AZKEN 10 SARRERAK

2017/10/16

KOPAKOARRI (596 metro): "URDABURU ERTZ HERRIKOIA" BIDEA ESKALATUZ, 100 metro, 5c 2017/10/08

Zauriek sendatzeko denbora bat behar izaten dute. Zauri bakoitzak sendaketa prozesu propioa du eta zauri berak bi pertsona ezberdinetan edo, momentuaren arabera, pertsona berean ere, sendatzeko denbora ezberdina behar izaten du.

Eginoko Aztorean egindako eskaladak Asier eta bioi zauriak utzi zizkigun. Biok hatzak minberatu eta zauriz beteak genituen eta, nire kasuan, bosgarren luzean pasatako estutasunak zauri psikologikoa ere utzi zidan. Gauean, “ta fisurero edo Lincam-ak eutsi izan ez balute?” galdera behin baino gehiagotan etorri zitzaidan. Galdera honek erantzunik ez badu ere, ezin nuen burutik kendu.

Pasatako estutasunak gainditzeko asmotan zailtasunik gabe eskalatuko genuen bide baten bila hasi ginen. Eskalatzeke ditugun proiektuen errepasoaren ondoren azkenean Kopakoarri mendiko “Urdaburu ertz herrikoia” aukeratu genuen: 5c mailako zailtasuna, granito itsaskorra eta, estutasunik ez pasatzeko, bidea ekipatua.

Bide honen inguruko informazio zabala Xabier Larretxeak kudeatutako Eskalatzen blogean eskuragarri dago (bidearen deskribapen zehatza hemen dago).

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 100 metro.
Luze kopurua: 3.
Nork irekia: Sonia Rodriguez eta Txingu Arrieta 2012an.
Zailtasuna: 5c. Luzez-luze: 1ºL: 5b (30 m), 2ºL: 5c (30 m), 3ºL: 4b (30 m).
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut.
Ura: Ola Berri jatetxean hartu daiteke.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 15 minutu.
Jaitsiera: Gailurrera igo eta San Anton lepotik Kopakoarrira doan ohiko bidetik jaisten bagara, 20 minutu eskasean kotxea utzitako lekura iritsiko gara.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka (bidea rapelatzen badugu eskertuko dugu bi rapeletan hormaren oinean izango gara eta), luzera ezberdinetako 7 express zinta eta zinta batzuk bilguneetarako. Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu bete pasatxo.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak. Argazkia Ola Berri jatetxearen aparkalekutik egina dago.


Krokisa zehatzago.


NOLA IRITSI

KOTXEA UZTEN DEN LEKURA IRISTEKO

Lehenik eta behin Aritxulegi mendatea igo beharko dugu. Honetarako, lehenik Arritxulo aterpera doan bidea jarraitu beharko dugu. Bertara iristeko jarraitu beharreko bidea hemen azalduta dudanez, ez dut honen inguruko azalpenik emango.

Oraingoan Arritxulo aterpera doan bidegurutzea eskuinean utzi eta aurrera jarraituko dugu Aritxulegi mendatearen gaineko tunela zeharkatu eta Nafarroan sartuz. Orain arte jarraitutako GI-3420 errepidea NA-4000 errepidean bihurtzen da.

Mendatea jaitsi ondoren Endara urtegira iritsiko gara. Urtegia, euste-hormaren gainetik zeharkatu ondoren, inguratuko dugu urtegiaren ekialdean dagoen Ola Berri jatetxera doan bidegurutzea hartuz. Jatetxea gure eskuinean utzita, aldapan gora doan porlanezko pista kilometro pasatxoan jarraituko dugu malda amaitzen den San Anton lepora iritsiz. Porlanezko pista honetan poliki ibiltzea komeni da, ura pasatzeko dauden kosketan kotxearen kolpe-leungailuaren azpiak jo dezakeelako.

San Anton lepoan kotxea uzteko lekua topatuko dugu.

San Anton lepoa eta kotxea utzitako lekua.


BIDEAREN OINERA IRISTEKO

San Anton lepotik iparraldera doan mendi-bidea hartuko dugu.

San Anton lepotik jarraitu behar den bidea, atzean Kopakoarri.


Hasi eta denbora gutxira, aldapatxo bat igo eta haritz batzuetara iritsitakoan, bidea utzi eta ezkerrera (mendebaldera) doan eta oso nabaria ez den bidexka hartuko dugu.

Kopakoarrira doan bidea uzten den leku eta haritza.


Leku bera haritzaren ondotik ikusita. Ikusten denez bidea ez da oso nabaria.


Hasieran bidexka zikina dago.


Lehenengo metroak ez dira oso garbiak eta tarteka sastraka eta zuhaixkez erdi estalia dagoenez, galtza motzekin joanez gero, kontuz ibili beharko dugu hankak ez urratzeko.

Metroak irabazi ahala bidea garbiagoa da.


Bidexka hau jarraituz, altuerarik apenaz irabazi gabe pinudi batera iritsiko gara. Bidexkak pinudiaren ertzetik jarraitzen du (arantzadun alanbreaz osatutako hesiaren ondotik) hormara iritsi arte. Hemen bideak pixkanaka goraka jotzen du oinarrian mugarri bat duen kanal harritsu batera iritsiz.

Bidexkak gora hartzen duen lekuan. Argazkian kanal harritsuaren oinean dagoen mugarria ikusi daiteke.


Mugarriaren ondoan eta kanal harritsuaren lehen metroak.


Kanala igo (bidea dago) eta honen amaieran, bertako haritzaren enbor eta adarrez lagunduz, eskaladatxo bat egingo dugu, bigarren mugarri batera iritsiz. Mugarri honetan eskuinera horizontalean 5-6 metro egin ondoren bidearen oinera iritsiko gara.

Kanal harritsuan gora. Amaierako eskaladatxoa egiten den lekua adierazi dut baita hormaren kokalekua ere (karratu zuriaren barruan).


Eskaladatxoaren ondoren dagoen mugarria eta Asiera bidearen oinean materiala prestatzen.


Kotxea utzitako lekutik bidearen oinera lasai joanez gero 15 minutu inguruko ibilbidea izango dugu.

Bidea, hormak osatzen duen ezproitik eskuinera dagoen bigarrena da.

DESKRIBAPENA

Bidearen oina topatzea izugarri kosta zitzaigun. Kanal harritsuaren amaierako eskaladatxoaren ondoren eskuinera jo beharrean ezkerrera jo (hirugarren mugarri bat dago) eta bertan hasten den kanal belartsuan gora eta behera aritu ginen bidearen hasieraren bila. Azkenean, ez dakit nola eta ez dakit zenbat denboraren ondoren, kanal harritsuaren irteerako mugarrira itzuli eta bidearen hasiera topatu genuen.

Lehen luzea non hasten den ongi identifikatu, goizeko ihintzarengatik bustiak genituen zapatila eta galtzerdiak motxilan gorde eta, bidea eskalatzek behar den material eskasa hartu ondoren, eskalatzen hasi nintzen.

Lehen luzea, 25 metro, 5b. Luzearen lehen metroak bertikalak izan arren helduleku onak ditu eta lehen paraboltera zailtasun handirik gabe iritsi nintzen. Lehen paraboltetik gora gehiago estutu behar izan nuen. Oinak batera eta bestera mugituz ez nuen postura egokia hartzen eta bigarren parabolta geroz eta urrunago zegoela iruditzen zitzaidan. Eskuetako zauriak ireki eta odoletan hasi nintzenean “Aztorearen zauri psikologikoa” ere ireki eta estutzen hasi nintzen. Nahiz eta harkaitza oso itsaskorra izan hezea zegoela iruditu eta ordura arteko konfiantza galtzen hasten zela nabaritu nuen. Bitan pentsatu gabe Asierri abisatu eta express zintari eutsi nion: “joer, atzotio burue oaindio eztauket ondo ta bildurrez nijo” esan nion. “Bai, atzo dexente estutu behar izan genun” erantzun zidan. Pixkat lasaitu nintzenean praboltetik gora pausu finak eginez jarraitu eta bigarren paraboltetik express zinta sartu bezain pronto berriro ere eskuarekin heldu nion. Eta bigarren paraboltean bezala, harkaitz zubi batetik pasatako sokan ere. “Ajjjjj, akojonauta nijo” esan nion Asierri nire buruarekin erdi haserre “burue oaindio Eginon dauket”. Harkaitz zubitik gora hormatxo bertikal bat eskalatzen da. Honen ondoren horma etzan eta pixkanaka eskuineko joera hartuz, herdoildutako bilgune bat eskuinean utzi eta erlaitz zabal batera iritsi nintzen.

Lehen luzea azpitik ikusita. Argazkian jarraitu behar ez den bidearen kokalekua adierazi dut.


Erlaitz zabalaren pareko hormatxoan uztaidun bi paraboltez osatutako lehen bilgunea dago.

Lehen bilgunea.


“Luze fiñe, eh?” esan zidan Asierrek bilgunera iritsi zenean. “Ya te digo” erantzun nion, “baña gaur mentalki kuartok ere sextok izangoiela iruittuko zaitela ustet, jejeje”.

Asier bilgunera iristen, atzean Endara urtegia.


Bigarren luzea, 45 metro, 5c. Bigarren luzea hobe aseguratzeko, sokak jaso eta lehen bilgunea eta bigarren luzeko hormaren arteko 15 metroak oinez egin genituen. Asier bigarren luzeak hasieran jarraitzen duen orratz itsurakoaren azpiko harkaitz blokearen gainera igo zen. Ni, erosoago aseguratzeko, blokearen azpian gelditu nintzen: “pena hor azpin parabolt bat sartuta ez eotea aseguratzeona erosogo eoteko” esan zidan Asierrek.

Lehen eta gure lehen "bis" arteko zatia,  oinez bete genuena. Harkaitz blokearen kokalekua eta bigarren luzearen zatirik gogorrenean dauden bi parabolten kokalekua ikusi daitezke.


Luzea, helduleku txikiko pausu arraro eta fin batekin hasten da, behatz mamietatik tira egin eta oinetan fidatu behar den horietakoa. Pausu hau argi ikusten ez bada A0 moduan ere eskalatu daiteke. Asierrek pausu hau erraz egin eta lehen paraboltera iritsi zen.

Lehen paraboltetik aseguratu ondoren, orratzaren eskuinetik eskalatuz gero errazagoa da. Asier erdiagora joan zen luzea gehiago gogortuz. Bigarren paraboltetik aseguratu ondoren orratzaren gainera igo zen.

Bigarren paraboltetik aseguratu ondoren, orratzera igotzeko prest.


Orratzetik ertza itsurakoa metro batzuetan jarraitu zuen, parabolta goian duen (luzearen hirugarrena) plaka bat eskalatuz (plakaren ezkerretik errazago eskalatzen da).

Plaka eskalatzen.


Plaka honen ondoren bigarren orratza bat eskalatu eta, orratz honek eta atzeko hormak osatzen duten lepotxoan, uztaidun bi paraboltez osatutako bilgunera iritsi zen. “Zemuzko luzea?” galdetu nion talkietik. “Aurrekoa baño errexagoa iruittu zait” erantzun zidan.

Soka gainetik izateak ematen duen segurtasun eta konfiantzarekin bigarren luzea lasaiago eskalatu nuen, nahiz eta oraindik deseroso eta baldar sentitu.

Bigarren bilgunean.


“Gaur ez nijo ondo” bota nion bilgunera iritsi nintzenean. “Nahizu hurrengoai nik ematea?” proposatu zidan. “Ez, lasai, pentsatzet hau errexago eskalaukoetela” erantzun nion, “ta txarrenen jatxiko nazu, jejeje”.

Hirugarren luzea, 4b, 30 metro. Luzeak pixkanaka etzaten doan horma jarraitzen du. Bilgunetik atera eta nire arreta osoa arnasketa lasai eramatean jarri nuen. Lehenengo bi paraboltetara zailtasunik gabe iritsi nintzen hormak dituen helduleku ederrak aprobetxatuz: “Benga Smithy, gozatuuuu” animatu nintzen.

Lehenengo paraboltetik behera egindako argazkia, ikusten denez tartea luzea da.


Bigarren paraboltetik gora begiratu eta ez nuen hirugarren paraboltik ikusi.

Bigarren paraboltetik gorago dagoen erlaitzetik behera egindako argazkia. Hemen hasi behar da ezkerrera jotzen parabolt erdoildua topatzeko.


Bitan pentsatu gabe gora jarraitu eta, metro batzuk eskalatu ondoren, plakaren ezkerrean jarritako parabolt herdoildu bat ikusi nuen. Bertatik aseguratu nintzenean, sentsazio onak berreskuratu eta berriro ere eskaladaz gozatzen hasita nengoela sentitu nuen: “ze pena hasieratio hola ez ibiltzea” pentsatu nuen.

Hirugarren luzeko plaka eskalatu ondoren.


Konturatu nintzenerako hormaren gainera iritsi eta lurreko harkaitz batean jarritako uztaidun bi paraboltez osatutako hirugarren eta azken bilgunera iritsi nintzen.

Hirugarren bilgunea.


“Konturau zea parabolt asko mugitzeiela? esan zidan Asierrek bilgunera iritsi zenean. “Bai, hemengo bat ere eztau ondo eutsita” erantzun nion bilguneko bat eskuarekin mugituz, “jakin ezkeo giltza batekin estutuko genitun”.

Eguzkitan eserita, materiala jasotzeko denbora lasai hartu genuen, ikusmiraz gozatu eta zapatila eta galtzerdiak harkaitz batean lehortzeko utzita.

Bidearen amaieratik Aiako Arrietara dagoen ikusmira ederra, Endara urtegia oinean dutela.


Materiala jasota, Asierrek “behin honea etorrita gailurrea gutxiñez igo beharko deu” esan eta Kopakoarriko gailurrera zuzendu ginen.

Gailurrera irteteko prest.


Bidea amaitzen den lekutik gailurrera ez da tarte handiri ibili behar, 100-150 metro eskas bidexka bar jarraituz. 3-5 minutuen ondoren gailurrera iritsi ginen.

Argazki honetan puntu zuriz gailurrera iristeko jarraitu behar den bidea, urdinez aldiz, bidearen oinera itzultzeko jarraitu beharko genuena.


Kopakoarriko buzoia.


Bertan zegoen mendizale bati argazki bat egiteko eskatu eta, gailurreko ikusmiraz gozatu ondoren, beherako bidea hartu genuen.

Asier eta biok Kopakoarriko gailurrean.


Jaitsierako bideak galtzeko arriskurik ez dauka eta ongi zapaldutako bidea jarraitzen du, hurbilketaren hasieran utzi genuen bide bera, hain zuzen ere.

Gailurretik beherako bidea.


Poliki eta gelditu gabe 20 minutu eskasean kotxea utzitako San Anton lepora iristen bada ere, gure kasuan, goierritar petoen moduan, bidearen ertzean dagoen pinudian sartu eta onddo pare bat biltzeko aprobetxatu genuen. Pinudian egindako “batidaren” ondoren, bertan zegoen esnegorri pilak harritu gintuen: “hemengok ez al dittue nikaloik hartzen?” galdetu zidan Asierrek. “Ba egie esan harrigarrie da, kontutan eukita pinudie bide ondon daula” erantzun nion, “pena poltsa bat ekarri ez izana, jejeje”.

Pinudira hurbiltzen.


Kotxera itzuli, oraingoan bai, etxera bazkaltzera garaiz iritsiko nintzela esateko deitu eta etxerako bidea hartu genuen, tarteka Kopakoarriri argazkiak egiteko geldituz.

Azken begirada Endara urtegiaren euste-hormatik.


Duela urte batzuk, Peñarteako “Pacha” sektorean eskalatzen ari nintzela, han maiz dabilen eskalatzaile batek zera esan zidan: “nik hemendik kanpo burua asko estutzen dudanean, konfiantza berreskuratzeko hona itzultzen naiz. Luze batzuk egin eta etxera indarberrituta itzultzen naiz”. Ederra izan arren, bideak sentsazio gazi-gozoa utzi zidan, nahiz eta azken luzeaz ederki gozatu. Asierri komentatu nion bezala, Eginoko zauriak oraindik itxi gabe nituen, psikologikoak batez ere, eta beharbada hobe izango zen atseden eguna hartu edo ongi ezagututako bide bat eskalatu izan banu. Beste baterako zerbait gehiago ikasi dut, jejeje.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina