Udalaitzen zer egin interneten informazio bila hasi eta, Udala auzotik abiatuz, Udalaitzeko haitzak osatzen dituzten gailurren ertza zeharkatzea pentsatu nuen. Zeharkaldi hau eramango zuen denbora kalkulatu ondoren, ibilbideari Gongeta, Labasur eta Besaide mendiak lotzea pentsatu nuen ibilbidea borobiltzeko.
Ibilbidearen berri Ikerri eman eta bitan pentsatu gabe baiezkoa esan zidan: "hola nik ere mendi berrik ezautukoittut, baña Besaiden izanda gare, ez?" Galdetu zidan. Bai hala zen, Besaiden anaia eta biok duela urte batzuk mendiak.net-eko lagunek antolatutako KDD batean izan ginen, 2.009ko martxoaren 28an hain zuzen ere (honen inguruko informazioa hemen ikusi dezakezue). Orduan Bizkaiatik (Axpe ingurutik) atera ginen. Izan genuen eguraldi txarraren gainetik egun ederra izan zen eta mendizale asko (horien artean dagoeneko gure artean ez dagoen Jose Ramon) ezagutzeko aukera aparta izan zen.
Nahiz eta ibilbidearekin gustura izan, honen egokitasunaz inguruko jakitun bati galdetu nahi nion. Eta zein hobea Gotzon baino? Ez dakit inguru hauetaz Gotzonek baino gehiago dakienik badagoen, etengabean igoera eta txoko berriak bilatu eta deskubritzen ari da eta. Gainera, berak egindako ibilbide eta abenturak bere blogean ikusgai daude. Berarekin mezu batzuk elkarbanatu ondoren ibilbidearen norabidea aldatzeko gomendatu zidan, Besaiden hasi eta Udalaitzen amaituz, modu honetan ertza gehiago gozatuko genuelako. Mezu berean Atxaurrutxaganen dagoen koba (Eixitta-ko kobia) eta Gongetaren ondoko aintzinako burdin minei bisita egitea ere gomendatu zidan. Milesker denagatik Gotzon!!!!
Gotzonen gomendioak buruan, azaroak 1ean goizeko zazpiak eta erdietan bi anaiok Arrasateko Udala auzora iritsi ginen.
JARRAITUTAKO IBILBIDEA
Goian azaldu bezala, Arrasateko Udala auzotik atera eta lehenik Besaide mendia igo genuen eta Besaidetik, hasiera batean GR-121 ibilbidea jarraituz, Labasur.
Labasur menditik Gongeta eta Mirakeitza mendiak igo eta azkeneko honetatik jada Udalaitz arteko ertza jarraitu genuen, tartean Atxaurrutxagane eta Erdikoatxa mendiak igoz. Amaitzeko, Udalaitz menditik honen ipar ekialdean dagoen beste tontorra (gurutze handia duena) igo genuen.
Gurutzetik Udalara Udalatik datorren ohiko bidetik itzuli ginen.
IBILBIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 12,3 kilometro.
- Punturik baxuena: Udala auzoa, 480 metro.
- Punturik altuena: Udalaitz, 1.120 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 900 metro inguru.
- Igotako mendiak: 7.
- Ura: Ibilbidean bi iturri topatu genituen, bat Udala auzoan eta bestea Besaidera iritsi aurretik.
- Zailtasuna: Ibilbidea nahi adina zaildu daiteke. Guk topatu genuen haizetea dela eta ertzan ahalik eta leku errazenetik joan ginen inongo momentuan eskaladarako pausurik egin gabe. Hori bai, ertzetan ibiltzeko eskarmentua izatea komeni da, pausu batzuk arriskutsuak izan daitezke eta, baina esan bezala, pausu guztiak ekidin daitezke. Eixittako kobia-ra bisita egiteko asmorik baduzue belar inklinatuan egiten den 3-4 metroetako ageriko zeharkaldia egin beharko duzue. Belarra bustia egon ezkero oso arriskutsua izan daiteke, hainbat metroetako erorketa bertikala dauka eta.
- Eramandako material teknikoa: Ez genuen material teknikorik eraman.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Lau ordu eta erdi, atsedenaldiak barne.
Bidea deskargatu nahi baduzue.
Powered by Wikiloc
DESKRIBAPENA
07:50. Udala auzoa, 480 metro. Kotxea Udala auzoko jatetxeen erdiko aparkalekuan utzi genuen: "Joer, frexko itteo!!!" Esan nion anaiari kotxetik atera ginenean. Nahiz eta egun eguzkitsu eta epela iragarrita egon, hego-mendebaldeko haize zakarragatik eguna fresko xamar esnatu zen. Hala ere, hego haize berberagatik, botak jazten ari ginela Anboto eta udalaitzeko haitzek hartzen zuten kolore gorriaz gozatzeko aukera izan genuen.
Ateratzeko prest, Udalaitz gorritzen.
Ibilbidea errepidetik behera joanez hasi genuen, Udala auzora doan bidegurutzeraino.
Udala auzoa eta Anboto egunsentiaren argitan.
Errepidea utzi genuen lekura iristen.
Zaborrak botatzeko ontzi batzuk atzen utzita, ezkerrera doan bihurgunean errepidea utzi, eta bertako indikazio panelean zein bide jarraitu behar genuen begiratzen hasi ginen: "hemen jartzeo GR-121 bidea jarraittu beharren garela" esan zidan anaiak. "Izan leike, GR-121a Gipuzkoako buelta data" erantzun nion, "ta Besaide hiru probintzietako mugan dau".
Informazio panelean jarraitu beharreko bidearen bila.
Udalako eliza eta Anboto.
GR arrastoenn atzetik oso nabaria den bidea jarraitu genuen, tartean aska bat ere pasatuz. Bidean harritu gintuen aska, zuhaitz, animali eta basoaren inguruko zenbat informazio gune zeuden.
Informazio guneetako batean.
Ibilbidea hasi eta hamar minutu inguruan pasabide bat zeharkatu eta bi aukerako bidegurutzera iritsi ginen: Aurrera jarraitu ezkero GR bidea eta ezkerretik jarraitu ezkero Besaidera doan PR bidea: "nik ustet hasierako kartelan GR-a jarraituta Besaidera ere goatzela jartzen zula" esan zidan anaiak. "Izan leike, baña hemen PR-a jarraituta Besaidera goatzela esateo" erantzun nion. Zalantzarekin GR bidea utzi eta PR bidea jarraitzen hasi ginen. Handik denbora gutxira ikusiko genuen bi bideek aurrerago bat egiten zutela.
GR bidea utzi genuen bidegurutzean.
Bidegurutzetik egindako argazkia.
Pinudi eta artadiak zeharkatzen dituen bide honek orokorrean maldarik ez dauka eta, goian esan bezala, noizik eta behin indikazio karteltxo bat pasatuko dugu. Bidegurutzeak ere oso ongi daude adierazita galtzeko arriskurik gabe.
Bidegurutzeetako batean.
"Joer, hemen maldaik ez al dau?" Galdetu nion anaiari basoaren argigune batera iritsi ginenean. Esan eta izan, argigunearen amaieran hauspoa ederki berotu zigun malda batekin topo egin genuen, jejeje: "zuk ere ahoa itxita izango bazenu.... jejejeje" erantzun zidan anaiak irrifartsu.
Malda hasten den lekuan, ixilik gelditu izan banintz... jejejeje.
Malda txiki honen ondoren bidea berriro lasaitu eta metroak erraz irabazi genituen.
Oriangoz bidea ongi eramaten ari ginenaren seinale.
Denbora gutxian bidegurutze batera iritsi ginen:"Hara, honea lehen utzi deun GR-a iristea" esan zidan Ikerrek. Bidegurutzera iritsi eta Ikerrek esandakoa baieztatu nuen: "Ba azkenen hasierako kartelak esatezuna egie da", erantzun nion, "beste baten handio etorriko gea, jejeje".
Iker bidegurutzean, eskuinetik datorren bidea utzi genuen GR bidea da.
Bide gozoaz gozatuz eta arin-arin, Udalatik atera eta 50 minutu ingurura Besaide iturrira iritsi ginen.
08:35, Besaide iturria, 510 metro, 3,5 km. Iturrian zintzurra ederki freskatu eta zerbait jateko atseden motz bat egin genuen.
Iker Besaide iturrian eta hemendik aurrera jarraitu genuen bidea.
Besaide iturria.
Atsedentxoaren ondoren ibilbidearekin jarraitu genuen.
Anboto, ikusgarria benetan.
Iturritik metro batzuetara dagoen pistan ezkerrera (hegoaldera) hartu, eta pistan 200 metro egin ondoren, mendian gora zuzen igotzen den bidea hartu eta di-da batean Besaideren gailurrera iritsi ginen.
Pista utzi genuen lekuan, Besaidetik pistatik itzuliko ginen.
Besaidera iristen.
08:45, Besaide, 555 metro, 4 km. Besaide mendian Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko mugek bat egiten dute. Bertan, 1.955eko urriaren 30ean, Euskal Mendizale Federakuntzak Luis Pueyo arkitektoak egindako kanpandorre itsurako monumentua eraiki zuen.
Besaideko buzoia eta monumentua.
Monumentu honen azpian iraileko hirugarren igandean hiru herrialdeetako mendizaleak urtero elkartzen dira urtean zehar mendian hildako mendizaleak gogoratzeko, "oroitzapenaren eguna" bezala ezagutzen den egunean.
Monumentuaren azpian.
Monumentu hau eraikitzearen ideia 1.953 urtean Mont Blanc mendian bost euskal mendizale hil zireneko istripuaren ondoren etorri zen, mendian hildako euskal mendizaleei nolabaiteko omenaldia egiteko. Honetarako Gipuzkoa, Araba eta Bizkaitik gertu eta igoera errazeko puntu baten bila izan ondoren, aukera ezberdinen artean Besaide aukerarik onena zela ebatzi zuten.
Monumentuko idatzi eta armarriak gertuago.
Monumentuaren kostoa egungo 500 euro ingurukoa izan zen eta nolabait euskal mendizale federakuntzen batasuna (borobil batean hiru probintziak batuz) eta hildako mendizaleen otoitza ere (kanpandorrea) bereganatzen ditu. Badirudi ekuazio honetan Nafarroa alde batera gelditzen dela, baina monumentuko idatzia "Pais Vasco Navarro" bezala hasten da eta Euskal Herriko zazpi probintzien armarriak ere azaltzen dira.
Gipuzkoatik Araba eta Bizkaiara egindako argazkia, jejeje.
Besaideren hegoaldeko lepoan 1.99ieko irailaren 21ean bigarren monumentu bat eraiki zen, hau Yoshin Ogata artista japoniarrak egina.
Bi monumentuen arteko bidea eta bigarrenetik aurrera jarraitu genuen bidea.
Besaideko bi monumentuetan argazkiak egin ondoren bertara iristen den pista hartu eta Besaide iturrira itzuli ginen.
Iker bigarren monumentuan.
08:55, Besaide iturria, 510 metro, 4,5 km. Bertan ur tragoxka azkar bat hartu eta bidearekin jarraitu genuen. Pista jarraitu beharrean (gero berriro ere berarekin topo egingo genuen) iturria eta pistaren artetik laritzen artean iparraldera doan bidexka hartu genuen. Hurrengo helburua? Labasur mendia.
Besaide iturritik gora jarritu genuen bidea.
"Bazan garaie izerdi pixkat botatzeko, jejeje" esan nion anaiari eguneko lehen malda gogorraren aurrean. Bidean 350-400 metro egin ondoren PR bide batera iritsi ginen. Bidegurutze honetan eskuinera hartu genuen gure ezkerrera (mendebaldera) zihoazen PR markei kasurik egin gabe.
PR markak jarraitzen hasi ginen bidegurutzean.
PR markak jarraitzen.
Bidegurutze honetatik 200 metro ingurura bigarren bidegurutze batera iritsi ginen: "ta hemendio Labasurrea nundio igoko da?" Galdetu nion anaiari. GPS-a atera eta gailurrera iristeko ez zuen biderik adierazten. "Ba eztakit" erantzun zidan "baña puntaren hegoalden iturri bat daula esateo". "Ba iturrie badau bertara dijon biden bat izangoa, ezta?" Galdetu nion, "baietz pentsatzet" erantzun zidan.
Ideia hau buruan hego-ekidaldera doan bidea hartu genuen, Udala auzora doana hain zuzen ere. 100 metro inguru inongo bidexkarik ikusi gabe ibiliak genituenean Ikerrek GPS-a berriro begiratu eta "desbiatzen ai gea" esan zidan. "Ordun hobe deu buelta hartu eta iparrera zijon bidea hartzea" erantzun nion, "ta igual han bidegurutzen bat eo topauko deu". Honela, buelta hartu eta bidegurutzera itzuli ginen oraingoan iparraldera doan GR bidea ("Udalatx" adierazten duena) jarraituz.
Nahastu ginen bidegurutzean.
Eta bide hau hartu eta 150-200 metro ingurura, garo artean erdi izkutuan, Labasurrera joateko adierazten zuen poste bat ikusi genuen: "Ostia, ze onaaa!!!" esan zuen Ikerrek.
Labasur mendira igotzeko adierazten duen indikazio postean.
Bitan pentsatu gabe posteak adierazten duen norabidea hartu eta, bide jakin eta nabarmenik jarraitu gabe, elorri eta txillarrak alde batetik eta bestetik inguratuz, arantzadun hesi batera iritsi ginen: "eta oain?" Galdetu zidan Ikerrek GPS-a berriro ateratzen zuen bitartean. Hesian gora eta behera bidexka baten bila izan ondoren, azkenean hesia erdi etzana zegoen leku batetik zeharkatu genuen.
GPS-a erreferentzi bezala, sasi artean gailurrera ahalik eta zuzenen eramango gintuen bidearen bila hasi ginen, animaliek egindako bidexkak jarraituz.
Hesia zeharkatu ondoren, baso eta sastrakan sartzen.
Animaliek sastrakatan egindako bidexkeetan ibiltzen garenean, gure aurretik ibili den animalia handia denean ez da arazorik izaten, animalia txikia bada aldiz, komeriak izaten dira, jejeje: "Matxetea ekarri izan bagenu hobe!!!" Esan zidan anaiak makuluarekin bidea egiten zuen bitartean. Sasi eta sastraken artean bigarren arantzadun hesi batera iritsi ginen: "Hau pasau ta gailurre bertan dau" esan zidan Ikerrek GPS-a begiratu ondoren.
Esan eta izan, bigarren hesi hau gurutzatu eta gailurrera iritsi ginen.
09:25, Labasur, 677 metro, 5,9 km. "Joer, ba honea norbait igo da ba" esan nion Ikerri gailurreko buzoi berri disdiratsua ikusi nuenean, "Ya te digo, jejeje", erantzun zidan.
Labasur mendiaren gailurrean.
Jaisteko, hasiera batean hesiaren ondotik zihoan bidexka itsurakoa jarraitu genuen, ipar-ekialdeko norabidearekin. Baina 150-200 metro ingurura Gongetatik urruntzen ari ginela ikusi genuenean, basoaren argigune bat aprobetsatuz, bidexka utzi eta, arteak atzean utzi ondoren, garo-leku batean sartu ginen.
Garoaz estalita, hemen behintzat sasirik ez genuen topatu, jejeje.
Garoen artean ipar mendebaldeko norabidea hartu eta putzu batera iritsi ginen. Gero etxean ikusiko genuen bezala, putzu honetara Labasurrera igotzeko utzi genuen GR bidea ere iristen da.
Putzuan.
Putzutik ipar mendebaldera doan pistatxo bat 50-75 metro eskasean jarraitu eta Besaide iturritik datorren pistarekin berriro bat egin genuen: "bueno, daoneko bide onen gare" esan zidan anaiak.
Pistan.
Atzera begirada, Anbotori argazkirik egin gabe ezin utzi.
Pistatik 200 bat metro egin ondoren, malda amaitzen den lekuaren eskuinean arte eder bat dago. Puntu honetan bertan pista utzi eta ezkerrera (iparraldera) jo genuen harkaitzen gainetik Gongeta mendira ahalik eta zuzenen iristeko.
Pista utzi genuen lekuan.
Gongetara eramango gintuen biderik zuzena aztertzen.
Pista utzi genuen lekutik 40 metro inguru egin ondoren gure azpian bide bat zihoala ikusi genuen: "Hara, han azpin bide bat dijo" esan nion anaiari, harkaitzetatik bidera jaisten nintzen bitartean. Bideak Gongetaraino eramango gintuelakoan jarraitzen hasi ginen, baina anaiak Gongetara zuzenean zeraman ertzetik jarraitzea nahiago zuela esan zidan. Honela ba, bidea utzi eta ertzaren gainera igo ginen, labanak bezain zorroztuak diren harkaitzen gainetik, eta haizearekin borrokan, kontu handiz gailurrera iritsi ginen.
Gailurrera eramango gintuen azken metroetan.
10:05, Gongeta, 704 metro, 7,4 km. "Ostia,, hau da haizea!!!" Esan nion anaiari, "goien hola badau ertzan larri ibiliko gea" erantzun zidan. Gongetaren gailurrean argazki batzuk egin (pena goizean igo izana, eguzkia parean genuen eta) eta bidearekin jarraitu genuen.
Gongetan.
Gailurraren iparraldean dagoen lepotxora jaitsi eta hemendik ipar-mendebaldeko norabidean doan bidea jarraitu genuen, iparraldetik Udalaitzera doan bide nabari batekin topo egin arte.
Lepotik egindako argazkia: ezkerrean Gongeta eta erdian Anboto.
Lepotik behera, parean Mirakeitza mendia, hurrengo helburua.
Iker zuzen jaitsi zen, Gotzonek esan zidan aintzinako burdin mehatzak zeharkatuz, nik ordea mehatzak hegoaldetik inguratu nituen bidearekin bat egiteko.
Gorriz nik jarraitu nuen bidea, Ikerrek zuzen jarraitu zuen aintzinako burdin mehatzak zeharkatuz.
Bidera iritsi eta Mirakeitza mendira doan malda pazientziaz igotzen hasi ginen: "joer, haizea gerozta indartsugo dau!!!" Esan zidan anaiak, "Ba bai, ertza igotzen hasi baño lehen haizetako txamarra jarri beharko deu", erantzun nion.
10:15, Mirakeitza, 711 metro, 7,9 km. Haizearekin borrokan, nola hala Mirakeitzaren gailurrera iritsi eta anaiari, ahal izan zuen moduan oreka mantenduz, argazkia egin nion.
Mirakeitzan.
Hegoaldeko lepora bizi-bizi jaitsi eta haizerako txamarrak jantzi genituen, zeozer jaten genuen bitartean: "ea oain ertzetik zemuz goazen" esan zidan Ikerrek, "bazpare hobe denbora guztin errezenetio juten bagea", erantzun nion. Atera baino lehen makuluak motxilan gorde genituen ertzan eskuak libre izateko eta orduan konturatu nintzen ibilbide honetarako ekarritako makuluak ez zirela egokienak. Bi zatidun makuluak bilduta ia metro bateko makuluak gelditzen dira, motxilatik zintzilik eramateko luzeegi.
Ertzaren lehen metroetan.
Mirakeitzatik gora, ertza zabala izanda, oinez erraz bete genuen. Dena den, kontu handiz igotzen hasi ginen, denbora osoan harkaitzen gainetik gindoazenez, haizeraren eraginez behin baino gehigoetan oreka mantentzeko arazoak izan genituen eta. Honetaz aparte, motxilatik zintzilik neramatzan makulu luzeek belaun atzean jotzen ninduten eta ia ezin nintzen makurtu, makurtzen hasterakoan lurreraino iritsi eta tope egiten zuten eta.
Ertzan gora. Makuluen luzera ikusi daiteke.
Gora gindoazen heinean Eixittako kobia geroz eta gertuago ikusten genuen, Gotzonek esandako ageriko zeharkaldia identifikatu nahian. Kobatik gertu geundenean, bertara ipar aurpegitik doan zeharkaldia ongi ikusi genuen: "hortio sartukoa" esan nion anaiari.
Kobara gerturatzen, gainean Atxarrutxugane mendiaren gailurra.
10:38, Eixittako kobia, 839 metro, 8,5 km. Kobara eramaten duen zeharkaldira iritsi ginenean azpitik zirudiena baino arrikutsuagoa zela ikusi genuen: 3-4 metroetako zeharkaldia, belarrez estalitako erlaitz inklinatu eta estua, eta gainera metro batzuetako erorketa bertikala duena. Hau gutxi ez bada belarra hezea zegoen, baina honek guztiak kezkatu ninduen arren, anaiak bitan pentsatu gabe erlaitza zeharkatu zuen.
Argazki honetan kobaraino doan bidea margotu dut, baita zeharkaldia ere.
Zeharkaldia hasteko makurtzen hasi nintzenean makuluek lurra jo eta ia oreka galduarazi ninduten. Bitan pentsatu gabe motxila kendu, lurrera bota eta motxilarik gabe zeharkaldia egiten hasi nintzen. Baina makuluek pasarazi ninduten momentu txarra oraindik buruan, ez aurrera eta ez atzera gelditu nintzen: "Ni ez nijo!!" Esan nion anaiari. "Pasoa ez da hain txarra" erantzun zidan. Baina ordurako burua ezezkoan nuen eta "ke ba, beste baten saiauko naiz" erantzun nion.
Koba barrutik.
Kobatik Anboto aldera egindako argazkia.
Kobatxoari bisitatxoa egin ondoren, berriro elkartu ginen: "eztakit baña ataskauta geatu naiz" esan nion "gañea belarra bustita eta bota berrikin oaindio eztauket konfiantza handirik eta bastoiek ia hemendio bera botaiate". Boten lokarriak estutu eta gora jarraitu genuen.
Kobaren zeharkaldia hasten den lekutik gora.
Koba atzean utzi eta berehala, Atxaurrutxugane mendira iritsi aurretik, gurutze bat dagoen lepo batetik pasa ginen.
Gurutzea dagoen lepoa.
Eta lepoa atzean utzi eta eskaladatxo erraz batzuen ondoren Atxaurrutxugane mendira iritsi ginen.
10:55, Atxaurrutxugane, 979 metro, 8,8 km. Gailurrean argazki pare bat azkar-azkar egin eta, haizearengatik ihesi, aurrera jarraitu genuen.
Iker Atxaurrutxuganera iristen.
Atxaurrutxuganetik aurrera ertza zabaldu egiten da eta metroak erraz irabazi genituen, haizeak zakar jo arren, inora amiltzeko arriskurik ez dago eta. Makuluekin nuen borroka pertsonala haserretzen hasita ninduen eta ez nindoan batere eroso: "Makulu motzak ekarri beharra zenitun" esan zidan anaiak, "klarooo, después de visto todo el mundo es listo" erantzun nion.
Ertza zabalean.
Azpoiti deituriko lepo nabaria atzean utzi ondoren, ia konturatu gabe, eta bidean aipagarriak izan daitezkeen zailtasunik pasa gabe, Erdikoatxa mendira iritsi ginen.
Atzera begirada, argazkian Anboto eta Atxarrutxugane mendiak ikusi daitezke.
11:10, Erdikoatxa, 1.026 metro, 9,5 km. Hemen ere gailurrean argazki pare bat azkar-azkar egin eta bidearekin jarraitu genuen.
Iker Erdikoatxan.
Ni gailurrera iristen.
Udalaitz ikusgarria benetan.
Erdikoatxatik kontu handiz hartu genuen Uztepe Sakona kanala amaitzen den lepora (Uztepe Osta) arteko bidea. Jaitsiera honetan ibilbide osoan topatu genuen haizerik indartsuena jasan genuen: "joer, jaitsierak tximini efektue bezela itteo" esan zidan Ikerrek, "ba bai, haize guztie hemendio sartzeala emateo" erantzun nion. Erdikoatxatik Udalaitzera dagoen ikusmira ikusgarria da, batez ere honen ipar-mendebaldeko gailurrean dagoen horma, eta badirudi ertzetik jarraitzea ezinezkoa dela, edo gutxienez eskaladako pausu serioak egin beharko ditugula.
Uztepe Osta lepotik gora ertza zorroztu eta bertatik metro batzuk egin ondoren Kanpazar mendatetik datorren ohiko bidearekin bat egin genuen. Hasieran zalantzan izan ginen ertzetik jarraitu hala ez, batez ere gainean, bidearen ondoan, dagoen koba ikusi genuenean: "ze ingodeu, bidetio segi edo kresteatzen?" Galdetu zidan anaiak, "hola koba ikusiko deu". "Honaño kresteatzen iritsi bagea nik goraño segiko nuke, koba beste baten ikusiko deu" erantzun nion.
Ertza estua dagoen lekuan eta jarraituko genuen bidea.
Atzera begirada, Erdikoatxa urrun gelditzen hasi da.
Ohiko bidea utzi eta ipar norabidea hartu genuen erdi-zapaldutako bidexka bat jarraituz. Honelako batean, makuluen puntek akuilu moduan milagarrenez hanketan min egin zidatenean, Ikerri begiratu eta makuluak motxilatik kentzeko eskatu nion: "oaintxe bertan menditio bera porkulo hartzea botako nituzke!!!!" esan nion, "uste segurugo dela eskun eramatea motxilatik zintzilik eramatea baño". Makuluak eskutan hartu eta aurrera jarraitu nuen. Kuriosoa da batzuetan gauza tontoenek bat haserretzeko zein ahalmena duten, jejeje.
Udalaitzen ipar-mendebaldean dagoen gailurraren "brankara" gerturatzen ginen heinean Erdikoatxatik zirudien horma bertikala etzaten joan eta oinez igo zitekeela ikusi genuen, gutxienez jarraitu genuen bidexka jarraituz. Bidexka harkaitzen arteko pasabide batean sartu eta, eskuak erabili gabe, tontorrera iritsi ginen: "Udalaitz bertan deu!!" Esan nion anaiari.
"Brankara" igotzeko jarraitu genuen bidexka.
Udalaitzen ipar-mendebaldeko gailurrean eta hemendik gailur nagusira dagoen bidea.
Hemendik Udalaitzera ez genuen zailasunik topatu eta belarrez estalitako malda motz eta gogor baten ondoren gailurrera iritsi ginen.
Azkeneko maldan.
Iker Udalaitzera iristen.
11:40, Udalaitz (edo Udalatx), 1.120 metro, 9,9 km. Galurrean mendizale asko topatu genuen: "ibilbide earra, ez?" Esan nion anaiari, "ba bai, ipar aurpegi hoi Aizkorrikoa gogoratuit" erantzun zidan, "pena hain bajue izatea, ze hemen elurrek eztu asko aguantauko".
Ni Udalaitzen
Udalaitzetik dauden bistak ederrak dira: nonahi ikusten den Anboto, Aralar, Aizkorri... Argazki kamera atera eta argazkiak egin eta egin aritu nintzen.
Aizkorri Udalaitzetik
"Bueno oain pareko gurutzea ta gaurkoz listo" esan nion anaiari.
Gurutzea Udalaitzetik
Udalaitzetik aurrerako ertza jarraitu eta ipar-ekialdean dagoen lepora jaitsi ginen. Bertan, eliza izandakoaren hondakinak daude. Eliza hau Jasokundearen Santutegia izan zen eta bertan eremitak bizi ziren beraien bizitza, herri eta mundutik aparte, Jainkoari emanez. Elizaren honen berri dagoeneko Esteban de Garabay arrasatear historialariak eman zuen 1.570 urtean. IV mendean Zaragozako gotzaina izan zen San Valero hemen bizi eta hil zela esaten da.
Atzera begirada Udalaitzetik egindako jaitsiera.
Hondakinei egindako bisita azkarraren ondoren, arazorik gabe gurutzera iritsi ginen.
11:48, Gurutzea, 1.070 metro, 10,2 km. Dirudienez gurutze hau hemen jarri zen eta ez punturik gorenean bailara osotik ikusi ahal izateko, eta egia esan balkoi ikusgarria da.
Iker gurutzera iristen.
Ni gurutzean
Gurutzean argazki batzuk egin eta, mendebaldera metro batzuk eginez, Udalatik Udalaitzera doan ohiko bidearekin bat egin genuen.
Gurutzetik beherako bidea.
Behin bidean, haizeagatik babestuta, haizerako txamarra kendu eta galtza motzak jarri genituen, bide batez zerbait jan eta edateko ere aprobetsatuz.
Udalatik datorren ohiko bidearekin bat egin genuenean.
"Joer, badator jendea mendi honeta" esan nion anaiari, "Txindoki emateo". Gehiegizko arropa kentzeagatik freskoago arin-arin abiatu ginen maldan behera.
Jaitsiera motza izanagatik igotzeko gogorra izan daitekeela iruditu zitzaigun: "ostia, hemen malda badaula" esan zidan Ikerrek. Arin-arin, metroak erraz irabazi genituen, maldan behera ohikoa izaten den moduan, jejeje.
Maldan behera Udala bistan dugula. Motza bada ere malda "potentea" da.
Mendi-bideak pista bati pausu eman zionean azkarrago jaitsi ginen oraindik, tarteren batean korrika txikian ere arituz: "ostia, gogorra itteala mendiko botak eta motxila astunarekin korrikan ittea" esan nion anaiari 8 kg-etatik gora generamatzan motxilei seinalatuz.
Azkenean, lau ordu eta erdiko ibilbidearen ondoren, eguerdiko hamabiak eta hogei minutuetan kotxera itzuli ginen. Motxilak kotxearen maleteroan bota, Itziri dagoeneko kotxean geundela esateko deitu eta ongi hidratatu ondoren etxerako bidea hartu genuen.
Pistaren amaieran, Udalara iristen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina