40 izendapen ezberdinez ezaguna izan bada ere, egun izenik onartuak Balaitus edo Balaitous dira. 3.145 metroetako granitozko mendi hau “armiarma” bezala ere ezagutzen da, zerutik ikusita intsektu honen itxura omen duelako. Costerillou gandorra, Balaitusetik ekialdera Costerillou arrakala arte luzatzen den armiarmaren hanketako bat da. Gandor honen orratz eta harkaitz-blokeen artean bi hirumilako “ezkutatzen” dira: Costerillou Dorrea (3.049 m), hirumilako “ofizialetatik” igotzen zailena, eta Ussel Dorrea (3.022 m). Pirinioetako hirumilakoak igo nahi dituenak lehenago edo beranduago bi mendi hauetan eskalatzeko abilezia neurtu beharko du…
Balaitus, Costerillou Dorrea eta Ussel Orratza.
Costerillou gandorra normalean ekialdetik mendebaldera eskalatzen bada ere, Balaituseko ipar-mendebaldeko gandorretik Deabruaren gandorraren amaiera arteko eskalada luzea egiten dutenek kontrako noranzkoan zeharkatzen dute. Gandorrean denetarik topatuko dugu: tximiniak, hormak, orratzak, kontrahormak, harkaitz-bloke ezegonkorrak eta definitu gabeko ibilbidea. Beste modu batera esanda, abentura itzel baten aurrean gaude.
IBILBIDEA
Ibilbidea La Sarra urtegian (1.440 m) hasten da, GR-11 ibilbidea jarraituta Respomuso aterpera (2.220 m) iritsiz. Nahi izanez gero bezperan Respomuson lo egin daiteke ibilbideari bi ordu pasatxo kenduz.
Respomuson Balaitusera doan ohiko bidea hartu behar da (marka gorriak hasieran, gero mugarriak), Latour arrakalatik gertu morrenak osatzen duen muino batera arte. Bertan bidea utzi eta muinoaren gainetik eskuinera zeharkaldia egiten da Ussel orratzaren hormara zuzenduz.
Ussel orratzaren igoera harkaitz marroiko beta horizontal nabarmen batean hasten da. Beta hau ezker-eskuin amaiera arte jarraitu eta, Costerillou arrakalatik jaisten den tximiniatik gertu gaudenean, bertan sartu gabe gora jotzen da, metroak irabazten diren heinean Ussel Dorrera zuzenduz. Dorrera iritsi aurreko azken 8-10 metroak gandorraren ertzetik eskalatzen dira.
Ussel Dorretik aurrera gandor osoa eskalatzen da (tartean Costerillou Dorrea eskalatuz), batzuetan espainiar isurialdetik, besteetan frantziarretik, Balaituseko gailurraurretik (3.117 metro) gertu amaituz. Zailtasun guztiak amaituta, eskaladako trasteak jaso eta oinez Bailatuseko gailurrera (3.145 metro) oinez iristen da.
Igoerako ibilbidea, zuriz oinezko tarteak eta gorriz eskalatzen direnak.
La Sarrara itzultzeko Balaituseko Diagonal Handiaren bidea da biderik motzena, tartean Arriel aintziretatik pasatuz. Respomuson lo egiteko trasteak utzi badira, 20 metro inguruko lau rappel eginez Latour arrakalatik jaisten da.
Jaitsierako bidea.
IBILBIDEAREN DATU BATZUK
- Ibilbidearen luzera: 21 kilometro inguru.
- Nork irekia: ekialdetik mendebaldera Jacques Bursaux, 1929an. Mendebaldetik ekialdera Le Breton eta Sanchette, 1932 urtean
- Punturik baxuena: La Sarra urtegia, 1.440 metro.
- Punturik altuena: Balaitus, 3.145 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 2.235 metro.
- Igotako mendiak: 3.
- Ura: La Sarra eta Respomuso ondoko iturrietan hartu daiteke.
- Zailtasuna: AD+/IV+. Gandorrari zailtasuna Costerillou Dorrearen lehen luzeko sarrerako pasabide makurtuak ematen dio (3-4 metro). Gainerakoan (baita Costerillou Dorretik gorako tartean ere) III eta III+ pasabideak topatuko ditugu bata bestearen atzetik, bakarren bat agerikoa. Goi-mendiko eskalada izanda adi ibili beharko dugu harkaitz-bloke askoren sendotasunarekin.
- Jaitsiera: Elurrik ez badu, jaitsierarik eroso eta azkarrena Balaituseko Diagonal Handitik da.
- Eramandako materiala: 30 metroetako bi soka (Costerillou dorretik behera 20 metro inguruko rappel zintzilikatua egin beharko dugu), Lincam eta artaka-trabagailu jokoa, dozena erdi bat express-zinta luze eta dozena erdi bat zinta-uztaiak (erdiak luzeak), harkaitz-blokeen inguruan jartzeko. Costerillou Dorretik beherako rappelerako “Shunt” aparatua eraman genuen. Katu-oinak ez genituen eraman.
- Ibilbidea osatzeko pasatako denbora: Hamabi ordu eta laurden atseden uneak ere zenbatuz. Lekutik lekura:
- La Sarra – Respomuso aterpea: bi ordu eta laurden.
- Respomuso aterpea – Ussel orratza: bi ordu eta hiru ordu laurden.
- Ussel orratza – Costerillou Dorrea: bi ordu inguru.
- Costerillou Dorrea – Balaitus: ordu eta erdi.
- Balaitus – La Sarra: hiru ordu eta hiru ordu laurden.
GANDORRAREN KROKISA
Gandorraren eskaladaren krokisa.
DESKRIBAPENA
Ibilbide honen aurreko egunetan lo gutxi egin nuen. Goierri astindu zuen bero-boladak eragin izan bazuen ere, barreneko sentsazio deseroso batek ez ninduen lasai lo egiten uzten. Honen jatorria bikoitza zen: batetik, gandorrak bertigoaren hurbileko beldurra sortarazten zidan. Kronika batzuetan amildegi, erreskate eta “enbarkeen” berri ematen zuten, gandorrari ibilbide galgarri eta arriskutsuaren itsura emanez. Bestetik, Lekuren eskalatzeko gaitasuna zalantzan jarri ez arren (anaiak beti esaten du Leku “de segundo” K2-ren “Magic Line” berbera eskalatuko lukeela), eskaladaren erantzukizunak motxilaren barruan izango zuen pisuak kezkatzen ninduen: “Arin eskalatuko genuen?”, “Seguru?”, “Arazorik gabe?” bezalako galderek burua behin eta berriz mailukatzen zuten gauak luzeak bihurtuz.
Jakan, garagardo, arrautza frijitu eta oilasko bularkian oinarritako plater konbinatu elikagarriaren ondoren, La Sarra urtegira uztailaren 24aren azken argiekin iritsi ginen. Ordizia tanborradaren oihartzunak astindu eta iluntasunak bazterrak irensten zituen bitartean biharamunerako motxilak prestatu genituen. Kuriosoa da intsektuek argiarekiko duten obsesioa: furgonetatik irteten ginen bakoitzean intsektu festa antolatzen zen kopeta-argien inguruan, bakarren bat behar ez zuen zuloan sartuz.
Intsektuak furgonetaren kanpoan gelditzen zirela egiaztatu ondoren, gaueko hamarrak eta erdiak jota lo-zakuetan sartu eta, alferkeriaz, iratzargailua goizeko hiruak eta laurdenerako jarri genuen:
- Ea lauetako martxan gean – esan nion Lekuri – hamahiru-hamalau ordutako bueltea aurretio izanda beanduna atsaldeko seietako iristeko, etzi lanea jun beharra zeukeat eta, jejeje.
Interneten irakurritakoaren arabera hamabi eta hamasei orduen arteko ibilbide luzea genuen. Lau orduetako aldearen artean erdibidera jo eta hamahiru eta hamalau orduen artean ibiltzea ordutegi ona izango zela pentsatuta genuen. Goizeko lauetan abiatuta, txarrean arratsaldeko seietarako kotxean izango ginen, txarrenean berriz, gaueko zortzietarako.
Iratzargailuak loaldi arin eta motza moztu zuenean, joatea gogorik izaten ez den festara janzten den abiadura berean jantzi, eztarritik bezperako napolitana lehor parea eta platano bat hala nola pasatu eta, zonbien moduan, furgonetatik iluntasunera atera ginen.
- Ostia Xabi, argazki kamera barrun utzi diat!!!! – esan zidan Lekuk furgonetara berriro ere sartuz.
Batean eta bestean begiratu ondoren, argazki kamera eskuetan harro atera zen, motxilaren uztai batetik mosketoi batez zintzilikatuz: “oain baaaiiiii!!!”. Goizeko laurak ematear ziren martxan jarri ginenean.
Zerua hodeiek zipriztintzen zuten, zelaian sakabanatutako artaldearen itsura emanez. Martxa lasaia hartzea erabaki genuen: “hobe diau Balaitusea fuerte iristea, jatxiera luzea izangoek eta”. GR-11 bidean gora metroak irabazten genituen heinean Aguas Limpias errekaren zurrumurrua iluntasunean ito eta hego haizeak manga motzetan gelditzea behartu gintuen, iragarritako sargoriaren aurrekari. Respomuso aterpearen leihoen artetik lehen linterna izpiak piztearekin batera pareko iturrian zintzurrak freskatu genituen.
- Ze ordu dek? – Galdetu zidan Lekuk.
- Seiek eta laurden.
Respomusko iturrian.
Aurreikusitakoa baino ordu laurden gehiago pasa arren ez ginen kezkatu. Mendiaren erraietatik irtendako ur freskoa edan ondoren, GR-11 ibilbidean metro batzuk atzera egin eta Vuelta Barrada zirkutik jaisten den errekastoaren ezkerretik doan puntu gorriz adierazitako bidexkan gora hasi ginen, Latour arrakalara doana hain zuzen ere.
Respomuso behean gelditzen da...
Lehenengo malda gogorraren ondoren, eskuinean Deabruaren gandor ikusgarria.
Arrasto gorriek mugarriei eta zelaiak harkaitzari txanda ematearekin batera, iluntasunetik ihesi, inguruko mendien siluetak zeruan marrazten hasi ziren: Gran Facha, Deabruaren gandorra, Frondellak, Tebarray... Egunsentiaren atarian geunden, eguneko momenturik hotzena omen dena.
- Hotzik haundiña oain pasa behar badiagu eztiat imajinau nahi kotxera itzultzekon ze izangoeken – esan nion.
- Pentsatzeiat goien frexkogo eongoekela – erantzun zidan.
Arrasto gorriek mugarriei eta zelaiak harkaitzari txanda ematen dionean. Parean dagoeneko Costerillou gandorra bere osotasunean.
Metroak, mendizale zaharren moduan, motel baina atsedenik hartu gabe irabazten genituen. Latour arrakalaren oinera arte zabaltzen den morrenaren isiltasuna harkaitz-bloke ezegonkorren artean emandako pausu eta saltoen hotsek apurtzen zuten. Frondellak, Balaitus eta Deabruaren gandorrak mugatutako Vuelta Barrada zirku harritsuan koloretako bi puntu galdu besterik ez ginen, sarrio familia batek jakin-minez begiratzen zuten koloretako puntu parea.
Sarrio familia batek jakin-minez begiratzen zuten koloretako puntu parea...
Costerillou gandorrean zeharkatuko genituen leku eta pasabide ezberdinak identifikatzen hasi ginen: Ussel orratza, bertara iristeko zeharkatu beharreko harkaitz marroiko beta, Costerillou Dorrea, baita Dorrea eta ostiko-arkuaren (“Arc Boutant” frantsesez) arteko tximinia ere, Dorrearen eskaladaren atea zabaltzen duena.
Latour arrakalara iritsi aurretik morrenak osatzen duen muinoaren gainetik eskuinera (mendebaldera) desbideratu ginen, arrakala eta Cadier orratzari bizkarra emanez.
Latour arrakala (eskuinean) eta Cadier orratzari (erdian) bizkarra eman ondoren.
Parez-pare Deabruaren gandorra genuen, oilarraren gandorraren itxurakoa, orratz, harkaitz-bloke eta kontrahormaz armatutako gandor ikusgarria. Ahalik eta altuera gutxiena galduz urrunetik identifikatutako harkaitz marroiko betara zuzendu ginen, tartean bibak egiteko hainbat lekuetatik pasatuz.
Cadier Orratzatik egindako argazki honetan morrenaren muinotik harkaitz marroiko betara arteko bidea ikusi daiteke.
Morrenaren muinoaren gainetik harkaitz marroiko betaren hasiera arte jarraitutako bidea.
Hurbilketaren azken metroetan Costerillou Dorrearen begiradapean.
Goizeko zortziak pasatxo ziren harkaitz marroiko betaren hasieran altxatutako mugarrira iritsi ginenean.
Eskalatzen hasi aurreko barratxoa ateratzearekin batera motxila eskuetatik ihes egin eta lurrera erori zen, goiko poltsikoaren edukia lurrean sakabanatuz: “Vaya por Dios!!!” bota nuen eroritakoak poltsikora itzultzen nituen bitartean. Barratxoa jateko atsedenarekin batera motxiletatik arnes eta kaskoak atera, makulu eta kopetako-argiak gorde eta, Clark Kent moduan, mendizale itxura izatetik eskalatzaile itxura izatera pasa ginen.
- Goazen baaaa!!! – bota nuen ibiltzen hastearekin batera.
"Goazen baaaaa!!!!"
Harkaitz marroiko beta nabarmenaren hasierako mugarria atzean utzi eta, beta utzi gabe, ezker eskuin horizontalean zeharkaldia egiten hasi ginen. Lehenengo metro erraz batzuen ondoren betak horma motz eta bertikal batekin topo egiten du. Finkoak ez diruditen helduleku txiki batzuk aprobetxatuz horma ezker-eskuin zeharkatu genuen (II+, agerikoa), behean, beheegi beharbada, zabaltzen zen amildegiari arretarik jarri gabe. Hormatxoaren beste aldera pasa ondoren, metro batzuetan eskuinera jarraitu eta Costerillou arrakalatik behera jaisten den tximinia nabarmenaren ertzera iritsi ginen.
Hormatxora iristen.
Hormatxoaren zeharkaldiaren amaieran, eskuinean Deabruaren gandorra ikusi daiteke.
- Joder hasierako paso hoi – esan nion Lekuri – hik esateken bezela “caerse no es una opción”.
- Ya lo creo, bai – erantzun zidan atzetik.
Tximinian sartu gabe eta gure eskuinean utziz, zuzen eskalatzen jarraitu genuen denbora osoan harkaitz-plakarik sendoenak jarraituz. Eskalada ez zitzaigun zaila iruditu (II/II+) eta harkaitza orokorrean ona da nahiz eta tarteka harri askeren bat topatu eta Vuelta Barrada zirkuraino amildu.
Tximiaren ezkerretik eskalatzen. Gainean gorago jarraituko genuen tximinia diagonala ikusi daiteke.
Leku eskaladaz gozatzen.
Hormaren erdian gutxi gora behera ezkerrera diagonalean zuzentzen den tximinia ikusi genuen. Costerillou arrakala ezkerrean utzi beharra dagoela jakinda tximinia honetatik jarraitzea erabaki genuen, bertan Ussel orratzeko igoera osoko pasabiderik zailena topatuz, III zailtasuneko pasabide motza.
Tximinia diagonalaren oinean.
Tximinia diagonalaren III zailtasuneko pasabidean.
Tximinia atzean utzita, pasabiderik errazenak bilatuz (II/II+) ezkerrerako joerarekin eskalatzen jarraitu genuen, ehundaka mailaz osatutako eskilara bat igotzen ariko bagina bezala, Ussel orratzaren gailurretik 8-10 metro ingurura gandorraren ertzera iritsi ginen arte. Tartean mugarrien itxurakoak pasa genituen arren, zalantzan izan ginen mugarriak edo gandorretik eroritako harriak besterik ez ote ziren.
Gandorrera hurbilduz.
Behin gandorraren ertzean, zailtasun handirik gabe (I/II) goizeko bederatziak aldera Ussel orratzaren gailurrera iritsi ginen.
Ussel Orratzaren gailurrera iristen.
- Aspaldi hirumilako bat igobe – bota nion metro batzuk atzerago zetorren Lekuri.
- Netzako aurtengo seigarrena dek – erantzun zidan motxila lurrean utziz – gañea Respomuson galdutako denbora errekuperau diau, ez?
- Bai – erantzun nion – oaintxe bost ordu.
Eguzkiak termometroari graduak batzen zizkion bitartean, bailaran bero zen hego haizearen “freskura” eskertu genuen. Motxiletatik eskalatzeko material guztia eta sokak atera genituen, nahiz eta lehen metroetan sokarik erabiliko ez genuela jakin.
Pirinioak esnatzen, Vignemaletik Infernuko mendietara...
Ussel Orratzaren gailurrean (3.022 metro).
- Ostia, eguzkitako krema kotxen ahaztu diat – esan zidan Lekuk motxilako zirrikitu ezberdinetan begiratuz.
- Lasai motel, nik bazeukeat eta – bota nion lasai, eskua motxilaren goiko poltsikoan sartuz.
Lasaitasunak gutxi iraun zidan, eskua batera eta bestera mugitu arren ez bainuen poterik topatzen, 10 gramo eskaseko propagandako bi pote txiki izan ezik. Hau gutxi ez balitz, eguzkitako betaurrekoak ere ez nituen inondik inora aurkitzen. Begirada altxatu eta berria Lekuri ahal izan nuen leunen esan nion.
- Nik ere eguzkitako kreman pote haundie etxen utzi diat – esan nion – ta biontzako bi pote mierda hauek besteik etzeuzkeat. Okerrenaek ez dizkiatela eguzkitako betaurrekok topatzen.
- Furgonetan utzikoittuan…
- Seguro ezetz – erantzun nion – motxilako goiko poltsikon sartu nizkiala ziur neok.
Orduan eskaladaren hasieran motxila eroritako uneaz gogoratu nintzen. Inkontzienteki behera begiratu nuen betaurrekoak ikusterik izango banu bezala. Lekuri begiratu eta, sorbaldak jasoz, “bakarren batek topauezkeo eztek sari txarra” bota nion.
- Txarrenetio eguzkie egun guztin atzetio izangoiau – erantzun zidan kontsolatu nahian.
Eguzkitako pote txikietako bat berehala bukatu genuen, eguzkipean genuen larruazalean ahal izan genuen eraginkorren zabalduz. Kuriosoa da beharrak jota gaundenean gauzak zenbat aprobetxatu daitezken. Bigarren potea Balaitusen amaituko genuela adostu genuen.
Ezusteko honen ondoren bizkarretik zintzilikatutako zorroari trago luze bat lapurtu eta martxan jarri ginen. Aurretik non nahi ordenik gabe jarritako harkaitz-blokez osatutako gandorra zabaltzen zen, amildegiaren gainean zerutik zintzilikatutako zerra-xafla. Lehenengo eguzki-printzek nolabaiteko itxura beldurgarria ematen zioten. Lehen begiratuan argazkietan ikusitakoa baino motzagoa zela iruditu zitzaidan.
Krokisari begiratua ematen...
Orratzetik jaisten hasi aurretik kroniketan azaldutako lehenengo puntu nabariak lokalizatu genituen: zulodun harkaitz-blokea, harlauz inklinatu nabarmena (“urkila” bezala ere ezaguna) eta, Costerillou Dorrearen aurrean kamuflatuta, ostiko-arkua (“Arc Boutant” famatua). Nik laugarren puntu bat nabarituko nuke: ostiko-arkuaren azpian amildutako harkaitz-plaka batek utzitako arrasto argia.
Orratzaren gailurretik mendebaldera begiratuz, 10-12 metro beherago, gandorraren eskuinean harkaitz-bloke handi bat dago, harri ezegonkorrez osatutako kanaltxo itsurako bat erdi-oinez jaitsita igo genuena. Harkaitz-blokea eskuinetik jaitsi (II) eta, berehala atzera eginez, hormarekin osatzen duen zulo estutik gandorraren espainiar isurialdera pasa ginen.
Leku zuldun harkaitz-blokearen gainean, Balaitus urrun gelditzen da.
Handik gatoz eta zulo hortatik sartu beharra dugu...
Zulodun harkaitza zeharkatzen.
Cadier orratzatik egindako argazki honetan zulodun harkaitza garbi ikusten da.
- Hemendio aurrea hobe lotuta jarraitzen badiau – esan nion Lekuri.
Ensanble moduan tarterik luzeena eskalatu nahi genuen, soka-luzeak murriztuz. Sokak arnesera lotu eta Lekuk prest zegoela esan ondoren eskalatzen hasi nintzen.
Espainiar isurialdetik 4-5 metro oinez egin ondoren frantziar isurialdera pasa eta ezker eskuineko zeharkaldiarekin hasi nintzen, metro batzuetan eskuak gandorraren gaineko blokeetatik bavariar moduan eskalatuz (III).
Gandorraren lehen metroak eta identifikatzea beharko ditugun bi puntuak.
Gandorrak bertikaltasuna hartzen duen lekuan utzi eta eskuinean metro batzuetara nuen harlauz inklinatu nabarmenera (“urkila”) zuzendu nintzen (III), harlauza eta hormak osatutako erlaitz txikiaren gainean kokatuz.
Harlauz inklinatuaren gainean. Nire gainean amildutako harkaitz-plakak utzitako marroi argi koloreko arrasto nabarmena ikusi daiteke.
Lasai nindoan, kontzentrazio osoa oin eta eskuen helduleku sendoen bila, noizik eta behin harkaitz-blokeren batetik zinta uztai bat pasatu edo arrail batean friend edo artaka-trabagailuren bat trabatuz.
- Hiru metro inguru faltaittuk!!! – oihukatu zidan Lekuk kontzentraziotik ateraz.
- Oso ondo!!! Eskalatzen hasi hai ta bion arten seguruik gabe gelditu behar gaitukela ikusten badek oihu egiak zeoze jartzeko.
- Primeran!!!! – erantzun zidan lehen pausuak emanez.
"Urkilaren" bestaldera pasatzen.
Harlauz inklinatua bestaldetik kontu handiz jaitsi (II/II+) eta, azpiko erlaitzera iritsi bezain pronto, ahal izan nuen errazenetik eskuinera diagonalean horma tente bat eskalatzen jarraitu nuen gandorraren ertzera itzuliz (III/III+). Ertzetik espainiar isurialdera jaisten hasi nintzenean, soken marruskadurak martxa erabat oztopatu zidaten. Sokei tira eginez ezer lortzen ez nuela ikusita, etzera itzuli eta bertatik aseguratzen hasi nintzen Lekuren kaskoa harkaitzen artetik agertu zen arte:
- Itxoin hortxe pixkat – bota nion - hemendio metro batzutan jaitsi ta segurogo aseguraukoiat.
Ertzetik aseguratzen hasi nintzen Lekuren kaskoa harkaitzen artetik agertu zen arte...
Espainiar isurialdera 3-4 metro jaitsi (II) eta gandorrak osatzen duen lepotxo antzeko batean kokatu nintzen Leku aseguratuz.
- Earki nijek, nere terrenon!!! - bota zidan nire ondora iritsi zenean.
- Oaindio zailena aurretio diau – erantzun nion bere barruko sua nolabait epeldu nahian.
Sokak bildu ondoren eskalatzen jarraitu nuen. Hurrengo helburua hainbat kroniketan irakurritako helduleku alderantzikatu batzuk topatzea zen, bertatik ostiko-arkura iristeko.
Espainiar isurialdetik metro batzuk egin ondoren frantziar isurialdera pasatzen. Azkenean erreferentzi bezala atzean ikusten den amildutako harkaitz-plakak utzitako arrasto nabaria hartuko nuen.
Espainiar isurialdetik metro gutxi batzuk egin ondoren berriro ere frantziar isurialdera pasa nintzen eta, ostiko-arkua erreferentzia hartuz, ezker-eskuin horizontalki eskalatzen (III) jarraitu nuen altuera pittin bat galduz. Hainbat metroetako zeharkaldiaren ondoren, ostiko-arkuaren mendebaldetik frantziar isurialdera amiltzen den tximiniatik 5-6 metro ingurura nengoela, ageriko zeharkaldi motza egin nuen (III+) erlaitz batera iritsiz. Erlaitza metro gutxi batzuetan jarraituz tximiniara iritsi nintzen, amildutako harkaitz-plaka handi batek utzitako arrasto nabari batetik gertu.
Tximiniara iristear. Amildutako harkaitz-plakak utzitako arrasto nabaria argi eta garbi ikusten da.
Tximiniatik gertu, nonbaitetik erlaitzera eroritako harlauz ezegonkor baten gainean bilgunea muntatu eta Leku aseguratzen ari nintzela, 5-6 metro gorago harlauz alderantzikatu batzuk ikusi nituen.
- Hoik izangoittuk helduleku inbertidok? – galdetu nion bilgunera iritsi zenean.
- Bazitekek – erantzun zidan – ze hemendio eztittuk azaldu.
- Bueno, bide haure etzaiak oso zaile iruittu – esan nion sokak pasatuz - oain tximini hau eskalau ta lehenengo rappelea iristea esperoiat.
Bilgunetik metro pare bat eskuinera bota ondoren tximinian sartu nintzen. Bertatik 3-4 metro eskalatu (III/III+) eta, erlaitz bat jarraituz, ezkerrera zeharkalditxo horizontala egin nuen luzearen lehen asegurua harkaitz-bloke baten ingurutik pasatako zinta-uztaian jarriz. Gainetik helduleku gutxiko horma tente bat nuen. Hormatxo honen ezkerretik eskalatu ondoren (3-4 metro, III+), zailtasun handienak amaitu eta gandorraren ertzera erraz iritsi nintzen (II+/III), ostiko-arkuaren ezkerrera. Bertatik, 3 metro ingurura, espainiar isurialdean, kordel, zinta eta mailoiekin osatutako bilgunea ikusi arren, soken marruskadura murrizteko bilgunea ertzean bertan muntatu nuen.
Gandorraren ertzean bilgunea muntatu ondoren.
Leku bilgunetik ikusita.
Leku pozaz zoratzen iritsi zen: “izugarri gozatzen ai neok, ta soka gañetik eukita gehio oaindio, jejeje”.
Mailoidun bilgunera zuzendu ginen gandorreko lehen rappela egiteko asmotan. Bion arteko zilbor hestea osatutako soketako bat askatu eta bilguneko mailoitik pasa nuen. 10-12 metro inguruko rappel motzaren ondoren (III, sokarik gabe jaitsi nahi bada), gure ezkerrean (hormari begira bagaude) berehala dugun tximiniaren oinean kokatu nintzen.
Rappel puntua.
Rappela prestatzen.
Leku berehala iritsi zen.
Rappela amaitzen.
Rappelean erabilitako soka elkarren artean berriro ere lotu eta Gainetik genuena aztertzen hasi ginen:
- Eztik zaile ematen baña hasieran seguruik jartzeko aukera haundik etzeokela emateik – bota nion.
Parean nuen hormatxoaren oineko arrail estu batean friend bat trabatu ondoren eskalatzen hasi nintzen. Tximiniaren lehen 3 metro hauek tenteak dira (III+) eta auto-babeserako aukera gutxi duten arren helduleku txarrik ez ditu. Heldulekurik onenak ezker horman zeudela iruditu zitzaidan.
Sarrerako pasabide hau eskalatuta, zailtasuna zertxobait jaitsi (III) eta, zailtasuna mantenduz, ostiko-arkua eta Costerillou Dorreak osatutako lepo estuko bilgunera (kordel eta zinta batez lotutako bi iltzez osatua) iritsi nintzen.
Tximiniaren erdian.
Eskuineko iltzean aseguratu ondoren Lekuri eskalatzen hasteko oihukatu nion. Tximinia eskalatzen ari zen bitartean atzean nuen ostiko-arkuari argazki bat egiteko aprobetxatu nuen: kuriosoa da orekak eta grabitate indarrak egin dezaketena izugarrizko harkaitz-bloke hau zutik mantentzeko.
Ostiko-arkua, ikusgarria benetan.
Komuneko baskularen zabalerako erlaitz txikiaren alde batera frantziar isurialdeko amildegia genuen, beste aldera aldiz eskalatu berriko tximinia tentea.
Tximinia eskalatzen.
- Pena dek Neus-eko glaziarra hain exkax ikustea – bota zidan Lekuk hitzen artean tristura tonu bat luzatuz. Tristea da bai azken urteotan Pirinioetako glaziarrek gure eraginez jasaten ari diren atzerapena…
- Oain zetorrek gaurko pasoik kabroiena – bota nion gora begira – azeratzen igotzeik bazeokela irakurri diat, baña ea “linpion” ateatzeik diaun.
Aurretik lehenengo metro makurtutako horma nuen. Leku aseguratzeko prestatzen zen bitartean arnasa sakon hartu eta botatzearekin batera besoak astintzen hasi nintzen, astindu bakoitzarekin gorputzetik energia negatibo atera nahiko banu bezala.
Bilgunean.
- Prest? - bota nion lasaitu nintzenean – oain kontu ibili, eh?
- Lasai Xabi, earki aseguraukoioat eta…
Bilgunetik ateratzea da gandor osoko pasabiderik gogorrena. Gakoa ezker oina ezker iltzearen azpiko zulo nabarmenean sartzean dago, edo behintzat hori da bertatik pasatakoek esaten dutena. Zertxobait makurtuta egon arren, hormak eskuetako helduleku ederrak ditu. Hauetatik tira egin eta gorputza altxatuz, besoetatik erdi-zintzilik, ezker oina zulo nabarmenean sartzea lortu nuen (IV+). Atzean nuen ostika-arkuaren moduan, desorekan, eskuin oina altxatu, gorputza pixkanaka orekatu eta ezker oina sartuta nuen zuloan zutitzea lortu nuen: “earra Xabier!!!” oihukatu zidan Lekuk bilgunetik.
Sarrerako pasabide honen ondoren, nahiz eta hormak bertikal jarraitu, heldulekuak oso onak ditu. Hasierako esfortzuagatik arnasa lasaitzea lortu nuenean, 2-3 metro gehiago eskalatu eta ezkerrean topatu nuen harkaitz-moko txiki batetik zinta-uztai bat pasatuz luzearen lehen asegurua jarri nuen. Metro pasatxora, eskuinean, bigarren moko bat (aurrekoa baino handiagoa) ikusi nuen. Bertara iritsi eta zinta sendoago bat jarri nuen lehen asegurua kenduz.
- Ostia earraaa!!!! – oihukatu nuen tentsioa askatuz.
Euforiarako une motz honen ondoren kontzentrazioa eskaladara itzuli nuen. Harkaitz-mokotik ezkerrera erlaitz bat jarraituta 4-5 metroetako zeharkaldi horizontala egin (II/II+) eta, erlaitzaren amaieran ageriko pasabide motz bat egin ondoren, tximini estu bat eskalatu nuen (III), zinta, kordel eta mailoi batez osatutako bilgune batera iritsiz.
Zailena eskalatu ondoren. Argazkian lehen harkaitz mokoa ikusi daiteke. Express-zinta bigarren harkaitz mokotik pasata dago.
Zoriontsu pasabiderik zailena eskalatu ondoren.
Leku bilgunean, bere atzean ostiko-arkua ikusi daiteke.
Gorago, 3 metro eskasera, harkaitz-bloke baten ondoan trabatutako artaka-trabagailu bat ikusi nuen. Bertara igo eta artaka-trabagailua eta harkaitz-blokean pasatako zinta-uztai batez bilgunea muntatu nuen: “reuniónnnnnnnnnn!!!!”. Eskalatutako luzea 20 metro ingurukoa dela esango nuke.
Atzera begirada. Ussel orratzetik jaitsitako lehen metroak ikusi daitezke, baita zulodun harkaitza ere.
- Nik ere linpio ateaiat!!! – bota zidan Lekuk harro bilgunera iritsi zenean.
Pozez zoratzen zegoen. Mendian, eguneroko bizian ez bezala, gutxi behar izaten dugu zoriontsu izateko. Bilgunetik Augerot-Ollivier bideak zeharkatzen duen orratz nabarmena identifikatu eta argazki batzuk egin ondoren eskalatzen jarraitu genuen.
Bilgunetik ateratzear.
Artaka-trabagailuaren gaineko horma bertikala eta helduleku gutxikoa bada ere, horma hau ezker-eskuin diagonalean doan diedro ireki bat eskalatuz (III) gainditu nuen. Gandorraren ertzera iristear nengoela erlaitz bat jarraituz ezkerrera 2-3 metroetako zeharkaldia egin (II) eta Lekuren gainetik kokatu nintzen. Bertatik, zuzen eskalatzen jarraitu nuen (II/III) gandorraren ertzeko harkaitz-bloke sendo baten inguruan bilgunea muntatu nuen arte. Bigarren luze honek 15 metro inguru izango ditu.
Luzea amaitu ondoren.
Luzearen azken metro tenteetan.
- Segizak gailurreaño - esan nion Lekuri bilgunera iristear zegoela – daukeken materialakin nahikoa izangoekela usteiat.
Nire ondotik pasa eta, soka ematen nion bitartean, gandorraren ertzetik I-II eskaladatxo errazak eginez, Costerillou Dorrearen gailurretik banatzen gintuen 5-6 metroak erraztasun osoz eskalatu zituen.
Costerillou Dorrearen gailurretik bilgunera egindako argazkia, atzean Ussel Dorrea.
- Ze ordu dek? – galdetu zidan gailurrera iritsi nintzenean.
- Hamaikak – erantzun nion.
- Ondo goatzek, ezta?
- De puta madre, paso hontan Balaitusen ordubatak alden izango gaittuk – erantzun nion.
Costerillou Dorreko eskaladaren krokisa.
Eguzkiaren berotasunaren beldurrez, Dorrearen gailur estuan atseden luzerik ez hartzea erabaki genuen. Trago pare bat ur arin-arin edan eta gailurrean bertan muntatutako rappel puntura (zinta, kordel eta bi mailoiez osatutakoa) hurbildu ginen.
Costerillou Dorrearen gailurrean.
Leku Costerillou Dorrearen gailurrean.
Aurretik (edo azpitik, hobe esanda) 20 metro inguruko rappel zintzilikatua genuen. Rappel honetarako propio ekarritako "Shunt" aparatuak atera, sokak amildegira bota eta rappela ezustekorik gabe egin genuen.
Rappelaren erdian, zintzilikatua gelditu baino lehen.
Rappelaren lehen metroetan.
Zerutik zintzilik...
- Hemendio gorako zatie dek errespetuik haundiña ematen ziakena – esan zidan Lekuk hodeietatik zintzilik egon ondoren lurreratu zenean.
- Egie esan zati hontako informazio haundirik etzeok – erantzun nion – zaile izango ez dekenaren señale esperoiat.
Dorrearen gailurretik ikusita, rappelaren ondoren eskalatzen jarraitu behar den gandorra ea gutxi gora behera jarraitutako bidea. Argazkian eskuinean utziko genuen sokadun harkaitz-blokearen kokalekua adierazita dago.
Sokak berreskuratu eta zilbor-hestea berriro osatu ondoren eskalatzen jarraitu nuen. Lehen 30 metroak gandorraren ertzetik gertu eskalatu nituen (III), eskuinean soka bat lotuta zuen harkaitz-bloke bat utziz.
Eskaladaren lehen metroetan.
Leku eskalatzen hasi aurretik behera egindako argazki honetan Costerillou Dorrea bere osotasunean ikusi daiteke, baita rappel puntua ere. Azpitik etzana badirudi ere gandorra tentea jartzen da.
Leku atzetik eskalatzen hasi zenean gandorraren ertzetik ahalik eta gehien mantenduz eskalatzen jarraitu nuen, pasabiderik zailenak espainiar isurialdetik ekidinez. Batera eta bestera mugitzeak sortzen zuen marruskadura gutxitzeko asmotan eskaladaren une batean gelditu eta ensanblea 20 metro ingurura murriztu genuen.
Ensanblea murrizten.
Zati honetan guztian, nahiz eta II/II+ zailtasuna nagusi izan, III zailtasuneko pasabide isolatuak eta harkaitz-bloke ezegonkorrak topatu genituen, orain arteko segurtasun sentsazioa momenturen batean deskolokatuz. Hala ere, harkaitz-blokeen artean bide egokiaren bila aritzearen jolasa erakargarria da.
Gandorra amaitu aurretik, espainiar isurialdetik harkaitz-plaka inklinatu batetik 15-20 metroko zeharkaldi diagonala egin genuen (bertan paraboltik gabeko txurro eta torlojua topatu genuen) gandorraren ertzera itzuli eta tontor txiki bat eskalatzeko.
Zeharkaldi diagonalaren hasieran.
Tarteko asegurua.
Zeharkaldiaren amaieratik behera egindako argazkia.
Zeharkaldiaren amaieran, gandorraren ertzean berriro ere.
Tontorraren gailurretik espainiar isurialdera berriro ere pasatu, lepo txiki batera iritsi eta, gandorraren ertza utzi gabe, hondartzaren ertzean errenditzen den olatu handiaren moduan, zailtasuna pixkanaka gutxituz joan zen gandorraren amaierara iritsiz, Balaituseko gailurraurretik 40-50 metro eskasera.
Gandorraren azken zailtasunak gainditzen.
Hau amaitzera doa!!!!!!
Gandorra amaitzen den lekutik Balaituseko gailurraurrea (argazkian ikusten den lehen gailurra) 40-50 metrora izango dugu.
Bion arteko besarkada eskaladan bizitakoaren laburpen ederra izan zen. Bezperako egunetan loaldia oztopatu zidan erantzukizunaren pisua, bizkarreko kantinplora-zorroaren moduan, metroak eskalatu ahala gutxituz joan zen, oztopo izatetik bultzada izatera pasatuz. Oraindik aurretik bide luzea genuen eta Balaituseko gailurrera ahalik eta azkarren iritsi nahi genuen bertan merezitako atsedena hartzeko. Arnes eta eskaladako trasteak motxiletan jaso, makuluak atera eta, kaskoak kendu gabe, altuerak mugatutako abiadurarekin gailurrera zuzendu ginen, tartean Balaituseko gailurraurretik pasatuz.
Balaituseko gailurraurrean, atzean Balaituseko gailurra.
Balaituseko gailurraurrea, 3.117 metro..
Eguerdiko hamabiak eta erdi ziren Balaituseko gailurrera iritsi ginenean. Gurekin batera Diagonal Handitik igotako frantses hirukote bat iritsi berria bakarrik zegoen. Ordua ikusteko telefonoa begiratu eta estaldura nuela ikustearekin batera Itziri deitu nion zailena atzean utzita gailurrean geundela esateko:
- Hemendio Gran Diagonaletio jaitsiko gea, Ibones de Arriel lakuetatio pasatuz, bale? Kotxera gutxi gora behera lau ordu inguru – esan nion hunkituta, nondik nora ibiliko ginen jakin zezan.
Balaitus, 3.145 metro.
Gailurreko argazkia egin eta, estaldura aprobetxatuz, MAT taldeko whatsapp-era bidali eta sare sozialetan ere partekatu nuen: “Oraintxe bertan Balaituseko puntan Costerillou gandorra eskalatu ondoren. Ea jaitsiera zemuzkoa doan…”. Helburua non geunden jakitea zen, jaitsieran istripurik gertatuz gero leku okerrean bilaketarik ez egiteko. Geroago konturatuko nintzen mezuan nondik jaitsiko ginen ez nuela azaldu…
Hamaika urte ziren Balaituseko gailurra zapaltzen ez nuela eta tristura sentitu nuen orduko tripodea lurrean sakabanatutako burdin oker batzuk besterik ez zirela ikustean. Baina tristuraren gainetik, endorfinek jota ziurrenik, inguratzen ninduenaren edertasunaren energiak estaltzen ninduen: zerua oskarbi zegoen, bakean, garbi, nahiz eta urrunean hodei gutxi batzuk zuri ukitu leun bat eman.
Gailurreko ikusmiretako bat.
Barratxo pare bat jan eta edan ondoren, lau katalanez osatutako talde bat gailurrera iristearekin batera beherako bidea hartzea erabaki genuen: “hobe diau jaitsieran goitio iñor ez eukitzea”. Jaitsieran beste hiru talde topatuko genituen: hiruko bat, lauko beste bat eta biko hirugarren bat.
Diagonal Handiaren lehen metroetan.
Jaitsieran jarraitutako bidea gutxi gora behera. Puntuen arteko tarte zabalean mendizale bat ikusi daiteke. Tarte hau bizi-bizi pasa genuen goikoek bota zezaketen harrietatik ihesi.
Diagonal Handiko jaitsieran eragozpenik ez izan arren bi gauzek atentzioa deitu ziguten: batetik, jendea mendian gora zein berandu zihoan ikustea, batez ere arratsalde-gau alderako iragarritako eguraldi aldaketa kontutan izanda. Bestetik, gure iritziz larriena, Diagonal Handia igo zuten hamasei mendizaleetatik kaskoa jantzita lauk bakarrik zeramatzatela ikustea izan zen. Beste hiruk gurekin hizketan egon ondoren motxilatik atera eta jantzi zituzten. Harkaitzezko hondakindegi erraldoia jarraitzen duen bide batean kaskoa jantzita ez eramatea ez dakit ba… Ezinbestean Juanma eta Ferminekin bizitako esperientzia gogorra burura etorri zitzaidan. Hala ere, norberak erabakitzen du mendian zein arrisku hartu nahi duen eta, guri gustatu hala ez, besteon segurtasuna arriskuan jartzen ez den bitartean errespetatu beharra daukagu.
Diagonal Handiaren amaieran.
Ikusmira itzela da...
Michaud aterpean.
Aintzira izoztuan haize goxo bat bazebilen ere, Arriel beheko aintziran eguzkiak bazterrak gogor jotzen zituen.
Aintzira izoztua eta Arriel mendiaren piramide ikusgarria.
Aintzira izoztura iristen.
Atzera begirada, Diagonal Handia urrun gelditzen da.
Arriel ibon izoztuaren ur gardenen gainetik.
Aintziraren ertzeko horma baten itzalaren babesa ibilbideko azken atsedena hartzeko lekurik aproposena izan zitekeela adostu ondoren, motxilak lurrera bota eta azken barratxoa eta bizkarreko kantinplora-zorroei azken ur tragoak lapurtu genizkien. Lekuk argazki makinarekin egindako argazkiak erakutsi zizkidan: “argazki mundialak atera dizkiat, jejeje!!!!”. Ussel orratzetik eguzkitako krema eman gabe, motxilan nuen eguzkitako bigarren pote txikia bion artean hustu ondoren beherako bidearekin jarraitu genuen.
Beste batera arte Balaitus!!! Oraindik ez genekien baina hau izango zen Lekuri argazki-kamera zuela egingo nion azken argazkia.
Jaitsiera etenik gabe egin genuen, ahal izan genuen bizkorren, ibonetako freskuratik bailarako bero itogarrira zuzenduz. GR-11 ibilbidearekin bat egin genuenean bizi jarraitu genuen, atzera begiratu gabe, pilotu automatikoa jarrita, izurrite batetik ihes ariko bagina bezala, maldan behera zihoazen taldeak aurreratuz.
- Ostia, kamera galduiat!!! – bota zidan Lekuk bat batean geldituz.
- No jodas!!! Motxilan sartuta eukikoek – erantzun nion.
- Eztiat uste, beti motxilatio zintzilik eramateiat eta.
Argazki makina motxilaren barruan egongo zenaren itxaropenaz beherako bidearekin jarraitu genuen.
La Sarrara arratsaldeko laurak eta laurdenean iritsi ginen, ibilbidea hasi genuenetik hamabi ordu eta laurdenera, indarrez sasoiko baina oinak erdi egosiak eta begiak, nire kasuan behintzat, eguzkiagatik gorrituak. Iritsi eta berehala, patuaren kontuak, bere nagusiari irribarre batez itzuliko genion erloju bat lurrean aurkitu genuen.
La Sarran berriro ere. Ibilbide itzela egin arren Leku ez zegoen oso zoriontsu.
Furgoneta eta motxilak hankaz gora jarri genituen: Leku argazki makinaren bila, ni eguzkitako betaurrekoen bila. Biak galdutzat eman ondoren, Aguas Limpias errekara zuzendu ginen gorputza zertxobait freskatzera.
Leku atsekabetuta zegoen:
- A ze putadea – esaten zuen behin eta berriz malkoek hezetutako begiak ur gardenera zuzenduz.
- Putadea argazkiengatik, kamera traste material bat besteik eztek – esan nion animatu nahian - goien bizi izan diauna horren gañetik zeok.
Lekuk La Sarrako edaritegian, Respomuso aterpean eta Sallent de Gallegoko Guardia Zibilen kuartelean abisua uzten zuen bitartean nik sare sozialetara jo nuen, lagun-katean, facebook-en argitaratutako mezua putzuaren erdian botatako harriaren uhinen moduan zabalduz.
Egunak oraindik azken ezusteko bat gordeta zuen: Gauean biratutako kopilotuaren eserlekuak ez zuen bere lekura itzuli nahi. Bero astunaren azpian ordu erdiz baino gehiago eserlekua konbentzitu nahian aritu arren eserlekua ezezkoan zegoen. Lekuk dena “porkulo hartzea” bota behar zuenean eserlekuak amore eman eta aurrera begira jarri zen.
Ezusteko hauen guztien gainetik, ibilbidea itzela iruditu zitzaigun eta gandorraren eskalada espero genuena baina errazagoa, baina kontuz, honekin ez dut esan nahi eskalada erraza denik. Kotxea hartu eta Biescas parean izugarrizko zaparradak harrapatu gintuen. Haizetako-garbigailua aurreko kristaleko ura batera eta bestera nekez kanporatzen saiatzen zen bitartean burua Balaitusera joan zitzaigun: “esperoiat beandu igo dittukenei goien ez harrapatzea” esan zidan Lekuk euriarekin borrokan.
Hiru egun beranduago Xabiren mezua jaso nuen: “hi Xabi, usteit azaldu dela kamara”. Pablo izeneko mendizale kantabriarrak Arrielgo ibonetan argazki kamera bat aurkitua zuen. Xabiren bidez Pablorekin harremanetan jarri eta aurkitutako argazki kamera gurea zela baieztatu nuen. Lekuri honen berri eman nionean Pablorekin hitz egin zuen kameraren itzulera adosteko. Kantabriatik Ordiziara argazki kamera bat zihoan bitartean, Ordiziatik Kantabriara bertako produktuen sorta eta mendiko liburu bat zihoan. Mendizaletasuaren balioetan sinisten jarraitzeko bada itxaropenik!!!!
Kronika ez dut amaitu nahi eskerrak eman gabe. Milesker bihotz-bihotzez Pablo (“muchas gracias de corazón”), Xabi eta modu batean edo bestean argazki kameraren bilaketan lagundu gaituzuen guztioi!!!!! Garagardo asko zor ditugulakoan nago…
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Valle de Tena mapa. Editorial alpina, 2016.
- Munch C, Ravier C, Thivel R. Roca, nieve y hielo en Pirineos, 141. Madrid. Desnivel Ediciones, 2001.
- Alejos L. Pirineos guía de los 3000 m, 35. Bilbo, Sua Edizioak, 2007.
- Fayet L, Cazaurang-Butel R, Baup M, Brives L, Ollivier J, Cazanave H, Vaillant P. Guide Ollivier, Pyrénées occidentales IV. Du Ger au Balaïtous. Le Massif du Balaïtous. 284-291. Pau, Editions Cairn, 2008.
- Hernandez A. Balaitus (3.144 m). Caña a la araña. Desnivel revista de montaña, 2005; 226: 38-47.
- Martínez Embid A. Balaitus 3.144 m, El Crevino Pirenaico. Desnivel revista de montaña, 2005; 226: 28-36.
- Hernandez A. Subirse a La Araña. Grandes Espacios turismo activo, 2013;194: 24-35.
- Mendietatik bloga. Ascensión a la Torre Costerillou desde la aguja D'Ussel y acabando en el Balaitous (19/06/2011). Eskuragarri: http://mendietatik.blogspot.com/2011/07/torre-costerillou-aguja-dussel.html
- Intentando tocar el cielo bloga (Igerturen bloga). 2013-04-09, Cresta Costerillou. Eskuragarri: http://igertu.blogspot.com/2013/09/20130904-cresta-costerillou.html
- Pirineos de Luis. https://pirineodeluis.blogspot.com/2011/06/torre-de-costerillou-balaitous.html
- Ascensiones a los tresmiles del Pirineo bloga. Cresta de Costerillou al Balaitous. Eskuragarri: https://mattinmendia.blogspot.com/2013/09/aguja-dussel-torre-de-costerillou-y.html
- Mendiak web orria. Balaitous (3.144 m) - Arista de Costerillou. Eskuragarri: https://www.mendiak.net/viewtopic.php?t=33019
- Mendikat. Balaitous (3.145 m). 2017ko azaroak 4. Eskuragarri: https://www.mendikat.net/com/mount/8445
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina