AZKEN 10 SARRERAK

2009/06/28

MONTE PERDIDO, IPAR AURPEGIA. 2007/06/02 eta 2007/06/03

2005eko Martxoaren 13a izan zen nire bataioa elur korredoretan Aizkorriko Kanal Haundia igo eta gero. Bertan bizitakoa izugarria izan zen eta lehenengo aldiz Iñurrategi edo Zabalza baten modura sentitu nintzen mendi batean (distantziak alde handian mantenduz, noski).

Egun hortatik atzera elurtutako mendiak beste modu batean ikusten hasi nintzen, pareta guztietan igo zitezken bide "posibleak" ikusten nituen, eta Piriniotako klasiko batzuen zerrenda egiten hasi nintzen: Peña Teleraren Diagonal Handia, Balaituseko Neous glaziarreko korredorea, Anetoren Estasen korredorea, Posets-eko Jean Arlaud korredorea, Vignemaleren Gaube korredorea (zergatik ez?) eta Monte Perdidoren Ipar Aurpegia.

Urtero bat egiteko proposamena egin nion nire buruari eta beti gertatzen zaidan moduan (izugarrizko zortea daukat lagunekin) Josuk (nire mendiko ohiko laguna) helburu hauek lortzen lagunduko zidala esan zidan.

Baina 2005eko Martxoak 13 hori pasa zen, denbora aurrera zihoan eta ez nuen nire ametsean pausurik ematen...2007ko ekaina ailegatu zen arte.

Josuk udan Andeetara joateko ohitura hartu zuen eta bere anaia Axierrek ere gauza "potenteak" egiten hasi zen. Honela, Perdidoaren ipar aurpegia egitea proposatu nienean ez zidaten inongo arazorik jarri, gainera Axierrek elur protekzioa nola egin erakutsiko zigun Josu eta niri. Gainera Perdidora igoko nintzen lehenengo aldia izango zen 2004ko irailan bide normaletik (Goriz aterpetik gora) Josu eta Barrikin (kuadrilako beste lagun bat) eginiko saiakera ustel baten ondoren.

SARRERA

Monte Perdidoa Piriniotako hirugarren mendirik altuena da bere 3355 metroekin. Dirudienez izen hau (Mont-Perdu) frantsesek jarri zioten XVIII. mendean Frantziatik ez baitzen Marbore mendien gainetik dagoen mendi hau ikusten.

Ez da ziur noiz igo zen lehenengo aldiz, baina baliteke Vicente de Heredia kapitainak igo izana 1792 urtean.

Lehenengo igoera dokumentatua 1802 urtean izan zen. Urte honetako abuztuak 6an Louis Ramond de Carbonnières pirineistak kontrataturiko Laurens eta Rondou gidek Bielsako maizter batez lagunduak gailurra ekialdetik irabazi zuten. Ramond-ek lau egun beranduago lortuko zuen gailur preziatua.

Esan beharra da mendi hau "mitifikatua" izan zela 1838 urtean Vignemaleko Pique Longe eta 1842 urtean Aneto mendien gailurrak irabazi arte.

GURE BIDEA

Monte Perdidoaren ipar aurpegia lehen aldiz Roger de Monts, Célestin Passet eta FranÇois Bernat-Sallesek igo zuten 1888ko udan.

Gure bidea Pineta aranetik abiatzen da Pineta Balkoira arte eta hemendik Tucarroya aterpera joan bertan lo egiteko. Hurrengo egunean ipar aurpegia igo, "Escupidera" pasabide ezagun eta beldurgarritik ibon izoztura jaisteko. Ibon izoztutik Cilindro lepora igo, hemendik berriro ere Perdido glaziartik Marboré lakura jaitsi, Tucarroya aterpera joan, traste guztiak hartu eta Pinetara jaisteko. Horixe bakarrik.

Ipar aurpegia AD bezela dago katalogatua eta maldek ez dute 50º-55ºetatik pasatzen. Bi korredore nagusi ditu, bat erdialdeko glaziarrera ailegatzeko (45º-50º ingurukoa) eta bigarrena goikaldeko glaziarrera ailegatzeko (50º-55º ingurukoa). Bigarren korredorearen bukaeratik tontorrera malda erraza bat dago.

Monte Perdidoaren ipar aurpegiko krokisa. Krokis hau ez da nirea, Internet-en topatu nuen.


DESKRIBAPENA

Ordizia 07:00. Ordizian goizeko zapiretan gelditu ondoren, eta Frantziatik Bielsako tuneleko bidean galdu ondoren, Pinetara ailegatu ginen 12:00ak aldera. Bost ordutako bidea gogorra egiten da nahiz eta momentu batean gelditu behar izan genuen Josuk (txoferrak) botagurea zuen eta. Dirudienez aurreko egunean Irizar enpresan izan zuten autobus berriaren presentazioak "kalte" egin zion, jejeje.

Pinetan traste guztiak prestatzen


Pineta 12:25 1300 metro. Traste guztiak prestatu eta etxetik ekarritako pasta entsaladari tentu bat egin ondoren, 12:25tan Pineta Balkoiaruntz abiatu ginen.

Irteteko prest


Bidea hasieran pista "gozo" batetik doa, eta horrelakoetan pasatzen den bezela, gaurko egunean baino biharko egunean aritu ginen pentsatzen, pista hau jaitsiko genuen momentuan hain zuzen. Pistatik gora gindoazela ezin genuen gorako pareta bistatik kendu eta etengabe Pineta Balkoia dagoen lekura begira joan ginen falta zitzaizkigun metroak ia banaka zenbatzen. Balkoita doan bideak ez dauka galtzeko arriskurik, etengabe bidea gora jarraitzea da.

Pinetako pistan Balkoira etengabe begiratzen


Egiten zuen beroa, bota gogorra, motxilen pisua,ur gutxi edateak eta Balkoira igotzeko dagoen desnibela kontutan edukita lehertuta ailegatu ginen (batez ere ni) Balkoira eta apenas ez genituen argazkirik atera. Gainera, goraka gindoazela Ordiziako batzuekin elkar topo genuen eta Tucarroyako aterpea beteta zegoela esan ziguten. Gainera Balkoia elurrez beteta zegoela ere esan ziguten eta dagoeneko vivac puntu gutxi libre zeudela. Gainean nuen nekea eta Balkoian vivac bat egin beharrak animikoki kolpe handia eman zidan eta Josu eta Axierri esan nien hurrengo egunerako zalantza handiak nituela, batez ere nire burua oso ahul ikusten bainuen.

Pinetako Balkoira ailegatu baino lehen.


Eta azkenean 15:45tan Pinetako Balkoira ailegatu ginen!!!!!!!!!!! Hau da malda potente eta gogorra, baina Balkoira ailegatu eta Perdidoren ipar aurpegia ikusteak gorputzeko min eta neke guztiak kendu zizkigun (itsuraz behintzat).

Perdidoaren ipar aurpegia Pinetako Balkoitik.


"Eta nundik dijo bidea?" galdetu zuen Axierrek. "Ba krokisean Z baten antzekoa egin behar dela jartzen du. Lehenik eskuinetik ezkerrera, gero ezkerretik eskuinera bi glaziarren artean ikusten den harkaitzaren gainetik, eta bukatzeko eskuinetik ezkerrera", erantzun nion behatzarekin bidea nondik nora doan erakusten niolarik. "Ba nahiko bertikala ematen dik hemendik" esan zuen Josuk.

Perdido eta Cilindro mendien ipar aurpegiak Pinetatik


Pinetako balkoian zehar buelta batzuk eman ondoren, azkenean vivac-a egiteko harkaitz majo bat aurkitu genuen, harkaitz etzana bat harri batzuekin harresitxo bat zuena haizetik babesteko.

Josu vivac tokian


Marboré laku aldera ur bila joan, paisaiaz gozatu eta ogitarteko bat eta barrita batzuk jan ondoren, zakuan sartu ginen biharko egunaren esperoan. Nik harkaitzari pega-pega eginda lo egin nuen, Josu nire ondoan eta Axier bion oinetatik atzera, elurraren gainean bere "superzakuarekin".

Goizeko lau t'erdietan iratzargailuak gure ametsetatik atera gintuen. Gaua nahiko kaxkarra izan zen izugarrizko haizea boladak izan baitziren. Piriniotan egiten nuen lehen vivac-a izan zen eta egia esan ez zen oso esperientzia atsegina izan, momentu batzuetan hotza pasa nuen eta. Gainera urduritasunak ez zidan ongi lo egiten utzi. Jeiki, jantzi eta barrita batzuk gosaldu ondoren, Izagirre anaiek niri begira gelditu ziren. "Zemuz ikusten zea igotzeko?" esan zidan Josuk, "ez dakit ba, baina ez naiz nekauta ikusten. Lehenengo korredorearte jungo naiz eta han erabakiko det" erantzun nion.

Josuk trasteak prestatzen gosaldu aurretik


Pineta balkoia 04:50 2500 metro. Honela ba, nire burua zalantzaz betea nuela, pixkanaka ipar aurpegiari sarrera ematen dion lehenengo korredorea abitu ginen, erdibidean Marboréko lakuan ur botilak bete genituelarik.

Elurra primerakoa, gogor-gogorra eta kranpoiak ederki sartzen ziren barnean.

Baina gurekin batera inguruan vivac-a egin zuten guztiak ere gure asmo bera zuten eta lehenengo korredorera hubildu ginenean gure aurretik dozena-erdi bat mendizale ikusi genituen.

Lehenengo korredorera hurbiltzen. Korredorearen amaieran mendizale bat ikusi daiteke.


Lehenengo korredorea 05:20 2700 metro. Korredore hau erdiko glaziarraren serac-en azpitik doa menbebalde-ekialde norantzarekin. Estua, zuzena eta estetikoa da eta bere malda 45º-50ºen artean mantentzen da.

Lehenengo korredorean lehenengo pausuak ematen.


Erdialdeko glaziarraren serac-ak. Beraien tamaina ez da ongi antzematen.


Atzera bistak.
<

Ordu erdi eskas korredoretik gora ibili ondoren eta nire sentsazioak onak zirela ikusirik Perdidoaren erdialdeko glaziarrera ailegatu ginen. Erdialdeko glaziar honetan malda 40ºtara jaisten da eta gozo ibili daiteke. Goiko glaziarreko pasabidearen malda ikusi ondoren erdiko glaziar honetan enkondartzea erabaki genuen. Axier aurretik joango zen, ni erdian eta Josu atzean. Enkordatzearekin batera zerbait jan eta edateko ere aprobetsatu genuen.

Perdidoaren erdiko glaziarra 06:20 2860 metro. Beharbada Perdidoaren erdiko glaziarretik goiko glaziarrerako pasabidea egin zitzaidan zailena. Hemen maldak gora jotzen du, 55º, baina okerrena elurra biguntzen hasita zegoela izan zen pasabidea astuna egin zuelarik. Bestela, pasabide txikia da (50-75 metro inguru).

Josu bi glaziarren arteko pausuan. Dagoeneko enkordatuta.


Perdido goiko glaziarra 06:40 2920 metro. Glaziar honetan malda 50ºtan mantentzen da konstante-konstante azkeneko korredorera ailegatu arte. Hau ikusita Axierrek bi elur estaka sartu zituen glaziarraren ibilbide honetan.

Goiko glaziarrean. Axier estaka bat sartzen. Ezkerrera azken korredorearen sarrera ikusi daiteke.


Axier bigarren estaka sartzeko prestatzen. Dagoeneko azken korredorea ikusi daiteke.


Josu jarritako bigarren estaka kentzen.


Bigarren korredorea 06:50 3000 metro 55º. Korredore honetan malda berriro ere tentetzen da, baina elurraren egoera oso ona zen, beraz nahiko ongi ingo genuen. Korredore hau hasieran estu samarra da, honetaik Axierrek badaezpada zinta bat jarri zuen harkaitz batean, baina gero zabaltzen da sorbalda batera ailegatuz.

Axier bigarren korredorean.


Josu bigarren korredorean.


Josu korredorea amaitu ondoren sorbaldara ailegatzen.


Bigarren korredorearen ondorengo bizkarra 07:20 3180 metro. Sorbalda honetatik aurrera kresta zabal batera atera ginen eta hemendik mantxo-mantxo gailurrerantz malda gogor guztiak atzean utzita soka eta traste guztiak gorde ondoren.

Josu eta Axier azken krestaren hasieran. Amaieran gailurra ikusi daiteke.


Izagirre anaiak krestaren amaieran.


Eta honela, 07:40tan Monte Perdidoaren gailurra zapaldu genuen, lainoak guztiz estaltzen gintuenarekin batera. "Toma, toma!!!" oinukatu nuen. "Ederra!!!!Ederra!!!" Josuk.

Ezin izan genuen gailurreko bistaz asko gozatu lainoa eta haizearen eraginez, eta ahalik eta azkarren beherako bidea hastea erabaki genuen gailurreko argazkiak atera ondoren. Pena, baina zer egin behar dugu ba, ezin guztia alde eduki.

Izagirre anaiak Perdidoaren gailurrean.


Ni eta Josu gailurrean. Gure lehenengo bide klasikoa!!!!!!!!!!


Monte Perdidoaren gailurra 07:55 3355 metro. Hainbesteko lainoaren artean hasieran kosta zitzaigun bide egokia topatzea, baina azkenean lortu genuen. Gainera orain Piriniotan hainbeste ospe txarra duen "Escupidera" pasa behar genuen eta egia esan beldur puntua ere banuen ez bainuen ezagutzen.

Axier "Escupidera"ren hasieran.


Egia esan "Escupidera" pasabidea uste baino errezagoa egin zitzaidan. Kontuz jaitsiz gero ez dauka arrisku handirik, baina bere gauza ere badu.

"Escupidera"ren bi heren jaitsita.


Ordesako arana "Escupidera"tik behera.


Cilindro mendia (3325 metro) Escupideratik jaisten. Beheran laku izoztua ikusi daiteke.


Eta azkenean, gozo-gozo laku izoztura jaitsi ginen merezitako ur tragoxka eta barritak jatea.

"Escupidera" laku izoztutik.


Laku izoztua 08:20 2980 metro. Laku honetan garaipen sentsazioa nabaria zen gure artean, baina oraindik eguneko azken malda igo beharra genuen, laku izoztutik Cilindro lepora doan malda.

Cilindro lepoa eta bertara doan bidea.


Josu Cilindro lepora ailegatzen.


Perdidoa orain lainorik gabe Cilindro lepotik.


Cilindro lepora ailegatu ginenean berriro ere atseden bat hartzera pentsatu genuen, maldak guregan izandako eragina izan zuen. Honela lepoan eseri eta berriro ere ura edan eta barritaren bat jan genuen. Baina geldiune honek Josurengan ez zuen eragin onik izan eskuetako behatzak "izozten" hasi zitzaizkion eta.

Josu eskuak hala-nola berotzen Cilindro lepoan.


Cilindro lepoa 08:55 3074 metro. Josuren eskuak berotu eta gero berriro ere beheko bidea hartu genuen Perdidoaren glaziarretik zehar. Jaitsiera gozoa egin genuen elurra zertxobait biguntzen hasita zegoen eta. Gure hurrengo helburua Marboré lakura jaitsi baino lehen jarrita egoten den 20-30 metrotako rapel batera ailegatzea zen, pasabide hau errapelatu edo destrepatzeko.

Izagirre anaiak Perdido glaziarretik behera.


Perdido glaziarrean. Atzean ipar aurpegiko lehenengo korredorea ikusi daiteke.


Perdidoaren ipar aurpegia Cilindro lepotik beherako bidean.


Axier Perdido glaziarrean. Atzean Tucarroya bretxa eta aterpea.


Eta ordu erdiko jaitsieraren ondoren rapel puntura ailegatu ginen. Hasieran zati hau destrepatzera pentsatu genuen, baina puntu honetatik behera jaisten zen ur kantitatea ikusita (harkaitz guztiak bustiz) errapela montatzea pentsatu genuen. Errapel puntuan hainbat kordino zeuden jarrita eta ez dauka inongo arazorik montatzeko.

Axier errapela aztertzen.


Axier errapela montatzen.


Errapela 09:35 2800 metro. Errapelak ez dauka inongo misteriorik. Erraz jaisten da, eta egia esan guk aurkitu genuen egoeran hobe da errapelatzea destrepatzea baino.

Errapelatzeko prestatzen.


Errapelaren hasieran.


Errapelaren erdialdean.


Errapelatu ondoren dagoeneko bidea erabat leuntzen da Marboré lakuaren ingurutik vivac punturaino.

Perdidoaren ipar aurpegia errapelaren amaieratik.


Eta honela 10:30ak aldera berriro ere gure abiapuntura, gure vivac-era ailegatu ginen. Orain bai, orain elkarri besarkatu eta eginiko igoeraz benetan gozatu genuen, bere momentu guztiak komentatuz.

Berriro ere vivac puntuan. Indarrak berreskuratzen.


Berriro ere gure "beharrezko" barritak jan, galdutako likidoa berreskuratzen saiatu, trasteak pixkanaka jaso eta irteteko prestatu ginen.

Ipar aurpegia berriro ere lainorik gabe


Trasteak berriro ere motxilan sartzen. Irrifarrea ezpainetan.


Eta Pineta Balkoia hurrengo baterako utzi aurretik....

...Behera begirada. Horreraino jaitsi beharra daukagu!!!!!


...Eta gora begirada. Agur Perdidoaren ipar aurpegia.


Pineta Balkoia 11:40 2500 metro. Hasieran argazki batzuk atera genituen dena zoriontasuna zen eta, baina jaitsiera benetan gogorra egin zitzaigun Pinetako pistara oinak egosita eta lehertuta ailegatu ginelarik.

Pineta Balkoitik irteteko prest.


Zer urruti dagoen gure helmuga!!!!!!!!!!!


Pineta aranaren ikuspuntu paregabea.


Cinca ur jauzia. Hemen "donde está Bin Laden" izotz bidea hasten da.


Pista ailegatu ginenean ez genekien oinak gureak ziren hala ez, eta bakoitza ahal izan zuen bezela ailegatu zen helmugara.


Eta azkenean... 14:50tan kotxera ailegatu ginen, gure helmugara, uste baino gehiago sufritu ondoren. Motxilak gorde, aurreko egunean sobratutako pasta entsalada atera eta txorizo eta Idiazabal gaztarekin batera izugarrizko bazkaria egin genuen. Lalarri errekan era oinei freskatu ederra eman genien.



Josu bazkaria "prestatzen"


Honela, ederki bazkaldu ondoren, 15:30ak aldera, kotxea hartu eta oraingoan bai, Frantzian galdu gabe eta lehenengoan etxera ailegatu ginen, Piriniotako bide klasiko horietako bat disfrutatu genuenaren sentsazioarekin. Horrelakoetan pasatutatko neke, gose eta goseak ahaztu egiten dira......edo ez.


2 iruzkin:

  1. Aupa Xabi.
    Asteburu hontan Perdidoko ipar aldea itea giaztik, ta dudatxo batzuk zeuzkat. Laguntzerik baduk, eskertuko nike.

    - Merezi al du Pinetatik igota, Tucarroyako aterpetxera joatea? Edo denda bat montatu edo bibak bat egitea korredore azpian hobe da?

    - Jeitsieran dagoen rapelak zenbat metro dituela uste dek? Ez diat datu hau inundik aurkitzen.

    Beste iradokizunik baldin badek, eskertuko nike baita!

    Ondo segi ta eskerrik asko!

    Xabi Garate

    ErantzunEzabatu
  2. Aupa hi!!!!

    Galderaz galdera saiatuko naiz zure zalantzak argitzen:

    - Nik aukeran Tucarroyara joango nintzateke, baina ez bazeate azkar ailegatzen lo egiteko gaizki ibiliko zarete. Hurrengo egunerako 30-40 minutu gehiago ibiltzea besterik ez da. Bigarren aukera bezela denda eramango nuke eta Marbore lakuaren inguruan jarri, ura hartzeko ere bertan izango dezue eta. Gainera hurrengo egunean behar ez dituzuen trasteak bertan uztea daukazue. Azken aukera bezela vivac-a hartuko nuke, naiz eta honek duen xarma beste bi aukerak ez izan.

    - Rapelak zenbat metro dituen zehazki ez dakit. Guk 60 metroetako soka batekin oso ongi rapelatu genuen, beraz, ziurrenik 30 metro baino gutxiago izango ditu, betire elur kantitatearen arabera.

    - Igoera egunean goiz abitu, klasiko handi bat izanda mendizale dexente hurbiltzen da eta. Honetaz aparte, igoeran eta batez ere Escupideran elur ona topatzea da onena.

    - Igoera earra da benetan eta eguraldi ona izanez gero erabat gozatuko dezue. Bejondeizuela!!!!!!!

    Informazio gehiago beharrez gero lasai eskatu ;)

    ErantzunEzabatu