AZKEN 10 SARRERAK

2024/05/13

ZIORDIA: "Jb" BIDEA, HIRUGARREN LUZEAREN ALDAERATIK, 165 m. 6a. 2024/04/20


"Jb" bidearen hasiera adierazten duen plakatxoa.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

2023ko azaroan Antxon Gorrotxategiren mezu bat jaso nuen. Mezuan istorio polit bat kontatzen zidan, kronika honetan azaldutako “Jb” eskalada-bidearen istorioa hain zuzen ere.

Istorio hau urte batzuk lehenago hasten da, Antxon eta Iñaki Zuza Ziordiako ezproiaren ezkerrean dagoen “Directa Sureste” eskalada-bidea (150 m, V/A1) eskalatzera joan zirenean, denborak ahaztuta utzi duen bide klasiko horietako bat, 1978an Juanjo Amezgarayk ireki zuena. Lehenengo bi luzeak zailtasun handirik gabe eskalatu ondoren eskalada bertan behera uztea erabaki zuten, handik gora ikusi zutena ez zitzaielako batere gustatu, bai zailtasunagatik baita harkaitzaren kalitatearengatik ere. Baina saiakera honek Antxonen kuriositatea piztu zuen, eta, horren ondorioz, ordura arte eskalatzeko ezinezkotzat jotzen zuen horma honi arreta handiagoz begiratzen hasi zion. Honela ba, 2023ko udan Ziordiara egindako hainbat bisitaren ondoren bide honen ezkerrean lerro posible bat marraztu zuen argazki batean. Eta marraztutako lerro honetatik jaio da “Jb” bidea, Antxonen azken artelana, duela gutxi hil zaion Javier Barbarin lagun min eta abenturakideari eskainia, hortik bidearen izena. Egiari zor, esan beharra dago Iñaki Zuzakin joan aurretik Antxonek bide honen azkeneko bi luzeak irekita zituela dagoeneko.

Antxonen mezua jaso nuenetik gogo biziz nengoen “Jb” errepikatzeko, are gehiago kordada ezberdinekin errepikatzen ari zuela kontatzen zidan bakoitzean. Baina bizitzak izaten dituen jirabirengatik, Antxonek esklusiban oparitu zigun eskalada-bide hau ezin izan dugu apirila amaiera arte eskalatu. Lehen eskalada hau “Jb” ireki zueneko lerro berbera jarraituz eskalatu dugu; eta lehenengo eskalada diot bidearen berezko hirugarren luzea oraindik ireki gabe duelako, kronika honetako hirugarren eta laugarren luzeen arteko oinezko tartea dezente murriztuko duena. Horrek ez du esan nahiko kronika honetan azaldutako hirugarren luzearen aldaera desagertuko denik; Antxonek baieztatu dit aldaera hau mantenduko duela norberak erabaki dezan nondik jarraitu nahi duen. Dena den, beretzat benetako "Jb" bidea irekitzen ari den hirugarren luzetik doana izango dela esan dit, lehen aldiz argazki batean marraztu zuen lerroa hortik doalako. Bariante berri hau eskalatzeko prest dagoenean ezagutzera emango dut, “Jb” bigarrenez Antxonekin eskalatzen dugunean hain zuzen ere.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 165 metro.
- Luze kopurua: 5.
- Nork irekia: Antxon Gorrotxategik 2023ko udan zehar.
- Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: 6a (40 m), 2ºL: 6a, V/A0 (35 m), 3ºL: IV (25 m), 4ºL: V (45 m) eta 5ºL: V (20 m).
- Orientazioa: Hegoaldea. Udan bero handia pasa daiteke.
- Ura: Ziordia herriko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Ziordiako ezproira hurbildu eta eskuinean utziko dugu harritza handi batera iritsiz. Harritza honen amaierara iristear gaudela goraka joko dugu harritza berak sortzen duen pasillo antzeko bat jarraituz hormara iritsi arte. Bidea hormaren ezker aldean hasten da, bertan plakatxo bat topatuko dugu. Hormaren erdian eta zertxobait eskuinean dauden paraboltak "Directa Sureste" bidearenak dira, kontuz bide honekin nahastu gabe.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik ekialdera joko dugu hormaren ertzetik gertu mantenduz. Ziordiako ezproiaren parera iritsitakoan oso nabaria ez den xenda jarraituko dugu “Irati” bidearen amaiera arte. Hemendik aurrera jaisteko bidea puntu gorriz adierazita dago. Bidearen amaieratik kotxea uzten den lekura 50 minutu inguru pasako ditugu. Kotxea Ziordian utzi badugu, kalkulatu 10-15 minutu gehiago. Harrobia irekita badago, aukerarik adeitsuena Rafa Elorzak eta Sergio Martinek Arbara ekialdeko horman muntatutako rappel lerrotik jaistea da, harrobiko langileak ez molestatzeko eta beraiekin arazorik ez izateko.
- Eramandako materiala: 50 metroko soka bakarra, luzera ezberdineko 15 express-zinta, friend sorta eta luzera ezberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Hiru ordu eta erdi.

BIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen nondik norakoak. Argazkiaren eskuinean Ziordiako ezproia ikusi daiteke.

Krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

20 de abril del noventaaa, hola Chata, ¿Cómo estaaaaás? ¿Te sorprende que te escribaaaa? Tanto tiempo, es normaaaal…”. Ezin dut saihestu Celtas Cortos taldearen abesti hau apirilaren hogeiro gogoratzea; adinaren kontua izango da, jejeje.

¿Recuerdas aquella noche en la cabaña del Turmooooo? Las risas que nos hacíamos antes todos juntooooos”. Abestia burutik kendu gabe Asier jaso nuen.

Ziordiako harrobia irekita egongo zen beldurrez kotxea herrian bertan aparkatu genuen. Baina gure harridurarako, harrobiko langara iritsi ginenean itxita zegoela ikusi genuen:

- Bueno, jaitsiera azkarrago egingo deu – esan zidan Asierrek sorbaldak jasoz.

Zerua oskarbi zegoen, urdin biziz jantzia; egunsentia, aldiz, hotza izan zen, tenperaturaren igoera iragarrita zegoen arren. Hotz honi aurre eginez, bi kordada Ziordiako ezproian zebiltzan dagoeneko hormaren bertikaltasunean dantzan.

Ziordiako ezproi ikusgarriaren azpitik pasatzerakoan dagoen harritza erabat zeharkatu aurretik, ordura arte jarraitutako xenda utzi eta harritzan gora hasi ginen, eguzkiak dagoeneko argitzen zuen horma nabarmenera zuzenduz.

Harritzan gora, “Jb” zeharkatzen duen hormara zuzentzen.

- Hor paraboltak ikusten die – esan zidan Asierrek hormaren oinera iritsi ginenean.
- Zaharrak ematen due, ez? – Erantzun nion harrituta – Harritzen naiz Antxonek bidearen hasieran plakatxo bat ez jartzea.

Konturatu gabe “Directa Sureste” bidearen oinean geunden. Parabolt zahar hauen lerroaren ezkerrean parabolt distiratsu batek atentzioa deitu zidan. Laupabost metro ezkerrerago mugitu nintzenean “Jb” izena idatzita duen plakatxoa aurkitu nuen.

- Hemen dau!!!!! – Oihukatu nion irribarretsu.

“Hemen dau!!!”

Beti da zirraragarria eskalada-bide berri bat eskalatzen hastea. Zein abentura biziaraziko digu? Zein misterio eta enigma izango dituzte bidean topatuko ditugun oztopoek? Nork daki. Azken finean, eskalatzaile batek harkaitzean islatu dituen amets eta emozioak dira, lerro baten bidez lotuz, orri zuri batean idatzitako olerki baten moduan, atzetik joango garenak irakurri, hausnartu eta berak sentitutakoak sentiarazteko. Honengatik guztiagatik errespetuz hartzen ditut beti, aurreiritzirik gabe. Oraingoan aldiz abantaila txiki bat genuen, Antxonek bidalitako krokisez gain, berak bidalitako mezuei esker bidearen errepikapen bakoitzarekin luze ezberdinetan bizi izan zuena bagenekielako.

Asierrek eskatu zuen lehenengo luzea eskalatzea. Materiala prestatzen zuen bitartean krokisa birpasatu genuen.

- 6a/A0 dela jartzen du – esan nion Asierri -, ea zuri ze iruitzen zaizun.

- Lehenengo luzea, 40 metro, 6a. Plakatxoa itsatsia dagoen harlauza handiari eutsi zion bezain pronto helduta zuen heldulekua apurtu egin zen.

- Ondo hasten gea, jejeje – bota zidan irribarretsu harlauzari berriro eutsiz.

Eskaladaren hasieran.

Ez dakit ezusteko txiki honek Asierren eskalada baldintzatu zuen, baina hortik aurrera helduleku bakoitzari eutsi aurretik harkaitza ukabilekin jotzen hasi zen, etxe batean sartu aurretik ate-joka ariko balitz bezala: “tok-tok, tok-tok, tok-tok...”.

Luzearen lehen parabolta urrun dago. Bertara iristeko, harkaitz-plaka inklinatu bat eskalatu behar da, paretaren garbiketak utzi duen tarte zurixka batera iritsi arte (IV).

Lehenengo paraboltaren parean. Asierren oinen azpian tarte zurixka ikusi daiteke.

Lehen paraboltetik gora horma tenteagoa da eta luzea gainean dagoen arteara zuzentzen da. Bigarren paraboltak babesten duen pasagunea eskalatu ondoren (IV+) arteren azpian dagoen erlaitz txiki batean kokatu zen. Asierren eskaladak lasaitasuna islatzen zuen, ate-joka eskalatzen ari bazen ere: “tok-tok, tok-tok, tok-tok...”.

Luzearen hirugarren asegurua artearen enborrari lotutako soka bat da baina bertara iritsi aurretik diedro bertikal eta arraildun bat eskalatu beharko zuela ikusi zuenean, diedroko arrailetako batean Totem bat trabatu zuen badaezpada. Diedroan ere, garbiketa galanta egin den arren, zuhurtzia handiz eskalatu zuen, “tok-tok, tok-tok, tok-tok...”, artearen enborraren azpitik pasatu (V-) eta honen gainean kokatu zen arte.

Diedroa eskalatzen hasi aurretik.

- Zemuz dijo?
- Oraingoz ondo – erantzun zidan.

Hurrengo helburua artearen ezkerrean dagoen harkaitz-plaka tentera igo eta plaka honen gainean dagoen beste arte nabarmen batera iristea zela bagenekien, honegatik plaka ezker aldera eskalatuz jarraitu zuen, bertan jarritako parabolt eta harkaitz-zubiak gidari zituela (V). Antxonek kontatu zigunez, plaka honen zeharkaldia ez da teknikoki oso zaila, helduleku onak dituelako; honegatik Asier bat-batean gelditzeak harritu ninduen.

Plakaren zeharkaldiaren hasieran.

Hasiera batean atseden hartzen ari zela iruditu zitzaidan, baina leku guztietara begira ari zela ikusi nuenean luzearen 6a pasagunea eskalatzear zegoela susmatu nuen. Instintiboki indarrez heldu nion sokari eta Asierrek egingo zituen hurrengo mugimenduei jarri nien arreta osoa; are gehiago "oain kontuz, eh?" oihukatu zidanean.

6a pasagunea eskalatzen hasi aurretik.

Asierren hurrengo mugimenduak geldoak izan ziren, neurtuak, ebakuntza bat egiten ariko balitz bezala. Tentsioz betetako une baten ondoren, pasagunea babesten duen paraboltera iristea lortu zuen (6a).

- Express gabe geratu naiz!!! – esan zidan metro batzuk gorago.
- No jodas!!! – erantzun nion.
- Bai – erantzun zidan -. Arnesen ditudan seguridadeko mosketoiak jartzen hasiko naiz.

Orduan konturatu nintzen 11 express-zinta "bakarrik" sartu nituela motxilan, hasiera batean eskalatzea pentsatuta genuen bidea beste bat zelako. “Jb” bidea eskalatuko genuela erabaki genuenean ahaztu egin zitzaidan express-zinta gehiago sartzea. Zorionez, Asierrek hemendik gora ez zuen zailtasun handiagorik izan diedro itxurako bat eskalatu eta artearen azpira iristeko (V). Bere sustraietako batean jarrita dagoen kordel batean azken mosketoia jarri ondoren, artearen azpitik ezkerrera horizontalean 3-4 metroko zeharkaldi horizontala egin zuen lehen bilgunera iristeko, hiru paraboltez osatuta dagoena, hiruetako bat uztaiduna.

Lehenengo bilgunean.

Asierrek 6a pasagunean estutu zuela ikusita kontu handiz eskalatzen hasi nintzen, indarrak gordetzen.

Lehenengo paraboltera iristen. Argazkiaren azpian tarte zurixka ikusi daiteke.

Lehenengo artearen enborraren azpitik pasatzeko mugimendu arraroak egin ondoren (altua izatearen "madarikazioa", jejeje), luzearen 6a pasagunera fresko iritsi nintzen. Oinetan fede osoa jarri behar den pasagunea dela iruditu zitzaidan, bertan dauden helduleku eta zimur guztiak higatuta daudelako. Zimur txiki eta higatu horietako baten gainean oreka eta fede osoa mantenduz, pasagunea babesten duen paraboltera iristea lortu nuen.

6a pasagunea eskalatu aurretik.

- Joer pasitokin!!! – esan nion bilgunera iritsi zenean -. Nei etzait A0-n eskalatu daikenik iruittu, de primero junda behintzat ez.
- Nik azkenen txapa zapaldu behar izan det – aitortu zidan -. A0-n pasatzeko parabolta altu xamar daula iruittu zait.

- Bigarren luzea, 35 metro, 6a (V/AO). Asierri soberan zituen friend-ak hartzen nizkion unean bidearen luzerik zailena eskalatzear nengoela ohartu nintzen. Nire buruan Antxonen hitzek durundatzen hasi ziren: “[...] lehengoan aurretik eskalatu nuen eta txapatzeko estribu bat erabili behar izan nuen, txapatik txapara A0 moduan ez nintzelako iristen [...]”. Bilgunearen gainetik begiratu eta luzearen pasagunerik zailena den diedro makurtua ikusi nuenean ez nuen bitan pentsatu:

- Ez naiz tontakerikin ibili behar – esan nion Asierri -, ahal deten guztie “azeratzeko” asmoa dauket, jejeje.
- Zu gañea altue izanda ondo iritsiko zea, jejeje – erantzun zidan irribarretsu.
- Ya estamos, altue naizenez dena errezagoa da, ez? Jejeje - erantzun nion -. Ea ba, baina Antxonek estribok behar izan bazitun...

Bilgunearen ezker aldera irten eta bertan dagoen harlauzara igo nintzen, honen gainetik ezker aldera mugitu eta horman dagoen ipuru nabarmen baten azpian kokatu nintzen arte (IV). Ipuruaren enborrari eutsiz luzearen bigarren paraboltera iristea lortu nuen (V). Gainetik, diedro higatua babesten duten lau paraboltak nituen lerro bertikal bat osatuz.

- Kontuz oain!!
- Eman lasai!!!

A0 teknika erabiliz, uste baino errazago eskalatu nuen diedroa eta uste baino errazago iritsi nintzen bere gainean dagoen erlaitz txikira, horma makurtuak atzeraka botatzen ninduen arren (V/A0). Diedroak eskuekin eusteko arrail txiki bat du baina ez zitzaidan iruditu oinentzat helduleku oso onak zituenik.

- Errex ikusi zaitut!!
- Ba egie esan tentsio gehio pasa det lehenengo luzeko pason – erantzun nion -, ta hori soka gainetik nuela, jejeje.

6a pasagunea eskalatu ondoren.

Zailena pasata, erlaitzetik gora zuzen eskalatzen jarraitu nuen beste ipuru bat eskuinean utziz (V). Ipurua metro pare batera geratu zenean eskuin aldera zeharkaldi bat egin eta zirudiena baino harkaitz hobea zuela iruditu zitzaidan hormatik eskalatzen jarraitu nuen, bilgunea adierazten duten parabolt distiratsuak bistan izan nituen arte (V).

Bilgunera iritsi aurretik eskalatu behar den horma azpitik ikusita.

Ez dakit bilgunea ikusteak lasaitu ninduelako izango den baina bilgunera iristeko pasagune tentel bat eskalatu behar izan nuela iruditu zitzaidan (IV+). Bigarren bilgune hau bi paraboltez osatuta dago, horietako bat uztaiduna.

Asier ipurua atzean utzi ondoren (bere ezkerrean ikusi daiteke), azkeneko hormaren lehen metroetan.

- Paso hori 6a gogorra iruittu zait – esan zidan Asierrek bilgunera iritsi zenean.
- Liberatu dezu?
- Bai, baña neuken guztie emanda – erantzun zidan.
- Ostia ze ona!!! – erantzun nion -. Ba zuk 6a gogorra dela esaten badezu ez da urruti ibiliko.

Bilgunean hizketan ari ginela nondik jarraitu baloratzen hasi ginen: hirugarren luzearen aldaeratik edo Antxon prestatzen hasita dagoen hirugarren luzetik, eskalatzeko oraindik prest ez dagoela jakinda? Hirugarren luzearen zailtasuna V inguruan egongo dela bagenekien baina baita harkaitza ona ez duela ere. Eta azkeneko arrazoi honegatik azkenean luze honen aldaeratik jarraitzea erabaki genuen.

- Hirugarren luzearen aldaera, 25 metro, IV. Asier bilgunetik bertatik ezker aldera horizontalean zeharkaldi bat eginez hasi zen, arreta eskuetan baino oinetan gehiago jarriz (III).

Zeharkaldiaren hasieran. Argazkiaren ezkerean putre-habi bat ikusi daiteke.

Laupabost metroren ondoren kanal itxura duen horma batera iritsi zen, arteen adarren artean galtzen dena.

Kanaltxoaren hasieran, bertan dagoen lehenengo paraboltetik aseguratu ondoren.

Kanaltxoa goiko argazkian Asier dagoen lekutik ikusita.

Kanaltxoa eskalatzen hasi zenean begi-bistatik galdu nuen. Soka segurtagailutik gelditu gabe ihes egiten zuenez ez nintzen kezkatu. Begi-bistan agertu zen une laburrean argazki bat egiteko probestu nuen baina berehala desagertu zen berriro ere. Ez nuen gehiago ikusiko bilgunera iritsi arte.

Begi-bistan agertu zen une laburra.

Bitartean, begirada ondoko paretan zegoen putre-familiara zuzendu nuen. Putreak Asierren mugimenduak jarraitzen zituen bitartean bere kumearen mugimendu baldarrak jarraitzen nituen, oraindik zutik jartzeko gai izan gabe habian batera eta bestera mugitzen zena. “Luca” ireki eta ekipatu genuenean ikusi genuen habia etorri zitzaidan gogora, bidea prestatzearen prozesu osoan bertan jaio zen kumea nola hazten zen ikusteko zortea izan baikenuen.

Kanaltxoan egindako garbiketa lana itzela izan da eta aseguruak nahikoak ditu eskaladaz segurtasunez gozatu ahal izateko (IV). Kanalatik irteteko arte baten adar handi baten azpitik pasa behar da. Pasagune honek zailtasun handirik ez dauka (IV), baina altuak bagara ez da erosoa. Adar hau atzean utzita tamaina ezberdineko harri askez estalita dagoen erlaitz batera iritsiko gara.

Harri askez estalita dagoen erlaitzean, arteen adarrekin borrokan aritu ondoren.

- Joer, kosta zait adarraren azpitik pasatzea – esan nion Asierri erlaitzara igo nintzenean -. Holakotan ez diazu esaten altue izatea bentaja bat dela, eh? Jejeje.
- Eskaladan altue izatek ordun ez du beti balio, jejeje.

Erlaitz harritsu honetatik gora hormak zailtasuna galtzen du, inklinazio handirik galtzen ez badu ere. Ez nuen zailtasun handirik izan parabolt batez eta harkaitz-zubi batez osatutako bilgunera iristeko (III).

Erlaitzetik bilgunera dagoen tartea.

Hirugarren bilgunean.

Bilgunetik gora oinez jarraitu beharreko tartea dator, hirugarren luzearen etorkizuneko barianteak moztu eta neurri handi batean saihestuko duena.

Hirugarren bilgunea, oinez zeharkatu behar den tartearen hasieratik ikusita.

Eskuin aldera desbideratu eta belar eta harri askez estalitako aldapa amaiera arte igo ondoren, Ziordiako ezproia parez-pare ikusten den mendi-lepo ikusgarri batera iritsi ginen. Ez da bertaraino iritsi behar "Jb""-ren azkeneko bi luzeak eskalatzeko, baina bertatik dugun ikusmira ikusgarria da bai ezproiara, baita “Zazpika” bidearen azkeneko luzeetara ere, horma-hobi ikaragarri bat saihesten dutena.

Laugarren luzearen oinean, “Jb” izena duen plakatxo bat eta uztaidun parabolt bat daude baina beherago dagoen arte handi baten atzean geratzen direnez, bertara iritsi arte ez genituen ikusi.

Laugarren luzea hasten den lekua seinalatzen.

Laugarren luzearen hasiera adierazten duten plakatxoa eta uztaidun parabolta.

- Azkeneko bi luze hauek oso onak omen die, “[...] niretzat bidearen onena, zailtasun eramangarria eta harkaitza itzela” -, irakurri nion Antxonen azken mezutik.

- Laugarren luzea, 45 metro, V. Uztaidun paraboltetik gora eskalatzen hasi nintzen, ezproi itxurako bat jarraituz, arrail ezberdinak dituena. Ekarritako 11 express-zintak lehenengo luzean nahikoak izan ez zirela jakiteak kezkatzen ninduenez, hauek ahal nuen gehien aurrezteko asmoz hasi nuen eskalada. Hau dela eta, aseguru batzuetatik ez nintzen aseguratu eta ahal nuena friend-ekin aseguratzen hasi nintzen. Honen adibide, bigarren paraboltera arteko tartea oso zaila ez zela iruditu zitzaidanez, bertara iritsi arte ez nintzen aseguratu (IV). Bigarren paraboltetik gora aldiz, zailtasuna zertxobait gogortzen zela ikusita, aseguratzen jarraitzea erabaki nuen (IV+).

Ezproi itxurakoa eskalatu ondoren.

Ezproi itxurakoaren gainera igo nintzenean, metro erraz batzuk eskalatzen jarraitu nuen, hormak berriro ere bertikaltasuna irabazten duen lekura iritsi arte (III).

Hormak bertikaltasuna irabazten duen lekuan.

Horma tente honen lehenengo metroak arrail txikiz eta tamaina ezberdineko harlauzaz tapizatuta daude (V-) auto-babeserako aukera handiak ematen dituztenak.

Horma tentearen lehen metroak azpitik ikusita.

Zati honetan dagoen arrail txiki baten amaierara iritsi nintzenean, ezker aldera zeharkaldi motz eta horizontal bat egin (V) eta, gorputza luzatuz, beste arrail batean sartu nintzen, aurrekoa baino sakonagoa dena.

Horma tentea eskalatzen.

Argazki honetan horma tentearen amaieran dagoen arrail txikia ikusi daiteke. Honen bukaerara iristerakoan ezker aldera zeharkaldi horizontala egin behar da.

Arrail sakon honetan gora begiratu nuenean izu batek zeharkatu ninduen goitik behera: "joer, hau kinto bada..." pentsatu nuen. Baina izuak ez zuen asko iraun eta arraila eskalatzen nuen heinean lasaitu egin nintzen, helduleku oso onak baititu, nahiz eta oso tentea izan (V). Aiii, aurreiritziak zein txarrak diren, eta zenbat baldintzatzen duten ikusten eta sentitzen dugun guztia.

Arrail sakonean.

Beheraka begiratzen nuen bakoitzean Asier geroz eta urrunago ikusten nuen eta goraka begiratzen nuen bakoitzean ez nuen bilgunea ikusten. Une batean bilgunea ikusi gabe atzean utzi ote nuen ere pentsatu nuen. Arnesetik zintzilik bost express-zinta geratzen zitzaizkidan pasagune makurtu batera iritsi nintzenean, goitik parabolt batekin aseguratuta dagoena eta azpian harkaitz-zubi handi batetik pasatako soka bat duena.

Pasagune makurtua azpitik ikusita.

Pasagune hau izan daiteke luzeak duen zailena, zertxobait atzeraka botatzen duelako. Arrailaren bi hormetan oinak ongi kokatuz, azpitik dirudiena baino errazagoa dela iruditu zitzaidan (5b).

Pasagune makurtua eskalatu ondoren.

5-6 metro gorago (V), arrailaren eskuinean laugarren bilgunea agertu zen, erlaitz txiki batean dagoena. Azkenean, aurrezpenaren ondorioz bi express-zinta geratu zitzaizkidan soberan. Laugarren bilgunea bi paraboltez osatuta dago, bietako bat uztaiduna.

Laugarren bilgunetik behera egindako argazkia. A zer nolako luze itzela!!!

- Ostras, ze luze onaaaa!!!! – bota nion Asierri talkie-tik – Izugarri gozatu behar dezuuu!!!.
- Bai, oso ona iruitu zait neri ere – esan zidan Asierrek minutu batzuk beranguago bilgunera iritsi zenean.

Pasagune makurtutik ateratzen.

Bost izarretako luzea iruditu zitzaigun, ordura arte eskalatu genuen luzerik onena inongo zalantzarik gabe; luze luzea, V zailtasunaren baitan mantendua eta ongi aseguratua. “La vida es un tango” bidearen bigarren luzearen antza handia hartu genion.

- Bosgarren luzea, 20 metro, V. Bilgunearen gainean harkaitz-zubi batean jarrita dagoen soka ikusi bezain laster, Asierrek ez zuen bi aldiz pentsatu bertaraino iristeko (IV).

Lehen aseguruaren parean.

Harkaitz-zubitik gora zailtasuna zertxobait igotzen den arren, hormak helduleku asko dituenez zailtasunik gabe igo zen bere gainean dagoen erlaitz txiki eta inklinatura (IV+). Antxonek kontatu zidanez, erlaitz txiki honetara iristeko modu errazago bat dago, bilgunetik “Z” moduko bat eginez (III).

Erlaitz inklinatuan.

Hasiera batean luzea eskuinean dagoen ur-tantadun plaka bertikal batetik zihoala pentsatu genuen - nola ez, Antxonen bide bat izanda!!! - baina parabolt batek erlaitzaren ondoan dagoen harkaitz-plaka nabarmenera igo eta plaka hau alderik alde diagonalean erdibitzen duen arraila amaiera arte eskalatu beharko genuela adierazi zigun.

Asier harkaitz-plakara igo eta, babariar teknika tarteka erabiliz, arraila eskalatuz joan zen, harkaitz-bloke baten itxura duen formazio batera iritsi zen arte (V). Hurrengo enigma formazio honetara igotzea zen; baina, nondik? Asierrek eskuinetik eskalatzea erabaki zuen, arrail bertikal batetik (5b). Nik geroago ezkerretik eskalatuko nuen, baina zailtasunaren aldetik antzekoa da (V).

Erlaitz inklinatutik egindako argazki honetan harkaitz-plaka zeharkatzen duen arraila ikusi daiteke baita, harkaitz-bloke baten itxura duen formazioa ere.

Harkaitz-bloke itxurako formazioaren gainetik aurrera ezker aldera arrail inklinatu batek hormaren irteera erraz eta logikoena adierazten badu ere, Asierri bertan aseguru bat ere ez egotea harritu zion. Nondik jarraitu begira ari zela, bere eskuinean harkaitz-zubi batetik pasatako soka bat ikusi zuen: “hortik da irteera!!!”. Bertara iristeko eskuin aldera horizontalean 2-3 metroko zeharkaldi bat egin behar izan zuen (V-). Hemendik gora ez zuen zailtasunik izan zuzen eskalatzen jarraitu eta bidearen azken bilgunearekin topo egiteko, uztaidun parabolt batez osatuta dagoena (IV-). Bilgunea indartzearren, parabolta jarrita dagoen harkaitzaren gainetik zinta-uztai bat pasatu zuen.

Bosgarren bilgunetik laugarrenera egindako argazki honetan harkaitz-zubia ikusi daiteke.

Harkaitz-zubitik azken bilgunera iristeko eskalatu behar den azken zatia.

- Eskerrak puenterroka hori ikusi deten – esan zidan bilgunera iritsi nintzenean -, bestela fisuratik jarraituko nuen.
- Nei ere irteera logikona hortik iruitu zait – erantzun nion -, baina irteera honek badauke bere xarma ere.

Oharra: Antxoni honen berri eman nionean berak ere esan zidan logikak ez zaituela harkaitz-zubi honetara eramaten. Hau dela eta, zeharkaldian parabolt bat jarri berri du, luzea nondik doan ongi adierazteko. Paraboltarekin pasagunea ongi babestua geratu denez, harkaitz-zubitik soka kentzea erabaki du.

Bidearen azken bilgunean.

Elkarri bostekoa emanez Antxonek harkaitzean idatzitako azken olerkiaren amaierako puntura iritsi ginen. Gogotsu ekin genion irakurketari eta, bertan aurkitutako enigma eta misterioak argitzen haur txikiren modura gozatu genuen. Hau dela eta, jaitsiera lasai hartu genuen, eskaladak biziarazitako bizipenei sentimenduak gordetzen diren kutxan pausatzeko denbora emanez. Konturatu ginenerako Ziordiako kaleetan barrena geunden berriro ere, zoriontsu, pilak anergia positiboz kargatuak.

“Taldeko” argazkia, atzean Ziordiako ezproia dugula.

Antxonek azkeneko bost urteotan ireki dituen bideetan bilakaera bat izan dela uste dut. Bide intimoagoak direla esango nuke, zigilu pertsonal bat ezarri nahiko balie bezala. Honen ondorioz bideak alpinoagoak bihurtu dira, beharbada konpromiso handiagokoak eta, zailtasun maila beretsukoak badira ere, auto-babeserako materiala gainean eramatea eskatzen dute. “Jb”-k osagai hauek guztiak gaindika betetzen ditu, zer esanik ez berezko hirugarren luzea prest uzten duenean. Nahita edo nahigabe, bilakaerak eta aldaketak etengabeak dira eta bizitzaren parte dira.

Hoy no queda casi nadie de los de antesssss, y los que haaay han cambiado, han cambiadoooooo”.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina