AZKEN 10 SARRERAK

2025/05/26

UMANDIA, HEGO-MENDEBALDEKO GANDORRA: "TERMOMIS" BIDEA, 230 m, V+. 2025/05/05.


Umandiako hego-mendebaldeko gandorra Araiatik ikusita.

Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.

Urteetan zehar, Gasteiztik etxera joatean beti eman izan dit atentzioa Araiaren atzean dagoen Umandia mendiko gandor ikusgarri batek. Arreta deitzen duen gandor bat da, mendia bitan mozten duena, uretatik irteten ari den arrain erraldoi baten bizkar-hegatsaren itxura hartuz. Eta beti galdera bera etorri izan zait burura: inork eskalatu ote du?

Galdera honen erantzuna 2025eko martxoaren 13an iritsi zitzaidan, Xabier Larretxeak bere “Eskalatzen” blogean gandor honen eskalada ezagutzera eman zuenean. Eta Xabierren kronikaren haritik tiraka, irakurri nuen gandor hori bere osotasunean U. Berasategik, I. Berasategik eta Mikel Canterak 2022an lehen aldiz eskalatu eta ekipatu zutela, baita Javi Urrutiak, Mendikat webgunea kudeatzen duenak, 2009an lehen aldiz igo zuela ere, partzialki igo bazuen ere. Nolanahi ere, baliteke gandor honen lehen igoeraren historiak aldaketaren bat izatea oraindik, Larretxearen kronikan utzitako iruzkin batean iradokitzen baita 90eko hamarkadan eskalatua izan zela, iltze zahar abandonatu bati erreferentzia eginez. Araban, eta Euskal Herrian oro har, eskalatzeko egon den eta dagoen tradizioa ikusita, ez litzateke harritzekoa izango hain gandor nabarmen eta ikusgarri hau aspaldi eskalatu izana. Misterio hori argitu bitartean, egokiena litzateke lehen eskalada integrala 2022an egin zutenei egoztea. Edonola ere, inork ezin izango die ukatu U. eta I. Berasategiri eta Mikel Canterari gandor hau garbitzeko eta ekipatzeko meritua.

Umandia ezagutzen ez nuen mendi bat da, nahiz eta urteetan zehar uda asko eman nituen kanpatzen mendi honen ondoan. Eta bere bi aurpegiek atentzio handia eman didate, zeren, Jekyll doktoreak bezala, bi alde oso ezberdin azaleratzen baitituzte. Alde batetik iparraldeko aurpegia dago, Jekyll doktorea, aurpegi gozo eta leuna, pagadi batez estalitako aldapa samur batez osatua. Beste aldetik aldiz hegoaldeko aurpegia dago, Hyde jauna, mendiaren alderik basatiena erakusten duena; gandor, kanal, horma eta kontrahormaz betea, eskalatzaile ororen irudimena askatu dezaketenak. Eta bertikaltasun ezberdineko harkaitzezko formazio hauen guztien artean hego-mendebaldeko gandorra da nabarmentzen dena, mendia zutik mantentzen duen bizkarrezur erraldoi bat balitz bezala.

Bi saiakera behar izan genituen bizkarrezur erraldoi hau igotzeko. Lehenengoan, lehenengo bilgunera iritsi bezain pronto eskalada bertan behera uztea erabaki genuen, hotzaren eta euriaren eraginez, aurrera jarraitzea arriskutsua izan zitekeela pentsatu genuelako. Bigarren saiakerarako, kronika honetan kontatzen dena, aldez aurretik ziurtatu genuen euririk gabeko egun bat izango genuela, jejeje.

BIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 230 metro.
- Luze kopurua: 7.
- Nork irekia: U. Berasategik, I. Berasategik eta Mikel Canterak 2022an.
- Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1ºL: IV (45 m), 2ºL: IV+ (40 m), 3ºL: III+ (30 m), 4ºL: III- (45 m), 5ºL: V+ (25 m), 6ºL: III+ (20 m) eta 7ºL: II+ (25 m).
- Orientazioa: Hego-mendebaldea. Goizean itzalpean dago.
- Ura: Araian edo hurbilketan dauden Intusi edo Olbide iturrietan.
- Hurbilketa: Ordu bete pasatxo. Hurbilketaren zehaztapenak azpian daude.
- Jaitsiera: Ordu eta hogei minutu, Zirauntza ibaiaren iturburua bisitatzen badugu. Jaitsieraren zehaztapenak azpian daude.
- Eramandako materiala: 50 metroko soka bat, luzera ezberdineko 8 express-zinta, friend sorta eta luzera ezberdineko zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta harkaitz-blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Bi ordu eta berrogeita bost minutu.
- Ibilbide osoa betetzeko pasatako denbora atsedenaldiak zenbatuz: Sei ordu eskas, atsedenaldi guztiak zenbatuta eta Zirauntza ibaiaren iturburua bisitatuz.

