AZKEN 10 SARRERAK

2025/08/25

KOPAKO HARRIA: "SAN ANTONGO ERTZA": 130 m, 6a. 2025/07/05


Kopako Harriaren hego-ekialdeko aurpegia, bertan dago kronika honetako bidea.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Euskal Herrian granitoan eskalatzeko aukera eskasa dago; izan ere, aukera bakarra Aiako Harrian edo handik gertu dugu, Euskal Herriko mendirik zaharrenak dauden tokian. Horien artean, Nafarroan, Kopako Harria dago, Endara bailarak Aiako Harriatik bereizten duena. Granitozko paradisu txiki honetan maila eta mota ezberdineko eskaladako bideak ditugu aukeran eta kirol-eskaladan pixkanaka izena hartzen ari den eskalada-eskola batean bihurtzen ari da; izan ere, Carlos Velazquezek “Nafarroan eskalada egiteko gida” liburu ospetsuaren azken edizioan Kopako Harriaren sektoreak eta bide guztiak sartu ditu.

Hainbat luzetako eskalada-bideei dagokionez, “Urdaburu ertz herrikoia” zen Kopako Harrian ezagutzen genuen eskalada-bide bakarra, 2017an eskalatzeko zortea izan genuena. Eta nola ezagutu genuen kronika honetako bidea? Ba bitxia da bide hau eskalatzeko jarraitu behar izan genuen abentura, mundua uste baino konektatuago dagoela adierazten duelako:

Behin sare sozialetan kuxkuxean nenbilela, ez dakit non eta ez dakit nola “San Antongo ertza” aurkitu nuen. Begiak zeharo zabaldu zitzaizkidan: “uhmmmm, eskalada interesgarria dirudi…”. Baina interes hori berehala galdu eta eskalada-bide hau “ahaztu” nuen, Shantik, semearekin eskalatu ondoren, bide gomendagarria zela esan zidan arte. Instagrametik hartutako bidearen krokis partzial baten (ez zen lehen luzearen hasiera ikusten baina bai argitalpena nork egin zuen) pantaila-irudi bat bidali zidan, semearekin egindako eskaladaren argazki batzuekin batera. Shantik bidalitako krokisari jarraituz Instagramen argitalpena ikusi nuenean, eskalada honetako argazkien artean Juancar Sanz ezagutu nuen. Orduan, Antxon Gorrotxategirekin harremanetan jarri nintzen, Juancarren bitartez informazio gehiago lor zezakeen eskatzeko, eta argitalpena nork partekatu zuen esan nionean, bere lagun “Iku” zela erantzun zidan: “nirekin Ostadar inauguratu zuen berbera!!!”. A zer kasualitatea!!!

- Ikuri galdetuko diot ea zer esaten didan – erantzun zidan.

Ikuk erantzun zion bide ederra dela eta lehen luzearen hasieran pasagune arraro bat duela. Informazio honekin batera, sare sozialetan partekatu zuen krokis bera bidali zion, lehenengo luzearen hasiera ikusten ez dena. Hori ikusita, Shantirekin harremanetan jarri nintzen berriro eta bidea non hasten den gutxi gora behera azaldu ondoren, bidearen hasiera aurkitzeko funtsezko oharra eman zidan: “bidearen lehenengo paraboltean zinta laranja bat dago”.

Bidearen hasiera adierazten duen zintadun parabolta.

Asierri abentura honen guztiaren berri eman nionean, berehala antolatu genuen bide hori eskalatzeko plana, eta Antxon gurekin etortzera gonbidatu genuen. Baina oraingoan, pena handiz, Antxonek ezin izango zuen gurekin etorri.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 130 metro.
- Luze kopurua: 6.
- Nork irekia: "Kopako Hirukoteak" (Xabier Galdos, Asier Intziarte eta Aitzol Isasa), 2023an.
- Zailtasuna: 6a. Luzez-luze: 1ºL: V (15 m), 2ºL: II+ (10 m), 3ºL: IV+ (33 m), 4ºL: IV+ (25 m), 5ºL: IV (20 m) eta 6ºL: 6a (30 m).
- Orientazioa: Hego-ekialdea.
- Ura: Ola Berri jatetxean hartu daiteke.
- Hurbilketa: San Antongo lepotik "Tartalo" sektorera doan bidea hartuko dugu. Tartalo sektoreko "Leire" eskalada-bidera iritsi baino 10 metro lehenago dagoen parabol lerroa da. Lehen paraboltean zinta laranja bat jarrita dago.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik eskuinerantz joko dugu eta hasieran belartsua den eta amaieran soka finko bat duen kanal bat jaitsiko dugu igoerako bidearekin topo eginez.
- Eramandako materiala: 50 metroko soka bakarra, luzera ezberdineko 12 express-zinta eta luzera ezberdineko zinta-uztaiak bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu pasatxo.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak.

Krokis zehatza. Argazkia handituz gero parabolten kokalekua ikus daiteke.

Bidearen oinera arteko ibilbidea deskargatu nahi baduzue:

Powered by Wikiloc

DESKRIBAPENA

Kotxea San Antongo lepoan aparkatu genuen, Endara urtegiaren ondoan dagoen Ola Berri jatetxetik abiatzen den zementuzko pista estu, sigi-sagatsu eta aldapatsua igo ondoren. Ez da aparkaleku zabal bat, baina dozena erdi kotxe sartu daitezkela esango nuke. Aparkalekuan bakar bakarrik geunden eta mendiaren isiltasuna goiz esnatutako kilkirren kantu monotonoek apurtzen zuten bakarrik; horiek ere, gu bezala, iragarritako bero eta sargoria saihestu nahian.

“Tartalo” sektorera doan ohiko bideari jarraitu genion, ihintzak bustitako garo eta belarrei ura kenduz. Hau izaten da mendian goiz ibiltzeagatik ordaindu beharreko prezioetako bat, bidea “oztopatzen” duten armiarma-sareak kentzearekin batera. Niri egokitu zitzaidan lan fresko eta heze hau egitea, biotatik galtza luzeak zituena ni bainintzen.

“Tartalo” sektorera iristear ginela zerbaitek atentzioa eman zion Asierri:

- Urdaburu ertz herrikoia hemen behean hasi genuen?
- Ez, gorago – erantzun nion -. Ze ba?
- Plaka hemen azpin jarrita daulako.

Asier zegoen lekura hurbildu nintzen eta ezproi baten oinean plakatxo bat ikusi nuen, “Urdaburu ertz herrikoia” zioena. Aldaera berri bat? Horrela ez bazen, eskalatu genuenean osorik eskalatu genuen? Zalantza sortu zitzaigun eta bide hori berriro eskalatzeko aitzakia bagenuela ondorioztatu genuen; are gehiago Berria egunkarian argitaratu dudan azken kronika ertz honetakoa izan dela ikusita.

Urdaburu ertz herrikoiabidearen hasiera.

Bideari jarraituz, kanal nabarmen batera iritsi ginen, geroago jaitsiko genuena aparkalekura itzultzeko, oinarrian mugarri handi eta berezi bat duena. Kanaletik igo gabe, orain arte egindako bidetik jarraitu, mugarriaren beste aldera igaro, eta 15-20 bat metro ibili ondoren, izenik gabeko parabolt lerro bat ikusi genuen.

Asier mugarriaren ondotik (bere ezkerrean) pasatzen.

Haraino hurbildu ginenean, altu dagoen lehen paraboltean Shantik esandako zinta laranja aurkitu genuen. Ez dakit bidearen izena idatzita duen plakatxo bat jarriko dioten oinean, baina non hasten den aurkitzeko beste modu bat “Leire” bidea identifikatzea da, hamar bat metro ezkerrerago dagoena.

Bidearen oinera iristen. Argazkian, zintadun parabolta ikusi daiteke.

Batzuetan, eskalatzera zoazenean, ez dakit zergatik gogoz sentitzen zara, konfiantzaz eta motibazioz betea, edozer eskalatzeko prest. Horrela sentitzen nintzen motxila lurrean utzi nuenean eta horregatik proposatu nion Asierri bidea hastea:

- Nahi dezun bezela.

- Lehenengo luzea, 15 metro, V. Esan bezala, gogoz nengoen, are gehiago oraindik ezagutzen ez genuen bide bat eskalatuko genuela jakinda. Horregatik ere sentitzen nituen kilimak urdailean, bi gurpilekin bizikletan ibiltzea ikasi eta errepide batean lehen aldiz ibiliko den haurraren antzera. Shantik esan zidan lehenengo luze hau V+ zailtasunaren inguruan egongo zela, baina gainerakoan ez genuen informaziorik, ez baita krokisean agertzen.

Soka arnesera lotu eta Asierri keinu bat egin ondoren ezkerrerantz diagonalean doan arrail handi batera igo nintzen, eta parabolt zintadunetik aseguratu ondoren sabel baten azpian jarri nintzen (III): “hau izango al da Ikuk Antxoni esan zion pasagune arraroa?”, pentsatu nuen.

Hormako sabelaren ezkerraldean jarri nintzen eta han aurkitu nituen helduleku onetatik tiraka, ez nuen zailtasun handirik izan bertara igotzeko (IV).

Sabeldun horma eskalatu ondoren.

Pasagune “arraroa” atzean utzita, aurrean nuen horma beltz berezira zuzendu nintzen (III).

Kareharrian eskalatzera ohituta, beti kostatzen zait granitoan eskalatzen hastea. Harkaitza latzagoa bada ere, ez ditu kareharriaren heldulekuak izaten, eta, oro har, helduleku horiek kamutsak izaten dira. Gainera, harkaitza hezea dagoela iruditzen zait beti. Sentsazio horiekin hasi nintzen horma beltza eskalatzen.

Horma beltzaren lehenengo bi paraboltak hormako eskuineko ertzetik gertu mantenduz eskalatu nituen, errazena iruditu zitzaidan bidetik (V). Gero, parabolten lerroari zuzenean jarraitu beharrean, batzuetan lerroaren eskuinaldetik eta beste batzuetan ezkerraldetik eskalatzen jarraitu nuen, arrail batera iritsi nintzen arte (V).

Arraila eskalatzen.

Metroak irabazi ahala, pixkanaka ohitzen joan nintzen harkaitzera, batez ere oinekin, granitoan katu-oinek uste baino gehiago eusten dutelako beti. Arraila eskalatuta (IV+), hormaren goiko ertzean dagoen bilgunera iritsi nintzen, bide osoan uztaidun bi paraboltez osatuta dagoen bakarra.

- Reunionnnn!!!

Argazki honetan lehenengo luze osoa ikusi daiteke.

Asierrek pazientziaz hartu zuen lehen luzea, tarte batzuk, soka gainetik zuela aprobetxatuz, nik eskalatu ez nituen aldetik eskalatuz.

Asier sabeldun horma eskalatu ondoren.

- Halere ez det uste ni igotako bidetik kinto baño gehio daukenik – esan zidan bilgunera iritsi zenean.

Bilguneraino iristen den arrailan.

Harritu egin ninduen Asier galtza motzekin etorri izanak, are gehiago granitoa oso urratzailea dela jakinda, galtza luzeekin eskalatzea gustatzen baitzaio belaunetan eta hanketan urradurarik ez izateko. Baina eguraldi iragarpenak galtza motzak eramatera gonbidatzen zuen, bero ikaragarria espero zelako; eta honelakoetan zaila izaten da galtza egokienak aukeratzea.

- Bigarren luzea, 10 metro, II+. Bigarren luzea bezala izendatu ditudan metro hauek trantsiziozko metro batzuk besterik ez dira. Dena dela, metro hauek parabolt batek babesten zituela ikusi genuenean, “badaezpada” luze baten moduan eskalatzea erabaki genuen.

Asier bilgunetik eskuinera irten zen, eta kanal belartsu bat zeharkatu zuen ezkerretik eskuinera, lauzpabost metrora dagoen gandorrera hurbilduz, non luzearen parabolt bakarra dagoen. Handik aseguratu ondoren, gandorraren beste aldera pasa eta oinez iritsi zen bi paraboltez osatutako bilgunera, bietako batek zinta laranja bat duena. Gandorraren zeharkaldi hori errazagoa da haren oinetik egiten bada, baina bertan jarritako parabolta hain altu dagoenez, altua ez bazara behintzat, zeharkaldi hori goragotik egitera behartzen zaitu.

Asier bigarren bilgunean. Argazkian "luze" honetako parabolt bakarra ikus daiteke.

Lehenengo bilgunea bigarrenetik ikusita. Bilgunean dagoenatik izango ez balitz, kusmira ederra da.

- Hurrengo luzea ere zuk eskalatu beharko dezu, ez? – Esan nion irribarretsu bilgunera iritsi nintzenean -. Hau ez degu luze bezela kontsideratuko, jejejeje.

- Hirugarren luzea, 33 metro, IV+. Harkaitzaren zimurrak aprobetxatuz, bilgunetik zuzen irten eta erlaitza batera igo zen, eta metro batzuk eskalatu ondoren, horma eskuinetik ezkerrera diagonalean mozten duen arrail zabala zeharkatu zuen, hormaren ertzera igotzeko (IV).

Erlaitzaren gainean, eskuin aldera eskalatzen hasi aurretik.

Horma mozten duen arrail zabala zeharkatu ondoren.

Asierri ere ikusten zitzaion pixkanaka granitora ohitzen ari zela, kontu handiz eskalatzen ari zelako. Zailak ez diren metro tente batzuen ondoren (IV), horma zertxobait etzaten den lekuan, arrail eder baten parera iritsi zen, paraboltik izango ez balu, friend-ekin oso ondo babestuko litzatekeena.

Arrail ederra azpitik ikusita. Gorago, Dülfer moduan eskalatzen den harlauza ikus daiteke.

Arrailatik eskalatzen jarraitu zuen eta, horma berriro tentetzen den lekuan, harlauza handi batekin topo egin zuen, Dülfer moduan eskalatzen dena (IV-). Eskuak magnesioz hautseztatu, harlauzak osatzen duen arrailean sartu eta, arnasa sakon hartu ondoren, eskalatzen jarraitu zuen askotan egin izan duen moduan gorputzarekin kontrapisua eginez, oinak jartzeko lekurik egokienak aurkitzen zituen bitartean (IV+). Pasagune tente hau babesten duen bigarren paraboltaren parera iritsi eta hormaren inklinazioa zertxobait jaisten zela ikusi zuenean, arnasketa lasaitu zuen, bihotz-taupadak berriro ere motelduz.

Harlauza eskalatu ondoren.

Luzearen azken metroak eskalatzen gozatu zuen eta, bidearen garbiketak utzi duen arrasto zuri eta nabarmen batetik jarraituz, ez zuen arazo handirik izan bilgunera iristeko (IV).

Arrasto zuria dagoen tartean.

Bigarren bilgunea hirugarrenetik ikusita.

- Krokisen luze honek hogeita hamar metro ditula jartzen du? – Galdetu zidan bilgunera iritsi nintzenean.
- Baietz esango nuke.
- Nik hiruzpalau metro gehio kontatu ditut.
- Soka jaso dezunen ere hogeita hamahiru metro inguru izan ditzakela iruditu zait.
- Ba ordun igual gure krokisen hogeita hamairu metro ditula jarri beharko degu, ez? – Proposatu zidan – Ea bakarren bat hogeita hamar metroko sokakin etorri behar den ta ez den reuniora iritsi behar.

Hirugarren bilgunean.

Laugarren luzearen oinera iristeko, bilgunetik ezkerreko joerarekin ibiltzen hasi ginen, “Endara” sektorera doan bidearekin topo egin arte. Orduan, ezkerretara hartu eta soka finko baten hasiera babesten duen paraboltaren gainean parabolt bakarti bat aurkitu genuen, hirugarren “bis” bilgunea osatzen duena.

Hirugarren "bis" bilgunea osatzen duen parabolt bakarra, soka finkoa lotzen duen paraboltaren gainean. Asier hirugarren bilgunean ikus daiteke.

Hirugarren "bis" bilgunea hirugarren bilgunetik ikusita. Laugarren luzeko lehen parabolten kokalekua adierazita dago.

Bitxikeria gisa, bilgunea dagoen lekuan harkaitz batek plataforma itxurako bat osatzen du, argazki ikusgarriak egiteko aukera ematen duena. San Antoni otoitz egin beharko diogu plataforma hau geroz eta ugariagoak diren influencer eta instagramer direlakoek deskubritu ez dezaten, bestela akabo horma hauetako lasaitasuna, jejejeje.

Plataforma "fotogenikoan".

- Laugarren luzea, 25 metro, IV+. Asierri “plataforma fotogenikoan” argazki batzuk egin ondoren bilgunea kokatuta dagoen horma bertikala zuzen eskalatzen hasi nintzen, hormaren eskuineko ertzarekin lagunduz (IV+).

Horma bertikalaren amaierara iristen.

Horma eskalatuta, erdi-oinez jarraitu nuen metro gutxi batzuetan, bigarren horma batera iritsi arte, aurrekoa baino etzanagoa eta errazagoa (IV-).

Bigarren horma eskalatu ondoren, luzeak nondik jarraitzen duen asmatu nahian.

Hirugarren "bis" bilgunea bigarren hormaren gainetik ikusita.

Bigarren hormaren gainera igo nintzenean, beste aldean amildegi handi batekin egin nuen topo: “iepaaaaa!!!!”. Luzeak handik jarraituko zuelakoan, hormaren eskuinaldera jo nuen bere ertzetik parabolt berri baten bila, baina hormaren punturik altuenera iritsi nintzenean amildegi berri bat zabaldu zen nire aurrean. Luzeak nondik jarraitzen zuen ez nekiela, azken paraboltera itzuli nintzen, eta berriro hormaren beste aldera begiratu nuenean, parabolt bat erdi-ezkutatuta ikusi nuen: “onaaaaa!!!”. Paraboltaren amuari jarraituz, hormaren beste aldera pasa eta zeharkaldi horizontal eta ikusgarri bat eginez bosgarren bilgunera iritsi nintzen, bi paraboltez osatuta dagoena, bietako bat zinta laranja batekin (III).

Laugarren bilgunean. Bosgarren luzeko parabolten kokalekua adierazita dago.

Asier bigarren hormaren gainean. Argazkian zeharkaldi horizontalaren paraboltetako bat ikus daiteke.

- Oain datorrena 6a-ko luzea da? – Galdetu nion Asierri hormara igo zenean.
- Uhmmmm, esango nuke hurrengoa dela – erantzun zidan -. Azkenekoa, ez?
- Vaya por Dios, orduan zuk luze gogorrari aurretik emateko kalkuluk gaizki egin ditut, jejeje – erantzun nion umoretsu.
- Ba gaur buruz ez nabil oso fin – erantzun zidan -, konfiantza gutxikin nago.
- Atzoko afari-meriendan ta Altamirako festetan edandako garagardok izango die, jejeje.
- Baliteke bai, jejejeje.

- Bosgarren luzea, 20 metro, IV. Lehen paraboltera iristeko, Asier bilgunearen eskuinetik irten zen, horman dagoen erlaitzera igo zen, eta ezkerrerantz zeharkaldi bat egin zuen erlaitz horren eta horma goitik mozten duen sabai handiaren artean (III).

- Zemuz?
- Ez da zaile baña bai inkomodoa. Zu altue izanda okerrago ibiliko zeala pentstzen det – erantzun zidan irribarre maltzur batekin.

Lehen paraboltetik aseguratu zenean, Asier hormaren beste aldera igaro zen, begi-bistatik galduz. Hormaren beste aldean, zertxobait eskalatzen jarraitu zuen ezkerrerantz, arrail bertikal baten azpian jarri arte (III+), eskuak bertan sartuz eskalatu zuena (IV).

Zeharkaldiaren ondoren eskalata behar den arrail bertikala.

Arraila eskalatu ondoren, horma etzanagoa da, eta, beraz, ez zuen zailtasun handirik izan bertara igotzeko eta bi paraboltez osatutako bilgunera iristeko (IV-).

- Luze honetan ez dezu esango altue izateagatik abantaila detela, ezta? – Esan nion bilgunera iritsi nintzenean.

Asierrek bete-betean asmatu zuen bere iragarpenean, eta lehenengo paraboltera iristeko egin zuen zeharkaldi elegantea lau oinetan egin behar izan nuen, ez oso dotore, motxilak sabaiaren kontra jotzen zuen bitartean. Barre egin zuen.

- Ahhh pajaroooo, zutzat terzero izan dena netzat 8c+ izan da, jejejeje – bota nion bion irribarreen artean.

Bosgarren bilgunea.

Seigarren luzearen oinera iristeko, bilgunearen eskuinaldetik irten ginen eta bertan dagoen zelaigunea horizontalean zeharkatu genuen, parean dagoen hormara joateko.

Seigarren luzearen hasten den lekuan. Luze honetako lehen parabolten kokalekuak adierazita daude.

- Paso gogorra hasieran daula emateu – esan nion Asierri materiala hartzen nion bitartean -, segurok gertu daudelako esaten det, jejeje.
- Hala emateu bai – erantzun zidan hasierako metroei begira, zein mugimendu egin beharko genituen neurtzen ariko balitz bezala -, baña kanto ona daukela emateu.
- Oaintxe ikusiko deu ea zemuzko heldulekuk dittun.

- Seigarren luzea, 30 metro, 6a. Luzearen lehenenengo bizpahiru metroak makurtuak dira, atzeraka botatzen duten horietakoak, baina pasagune hau oso ondo babestuta dago hiru paraboltekin. Eskuak magnesio hautsetan zuritu eta gutxi gora behera nondik eskalatuko nuen irudikatu nuenean, Asierri keinu bat egin nion adi egoteko.

Besoetatik uste nuena baino gutxiago tira egin behar izan nuen pasagunea eskalatzeko, eta konturatu nintzenerako hirugarren paraboltaren parean nengoen, zailtasun handienak atzean utzita (6a). Pasagunea eskuin alderako noranzkoarekin eskalatu nuen, eta eskuentzat helduleku oso onak daudela iruditu zitzaidan. Ia gehiago kosta zitzaidan pasagune gogorraren ondoren dagoen horma etzanera igotzea pasagune bera baino, ez baizitzaidan erosoa iruditu (V).

6a pasagunea eskalatu ondoren.

Horma etzan honetatik eskuin aldera jarraitu nuen parean dagoen horma bertikalera arte (II+). Horma honen lehenengo bi paraboltak ikusi nituenean, une batez pentsatu nuen 6a pasabidea ez ote zegoen lehen metro hauetan, behetik ikusita pasagune zaila iruditu zitzaidalako; baina bi parabolt hauen artean dagoen distantzia ikusi nuenean, argi geratu zitzaidan bideak ez zuela parabolten lerrotik jarraitzen. Hau ikusita, hormaren eskuinean dagoen blokera igo eta bigarren paraboltera arte parabolt lerroaren eskuinetik eskalatu nuen (V-).

Horma bertikaleko bigarren paraboltaren ondoan.

Bigarren paraboltetik gora horma pixkanaka etzanez doa, eta ez nuen zailtasun handirik izan parabolten lerroari jarraitzeko, horma erabat etzan eta bi paraboltez osatutako bilgunea lurrean aurkitu nuen arte (IV).

Seigarren, eta azken, bilgunean.

Asier horma bertikalean.

Pozik nengoen, adrenalinaren eraginez ziurrenik, bidearen pasagunerik zailena eskalatzeko gai izan nintzelako. Onartu behar dut pasagune horrek ez ninduela nire erosotasun-eremutik asko atera, baina bai aurpegian nuen irribarrea justifikatzeko adina. Erosotasun-eremuari desafioa egiten diogunean eta “garaile” ateratzen garenean sortzen den sentimendua deskribatzea zaila da, eta edozein erronketarako balio du, izan eskaladan edo eguneroko bizitzan, nahiz eta erosotasun-eremuaren mugara eramaten gaituen horrek batzuentzat huskeria bat izan. Zabalago edo estuago, denok dugu erosotasun-eremu bat. Bere mugara hurbiltzen garen bakoitzean edo bertatik irtetear garenean, esploratu gabeko eremu batean sartzeko “arriskua” dugu, gure garunak ezagutzen ez duen eremu batean, eta horregatik saiatzen da beti eremu horren barruan gera gaitezen, askotan beldurrera joz, eremu horren barruan seguru sentitzen baita. Eta bitxia da erosotasun-eremuaren mugara hurbiltzen garenean beldurrera jotzen duen organo horrek berak “saritu” egiten gaituela sentipen atsegingarri batekin muga hori zeharkatzen dugun bakoitzean. Mentalki, fisikoki nahiz emozionalki, garunak sinetsarazi nahi dizkigun gauzak baino gehiago egiteko gai garela sinesten dut.

Azken bilgunean adrenalinak jota, oso zoriontsu.

- Ze ordutan bizi gea?
- Hamaikak eta laurden.
- Ostras ze ona!!! – erantzun nion Asierri – Beroak jotzen hasten duenerako kotxen, ta bazkaltzeko etxen.

Material guztia motxiletara itzuli genuenean, eskuinerantz tira egin genuen bilgunetik, eta aurkitu genuen lehen kanal belartsutik jaisten den bidexkari jarraitu genion, soka finko baten laguntzaz jaisten den hormatxo bateraino. Hormatxo hori jaitsita, metro gutxi batzuen buruan berriro ere igoerako bidearekin bat egin genuen.

Talde-argazkia. Ederra lekua, bai jauna!!!
Bidea asko gustatu zitzaigun; ongi ekipatua, ongi bilatua eta pasagunerik zailena, gainera, A0 moduan eskalatu daiteke, zailtasuna V ingurura “jaitsiz”. Pirinioetako granitora joan aurretik ongi etor daiteke entrenamendu moduan; gainera, nahi izanez gero, bigarren luzean friend-ekin modu seguruan jolasteko aukera dugu.

Kotxera itzuli ginenean Asierrentzat sorpresa bat nuen prest. Maletegitik ezkutatuta utzi nuen hozkailu eramangarri bat atera eta freskagarri hotz batzuk atera nituen.

- Eta hau? – Galdetu zidan harriduraz.
- Gaur merezi ditugu!!!! – Bota nion, topa egiten genuen bitartean – Beste batean igual ez ditugu mereziko, jejeje.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Velazquez C. Guía de escalada en Navarra, 396-398. Bilbo. Sua edizioak, 2022.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina