(igoera honen abenturaren kontaketa hemendik dator)
Goizeko ordu biak.
Bapatean gure denda piztu egin zen. “Ze Kristo?” pentsatu nuen. Segundu dezimatan mila arrazoi etorri zitzaizkidan burura: Truji pixa egitera jaiki da eta bere linternaren argiak gure denda argitu du, ametsetan ariko naiz … baina ez nuen errealitatea ikusi nahi … zeruak burrunba bezela protesta egin zuen arte. “Ostia, trumoiak!!!!!!!”, pentsatu nuen. Pixkanaka tximista eta trumoiak hurbiltzen joan ziren danbateko eta burrunbak geroz eta gertuago entzuten zirelarik. Orduan, xuabe hasten den txalapartaren moduan, ekaitz tantek ere bere txalaparta jotzen hasi ziren.
Ordu erdi pasatxoko ekaitza izan zen, nire lehenengo ekaitz serioa Piriniotan, eta gure 90 eurotako dendak ekaitza nola jasango zuen erabat kezkaturik eduki ninduen bukaezin iruditu zitzaidan denbora horretan. Gainera, dendaren atea eta gure zakuen kremailerak irekita genituen (kriston beroa genuen eta), baina dendaren sarreraren “doble tetxu”tik urik sartzen ez zela ikusteak zer edo zer lasaitu ninduen. Honela argiak eta burrunbak pixkanaka aldentzen joan ziren pixkanaka mendiak pakean gelditu zirelarik.
“Earra bota du, eh?” esan zidan anaiak. “Bai”, erantzun nion. “Mikel!!!! Ondo?” oihukatu zion anaiak Trujiri. Bere erantzuna zurrunken bidez ailegatu zen. “Hay que joderse, kriston ebie bota eta Truji lo” anaiak, “hobe, hola ez da urduri jarriko” esan nion.
Honela ba, pixkanaka Morfeoren besoen gozora joan ginen pixkanaka………. Goizeko bostak aldera mendiaren pakea gauean bigarren aldiz burrunba batek ito zuen arte.
Oraingo honetan euria hasi zuen noizik eta behin tximistaren batek denda pizten zuelarik. “Hau ez da ezer aurrekoarekin konparatuta” pentsatu nuen. Orduan haizea indartu zen denda alde guztietatik gu besarkatu nahian hasi zelarik eta haizea gurekin aspertzen hasi zenean kazkabarraren danborrada hasi zen.
Ordu erdiz gutxienez ilarren tamainako kazkabarrak gure denda bonbardeatzen hasi zen haizeak alde guztietatik astintzen gintuen bitartean. Ni ez nengoen oso urduri “aurreko ekaitza jasan badugu, hau ere jasango dugu”… “doble tetxu”tik (udan ekaitzaren mendean aterki batean gertatzen den bezela) ura mikrotanten moduan sartzen hasi zen arte. “Mitz!!!!!! Azkar!!!!!!!!!!! Ude sartzen ai da, dendaren kremailera itxi beharra deu!!!!” esnatu nuen anaia. Anaiak salto batean lau hanketan jarri eta dendaren kremailera itxi zuen sapaiatik erortzen zen uratik babestuz. Ilarren bonbardeaketa iraun zuen bitartean ez genion elkarri entzuten, danborrada gure ahotsa baina altuagoa baitzen. Nire ardurarik nagusiena zakua zen “ez dadila zakua busti” pentsatzen nuen denbora osoan.
Nire Piriniotako bigarren ekaitza hiru ordutan, eta egia esan, bigarrengo honek dexente “akojonatu” gintuen, gure dendatxorengan ez baikenuen konfidantza handirik. “Hau ez al da sekula bukau bear?” oihukatu zuen nire anaiak.
Ordiziako festetan bezela, danborrada matutinaren ondoren, hala hola, egunsentia etorri zen, eta argiarekin batera hainbeste beldurra nion kalteen ebaluazioa.
Lehenik zakua ukitu nuen “Lehorra dago!!!!” esan nuen. Ondoren eskuekin dendaren zorua ikutu nuen eta ikusi nuen gure esterillen azpian ura zegoela “eskerrak soberan genuen arropa guztiarekin almohadak egin genituela” pentsatu nuen. Denda ireki nuenean, anaiarik astindu ederrra eman nion, “Mitz, kriston putzue dao, putzu baten gaiñen gaude”. Ahal izan nuen moduan zakuaren barnean jantzi, zakutik atera eta dendatik atera nintzen dendari pisua kentzeko asmoarekin.
Bi dendak 5 zm inguruko putzu baten gainean eta ilar txuriz inguraturik zeuden. “Gutxienez zakuak lehorrak daude” pentsatzen nuen etengabe zakuetan nire bizia joango balitz bezela. Pixkanaka Truji eta Iker dendatik atera ziren (gainera Ikerrek putzuaren erdian bi oinak sartu zituen) eta hirurak gauen gure babes izandakoei txunditurik begira gelditu ginen “eta orain zer?” pentsatzen genuen bitartean.
Denden azpiko putzuaren detailea
Kanpo basearen egoera baloratzen eta argazkiak ateratzen. Argazkian kazkabarra ikusi daiteke.
Hartu genuen lehenengo erabakia traste guztiak dendatik ateratzearena izan zen arkaitz batzuetan jartzeko. Gero dendak lekuz mugitu eta barruko ura atera genuen ahalik eta laisterrenen lehortu daitezen. Egia esan, gure dendatxotik atera genuen ur kantitatea oso txikia izan zen (ur baso baten bi heren gutxi gora behera) eta honek anaia eta biok asko poztu gintuen “azkenen denda hau uste baiño askoz hobea izango da” esan genuelarik.
Dendak kendu ondoren azpian zegoen putzua.
Gure material guztia “salbu” utzi genuenean erabakirik garrantzitsuena hartu beharra genuen: “igo behar al gara?”. Egunak ez zuen itsura onik, gainera zerua erabat estalita zegoen, tenperatura 8 graduetara jaitsita eta behe laino batek Palas mendiaren tontorra estaltzen zuen. Baina Tena aranera begiratuz, bere gainean urdingune zabal bat ikusten zen eta “gaiñera haizea handik dator” esan zuen Trujik. “Zergatik ez deu lasai gosaltzen eta goizeko beatziak ordu limite bezela jartzen ateratzeko? Orduako ez bagea ateatzen kotxera bueltatuko gea, eta beste egun baten etorriko gea” proposatu nien. “Ondo” adostu zuten beste biak, “baina izorratuko zian honeaiño etorri eta mendirik ez iotzea” gaineratu zuen nire anaiak.
Bederatziak jotzearekin batera, inguruko mendietako behe lainoa desegin egin zen zerua estalita jarraitzen bazuen ere, eta oraindik zalantza handiak genituen igotzeko. “Gauza bat proposatzen dizuet” esan nien, “zeatik ez gea Abrigo Michauderaiño juten? Hola ikusten dezue, eta orduako egualdie hobea badau goraka jarraitzen deu”. “Bale” erantzun zuten biek. Honela ba, motxilak prestatu, dagoeneko lehorrak zeuden (aurreko egunean erabilitako galtzerdiekin lehortu genituen) denden barrura beste materiale guztia sartu eta Abrigo Michauderantz abiatu ginen zalantzaz beteak.
Arriel goiko ibonetik (2210 metro) Michaud babesera doan bidea ez dauzka zailtasun handirik: Ibona bere eskuin ertzetik jarraitu behar da ia honen bukaerarte, ibon izoztutik jaisten den errekatxorarte. Puntu honetan bide bat hasten da errekatxoaren eskuin aldetik (ekialdera) eta malda gogor baten ondoren ibon izoztura ailegatzen gara (2405 metro). Bideak ibon izoztua bere ezker ertzetik (igotzen ari garela) igarotzen du honen bukaerarte, eta hemendik aurrera harri eta arkaitzen artean, hitoak jarraituz eta ezkerraldera diagonal bat eginez, beste malda handi baten ondoren, Michaud babesera ailegatuko gara (2650 metro).
Balaitus mendia eta honen Diagonal Handia ibon izoztutik.
Michaud babesera auspoa bero-bero genuela ailegatu ginen, dena den, Iker nahiko fresko ailegatu zen (Truji eta biok oraindik atzoko nekearen ondartxoak genituen). Bertan, ur pixkat edan eta zertxobait jan genuen. “Ta hemen barrun jendeak lo iten al du?” esan zuen Ikerrek. Egia esan, barrutik erabat hezea zegoen (kontutan edukita gauean botatakoa, ez zen zaila). Michaud babesa gutxi gora behera bost mendizalek lo egiteko egokitutako leze bat da, besterik gabe.
Iker eta Truji Michaud babesean.
Eta orain zer? Hau zen hirurak buruan genuen galdera. Arriel mendiruntz zeharka begiratu eta ostarte zabalak irekitzen zirela ikusirik, kaskoak jarri, makilak motxilan gorde eta goruntz abiatzeko erabakia hartu genuen. “Dena den, bidea gaizki badago, edota lainotzen hasten bada, berriro itzuliko gara” esan nien, jakinda goruntz abiatuz gero, seguraski tontorreraino ailegatuko ginela.
Diagonal Handia Michaud babesetik gora hasten da berez. Ez dauka inongo zailtasunik, bidea oso argia baita (gainera hitoz josia dago, batzuetan beharbada gehiegi). Diagonala hiru diagonal edo zatitan banatuko ditut:
Lehenengo zatian bidea malda batetik gora doa lautadatxo batera ailegatu arte. Bidea zabala da eta ez dauka inongo zailtasunik, hala ere guk pazientziaz hartu genuen indarrak ondo gordetzeko.
Lautadatxotik gora bidea hestutu egiten da eta eskuak noizik eta behin igotzeko erabiltzen hasi genituen bigarren diagonal honen bukaera arte. Zenbait puntuetan kazkabarra pilatuta zegoen, eta arkaitza bustia zegoenarekin batera, azkeneko trepadatxoaren egoera nolakoa izango zenaren kezkak izan genituen, Gainera, ezkerrera uzten den amildegitxoak ere giroa eman zion bigarren diagonal honi arkaitzak behar genuena baino indartsuago heltzen genituelarik. Bai lehenengo bai bigarren diagonaltxoak Balaitusen mendebaldeko pareta zeharkatzen dute nahiz eta ipar mendebaldera joateko joera izan. Honerarte nahiko lasai igo ginen, nahiz eta noizik eta behin, lurrean zegoen kazkabarraren eraginez, irrist egin. “Ostia!!!!” esan zuen Ikerrek. “Zer?” erantzun genion, “Tontorra lañotzen hasi da!!!” esan zigun. “Honearte allau bagea, goraño igoko gea” esan zuen Trujik. “Negatik, ondo, baño tximistaren bat aitzen badeu, a toda ostia, beraka jungo gea” esan nion. “Perfecto” nire anaiak. Horrela, berriro ere, goraka ekin genion.
Bigarren diagonaltxoa bukatzen den puntuan Balaitusen ipar mendebaldeko paretara pasatzen gara. Bukatzen den puntu honetatik gora benetako trepada hasten da, eta honekin batera hitoen laberintoa. Hitoak nonnahi daude eta bidea nondik nora doan ez da oso argi ikusten. “Ta orain zer?” esan zuen Trujik paretari begira. “Nik Josukin igo nunen ez dakit ziur nundik igo giñen, gañera egualdie hobea zegon eta bidea nahiko ondo ikusten zen” erantzun nion. “Onena, hitok markatzen duten bideik errexena hartzea izango da” esan zuen anaiak. Honela ba, diagonala jarraituz, pixkanaka ipar mendebaldetik datorren aristaruntz abiatu ginen xuabe-xuabe eskularruak arkaitz hezean bustitzen.
Baina orduan, nire barnean alarmatxo bat piztu zen: “Desnivelen jartzeo diagonal bukaerarte jarraituz geo Isards pitzadurara jungo geala, ta hemendik gora IVko pausuak darela, osea, hobe deu pixkanaka diagonal hontatik tontorraldera desbiatzen bagea”. Honela ba, diagonalik argiena gure ezkerrera utziz, pixkanaka ipar mendebaldeko arista irabazi genuen II-IIIko pausutxoren bat eginez. “Non kristo dau punta?” esan zuen Trujik arista irabazi genuenean. “Lehengo arista jarraitu beharko deu, baian etzait iruitzen urruti daunik” esan nion.
Pixkanaka, laino artean aristaren azken metroak bete genituen, baina ez genuen tontorrik ikusten, bapatean, laino artean metalezko piramidetxoa ikusi genuen arte. “Tontorra, tontorra!!!!!!!!!!!!!!” oihukatu zuen nire anaiak “IIIIIjjjjjaaaaaaaaa!!!!!!!!!!!!” Trujik. Azkenean, Balaitus mendia menderatu genuen (edo berak bere tontorrera igotzen utzi gintuen), nire anaiaren lehenen hiru milakoa, eta momentu hau berarekin konpartitzeak erabat unkitu ninduen. Abuztuak 22ko goizeko 11:45ak ziren, anaiak sekula ahaztuko ez duen eguna.
“Pena lañoa, bestela bistak kristonak die” esan nien. Haizearentzako Decathlonen erositako trastea jarri, argazkiak atera eta zerbati jan eta edan ondoren, beharbada tontorraz erabat gozatu gabe, azkartxo beheruntz abiatu ginen ekaitza botako zuenaren beldurrez.
Mujika anaiak Balaitus (3144 metro) mendiaren tontorrean.
Truji, Smithy eta Mitz Balaituseko tontorrean.
Ez dakit, tontorra egitearen euforiagatik edo, baina destrepea di-da batean egin genuen bigarren diagonaltxoa bukatzen den punturarte, egia esan, goraka pasa genituen "estuasun" unerik ez genuen inongo momentuan pasatu.
Iker bigarren diagonaltxoa jaisteko prest
Bigarren diagonala ere nahiko arin jaitsi genuen, pentsatu gabe oinak eta eskuak non jarri errez "asmatzen" genuen, automatikoki, arin eta seguru.
Truji bigarren diagonaltxoaren zati zailena bukatzen
Anaia eta biok bigarren diagonaltxoaren zati zaila bukatu ondoren.
Mitz eta Truji bigarren diagonaltxoa bukatzen.
Honela, konturatzerako, lehen eta bigarren diagonalen artean dagoen lautadatxora ailegatu ginen, eta honekin batera zailtasun guztiak bukatzen diren puntura.
Lehen eta bigarren diagonalen arteko lautadatxoan, atzean, Arriel mendia.
Mitz lautadatxoan. Atzean Arriel mendia eta honen eskuinean Palas mendia
Lautadatxotik behera Michaud babeserarte ibilbide lasai bat bihurtu zen argazkiak nonnahi ateratzen genituelarik. Gainera eguraldia ere hobetzen joan zen eta gure umorean eragin handia izan zuen.
Michaud babesean berriro ere zerbait jan eta edan, kaskoak kendu, berriro ere makilak motxiletatik hartu eta konturatu gabe ibon izoztura eta hau atzean utzita Arriel goiko ibonera ailegatu ginen.
Diagonal Handiari azken begirada ibon izoztuaren azpitik. "Hemendik gora igo gea!!!!"
Dagoeneko nekatuta geunden eta kanpo basera ailegatzeko genuen arkaitz blokeekin izan genuen borroka gogorra izan zen, batez ere Trujiren borroka.
Truji arkaitz blokeekin borrokan.
Kanpo basera ailegatu, motxilak bota, botak kendu eta tontorra lortzearekin gozatzen hasi ginen Pottokan erositako azken ogitartekoa jaten genuen bitartean. 15:00ak ziren eta pozez zoratzen geunden.
16:00tako traste guztiak jaso eta triste gure kanpo basea agurtu eta La Sarrako bidea hartu genuen aurreko egunean egindako bidea berriro ere eginez.
Arriel azpiko ibonera ailegatu ginenean ezin izan genuen ekidin Balaitusi azken begirada kutuna botatzea. Ez genuen gehiago ikusiko.
Balaitusi azken begirada...... baina itzuliko gara.
Eta hemendik behera aurretik genuen bidea. Honelako parajetan oso txikiak gara.
Pausu bat, beste bat, beste bat…… kriston luzea egin zitzaigun itzulera, baina azkenean La Sarrara itzuli ginen emozioz beteak geundela eta etorkizunerako asmo berriak prestatuz.
Berriro ere La Sarrako apakalekuan. Lortu diagu!!!!!!!!!!!!!!
Luzaketak egin eta erropa aldatu ondoren kotxean sartu eta Ordiziaruntz abiatu ginen, Piriniotatik bueltatzen garen bakoitzean egiten dugun moduan Iruñako La Morean derrigorrezko geldiunea egin eta hanburgesa bat afaldu ondoren.
PROFILA
BALAITUSERA EGINDAKO BESTE IGOERA BATZUK
- 2005/09/25. Lehen igoera. Juanma, Fermin, Pablo eta Fermin ezagutu genituenekoa.
AZKEN 10 SARRERAK
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
Aupa Xabi!
ErantzunEzabatuGaldera bat. Decathloneko Ultralight pro t2 dendari bistazo bat bota ziot gaur goizean ta nahi pinta ona zeukeak. Orduan gogoratu nauk zuek erabilita daukazuela irteera hontan ta galdera errexa dek. Zemouzkua dek? Merezi al dik? Edo hobe beste bat bilatzea?
Eskerrik asko!! Animo udaran!
Aupa tokaio,
ErantzunEzabatuNire ustez duen kalitate/prezio/pisurako ez dago batere gaizki. Guri bota zigun zaparrada ederki jasan zuen eta hurrengo goizean dendan zegoen ura bere azpian sortu zen putzugatik izan zen. Uda ibiltzeko denda ona iruditzen zait.
Guk negurako Vaude Espace Explorer denda dugu, denda sendoagoa, astunagoa eta ur zutabe handiagoa duena (baita ere ia hiru aldiz garestiagoa da, je, je, je).
Zalantzarik izanez gero lasai galdetu.
Aio,
Aupa Xabi!
ErantzunEzabatuZemouz hoa besuakin? Espero hobeto jutia!!
Hi galdera bat, oaindikan mendiko dendei bueltak ematen nebilek. Decatlhoneko Ultralight Pro T2 hori tamainaz ondo ziok, baino kalitatez etzekiak. Camp Minima 2 SL berriz, kalitatez askoz hobea da, baino neurriz etzakiat. Bien neurriak alderatuz, antzekoak ematen die, baino Camp-ak "avance"-a oso txikia daka (sukaldatzeko edo motxilak uzteko).
Hik zein aukeratu uke?
Beste dendaren baten iradokizunik ere eskertuko nike!
Mila esker!!
Hemen uzten diat minima 2 SL-ren linka:
(http://www.barrabes.com/tienda/material-trekking-camping/p-31549-d-1480-v-124138/camp/minima-2-super-light.html?null)
Aupa artista!!!!
ErantzunEzabatuLehenik pentsatu zer erabilpen eman behar diozun. Guk udako denda bitan erabili dugu eta negukoa behin bakarrik., batez ere dauden aterpe kopuruagatik alpertu egin gea eta. Honegatik, eman behar dezun erabilpena txikia bada, nik Decathlonekoa hartuko nuke.
Markako denda bat hartu nahi izanez gero, ni bi marken zalea naiz: The Noth Face eta Vaude, baina aurrekontua potentea izan daiteke.
Camp azken urtetan egungo beharretara egokitzen lehenengotakoa izan da eta produktu interesgarriak ditu arintasunari batez ere begiratzen badiozu, baina TNF eta Vaude denden prestakuntzetatik urrun dago, nahiz eta azken hauek denda arinak ere ateratzen ari diren.
Adibide batzuk:
-TNF: Tadpole 2 tent, Westwind 2 tent...
-Vaude: Hogan ultralight, Taurus ultralight...