AZKEN 10 SARRERAK

2016/10/25

LARRUNARRI (TXINDOKI) (1.341 m), HEGO-MENDEBALDEKO ZEHARKALDITIK, 2016/10/22

Mendiak begiratzerakoan ohiko bideetatik aparte gailurrera iristeko bide ezberdinak imajinatzen ditut. Ariketa honek galdera bat dakar beti: Hortik igotzerik izango da? Gertatu izan zaigu imajinatutako bidera hurbildu eta buelta hartu behar izatea, baina horrelako bide batetik gailurrera iristerakoan sentitutakoa deskribatzen zaila izaten da.

Honelako zerbait gertatu zitzaidan kronika honetan deskribatzen dudan bidearekin. Larrunarriko hego-mendebaldeko zeharkaldia nabaria da Larrunarri hego-mendebaldetik begiratzen badugu, Larraitzetik doan ohiko bidetik eta Ausa Gaztelutik batez ere. Zeharkaldi honen aukerak miatzea aspalditik nuen begi artean, batez ere neguan, baina mendi lasterketen "alde ilunak" harrapatuta ninduenez ez nuen denborarik hartzen, jejeje.

Mendi lasterketen denboraldia amaituta, buruari "txip"-a aldatu, beste helburu bati begira jarri eta entrenamentuen egitura aldatu nuen, mendian korrika gutxiago eta motxila astunarekin mendi ibilbide gehiago egiten hasteko.

Lehen ibilbiderako anaia eta biok Larrunarriko hego-mendebaldeko zeharkaldia egitea adostu genuen. Aitortu beharra daukat zeharkaldi hau egiterik bazegoela banekiela, Iker, Asier eta Lekuk hilabete lehenago egin zuten eta, miaketaren majia gutxituz, jejeje.

JARRAITUTAKO IBILBIDEA

Esan bezala, zeharkaldi hau oso nabaria da Larrunarri hego-mendebaldetik begiratzen badugu, Zeharkaldia Larrunarriko gailurra hego-mendebaldetik inguratu eta ipar-mendebaldeko lepoan amaitzen da, lepotik gailurrera bost minutu eskasean iritsiz. Zeharkaldiaren sarrerara Larrunarrira doazen ohiko hiru bideetatik (Larraitzeko bidea, Tximista bidea edota Muitzeko bidea) iritsi gaitezke, baina biderik zuzenena eta hemen deskribatutakoa Tximista bidetik doana da.

Tximista bidetik zeharkaldira iristeko ere aukera ezberdinak daude, oinez joatetik eskaladatxoak egitera, baina hemen biderik errazena deskribatuko dut, oinez egin daitekeena alegia.

Amaitzeko, zeharkaldi osoa egin beharrean badago gailurrera zuzenean iristea eskaladatxoak edota benetako eskaladak eginez, baina, berriro ere, kronika honetan biderik errazena deskribatuko dut.

Jaitsiera Larraitzetik datorren bidetik egin genuen.

Larrunarriko hego-mendebaldeko zeharkaldia, gorriz jarraitutako bidea era urdinez jaitsierakoa.


Zeharkaldia gertuago: bertako leku adierazgarrienak adierazi ditut.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera:  9 kilometro.
- Punturik baxuena: Larraitz, 404 metro.
- Punturik altuena: Txindoki, 1.341 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 927 metro.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Igoeran Larraitzen eta Oria iturrian eta jaitsieran Beltzulegiko borden ondoko iturrian ura hartzeko aukera izango dugu.
- Zailtasuna: Ibilbideak ez dauka zailtasun handirik baina badira kontuz ibili beharreko bi pausu delikatu, batez ere harkaitza bustia badago: lehenengoa zeharkaldiaren hasieran eta bigarrena gailurrera iritsi baino lehen igo behar den harkaitz bereizgarri batean. Ez nuke jakingo zein zailtasun maila eman, baina I-IIko zailtasunaren inguruan egon daitezke.
- Eramandako materiala: Ez dugu aparteko materialik beharko.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Guk oinez lasai-lasai igoera eta jaitsiera 3 ordu inguruan bete genuen, atsedenaldiak ere kontutan izanda.

Ibilbidea deskargatu nahi baduzue.


Powered by Wikiloc


DESKRIBAPENA

08:30, Larraitz, 404 metro, 0 km. Mendiko botak jantzi, pisuz betetako motxila hartu eta martxan jarri ginen: "bufffff!!!! Zenbat denbora ez nittula elurrik gabe botak jazten, jejejeje" esan nion anaiari ,"Ya te digo... Jejeje". Urriko egun topatu genuen: hego haizea, zeru gorrixka, birigarroak gora eta behera eta ehiztarien tiro hotsak.

Larraitzetik gora doan pistan.


Larraitzetik Larrunarrira doan bideak ez dauka misterio handirik eta gainera hemen deskribatuta dudanez ez ditut bidearen zehaztasunik emango.

Pista uzten den lekuan.


Aurreko bidegurutzea atzean utzi ondoren iristen den indikazio postea.


Indikazio postea dagoen lekutik gora doan bidea, bidea nabaria da eta galtzeko arriskurik ez dauka. Atzean Ausa Gaztelu ikusi daiteke.


Bidea lasai-lasai hartu genuen: "Joer, hilabetek zien Larrunarria hain poliki igotzen ez nintzela, jejeje" esan zidan anaiak. Larraitzetik 45 minutu ingurura Oria iturrira iritsi ginen.

09:15, Oria iturria, 860 metro 2,7 km. Iturrian ura edateko aprobetsatu, motxilaren gerrikoa estutu (pisua eramateagatik gerrikoa laxatzen hasita zegoen eta) eta ibilbidearekin jarraitu genuen.

Oria iturrian hidratatzen.


Iturria atzean utzi eta 150 metro inguruko zeharkalditxoaren ondoren Tximista bidea hasten den bidegurutzera iritsi ginen.

Kartelak dioen bezala, Tximista bidea hasten den lekuan.


Hemendik gora, txirrindularitzaren hitz egiteko modua erabiliz, plater txikia eta piñoi handia jarri genuen, aurretik genuen aldapa lasai hartuz.

Tximistaren lehen metroetan. Goian zeharkaldia eta zeharkaldira sartzeko erreferentzi bezala hartu genuen "harkaitz berezia".


Tximista pazientziaz hartu beharreko aldapa da. Ikerrek beti esaten duen bezala: "aldapa honek beti zure lekun jartzen zaittu". Eramangarriagoa egiteko normalean hiru erreferentzi puntu hartzen ditugu: 150 metro ingurura zeharkatzen den hesia, handik beste 150 metro ingurura dagoen elorri bereizgarria eta elorritik beste 150 metro ingurura, lehen maldaren amaieran, eskuinera hartzen den bihurgunea. Bihurgune honetatik ohiko bidera arte dagoen zatian hauspoa oraindik berotuko zaigu eta indarrak ez baditugu gorde gogoz ordainduko dugu, hau da, "aldapak gure lekuan jarriko gaitu", jejeje.

Hesia zeharkatu ondoren.


Elorrira iristen.


Elorri bereizgarria eta hego-mendebaldeko zeharkaldi osoa.


Elorritik gora haizea gogotik jotzen hasi zen: "Ostia, hotza itten hasi delaa!!" Esan nion manga motzetan zihoan anaiari, "ba ni oaingoz ondo nijo" erantzun zidan. Aldapa osoan bistan genuen zeharkaldira sartzeko erreferentzi bezala honen eskuinean dagoen "harkaitz berezi" bat hartu genuen: "hor ikustean harkaitzen gañetio sartu beharren gare" esan zidan anaiak.

Maldaren amaieran dagoen bihurgunera iristen. Parean ikusten den harkaitzetik Espuelón Boinatti (Abilategi, 65 m, V-) eta Pinpilipausa (50 m, 6a) eskalada bideak doaz.


Eskuinera doan bihurgunea hartu eta aldapak metro gutxi batzuetan atseden txiki bat eman zigun. Haizearen indarra gogortzen zela ikusita, momentu batez gelditu eta Iker forro polarra jazteko aprobetsatu zuen: "nork esangozian Rayoa igotzen arropa kentzen baño jazten aittuko nintzela" esan zidan irrifartsu. "Hola gutxiñez goraño epel igoko gea", erantzun nion.

Bihurgunea atzean utzi ondoren, harkaitz berezia gertuago.


"Tximista bidetik" igotzen ari ginela zeharkaldira igotzeko aukera ezberdinak (edo zuzenagoak, jeje) daudela ikusi genuen: "gu errezenetio jungo gea ta beste aukerak neguako utziko ditteu" esan nion anaiari. Honetarako bidetik atera gabe jarraitu genuen "harkaitz berezia" gure ezkerrean gelditu zen arte.

"Harkaitz berezira" iristen.


Hego-mendebaldeko zeharkaldia aurreko argazkiaren puntu beretik ikusita.


Goian esan bezala, "harkaitz berezia" gure ezkerrean gelditzen hasi zenean Tximista bidea utzi eta ipar-mendebaldeko norabidea hartu genuen harkaitz bereziaren gainera iritsi arte.

"Tximista bidea" utzitako lekuan, dagoeneko "harkaitz berezia" ia gure azpian gelditzen da.


Jaitsieran egindako argazki honetan mendizale bat Tximista bidean eta hemendik gora guk egin genuen bidea (gorriz) ikusi daiteke. Urdinez, Tximista bidearen jarraipena.


"Harkaitz bereziaren" gainetik ardiek egindako bidexka bat jarraituz aldapatxo bat jaitsi eta harkaitzaren gainetik egiten den pasagune horizontal batera iritsi ginen: "hau da bideko pasoik zallena" esan zidan Ikerrek. Pasagunea, 4-5 metro ingurukoa, harkaitz trinkoan egiten da. Zailtasun handirik ez dauka eta helduleku onak ditu, baina harkaitza hezea edo bustia badago arriskutsua izan daiteke, eta erorketa, primerakoa.

Iker pasagune delikatuan eta atzean zeharkaldiaren lehen zatia.


Pasagunea atzean utzita gure eskuinean dugun hormatik gertu oinez ibiltzea besterik ez genuen egin, ardiek egindako bidexka jarraituz.

Pasagune delikatua atzean utzi ondoren.


Bideak zailtasunik ez dauka eta pare bat lekuetan harkaitz plaken gainetik ibili ginen. Hemen ere harkaitza bustia badago kontuz ibili beharreko lekua da, irristakorra egon daiteke eta, baina plaka hauek ekidin daitezke.

Harkaitz plakak pasa ondoren atzera egindako argazkia: Tximista bidea, "harkaitz berezia" eta pausu delikatua ikusi daitezke.


Nahiz eta azpitik ez dirudien, zeharkaldia bi zatitan banatu daiteke: lehen zatia pausu delikatutik 40-45 metro inguru doan tartea da. Honen ondoren eskuinera bihurgunetxo bat egin eta beste 40-45 metro inguruan bigarren zatia zeharkatuko dugu. Bi zatiak oinez egiten dira.

Zeharkaldiaren bigarren zatian.


Jaitsieran egindako argazki honetan zeharkaldia beste ikuspuntu batetik ikusi daiteke.


Esan bezala denbora osoan gure eskuinean gailurretik behera doan horma bertikala utzi genuen. Gora gindoazen heinean hormari ahultasunak bilatzen joan ginen: "igual hortio igotzea eongo da...", "hemendio sokakin, hor eta han seguruk jarrita...", "handio pitzaduratik ere errexa emateo"... Jejeje. Egia esan, itsuraz behintzat, hormak igotzeko aukera ezberdinak ditu, ea egunen batean miatzen ditugun.

80-100 metroetako zeharkaldiaren ondoren gure eskuinean kanal harritsu bat azaldu zen. Kanala igo gabe zeharkaldiarekin zuzen jarraitzen badugu, Erlabeltzeko puntara iritsiko gara zuzen-zuzen, baina gu kanalari begira gelditu ginen: "bakizu nun garen, ez?" Galdetu zidan anaiak. "Bai, aristaren bukaeran puntara igo aurretio daun lepora igotzen den kanalen" erantzun nion.

Iker kanalaren azpian.


Kanalaren sarreratik behera egindako argazki honetan zeharkaldiaren bigarren zatia ikusi daiteke.


Kanalak 40 metro inguru izango ditu eta ez dauka inongo zailtasunik. Guk oinez erraz igo genuen Larrunarriren ipar-mendebaldeko leporaino.

Lepotik behera egindako argazkia, azpian Ausa Gaztelu.


Leku beretik ipar-mendebaldera egindako argazkia, Erlabeltzeko puntie ikusi daiteke.


Lepotik aurrera Larrunarriko mendebaldeko gandorrak jarraitzen duen bide bera jarraitu genuen. Hasteko, oinez gandorraren gainera igo (hemen ere harkaitza bustia edo haize bolada bortitzik badago kontuz ibili beharreko lekua da), eta oinez, gailurrera iritsi aurretik "eskalatu" beharreko harkaitz bereizgarrira iritsi ginen.

Gandorraren gainean, aurrean azken zailtasuna ikusi daiteke.


Harkaitz hau diagonalean oinak ondo jartzen diren pitzadura batek zeharkatzen du eta harkaitz gainean ere eskuentzat helduleku onak daude. 3-4 metroetako zeharkalditxo hau zaila baino ikusgarria da eta ez du erorketarik onartzen, erori ezkero amiltzeko arriskua dago eta. Hemen ere, harkaitza heze edo bustia badago kontuz ibili beharko dugu.

Harkaitzaren pasagunearen hasieran...


... Eta pasagunearen amieran, ikusten denez ez da zaila baina erorketa arriskutsua izan daiteke.


Azken zailtasun honen ondoren gailurrera inongo eragozpenik gabe iritsi ginen.


10:10, Larrunarri, 1.341 metro. "Ostia, ona igoera ehh?" Esan nion anaiari. "Gustau zaizu?", "Joer, ba bai" erantzun nion, "esaten nizun igoera hau normalak baño hobea dela" erantzun zidan.

Larrunarriko gailurrean.


Gailurreko mendizalea.


Gailurrean ez genuen denbora luzean egon eta berehala martxan jarri ginen. Hasiera batean Muitzetik jaistea pentsatuta genuen baina, gailurraren ipar aldean lanbroagatik harkaitzak oso hezeak zeudela ikusi genuenean, Larraitzetik datorren bidetik jaistea erabaki genuen.

Egurral lepoa atzean utzi ondoren zeharkaldiari egindako argazkia.


Gertuago...


Arraroa egin zitzaigun botekin eta oinez jaistea; azkeneko hilabeteotan zapatilekin eta korrikan jaistea ohituak, hasieran baldar xamar ibili ginen: "boteta berriro ohittu beharren gare, jejeje" esan nion anaiari. Jaitsieran gailurrera zihoan erromeriarekin gurutzatu eta behi batek zakur bati ematen zion ostikada ere ikusteko aukera izan genuen: "Aralarren txakurrek lotuta eman behar diela..." esan zuen Ikerrek zakurra negar batean aidean ikusi genuenean.

Ordu eta laurdeneko jaitsiera lasaiaren ondoren Larraitzera ez ohiko bide honek utzi zigun zapore ona dastatuz itzuli ginen. Ea neguan hau oinarritzat hartuta irteera zuzenagoren bat egiten dugun, jejeje!!!!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina