukatu nion.
Gailurran zeudenen harridura aurpegien aurrean, harkaitz-bloke handi batean azken bilgunea muntatu nuen eta Leku berehala iritsi zen.Arratsaldeko hiruak hamar gutxi ziren, eskalatzen hasi ginenetik sei ordu baino zertxobait gutxiago.
- Ostia puta, ze onaaaaaaa!!!!!
- Hau la ostia dek!!!!
Pozarren geunden, koronabiruseko prozedura guztiak pikutara bota eta behin eta berriz elkar besarkatuz. Ez dakit gailurrean zeudenak zer sentitu zuten baina gure arteko zoriona erabatekoa zen.
Gailurrean dozena bat mendizale zeudela ikusita, egokiena eskaladako traste guztiak geunden lekuan jasotzea izango zela erabaki genuen.
Eskalada amaitu genuen lekuan, atzean Balaituseko gailurra.
Material guztia motxilaren barruan patxadaz gorde eta gailurrean bikote bakarra geratu zela ikusi genuenean, martxan jarri ginen. Arratsaldeko hiruak eta hogeita bostean Balaituseko gailurra zapaldu genuen.
"Arratsaldeko hiruak eta hogeita bostean Balaituseko gailurra zapaldu genuen".
Ez dira hitz asko behar izaten eskalada handi bat burutu deneko sentimentuak azaltzeko eta, egia esan, gure artean ez genuen hitz askorik partekatu. Bakoitza ipar-mendebaldeko ertza bere erara gozatzen ari zen, intimitatean, otordu goxo baten ondoren gertatzen den moduan. Ohiturari jarraituz, Leku mendiaren punturik garaienera igo zen.
- Gaur hemen eztek iñor ni baño gorago igo, jejeje - bota zidan zoriontsu, gailurrean zegoen bikotearen begirada harrituaren aurrean.
"Gaur hemen eztek iñor ni baño gorago igo".
Telefono estaldura genuela aprobetxatuz etxera deitu eta gailurrean geundela esan genuen:
- Oiandio beste bost ordu inguru falta zaizkigu - esan nion Itziri -, gaur etxea iristeako berandu izangoa.
Denboraren kontzeptua galdu genuen, baina gailurrean 20-25 minutu izan ginelakoan nago. Bertan zegoen bikoteari argazki bat egiteko eskatu ondoren, beherako bidea hartu genuen.
Taldeko argazkia.
Jaitsiera lasai eta kontu handiz hartu bagenuen ere ("burua hotz eta pausua motz"), Diagonal Handiaren oinera iritsi ginenerako oinetako behatz puntak minberatuak sentitzen hasi ginen. Oraingoan ere, Costerillou ertza eskalatu genuenean gertatu zitzaigun moduan, mar-mar batean jaitsi ginen ikusi genituen mendizale gehienak kaskorik gabe zihoazelako: "geroz ta mendizale gutxigo zeok mendin..." izan zen Lekuren hausnarketa.
Diagonal Handiaren oinean.
Diagonal Handiaren oinetik behera gure oinetako behatzen egoera pixkanaka okerrera joan zen, batez ere, nekearen eraginez, harriren bati ostikoa ematen genionean.
Ibon Chelau aintzirara iristen.
Bakoitza ahal zuen moduan jaisten ari zen, bere minekin, geratzen ziren ur tragoak eta indarrak ahal zuen hobekien dosifikatuz. Tarteka bion arteko isiltasuna "ostia" edo "ayyyy" batek apurtzen zuen, harri bati ostikoa eman genionaren seinale. Oinetako behatzetako minen artean Balaitusi azken agurra eman genion.
"Oinetako behatzetako minen artean Balaitusi azken agurra eman genion".
“Burua hotz ta pasoa motz, burua hotz ta pasoa motz, burua hotz ta pasoa motz, burua hotz ta pasoa motz…”. Mantra baten moduan behin eta berriz errepikatzen nindoan goizean asmatutako esaera. Kontzentrazio osoa oinak non jartzean jarrita generaman, lurrera begira, oinetako behatz minberatuak harriei noizik eta behin ematen genizkien ostikoetatik babestu nahian. “Burua hotz ta pasoa motz, burua hotz ta pasoa motz, burua hotz ta pasoa motz, burua hotz ta pasoa motz…”. Bihurgune baten ondoren aparkalekua ikusi genuenean min guztiak joan zitzaizkigun: ia hamazazpi orduetako ibilaldiaren ondoren, orain bai esan genezakeela Balaituseko ipar-mendebaldeko ertza eskalatu genuela.
Ia hamazazpi orduetako ibilaldiaren ondoren, La Sarrako aparkalekuan berriro ere.
- Oain bai!!!! - bota nion Lekuri bostekoa emanez.
Oso nekatuak geunden baina, aldi berean, oso zoriontsu. Aurretik hiru orduko bidaia genuela jakinda, Jakan afari azkar bat egitea adostu genuen, indarrak zertxobait berreskuratu eta, litro erdiko Coca-Cola parearen ondoren, loak ez hartzeko.
Kotxez abiatu aurretik, La Sarrako iturrian ura hartzen ari ginen bitartean, Beriaindik ikusten ez nuen Pablo ikusi nuen. Beti da atsegina lagun zaharrak ikustea, zer esanik ez eskalada handi bat egin ondoren. Bere asmoa Frondelletako Wallon ertza eskalatzea azaldu zigun: "hoi gutzako mukoa dek" esango zidan Lekuk geroago. "Porma"-kin bidea une laburrean partekatu ondoren, elkar agurtu eta bakoitzak bere bidearekin jarraitu genuen.
Hiru egun behar izan nituen ibilbide honek eragindako agujetak betirako aldentzeko. Hiru egunetako agujetak eta bi atzazal belztuta. Baina arrasto fisiko hauek ez dira ezer barrenean gelditu zaidan arrastoarekin. Vignemaleko ipar klasikoaren eskaladaren ondoren idatzi nuen bezala: "Azken finean, mendian uzten dugun arrastoa infinitoan puntu galkorra besterik ez da, mendiak eragindako orbaina aldiz, ez da sekula ezabatzen".
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Valle de Tena mapa. Editorial alpina, 2016.
- Fayet L., Cazaurang-Butel R., Baup M., Brives L. Ollivier J., Cazanave H., Vaillant P. Guide Ollivier, Pyrénées Occidentales IV. Du Ger au Balaïtous. Le massif du Balaïtous, 279-283. Pau. Editions Cairn, 2008.
- Munsch R., Ravier C., Thivel R. Roca, nieve y hielo en Pirineos, 137-140. Madrid. Desnivel Ediciones, 2001.
- De Bellefon P. Los Pirineos. Las 100 mejores ascensiones y excursiones, 168-171. Madrid. Desnivel Ediciones, 2006.
- Hernandez A. Balaitus (3.144 m). Caña a la araña. Desnivel revista de montaña, 2005; 226: 38-47.
- Martinez Embid A. Balaitus 3.144 m, el Cervino pirenaico. Desnivel revista de montaña, 2005; 226: 28-36.
- Elías S. Balaitús 3.146 m, Arista Noroccidental, Lamathe / Breton / Senmartin / 1932. Desnivel revista de montaña, 2007;255: 44-48.
- Israel de las montañas ... Alpinismo incómodo... bloga. 2016/09/19. Balaitús por la arista Noroccidental. 11/09/2016. Eskuragarri: http://salutimuntanya1976.blogspot.com/2016/09/balaitous-por-la-arista-noroccidental.html
- Mendiak.net web orria. 2016/08/26. Integral Balaitús, caña a la araña (Arkaitz Zubieteren kronika). Eskuragarri: https://www.mendiak.net/viewtopic.php?t=55234
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina