AZKEN 10 SARRERAK
2025/06/26
ZIORDIA: "OSTADAR" BIDEA, 70 m, V+. 2025-05-25
Bidearen oinean jarrita dagoen plakatxoa.
Traductor al catalá, galego, castellano, english traslator, traducteur française.
Denok ditugu pertsonak inguruan zerbait eskatzeko bakarrik deitzen edo mezu bat bidaltzen digutenak. Senideak, “lagunak”, ezagunak edo ezezagunak izan daitezke, eta ikusten dituzunean, pentsatzen duzun lehenengo gauza da: “zer nahiko dute oraingoan?”. Antxon Gorrotxategi ez da pertsona horietako bat. Bere mezu bat jasotzen dudan bakoitzean, nola gauden galdetzeko edo zerbait emateko izaten da. Mezu horiek jasotzen ditudanean badakit eguna alaituko didatela. Eta 2024ko abenduaren 2an jaso nuen mezua ez zen desberdina izan.
Oraingoan, mezuarekin batera krokis zirriborratu bat bidali zidan argazki batean. Mezuan Ziordian ireki berri zuen “Ostadar” bidearen berri ematen zidan, bi luzez osatutako 70 metrokoa. “JB” bidearen hirugarren luzeko aldaera apur bat umezurtz geratu zela iritzita, bide hori ireki zuen, adar horrek irteera zuzenagoa izateko aukera emateko asmoz.
Azaroaren 2an hasita, lau egun osoz lanean eman ondoren, eskuak urratuta eta orkatila bat minduta amaitu zuen, paretatik erori zen harri baten kolpearen ondorioz. Baina pare bat aldiz eskalatu ondoren, bidea oso ona zela kontatzen zidan, eta inoiz baino gusturago eta zoriontsuago utzi zuela. Eta zoriontasun hori ederki islatzen zuen argazki bat bidali zidan. Bertan, Antxon bera “Ostadar” bidearen plakatxoaren ondoan agertzen da, bere semeaz harro dagoen aita bat bezala, zoriontsu eta hunkitua aldi berean.
Antxon plakatxoaren ondoan zoriontsu.
Bere mezuari amaiera emateko, "Ostadar" Santa Barbaran berarekin maiz eskalatzen duten Lasarteko eskalatzaileei egindako omenaldi txiki bat dela esaten zidan, Lasarteko mendi taldea Ostadar Saiarre Kirol Taldearen barruan baitago.
Antxonen mezua jaso genuenean, Asierrek eta biok “Arrataundiko ninia” bidean jarrita genuen arreta, gogo eta motibazio osoa, eta, beraz, eguraldiak uzten zigun bakoitzean hara joaten ginen sokatik zintzilik orduak ematera. Bide hori apirilean inauguratu genuenean, “Ostadar” noiz eskalatuko genuen pentsatzen hasi ginen. Eta eguraldi txarreko asteburuak igaro zirenean, familiako konpromisoek tregua bat eman zigutenean eta buruan genituen beste eskalada-bide “errazago” batzuk eskalatu genituenean, maiatzaren amaierarako egin genuen hitzordua.
BIDEAREN DATU BATZUK
- Luzera: 70 metro.
- Luze kopurua: 2.
- Nork irekia: Antxon Gorrotxategik 2024ko azaroan.
- Zailtasuna: V+. Luzez-luze: 1ºL: V (30 m) eta 2ºL: V+ (40 m).
- Orientazioa: Hegoaldea.
- Ura: Ziordia herriko iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Bi aukera ditugu “Ostadar” bidera iristeko, biak antzekoak: “Rösti” bidearen laugarren bilgunetik edo “JB” bidearen hirugarren luzeko aldaeraren bilgunetik.
- Jaitsiera: Bidearen amaieratik ekialdera joko dugu ertzetik baino basotik gehiago ibiliz. Ziordiako ezproiaren parera iritsitakoan oso nabaria ez den xenda jarraituko dugu “Irati” bidearen amaiera arte. Hemendik aurrera jaisteko bidea puntu gorriz adierazita dago. Bidearen amaieratik Ziordiaraino ordubete pasatxo pasako dugu.
- Eramandako materiala: 50 metroko soka bat, luzera desberdineko 16 express-zinta, friend eta arteka-trabagailu sorta eta luzera desberdinetako zinta-uztaiak harkaitz-zubi eta harkaitz-blokeetatik pasatu eta bilguneak muntatzeko. Walkie-talkie pare bat eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko eta horman bizi diren animali eta hegaztiak ez molestatzeko.
- Eskalada-bidea eskalatzeko pasatako denbora: Ordu bete eskas.
BIDEAREN KROKISA
Bidearen nondik norakoak. Argazkian “Rösti” eta “JB” bideak ikusi daitezke.
Krokis zehatza.
DESKRIBAPENA
Goizean goiz iritsi ginen Ziordiara; izan ere, inor ez zebilen kaletik, furgoneta batetik eskaladako materiala ateratzen ari zen bikote bat besterik ez. Azkenaldian egin dugun bezala, herriaren sarreran dagoen iturriaren ondoan aparkatu genuen kotxea, nahiz eta bagenekien harrobia itxita zegoela, jaieguna zelako. Gogoan genuen urte amaieran harrobiaren sarreran aparkatuta zegoen eskalatzaile baten kotxeari lau gurpilak zulatu zizkiotela, nahiz eta gurpilak zulatu zizkioten eguna ere jaieguna izan eta harrobia itxita egon. Herrian kotxea uztea seguruagoa izango delakoan, orain nahiago izaten dugu handik ibiltzen hasi, nahiz eta hurbilketa eta jaitsiera luzeagoak diren.
“Ostadar” bidera “Rösti” bidetik hurbiltzea erabaki genuen; alde batetik, “Rösti”-n bakarrik egongo ginela uste genuelako eta beste aldetik “JB” bidea “duintasunez” (hau da, nahi baino gehiago sufritu gabe, jejeje) eskalatzeko gai ikusten ez ginelako oraindik.
“Rösti” bidean jarritako plakatxoa.
“Rösti”-k ez zigun huts egin eta izugarri gozatu genuen. Lehen luzean aurkitu genuen landaretzak atentzioa eman zigun, bidea erabat estaltzen baitzuen tarte batean, eta bide hori ez dela asko errepikatzen baieztatu zigun, uste genuen bezala. Eta uste dut gauza bera pentsatu zutela gure atzetik bidea eskalatu zuten bi kordadek ere, gure ustea haizea hartzera bidaliz, jejeje. Egun horretan bertan sei kordadek kointziditu genuen Ziordiako harkaizterian: hiru Ziordiako Ezproian eta hiru “Rösti” bidean.
“Rösti” bidearen lehen luzean. Aurtengo udaberriko hezetasunak mendiak belar eta lorez bete ditu.
Laugarren bilgunera iritsi ginenean atseden labur bat hartzeko aprobetxatu genuen. Sokak jaso eta zapatilak lasaitasun osoz janzten genituen bitartean, atzetik zetozen kordaden mugimendu eta oihuak entzuten genituen geroz eta gertuago:
- Bada kasualitatea gaur bide hontan hiru kordada sartzea -, esan zidan Asierrek, eguzkitako krema hartzen zuen bitartean.
- Ya lo kreo – erantzun nion -, apostu egingo nuke hau ez dela sekula gertatu, jejeje.
Atzetik zetozen kordadak laugarren bilgunera iritsi aurretik martxan jarri ginen, inork “Ostadar” eskalatu nahi izanez gero ez itxaron arazteko.
“Ostadar” bidearen oinera iristeak duen gauza onena horma denbora guztian ikusten dela da, horregatik, ez dago galtzeko arriskurik. Hau gutxi ez bada, noizean behin jarrita dauden mugarriek ere bide egokia hartzen laguntzen dute. Zuzenean igotzen hasi ginen bilgunetik, eta pixkanaka eskuinerantz jo genuen, hartxingadi nabarmen batekin topo egin genuen arte.
Bilgunetik gora jarraitutako bidea.
Hartxingadira iritsitakoan, handik igotzen hasi ginen, ahal izan genuen toki erosoenetik, hormara zuzenduz. 10 bat minutuko igoera lasaiaren ondoren, hormaren oinean dauden zuhaitzen artean bidearen hasiera adierazten duen plakatxoa aurkitu genuen.
Hartxingadiaren goiko aldera iristen. Argazkian mugarri bat ikusi daiteke.
Plakatxoaren ondoan.
Plakatxoa. Ondoan, soka batekin muntatutako harkaitz-zubi bat dago.
- Azpitik ikusita kriston pinta ona dauke – esan nion Asierri, materiala arnesaren uztaietan banatzen nuen bitartean.
- Bai, hala da – erantzun zidan Asierrek -. Zenbat express hartu dituzu?
- Hamabost – erantzun nion -, Antxonen krokisen agertzen direnak.
Lehenengo bilgunetik egindako argazki honetan, “Rösti”-ren laugarren bilgunetik "Ostadar"-en hasierara jarraitu behar den ibilbidea ikusi daiteke.
- Lehenengo luzea, 30 metro, V. Opari bat ireki behar duenaren moduan sentitzen nintzen, “Ostadar” eskalatzen hasteko irrikan. Zer estaltzen zuen bilgarriak? Orain ikusiko nuen. Laupabost metro zuzen eskalatzen hasi nintzen plakatxoa jarrita dagoen harkaitz-plaka arraildutik, eta muntatuta dagoen bigarren harkaitz-zubira iristean, eskuinetara zeharkaldi bat egin nuen, hormaren azpian dagoen lizar bakarti baten eskuinean jarriz (III).
Luzearen lehen metroetan.
Gora begiratu eta lizarraren eskuineko diedro arrailduna ikusi nuenean, eskuak igurtzi nituen, txokolatezko pastel handi bat jan behar duen haur baten antzera. Diedroa poliki-poliki eskalatzen hasi nintzen txokolatezko pastel goxo hori dastatzen ariko banintz bezala, helduleku eta mugimendu bakoitza gozatuz (IV+) eta helduleku eta mugimendu bakoitzari ahalik eta zukurik handiena atereaz.
Argazki honetan lizar bakartia (ezkerrean) eta diedroa (eskuinean ikusi daitezke. Luzea soka doan lekutik doa.
Diedroaren lehen metroetan, nire ezkerrean lizar bakartia ikusi daiteke.
Metroak irabazi ahala, arraila estutu egiten da, baina oso ongi aseguratuta dagoenez, eskaladaz gozatzen jarraitu nuen. Arraila desagertu zenean, ezkerrera jo nuen pixka bat eta zuzen jarraitu nuen horma bertikal batetik, gainean dagoen sabai batera zuzenduz (IV+).
Diedroaren amaierara iristen. Goian horma ixten duen sabaia ikusi daiteke.
Arrail batetik igoz sabaia ezkerretik inguratu nuen, haren gainean dagoen harkaitz-plakara igoz (V), eta, handik metro gutxi batzuk eskalatu ondoren, eskuinetara zeharkaldi horizontal bat egin nuen, lehen bilgunea muntatuta dagoen erlaitz erosora iristeko (V-).
Sabaia ezkeretik inguratzen.
Lehenengo bilgunea.
- Reuniónnnnn!!! – Oihukatu nion Asierri besoa astinduz.
Reuniónnnnn!!!
Asierrek ere, ni bezala, presarik gabe eskalatu zuen, bigarren luzerako indarrak gorde nahiko balitu bezala.
Sabaiara iristen.
- Luze ona, eh?
- Oso ona – erantzun zidan.
Sabaia inguratzeko eskalatzen den arrailan.
- Bigarren luzea, 40 metro, V+. Horma eguzkiari lapurtutako beroa irradiatzen hasia zen, eta, eguzkia hartzen ari zen indarrarekin batera, izerdi tantak sumatzen hasi ginen bizkarrean behera erortzen. Horregatik, Asierri gainean nuen materiala azkar-azkar eman nion eta denbora galdu gabe eskalatzen hasi zen.
Luzearen lehen metroetako harkaitzak konfiantza handirik ematen ez duen arren, kalitate oneko harkaitza da. Hala ere, Asierrek zuhurtziaz eskalatu zituen lehen metro horiek, sabel formako harkaitz-plaka batekin topo egin zuen arte (V-).
Sabel formako harkaitz-plakaren parean.
Handik gora, luzea gero eta bertikalagoa da, eta ez ditu atseden hartzeko leku askorik. Asierrek kontu handiz jarraitu zuen metro batzuk eskalatzen, eta arrasto zuri bat duen harkaitz batera iritsi zenean, eskuinetara dagoen erlaitz txiki batera pasa zen atseden motz bat hartzeko (V).
Erlaitzera iristen.
Erlaitz txikian.
Erlaitzaren gainetik, luzeak berdin jarraitzen du: V zailtasunean egonkor, helduleku onak, bertikaltasuna eta seguruen arteko distantzia egokia; hala ere, aseguruen arteko distantzia hori luzea dela uste bada, leku askotan jarri ahal dira friend-ak edo arteka-trabagailuak. Asier poliki eskalatzen zuen arren, metroak etengabe irabazten zituen, gorputzaren pisua ahal zuen guztietan oinetara eramanez, besoei atseden emateko. Horregatik harritu ninduen bat batean gelditu izanak.
Asier, eskalada gelditu zuen lekuan.
- Zailena hemendik gora hasten dela esango nuke – esan zidan bakarrik.
Asierren gainetik, ur-tantaz zipriztindutako harkaitz trinkozko plaka bat hasten zen, orain arte eskalatutako tarte bertikala baino bertikalagoa zirudiena. Hau nahikoa ez balitz, plakak ez zirudien orain arte aurkitutako helduleku onak zituenik. Hau da, plaka bertikal baten hasieran zegoela, estutu behar izateko osagai guztiekin, jejeje.
Harkaitz trinkozko plaka azpitik ikusita.
Itxura “beldurgarria” izan arren eta lasai ez bazebilen ere, Asierrek gelditu gabe eskalatu zuen plakan dagoen harkaitz-zubi handi bateraino, soka bat jarrita duena (V).
Harkaitz-zubira iristen.
Harkaitz-zubitik ezkerrera pasa zen (V+) eta, arrail estu baten laguntzaz, plakari zentimetroak irabazten jarraitu zuen parabolt bateraino (V+). Biok erabat kontzentratuta geunden: Asierrek gainetik zituen metroetan eta nik Asierrek egiten zituen mugimenduetan, batez ere expres-zintetatik pasatzeko soka eskatzen zidanean. Estutzen ari zarenean, ez da ez eroso ez atsegina soka eskatzea eta ikustea ez duzula nahikoa express-zintatik mugimendu bakar batean pasatzeko.
Harkaitz-zubitik ezkerrera pasatzen.
Ordura arte, eskalatu egin zuen gainetik zuen ur-tantadun plaka nolabait saihestuz. Orain plakara igo behar zuen (V+). “Zer da Antxonen bide bat bere ur-tantadun plakarik gabe?”, esan zidan Antxonek mezu batean bide honen berri eman zidanean. Luzea bertikala da, eta ur-tantadun plakara igotzeko metroetan pixka bat atzera botatzen duela esango nuke; izan ere, aurretik doanari aseguratzen diozunean lepoko minez amaitzen duzun luze horietakoa da, gora hainbeste begiratzeagatik.
Ur-tantadun plakaren oinean.
- Zenbat express behar direla esan didazu? – Galdetu zidan bat batean talkie-tik, ur-tantadun plakara igo zenean.
- 15 – erantzun nion -. Ze ba?
- Azkenekoa jartzea nijolako.
- No jodasssss!!!!
Eskuak arnesera bota nituen instintiboki, eta bertatik zintzilik zeuden bi express-zinta ukitu nituen.
- Ostia, nik bi dauzket!!! – erantzun nion -. Barkatuuuuu!!!
- Ea seguridadeko bi mosketoiekin moldatzen naizen.
Azkenean, hiru segurtasun-mosketoi behar izan zituen luzearen amaierara iristeko, eta, geratzen zitzaion material gutxiarekin, ahal zuen moduan muntatu behar izan zuen bilgunea.
Ur-tantadun plakan heldulekuak ez dira txikiak eta zailtasuna zertxobait jaisten den arren, Asierrek zuhur eta kontu handiz eskalatu zituen metro horiek (V).
Ur-tantadun plaka azpitik ikusita.
Ezkerretik eskuinera zeharkaldi bat eginez, luzearen irteeraren azpian jarri zen, harkaitz-plaka bertikal bat, eskuinaldean ezproi moduko bat duena (V).
Luzearen irteera.
Ez dut imajinatzen nolakoa izan zen Asierrek bizi izan zuen tentsio unea; horregatik talkie-tik “reuniónnn” entzun nuenean arnasa sakon hartu nuen. Erresilientzia psikologian eta enpresa-munduan asko erabiltzen den hitza da, eta pertsonak faktore estresagarriei eta aurkako egoerei aurre egiteko duen gaitasunari egiten dio erreferentzia. Asierrek bere erresilientzia modu bikainean jarri zuen praktikan: atzera bueltarik ez zuen egoera batera iritsi zen (zegoen lekutik ezin zen jaitsi) eta goitik bakarrik irten zitekeen. Zituen baliabideak eta aukera ezberdinak baloratu zituen (horietako bat, bera zegoen parabolt berean bilgunea muntatzea), eta egoera estresagarri hartatik irteteko biontzat egokiena eta seguruena iruditu zitzaiona aukeratu zuen.
- Joe, hau da hanka sartzea!!!! – Esan nion bilgunera iritsi nintzenean.
- Hala ere, 15 expressekin ez nintzen goraño iritsiko – erantzun zidan.
- Arrazoi dezu – erantzun nion – Antxoni esango diot luze hontako 16 express behar direla eta ez 15.
Azken bilgunea.
Materiala jaso genuenean, “Rösti”-ren azken bilgunera hurbildu ginen, gure atzetik eskalatzen ari ziren kordadetako bat bidea amaitzen ari zelakoan. Asierrek bi zinta-uztai ahaztuta utzi zituen “Rösti”-ren oinean, eta atzetik zetorren kordadak hartuko zituen itxaropena genuen. Baina bidea amaitzeko oraindik metro asko geratzen zitzaizkiela ikusi genuenean, motxilak utzi genituen tokira itzultzea erabaki genuen, eta jaisteko bideari ekitea. Kronika hau irakurtzen duen norbiatek zinta hauek hartu baditu, asko eskertuko genuke itzultzea garagardo edo freskagarri baten truke, jejeje.
Asier eta biok oso zoriontsu bide eder honen amaieran.
Ziordiara itzuli ginenean, eguzkia goi-goian zegoen, eta errukirik gabe berotzen zituen bazter guztiak. Horren erakusgarri izan ziren gure bizkar bustiak, motxilek berotuak. Zeinen gustura edan genuen herriko iturritik irteten den ur freskoa!!! “Ostadar” izugarri gustatu zitzaigun eta bigarren luzea zoragarria da. Luze hori sokatik zintzilik eskalatu nuenez argazkiak egiteko, ez nintzen hainbeste nekatu eta ez zitzaidan Asierri bezain gogorra iruditu, baina pauso bat baino gehiagotan estutu behar izan nuen. Motxilak kotxean sartzen ari ginela Asierrek aitortu zidan eskalada osoan zehar, baita “Rösti”-n ere, ez zuela sentsazio onik izan ez gorputzean ez buruan.
- Joer, ba sentsazio txarrekin egoteko txapeldunen moduan eskalatu dezu, jejeje!!! – Bota nion, animatu nahian.
Bizitzaren gakoetako bat gertatzen zaigun edozein gauzaren aurrean hartzen dugun jarreran dagoela uste dut, eta aukeran hobe izaten da jarrera baikor eta positibo bat hartzen badugu; zer esanik ez irribarre batekin bada, nahiz eta beti posible ez izan. Egunero, oso iluna izan arren, etxetik ateratzen garenean askatasuna dugu nola izan eta nola egon aukeratzeko. Ez dugu ahaztu behar norbaitekin atsegina izateak eta enpatizatzeak, norbaiti irribarre egiteak edo norbaitekin kezkatzeak duen aldatzeko ahalmena, guregandik hasita.
KRONIKA IDAZTEKO KONTSULTATUTAKO BIBLIOGRAFIA ETA WEB ORRIAK
- Smithyrenbloga bloga. 2023/04/03. Ziordia, "Rösti" bidea, 200 m, 5b+. Eskuragarri: http://www.smithyrenbloga.com/2023/04/ziordia-rosti-bidea-200-m-5b-20230325.html
Nork argitaratua:
Xabi "Smithy" Mujika
ordua:
16:50
Etiketak:
eskalada,
jb,
ostadar,
rosti,
rösti,
sakana,
smithy,
smithy blog,
smithyrenbloga,
ziordia
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina