AZKEN 10 SARRERAK
kopako harria etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
kopako harria etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2025/09/04

KOPAKO HARRIA, URDABURU ERTZ HERRIKOIA, 110 m, V+. 2025-08-24


Bidearen oinean jarrita dagoen plakatxoa.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Uztailaren 5ean, Kopako Harriako San Antongo ertzara hurbiltzen ari ginela, “Tartalo” sektorera iritsi aurretik zerbaitek atentzioa eman zion Asierri:

- Urdaburu ertz herrikoia hemen behean hasi genuen?
- Ez, gorago – erantzun nion -. Ze ba?
- Plaka hemen azpin jarrita daulako.

Asier zegoen lekura hurbildu nintzen eta ezproi baten oinean plakatxo bat ikusi nuen, “Urdaburu ertz herrikoia” zioena. Aldaera berri bat? Horrela ez bazen, 2017an eskalatu genuenean osorik eskalatu genuen? Zalantza sortu zitzaigun eta bide hori berriro eskalatzeko aitzakia bagenuela ondorioztatu genuen; are gehiago Berria egunkarian argitaratu dudan azken kronika gandor honetakoa izan dela ikusita.

Beldur nintzen Berrian argitaratutako artikulua irakurri ondoren norbait gandor hori eskalatzen hasi eta artikuluan idatzitakoarekin zer ikusirik ez izatea, ezusteko desatsegin bat eraginez; are gehiago bidea orain zailagoa bazen. Horregatik, abuztuko oporraldiaren amaiera “ospatzeko” Asierri bide hau “berriro” eskalatzea proposatu nion, blogeko eta Berriako kronikak eguneratzeko helburuarekin.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 110 metro.
- Luze kopurua: 4.
- Nork irekia: Sonia Rodriguez eta Txingu Arrieta 2012an. 2024an, lehenengo bi luze “originalak” Txingu Arrietak berreskuratu eta ekipatu ditu.
- Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1ºL: V (20 m), 2ºL: V (30 m), 3ºL: V+ (30 m), 4ºL: IV (30 m).
- Orientazioa: Hegoaldea.
- Ura: Ola Berri jatetxean hartu daiteke.
- Hurbilketa: San Antongo lepotik "Tartalo" sektorera doan bidea hartuko dugu. Tartalo sektorera iritsi aurretik dagoen kanal nabarmenaren eskuin ertzeko gandorraren oinean hasten da bidea. Kotxea uzten den lekutik bidearen oinera 15 minutu pasako ditugu.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik ezkerretara dugun kanal belartsura zuzenduko gara eta kanal belartsu hau jaitsiko dugu (tartean soka finkoz babestutako bi puntu daude) igoerako bidearekin bat egiteko.
- Eramandako materiala: 50 metroko soka bakarra, luzera ezberdinetako 6 express zinta eta zinta batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke, bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren hegaztiak eta animaliak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu bete eta berrogeita hamar minutu.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak. Argazkiak Kopako Harriako sektore ezberdinen eta San Antongo ertza  bidearen kokalekuak ikusi daitezke.

Krokis zehatza. Argazkia handituz gero, bidean zehar jarritako aseguruen kokalekua ikusi daitezke.

DESKRIBAPENA

Hilabete eta erdi zen Asierrekin eskalatzen ez nuela. Bueno, egia esan, hilabete eta erdi zen eskalatzen ez nuela. Horregatik, kotxez egin genuen bidaia-ordua aprobetxatu genuen egunean jartzeko: batak Alemaniako oihan beltzeko ur-jauzi, herri eta ohituren berri ematen zuen bitartean, besteak Kanarietako La Palma uharteko banana, aldapa eta sumendien berri eman zuen.

Eta La Palmako sumendien haritik Espainia eta Portugalen izan diren (eta dauden) suteetara iritsi ginen. Erregistroak daudenetik gertatu diren sute handienek mendiak eta herriak erretzen dituzten bitartean, boterea duten politikarien (eta horien aldekoen) eta botere hori nahi duten politikarien (eta horien aldekoen) arteko liskarrek hartzen ari diren protagonismoari buruz hitz egiten aritu ginen, sare sozialetan “fake news” (edo berri faltsuak) delakoak geroz eta gehiago erabiltzen ari direnak beren argudioak defendatzeko edo besteenak erasotzeko. Eta sare sozialetan arau bihurtu den eztabaidatzeko modu hori ohitura bihurtzen ari da sare sozialetatik kanpo. Badirudi ez ditugula eztabaidak hasten besteen ikuspuntua ulertzeko eta elkar aberasteko, baizik eta besteak gure ikuspuntuaz konbentzitzeko edo besteen ikuspuntuari erasotzeko, argudiatzen dutena entzun ere egin gabe.

Geroz eta gehiago kezkatzen nau gizartea hartzen ari den norabideak eta nire ustez normalizatzen hasi diren muturreko mezuek, batez ere eskuin muturretik datozenek, batez ere, gazteen artean. Dena zuria edo beltza dela sinetsarazi digute, bi kolore horien artean gris tonu desberdinak daudela ezkutatuz. Eta iruditzen zait pentsatzeko eta eztabaidatzeko modu hau gizartearen alderdi guztiak zipriztindu dituela, pertsonen eskubideetatik (berdin dio haien jatorria, egoera soziala eta ekonomikoa, generoa edo sexua) eta herrien eskubideetatik hasi eta osasun mezuetaraino. Tartean, zoritxarrez, eskalada eta mendizaletasuna ez dira korronte dikotomiko horretatik salbu geratu. Eta horrek guztiak tristura ematen dit, beldur bainaiz gizatasunaren etorkizuna, sutan jarraitzen duten mendien antzera, erraustuko ote den haizeak eramango duen errauts bihurtuz.

Ordubetez eguneratu eta hausnartu ondoren, goizeko zortzi eta erdietarako San Antongo lepoan geunden, kotxea aparkatuta, irteteko prest. Belarra estaltzen zuen ihintzak gaua freskoa izan zela salatzen bazuen ere, zeru garbiak eta eguzki izpien koloreak eguna beroa zetorrela zioten, eguraldiaren iragarpenekin bat etorriz.

Bidea non hasten zen bagenekienez, berehala iritsi ginen hara; Asier aurretik, bide erdian zeuden amaraun bustiak kenduz gaztainondo-adar txiki batekin, eta ni atzetik, amaraunetatik salbu, uda honetan arratoi batekin bizi izan dugun abentura kontatzen. Ziur ginen bide hau eskalatu genuenean ez ginela plakatxoa dagoen tokitik hasi, eta, nire kasuan, uste nuen luze bat eskalatu ondoren 2017an eskalatu genuen lehen luzearen oinera iritsiko ginela, orduan nik hasi nuena. Horregatik eskatu nion Asierri bidea nik hasteko, 2017an eskalatutako luzeen eskalada ordena aldatzeko asmoarekin.

Asier eskalada hasten den lekuan. Bere ezkerrean plakatxoa ikusi daiteke.

- Ea luze honek ze zailtasun dauken, jejeje – erantzun zidan irribarretsu, soka lotu nuenean.
- Ostia, hori pentsatu gabe neon – erantzun nion -. Espero det 6a baño gehio ez izatea, jejeje.

- Lehen luzea, 20 metro, V. Bidearen izena duen plakatxoaren alde batetik eta bestetik begiratu ondoren, bere eskuinetik eskalatzen hasi eta lehen paraboltetik aseguratu nintzenean sabai txiki baten azpian jarri nintzen, bigarren paraboltak aseguratzen duena (IV-). Kopako Harrian edo Aiako Harrian eskalatu dudan bakoitzean bezala, nahiz eta harkaitza hezea eta oso latza zela iruditu, beti bezala, itsasgarritasuna itzela duela baieztatu nuen.

Bigarren paraboltetik express-zinta pasatu eta sabai txiki hori eskalatu nuen (IV) eta horma inklinatu bat eskalatzen jarraitu nuen erlaitz zabal eta belartsu batera iritsiz, zeinetatik jaitsi daitekeen eskuinetik oinez. Hurrengo parabolta erlaitzaren beste aldeko horman zegoela ikustean, sokaren gehiegizko marruskadura ekiditeko, hirugarren paraboltean express-zinta luze bat jarri nuen.

Sabai txikia eskalatu ondoren.

- Oaingoz ondo dijo – esan nion Asierri erlaitzaren gainetik -, baina esango nuke zailena oain hasten dela.

Erlaitza zeharkatu (II) eta haren beste aldeko horma tentearen oinera iritsi nintzen. Tentea izan arren, horma horretan helduleku onak zeudela iruditu zitzaidan, horregatik ez nuen zailtasun handirik izan metroak irabazteko (IV+). Seigarren paraboltera iristeko, gehiago pentsatu behar izan nuen nondik jarraitu: ezkerretik ala eskuinetik? Hasieran eskuinera jo nuen, huntz-adar bat duen diedro txiki eta tente batera, baina huntza ikusteak bidea ez zihoala hortik pentsarazi zidan. Orduan ezkerrera jo nuen eta handik jarraitu nuen, pixka bat estutuz, paraboltaren ondora iritsi nintzen arte (V), zerua estaltzen duen sabai baten azpian dagoena. Parabolt honetara ezkerretik iristea errazagoa den arren, pixka bat zikinagoa ere badago, hortik pasa nuen “estualdi” laburra.

- Oain bidea ezker aldera dijo, ez? – Esan zidan Asierrek – Parabolt bat ezkerren ikusten det eta.

Gora begiratu nuen eta lasaitu egin ninduen sabaian paraboltik ez ikusteak, luzea handik ez zihoalako seinale.

- Bazpare eskubiko aldea ikustera nijo – erantzun nion.

Baina horma makurtutik eskuin aldera atera nintzenean, ez nuen parabolt gehiago ikusi.

- Nik hemen ez det ezer ikusten – esan nion Asierri.
- Ordun ezkerretik jarraituko du – erantzun zidan.

Paraboltaren ondora itzuli eta ezkerrerantz eskalatzen jarraitu nuen, sabaia ezkerretik inguratuz, erlaitz batera igo nintzen arte (IV). Han aurkitu nuen lehen bilgunea, tailerren batean egindako bi aseguruz osatua.

Lehenengo bilgunea eta bere aseguru "kaxeroak".

Lehenengo bilgunetik behera egindako argazkia. Luzearen azkeneko parabolta ikusi daiteke.

Lehen bilgunearen kokalekua bidearen hasieratik ikusita.

- Reunio hau “anclajes Marcelino”-k patrozinatzen du – esan nion Asierri bilgunea muntatu nuenean.
- Zer? – Erantzun zidan harriduraz.
- Lasai, iristen zarenen asmauko dezu zergatik esan deten.

Asierrek lasai eskalatu zuen lehen luzea. Seigarren paraboltera iritsi zen, huntz-adarra dagoen diedro tentea eskalatuz eta uste eta nahi baino gehiago estutuz.

Lehen bilgunea erlaitz belartsutik ikusita.

Asier erlaitz belartsura iristen.

- Fijau zea hasieran helduleku bat sikakin lotuta daula? – Esan zidan seigarren paraboltetik.
- Aiba, ba ez!!

Seigarren paraboltaren ondoan.

Bilgunera iristean, harriduraz begiratu zien bilgunea osatzen zuten bi aseguruei. Haietako batek parabolt itxura zuen, bestea altzairuzko xafla oker bat zen, “anclajes Marcelino” zioen pegatina batekin.

- Oain ulertzen den “Anclajes Marcelino”-na, jejeje – esan zidan irribarretsu, aseguruari argazki bat egiten zion bitartean.

Lehenengo bilgunean, "anclajes Marcelino" dela eta txantxetan.

- Bigarren luzea, 30 metro, V. Bilgunearen gainetik dagoen horma makurtua eta lehenengo bi parabolten kokalekua ikusi genituenean, argi geratu zitzaigun lehen metro horiek eskalatzea ez zela paseo bat izango. Atentzioa eman zigun, halaber, lehen metro horietan sikakin (zementu mota bat) itsatsitako harkaitzak ikusteak.

- Harkaitz hoik gutxiñez ez die askauko, jejeje – esan nion Asierri eskalatzen hasi aurretik.

Horma makurtua izan arren, eskuetarako eta oinetarako helduleku onak dituela iruditu zitzaigun, eta Asierrek ez zuen zailtasun handirik izan bigarren paraboltaren ondora iristeko (V).

Luzearen hasieran.

Parabolt horretatik eskuinera zeharkaldi horizontal bat egin zuen (III+), eta sikakin itsatsitako helduleku batetik zuzen igota gandorraren punturik altuenera iritsi zen (III).

Gandorraren punturik altuenean.

- Aurren zinta bat dauken parabolt bat ikusten det – esan zidan -, ta bere eskubin beste bat, berria, arista batera dijona.
- Pentsatzen det “ertz herrikoia” izena badu aristatik jarraituko dula, ez?
- Bai, baña aristatik jarraitzen badet guk eskalatu genun lehen luzetik desbiauko gea - erantzun zidan.

Azkenean eskuineko parabolt distiratsura zuzendu zen. Horretarako, gandorraren puntatik pareko beste gandorrerantz jarraitu zuen, ezkerretara zintadun parabolta utziz. Parabolt berri eta distiratsuak aseguratzen duen hormatxoa eskalatu ondoren (IV), gandorraren gainera igo zen eta bere ahotik jarraitu zuen, amaieran dagoen puntara igo arte (III). Punta horretan aurkitu zuen bigarren bilgunea, hura osatzen duen paraboltetako batean soka bat lotuta.

Bilgunera iristeko jarraitu behar den bidea. Gandorraren hasieran parabolt distiratsua ikusi daiteke.

Luzearen hasierako pasagunea eskalatu ondoren, gandorraren puntara igota.

Luzearen hasierako pasagunea eskalatu nuenean, jakin-minez joan nintzen zintadun paraboltera zer aseguratzen zuen ikustera. Hara iritsi nintzenean ikusi nuen parabolta eta bertan jarritako zinta oso zaharrak zirela eta haraino ez zela eskalada-lerrorik iristen. Paraboltaren beste aldera begiratu nuenean, 2017an “Urdaburu ertz herrikoia” eskalatzen hasi ginen lekura jaisteko aukera zegoela iruditu zitzaidan.

Zintadun parabolt zaharra.

Bilgunera iritsi aurretik igo behar den gandor zatia.

- Igual guk hasi genuen lekura jaisteko jarrita dau? – Galdetu zidan Asierrek bigunera iritsi nintzenean.
- Baliteke – erantzun nion -, baña parabolta eta zinta oso zaharrak die.

Aurrean hirugarren luzeak zeharkatzen dituen orratzak genituen, bata bestearen gainean, Eginoko Usoa eta Aztorea balira bezala.

Bigarren bilgunean, hirugarreneko lehen orratza seinalatzen. Ezker eskuan bilgunean lotutako soka daukat.

Lehenengo orratzaren oinera iristeko, bilgunetik jaitsi nintzen bertan jarritako sokaren laguntzaz (II+), eta 15 bat metro ibili nituen. Bide egokitik goazela adierazteko, orratzaren lehen paraboltean zinta bat jarrita jarraitzen duela ikusi nuen.

Bigarren "bis" bilgunean.

Bigarren bilgunea bigarren "bis" bilgunetik ikusita.

- Bideak irabazi duela esango nuke – esan nion Asierri, bigarren “bis” bilgunera iritsi nintzenean.
- Bai, oain zuzenago doa – erantzun zidan – ta gañera aristaren gañetik denbora guztin.

2017an bezala, eskalada hasten den harkaitz-bloke handira igo nintzen (II+), Asierrek bloke horren azpitik aseguratzen zidan bitartean. Harkaitz-bloke honen gainean bi pertsona sar daitezke, baina lekua ez da oso zabala eta ez dut uste eroso egongo direnik.

- Hirugarren luzea, 30 metro, V+. Ezkerretik, eskuinetik, eskuinetik, ezkerretik, esku bat zimur batera, oin bat bestera, oina igo, oina jaitsi… horrela ibili nintzen luzea eskalatzen hasi aurretik, horman dauden zimur eta helduleku guztiak laztanduz luzearen lehen metroak nondik hasi asmatzeko. Aukera desberdinei begiratu ondoren, eskuineko oina orratzaren eskuineko ertzean dagoen koska batean jarri, ezkerreko eskuarekin zimur txiki bati eutsi eta, eskuineko eskuarekin eskuineko ertzari nolabait helduta, gorputza altxatu nuen pixkanaka, lehenengo paraboltaren parera iristeko (V+). Nahiz eta hasierako pasagunea motza izan eta ondo aseguratuta dagoen, oinetan konfiantza osoa izatea eskatzen duen horietakoa da.

Lehen paraboltetik bigarrenera, orratzaren eskuineko ertzetik eskalatzen jarraitu nuen, bertan dauden helduleku onak aprobetxatuz (V), eta bigarren paraboltera aseguratu nintzenean, ez nuen zailtasunik izan orratzera igotzeko.

Orratzaren gainetik behera egindako argazkia.

Luzearen zatirik zailena eskalatuta dagoela jakiteak ematen duen lasaitasunarekin, orratzaren beste aldeko hormara joan eta goiko ertzetik eskuinerantz eskalatzen jarraitu nuen hainbat metrotan, horma honen gainean jarri nintzen arte (IV+).

Ezker-eskuin eskalatzen den hormaren gainean.

Bilgunera iristeko, aurrean nuen bigarren orratzera pasatu eta hura eskalatzea besterik ez zitzaidan falta. Laugarren parabolta ezkerrean utzita, metro pare bat eskalatu eta ezkerrerantz zeharkaldi motz bat egin nuen parabolt honen gainean jartzeko (IV). Hurrengo parabolta urrun ikusten nuen, beharbada “urrunegi”, baina banekien haraino iristeko tartea ez zela oso zaila. Hala ere, zuhurtziaz eskalatzen jarraitu nuen, formazio berezi batzuk (sabai txiki batzuk balira bezala) eskuinetara utziz, eta zuzen eskalatzen jarraitu nuen, tarterik errazenak bilatuz, orratzaren gainera igo nintzen arte (IV).

Bigarren orratzaren gainean.

Bigarren orratzetik behera egindako argazkia.

Orratzaren beste aldera pasa eta atzeko hormarekin osatzen duten lepotxoa zeharkatu nuenean bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi nintzen.

Asier aseguratzen ari nintzela konturatu nintzen nolako beroa egiten hasi zen. Ordura arte, ziurrenik eskaladan kontzentratuta nengoelako, ez nuen berorik sentitu, baina orain izerdi tantek belaunen azpitik irrist egiten zutela sentitzen hasia nintzen. Galtzak jasotzear egon nintzen, baina eguzkitako kremarik eman ez nuenez, nahiago izan nuen izerdiaren sentsazio hezearekin jarraitu.

- Beroa egiten hasi da bai – esan zidan Asierrek bilgunera iritsi zenean.
- Txarrenetik luze bakarra falta zaigu – erantzun nion -. Berok gogor jotzen duenerako kotxen eongo gea.

Hirugarren bilgunean.

- Laugarren luzea, IV, 30 metro. Azkeneko luze hau ederki laburbildu nuen eskalada-bide honi buruzko kronika zaharra idatzi nuenean: “luzeak pixkanaka etzaten doan horma jarraitzen du”. Eta hala da, nahiz eta hasierako metroak inklinatuak izan.

Asierrek zailtasun handirik gabe eskalatu zituen hasierako metro inklinatu horiek, aseguruen arteko tartea luzea bada ere, bertako helduleku onak ongi aprobetxatuz (IV). Bigarren paraboltaren gainetik, horma bi zatitan banatzen duen erlaitz belartsu eta nabarmen bateraino etzaten da horma (III).

Lehenengo paraboltaren ondoan.

- Parabolt batzuk mugitu egiten die – esan zidan erlaitza zeharkatu zuenean.

Asierrek esandakoa ez zitzaidan ezezaguna egin. Geroago etxean irakurriko nuenez, 2017an bide hau eskalatu genuenean Asierrek toki berean gauza bera esan zidan. Eta orduan erantzun nion gauza bera erantzun nion:

- Jakin ezkeo giltza batekin estutuko genitun.

Erlaitz belartsuaren gainetik horma pixka bat tentetzen da berriro ere, baina heldulekuak onak dira oraindik (IV). Bosgarren paraboltera iritsi zenean gelditu egin zen une batez, baina berehala konturatu zen zertxobait ezkerrera jo behar zuela seigarren paraboltera iristeko.

Bosgarren paraboltaren ondoan.

Seigarren, eta azken, paraboltetik zuzen jarraitu zuen arrail baten ondoan, horma eskalatu eta lurrean dagoen harkaitz batean jarritako bi paraboltek osatutako azken bilgunea aurkitu zuen arte (IV).

Argazki honetan bosgarren eta seigarren paraboltak ikusi daitezke, baita, gutxi gora behera, bilgunearen kokalekua ere.

- Honaño ere iritsi gea!!! – esan nion bilgunera iritsi nintzenean, bostekoa emanez.
- Ze ordutan bizi gea?
- Hamaikak hamar gutxi – erantzun nion -. Gaur etxera bazkaltzeko sobran iritsiko gea.

Azken bilgunean.

Materiala jasotzen ari ginela, bi gazte motxiladun agertu ziren jaitsiera-kanalean, eskuan aitzurrak zituztela. San Antongo ertza eskalatu genuenean bi gazte horma batean garbiketa lanak egiten ikusi genituenez, hurbildu egin ginen haiek izango zirelakoan. Kasualitatea, Xabier Galdos eta Asier Intziarte ziren, Aitzol Isasarekin batera “Kopako hirukotea” osatzen dutenak, azken urteotan Kopako Harriako eskalada-bide zaharrak zaharberritzeko eta bide berriak irekitzeko lanean ari direnak.

- Honea lehen frantsesak bakarrik etortzen ziren eta espit zaharretatik nola zintzilikatzen ziren ikusteak beldurra ematen zuen – kontatu zigun Xabierrek.

Egiten ari diren lan mardularen berri eman ziguten; izan ere, eskalada-bide zaharrak zaharberritzen hasi zirenean, aseguru gehienak herdoilduta zeuden, eta hormak “abandonatuta”.

- Jartzen ari garen seguru guztiak inoxidableak dira – esan zigun Xabierrek -, ze gezurra badirudi ere itsasoko kresala bertaraino iristen da eta aseguruak berehala herdoiltzen dira.

Esan ziguten beraien helburua eskalada-eskola honi garbiketa sakona ematea eta eskalatzaile mota guztientzat bide berriak irekitzea dela, Kopako Harria biziberritzeko eta eskalatzaileak erakartzeko.

- Pareta hauetan goroldioa berehala ateratzen baita, jejeje.

San Antongo ertzari buruz galdetu genienean, 2023an ireki eta ekipatu zutela erantzun ziguten. Urdaburu ertz herrikoiaren luze berriei dagokionez, Txingu Arrietak eta Sonia Ruizek eskalatu zuten bide originala hura zela esan ziguten, duela gutxi Txinguk berak berreskuratu duena. Antxon Gorrotxategik, Mikel Saez de Urabainek edo Josema Berrocosok bezala, Xabierrek eta Asierrek pasioz hitz egin ziguten Kopako Harrian, baita Pirinioak eta Kantauri mendilerroan, besteak beste, berreskuratu eta ekipatu dituzten bideez. Kopako Harriari dagokionez, bertan dauden eskalada-bide guztiak argitaratzeko blog bat sortzeko asmoa zutela ere esan ziguten.

Azkeneko bilgunetik dagoen ikusmira. Horregatik bakarrik merezi du bide hau eskalatzeak.

Asierrekin eta Xabierrekin izandako solasaldiak ginga jarri zion eskaladari; izan ere, kronikaren hasierako hausnarketa gogoratuz, gizatasunarentzat itxaropena badagoela erakutsi zigun. Egindako lana eskertuz, bakoitzak bere bideari jarraitu zion.

Urdaburu ertz herrikoiari dagokionez, uste dugu bideak edertasunean eta eskalatzen diren metroetan irabazi duela, eta orain berezko lerroa jarraitzen du, ondoan dituen beste bideetatik bereiziz. Xabier eta Aitzolek animatu eta eskertu egin ziguten Kopako Harrian dauden eskalada-bideei buruzko informazioa zabaltzea, eskalatzaile gehiago Euskal Herrian dugun txoko berezi honetara etortzera animatuko dituelakoan.

- Ea bertako jendea animatzen hasten den hemengo bideak eskalatzera!!!

Xabier eta Asierrekin izandako solasaldiak zer pentsatua eman zigun, baita beste hausnarketa bat ere, kotxera iritsi arte. Zein jarrera desberdina duten bi eskalatzaile horiek eskalada-bideak ireki eta isilpean eta beraientzat bakarrik uzten dituzten eskalatzaileekiko, bide hauetako asko ahanzturan geratzen direlarik. Eskalatzaile hauek beren jarrera justifikatu ohi dute esanez gune horiek ustezko masifikazio batetik eta horrek ekar ditzakeen ondorioetatik babestu nahi dituztela, hala nola norbaitek bide berriak irekitzea beraiek buruan duten lerroren bat "lapurtuz"; eta ez naiz harkaitz-eskaladaz bakarrik ari. Ulertzen badugu ere, ez gatoz bat egoista iruditzen zaigun jarrera horrekin. Gure amets mendizaleak gure aurrekoek partekatu eta zabaldu zituzten ametsen lorpenetik elikatu dira, eta, trukean, gure ametsen lorpenak partekatzeko betebeharra dugula uste dugu, beste mendizale batzuen amets mendizaleak egiten edo lortzen laguntzeko. Mendizaletasunean harrotasunez esan ohi dugu “izan zirelako gara”, baina, garelako izango dira?

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Velazquez C. Guía de escalada en Navarra, 396-398. Bilbo. Sua edizioak, 2022.
- Smithyrenbloga bloga. 2017/10/16. Kopakoarri (596 metro): "Urdaburu ertz herrikoia" bidea eskalatuz, 100 metro, 5c 2017/10/08. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2017/10/kopakoarri-596-metro-urdaburu-ertz.html


2025/08/25

KOPAKO HARRIA: "SAN ANTONGO ERTZA": 130 m, 6a. 2025/07/05


Kopako Harriaren hego-ekialdeko aurpegia, bertan dago kronika honetako bidea.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Euskal Herrian granitoan eskalatzeko aukera eskasa dago; izan ere, aukera bakarra Aiako Harrian edo handik gertu dugu, Euskal Herriko mendirik zaharrenak dauden tokian. Horien artean, Nafarroan, Kopako Harria dago, Endara bailarak Aiako Harriatik bereizten duena. Granitozko paradisu txiki honetan maila eta mota ezberdineko eskaladako bideak ditugu aukeran eta kirol-eskaladan pixkanaka izena hartzen ari den eskalada-eskola batean bihurtzen ari da; izan ere, Carlos Velazquezek “Nafarroan eskalada egiteko gida” liburu ospetsuaren azken edizioan Kopako Harriaren sektoreak eta bide guztiak sartu ditu.

Hainbat luzetako eskalada-bideei dagokionez, "Udaburu ertz herrikoia" zen Kopako Harrian ezagutzen genuen eskalada-bide bakarra, 2017an eskalatzeko zortea izan genuena. Eta nola ezagutu genuen kronika honetako bidea? Ba bitxia da bide hau eskalatzeko jarraitu behar izan genuen abentura, mundua uste baino konektatuago dagoela adierazten duelako:

Behin sare sozialetan kuxkuxean nenbilela, ez dakit non eta ez dakit nola “San Antongo ertza” aurkitu nuen. Begiak zeharo zabaldu zitzaizkidan: “uhmmmm, eskalada interesgarria dirudi…”. Baina interes hori berehala galdu eta eskalada-bide hau “ahaztu” nuen, Shantik, semearekin eskalatu ondoren, bide gomendagarria zela esan zidan arte. Instagrametik hartutako bidearen krokis partzial baten (ez zen lehen luzearen hasiera ikusten baina bai argitalpena nork egin zuen) pantaila-irudi bat bidali zidan, semearekin egindako eskaladaren argazki batzuekin batera. Shantik bidalitako krokisari jarraituz Instagramen argitalpena ikusi nuenean, eskalada honetako argazkien artean Juancar Sanz ezagutu nuen. Orduan, Antxon Gorrotxategirekin harremanetan jarri nintzen, Juancarren bitartez informazio gehiago lor zezakeen eskatzeko, eta argitalpena nork partekatu zuen esan nionean, bere lagun “Iku” zela erantzun zidan: “nirekin Ostadar inauguratu zuen berbera!!!”. A zer kasualitatea!!!

- Ikuri galdetuko diot ea zer esaten didan – erantzun zidan.

Ikuk erantzun zion bide ederra dela eta lehen luzearen hasieran pasagune arraro bat duela. Informazio honekin batera, sare sozialetan partekatu zuen krokis bera bidali zion, lehenengo luzearen hasiera ikusten ez dena. Hori ikusita, Shantirekin harremanetan jarri nintzen berriro eta bidea non hasten den gutxi gora behera azaldu ondoren, bidearen hasiera aurkitzeko funtsezko oharra eman zidan: “bidearen lehenengo paraboltean zinta laranja bat dago”.

Bidearen hasiera adierazten duen zintadun parabolta.

Asierri abentura honen guztiaren berri eman nionean, berehala antolatu genuen bide hori eskalatzeko plana, eta Antxon gurekin etortzera gonbidatu genuen. Baina oraingoan, pena handiz, Antxonek ezin izango zuen gurekin etorri.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 130 metro.
- Luze kopurua: 6.
- Nork irekia: "Kopako Hirukoteak" (Xabier Galdos, Asier Intziarte eta Aitzol Isasa), 2023an.
- Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: V (15 m), 2ºL: II+ (10 m), 3ºL: IV+ (33 m), 4ºL: IV+ (25 m), 5ºL: IV (20 m) eta 6ºL: 6a (30 m).
- Orientazioa: Hego-ekialdea.
- Ura: Ola Berri jatetxean hartu daiteke.
- Hurbilketa: San Antongo lepotik "Tartalo" sektorera doan bidea hartuko dugu. Tartalo sektoreko "Leire" eskalada-bidera iritsi baino 10 metro lehenago dagoen parabol lerroa da. Lehen paraboltean zinta laranja bat jarrita dago.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik eskuinerantz joko dugu eta hasieran belartsua den eta amaieran soka finko bat duen kanal bat jaitsiko dugu igoerako bidearekin topo eginez.
- Eramandako materiala: 50 metroko soka bakarra, luzera ezberdineko 12 express-zinta eta luzera ezberdineko zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu pasatxo.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak.

Krokis zehatza. Argazkia handituz gero parabolten kokalekua ikus daiteke.

Bidearen oinera arteko ibilbidea deskargatu nahi baduzue:

Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

Kotxea San Antongo lepoan aparkatu genuen, Endara urtegiaren ondoan dagoen Ola Berri jatetxetik abiatzen den zementuzko pista estu, sigi-sagatsu eta aldapatsua igo ondoren. Ez da aparkaleku zabal bat, baina dozena erdi kotxe sartu daitezkela esango nuke. Aparkalekuan bakar bakarrik geunden eta mendiaren isiltasuna goiz esnatutako kilkirren kantu monotonoek apurtzen zuten bakarrik; horiek ere, gu bezala, iragarritako bero eta sargoria saihestu nahian.

“Tartalo” sektorera doan ohiko bideari jarraitu genion, ihintzak bustitako garo eta belarrei ura kenduz. Hau izaten da mendian goiz ibiltzeagatik ordaindu beharreko prezioetako bat, bidea “oztopatzen” duten armiarma-sareak kentzearekin batera. Niri egokitu zitzaidan lan fresko eta heze hau egitea, biotatik galtza luzeak zituena ni bainintzen.

“Tartalo” sektorera iristear ginela zerbaitek atentzioa eman zion Asierri:

- Urdaburu ertz herrikoia hemen behean hasi genuen?
- Ez, gorago – erantzun nion -. Ze ba?
- Plaka hemen azpin jarrita daulako.

Asier zegoen lekura hurbildu nintzen eta ezproi baten oinean plakatxo bat ikusi nuen, “Urdaburu ertz herrikoia” zioena. Aldaera berri bat? Horrela ez bazen, eskalatu genuenean osorik eskalatu genuen? Zalantza sortu zitzaigun eta bide hori berriro eskalatzeko aitzakia bagenuela ondorioztatu genuen; are gehiago Berria egunkarian argitaratu dudan azken kronika ertz honetakoa izan dela ikusita.

Urdaburu ertz herrikoiabidearen hasiera.

Bideari jarraituz, kanal nabarmen batera iritsi ginen, geroago jaitsiko genuena aparkalekura itzultzeko, oinarrian mugarri handi eta berezi bat duena. Kanaletik igo gabe, orain arte egindako bidetik jarraitu, mugarriaren beste aldera igaro, eta 15-20 bat metro ibili ondoren, izenik gabeko parabolt lerro bat ikusi genuen.

Asier mugarriaren ondotik (bere ezkerrean) pasatzen.

Haraino hurbildu ginenean, altu dagoen lehen paraboltean Shantik esandako zinta laranja aurkitu genuen. Ez dakit bidearen izena idatzita duen plakatxo bat jarriko dioten oinean, baina non hasten den aurkitzeko beste modu bat “Leire” bidea identifikatzea da, hamar bat metro ezkerrerago dagoena.

Bidearen oinera iristen. Argazkian, zintadun parabolta ikusi daiteke.

Batzuetan, eskalatzera zoazenean, ez dakit zergatik gogoz sentitzen zara, konfiantzaz eta motibazioz betea, edozer eskalatzeko prest. Horrela sentitzen nintzen motxila lurrean utzi nuenean eta horregatik proposatu nion Asierri bidea hastea:

- Nahi dezun bezela.

- Lehenengo luzea, 15 metro, V. Esan bezala, gogoz nengoen, are gehiago oraindik ezagutzen ez genuen bide bat eskalatuko genuela jakinda. Horregatik ere sentitzen nituen kilimak urdailean, bi gurpilekin bizikletan ibiltzea ikasi eta errepide batean lehen aldiz ibiliko den haurraren antzera. Shantik esan zidan lehenengo luze hau V+ zailtasunaren inguruan egongo zela, baina gainerakoan ez genuen informaziorik, ez baita krokisean agertzen.

Soka arnesera lotu eta Asierri keinu bat egin ondoren ezkerrerantz diagonalean doan arrail handi batera igo nintzen, eta parabolt zintadunetik aseguratu ondoren sabel baten azpian jarri nintzen (III): “hau izango al da Ikuk Antxoni esan zion pasagune arraroa?”, pentsatu nuen.

Hormako sabelaren ezkerraldean jarri nintzen eta han aurkitu nituen helduleku onetatik tiraka, ez nuen zailtasun handirik izan bertara igotzeko (IV).

Sabeldun horma eskalatu ondoren.

Pasagune “arraroa” atzean utzita, aurrean nuen horma beltz berezira zuzendu nintzen (III).

Kareharrian eskalatzera ohituta, beti kostatzen zait granitoan eskalatzen hastea. Harkaitza latzagoa bada ere, ez ditu kareharriaren heldulekuak izaten, eta, oro har, helduleku horiek kamutsak izaten dira. Gainera, harkaitza hezea dagoela iruditzen zait beti. Sentsazio horiekin hasi nintzen horma beltza eskalatzen.

Horma beltzaren lehenengo bi paraboltak hormako eskuineko ertzetik gertu mantenduz eskalatu nituen, errazena iruditu zitzaidan bidetik (V). Gero, parabolten lerroari zuzenean jarraitu beharrean, batzuetan lerroaren eskuinaldetik eta beste batzuetan ezkerraldetik eskalatzen jarraitu nuen, arrail batera iritsi nintzen arte (V).

Arraila eskalatzen.

Metroak irabazi ahala, pixkanaka ohitzen joan nintzen harkaitzera, batez ere oinekin, granitoan katu-oinek uste baino gehiago eusten dutelako beti. Arraila eskalatuta (IV+), hormaren goiko ertzean dagoen bilgunera iritsi nintzen, bide osoan uztaidun bi paraboltez osatuta dagoen bakarra.

- Reunionnnn!!!

Argazki honetan lehenengo luze osoa ikusi daiteke.

Asierrek pazientziaz hartu zuen lehen luzea, tarte batzuk, soka gainetik zuela aprobetxatuz, nik eskalatu ez nituen aldetik eskalatuz.

Asier sabeldun horma eskalatu ondoren.

- Halere ez det uste ni igotako bidetik kinto baño gehio daukenik – esan zidan bilgunera iritsi zenean.

Bilguneraino iristen den arrailan.

Harritu egin ninduen Asier galtza motzekin etorri izanak, are gehiago granitoa oso urratzailea dela jakinda, galtza luzeekin eskalatzea gustatzen baitzaio belaunetan eta hanketan urradurarik ez izateko. Baina eguraldi iragarpenak galtza motzak eramatera gonbidatzen zuen, bero ikaragarria espero zelako; eta honelakoetan zaila izaten da galtza egokienak aukeratzea.

- Bigarren luzea, 10 metro, II+. Bigarren luzea bezala izendatu ditudan metro hauek trantsiziozko metro batzuk besterik ez dira. Dena dela, metro hauek parabolt batek babesten zituela ikusi genuenean, “badaezpada” luze baten moduan eskalatzea erabaki genuen.

Asier bilgunetik eskuinera irten zen, eta kanal belartsu bat zeharkatu zuen ezkerretik eskuinera, lauzpabost metrora dagoen gandorrera hurbilduz, non luzearen parabolt bakarra dagoen. Handik aseguratu ondoren, gandorraren beste aldera pasa eta oinez iritsi zen bi paraboltez osatutako bilgunera, bietako batek zinta laranja bat duena. Gandorraren zeharkaldi hori errazagoa da haren oinetik egiten bada, baina bertan jarritako parabolta hain altu dagoenez, altua ez bazara behintzat, zeharkaldi hori goragotik egitera behartzen zaitu.

Asier bigarren bilgunean. Argazkian "luze" honetako parabolt bakarra ikus daiteke.

Lehenengo bilgunea bigarrenetik ikusita. Bilgunean dagoenatik izango ez balitz, kusmira ederra da.

- Hurrengo luzea ere zuk eskalatu beharko dezu, ez? – Esan nion irribarretsu bilgunera iritsi nintzenean -. Hau ez degu luze bezela kontsideratuko, jejejeje.

- Hirugarren luzea, 33 metro, IV+. Harkaitzaren zimurrak aprobetxatuz, bilgunetik zuzen irten eta erlaitza batera igo zen, eta metro batzuk eskalatu ondoren, horma eskuinetik ezkerrera diagonalean mozten duen arrail zabala zeharkatu zuen, hormaren ertzera igotzeko (IV).

Erlaitzaren gainean, eskuin aldera eskalatzen hasi aurretik.

Horma mozten duen arrail zabala zeharkatu ondoren.

Asierri ere ikusten zitzaion pixkanaka granitora ohitzen ari zela, kontu handiz eskalatzen ari zelako. Zailak ez diren metro tente batzuen ondoren (IV), horma zertxobait etzaten den lekuan, arrail eder baten parera iritsi zen, paraboltik izango ez balu, friend-ekin oso ondo babestuko litzatekeena.

Arrail ederra azpitik ikusita. Gorago, Dülfer moduan eskalatzen den harlauza ikus daiteke.

Arrailatik eskalatzen jarraitu zuen eta, horma berriro tentetzen den lekuan, harlauza handi batekin topo egin zuen, Dülfer moduan eskalatzen dena (IV-). Eskuak magnesioz hautseztatu, harlauzak osatzen duen arrailean sartu eta, arnasa sakon hartu ondoren, eskalatzen jarraitu zuen askotan egin izan duen moduan gorputzarekin kontrapisua eginez, oinak jartzeko lekurik egokienak aurkitzen zituen bitartean (IV+). Pasagune tente hau babesten duen bigarren paraboltaren parera iritsi eta hormaren inklinazioa zertxobait jaisten zela ikusi zuenean, arnasketa lasaitu zuen, bihotz-taupadak berriro ere motelduz.

Harlauza eskalatu ondoren.

Luzearen azken metroak eskalatzen gozatu zuen eta, bidearen garbiketak utzi duen arrasto zuri eta nabarmen batetik jarraituz, ez zuen arazo handirik izan bilgunera iristeko (IV).

Arrasto zuria dagoen tartean.

Bigarren bilgunea hirugarrenetik ikusita.

- Krokisen luze honek hogeita hamar metro ditula jartzen du? – Galdetu zidan bilgunera iritsi nintzenean.
- Baietz esango nuke.
- Nik hiruzpalau metro gehio kontatu ditut.
- Soka jaso dezunen ere hogeita hamahiru metro inguru izan ditzakela iruditu zait.
- Ba ordun igual gure krokisen hogeita hamairu metro ditula jarri beharko degu, ez? – Proposatu zidan – Ea bakarren bat hogeita hamar metroko sokakin etorri behar den ta ez den reuniora iritsi behar.

Hirugarren bilgunean.

Laugarren luzearen oinera iristeko, bilgunetik ezkerreko joerarekin ibiltzen hasi ginen, “Endara” sektorera doan bidearekin topo egin arte. Orduan, ezkerretara hartu eta soka finko baten hasiera babesten duen paraboltaren gainean parabolt bakarti bat aurkitu genuen, hirugarren “bis” bilgunea osatzen duena.

Hirugarren "bis" bilgunea osatzen duen parabolt bakarra, soka finkoa lotzen duen paraboltaren gainean. Asier hirugarren bilgunean ikus daiteke.

Hirugarren "bis" bilgunea hirugarren bilgunetik ikusita. Laugarren luzeko lehen parabolten kokalekua adierazita dago.

Bitxikeria gisa, bilgunea dagoen lekuan harkaitz batek plataforma itxurako bat osatzen du, argazki ikusgarriak egiteko aukera ematen duena. San Antoni otoitz egin beharko diogu plataforma hau geroz eta ugariagoak diren influencer eta instagramer direlakoek deskubritu ez dezaten, bestela akabo horma hauetako lasaitasuna, jejejeje.

Plataforma "fotogenikoan".

- Laugarren luzea, 25 metro, IV+. Asierri “plataforma fotogenikoan” argazki batzuk egin ondoren bilgunea kokatuta dagoen horma bertikala zuzen eskalatzen hasi nintzen, hormaren eskuineko ertzarekin lagunduz (IV+).

Horma bertikalaren amaierara iristen.

Horma eskalatuta, erdi-oinez jarraitu nuen metro gutxi batzuetan, bigarren horma batera iritsi arte, aurrekoa baino etzanagoa eta errazagoa (IV-).

Bigarren horma eskalatu ondoren, luzeak nondik jarraitzen duen asmatu nahian.

Hirugarren "bis" bilgunea bigarren hormaren gainetik ikusita.

Bigarren hormaren gainera igo nintzenean, beste aldean amildegi handi batekin egin nuen topo: “iepaaaaa!!!!”. Luzeak handik jarraituko zuelakoan, hormaren eskuinaldera jo nuen bere ertzetik parabolt berri baten bila, baina hormaren punturik altuenera iritsi nintzenean amildegi berri bat zabaldu zen nire aurrean. Luzeak nondik jarraitzen zuen ez nekiela, azken paraboltera itzuli nintzen, eta berriro hormaren beste aldera begiratu nuenean, parabolt bat erdi-ezkutatuta ikusi nuen: “onaaaaa!!!”. Paraboltaren amuari jarraituz, hormaren beste aldera pasa eta zeharkaldi horizontal eta ikusgarri bat eginez bosgarren bilgunera iritsi nintzen, bi paraboltez osatuta dagoena, bietako bat zinta laranja batekin (III).

Laugarren bilgunean. Bosgarren luzeko parabolten kokalekua adierazita dago.

Asier bigarren hormaren gainean. Argazkian zeharkaldi horizontalaren paraboltetako bat ikus daiteke.

- Oain datorrena 6a-ko luzea da? – Galdetu nion Asierri hormara igo zenean.
- Uhmmmm, esango nuke hurrengoa dela – erantzun zidan -. Azkenekoa, ez?
- Vaya por Dios, orduan zuk luze gogorrari aurretik emateko kalkuluk gaizki egin ditut, jejeje – erantzun nion umoretsu.
- Ba gaur buruz ez nabil oso fin – erantzun zidan -, konfiantza gutxikin nago.
- Atzoko afari-meriendan ta Altamirako festetan edandako garagardok izango die, jejeje.
- Baliteke bai, jejejeje.

- Bosgarren luzea, 20 metro, IV. Lehen paraboltera iristeko, Asier bilgunearen eskuinetik irten zen, horman dagoen erlaitzera igo zen, eta ezkerrerantz zeharkaldi bat egin zuen erlaitz horren eta horma goitik mozten duen sabai handiaren artean (III).

- Zemuz?
- Ez da zaile baña bai inkomodoa. Zu altue izanda okerrago ibiliko zeala pentstzen det – erantzun zidan irribarre maltzur batekin.

Lehen paraboltetik aseguratu zenean, Asier hormaren beste aldera igaro zen, begi-bistatik galduz. Hormaren beste aldean, zertxobait eskalatzen jarraitu zuen ezkerrerantz, arrail bertikal baten azpian jarri arte (III+), eskuak bertan sartuz eskalatu zuena (IV).

Zeharkaldiaren ondoren eskalata behar den arrail bertikala.

Arraila eskalatu ondoren, horma etzanagoa da, eta, beraz, ez zuen zailtasun handirik izan bertara igotzeko eta bi paraboltez osatutako bilgunera iristeko (IV-).

- Luze honetan ez dezu esango altue izateagatik abantaila detela, ezta? – Esan nion bilgunera iritsi nintzenean.

Asierrek bete-betean asmatu zuen bere iragarpenean, eta lehenengo paraboltera iristeko egin zuen zeharkaldi elegantea lau oinetan egin behar izan nuen, ez oso dotore, motxilak sabaiaren kontra jotzen zuen bitartean. Barre egin zuen.

- Ahhh pajaroooo, zutzat terzero izan dena netzat 8c+ izan da, jejejeje – bota nion bion irribarreen artean.

Bosgarren bilgunea.

Seigarren luzearen oinera iristeko, bilgunearen eskuinaldetik irten ginen eta bertan dagoen zelaigunea horizontalean zeharkatu genuen, parean dagoen hormara joateko.

Seigarren luzearen hasten den lekuan. Luze honetako lehen parabolten kokalekuak adierazita daude.

- Paso gogorra hasieran daula emateu – esan nion Asierri materiala hartzen nion bitartean -, segurok gertu daudelako esaten det, jejeje.
- Hala emateu bai – erantzun zidan hasierako metroei begira, zein mugimendu egin beharko genituen neurtzen ariko balitz bezala -, baña kanto ona daukela emateu.
- Oaintxe ikusiko deu ea zemuzko heldulekuk dittun.

- Seigarren luzea, 30 metro, 6a. Luzearen lehenenengo bizpahiru metroak makurtuak dira, atzeraka botatzen duten horietakoak, baina pasagune hau oso ondo babestuta dago hiru paraboltekin. Eskuak magnesio hautsetan zuritu eta gutxi gora behera nondik eskalatuko nuen irudikatu nuenean, Asierri keinu bat egin nion adi egoteko.

Besoetatik uste nuena baino gutxiago tira egin behar izan nuen pasagunea eskalatzeko, eta konturatu nintzenerako hirugarren paraboltaren parean nengoen, zailtasun handienak atzean utzita (6a). Pasagunea eskuin alderako noranzkoarekin eskalatu nuen, eta eskuentzat helduleku oso onak daudela iruditu zitzaidan. Ia gehiago kosta zitzaidan pasagune gogorraren ondoren dagoen horma etzanera igotzea pasagune bera baino, ez baizitzaidan erosoa iruditu (V).

6a pasagunea eskalatu ondoren.

Horma etzan honetatik eskuin aldera jarraitu nuen parean dagoen horma bertikalera arte (II+). Horma honen lehenengo bi paraboltak ikusi nituenean, une batez pentsatu nuen 6a pasabidea ez ote zegoen lehen metro hauetan, behetik ikusita pasagune zaila iruditu zitzaidalako; baina bi parabolt hauen artean dagoen distantzia ikusi nuenean, argi geratu zitzaidan bideak ez zuela parabolten lerrotik jarraitzen. Hau ikusita, hormaren eskuinean dagoen blokera igo eta bigarren paraboltera arte parabolt lerroaren eskuinetik eskalatu nuen (V-).

Horma bertikaleko bigarren paraboltaren ondoan.

Bigarren paraboltetik gora horma pixkanaka etzanez doa, eta ez nuen zailtasun handirik izan parabolten lerroari jarraitzeko, horma erabat etzan eta bi paraboltez osatutako bilgunea lurrean aurkitu nuen arte (IV).

Seigarren, eta azken, bilgunean.

Asier horma bertikalean.

Pozik nengoen, adrenalinaren eraginez ziurrenik, bidearen pasagunerik zailena eskalatzeko gai izan nintzelako. Onartu behar dut pasagune horrek ez ninduela nire erosotasun-eremutik asko atera, baina bai aurpegian nuen irribarrea justifikatzeko adina. Erosotasun-eremuari desafioa egiten diogunean eta “garaile” ateratzen garenean sortzen den sentimendua deskribatzea zaila da, eta edozein erronketarako balio du, izan eskaladan edo eguneroko bizitzan, nahiz eta erosotasun-eremuaren mugara eramaten gaituen horrek batzuentzat huskeria bat izan. Zabalago edo estuago, denok dugu erosotasun-eremu bat. Bere mugara hurbiltzen garen bakoitzean edo bertatik irtetear garenean, esploratu gabeko eremu batean sartzeko “arriskua” dugu, gure garunak ezagutzen ez duen eremu batean, eta horregatik saiatzen da beti eremu horren barruan gera gaitezen, askotan beldurrera joz, eremu horren barruan seguru sentitzen baita. Eta bitxia da erosotasun-eremuaren mugara hurbiltzen garenean beldurrera jotzen duen organo horrek berak “saritu” egiten gaituela sentipen atsegingarri batekin muga hori zeharkatzen dugun bakoitzean. Mentalki, fisikoki nahiz emozionalki, garunak sinetsarazi nahi dizkigun gauzak baino gehiago egiteko gai garela sinesten dut.

Azken bilgunean adrenalinak jota, oso zoriontsu.

- Ze ordutan bizi gea?
- Hamaikak eta laurden.
- Ostras ze ona!!! – erantzun nion Asierri – Beroak jotzen hasten duenerako kotxen, ta bazkaltzeko etxen.

Material guztia motxiletara itzuli genuenean, eskuinerantz tira egin genuen bilgunetik, eta aurkitu genuen lehen kanal belartsutik jaisten den bidexkari jarraitu genion, soka finko baten laguntzaz jaisten den hormatxo bateraino. Hormatxo hori jaitsita, metro gutxi batzuen buruan berriro ere igoerako bidearekin bat egin genuen.

Talde-argazkia. Ederra lekua, bai jauna!!!
Bidea asko gustatu zitzaigun; ongi ekipatua, ongi bilatua eta pasagunerik zailena, gainera, A0 moduan eskalatu daiteke, zailtasuna V ingurura “jaitsiz”. Pirinioetako granitora joan aurretik ongi etor daiteke entrenamendu moduan; gainera, nahi izanez gero, bigarren luzean friend-ekin modu seguruan jolasteko aukera dugu.

Kotxera itzuli ginenean Asierrentzat sorpresa bat nuen prest. Maletegitik ezkutatuta utzi nuen hozkailu eramangarri bat atera eta freskagarri hotz batzuk atera nituen.

- Eta hau? – Galdetu zidan harriduraz.
- Gaur merezi ditugu!!!! – Bota nion, topa egiten genuen bitartean – Beste batean igual ez ditugu mereziko, jejeje.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Velazquez C. Guía de escalada en Navarra, 396-398. Bilbo. Sua edizioak, 2022.