Hurbilketa

Araiara sarrera nagusitik sartzen bagara (A-3020 errepidea jarraituz), errepidetik desbideratu gabe herria alderik alde zeharkatuko dugu. Errepideak ezkerrerantz biratzen duenean, etxeen artean beste errepide bat hasten da eskuinean, Intusi iturrira doana eta Google maps-en “C. Albeniz” gisa agertzen dena. Gomendagarriena ezkerrerantz doan bihurgune horretatik gertu aparkatzea da. Guk Intuxi kalearen amaieran aurkitu genuen leku batean aparkatu genuen.

Bihurgunean jarraitu behar den bidearen hasiera, Google maps-en “C. Albeniz” gisa agertzen dena.

Kotxea aparkatu ondoren, Araiatik Apota aterpera (Martinen txabola bezala ere ezaguna) doan bidea hartuko dugu, SL-A3010 ibilbideari jarraituz. Horretarako, Intusi iturriaren ondotik pasako gara eta parez pare dagoen adreilu gorriko etxearen eskuinaldetik doan pista hartuko dugu (Google maps-en "C. Albeniz" gisa agertzen dena).

Intusi iturriaren ondoan.

Aisialdirako gune baten itxura duen leku batean kokatutako Kukuma iturria atzean utzi ondoren, bidegurutze baten ondoan dagoen Olbide iturrira iritsiko gara. Han, eskuinetik, Albeniz herritik datorren pista nabarmen bat ikusiko dugu baina guk zuzen jarraituko dugu, bidegurutze honetan dagoen seinaleztapenari kasu eginez.

Kukuma iturria.

Olbide iturria eta honen pareko bidegurutzean dagoen seinaleztapena.

180 graduko bihurgune bat atzean utzi, eta orain arte jarraitu dugun pista bitan banatzen den lekuan, eskuineko bidea hartuko dugu malda gogor bat igotzen hasteko.

Pista bitan banatzen den lekuan eskuineko bidea hartuko dugu.

Maldaren amaieran pista berri batekin topo egingo dugu, Araiatik datorrena. Hemen berriro eskuinera egingo dugu.

Araiatik datorren pistarekin topo egiten den lekuan.

Metro batzuk ibili ondoren, basotik irtengo gara, elorriek pagoei lekua irabazten dieten tokira, eta gure parean Altzaniako mendiek osatzen duten harkaiztia azalduko zaigu bere osotasunean. Orduan, pista utzi eta ezkerretara hartuko dugu, eta elorri artean doan pasillo itxurako zelai bat jarraituz, Apota aterpera iritsiko gara.

Altzaniako mendiek osatzen duten harkaiztia ikusten den tokian, non pista utziko dugun.

Apota aterpera iristen.

Apota aterpearen sarrera.

Aterpea eskuinetara utzita, elorri artetik doan pasilloari jarraituko diogu, eta aurretik utzi dugun pistara irtengo gara berriro.

Elorri artetik doan pasilloan.

Pistan berriro ere.

Pistatik jarraituz, bitan banatzen den lekuan eskuineko aukera hartuko dugu, eta 75 metro inguru gorago, aldapa amaitzen dela dirudien leku batean, bidearen eskuinaldean hartxingadia eta argigune txiki bat irekitzen dela ikusiko dugu, non bi mugarri dauden. Toki honetan pista utziko dugu.

Pista bitan banatzen den lekuan.

Pista utziko dugun lekuan. Argazkian, bertan dauden bi mugarriak ikusi daitezke.

Hemendik aurrera, mugarriek markatutako bide bati jarraituko diogu, erosoa ez den hartxingadi bat zeharkatuz, gandorraren eskalada hasten den lekura arte.

Hartxingadian dauden mugarrietako bat ikusi daiteke.

Asier hartxingadi ezerosoan gora.

Han, mugarri bat eta hormako harkaitz-zubi batean utzitako zinta bat aurkituko ditugu.

Gandorraren eskalada hasten den tokian, harkaitz-zubian dagoen zinta seinalatzen. Nire ondoan mugarria ikusi daiteke.

Hurbilketaren ibilbidea deskargatu nahi baduzue.
Powered by Wikiloc

Jaitsiera

Umandiako gailurrera iristeko, gandorraren ahotik jarraituko dugu, pagadi batekin muga eginez. Gandorratik jaitsi gabe jarraituz (eskuin aldera doan bihurgune erraldoi baten itxura du), 5 minutu barru Umandiako gailurrera iritsiko gara, puntu geodesiko bat eta perretxiko itxurako postontzi bat duena.

Gandorraren amaieran. Argazkian Umandiako gailurra ikusi daiteke.

Araiara itzultzeko, Atabarrateko lepotik igarotzen den ohiko bidetik jaitsiko gara. Horretarako, postontziaren iparraldera igarota, pagadian barrena ipar-mendebalderantz doan bidezidor bat hartuko dugu, ehiza-postu batzuen ondotik jaisten dena.

Bidea hasten den lekuan.

Lepo zabalean dagoen ehiza-postua.

Ehiza-postuei begira.

Ehiza-postuak dauden lepo zabala zeharkatuta, berriro maldan behera hasiko gara Atabarrate mendi-leporaino.

Ehiza postuak dauden lepoaren amaierara iristen.

Atabarrate mendi-lepora iristen.

Atabarraten dagoen bidegurutzean, egurrezko seinale bat topatuko dugu, eta, han, Zirauntza iturburura doan bidea hartuko dugu (PR-A 3012 ibilbidea), pixkanaka zabaltzen doan pista bati jarraituz, gandorrera hurbiltzean jarraitu dugun pista bera.

Atabarrate mendi-lepoan dagoen seinalea.

Orain bi aukera izango ditugu: igo garen bide beretik jaistea edo, ibilaldi zirkular bat eginez, Zirauntza ibaiaren iturburua bisitatzea. Bi aukeren artean denboraren aldea handia ez dela kontuan hartuta, bigarren aukera gomendagarriagoa dela uste dugu, ibilbidea asko edertzen duelako. Horretarako, hego-mendebaldeko gandorra bere osotasunean ikusten dugun leku batean, non letagin itxurako harearrizko bi harkaitz erraldoi dauden, pista utzi eta beherantz hasiko gara, otadi artean irekitako bide batetik.

Pista uzten den lekuan, atzean Umandiako hego-mendebaldeko gandorra bere osotasunean ikusi daiteke.

Otadi artean doan jaitsiera horretan, Umandiako hego-mendebaldeko aurpegiaren ikusmira ikusgarria dago, eta minutu gutxiren buruan pista batera iritsiko gara, formazio bitxiak dituen harkaitz erraldoi baten ondora, parabolten “txurro” herdoildu batzuekin, han eskalatzen zela adierazten dutenak.

Umandiako hego-mendebaldeko aurpegia.

Pistara iristen.

Pista iritsitakoan dagoen harkaitz erraldoia, bertan eskalatzen zela adierazten duten arrastoak dituena.

Pista horretan behera jarraituko dugu, Zirauntza iturburura doazen seinaleei jarraituz. Zubi bat zeharkatu ondoren, pista utzi eta eskuinera hartuko dugu, iturburutik datorren ucidearen ezkerreko ertzetik jarraituz, berara iritsi arte.

Pista uzten den zubia zeharkatzen.

Ubidearen ertzetik.

Iturburuan eraikita dagoen presatik erortzen den ura.

Zirauntza ibaiaren iturburua.

Bide beretik jarraituz, pistara itzuliko gara eta, handik jarraituz, Intusi iturrira iritsiko gara, ibilbideari amaiera emanez.

Intusi iturriaren parean.

Jaitsieraren ibilbidea deskargatu nahi baduzue.
Powered by Wikiloc

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak.

Krokis zehatza.

DESKRIBAPENA

- Ez nuke esango hemen holako paretak zerenik – esan zidan Asierrek hormari begirik kendu gabe.

Lehen aldian gertatu zitzaigun bezala, Apota aterpeko ikuspegiak aho zabalik utzi gintuen berriro. Umandiako hego aurpegi basatiaren ikusmirak berehala abiarazi zuen gure irudimen eskalatzailea eta bere harkaitz bertikal eta biluzian irudizko lerroak marrazten hasi ginen:

- Gogoa emateu aterpe honetara egun batzutako etortzea pareta hauek inbestigatzeko – esan nion konbentzimendu osoz.

Eta aterpeak horretara gonbidatzen du, luxurik gabeko aterpe xume, eroso eta garbia baita, erdi ilunpetan dauden bi gela txikiz osatua: batean hainbat ohatze daude bata bestearen ondoan eta bestean egongela bat, jangela eta sukalde gisa ere erabil daitekeena, non tximinia bateko errauts-usainak giro atsegina sortzen du.

Mahuka motzean iritsi ginen eskalada hasten den lekura, ez bero egiten zuelako, ordubete pasatxoko igoeraren ondoren gorputzak bero genituelako baizik. Arratsalderako ekaitza iragarrita bazegoen ere, goiza zoragarri esnatu zen, hori bai, haizetsua; izan ere, hodeiak ziztu bizian zetozen eta zihoazen, ikusteko gai ez ginen toki batera iristeko presa balute bezala.

- Ustet kortabientosa jantzi behar detela.
- Baita nik ere – erantzun nion Asierri -. Ta gañea badirudi tarte luze baten itzalpen ibiliko geala.

Gogoan genuen lehen saiakeran pasatako hotza eta hezetasuna. Orduan ez genuen eguraldiarekin asmatu, euria iragarrita ez bazegoen ere, eta lehen bilgunetik jaitsi behar izan genuen, eskalatzen jarraitzea arriskutsua izan zitekeelako. Gaurko oztopo bakarra haizea izango zela zirudien. Baina eragozpen bakarra izanda ere, arriskutsua izan zitekeen, gandorrak haize handiz eskalatzea ez baitira ez atseginak ez seguruak izaten.

- Lehenengo luzea, 45 metro, IV. Dauden helduleku onak aprobetxatuz, Asier berehala iritsi zen hasierako horma bertikala babesten duen eta zinta more bat duen harkaitz-zubira. Luzearen zailtasunik handiena eskalatuta (IV), eskuinera zertxobait pasa eta gandorretik jarraitu zuen, aurrean dagoen puntara zuzenduz (III- hasieran, II gero).

Luzearen zailtasunik handiena eskalatuta.

Punta horretara iristeko eskalatu behar den horma, altzairuzko eraztun batekin muntatutako harkaitz-zubi batetik gora tentetzen da, txirrista baten moduan, baina harkaitzak ona izaten jarraitzen duenez eta puntara iritsi aurretik parabolt bat eta altzairuzko eraztun batekin muntatuako beste harkaitz-zubi bat daudenez, ez zuen puntara igotzeko zailtasunik izan (III+).

Puntara igo aurretik dagoen harkaitz-zubiaren ondoan.

- Notatzea bidea ondo garbitu dutela – esan zidan puntaren gainetik.

Puntatik aurrera Asier begi-bistatik galdu nuen. Gandorraren ahotik jarraitu zuen (II), metro batzuetan horizontala dena, eta ezkerraldera bihurgune bat eginez plaka inklinatu batera iritsi zen erdi oinez, ote batzuen artetik pasatuz. Bitartean, sokaren mugimenduari adi nengoen, kanaberaz arrantzan ariko banintz bezala, soka gehiegi edo gutxiegi ez emateko.

Plaka hori altzairuzko eraztun batez muntatutako harkaitz-zubi batek babesten du eta zenbat eta eskuinerago errazagoa da eskalatzeko. Zapatilekin V+ zailtasuna duen luzearaino eskalatzea erabaki genuenez, ez genuen arrisku handirik hartu eta plaka erditik eskalatu genuen, ez errazenetik ezta zailenetik ere, ezkerreko ertzera asko hurbildu gabe (III+).

Puntatik lehen bilgunera dagoen gandor zatia. Argazkian, azpian dauden oteen gainetik plaka ikusi daiteke.

Plaka eskalatu, eta Asierrek gandorraren ahotik jarraitu zuen berriro (III- hasieran, II+ gero). Gandorrak bertikaltasuna galtzen duen lekuan dagoen altzairuzko eraztun batekin muntatutako azken harkaitz-zubian aseguratu zen, eta hortik aurrera, erdi oinez iritsi zen kimiko batez osatutako bilgunera. Bilgunea indartzeko, friend bat trabatu zuen kimikoaren ondoan dagoen arrail nabarmenean.

Luzea lasai eskalatu nuen, poliki, oinak zapatilek kentzen dieten sentikortasunera ohitu zitezen. Eta ez oinak bakarrik, burua ere, ez delako gauza bera katu-oinekin edo zapatilekin eskalatzea, zapatilekin edo mendiko botekin eskalatzea gauza bera ez den bezala. Buruak bere denbora behar izaten du zapatiletara ohitzeko, zapatiletan konfiantza hartzeko. Eta konfiantza hartzea, pertsona batzuekin gertatzen den moduan, batzuetan kosta egiten da, ez baita arrazoimen kontu bat.

Puntaren gainean. Argazkian luzearen azken harkaitz-zubia ikusi daiteke.

- Hemendik gora terreno berrie hasten zaigu – esan nion Asierri, soberan zuen materiala hartzen nion bitartean.
- Bai – erantzun zidan -, ea zemuzkoa den.

Lehenengo bilgunea.

- Bigarren luzea, 40 metro, IV+. Hormak duen arrail nabarmenaren eskuinetik eskalatzen hasi nintzen parabolt batera lehenik eta altzairuzko eraztun batez muntatutako harkaitz-zubi batera ondoren iristeko (IV+). Pasagune hau bertikala den arren, helduleku onak dituela iruditu zitzaidan.

Harkaitz-zubiaren parean.

Une zalantzakor baten ondoren, zuzen jarraitu nuen harkaitz-zubiaren gainetik, arraila ezkerretara utziz, oraindik ere tentea den horman barrena, urruti ikusten nuen parabolt batera zuzenduz. Eta parabolt horretara iritsi aurreko tarte honetan faltan bota nuen katu-oinak jantzita ez izatea. Orain arte eskalatutako zatia baina gogorragoa iruditu zitzaidan, V beharbada, arriskutsuagoa ere bai, ez bainuen aseguru bat jartzeko toki argirik ikusi, baina pentsatu nuen sentsazio subjektibo hori zapatilekin eskalatzearen ondorioz izan zitekeela. Zailtasunen amaieran Larretxearen kronikan irakurriko genuen bezala (luzea eskalatzen hasi baino lehen ez baikenuen ezer irakurri, jejeje), harkaitz-zubiaren gainetik arraila eskuinetara utzi izan banu, luzea errazago eskalatuko nukeen (IV+).

Paraboltera iristen.

Paraboltaren gainetik metro batzuk egin nituen gandorraren ahotik, sabai antzeko batek bidea oztopatu zidan arte (IV). Orduan, eskuinean nuen harkaitz-plaka trinkora pasa nintzen, handik jarraitu nuen nire konfiantza guztia oinetan jarriz, eta atzean utzi nuen luzearen zatirik bertikalena (IV). Orduan ohartu nintzen luzea eskalatzen hasi nintzela hari buruz ezer irakurri gabe:

- Zenbat metro igo ditut?
- hogei metro baino gehiago – erantzun zidan Asierrek.

Telefonoa hartu eta Larretxearen krokisa begiratzen hasi nintzen. Orduan ikusi nuen bigarren bilgunea zelaigune maldatsu baten azpian zegoela, eta luzearen erdia geratzen zitzaidala gutxi gora behera.

- Baleee!!! – erantzun nion, telefonoa galtzaren poltsikora itzuliz -. Oraindik asko falta zait bilgunera iristeko.

Gandorra aizto bat bezala estutzen den tarte ikusgarri bat ahoaren eskuinetik kontu handiz igaro ondoren (III+) altzairuzko eraztun bat jarrita duen harkaitz-zubi batera iritsi nintzen. Bertara aseguratu nintzen, eta hortik aurrera arinago eskalatzen jarraitu nuen, tarte errazagoa delako (III), baina errazagoa den arren, kontu handiz ibili behar izan nuen, ez baita eroriko bat izateko lekurik egokiena, leku egoki bat badago. Bigarren harkaitz-zubi batetik pasa nintzenean, hau ere altzairuzko eraztun batekin, gandorra etzaten da eta zailtasunak amaitzen dira (III- hasieran, II gero).

Zati bertikala amaitzen den lekutik bilgunera dagoen tartea.

Berehala iritsi nintzen altzairuzko eraztun bikoitzeko harkaitz-zubi batera, hirugarren luzeak zeharkatzen duen zelaigune maldatsuaren azpian dagoena. Nire gainetik harkaitz gehiago ez zegoenez, pentsatu nuen harkaitz-zubi hau bigarren bilgunea izan zitekeela, baina alde batetik bestera begiratu nuen arren, ez nuen bilgunean egon beharko lukeen kimikoa ikusi. Hau Asierri talkie-tik esaten ari nintzenean, lurrean zegoen zerbaitek atentzioa eman zidan harkaitz-zubiaren gainetik metro bat pasatxora. Arreta gehiagoz begiratu nionean, kimikoa lurrean jarrita deskubritu nuen, harkaitzean mimetizatuta:

- Hemen dagooo!!!! – esan nion Asierri.

Bigarren bilgunea eta bere kimiko "mimetizatua".

Itzalpean jarraitzen genuen. Asierri aseguratzen nion bitartean, zeharka begiratzen nion gandorrak mendebalderantz islatzen zuen itzal ilunari, pixkanaka argituz eta txikituz zihoana eguzkiaren eraginez, bere epeltasuna sentitzen noiz hasiko ginen zain. Haizeak pixkanaka indarra hartzen zuela iruditu zitzaidan, hegoaldetik zetozen hodei trinko eta zuriak ardiak balira bultzatzen zituena, zeruari artalde erraldoi baten itxura emanez.

Asier luzearen tarte bertikala amaitzen den lekuan.

- Frexko itten du oraindik – esan nion Asierri bilgunera iritsi zenean.
- Bai – erantzun zidan -. Hotzik ez dauket baña beroik ere ez.

- Hirugarren luzea, 30 metro, III+. Oraingoan bai gogoratu genuen Larretxearen azalpenak eskalatzen hasi aurretik irakurtzea egokia eta gomendagarria izan zitekeela, jejeje. Hauen arabera, zuhaitz txiki batera zuzendu beharra genuen, bertatik aseguratzeko. Horrela, bada, Asier bilgunetik irten eta zelaigune maldatsua igotzen hasi zen, bertan dauden oteen arantza zorrotzetatik ahal bezain ongi ihes eginez, zuhaitz txikiaren bila. Belarrak harkaitzari tokia uzten dion tokira iritsi zenean, gelditu egin zen:

- Hemen zinta bat dau puenterroka baten jarrita – esan zidan, segurtasun-uhal baten itxura duen zinta zabal eta luze bat altxatuz.

Asier, harkaitz-zubian jarrita dagoen zinta zabala eskuan duela.

Larretxearen kronika argitaratu ondoren jarritako zinta bat izango zela pentsatu genuen, berak ez baitio erreferentziarik egiten. Zinta horretatik igotzen jarraitu zuen eskuineko joerarekin, tarteka harkaitzetik, tarteka belarretik, gandorraren ertzera hurbiltzeko (III-). Hara iristean, harkaitz-zubi bat topatu zuen, altzairuzko eraztuna duena.

- Hemen dagoeneko eguzkik jotzeo!! – Esan zidan irribarretsu, harkaitz-zubitik aseguratu zenean, inbidia emanez.

Eguzkitan bazegoen ere, haizeak indarrez astintzen zizkion arropak Asierri, zeruertzean jarritako bandera baten itxura emanez. Gandorraren ahotik jarraituz, helduleku oneko horma bertikal bat eskalatzen jarraitu zuen, altzairuzko eraztuna duen harkaitz-zubi batek babesten duena (III+).

Horma bertikalean.

- Reunioa nolakoa da? – Galdetu zidan hormaren zati bertikalena eskalatu zuenean.
- Bi kimiko – erantzun nion telefonoaren pantailari begira -. Ze ba?
- Hemen harkaitz-bloke haundi bat daulako kable batekin.

Argazki honetan horma bertikala babesten duen harkaitz-zubia ikusi daiteke, baita blokea inguratzen duen altzairuzko eraztuna ere.

Larretxearen kronika berriro irakurri eta bilgunea bi kimikok osatzen zutela baieztatu nion. Harkaitz-bloke erraldoi hau inguratzen duen altzairuzko eraztunean aseguratu zen (III-), blokea eskuinetik inguratu zuen (II) eta, haren atzean, bilgunea osatzen duten bi kimikoak aurkitu zituen:

- Hemen dare!!!!

Asierrek hirugarren bilgunea eguzkipean muntatzen zuen bitartean, bigarren bilgunea itzalpean desmuntatzen hasi nintzen. Itzala gutxituz zihoan, eguzkiak lehortzen hasi duen putzu bat bezala, baina gutxituz zihoan abiadura ez zen nahikoa izango eguzkia gandorraren ertzera iritsi arte ikusteko. Ni, behintzat, haizetik erdi babestuta nengoen, ez Asier bezala, mendian askotan tarte motz batean gertatzen diren kontrasteak agerian geratuz. Ideia horiek buruan nituela, luzea eskalatzen hasi nintzen, gandorretik aurrera eguzkipean egongo ginelakoan.

Itzalpean, bigarren bilgunea desmuntatzen.

Asier, aldiz, eguzkipean, hirugarren bilgunea muntatu ondoren.

- Hasierako tramo hori bustita badau kontuz ibili beharko da – esan zidan Asierrek bilgunera iritsi nintzenean.
- Ya lo creo – erantzun nion –. Eskerrak zapatilekin igo deun.

Hirugarren bilgunea.

- Laugarren luzea, 45 metro, III-. Berriro ere Larretxearen argibideei jarraituz, bilgunetik atera eta gainetik dagoen puntara igo gabe, ezkerretara dagoen erlaitz belartsu eta estutik jarraitu nuen, punta ezkerretik inguratuz eta lepo estu batera iritsiz. Zeharbide hau zaila baino (II) ikusgarriagoa da; hala ere, hobe bertan irrist egiten ez badugu, batez ere belarra bustia badago.

Erlaitz belartsuaren amaieran.

Lepoaren bestaldera pasatuz, pixkanaka zabaltzen den gandorraren ahotik eskalatzen jarraitu nuen. Laupabost metro eskalatuak nituenean, atzera begiratu nuen argazki bat egiteko, eta lepoaren beste aldean (eskuineko horman, eskaladaren noranzkoan) distira batek atentzioa eman zidan:

- Han parabolt bat dau!!! – Oihukatu nion Asierri.

Argazki honetan "ezkutuko" paraboltaren kokalekua adierazita dago.

Eskalatutako metroak desegin, paraboltaren parera iritsi eta bertatik express-zinta luze bat pasatu ondoren, behera jaitsitako metroak eskalatu nituen berriro, punta baten parean topatu nuen altzairuzko eraztun batez muntatutako harkaitz-zubi batera iritsi arte (III-).

Harkaitz-zubitiaren gainetik zailtasunak ez dira handiak (II+), baina harkaitzaren kalitatea tarteka ez da ona, eta haize-boladekin batera, eskalada kontuz hartzera behartu ninduten, are gehiago gandorraren ahora hurbiltzen nintzen bakoitzean, ezkerretara zabaltzen den amildegia handia baita. Gandorra horizontal bihurtzen den lekutik metro batzuk gorago gandor estu bat duen punta bat dago, baina bertan garbiketarik egin ez dela ikusi nuenean, eskuinetik inguratu nuen, hormari itsatsita, bosgarren luzea hasten den hormaren azpira zuzenduz.

Gandorraren zailtasunak amaitzen diren tokira iristen.

Bosgarren luzeko paraboltak berehala ikusi nituenez, pentsatu nuen laugarren bilgunea hormaren oinean egongo zela:

- Suposatzen da hemen nunbaiten kimiko bat eta puenterroka bat darela – esan nion Asierri talkie-tik, alde batetik bestera begiratuz.

Larretxearen krokisa begiratu nuenean, laugarren bilgunea hormaren oinean ez zegoela konturatu nintzen. Hormaraino igotako metroak jaitsi nituen eta aurrez eskuinetik inguratutako puntaren ondoan bila nenbilen kimikoa aurkitu nuen, baina ez zegoen Larretxeak deskribatzen duen harkaitz-zubiaren arrastorik. Kimikoa bere gainetik dagoen harkaitz-mokotik zinta-uztai bat pasatuz indartu ondoren, bilgunea muntatu nuen:

- Reunionnnnn!!!!

Laugarren bilgunea.

Reunionnnnn!!!!

Asierrek ez zuen denbora asko behar izan gandorraren amaierara iristeko. Niri gertatu zitzaidan bezala, atentzioa eman zion laugarren luzean jarrita dagoen parabolt bakar eta "ezkutuaren" kokapenak, ez baita erraza ikustea.

Gandorraren zailtasunak amaitzen diren tokian; Araia oso behean geratzen da.

Gandorraren zailtasunak amaitzen diren lekutik bilgunera dagoen tartea, nire aurrean gandor estua duen punta ikusi daiteke, eskuinetik inguratu genuena.

- Luze klabea – esan nion bosgarren luzeko hormari begira.
- Ea nola daun asegurauta – erantzun zidan, lehenengo paraboltei begirik kendu gabe.

- Bosgarren luzea, 25 metro, V+. Laugarren bilgunea desmuntatzea eta bosgarren luzea hormaren azpitik aseguratzea erabaki genuen, zati bertikalak edo makurtuak seguruago aseguratzen baitira hormaren oinetik. Horrek eguzkitik itzalpera eraman gintuen berriro, ordura arte irabazitako beroa arriskuan jarriz.

Horma, eskuinetik ezkerrera arrail nabarmen batek diagonalean erdibitua, atzeraka botatzen du lehen metroetan, baina helduleku onak ditu, arrailan batez ere. Helduleku horiek eta katu oinak jarrita zituela aprobetxatuz, Asierrek ez zuen zailtasun handirik izan hirugarren paraboltera iristeko (V/V+).

Bigarren paraboltaren parean.

- Suposatzen da oain eskubi aldera pasa beharren zarela laugarren paraboltera iristeko.

Hirugarren parabolta baino pixkat gorago igo zen eta poliki-poliki eskuinera jo zuen, mugimendu bakoitza ongi neurtuz, laugarren paraboltera iritsi zen arte (V).

- Zemuzkoa?
- Kinto on bat iruditu zait – erantzun zidan -, baina kintomas ez dakit, ea gero zuri ze iruitzen zaizun.

Laugarren paraboltetik aseguratu ondoren.

Larretxearen arabera, luzean parabolt gehiago ez zeuden, eta horregatik harritu ninduen Asierrek laugarren paraboltaren gainetik abiadura moteldu izana; izan ere, metro batzuk mugitu behar izan nintzen eta eguzkiak jotzen zuen toki batera pasa, hotz geratzen hasia bainintzen. Baina itzalpean hotz egiten bazuen ere, eguzkipean ez zuen berorik egiten, haizearen mende nengoelako.

- Hemen egurrezko tako bat dau!! – Esan zidan Asierrek minutu batzuen ondoren.
- Zaharra?
- Ez, berria, kate batekin – erantzun zidan.

Katedun zurezko takoa.

Zurezko takoaren gainetik, pare bat metro gorago, bosgarren bilgunea osatzen duen kimikoa topatu zuen, aurrean duen harkaitz-moko batean zinta-uztai bat pasatuz indartu zuena.

Bosgarren bilgunea.

Asierri iruditu zitzaion bezela, niri ere ez zitzaidan iruditu laugarren pararabolterainoko tartea V+ zailtasunekoa zenik, baina ezta V soil bat ere. Laugarren paraboltaren gainetik, aldiz, zailagoa iruditu zitzaidan. Horma bertikal bat da, pintza moduan heldu behar diren heldulekuekin, eta aseguratzeko aukera handiak ez dituela iruditu zitzaidan; izan ere, Asierrek ere ez zuen aurkitu tarte horretan aseguru bat jartzeko tokirik. Tentu handiz eskalatu beharreko tarte bat iruditu zitzaigun, nahiz eta zailtasunaren aldetik tarte hau ez den V+, baina bai V on bat. Luzearen zailtasun guztiak lehenengo lau parabolten artean kontzentratuta zeudela uste genuenez, laugarren paraboltetik gorako metroek lekuz kanpo utzi gintuzten.

Metro bertikal horiek eskalatuta, belarra eta harkaitza tartekatzen dituen tarte bat eskalatu nuen (III-, kontuz belarra bustita badago), eta bilgunera iritsi aurretik katedun zurezko takora iritsi nintzen.

Bosgarren bilgunera iritsi aurretik igo behar den tartea, belarra eta harkaitza tartekatzen dituena.

- Joer laugarren paraboltetik gora!!!
- Hasierako zatie nola aseguratu duten ikusita harritu dit tarte hartan beste parabolt bat jarrita ez uztea – erantzun zidan.

- Seigarren luzea, 20 metro, III+. Lepo txiki batera jaitsi nintzen, aurrean dagoen horma arraildura zuzenduz, bilgunetik bertikala dirudiena (II+). Baina hormaren oinera iritsi nintzenean, uste baino etzanagoa zela iruditu zitzaidan.

Horma hainbat arrailetatik eskalatu zitekeela iruditu zitzaidan. Aukera ezberdinak balioztatu ondoren, gandorraren ahotik hurbilen dagoen arrailatik eskalatzea erabaki nuen, orain arte bezala, gandorraren ahotik ahalik eta gertuen mantentzen jarraitzeko. Friend bat trabatu eta hormako harkaitzetatik ahalik eta indar txikienarekin tira eginez gorputza kontu handiz igotzen hasi nintzen, horma uste baino errazago eskalatuz (III+). Hormak ez du helduleku txarrik, baina tentuz eskalatu behar da, dagoen harriren bat ez baita fidatzekoa.

Horma eskalatu ondoren, friend-a non trabatu nuen ikusi daiteke.

Horma gainetik argazki bat egin nion Asierri eta metro batzuk egin nituen bertatik, lepo txiki batera iritsi arte:

Bosgarren bilgunea hormaren gainetik ikusita.

- Hurrengo reunioa soka batekin montauta dau? – Galdetu nion Asierri.
- Puenterroka baten jarritako zinta bat dela jartzen du – erantzun zidan Larretxearen argibideak irakurri ondoren -, ze ba?
- Hemengo bloke baten ingurun soka bat jarrita daulako.

Asierrek irakurritakoaren arabera, ez zirudien bilgunean nengoenik, ez tokiagatik, ez eskalatutako metroengatik ere, krokisak markatzen zituen 25 metroetatik “bakarrik” 20 metro eskalatuta nituelako. Baina ez nuenez muntatutako harkaitz-zubirik aurkitu nengoen tokitik bost metrora, erabaki nuen bilgunea sokadun blokean muntatzea.

Seigarren bilgunea.

- Ba krokisaren arabera badirudi reunioa gorago daula – esan zidan Asierrek bilgunera iritsi zenean.
- Hala ematen du, bai – erantzun nion telefonoari begira -. Dena den, gorago badau esango didazu, marraztuko deten krokisen adierazteko.

- Zazpigarren luzea, 25 metro, II+. Asier lepo txikiaren beste aldera pasatu eta hormatxo bat eskalatu ondoren (II+), gandorraren ahotik arin jarraitu zuen, erdi-oinez (II).

Zazpigarren bilgunean, erraza bada ere badaezpada friend bat trabatzen.

Sokaren erdia (25 metro) adierazten duen marka ilunera iritsi zenean, bat-batean gelditu egin zen:

- Reunionnnn!!!

Berehala iritsi nintzen harkaitz-zubi handi batetik pasatako soka batez osatuta dagoen azken bilgunera.

Zazpigarren bilgunea.

Materiala biltzen ari ginela, haizeak su-etena eman zigula iruditu zitzaigun, baina irudipen antzua izan zen, berehala hasi baitzen zuhaitzak berriro astintzen, bortitz, tarteka. Gandorraren ahoan mantenduz, pagadi bat alde batean eta belarrez eta harkaitzez zipriztindutako malda bat bestean, Umandiako gailurrera iritsi ginen, ekilibristak bagina bezala, eskaladari amaiera emanez. Han, argazki batzuk atera ondoren, bueltako bidea lasaitasunez hartu genuen, egin berri genuen eskalada digeritzeko denbora emateko.

Umandiako hego-mendebaldeko hormari azken begirada. Azkena izango ote da?

Eta digestio honetan eskalada ederra bezain gomendagarria iruditu zitzaigun, ukitu alpinoa duena. Ez da zailtasun teknikoa bilatzen dutenentzat eskalada bat, baina bizipen eder bat ziurtatuta dago, eta gure uste apalean bizipena zenbakien gainetik dago. Azken finean, neurtu daitekeen guztia ez da garrantzitsua, garrantzitsua den guztia neurtu ezin den bezala. Zenbakien mende dagoen mendizaletasuna bizi dugu, nahiz eta mendizale gehienok esaten dugun mendian bizitako bizipenari ematen diogula garrantzirik handiena. Aktibitate kopurua, zailtasuna, desnibela, distantzia eta denbora dira nagusi egungo mendizaletasunean, baina baita sare sozioaletako jarraitzaile kopurua eta kontakizunek duten “like” kopurua ere, neurtu ezin denari, benetan garrantzitsua denari, balioa kenduz. Edo bizipena ez da hain garrantzitsua eta errromantizismo faltsu baten azpian ezkutatzen saiatzen gara besteen onespena lortzeko? Norberak daki zein den galdera honen erantzuna.

Asier eta biok Umandiako gailurrean.

KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK

- Eskalatzen bloga. Umandi (Araba) - Termomis (240 m, 5c, derrigorrez 5b). Eskuragarri: https://eskalatzeneus.blogspot.com/2025/03/umandi-araia-termomis-240-m-5c.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina