AZKEN 10 SARRERAK

2017/03/24

AIZKORRIKO TOPONIMIA "BERRIA"

Haur ginela, ikastolan Gipuzkoako mendirik altuena Aizkorri zela ikasi genuen. "Zein da mendirik altuena?" galdetzen ziguetenean "Aizkorri" zela erantzuten genuen harro. Donostiarrek Kontxako badia, azpeitiarrek Loiolako santutegia eta Oñatiarrek Arantzazu bazuten, gurea Gipuzkoako mendirik altuena zen, jejeje.

Aizkorri neguan.


Urteak pasa ahala, Ordiziako mendizaleekin irteerak egiten zituzten gelakideen eraginez, Aizkorriko mendirik altuena Aketegi zela erantzuten hasi ginen. Zergatik aldaketa hau? Mendi gaietan Ordiziako mendizale elkartekoekin irteerak egiten zituztenen hitzak ez zirelako zalantzan jartzen. Ikastolan mendiko adituak beraiek ziren eta mendi kontuetan esaten zuten guztia legetzat hartzen genuen, jejeje.

Urte batzuk beranduago Aitxuri izena entzuten hasi eta, Aketegi eta Aitxuriren defendatzaileen arteko "borroka" sutsuraren ondoren, Aitxuri gailendu zen. Aizkorriko mendirik altuena Aitxuri zela ikasi eta barneratuta, Aizkorriko ertz-lerroa egiten genuen bakoitzean, furbol-zale amorratuek futbol taldeetako hamaikakoekin egiten duten bezala, mendi guztiak bata bestearen atzetik esaten genituen: Aizkorri, Aitzabal, Aketegi, Aitxuri, Iraule, Arbelaitz eta Andraitz.

Kanalen kasuan, Aitzabal mendiaren oinera iristen zen kanal zabala Kanalaundi bezala ezagutzen genuen. Geroago iritsi zen Kanalaundi Zuzena eta Nagusiaren arteko banaketa, lehena Aizkorriko gailurrean amaitzen zen, bigarrena aldiz, Aitzabal eta Aketegi arteko lepoan. Blogean kanalen berri ematen hasi nintzenean, kanalak izendatzerakoan "Lekken" aldizkarian "Aizkorri Peak" bezala argitaratutako artikulua erreferentzi bezala hartu nuen. Artikulu honetan Aizkorri eta Iraule arteko kanal nagusien izenak azaltzen ziren: Aizkorrin, Kanalaundi zuzena eta Kanalaundi Nagusia; Aketegin, ezkerreko kanala eta erdiko kanala, eta Iraulen Sakonaundi. Aizkorriren ezkerreko kanalak "Aizkorriko ezkerreko kanal" bezala izendatu nituen artikuluan Aketegiko kanalekin erabilitako irizpide bera jarraituz. Kanalen artikuluak argitaratzen hasi eta denbora gutxira, Aketegiko Erdiko kanala Segura eta Zegaman "Nardagaizto" deitzen ziotela ikasi eta kanal honi buruzko erreportajeetan bi izenak erabiltzen hasi nintzen.

"Lekken" aldizkarian "Aizkorri Peak" artikuluan azaldutako krokisa.


Eta hauek guztiak izan dira azken urteotan blogeko artikuluetan orokorrean erabilitako toponimia: 2017ko martxoa iritsi den arte.

Blogeko artikuluetan 2017 urterarte erabilitako toponimia.


Zegamako udalak, 2015ean, Legazpiko Burdinola elkarteari udalerriko mapa eta, bide batez, toponimia eguneratzeko enkargua eman zion. Bi urteetako lanaren ondoren, pasa den martxoaren 16an izan da mapa berriaren aurkezpena. Eta a zer nolako ezustekoa! Jose Luis Ugartek aurkeztutako lanak hautsak arrotu dizkigu! Jejeje. Aurkezpenak bertako egunkari, aldizkari baita martxoko Pyrenaica aldizkarian ere oihartzun izan du.

Zegama udalerriko mapa toponimia eguneratuarekin.


Aizkorriko eremua hartzen duen maparen zatia.


Mendien toponimiari dagokionez aldaketak izan dira. Aketegi da berriro ere Aizkorriko mendirik altuena, baina honen gailurra orain arte Aitxuri bezala ezagutzen zen lekuan kokatuta dago. Orduan, zein da Aitxuri? Aitxuri orain arte Aitzabal bezala ezagutzen zen gailurra da. Eta orduan, zein da Aitzabal? Artxabal oraingo Aitxuri eta Aketegiren arteko lepo zabala da, garai bateko Kanalaundi Nagusia amaitzen den lekua. Aizkorri bera ere "Aizkorriko gurutzea" bezala izendatua azaltzen da. Burdinola Elkarteak urte batzuk lehenago Legazpiko udalerriko mapa eguneratu zuen eta, mapa honetan, besteen artean, ordura arte Andraitz bezala ezagututako mendia Burnikurutz bezala izendatua azaldu zen.

Kanaleetan ere astindua izan da. Aizkorriko ipar horman ez dago Kanalaundirik, Kanalaundi Aketegitik Arbelarrera doan kanala da eta honen ondoan kanaltxiki deituriko beste bat dago. Orduan, zein izen du orain arteko Kanalaundik? Kanalaundi nagusia deitzen genionaren gaineko sakanari Sakonaundi deitzen zaio. Eta orduan, zein da Sakonaundi? Orain arte Sakonaundi bezala ezagutu dena Nardasakon da. Aizkorriko Ezkerreko kanal bezala izendatu nituenak Nardaaundi eta Lepoetako nardea dira, Kanalaundi Zuzena aldiz, Iralarrainardea. Aketegiko erdikoari Nardagaizto izena eman zaio.

Mapa kontutan hartuta goiko argazkia honela geldituko zen.


A zer nolako nahastea, ezta? Jejejeje.

Toponimia dantza hau ez da Elkartearen "kapritxoa" izan noski, ikerketa sakon eta serioaren emaitza baizik. Mapa, agirietako dokumentu, argitalpen eta zegamatar eta artzainekin izandako elkarrizketen fruitu izan da. Kanalei dagokionez, mapan zehazten den moduan, "narda" hitza gazteleraz "pedriza" bezala itzuliko litzateke, honegatik toponimoa hartxingadia dagoen lekura mugatu daitekeela pentsatu daiteke.

Zegama udalerriko mapa eguneratua ardatz bezala, blogean Aizkorriri buruz argitaratutako toponimia osoa eguneratuz joan naiz, kanal eta mendiei dagokien izena jarriz. A zer nolako lan eta buruhaustea!!! Buruko mina kentzeko pastilen faktura Zegamako udalari pasa beharko diot, jejejeje. Baliteke oraindik erreportajeetako testuren batean baino gehiagoan eguneratu gabeko izenenik ihes egin eta oraindik azaltzea. Aketegiko ezkerreko kanalari buruzko eguneratzerik izan ez denez, Aketegi Erpineko ezkerreko kanal bezala utzi dut. Argazkietan azaltzen diren izenen kasuan, argazkiaren deskribapenean izenak eguneratu direla zehaztu dut. Pixkanaka argazkietan ere toponimia berria aldatzen joango naiz baina honek denbora luzeagoa eramango du. Bideoen kasuan aldiz, eguneraketa zailagoa izango da.

Aizkorriko gurutzea eta Aitxuri arteko mendi eta kanalen izendapenak toponimia berria kontutan hartuta.


Aketegi eta Arbelaitz arteko kanal eta mendien izenak toponimia berria kontutan hartuta.


Zalantzak izan ditut kanalak izendatzeko garaian: zein da aproposagoa "Aizkorriko gurutzea Iralarrainardearen kanaletik" ala "Aizkorriko gurutzea Iralarrainardeatik"? Nik bigarren aukera egokiagoa izan daitekeela pentsatu dut, Iralarrainardea kanal osoa izango balitz bezala kontsideratu eta, protagonismo osoa nardari emateko.

Hemendik aurrera, pixkanaka izen "berrietara" ohitzen joan beharko dugu, bidezkoa baita leku bakoitza bere izenaz ezagutzea.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina